2026-01-14
Blog Page 306

Greba arrakastatsua Nafarroako kirol kudeaketan KPIaren adinako soldata-igoerararen alde

Borrokan ari dira Nafarroako kirol kudeaketako langileak, KPIaren adinakoa izango den soldata-igoera lortzeko helburuarekin. Greba arrakastatsua egin dute. Goizean goiz pikete informatiboa lanean egon da Artikako Kirol Hirian eta hainbat izan dira itxita egon diren igerilekuan, hala nola, Trinkete Mendillorri, Cascante, Capararroso, Azkoien, Burlata, Lagunak, Orkoien, Gelbenzu, Spa Sport Itaroa, Tutera, Aranzadi, San Adrian, San Jorge edo Anaitasuna. Arratsaldean, langileek kontzentrazioa egin dute Iruñeko Udaletxeko plazan.

Aipatutakoez gain, beste igerileku batzutan ere izan du eragin grebak. Horrela, Artikan, sarbideak itxita egon dira eta tornua zabalik; Arangurenen, sarbideak itxita; Zizurren, langile batzuk egin dute greba; Club Natacionen, goizean itxita egon da; Berriobeitin, goizean itxita; Huarten, arratsaldean itxita; eta Sarrigurenen, sarbidea itxita eta tornuak zabalik. Salatu behar dugu Aranguren Ibarrean udaltzaingoa aritu dela greban dauden langileen funtzioak ordezkatzen.

Inolako mugimendurik egin nahi ez duen patronalaren aurrean, sektoreko langileek borrokan jarraituko dute KPIaren araberako izango den soldata-igoera lortu arte eta eros-ahalmenaren galeraren kontra.

Bizi dugun egoerari aurre egiteko, egiturazko neurrien alde egiteko unea dela aldarrikatzen dugu

Madrilen krisi energetikoari aurre egiteko lege dekretu berria onartu den honetan, adabakiak albo batera utzi eta langileon bizi baldintzak duintzeko erroko aldaketen beharra azpimarratu dugu.

Hilabeteak dira langileok krisi hotsak geroz eta ozenago entzun eta ondorioak bizitzen ari garela. Sinetsarazi nahi digutenaren aurka, argindarraren prezioaren igoera zein oro har energia krisiaren arrazoiak ez dira Ukrainan jasotzen ari den gatazka belikoan hasi eta bukatzen. Egungoa ez da, gainera, koiunturazko eta beraz salbuespen neurri mugatuekin erantzuteko momentua.

Energia krisiaren oinarrian egungo ekoizpen eta banaketa sistema bidegabea da. Sistema kapitalistak, besteren artean langileon bizitzak prekarizatu eta pobretu, nagusiki emakumeok egitera behartutako zaintza lanak ikusezin bilakatu eta planetaren bioaniztasuna suntsitzen ditu.

Lehengaiak geroz eta zailago eta garestiago eskuratu, eraldatu eta garraiatu daitezkeen testuinguru honetan, Europar Funtsekin sustatu nahi zen trantsizio energetikoaren asmoak lausotzen ari dira, gerraren ondorioen aitzakipean erregai fosilei zigilu berdea emanez.

Gauzak horrela, hasiak gara entzuten trantsizio energetikoa baino, segurtasun energetikoa bermatu behar dela dioten adierazpenak. Horretarako, elektriken irabazi handiak mugatu eta sektore estrategiko gisa kontrol publiko eta sozialean berenganatzeko bideorria baino; langile eta herri sektoreen pobretzearekin aberasten ari direnen aurkako neurri sakonak hartu baino, aurreko krisietan bezala agintari politikoek gerrikoa langileok estutu eta ahalegin berriak egin ditzagun eskatzen digute.

LABen iritziz, datorren udazkenean larriagotu daitekeen egoerari erantzuteko, beharrezkoa da neurri politikoak oinarri sinple bezain erradikalean egitea: langile eta herritarron bizi baldintzak eta planetaren bioaniztasuna ziurtatzea.

