2025-12-17
Blog Page 28

Aurrerapenik gabeko beste bilera bat Precon, Enviserrek Eusko Jaurlaritzarena baino eskaintza okerragoa jarri baitu mahai gainean

Gaur goizean, 3 astez bilerarik egin gabe egon ostean, greba batzordea eta Enviser PRECOn bildu dira. Bilerak ez du aurrerapen esanguratsurik izan; izan ere, 2026rako eta 2027rako eskaintza zertxobait aldatu du enpresak, eta 2028rako, berriz, Eusko Jaurlaritzako Lan Sailburuordetzak mahai gainean jarri zuena baino eskaintza okerragoa planteatu du.

Azken hori bereziki larria da, enpresak argi eta garbi adierazi baitu 2028rako mugak Gasteizko Udalak ezartzen dituela. Alkateak gaur goizean adierazi du oso nekatuta dagoela grebarekin, eta ulertezina egiten zaiola egungo egoera. Ulertezina dena Gasteizko Udalak hurrengo kontratuan bere gain hartuko dituen hobekuntzei muga bat jartzea da.

Bihar, langileek bi asteetan San Martingo bulegoetan 10:00etan bildu dituzten herritarren sinadurak erregistratuko dituzte.

Era berean, eraztun berderako gutxieneko zerbitzu berrien eskaera salatzen dugu, Eusko Jaurlaritzak ekainean emandako gutxieneko zerbitzuen agindutik kanpo daudenak. Berriz ere, agerian geratu da Udalaren eta enpresaren kezka ez dela gatazka azkar konpontzea, baizik eta baldintzak langileei ezartzea.

Gutxieneko soldata propioaren aldeko iniziatibak 100.000 sinadura baino gehiago bildu ditu dagoeneko

Euskal langileek babes argia adierazi diote gutxieneko soldata propioa hemen erabakitzeko gehiengo sindikalak martxan duen Herri Ekimen Legegileari, hiru hilabete aski izan baitira 100.000 sinadurako langa gainditzeko.

LAB, ELA, ESK, STEILAS, HIRU eta ETXALDE sindikatuek uko egin diegu sinadurak biltzeko genituen beste hiru hilabeteri Eusko Legebiltzarrak gutxieneko soldataren eskumena ahal bezain pronto eska dezan. Era berean, Nafarroako Parlamentuan ere lege-proposamena izapidetu dezatela eskatu diegu Nafarroako alderdi politikoei.

LAB, ELA, ESK, STEILAS, HIRU eta ETXALDE sindikatuok gutxieneko soldata propioaren aldeko dinamika jarri genuen martxan urte hasieran. Helburu berarekin bi bide lantzeko konpromisoa hartu genuen:

– Lehena, egungo eskumenen baitan: Patronala lan harreman guztiak arautuko lituzkeen lanbidearteko akordio baterako negoziazio mahaira deitu genuen. Lehen deialdian mahaia eratzeari uko egin zion. Bigarren deialdi bat ere egin genuen, erabat gauzagarria den proposamena eramanez: 1.500 euroko gutxieneko soldata. Orduan, mahaira joateari ere ezetza eman zion.

– Bigarrena, eskumen berriak eskuratzeko iniziatiba: Herri Ekimen Legegile bat jarri genuen abian, langile estatutua aldatu eta Hego Euskal Herrian gure Lanbidearteko Gutxieneko Soldata propioa ezartzeko eskumena helburu zuena. Kontu teknikoak tarteko, nahi baino gehiago luzatu zitzaigun sinadura bilketari hasiera emateko epea, maiatza hasieran hasi ginen sinadurak biltzen, eta hiru hilabete eskasen buruan 100.000 sinadura baino gehiago lortu ditugu. Arrakasta ikaragarria izan da. Langileriak iniziatiba honi modu masiboan eman dio babesa. Herriz herri, lantokiz lantoki, auzoz auzo, ehunka lagunek hartu dute parte sinadurak biltzen eta dinamika zabaltzen. Langile klasearen konpromisoa eta gehiengo sindikalaren ekimena uztartuta, geure buruari jarritako erronka bete dugu.

