2026-06-20
Blog Page 27

LAB, ELA, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek greba orokor arrakastatsua aurreikusten dute

LGS propio bat lortzeko aukerak zabalik daude, erronda politikoa eginda Hego Euskal Herrian eta Madrilen, eta patronalarekin negoziazioa mahaiak deituta EAEn eta Nafarroan

ELA, LAB, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek agerraldi bana egin dute gaur Donostian eta Iruñean. Bertan, martxoaren 17rako deitu duten greba orokorrerako jasotako babesen berri eman dute, eta aurreikuspenak azaldu dituzte.

Grebaren aldeko atxikimendua oso zabala izaten ari da: gogora ekarri dutenez, grebaren aldeko atxikimendua eman dute 1.750 enpresa komitek eta pertsonal batzordek; gainera, 100 eragile sozial baino gehiago ere atxikitu dira: gazteak, ikasteak, eragile ekologistak, antirrazistak, feministak, pentsiodunak, guztiek elkarrekin bat egingo dute greban.

Lantokietako batzarrei eta langileen inplikazioari dagokienez ere, datuak esanguratsuak dira. Batzar lotesleen bidez grebari baiezkoa eman diote, adibidez, honako hauek: CAF Beasain eta CAF Irun, Biele (Azpeitia), Torraspapel (Leitza), Indar (Beasain), Arcelor-Bergara, Fagor elektronika (Arrasate), Irizar Koop. (Ormaiztegi), Salbatore Mitxelena Ikastola (Zarautz), Arizmendi Ikastola (Arrasate), Laskorain Ikastola (Tolosa), GKN-Legazpi, Oñatiko Udala, Hernaniko Udala, Tolosako Udala, ABC (Eibar), Munksjö papel (Elduain), JMA (Arrasate), Aralar Papelera (Amezketa). Langile batzarrak egin ahala, hurrengo orduetan enpresa gehiagoren atxikimendua jasotzea aurreikusten da. Beraz, grebaren alde jasotzen ari diren babesa aintzat hartuta, deitzaileek aurreikusten dute greba arrakastatsua izango dela.

Martxoaren 17an gutxieneko soldata propioa eta, oro har, soldatak hobetzea eskatuko dute, baina ez hori bakarrik, prentsaurrekoan aipatu bezala, gerraren kontrako eta justizia sozialaren aldeko greba ere izango baita. Bizitzaren garestitzea areagotzen ari da Ameriketako Estatu Batuak eta Israel Ekialde Hurbilaren aurka egiten ari diren eraso inperialisten ondorioz, eta, hain zuzen ere, garestitze horri aurre egiteko neurriak dira greba orokorrarekin aldarrikatuko direnak: aberastasuna banatzea, soldatak hobetzea eta LGSa hemen erabakitzea.

Sindikatu deitzaileentzat LGS propio bat lortzeko aukerek zabalik jarraitzen dute, hala ondorioztatu dute eragileekin egindako errondatik, eta, beraz, grebarekin bat egitearen garrantzia azpimarratu dute. Martxoaren 24an Confebaskekin eta martxoaren 25ean CENekin beste negoziazio saiakera bana egiteko jarria dute hitzordua, eta, azpimarratu dutenez, patronalarekin egon ondoren, are argiago dago gutxieneko soldata bat ezartzeko akordio intersektoriala posiblea dela, haren aurkako argudio tekniko juridikorik ez baitago.

Eragile politiko eta instituzionalen artean jarrera desberdinak topatu dituzte: kritikatu egin dute EAJk, PSEk eta PSNk modu antidemokratikoan HELaren eztabaida eragotzi nahi izatea. Aldiz, balioan jarri dute EHBilduk eta Geroa Baik sindikatuon eskaerekin bat egitea, eta HELaren blokeoaren ondotik, EAEko eta Nafarroako Legebiltzarrean eztabaidari bide eman izana.

Bide instituzionalari dagokionez, Nafarroan atzo PSN eta Contigo-Zurekin alderdiek bat egin zuten PPrekin eta VOXekin herritar zaurgarrienei kalte egiteko, langile nafar guztien kontra, Nafarroak LGS propioa izatearen aurka bozkatuz. Hala ere, jarrera batzuk aldatzen ari dira, duela urte bat ez bezala (orduan eztabaida ezkutatu nahian zebiltzan), eztabaida egokia eta interesgarria ikusten baitute gehienek.