Horrek esan nahi du argindarraren prezioa ezartzeko sistema marginalista aldatu beharra dagoela, erreforma fiskal eta neurri zehatzen bidez, oligopolio energetikoak irabazitako mozkinetan eskua sartu behar dela eta energia bezalako sektore estrategikoetan kontrol publiko eta soziala bermatu behar dela.

Norabide horretan, Sanchezen gobernutik zein Urkullu-Tapia tandemak edo Chiviteren gobernuen neurri epelak guztiz eznahikoak direla salatzen dugu, baita interes enpresarialen menpe daudela ere. Noski planetaren muga biofisikoak kontuan izan eta jarrera indibidualetan aldaketa eman behar dela, baina gaitasunen araberako ahalegina da arautu beharrekoa.

Gauzatu beharreko trantsizioa ezin da herri sektoreon jarrera indibidualetan oinarritu soilik eta horretarako lurraldearen planifikazio eraginkor eta ekoizpen eredua berraztertzearekin batera urgentziaz energia xahutze erraldoiak egiten dituztenei eta prezioen igoerekin aberasten direnei gehiago murriztera derrigortu, zerga gehiago ordainarazi eta haien espekulazio eta esplotazio asmoei muga jarri behar zaie

Beraz, larrialdi ekosozialari errotik erantzuteko proposamenak eta neurriak behar ditugu. LABek bere Programa Sozioekonomikoan bildu ditu hamaika proposamen eta hurrengo hilotan langileok bizi dugun bizitzaren garestitzearen aurka borrokatu eta zaintza lanak, enplegua eta aberastasuna banatzeko indarrak biderkatuko ditu.

Larrialdi egoeran gaude: 52 lan-heriotza urte hasieratik, 5 abuztuan

Laneko heriotzek ez dute etenik. Euskal Herrian, gutxienez 52 langile hil dira urte hasieratik eta horietatik 5 abuztuan. 5 egunik behin langile bat hil da. Abuztuaren 22an hil zen azkena, eta gaur salatu dugu heriotza hau Donostian, Construcciones Amenabarren egoitzaren aurrean, enpresa honek Markinan duen harrobi batean izan baitzen hil baitzen langilea.

Mobilizazioan salatu dugu patronalak ez dituela lan osasunerako neurriak betetzen. Ikusi besterik ez dago Amenabar taldeak duen lan istripu eta hildako zerrenda beltza azken urteetan.

Ohiturik gaude prebentziorako neurriak paperean idatzirik ikusten baina berriro salatu nahi dugu gero ez direla errealitatera eramaten, ez dira praktikan jartzen. Laneko heriotzen datu latzek berretsi baino ez dute egiten gure salaketa.

Gainera, langileok zailtasunak ditugu segurtasun neurriak eskatzeko, prekaritatean oinarritutako lan harremanak direla eta.

Bizi dugun larrialdi egoerak berehalako neurriak eskatzen ditu. Ezin dugu ulertu nola ez den Jaurlaritzako ordezkarien adierazpen bakar bat ere entzun gai honen inguruan. 5 egunik behin langile bat hiltzen ari da. Non dago Urkullu jauna? Zertan dabil Idoia Mendia?

Jaurlaritzaren ardura da lan osasun neurriak betearaztea baina errealitatean, jakina da araudi hau ez dela betetzen.

Langile bat hil da Amenabarren harrobi batean, Markinan

Atzo arratsaldean Markinako Zeleta harrobian B.F. 34 urteko langilea hil zen harritzar batek harrapatuta. 52 langile hil dira lan istripuz Euskal Herrian 2022a hasi zenetik, hauetatik 5 abuztuan. Heriotza honen aurrean, gehiengo sindikalak mobilizazioa egingo du harrobiaren jabea den Construcciones Amenabarrek Donostian duen egoitzaren aurrean (Miramon pasealekua, 185) abuztuaren 25ean, 12:00etan.

