2026-01-19
Blog Page 301

Antolatzeko eta borrokara batzeko deia luzatzen diegu Gipuzkoako helduen egoitzetako langileei

Gipuzkoako helduen egoitzetako langileek urteak daramatzate hitzarmen baten alde grebak egiten eta negoziazio kolektiboaren baitan borrokan bi helburu argirekin: batetik, lan baldintza duinak lortzea gipuzkoarroi eskaintzen diguten zerbitzua kalitatezkoa eta goxoa izan dadin, eta bestetik, sektore feminizatu eta prekarizatu honi gizartean behar duen lekua eta aintzatespena ematea.

Borroka luze honen bidean, langileon negoziazio kolektiborako gaitasuna nabarmen murriztu zuen grebarako eskubidea urratuz, %100 zerbitzu minimoen inposatzeak. Eta orain, % 7ko ordezkaritza duen UGTk hitzarmena gutxiengoan sinatzeak egoera hori areagotu du, negoziazio kolektiboa izan beharko lukeena guztiz desitxuratuz.

Langileriaren gehiengoaren aurka sinatu dute eta gehienen baldintzak ez ditu hobetuko. Gainera, langileen arteko ezberdintasunetan sakonduko du. Sektore guztiarentzat lan baldintzak hobetuko dituen hitzarmen bat behar dugu, bai langileok bai gipuzkoarrok ere.

Honen guztiaren aurrean, LAB sindikatuak adierazi nahi du Patronalak eta Diputazioak erantzukizun zuzena dutela langileen prekarizazioan, hauek zerbitzu publikoen pribatizazioaren mesedetan, lotsarik gabe ari direlako langileen lan baldintzak okertzen eta langileen eskubideak urratzen. Oraingoan ere, UGT izan dute ezinbesteko aliatu sektore honetako langileenganako enegarren traizioa burutzeko.

Bestalde, LAB sindikatutik gure babesa adierazten diogu ELAk hasitako bide judizialari.

Gure indarrak eta baliabideak, langileen eskubideak zentroz zentro eta herriz herri defendatuz eta borrokatuz jarriko ditugu; eta bestetik, Eusko Jaurlaritzak bilatzen duen pribatizazioaren aurka tinko borrokatuko dugu.

Langile hauek Gipuzkoako helduen zaintza kalitatezkoa eta duina izateko borrokan ari dira, gipuzkoar guztion eskubideen alde, eta merezi dute errekonozimendua eta lan baldintza duinak bermatuta izatea.

Deialdia egin nahi dugu, herri bakoitzean kokatzen diren zentroetako langile, egoilar, senide eta gizarte mugimenduak batu eta antolatu gaitezen zaintza lanak erdigunean jarriz gure eskubideen alde eta zerbitzu publikoen pribatizazioaren aurka.

“Ez gara egongo erosteko ahalmena galtzea dakarten itunetan”

Garbiñe Aranburu eta Igor Arroyo koordinatzaile orokorrak elkarrizketatu dituzte Radio Popular eta Radio Vitorian, hurrenez hurren, eta lorpenak erdiesteko mobilizazioa dela bidea berretsi dute, hainbat lan gatazka adibide.

Sindikatuko ordezkariek nabarmendu dute ez dugula onartuko langileek eros-ahalmenik galtzea: “Sindikatuak onartuko ez duen marra gorri bat da”. Izan ere, koordinatzaile orokorren hitzetan, “ez gara egongo langileek erosteko ahalmena galtzea dakarten itunetan”.

Gipuzkoako elikagaigintza sektoreko langileek Adegira eraman dituzte euren aldarriak

LAB, CCOO, ELA eta UGT sindikatuok deituta, elkarretaratzea egin dugu Donostian, Adegi patronalaren aurrean, Gipuzkoako elikagaigintzako hitzarmenaren defentsan. Langileek funtsezkoak direla aldarrikatu eta hitzarmen duin baten alde mobilizatzen jarraituko dutela jakinarazi dute.

Sindikatuon oharra, gaurko protestaren harira:

Azken bilera joan den irailaren 16ean egin zen, eta bertan ere ez genuen ADEGIren proposamenik izan, bere ezezko mugiezina edukirik gabe dago eta betoak soilik jaso ditugu: ez lanaldi-murrizketari, ez igoerak soldata errealean jasotzeari eta ez dute kpi-a ere jartzen mahai gainean. Beraz, negoziazioa (nahiz eta hasi berria den) blokeatuta dago jada.