Madrilen ere egin dute erronda, eta txalotu egin dute Euskal Herriko, Galizako eta Kataluniako sindikatu soberanistek eskatu moduan, alderdi soberanista batzuk erakutsitako borondatea Langile Estatutua moldatuko lukeen Lege Proposamena Kongresura eztabaidara eramateko. Alderdiei eskatu diete sindikatuen proposamena bere horretan errespetatzeko; eta, ildo beretik, gobernuko alderdi diren PSOEri eta Sumarri eskatu diete trabarik ez jartzeko.

Sindikatuek dei egin diete langileei, herritarrei martxoaren 17an greba eta mobilizazioetan parte hartzeko. Greba orokorrarekin bat eginda, langile bakoitzaren ekarpenak lagundu egingo du, batetik, patronalarekiko negoziatzeko indar harremana hobetzen, eta bestetik, alderdi politikoak interpelatzen. Lanbidearteko gutxieneko soldata propio baterako aukera gero eta gertuago dagoela adierazi dute.

M17, greba orokorraren deialdiak:

  • Goizeko 05.00etatik aurrera: Piketeak.
  • Goizeko 11.00etan, hiriburuetako zutabeak, manifestazio nagusietarantz:
  • Komunikabideentzako deialdia, adierazpenak:
  • Bilbo. 12.15etan Plaza Eliptikoan
  • Iruñea. 12.15etan Gazteluko plazan

MANIFESTAZIOAKZUTABEAK
BILBO12:30Eliptica plaza11:30Zabalburu



11:30Deustu



11:30La Salve-Alameda Rekalde



11:30Udaletxea





DONOSTIA12:30Pio XII plaza11:30Tabakalera



11:30Amara-Anoeta



11:30Antiguo





GASTEIZ12:30Bilbo plaza10:30Eusko Jaularitza



10:30Boulevard



10:30Esmaltaciones





IRUÑEA12:30Gaztelu plaza11:00Atarrabia, Burlata, Mendillorri



11:00UPNA, Arrosadia, Iturrama



11:00Barañain, Ospitaleak



11:00Berriozar, Sanduzelai



11:00Txantrea, Antsoain, Arrotxapea





EIBAR12:30Untzaga Plaza

TUTERA12.30Foru Plaza

Arratsaldeko manifestazioak dezentralizatuak izango dira, dozenaka herritan. Hauexek dira hiriburuetako deialdiak:

  • Bilbo. Diputazioa: 18.00etan.
  • Iruña: Baluarte: 18:30ean.
  • Donostia. Katalunia Plaza: 18.00etan.
  • Gasteiz. Andre Mari Zuria: 18.00etan.

Zubietako Erraustegiko langileen lehenengo lanuztea eta manifestazioa

Gaur, martxoak 12, Zubietako erraustegiko langileen lehenengo lanuztea eta manifestazioa izan da, beraien lan baldintzak arautu behar dituen enpresa hitzarmena aldarrikatzeko.

Aurreko astean eta proposamen berri bat aurkezteko aitzakiarekin, enpresak langile batzordeari deialdia egin zion astelehenean bilera egiteko asmoarekin. Batzordearen harridurarako, enpresak erregistratutako greba legez kanpokoa dela esatera etorri zen soilik, hau da, langileak mehatxatzera.

Honen ondorioz, asteazkenean egindako langileen batzarrean, enpresaren oldarkortasunak eragindako haserrea adierazteaz gain, martxoaren 12 eta 26rako deitutako lanuzteak mantentzeko erabakia hartu zen ere.

Langileek ez dute inongo mehatxurik eta jarrera oldarkorrik onartuko, borroka jarraitzeko asmoa daukate jakin badakitelako borroka dela bide bakarra!

LAB sindikatuak positiboki baloratu du Administrazioak erabaki izana EAEko espetxeetan ekainaren 1etik aurrera ez direla 24 ordutako txanda kateaketak onartuko

Erabaki hori azken urteetan LABek lan osasunaren eta atseden eskubidearen alde egindako etengabeko salaketen ondorio da.

Sindikatuak azpimarratu du urteak behar izan direla espetxe eskumenak transferitu zirenetik (2021eko urria) Administrazioak bere erantzukizun politikoak onartu dituen arte. Denbora horretan lan antolaketa horrek goizeko, arratsaldeko eta gaueko txandak kateatzea ahalbidetu du, 18 ordutik gorako esposizioa eta atseden eskubidearen urraketa zuzena eraginez.