Odol isuriak ez du etenik. Beste laneko heriotza bat, beste familia bat birrindurik, eta beste drama sozial bat. Goizean lanera joateko jaiki eta ez itzuli.

Behin eta berriz jarri dugu mahai gainean istripu hauek ekidingarriak direla, hauen atzean ematen diren drama pertsonal eta sozialak ekidin litezkeela prebentziorako neurriak beteko balira.

Ezagunak dira Amenabar taldeko harrobi honek ingurugiroarekiko eginiko arau hausteak, orain badakigu ere, lan osasuneko araudia ez dela betetzen. Langilegoak ez du formakuntzarik jasotzen arrisku handiko aktibitatea izanik ere. Zergatik ematen da egoera hau? Patronalari merkea ateratzen zaiolako langile baten heriotza. Kapitala, produkzioa langileon bizitzaren aurretik.

Patronalaren jokaera hau ahalbidetzeko ezinbestekoa da Eusko Jaurlaritzaren onespena. Izan ere, patronala kontrolatzeko eta lan osasunerako araudia betearazteko dituen bitartekoen erabilpen ankerra egitean, betearazpen hori bera desitxuratzen du eta patronalak nahi bezala jokatzen jarraitzen du. Erabaki politiko bat dago honen atzean, azken instantzian Iñigo Urkullu eta Idoia Mendiaren erabaki politikoa.

Honela, dei egiten dugu datozen orduetan gehiengo sindikaletik deituko diren mobilizazioetan parte hartzera, bai senide eta lagunei babesa eskeintzeko eta bai behingoz neurriak har daitezen aldarrikatzeko.

Osalan eta Jaurlaritzari behingoz martxan jartzea eskatu diegu, urteko 51. lan-heriotza salatzeko mobilizazioan

“Prekaritatea hiltzailea, lan istripu gehiagorik ez” lemarekin, kontzentrazioa egin dugu Zeanurin gehiengo sindikalarekin batera, abuztuaren 17an udalerrian hildako basogintzako langilearen heriotza salatzeko. M.M.S.Q. 47 urtetako langilea zuhaitz batek azpian harrapatuta hil zen. Urte hasieratik Euskal Herrian hil den 51. langilea da. Osalanek eta Eusko Jaurlaritzak dute egoera aldatzen hasteko giltza eta behingoz martxan jarri daitezen exigitzen diegu.

Basogintza sektorearen hilkortasun tasak marka guztiak garaitzen ditu. Langile gutxi dituen sektorea izanda, urtero egoten dira hildakoak sektore honetan. Honela, abuztuaren 17koa aurten egondako laneko bigarren heriotza da basogintzan, Idiazabalen 49 urtetako langile bat hil baitzen ekainaren 14an zuhaitzak azpian harrapatuta. 2021ean, sektoreko 6 langile hil ziren lan-istripuz.

Bizkaiko eta Gipuzkoako kasuan, basogintza enpresen bideragarritasuna mugatua da nahiz eta eurentzako “ad hoc” eginiko foru arauak eduki. Egur ustiapen intetnsiboa lan harreman prekarizatuetan oinarritzen da etekinak lortu ahal izateko. Honela, lan segurtasuneko baliabideak ipini beharrean, hauetan aurrezten da. Plantilla murritzak, basoan bakarka lanean, errekurtso prebentiborik ez, formakuntza eza, lan tresna ezegokiak, lan erritmo oso altuak, lanaldi oso luzeak, honek eragiten duen nekearekin eta abar luze bat daude istripuen atzean. Jakina, aktibitateak berak barnebiltzen dituen arriskuei erantsitako faktoreak dira hauek.

Ez da lehen aldia Osalan eta Eusko Jaurlaritzari basogintza sektorearentzako neurri bereziak eskatzen dizkiogula. Oraingoan, berriro egiten dugu baina ikusten dugu erantzuna antzua dela.

