2026-05-01
Blog Page 286

Akordioa lortu dugu Talleres Abasolon

Joan den ostiralean akordio batera iritsi ginen greba bertan behera uzteko eta Talleres Abasoloko jarduerari berriro ekiteko. Ia bi hilabeteko grebaren ondoren, langileek akordio bat onartu dute. Akordio horren helburua da enpresari denbora ematea langileen subrogazioarekin salmenta egin ahal izateko eta, aldi berean, sortutako zorra adostutako epeetan berreskuratzeko. Akordio honen barruan, gehienez bi hilabeteko iraupena duen Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espediente bat onartu dugu, jarduerari berriz ekin ahal izateko.

LABek, greba hasi zenean, zorra kobratzea eta lanpostuak bermatzea jarri zituen helburutzat. Akordio honekin eta jarduerara itzulita, ahalik eta epe laburrenean tailerra saldu ahal izatea ahalbidetu nahi dugu, horrela lanpostu guztiak mantendu eta sortutako zor guztia kobratu ahal izateko. Egungo bazkideekin jarraituz gero, ez litzateke etorkizuneko bermerik egongo eta tailerrak itxi egin beharko luke.

Langileek egiten duten ahalegina balioesten dugu; izan ere, ez dute lortu bazkideekin biltzea ere, hainbat eta hainbat eskakizun izan arren, azken hauen gizatasunik eza agerian geratu delarik. Prozesu horretan guztian, ez dira egoeraz arduratu, eta Administrazio Kontseiluko lehendakariak ere uko egin dio akordio sinatzeko bilerara joateari.

Egoera zail horren ondorioz, enplegua suntsitu egin da; izan ere, langileetako batzuek borondatez alde egin behar izan dute, dagozkien kalte-ordainak galduta. Ezin dugu onartu enpresen abandonuak enplegua suntsitzea, inolako ondoriorik gabe.

Beraz, akordio honek konponbidea emango dio egoerari, beste ezein langilek eskubiderik gal ez dezan.

Homologazioaren aldeko astebeteko grebari hasiera eman diote Osakidetzako garbitzaileek

Gaur hasi dute Osakidetzako garbitzaileek homologazioaren defentsan deitutako greba astea. Horrela, mobilizazioak egin dituzte Gasteizen, Olagibeleko Osasun Zentroan; Barakaldon, San Eloy ospitaletik Gurutzetara; Donostian, ospitalean eta Zumarragan, ospitalean.

Kolektibo honek 5 urte daramatza hitzarmenik gabe, eta enpresekin hamaika bilera burutu diren arren (berrogeita hamar inguru), ez da aurrera pausurik eta negoziazioaren blokeo egoera nabaria da.

Hitzarmenak, langile hauen lan-baldintzak Osakidetzako langileei homologatzea du helburu bezala. Horixe izan da, hain zuzen ere, bere garaian inplikatutako hiru aldeek (enpresak, langileak eta Osakidetza) onartu zuten joku-araua, eta horren arabera jardun dute urteetan eta urteetan.

Hala ere, bai enpresak eta bai bezeroa (Osakidetza) homologazio-printzipioa urratzen ari dira.

Ez gara homologaziotik haratago doazen gaiak aldarrikatzen ari, ez! Besterik gabe, Osakidetzako langileei aplikatzen zaizkien baldintza berberak aplikatzea aldarrikatzen ari gara, homologazio-printzipioan oinarrituta: garapen profesionalaren deialdi ezberdinetara sarbidea izatea, lanpostu hutsak betetzeko sistema bidezkoagoa, txanda-kontratuari lotutako erretiro partziala hartzeko eskubidea izatea, Osakidetzako langileek aitortuta dituzten baimenak eta lizentziak, etab.

Enpresa esleipendunak jarrera erosoan kokatu dira, eta erantzukizuna Osakidetzako Zuzendaritzari zuzendu diote. Modu horretan ez dute sindikatuekin ezer adostu nahi, Osakidetzako Zuzendaritzaren aldez aurreko oniritziarekin ez bada.