Administrazioaren txosten juridikoek baieztatu dute LABek salatu duena: 24 orduko txandak ez dira bateragarriak Europako atseden-araudiekin ezta Lan Arriskuen Prebentzioaren Legearekin ere.

LABek gogorarazi du egoera hau ez dela soilik langileen osasunaren kontua, zerbitzuaren kalitatea eta espetxeetan dauden pertsonen eskubideak ere jokoan daudela.

LABek eskatzen du Administrazioak bere eskumenak hartu ditzala, eta ez dadila makurtu zenbait sindikaturen presioen aurrean —hauek beren interes korporatiboen alde borrokatzen baitute, ez zerbitzuaren eta espetxeetako pertsonen beharren alde—, eta lan antolaketa legea, atsedenaldia eta zerbitzuaren segurtasuna errespetatzen duen bidean aurrera egin dezala.

LABen ustez, 24 orduko txandak bertan behera uztea beharrezko pausoa da, baina transferentziak aukera historikoa ireki zuen eredua eraldatzeko, eta horrek ezin du soilik estatutik jasotakoa kudeatzera mugatu.

Administrazioak 24 orduko txandak bertan behera utziko ditu espetxeetan, transferentzia lortu eta urte gehiegi pasa ostean.

Hithium enpresa Nafarroara etortzea bertako industriarentzat eta sektoreko langileentzat berri gazi-gozoa da

2025ean Nafarroako industrian egondako enplegu suntsiketaren ondoren, bertze transnazional batek lekukoa hartzeak ez ditu herrialdeko eta bertako langileriaren beharrak asetuko.

Pasa den urtean Nafarroako industriak 1.000 lanpostu zuzen inguru galdu zituen, neurri handi batean transnazionalek eskulana merkeagoa izango zen bertze herrialde batzuetara deslokalizatzea erabaki zutelako.

Hithium enpresa txinatarra Nafarroara etortzea, 750 lanpostu (etorkizunean 1.000 izateko asmoarekin) sortzea eta energia berriztagarriekin lotura duen sektore batekoa izatea ez da berri txarra, baina LABentzat kezkagarria da berriro ere errepikatzen ari garela eredu oker bat, kanpoko transnazionalei ematen ari gara gure industriaren kontrola eta zalantza handiak ditugu sortuko diren balizko lanpostu horiek suntsitu zituzten horien baldintzak izango dituztenik.

Eredu hau birproduzituz, eta kontuan izanda bere funtzioa betetzetik hagitz urrun dagoen Deslokalizazio Lege bat dugula, alde batetik, ez diogu inongo egonkortasunik emango ez Nafarroako industriari ezta bertako lanpostuei ere, eta bertze aldetik, ez dugu hemen erabaki ahal izango ze norabide hartu behar duen gure industriak, trantsizio ekosozialak ezin bertzekoa egiten duenean horren inguruan erabaki ausartak hartzea.

LABetik berriro errepikatzen dugu, bertan errotutako industria bat behar dugu, erabaki guneak Euskal Herrian izango dituena, kontrol publikoa izango duena eta bertako langileriaren beharrei erantzungo dieten lan baldintzak izango dituena. Hori ez den guztiak arriskuan paratuko ditu Nafarroako industria, bertako langileria eta jendartea orokorrean.

PSN eta Contigo-Zurekin alderdiek PP eta Voxekin bat egin dute pertsona zaurgarrienei kalte eginez Nafarroak LGS propioa izatearen aurka bozkatzerakoan

LAB, ELA, Steilas, Hiru eta Etxaldek proposamena Madrilgo Kongresura eraman dute, martxoaren 17rako deitutako Greba Orokorra berresten dute, eta gogorarazten dute Nafarroak bere LGS propioa erabaki ahal izatearen aurkako jarrera patronalarekiko bakarrik dela solidarioa.

LAB eta ELA atzo MarĂ­a Chivite presidentearekin bildu ziren Nafarroak LGS propioa izateko beharra helarazteko.

Gaur goizean Nafarroako Parlamentuan EH Bilduk eta Geroa Baik aurkeztutako lege proposamena bozkatu da, ekimenaren sustatzaile diren sindikatuen ekimenez erregistratua. Azkenean legea ez da aurrera atera, PSNk eta Contigo-Zurekinek beren kontrako botoak batu baitituzte Alderdi Popularraren eta Voxen botoekin, egoera okerrenean dauden langileak (pertsona migratuak, desgaitasuna duten pertsonak, emakumeak*, gazteak…) lagunduko lituzkeen proposamena baztertzeko, eta Nafarroako gizarte osoarentzat, salbuespenik gabe, positiboa dena.