Igor Arroyo: “Ez dugu eros ahalmena bermatzen ez duen hitzarmenik sinatuko”

Radio Euskadiko “Boulevard” saioan elkarrizketa egin diote LABeko koordinatzaile orokorrari eta aktualitateko hainbat gairen inguruan hitz egin du bertan.

Basogintza sektorean dago hilkortasun tasa handiena

Atzo arratsaldean basogintza sektoreko M.M.S.Q. 47 urtetako langilea hil zen Zeanurin zuhaitzak azpian harrapatuta. Sektorean urte hasieratik hildako bigarren langilea da, eta iaz, basogintzako 6 langile hil ziren. Dagoeneko, 2022an 51 langile hil dira lan istripuz. Osalanek eta Eusko Jaurlaritzak dute egoera aldatzen hasteko giltza eta behingoz martxan jarri daitezen exigitzen diegu. Heriotza hau salatzeko, otsailaren 19an mobilizatuko gara gehiengo sindikalarekin batera, 12:00etan Zeanuriko plazan.

Lehenik eta behin gure elkartasuna adierazi nahi diegu hildakoaren senide, lankide, lagun eta gertukoei.

Abuztuaren 18a da gaur eta 4 laneko heriotza izan ditugu hilabete hasieratik. Istripu hauen patroia berriro ere guztiz aurreikusgarria da. Obretan altueretatik erorita, garraiolariak arazo kardiobaskularrez hilak, basogintza langileak zuhaitzak azpian harrapatuta, in itinere, etab. Behin eta berriro errepikatzen diren patroiak. Honen aurrean ez patronalak ez Eusko Jaurlaritzak ez dute inongo neurririk hartzen, ardura guztia eurena izanda.

Basogintza sektorearen hilkortasun tasak marka guztiak garaitzen ditu. Langile gutxi dituen sektorea izanda, urtero egoten dira hildakoak sektore honetan. Honela, atzokoa aurten egondako laneko bigarren heriotza da basogintzan, Idiazabalen 49 urtetako langile bat hil baitzen ekainaren 14an zuhaitzak azpian harrapatuta. 2021ean, sektoreko 6 langile hil ziren lan-istripuz.

Bizkaiko eta Gipuzkoako kasuan, basogintza enpresen bideragarritasuna mugatua da nahiz eta eurentzako “ad hoc” eginiko foru arauak eduki. Egur ustiapen intetnsiboa lan harreman prekarizatuetan oinarritzen da etekinak lortu ahal izateko. Honela, lan segurtasuneko baliabideak ipini beharrean, hauetan aurrezten da. Plantilla murritzak, basoan bakarka lanean, errekurtso prebentiborik ez, formakuntza eza, lan tresna ezegokiak, lan erritmo oso altuak, lanaldi oso luzeak, honek eragiten duen nekearekin eta abar luze bat daude istripuen atzean. Jakina, aktibitateak berak barnebiltzen dituen arriskuei erantsitako faktoreak dira hauek.

Ez da lehen aldia Osalan eta Eusko Jaurlaritzari basogintza sektorearentzako neurri bereziak eskatzen dizkiogula. Oraingoan, berriro egiten dugu baina ikusten dugu erantzuna antzua dela.

Osalanek eta Eusko Jaurlaritzak dute egoera aldatzen hasteko giltza eta behingoz martxan jarri daitezen exigitzen diegu.

Azkenik, heriotza hau salatzeko deituko diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten dugu.

Lan ikuskaritzarako aurrekontua modu esponentzialean indartzea exijitu diogu Jaurlaritzari

Gehiengo sindikalarekin batera, mobilizazioa egin dugu gaur, Oiartzungo Lanbarren industriagunean, astelehenean bertan hildako 52 urtetako langilearen heriotza salatzeko. Ibilbide luzeak egiten zituen Europa ekialdeko garraiolaria istripu ez traumatikoan hil zen, bere kamioiaren kabinan gaizki sentitu ostean. Azken honekin, gutxienez 50 dira urte hasieratik Euskal Herrian hildako langileak. Odolusteak ez du etenik. Lehenik eta behin gure elkartasuna adierazi nahi genieke senide, lankide eta gertukoei une latz hauetan.