Zentzu horretan, ordezkaritza sindikal bezala askotan zuzendu gara Osakidetzako zuzendaritzara egoera desblokeatzen saiatzeko; bi urte daramagu Osakidetzaren atea jotzen, baina salatu behar dugu erakunde publiko honek ez duela guri erantzuteko begirunerik ez edukaziorik erakutsi. Zergatik Euskal Administrazioa sektore maskulinizatuetako gatazketan (Bizkaiko metalaren kasuan) inplikatzen da, eta bizkarra ematen du lan-gatazkaren protagonistak emakumeak garenean?

Egoera horrek alarma guztiak eta langileen animoak piztu besterik ez ditu egin. Osakidetzako garbiketa-zerbitzuko langileak ez dira besoak gurutzatuta geratuko. Haien Hitzarmenak jasotzen duen homologazioa irmoki defendatuko dute. Ez daude prest bere garaian lortutakoa orain galtzeko. Homologazioaren alde borrokatzeko unea da.

Zentzu horretan, garbiketa zerbitzuko 2.500 langile inguruk gaur abiatu den greba babestera deituta daude, “homologazioa ez ukitu!” lemapean.

Aldundian mobilizatu gara Bizkaiko Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko greba egunean

Otsailaren 27an eta 28an eta martxoaren 8an hiru greba egun deitu ditugu Bizkaiko Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuan. Gaur, asteko lehen greba egunan, Bilbon mobilizatu gara, ETBren egoitzatik Bizkaiko Foru Aldundiraino, sektore honetako langileek bizi duten egoera larria salatzeko. Bihar asteartea, otsailaren 28an, egingo dugu asteko bigarren greba eguna eta mobilizazioa egingo dugu 10:30ean Bilbon, Lan Harremanen Kontseilutik (Urkixo Zumarkalea, 2) Udaletxeraino.

Sektorean 7 urte baino gehiago daramate hitzarmenik gabe. Ez da kasualitatea, beste behin ere, ia langile guztiak emakumeak diren eta patronalak zaintza-zerbitzu publikoa ematen duen sektore batek negoziazioa blokeatzea eta erakunde publikoek emakume langileen prekaritatea ahalbidetzea.

Gure ustez onartezina da patronalari zerbitzu-ordu bakoitzeko 2016an baino %20-23 gehiago ordaintzen zaion bitartean, enpresa horiek %3,6ko soldata-igoera eskaintzea 2025era arte. 2022ra arte, izan ere, langileei %16,6 garestitu zaie bizitza.

Salatu dugu diru publikoa kudeatuz etekin handiak lortzen dituzten enpresa horiek benetako enpresa putreak direla, eta kontratatzen dituzten udal eta mankomunitateen pasibotasuna dela hori ahalbidetzen duena.

Zuzenean galdetu nahi diegu udalei eta mankomunitateei Bizkaian Etxez Etxeko Laguntzaren (EEL) sektorean lan egiten duten 1.500 emakume baino gehiagoren baldintzak prekarizatzen dituzten enpresen poltsikoak betetzen jarraituko ote duten. Hala, kalitatezko zerbitzu baten aldeko apustua egitea eskatzen du sindikatuak, egungo ereduak prekarietatea baino ez baitakar, bai langileentzat, baita zaintzen dituzten pertsonentzat ere.

2016tik 2022ra bitartean, EELko langileek 361 euroko galera metatu zuten hileko soldatan, hau da, 4.336 euroko galera metatua urteko soldatan 2022ra arte.

Hala ere, sektore honetako enpresa putreek hilean 72 euroko igoera eskaintzen diete, atzerapenik gabe, hau da, urteko soldata 868 euro igotzea 2025era arte.

KPIaren igoera (2016-2022)361, 38 € hilean4.336,60 € urteko soldata
Patronalaren proposamena (2016- 2025)72,36 € hilean868,36 € urteko soldata

Lanarekiko aitortzaren alde borrokatzen dugu, eta aitortza hori lan baldintzen hobekuntzak dira. Erosteko ahalmena berreskuratzea, gaixotasunagatiko bajen osagarriak, lanaldi partzialen prekarietatearen aurkako akordioak, lanaldi minimo bat eta lanaldi hori handitzen joateko mekanismo argi eta objektiboak ezarriz, kontratuen finkotasunak, laneko osasunaren arloan arrisku psikosozialei (estresa, erasoak) buruzko akordioak eta kontziliazioa hobetzea zerbitzuak multzokatzearen bidez, besteak beste.