Nafarroak LGS propioa izatearen proposamenak pobreziaren hazkundearen aurka egiten du, Nafarroaren autogobernuan aurrera pausoa da, eta Estatuko gainerako langileekin solidarioa da, haiei ere gutxieneko soldatak hobetzeko aukera ematen dielako eta autonomia erkidego batek ere Estatuko LGSaren zenbatekoa jaisterik izan ez dezan bermatzen duelako. Horregatik, baieztatzen dugu PSNren eta Contigo-Zurekinen kontrako botoa langile klasearen interesen aurkakoa dela eta patronalari bakarrik egiten diola mesede. Hau da, PSNren eta Contigo-Zurekinen posizioa patronalarekiko solidarioa da, are gehiago UPNren abstentzioa kontuan hartuta.

PSN eta Contigo-Zurekin azken urteetan Estatuan LGSren igoera garrantzitsuak babestu dituzten bi alderdi dira, eta autogobernuaren defendatzaile direla diote. Hala ere, gaurko bozketan argi geratu da UGT eta CCOOen jarreraren menpe daudela, eta Estatuaren ikuspegi uniformizatzaile eta zentralista dutela. Zoritxarrez, Nafarroako gizartea, eta bereziki pertsona zaurgarrienak, izango dira PSNren eta Contigo-Zurekinen kontrako botoaren kaltetu nagusiak.

Nafarroako Parlamentuan legea baztertu den arren, ekimen honen sustatzaile garen sindikatuok ez dugu amore emango Nafarroak LGS propioa lortu arte. Gogorarazi nahi dugu aldarrikapen hau Madrilgo Kongresura irits dadin ekimena martxan dagoela. Kongresuan gehiengoa osa dezaketen alderdi politikoekin bilera erronda egin dugu, Langileen Estatutuaren 27. artikulua aldatzeko lege proposamena onar dadin, autonomia erkidegoek beren LGS propioa ezarri ahal izan dezaten, betiere Estatuko LGSren gainetik. Bilera horietara joan diren alderdi bakar batek ere ez du gure proposamenaren aurka egin. PSN eta Contigo-Zurekin askoz ere oldarkorragoak dira ekimen honekin hemen, Madrilen dituzten kideak baino.

Helburu berarekin, LAB eta ELA sindikatuak atzo MarĂ­a Chivite presidentearekin bildu ginen Nafarroarentzat LGS propioaren proposamena helarazteko, eta patronalari presioa egiten jarraituko dugu Nafarroako langile guztientzat 1.500 euroko gutxieneko ordainsaria negoziatzera eseri dadin.

Mobilizazioei esker aurrerapen garrantzitsuak lortzen ari gara Nafarroarentzat LGS propioa eskuratzeko bidean, dagoeneko oinarriak jartzen ari gara horretarako. Hasieran HEL baten bidez gure eskaera izapidetzea galarazi ziguten, baina azkenean lege arrunt baten bidez tramitatzea lortu dugu. Chivite presidenteak LAB eta ELArekin biltzeari uko egin zion hasieran, eta azkenean egitera behartuta ikusi da. EAJk Eusko Legebiltzarrean aurka bozkatu du, baina Nafarroan, Geroa Bai koalizioaren bidez, alde bozkatu behar izan du. Eta UPN ere gaurko bozketan abstentziora joan da. Gainera, Kongresuan lege proposamena martxan jartzeko urratsak egiten jarraitzen dugu. CEN patronalak ere ez zuen atzo negoziazioan parte hartzeko atea itxi.

Horregatik guztiagatik, LAB, ELA, Steilas, Hiru eta Etxalde erabakita gaude kalean eta lantokietan presioa egiten jarraitzeko, Nafarroako langile askoren bizi baldintzak hobetuko lituzkeen aldarrikapen hau lortzeko. Martxoaren 17rako deitutako Greba Orokorrak bultzada erabakigarria emango dio Nafarroan 1.500 euroko LGS propioa lortzeari, eta horregatik langile guztiak grebara eta mobilizazioetan parte hartzera animatzen ditugu.