Gizartean hausnarketa sakona ireki beharra daukagu ezinbestean. Nola da posible gure ekoizpen sistema lan baldintza prekarioetan oinarritzea honek atzetik dakartzan norbanako dramak ikusita? Ze baldintzapean ari zen lanean kamioilaria? Zenbat egun zeramatzan lanean? Betetzen al zituen zegozkion lan osasunerako arauak? Egiten al zitzaion lan osasunerako Europan araututako jarraipen medikoa?

Garraioaren aktibitatea sakonki prekarizatua dago Europa osoan zehar: lan egun luzeak, ustezko autonomoak, azpikontratazioa, banatze epe laburrak… Langilearen heriotzaren arrazoi ez traumatikoek zerikusia izan dezakete lanaren baldintza sedentarioak zein faktore psikosozialek, sistematikoki patronalak gutxiesten dituen faktore horiek, hain zuzen ere.

Gure ekoizpen sistema, gure sozioekonomia lurralde txirogoetako lan baldintza prekarioetan oinarritua dago, hau da kapitalismoaren beraren funtsa. Hau da funtsean irauli behar duguna, izan ere, kapitala denaren aurretik jartzen du, baita bizitzaren aurretik ere.

Administrazio publikoak, bai Osalan eta Inspekzioak ere euren gabezia handiei konponbidea jarri behar diete. Eta ezagunak diren arrisku gune eta koordinazio espazio horietan beharrezko kontrol neurriak ipini behar dituzte.

Eusko Jaurlaritzak du hemen erabaki politikoaren ardura. Lan ikuskaritzarako aurrekontua modu esponentzialean indartu behar du dagokion tresnak erabiliz. Era berean, ogasunaren ahalmena erabiliaz, beharrezko tresnak ezarri behar ditu lan osasun arauak betetzen ez dituzten enpresei hobariak kentzeko. Kontratazio publikoari dagokionez, bai Gobernu eta udalek lan osasunerako pleguak jaso behar dituzte arau hausteak irmoki zigortzeko. Lan baldintza duinen alde borrokatzea da gure hautua, ez dadila errepikatu ez Oiartzunen eta ez inon horrelako kasurik. Zuzeneko erantzuleei neurriak hartzeko eskatzen diegu eta dei egiten diogu Euskal Herriko eragile zein norbanakoei horrelako kasuak salatzeko. Gure osasuna dago jokoan. Langileon eskubideak errespetatu.

Osakidetzak bertako langileak mespretxatu eta fede txarrez jokatzen du

Osakidetzak berriro berretsi du langileak mespretxatzen dituela, garapen profesionala kobratzeko ezinbesteko prozedura abuztu betean abian jarriz.

Erreklamazioak aurkezteko epea abuztuaren 29an amaituko da. LABek ohartarazi nahi die langileei zuzendaritzaren jarrera beligerantea dela. Akordioak bete gabe urteak eman ondoren, oraingoan ere fede txarrez jokatu du. Aspaldidanik langileekiko eta herritarren osasun-eskubideekiko harrokeria eta mespretxua erakusten duen zuzendaritza dugu aurrean, oraingo kasu honetan karrera profesionala ahalik eta modu kaltegarrienean erabiltzen duena.

Datorren ikasturtean ez da aurreikusten zuzendaritza honek jarrera-aldaketarik izango duenik, eta, beraz, osasun-sistema publikoa, sendoa eta langileen eskubideak errespetatzen dituena defendatzeko, antolatzeko eta mobilizatzeko beharra azpimarratzen dugu.