Benetako batasun sindikal baterako deia egiten dugu. Uste dugu beharrezkoa dela borroka bateratua, gutxieneko akordio batean oinarritua. Proposamen bat helarazi genien idatziz sindikatu guztiei. Horren bidez, KPIaren berreskurapenaren azpitik dagoen ezer ez sinatzeko gutxieneko akordio bat eta mobilizazio bateratuen proposamena egin zuen. Baina beste sindikatuek ez zuten onartu. Guk, gutxieneko akordio hori gabe, ez dugu benetakoa ez den batasunaz mozorrotu nahi izan. Bada, publikoki konpromisoa hartzen dugu aktiboki batasun sindikala lortzeko saiatzen jarraitzeko.

Amaitzeko, deialdi honekin 62 greba egun egin ditugu, eta gehiago deituko ditu mahai gainean beste eskaintzarik ez badago. Udalak gatazka honen konponbidearen erantzule egiten ditu, eta erakunde horiekiko interpelazioa areagotzen joango dira, haiek direlako patronalei hitzarmenaren blokeoa ahalbidetzen diotenak.

Milaka atera gara osasungintza publikoa defendatzera

Bilboko, Donostiako eta Gasteizko kaleetan jendetza bildu da Osakidetzako langileek deitutako manifestazioetan.

Osakidetza salba dezagun lelopean, eta azkenaldian haien baldintzek etengabe okerrera egin dutelako nazkatuta, osasun zerbitzu publikoan ordezkaritza duten sindikatuek manifestazioak deitu zituzten gaurko, otsailak 25. Bada, ziurtatu dute gurean osasun sistema publikoaren alde sekula egin diren mobilizaziorik jendetsuena izan dela.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari ozen eskatu diogu pribatizaziorako eta zerbitzu publikoa desegitera bideratutako neurriak alboratu eta kalitatezkoa izango den sistema bermatzeko baliabideak ezar ditzala.

Elkarretaratzea egin dugu Pinen laneko arriskuen aurkako neurri eraginkorrak eskatzeko

Bi lankidek izandako istripua gogor salatu dugu, eta enpresari exijitu diogu lan osasuna bermatzeko dagokion ardura bere gain har dezan.

Gogorarazi behar da bi behargin zauritu zirela Amurriko Tubos Reunidosen lanean zebiltzala, horietako bat oso larri. Elkartasuna adierazi diegu gaurko kontzentrazioan.

Esku-hartze sozialeko hitzarmen duina aldarrikatu dugu

Gaur, Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrean bildu gara Esku Hartze Sozialeko langileak Maite Peña, politika sozialeko diputatuarekin bilera eskatzeko. Orain dela urtebete ere eskatu genuen bilera berarekin eta ez dugu inolako berririk izan.

Esku hartze sozialeko IV. Hitzarmeneko negoziazioarekin hasiak gaude HEDATZEN patronalarekin. Baina kontuan izan behar dugu negoziaketan parte hartzen ez badute ere, administrazio publikoko agente ezberdinek zuzenean baldintzatzen gaituztela, gure sektorea azpikontrata bidez ematen den zerbitzu publikoa delako, eta beraz, finantzazio guztia diru publikotik jasotzen dutelako elkarteek.

COVID 19aren pandemian, ezinbesteko bezala izendatu gintuzten eta etxeratze agindua zegoenean normaltasunez lanera joan izan behar genuen zerbitzuak aurrera ateratzeko. Orain pandemia pasa dela, berriz ahaztu gaituzte, eta orain urtebete ezinbestekoa zen sektorea ikusezin bihurtu da gizartearen aurrean.

Horregatik, negoziaketak hastearekin batera, Gipuzkoako Batzar Nagusietan ordezkaritza duten alderdi politikoekin bilera erronda egin dugu sektorearen egoera eta beharrak azaldu eta hauen aurrean hartu behar diren neurriez hitz egiteko. Gipuzkoako Udal ezberdinekin ere bilerak egiten gabiltza.

Sindikatuok, negoziaketan zehar erabiltzeko plataforma bat osatu dugu. Plataforma honek sektoreko langileekin egindako asanblada eta bileretan atera diren beharrak jasotzen ditu, eta horregatik oso garrantzitsua da plataformaren edukiak ulertu eta lan baldintzak duintzea.