Dakizuenez, martxoaren 17an Gipuzkoako elikagaien industria eta merkataritzako hitzarmenaren negoziazio-mahaia eratu zen, eta apirilaren 29an lehenengo bilera egin zen. Bertan, sindikatuek egindako plataforma bateratua aurkeztu genion patronalari, sektoreko langileen eskaera guztiak jasotzen zituena. Hona hemen plataforman aurkeztutako aldarrikapenetako batzuk:

• KPI + % 3ko soldata-igoera eta gutxieneko soldataren igoera

• Lanaldi-murrizketak (urteko lanaldia murriztea, atsedenaldia benetako lan-denbora izatea…)

• Gauean lan egiteagatik plusa, lanaldi zatitua izateagatik plusa, kilomentrajea, etab.

• Sailkapen profesionalak birplanteatzea

• Partzialtasunaren aurreko neurriak (ordu gehiago finkatzea eta lanaldia luzatzeko prozedura)

• Hobekuntzak lizentzietan eta eszedentzietan

• Eta askoz eskaera eta aldarrikapen gehiago

Badakigu aurkeztu dugun eta defendatuko dugun plataforma anbiziotsua dela, baina gelditu ez den sektore bateko langile guztien errealitatea islatzen du, pandemiaren garaian eta gaur egun bizi dugun abagunean lehen lerroan egon dena. Egiaztatu dugu, beste behin ere, enpresak aberastu egin direla zuetako bakoitzaren lanaren eta ahaleginaren kontura.


Ekainaren 8an berriro elkartu ginen patronalaren erantzuna jasotzeko, eta ADEGIk ordubete eman zuen kalifikazioak entzuten, hala nola: «Neurrigabeko proposamena», «Plataforma irreala eta abusuzkoa» edo «hau ez da negoziatzen hasteko oinarri bat». FEDERACION MERCANTIL da alderdi sozialak egindako proposamenari erantzuna eman zion bakarra. Eta, hala ere, ezer gutxi baloratu dezakegu kontuan hartuta ptronal honek ez duela gehiengorik eraginkortasun orokorreko hitzarmen bat sinatzeko.

Datorren urriaren 20ean beste bilera bat dugu. Sindikatuok eduki proposamen bat ekartzeko eskatu diogu patronalari. Baina argi dugu erosteko ahalmena bermatzeko, hala nola beste arlo batzuetako lan-hobekuntzak eskuratzeko, beharrezkoa dela kaletik presioa egitea.

Horren aurrean, sindikatuok langileen alde defendatzen eta negoziatzen jarraituko dugu. Hobekuntzak soilik onartuko ditugu, atzerapausorik ez!

Bigarrenez geldiarazi dugu informatika zerbitzuak pribatizatzeko Osakidetzaren saiakera

Osakidetzan Informazio eta Komunikazio Teknologietarako (IKT) proiektuetarako bulego bat sortzeko pleguan jasotzen den informatikako lanak kanpora ateratzeko bigarren saiakera kautelaz gelditu du LABek.

Joan den ekainean, LAB sindikatuak Osakidetzan IKT proiektuetarako bulego bat sortzeari lotutako lanen kanporatzea geldiaraztea lortu zuen. Kanporatze horrek gutxienez 22 lan-kontratu dakartza eta 11.000.000 eurotako kostua.

Orduan salatu genuen bezala, kanporatze hori, bere lehen saiakeran, ez zegoen kontratazio publikoaren legeak ezartzen duen moduan justifikatuta LABen zerbitzu juridikoentzat. Eta hori izan zen, hain zuzen ere, kautelazko geldiaraztearen aurrean eta gure salaketa ezagututa, Osakidetzak prozedura bertan behera uztearen arrazoia. Lan horiek 11.000.000 euroko balioa zuten.

Abuztu betean, bigarren saiakera bat egin zuten, eta plegua ia berdina dela egia den arren, aldaketak plegu horren lehen mailako eta jatorrizko gaietan eman dira batez ere: justifikazioan.