Sinadurak biltzeko beste hiru hilabete izan arren, helburuak beteta iritsi gara udara eta horrekin amaitutzat ematen dugu bilketa. Abuztu bukaeran sinadurak Gasteizko Legebiltzarrean erregistratu eta herri ekimen legegilearen ibilbideak aurrera jarraituko du. Bertan, alderdi politikoek hitzetatik ekintzetara pasatzeko aukera izango dute: benetan badute gutxieneko soldata duinago baten aldeko borondatea, babesa eman diezaiotela ekimenari. Legebiltzarrak babesa emanez gero, Kongresura iritsiko da langileen eskubideak zabalduko dituen lege aldaketaren proposamena.

Era berean, Nafarroako Parlamentuak uko egin zion herri-ekimen legegilea izapidetzeari. Nafarroan ere milaka sinadura jaso dira gutxieneko soldataren eskumena autonomia erkidegoek ere izan dezaten eta, ondorioz, Nafarroako alderdi politikoek lege-proposamena erregistratu dezaten eskatu dugu sindikatuok.

Eusko Jaurlaritzak gutxieneko soldataren inguruko txostena argitaratu du. Gutxieneko soldata propio baten beharra agerian uzten du txostenak, baina ikuspegi murriztaile batetik egina da: bai eragin eremuari dagokionez —hitzarmeneko gutxienekoa proposatzen du—, baita zenbatekoari dagokionez ere.

Confebaskek, era berean, afera elkarrizketa sozialeko mahaira eraman nahi du, absentismoa bezalako gaiekin nahastuz eztabaida. Gaur hemen gauden sindikatuok garbi adierazi nahi dugu: elkarrizketa sozialeko mahaia ez da negoziazio kolektiboko markoa, eta ez da gutxieneko soldata negoziatzeko gunea. Patronalari dei egiten diogu: aitzakiak albo batera utzi eta onar dezala herri honetako errealitate sindikala. Egin dezala urratsa eta eseri dadila benetako negoziazio mahai batean. Eta garbi izan dezala gu ez gaudela prest langileon eskubideak murriztea dakarten proposamenen inguruan eztabaidatzeko.

Amaitzeko, alderdi politikoei ere dei zuzena luzatu nahi diegu: sinadura bilketak agerian utzi du langileriaren borondatea. Orain mugimendua babestu edo ez erabakitzeko unea duzue. Estatuan ezarritakoa baino gutxieneko soldata altuagoa behar dela esaten baduzue, orain da hori frogatzeko unea.

Langileon eskubideen defentsan, urrats sendoa eman dugu. Eta borrokan jarraituko dugu, gutxieneko soldata duin bat ezartzeko eskubidea geure esku egon arte.

Oraindik sinadura eman ez duenak honako lotura honetan egin dezake, modu errazean: lanbideartekosoldata.eus

Pasaiako Etxez Etxeko langileak greba egin dute hitzarmenaren negoziazioa desblokeatzeko

Udala prest azaldu da baldintzak hobetzeko, baina enpresak dio diru hori bere etekinetara bideratu behar dela. Kontzentrazioak egiteaz gain, Udaleko plenoan sartu dira langileak eta zerbitzua publikatzea eskatzeaz gain, gatazkan esku hartu eta bidera dezala eskatu diote udal gobernuari.

Pasaiako Etxez Etxeko langileek (43 lagunek osatzen dute plantilla) greba eguna dute gaur, ELA eta LABek deituta. Izan ere, Matia-Goxara zerbitzua kudeatzen duen azpikontratatutako enpresak negoziazioa blokeatu du, eta egoera hori salatzeko hainbat greba egun deitu dituzte: gaurkoaz gain, abuztuaren 8, 14, 20 eta 25ean, eta irailaren 1etik aurrera hilabete osoan.

Azken hilabeteotan sindikatuek bilerak egin dituzte Udalarekin, eta lan baldintzak parekatzeko bidean, urratsak emateko borondatea duela adierazi du. Horretarako, hitzarmena hobetzeko baliabide ekonomikoak agindu ditu. Matia-Goxara enpresak, ordea, diru hori bere etekinetara bideratu nahi du, absentismoa oso handia dela eta ondorioz, nahi adina etekin ateratzen ez dituela argudiatuta.