Greba orokorrari baietza ematen ari dira gero eta lantoki gehiagotan


Greba orokorrerako bost egunen faltan, lantokietan eta kalean giroa berotzen ari da; hasiak gara lantokietatik jarraipen-aurreikuspenak jasotzen, eta deialdia izaten ari den babesaren arabera, greba arrakastatsu baten atarian gaude.

Eremu publikoan zein pribatuan grebara aterako diren lantokien artean daude honakoak: CAF Beasain eta CAF Irun, Biele (Azpeitia), Torraspapel (Leitza), Indar (Beasain), Arcelor-Bergara, Fagor elektronika (Arrasate), Irizar Koop. (Ormaiztegi), Salbatore Mitxelena Ikastola (Zarautz), Arizmendi Ikastola (Arrasate), Laskorain Ikastola (Tolosa), GKN-Legazpi, Oñatiko Udala, Hernaniko Udala, Tolosako Udala, ABC (Eibar), Munksjö papel (Elduain), JMA (Arrasate), Aralar Papelera (Amezketa).

Langile batzarrak egin ahala hurrengo orduetan enpresa gehiagoren atxikimendua jasotzea aurreikusten dugu. Martxoaren 17an lantegiak hustu eta kaleak betetzera goaz!

NATO desegitearen alde egin du LABek, Euskal Herriak duela 40 urte adierazitako borondatea aintzat hartuz

40 urte bete dira Espainiako Estatuan NATOren inguruko herri galdeketa egin zenetik. Baiezkoa irabazteko estatu-operazioak porrot egin zuen, ordea, Hego Euskal Herrian; lau herrialdeetan ezezkoak irabazi zuen. Alabaina, Espainiako Gobernuak ez zuen ezezkoa aintzat hartu; besteak beste, Bardeak NATOren entrenamendu gune bilakatu zituen.

Ordutik hona Euskal Herriko gehiengoak argi adierazi du Mendebaldeko elite ekonomikoak bere interesen defentsan bultzatutako gerra makineriarekiko aurkakotasuna. Aipatzekoak dira, besteak beste, gerren aurka egindako mobilizazioak (besteak beste, 1991ko Golkoko gerra edota 2003ko Iraken inbasioaren aurrean); soldaduskarekiko intsumisio mugimendua; edota Palestinako genozidioa salatzeko egindako borroka, igaro den urriko Lanuzte Orokorra mugarri izan duena.

Herri galdeketa irabazi eta 40 urtera, NATO Euskal Herritik kanporatzearen eta, oro har, desegitearen aldeko jarrera berresten du LABek. Era berean, dei egiten die gobernuei eta patronalari gerra-makinaria elikatzeari utz diezaioten. Genozidioen eta gerren harira negozioak egitea edota inbertsio publikoa armagintzara bideratzea ez da zilegi. Amaitzeko, herri guztien burujabetza eta ongizatea aintzat hartuko duen nazioarteko ordena berri baten aldeko aldarria egiten du LABek.

LAB ez da joango Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunerako sailburuak deitutako Industriaren Defentsarako Taldearen bilerara

Gune horren benetako helburuari buruzko bermerik eman ez delako hartu du LABek erabakia.

LAB ez da gaurko —itxialdi eta kaleratzeen inguruan gizartean gero eta kezka handiagoa dagoen honetan— deitutako bilerara joango. Dagoen gatazka-egoera honen aurrean, ez dugu legitimatuko edukirik gabeko espazio bat, ezta argazki instituzional bat ere.

2025eko apirilean enpresei laguntza publikoa emateko hainbat mekanismo sortu ziren; zehazki, muga-zergen mehatxuari erantzuteko eta merkataritza bultzatzeko premiazko neurriak. Guztira, 14.320 milioi euro mobilizatu ziren. Era berean, Eusko Jaurlaritzaren Industriaren Defentsarako Taldea sortu zen, Elkargirekin eta euskal finantza-erakundeekin batera 450 milioi euroko zuzeneko abalen eta finantzaketaren aparteko plan bat abian jarriz; industriari laguntzeko lerroa handitu zen, bereziki balio erantsiko I+G+b produktuak garatzearekin lotutakoa, 533 milioi eurokoa; eta enpresa txiki eta ertainak nazioartekotzeko, defendatzeko eta eraldatzeko laguntzak handitu ziren, bai eta langileak eta enplegua babesteko laguntzak ere.