Bigarren ahalegin honetan, Osakidetza, lan horiek kanpora ateratzea euren “konplexutasunagatik” dela arrazoitzen saiatu da. Arrazoi hori hutsaren hurrengoa da, Osakidetzak badituelako espedientean eskatzen diren lanak egiteko gaitutako lanbide-profilak. Osakidetza, gainera, haratago doa konplexutasun handiko lan horiek zehaztuz: datu handien ezagutza, zibersegurtasuna, adimen artifiziala, cloud, etab.

Ezagutza horiek guztiak ingeniari informatiko bati dagozkionak dira, Osakidetzako plantillaren parte den profil- profesionala hain zuzen ere. Baina hori gutxi izango balitz, konplexutasun handiko lan horiek, kategoria horretarako lan-eskaintza publikoetan eskatzen diren gaitegietako parte diren ezagutzak dira. Beraz, eskaintza horiek bulegoa sortzeak eskatzen dituen trebetasunekin bat datorren jendea hautatzeko moduan diseinatuta daude.

LABek ez du zalantzan jartzen lan horien konplexutasuna. Izan ere, kualifikazio handiko lanak dira, baina Osakidetzak, hain zuzen ere, ezin du justifikatu lanak kanpora ateratzea konplexuak direlako, erakundeko profesionalok konplexutasun handiko lanak egiten baititugu egunero. Justifikazio hori baliozkoa balitz, Osakidetzako plantillak gaur egun egindako edozein lan kanporatu liteke, horretarako gaitutako langileak izan arren.

Plegu hori bigarrenez gelditzea lortu dugu, oraingoz kautelaz, harik eta organo eskudunak egoera zehatza aztertu arte. Egoera honek Osakidetzak egitura nahikoa duten lanak kanpora ateratzeko egin duen apustu irmoa agerian uzten du. Gogorarazi behar dugu Osakidetzan informatikako zuzendariordetza bat dagoela, eta horri dagokiola lan horiek koordinatzea, dagozkion kontratazioak egitea eta enpresa pribatuak diru publikoarekin aberasteko agiriak ez idaztea, oraingo honetan Europako “Next Generation” funtsetatik datorren diru publikoa.

Idatzitako pleguen arabera, lan horiek 23 lanpostu sortuko lituzkete Osakidetzan, baina nahiago dute kanpoko enpresei 11.000.000 euro ordaindu.

Osakidetzako kategoria batzuk Jaurlaritzaren pribatizazio-ekintza eta estrategiaren erdigunean daude duela urte asko, eta helburua da horiek Osakidetzaren ekosistematik desagerraraztea: mantentze-lanak, informatika, sukaldeak, garbitegiak, anbulantziak etab.

LABek ez du onartuko hori gertatzen jarraitzea halako inpunitate mailarekin, profesionalekiko mespretxuarekin eta maltzurkeriarekin. Horregatik, langile guztiei dei egiten diegu apurka-apurka eraispen-estrategia etengabe eta planifikatu horren aurrean erantzuteko.

PAI Dekretua, hezkuntza ereduz mozorratutako euskararen aurkako atentatua Nafarroan

Hezkuntza Departamentuak bilera bat deitu du bertaratutako eragileek PAI programa hezkuntza-eredu bihurtzeko ekarpenak egin ditzaten. LABek, mahaitik altxatuta, alde egin du. Guk eleaniztasuna babesten dugu, baina betiere berezko hizkuntzen aurka egiten ez badu, hau da, euskararen aurka.

Hezkuntza Departamentuak abian jarri du PAI programa (Hizkuntzen Ikaskuntzarako Programa) Hezkuntza Eredu gisa arautuko duen foru dekretua lantzeko egitasmoa. Nafarroako herritarrengan interes pedagogiko handia sortzen duela, eskaera ere aparta duela eta  Foru Komunitatean esperientzia zabal bezain positiboa duela argudiatuz, hainbat hezkuntza-eragile deitu ditu –LAB sindikatua besteak beste– hauek beren ekarpenak egin ditzaten. Azaldu dutenez, jarraian, kanpoko aholkularitza-enpresa batek aztertuko ditu, eta horrela, hizkuntzak ikasteko programetarako arau bat sortuko dute.