Gogora dezagun etxez etxeko zerbitzuko langileak oso egoera prekarioan daudela: bakarka doaz lanera, erabiltzaileak hartatzeko askotan pisu handia mugitzen dute, laguntzarik gabe, eta erritmoak eta lan kargak handiak dira, besteak beste. Hori guztia lan jardun murriztuekin,
enpresak ez dielako gutxieneko lanaldia bermatu nahi, eta etxetik etxera zerbitzua emateko desplazamenduekin, gutxieneko ordu horiek betetzeko.

Enpresak dioen absentismoaren atzean dagoena prekarietatea da. Enpresak, aldiz, egoera horri irtenbidea eman beharrean, diru publikoarekin etekinak handitu eta langileen osasuna kaltetzen du. Gainera, medikuak langileei baja ematen dietenean, ez diete 100% osagarria ordaintzen.

Langile horien zerbitzua ezinbestekoa da Pasaiako herritarrentzat. Dagozkien lan baldintza duinak eta hitzarmena eskatzen dute langileek, lan osasuna eskubidea dela oroitaraziz. Horregatik, enpresari jarreraz aldatu eta Udalari egoera konpon dezala eskatu diote gaur greba egunean. Horretarako, Udalaren plenoan izan dira langileak eta zerbitzua esku pribatuan beharrean, publifikatzea ere eskatu diote, besteak beste.

LABen 2024/2025 ikasturtean: borroka sindikal aktiboa, zerbitzu publikoen kalitatea lan baldintzen hobekuntzekin uztartuz eta sektore feminizatuen protagonismo nabarmenarekin

LABek 204 borroka aktibatu ditu eta horietatik 75 gatazkatan greba baliatu du

LAB sindikatuak 2024/2025 ikasturtean egindako lanaren balantzea aurkeztu du, eta datuek argi uzten dute langile borrokak bizirik eta indartsu jarraitzen duela Euskal Herrian. Guztira 204 gatazka aktibatu dira, eta horietatik 75etan greba izan da mobilizazio tresna. Gatazken %61ek negoziazio kolektiboa eta zerbitzu publikoen defentsa izan dute ardatz, eta %31k patronalaren edo administrazioaren aldetik etorritako eskubide murrizketei aurre egitea.

Sektore publikoan izan dira borrokarik indartsuenak, eta horrek bi arrazoi nagusi ditu: langileek lan eskubideak zerbitzu publikoen kalitatearen borrokarekin uztartu izana, eta administrazio publikoak negoziatzeko jarrera itxia izanki, gatazkak denboran luzatu egiten direla. Aipatu eremuan gauzatutako borroken %74k zerbitzu publikoen defentsa eta negoziazio kolektiboa izan dute ardatz. Emakumeek* izan duten protagonismoa azpimarragarria da: eremu publikoko gatazken %43 sektore feminizatuetan izan dira.

Industrian, borroken %55 patronalaren erasoen aurkakoak izan dira —batez ere kaleratze eta itxierak— eta %40 hitzarmenaren negoziazio edo lan baldintzen hobekuntzarekin lotuta. Zerbitzu pribatuan, aldiz, negoziazio kolektiboak (%62) izan du protagonismo nagusia.

Lurraldeka, gatazka gehien Bizkaian aktibatu diren arren, proportzioan Araban egon da langileriaren mobilizazio handiena.

Dinamika nagusia soldata propioaren alde

Ikasturteko borroka estrategiko nagusien artean, gutxieneko soldata propioaren aldeko dinamika nabarmendu behar da. Borroka horrek soldata arrakalak murrizteko eta aberastasunaren banaketa bidezkoago baterako tresna estrategikoa izan nahi du. LABek, gainerako sindikatuekin batera, bi bide jorratzen ditu: lanbidearteko akordioa egungo eskumenen baitan eta herri ekimen legegilearen bidez eskumen berriak eskuratzea.

LABek zerbitzu publikoen defentsan parte-hartze aktiboa izan du: osasungintzan, osasun publikoaren aldeko plataformekin batera mobilizatzen eta osasun mahaian ituna baldintzatu nahian; hezkuntzan, zerbitzua eta baliabideen hobekuntzaren alde borroka indartsuetan aritu gara, akordio onak eskuratuz, nahiz eta akordio horiek %100ean betetzeko Jaurlaritzaren borondate salatu dugun; eta zaintzan, langileen izaera publikoaren aitortza exijituz. Gainera, etxebizitza eskubidea ere gure ekintza sindikalean txertatzen ari gara.