Jakitun gara negoziaketa prozesua ez dela erraza izango, horren adibide ditugu aurreko hitzarmenak lortzeko egin genituen borroken prozesuak. Baina gogotsu eta anbizioz heltzen diogu erronka honi, eta ez dugu zalantzarik langileon antolaketa eta mobilizazioaren bitartez sektorearen lan baldintzak hobetu eta gizartean merezi dugun aitortza lortuko dugula.

Eskerrak eman nahi dizkiogu gaur hemen bildu garen langile guztiei, eta aurrera begira egingo diren mobilizazio eta ekimen ezberdinetan parte hartzera deitzen dugu Esku Hartze Sozialak barnebiltzen dituen langile guztiak.

Kutxabankeko langileok planto egin dugu enpresak ezarritako baldintza itogarriak salatzeko

%90eko jarraipena izan du gaurko greba deialdiak. Izan ere, aspaldian okerrera egin duten lan baldintzak duintzeko ordua dela uste dugu, egoera jasangaitza bilakatu baita eta zerbitzuaren kalitatea ere kaltetu baitu.

Neurrigabeko presio komertziala, langile gazteak erakarri eta mantentzeko gaitasunik eza, segurtasun fisikoarentzako arriskuen areagotzea… horiexek dira Kutxabankeko langileok salatu ditugun zenbait egoera. Bada, joera hori errotik eten eta langileon baldintzak hobetzeko exijitu diegu Kutxabankeko arduradunei.

Oraingoan ere lehen indarra izan gara Euskal Telebistan

Atzo hauteskunde sindikalak izan ziren Euskal Telebistaren bi egoitzetan, eta bietan irabazi genuen inoizko parte hartzerik handienarekin, EITB Median ere lehen indarra izaten jarraituz.

Bilbon botoek gora egin zuten eta Langile Batzordearen gehiengoari eutsi diogu, 17 ordezkaritik 9 lortuz. Miramonen izandako gorakada historikoa izan da, 35 boto gehiagorekin 7 ordezkari lortu baitigugu 9 kideko Langile Batzorderako. Ondorioz, zentro-arteko Langile Batzordean ere gehiengoa edukiko dugu datozen lau urteotako erronka garrantzitsuei heltzeko.

Beti garbi eduki dugu, klase sindikatu izanik, langile guztion estrategiarako tresna dela, eta hauteskunde prozesu bakoitzean jasotzen dugun langileen babesak horretan berresten gaitu.

Eskerrak eman nahi dizkiegu boto eman duten langile guztiei, eta batez ere noski, gurea bezalako sindikatu koherente batean konfidantza eman dutenei. Eskerrik asko eta zorionak guztioi.

Osakidetza defendatzera aterako gara kalera bihar

Osasun sistema publikoa desegitearen aurka mobilizatuko gara Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hiriburuetan, 12:00etan. Lan prekaritatea nabarmena da eta okerrera baino ez du egin azkenaldian. Bada, horrek kalitatezko zerbitzua bermatzeko oztopoak dakartza, eta beharginek haiek nahiz herritarrek pairatzen dituzte ondorioak.

Egoera horren baitan, Lehen Mailako Arretaren egoera bereziki prekarioa da. Bada, gogoan izan behar da kolektibo horrek 2019an ere egin zuela greba, garai hartan pairatzen zuten muturreko egoera salatzeko. Bitarte horretan, baina, arduradunek ez dute egoera onbideratzeko neurririk hartu, alderantziz. Gainera, osasun zentroetan gero eta nabarmenagoa da Lehen Arretaren gabezia horrek gainerako arloei eragiten dien kaleta, hala nola larrialdiei, gainkarga handia baitakar.

Horren guztiaren ondorioz, azken asteetan hainbat mobilizazio gauzatu dituzte Osakidetzako langileek, eta biharko eguna, larunbata, izango da hitzordu nagusia. Manifestazioak 12:00etan abiatuko dira Jesusen Bihotzaren plazatik (Bilbon), Andre Maria Zuriaren plazatik (Gasteizen) eta Bulebarretik (Donostian).