LABen ordezkariek bileratik alde egin dugu, ez baitugu babesten orain arte programak zirenak gure berezko hizkuntzetako baten kalterako diren eredu bihurtzen dituzten proiektuak (ez dugu ahaztu behar PAI programa D ereduari eraso egiteko asmo nagusiarekin sortu zutela). Hau da, lege horren bitartez, atzerriko hizkuntzen programa horiek D, G eta A ereduekin parekatu nahi ditu Hezkuntzak; aldi berean euskara erasotuz, Nafarroako berezko hizkuntza dena.

LABen eleaniztasunaren eta hizkuntza-murgiltzearen aldeko apustua egiten dugu, baina atzerriko hizkuntzak modu orekatu eta koherentean landu behar direla uste dugu, gainerako gaitasunak eskuratzeari eta berezko hizkuntzak menderatzeari kalterik eragin gabe; eta horixe da gaur-gaurkoz programa horiek egiten dutena.

Horrez gain, LABetik Hezkuntza Departamentuari eskatzen diogu eman diezazkigula behin eta berriz aipatzen dituzten datu objektibo horiek, zeinek ziurtatzen omen duten PAI programa hain pedagogikoa dela, halako eskaera handia duela –gogoratu, Kastejoneko ikastetxeak egin zuen bezala, azken urteotan beste zenbait zentruk ere programatik ateratzeko eskatu dutela– eta halako esperientzia positiboa duela. Non daude hezkuntza-eredu bat sortzeko lege-aldaketa bermatzen duten txosten horiek? Are gehiago; Madrilgo hezkuntza-sistemaren txosten batzuek horrelako programen aurka egiten dute zuzen-zuzenki, ematen zaizkien bertute pedagogiko horiek ez direlako inondik inora ere frogatutzat eman.

Azkenik, LABek gogor kritikatu du Departamentuak proiektu hau garatzeko kanpoko aholkularitza kontratatzea erabaki izana. Ez al du Departamentuak kanpoko gasturik egin beharrik gabe lan hori egin dezakeen langilerik?

LABen izugarria eta onartezina iruditzen zaigu PAI hezkuntza-eredu bihurtzea; batetik, gure nortasunaren aurka egiten duelako, eta bestetik, frogatutako onura pedagogikorik gabeko programa delako. Horregatik, gure haserrea eta gaitzespena erakusten jarraituko dugu, eta EZ esango diogu PAI Dekretuari, eta BAI, aldiz, hizkuntza-murgiltze eredu bati, Nafarroako ikasle guztiek beren hizkuntzan ikasi ahal izan dezaten.

Txalotu dugu gobernu taldeek eta EH Bilduk 0-3ko lan baldintzak hobetzeko sinatutako akordioa Nafarroan

LABek positibotzat jo du akordioa sinatzea, zikloa duintzeko beste urrats bat delako.

Akordioaren arabera, 2023ko aurrekontuetan behar diren aurrekontu-partida guztiak sartuko dira, udal titulartasuneko haur-eskoletako langile guztien eta Nafarroako Gobernuko profesionalen soldata-baldintzak berdintzeko 2023ko urtarriletik aurrera. Era berean, hezkuntza-laguntzako langileen kontratazioa 100 lanalditan handitzeko ere balioko du eta horrek ia Nafarroako eskola guztiak erreforzatzea bermatuko du.

Ez dugu zalantzarik mobilizazioa eta borroka ezinbestekoak izan direla, LABek aktiboki parte hartu duen horietan, Gobernua osatzen duten talde parlamentarioek bere garaian EH Bildurekin lortutako akordioak gauzatzeko konpromisoa har dezaten.

LAB 0-3k Nafarroarako hitzarmen sektorial propio baten alde lan egiten jarraituko du, hori baita, gure ustez, etorkizunari begira, 0-3 ziklo osorako eta sektoreko langile guztientzako lan-baldintza eta soldata duinak bermatzeko modurik errealistena. Ziur gaude hori lortzeko negoziazio kolektiboaren bidea bide egokia dela, eta berriz ere azpimarratu nahi dugu konpromisoa eta mobilizazioa ezinbestekoak izango direla gure helburuak lortzeko.