Industria sektorean, enplegu galera larriak izan dira, eta horrek trantsizio ekosozial justu baterako beharra are ageriago utzi du. LABen apustua industria bizia, bidezkoa eta jasangarria izatea da, langileekin eta langileentzat. 

Sektore feminizatuetan eta zaintzan, gatazkak proportzio altuagoan daude irekita oraindik, eta horrek agerian uzten du patronalak eta administrazioak emakumeen* lanari ematen dioten balio eskasa.

Azkenik, langileek borrokarako prestutasuna erakutsi dute arlo askotan: zaintza sistema publiko komunitarioaren alde, lan osasunaren defentsan, euskararen aldeko borrokan, eta lan harremanen euskal esparruaren eraikuntzan.

LABek hurrengo ikasturtean ere lanean jarraituko du, Euskal Herriko langileentzat lan eta bizi baldintza duinak borrokatzen, kontrabotere sindikalismoa, sindikalismo feminista, antirrazista eta ekosozialista egiten. 

Informea, osorik, hemen:

Langabezia jaitsi arren, aktibitate tasak behera egin du

Langabezia tasa %7,3ra jaitsi da Hego Euskal Herrian, 103.600 herritar dago langabezian. Pasa den urtean baino 11.000 langabe gutxiago daude, baina 14.500 langile gutxiago dago lanean pasa den urtetik. Nafarroan, ordea, langabezia igo egin da, %7,9an kokatuz. Lan merkatuak enpleguak amortizatzen ditu, ordezkatu beharrean

Deigarria da aktibitate tasa jaitsi izana. Izan ere, azken urtean biztanle kopurua igo arren (27.700 herritar gehiago ditu HEHak), langile gutxiago (25.400) dago aktibo moduan, aktibitate tasa %56,38an kokatuz. 

Sexu-generoaren arabera, azken urtean, langabezia tasa gizonen artean mantendu (%7,9) eta emakumeen artean jaitsi egin da (%6,6), aurreko urteko langabezia tasak irauliz. Aktibitate tasari erreparatzen badiogu, aldiz, gizonena (%60,1) baino nabarmen txikiagoa da emakumeen aktibitate tasa (%52,70), emakumeen erdia baino gehiago lan merkatutik kanpo dagoelarik. 

Aktibitate tasaren jaitsiera biztanleriaren igoera eta aktibo modura lanean dagoen herritarren kopurua jaisten denean gertatzen da. Arrazoi ezberdinak egon badaitezke joera honen atzean, biztanleria inaktiboaren artean, jubilatuak eta ikasketetara emanda dagoen herritar multzoa handitu da. Gazteen artean langabezia tasa %22,8ra igo da, nagusitzen ari zaien enplegu prekario eskaintzaren aurrean, euren burua formatzen jarraitzeko hautua indartuz. Beraz, pentsatzekoa da enplegu galera gauzatzen ari dela, enplegu guztiak ez direlako ordezkatzen. 

Langabezia zerbitzuak sektorean jaitsi da gehien langabezia, 4,41 puntu hain zuzen ere. Eraikuntzan eta epe luzeko langabetuen artean ere jaitsi da pasa den urtetik, industrian antzerako balioetan mantendu den bitartean. Epe luzez lan egin gabeko 3.600 herritarrek aurkitu dute lana azken urtean. Gaur egun, urte bete edo gehiago lan bila ari diren langileen tasa %44,1ekoa da, emakumeen artean %46,4ra igotzen delarik. 