Akordio historikoa #LortuDugu Arabako metalgintzan

Batzarrean militantziak berretsi ondoren, LABek Arabako metalgintzaren akordioa sinatuko du. Akordioa historikoa da: sektoreko lan-baldintzak duintzen ditu, gutxieneko zoru bat ezarriko du eta hitzarmen propioa duten enpresetan baldintzak are gehiago hobetzea erraztuko du. Langile borrokaren garaipena, Arabako metalgintzan urte askoren ondoren indarberritu dena, eta jarraian azalduko duguna:

> Langileen erosteko ahalmena bermatzen da

Taulak 2018tik 2020ra bitarteko KPIekin eguneratu dira. 2022rako % 6,5eko soldata-igoera jasotzen da, 2021eko KPIa.

Hitzarmenaren amaieran soldatak KPIa arte igotzen direla bermatzeko berrikuspen-klausula bat ezartzen da. Gaur egungo testuinguruan, bizitzaren kostuaren igoera orokorra eta patronalen erresistentziak kontuan hartuta, lorpen historikotzat jo daiteke.

> Kategoria baxuenetan gutxieneko soldata 19.600 eurokoa izango da

2023ko urtarrilean gainetik geratuko dira, eta 20.872 euroko soldatarekin amaituko dute hitzarmena.

> Soldata-igoera langile askori aplikatuko zaie

Lehenik eta behin, hitzarmeneko soldata-taulekin daudenei, haiek baitituzte baldintza okerrenak.

Soldata handiagoak dituzten hitzarmen edo itun propiorik gabeko metaleko enpresetan, igoerak zuzenean aplikatu beharko dira.

Hala eta guztiz ere, gainetik daudenei gutxieneko lurzorua askoz altuagoa gelditzen zaie bermatuta, beren enpresan igoera handiagoak lortu ahal izateko.

Eta gogoratu behar da juridikoki ezinezkoa dela hitzarmen sektorialaren soldata-igoerak hitzarmen propioa sinatuta duten enpresetan aplikatzea, espezifikoki adostuta ez badute behintzat.

> Langile guztientzat onuragarria izango da

KPIari lotutako soldata-igoerak, lanaldiaren beherapena, laneko aldi baterako ezintasunagatiko osagarriaren hobekuntzak eta abar lortu direnez, askoz errazagoa izango da hitzarmen edo itun propioa duten enpresetan ere lortzea.

Izan ere, behin sektoreko hitzarmeneko lurzorua ezarrita, LABek enpresetan antolatu eta lan-baldintza hobeak lortzeko borrokatzearen alde egiten du.

> Aplikazioa bermatzen da

Bizkaiko metalgintzan, Gipuzkoako paperean eta dozenaka enpresetan aplikatzen den klausula bera sartu da, eta ez da inaplikaziorik egon.

> 19 urteren ondoren, eraginkortasun orokorreko hitzarmen bat berreskuratu da

Sektorean nagusi zen kaosari eta lan-baldintzen dualtasun arriskuari muga jartzen zaio. Sektoreko hitzarmenaren eta enpresako hitzarmenaren arteko aldea ere laburtu egiten da.

> Lanaldia murriztu da

Ia 20 urte igaro ondoren, 8 ordu jaistea lortu da, patronalak mantendu edo handitu nahi dituen testuinguru batean.

> Soldata-arrakalari eta desberdintasunari aurre egiten zaie

Horretarako, Berdintasun Batzorde bat sortu da, LGTBI+ kolektiboari aitortza espezifikoa eginez.

> Hobekuntza handiak lortu dira, atzerapauso bakar bat ere ez

Horrela, hitzarmen bakoitzarekin eskubideak galtzeko edo atzera egiteko dinamika historiko bat hausten da. Mantentze-lanetako eta telefonia eta zuntz optikoa instalatzeko langileetzat subrogazioa jasotzen da, laneko bajetan soldata errealen % 100eko osagarria bermatzen da, lan osasunean, ABLEetan, baimenetan… hobekuntzak jasotzen dira. Horietako batzuek lehendik dagoen jurisprudentzia barne hartzea dakarte, baina horrela haien aplikazioa ziurtatuko da.