Kontratu motari dagokionean, jardunaldi partzialean lan egiten dutenen proportzioa handitzen ari da %16,8an kokatuz (duela urte bete baino 1,4 puntu gehiago). 4 emakumetik batek, gutxienez, (%26,2) jardunaldi partzialean dagoen bitartean, 10 gizonetik bat baino gutxiago dago jardunaldi partzialean. Azken urtean 15.900 langile gehiago dira jardunaldi partzialean, hauetatik %79.9 emakumeak direlarik. Adiz, hiruhilekoan jardunaldi osoko 19.500 okupatu gehiago daude, hauetatik %84,6a gizonak direlarik. Azken urtean, jardunaldi partzialeko 15.900 enplegu sortu diren bitartean, 30.400 enplegu gutxiago dira jardunaldi osokoak. Lan baldintza prekarioak nagusi dituen zerbitzuak sektoreak hartzen ari den garrantziaren eta baita azken urtean eman diren ERE-en ondorio argiak dira, lan baldintza duinagoak dituzten enplegua suntsitzen ari baita. 

Langabezia jaitsi arren, lan merkatuaren egiturazko egoera kezkatzekoa da enplegu galera gertatzen ari baita. Aipatu dugun bezala, batetik, lan baldintza duinak dituzten enpleguak suntsitzen ari dira, prekarietatea gailenduz eta, bestetik, enpleguak ordezkatu beharrean amortizatutzat ematen dira edota jardunaldi partzialekin ordezkatzen dira. LAB sindikatuak Lan Harreman eta Babes Sozialerako Sistema propioa edukitzea ezinbestekotzat jotzen du, Esparru Propio baten baitan erabaki burujabeak bertako ekonomia zein langileen beharrak bermatuko dituena. Lan merkatuak dituen egiturazko gabeziak, eredu berri baten aldeko borrokarekin erantzungo diegu lan esparru guztietan. 

Zamatze lanetan garraiolari azpikontratatua hilik Muxikan, istripu klasiko baten errepikapena

Atzo asteazkena, Muxikako Ebaki enpresan zamatze lanak burutzen ari ziren bitartean garraiolari bat zamatze makina batek kolpatu zuen. Azpikontratatutako garraio enpresako langilea, tokian bertan artatu zuten anbulantzia medikalizatu batean baina zauri larrien eraginez hil zen ordu batzuetara.

Lehenik eta behin, LAB Sindikatuak bere doluminak eta elkartasuna adierazi nahi dizkie hildako langilearen senide, lagun eta gertukoei.

LABek adierazi nahi du, prebentzio araudiak aurreikusten duela egoera hau, eta zamatze lanetarako enpresa kontratatzaileek prozedurak garatuta izan behar dituztela garraiolariak kabinan bertan itxaron edo gune seguruetan egon behar izateko. Beraz, koordinazio prozedura bat garatu beharra dago derrigor arrisku mota hau kontrolatzeko. Atzo, prozedura ez zegoen garatuta edo ez zen abian ipini. Bi aukerak, enpresariak dinamizatu behar ditu legeak arautzen duen moduan.

Izan ere, aste honetan bertan entzun dugu Osalango zuzendariordea irrati publikoan adierazpenak eginez, “nahiz eta legeak enpresaria ipintzen duen prebentzioaren arduradun eta erantzule, bai langileek eta sindikatuek ere badutela ardura”. Nola ekidingo du langile batek honelako istripu bat enpresak protokolorik garatu ez badu, edo garatuta izanik ere berau betearazteko errekurtso prebentiborik eta bitartekorik jartzen ez badu? Ardura enpresariarek bizkarretik kentzeak istripuak eta heriotzak soilik dakartza, eta tamalez administrazioa betetzen ari den papera hori da, ardurak bitartekoak ez dituzten langileei zabaldu eta enpresarien inpunitatea babestearena hain zuzen. Istripuen atzean dagoen oinarrizko arrazoia da, administrazioak 30 urte daramatzala enpresarien inpunitatea babesten. Aurten dagoeneko 41 hildako utzi dituen erabakia.

Honela, Ebakiko komiteak datozen orduetan deituko dituen lanuzte eta mobilizazioekin bat egiten du LAB sindikatuak. 

LAB sindikatuak aurkako botoa eman dio “EUSKADI 2030 INDUSTRIA PLANA”ri EGAB-eko osoko bilkuran

EGABeko osoko bilkurak “Euskadi 2030 Industria Plana” delakoari buruzko Dekretu Proiektua dagokion irizpena onetsi berri du; LAB sindikatuak aurkako bozka eman dio, honako argudioak tarteko:

Ez da langileen parte-hartzea aurreikusten. Irizpenak aipamena egiten badio ere, LAB ez dator bat Elkarrizketa Sozialeko Mahaira eramatearekin, bertan gutxiengo sindikala dago ordezkatua eta Industria Planaz aritzeko, espezifikoki, bestelako parte hartzerako gune baten beharra aldarrikatzen du.

Planak kolaborazio publiko-pribatua ontzat ematen du, baina trantsizio industrialak bestelako esku-hartze publikoa behar du. Partehartze publikoa duten proiektu industrialak bultzatu behar dira. Bestalde, diru publikoa jasotzen duten enpresek baldintza eta konpromiso batzuk izan behar dituzte, enplegu duina bermatzeko, diskriminazioekin amaitzeko, berrikuntza teknologikoan inbertitzeko. Dibidendoak banatzen dituzten enpresek ez lituzkete laguntza publiko horiek jaso behar.

Industria eraldaketak irauten duen bitartean enplegurako eskubidea eta lan baldintza duinak zein kalitatezkoak bermatzeko inolako neurririk ez da aurreikusten. Planak ez du enplegu duina bultzatzeko neurririk jasotzen. Planak industriaren trantsizio energetikoak EAEn izango duen inpaktu sozio-laboralaren azterketa jaso beharko luke. Gabezia bereziki larria da testuinguru global eta ekonomiko hain konplexuaren aurrean. Patronalak absentismoaren inguruan duen diskurtsoa errepikatzen da, baina, kontrara, ez da enpresa askotan prebentzio neurririk ez dagoela aipatzen. Planak enplegu industriala berez kalitatezko enplegutzat jotzen du eta hori ez da horrela. 

Planak ez du industria eraldaketa esanguratsu eta premiazkoenei buruzko plangintzarik, automozioan esaterako, eta eraldaketa horietan sindikatuen zein langileen parte-hartzerik ez da bermatzen. Deskarbonizazio planei dagokienez ere, ez dago plan horiek egingo eta beteko direnaren inolako bermerik. Plangintzarik ezak erabaki guztiak patronalaren esku uztea dakar, eta lan ondorio traumatikoak egotea errazten du. Aldaketa guztiek sindikatuen eta langileen parte-hartzea aitortu eta jaso behar dute.

Deslokalizazioei buruzko egungo legeria ez da nahikoa, argi eta garbi. Baldintzapen zorrotza ezarri beharko da, enplegua suntsitu edo okertzen denean laguntzak jasotzea saihesteko, eta dirua itzultzeko betebeharra, zehapenak jasotzea eta laguntzetarako sarbidea ukatzea.

Ez da industria militarraren aipamen espliziturik egiten. Eusko Jaurlaritzak adierazi du Europa mailan industria militarraren bultzada berriak dakartzan negozio aukerak aprobetxatu nahi dituela. LABetik, ordea, gure lurraldeko behar sozialei erantzuteko gai den oinarri industriala mantentzearen aldeko apustua egiten dugu. Horretarako, hainbat sektore eraldatu egin behar dira, emisioak, energiaren erabilera eta materialak murriztuz. Aldi berean, armagintzak ezabapenerantz jo behar du, bere ekoizpen ahalmena sozialki erabilgarriak eta ekologikoki beharrezkoak diren produktuetara bideratuz. 

LAB sindikatuak benetako industria plana eskatzen du, eta horretarako hastapenetatik ezinbestekotzat jotzen dugu sindikatu eta langileen parte-hartze loteslea. Horregatik guztiagatik, eta 2030 Industria Planak trantsizio ekosozialerako industria plan bat egiteko oinarri nahikorik ezartzen ez duela ondorioztatuta, ezezkoa izan da LABen bozka. 

LABek dei egiten dio Gipuzkoako Aldundiari, bete dezala Batzar Nagusiek ebatzitako agindua, Gureak-eko langileen osasuna eta eskubideak bermatzeko

Gureak-eko enpresa komiteko LABen delegatuek eginiko eskaerari onarpena eman diote Batzar Nagusiek gehiengo zabalez joan den ekainean, aniztasun funtzionala duten langileekin ari diren enpresek, mutuak kontratatu beharrean, gizarte segurantzaren bidea har dezaten, kontigentzia profesionalak artatzeko.