Horregatik guztiagatik, uste dugu akordio oso ona dela, historikoa eta metalgintzako langileek egindako borrokari esker lortutakoa. LABek akordio onak lortzeko borroka eraginkorren aldeko apustua egiten jarraitzen du, afiliazioa handitzea bezalako interes korporatiboen gainetik gatazkak artifizialki luzatu gabe.

Gogorarazi nahi dugu LABek bi urte baino gehiago daramatzala mobilizatzen, hasieran bakarrik, orain lortu diren aldarrikapenak enpresetara eta kaleetara eramanez, dinamika komun bat bultzatuz eta lanuzteen eta greben beharra planteatuz, sindikatu nagusiak baztertu zuena. Ondoren, apirilaren hasieran, beste lau sindikaturekin batera, lanuzterako deialdia egin genuen. Sindikatu nagusia lanuzte horretatik aldendu zen, eta, azkenik, maiatzean, ekainean eta irailean elkarrekin grebarako deialdietara iritsi ginen.

Azken batean, bestelako sindikalismo bat eskaintzen dugu, langileak konfrontatu eta aktibatzekoa, lan-baldintzak duintzeko. Horregatik, harro gaude lortutako akordioaz eta egindako borrokaz. Borrokak MEREZI DU!

Iruñean mobilizatu gara, Nafarroako Esku-hartze Sozialeko hitzarmenaren aurkako inpugnazioaren epaiketaren atarian

Heldu den irailaren 28an, asteazkenarekin, hasiko da Iruñean OEIS patronalak [Esku-hartze Sozialeko Estatuko Erakundea] Nafarroako Esku-hartze sozialeko lehenbiziko hitzarmenaren aurka eginiko inpugnatzeari buruzko epaiketa. Sindikatu honen iritziz, hitzarmenaren bultzatzaile nagusia den aldetik, inpugnazioak sektoreko langileen lan baldintzak arrisku larrian jartzea dakar, hainbat hamarkadatan erakundeek abandonuan utzi eta soldatak pobretu ondoren. Horregatik, LABek protestak eta lanuzteak antolatu ditu irailaren 21erako eta 28rako.

Gaurkoan, elkarretaratzea egin dugu Iruñean, Gurutze Gorriaren aitzinean.

Deitutako hiru greba egunetatik lehena egin dute Gureak Navarrako langileek

Enpresa batzordea osatzen duten LAB, UGT eta ELA sindikatuon oharra:

LAB, UGT eta ELA sindikatuek osatutako Gureak Navarra izeneko enpresa-batzordeak greba egitera deitu du irailaren 21, 22 eta 23rako, hitzarmen kolektiboaren negoziazioan dagoen blokeoa salatzeko eta KPIren araberako soldata-igoera eskatzeko.

Batzordeak azpimarratu du berriro ere, Gureak Navarra enpresako soldata-kategoria xumeenetako langileek mobilizatu egin behar dutela beren eskubideak defendatzeko eta enpresak negoziazioa blokeatzeko duen jarrera salatzeko.

Sindikatuek salatu dutenez, 360.000 eurotik gorako mozkinak lortuta, enpresaren maniobra-funtsaren 500.000 euroko gehikuntza eginda eta langileen nominen gastuaren %5eko murrizketa ezarrita, enpresak uko egin dio soldatak KPIren igoeraren arabera igotzeari, enpresa-batzordeak eskatu dion bezala.

Gainera, sindikatuek kritikatu egin dute Gureak enpresako zuzendaritzak plantillari batzarretara deitzea, batzordearekiko elkartzea alde batera uzten, langileak hertsatzen saiatzeko.

«KPIa duen soldata-igoera aldarrikapenen artean nagusia bada ere, badira etengabe eta sistematikoki gertatzen diren arazoak, hala nola muntaketa-lerroetako lan-denbora laburrak» adierazi du enpresa-batzordeak, eta, era berean, langileek udatik hona tenperatura altuen ondorioz jasaten dituzten arazoak kritikatu egin ditu.

Sindikatuen iritziz, enpresak kaudimen nahikoa du eskatzen zaizkion gehikuntzei ekiteko. Gainera, sindikatuek ustez , Gureak-ek langileekin duen betebeharra da, Estatuaren eta Nafarroako Gobernuaren aldetik jasotzen dituen diru-laguntza handiak kontuan hartuta, enplegu-zentro berezia baita.