Gureak-en gertatutakotik abiatu da prozesua. Mutualia erabiliz baja laboralak ez aitortzeko bide zitala erabili dute enpresa horretan eta bide hori oztopatzeko ekinbidea da LABen eskutik Batzar Nagusiek babestu dutena. 

Enpresa komiteko LABen delegatuek salatu zuten moduan, Gureakek Mutualia erabiltzen du, laneko istripuen jatorri laborala ez onartzeko, betiere langileen aniztasun funtzionala koartada gisa erabiliz eta lanak eragindako kalteak aitortzea saihestuz. Delegatuek zein sindikatuaren egiturak hainbat saiakera egin dituzte bai enpresarekin eta bai mutuarekin egoera hau bideratzeko, baina alferrik izan da.Batzar Nagusietan joan zen maiatzean eginiko agerraldian adibide ugari eskeini zituzten LABeko ordezkariek, enpresak Mutualitatearekin egiten duen praxi maltzur horren inguruan eta PNV eta PSOEk ezik, gainerako alderdiek elkartasuna adierazi zieten langileen ordezkariei; elkartasun hori, EH Bilduk aurkeztutako ebazpen proposamen bilakatu zelarik, gehiengo zabala lortuaz.

Ebazpenak, honoko hau dio: 

Batzar Nagusiek gehiengo osoz dei egiten die Gipuzkoako Foru Aldundiari honako bi neurriak har ditzan: 

  1. Gipuzkoako Foru Aldundiak aniztasun funtzionala duten langileak barnebiltzen dituzten lan eta zerbitzuen esleipenen kontratazio pleguetan, esleipen horietan parte hartu ahal izateko enpresek kontingentzia profesionalak Gizarte Segurantzarekin kontratatuak izatearen baldintza ezartzea.
  2. Gipuzkoako Batzar Nagusiek, GUREAK enpresak inklusibotasunaren integrazioaren alde egiten duen lana aintzat harturik Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatzen diote pertsona zaurgarriez ari garenez, ezarri dezala aniztasun funtzionala duten langileenganako jarreren inguruko aldizkako berrikuspen bat eta GUREAK enpresari exijitu diezaiola, jasotako salaketen inguruan ikerketa zein kontrol lana egin dezala.

Orain, ebazpena abian ipintzearen ardura Eider Mendoza Ahaldun Nagusiarena da. Noiz eta gainera gizartearen langile zaurgarrienen laneko eskubideak zein osasuna bera jokoan dagoen honetan.

LABek gertutik jarraituko du neurrien inplantazioa eta ez du atseden hartuko aniztasun funtzionala duten langileen osasuna eta eskubideak bermatu arte. Sektoreak pairatzen duen prekarietatearen beste adibide gordina da hau, non diru publikoz hornitutako enpresen langile zaurgarriak erabiltzen dituzten negozioa egiteko, gizarte lan bat egitean ari direnaren aitzakipean muturreko prekarietate egoerak eraginez. 

LABek Sestaoko garbiketa zerbitzuko UTEan hitzarmena sinatu du, soldata KPI errealari lotuta

Joan den ostiralean, uztailaren 18an, LAB sindikatuak Sestaoko kale-garbiketako UTEaren zerbitzuko lan-hitzarmen berria sinatu zuen, 2025-2029 aldia hartuko duena.

Akordioaren puntu esanguratsuenetako bat soldata-igoera da, KPI errealari lotuta egongo dena. Neurri honek langileen erosahalmena gal ez dadin bermatzen du, inflazioaren aurrean.

Aurrerapauso hau langileek egindako borrokari, mobilizazioei eta grebei esker lortu da. Eginiko presioa erabakigarria izan da akordio hau eskuratzeko.

Horrez gain, hitzarmen berriak baimen-araubidean eguneratzeak jasotzen ditu, lan eta familia bizitza uztartzeko eta lan eskubideei erantzuteko helburuarekin.

LABetik nabarmendu nahi dugu borrokak merezi duela. Akordio hau konpromiso kolektiboaren emaitza da eta sektorea duintzeko beste urrats bat.