Une horretatik aurrera ez dugu informaziorik izan eman diren laguntza publikoei buruz, laguntza horiek jaso dituzten enpresei buruz, ezta mailegu eta abalen horien baldintzei buruz ere. Gardentasun falta hori ezin da diru publikoarekin gertatu, eta, gainera, neurri horien eraginkortasuna frogatu behar da.

Ustez, laguntza horiek muga-zergek gehien eragiten dieten sektoreen lehiakortasunari eusteko dira, hala nola siderurgiaren, automobilgintzaren edo elikadura-industriaren kasuan.

Hala ere, 2025eko apiriletik sektore horietan egoerak okerrera egin du, eta honako kasu hauetan ari gara aurre egiten:

• Tubos Reunidos. 301 kaleratze eta altzairutegiaren itxiera, SEPIren 140 milioi euroko maileguarekin.
• Gestamp Bizkaia. 2030ean egiturazko plantilla 300 pertsona baino gehiagoan murriztuko duela iragarri du.
• Papresa. Enpresaren salmenta eta enplegua suntsitzea, plantillaren ia %40an.
• Sidenor Azkoitia. Ijezketa-trenaren sekzioaren zati baten deslokalizazioa, 36 pertsona Kantabriara lekualdatuta.

LABek ez du parte hartuko enpleguaren eta euskal industria-sarearen defentsan esku hartzeko borondate argirik gabe sortutako gune batean. Gure ustez, Eusko Jaurlaritzaren industria-politikaren norabidea ez dago egungo eta etorkizuneko erronkek eskatzen duten neurrian. Eta, batez ere, ez dira ziurtatzen ari ez industria-sarea, ez enpleguaren etorkizuna, ezta trantsizio energetikoa ere gizarte-justiziaren parametroetan.

LABentzat ezinbestekoa da Euskal Herriko etorkizun industriala definitzeko edozein mahaik honako hauek izatea:

• Benetako gardentasuna.
• Eragile sozial eta sindikalen parte-hartze eraginkorra.
• Erabakiak hartzeko eta elkarrekin lan egiteko gaitasuna.
• Aurrekontu-konpromisoa, haren jarraipen publikoarekin.
• Enpleguaren eta lan-baldintzen defentsa aktiboa.

Gaur egun, baldintza horietako bat bera ere ez dago bermatuta, eta horren guztiaren ondorioz erabaki da deialdi honetara ez joatea. LAB benetan behar horiei erantzuteko balio duen esparru orotan egongo da, baina ez da inongo zuriketaren konplize izango, ez instituzionalarena ez enpresarialarena.

[IRITZIA]: Chivite Lehendakariari eta PSN, Contigo Zurekin eta UPN alderdiei

Gilda Elisa Solares Alonzo eta Begoña Agundez Rodriguez gara, LABeko eta ELAko ordezkariak Cash G-5 S.L elikagai biltegian eta Amavir Mutilva zahar-etxean. Betidanik estatalizatuta eta prekarizatuta izan diren sektoreetako langile garenez zuzenean dakigu nekez bizi gaitezkeela hilean 1.300 euro ere egiten ez duten soldata bat jasotzen dugunok. Ordainsari hau ez da nahikoa bizimodu gero eta garestiagoari aurre egiteko eta oinarrizko beharrak osatzeko: etxebizitza, jatekoa edo garraioa. Izan ere, gurean bizi-kostuak Estatuko beste leku batzuetan baino handiagoak baitira. Gainera, badakigu ez garela kasu bakanak, baizik eta guk bezalaxe errealitate hau Nafarroan milaka lagunek pairatzen dutela, lanak baitituzte beharrizan guztiak ordaintzeko.

Hilabetetan gure sindikatuekin batera borrokatu gara Nafarroak bere Lanbide arteko Gutxieneko Soldata (LGS) erabakitzeko ahalmena izan dezan; eskubide hau gure ustez justua, legezkoa, egingarria eta batez ere zentzuzkoa da. Estatuko LGS (1.221€) ez dagokio gure komunitateko errealitate ekonomikoari, hemen prezioak handiagoak baitira eta milaka langileren kezka hilaren azkenera iristea baita, langile izanagatik pobrezian ez erortzeko lehian.

Martxoaren 12an Nafarroako Parlamentuak egoera hau aldatzeko aukera izango du. Badakigu EH Bilduk eta Geroa Baik proposamenaren alde egingo dutela, eta PP eta Voxek kontra. Horregatik, gaur batik bat UPN, PSN eta Contigo Zurekin alderdiei hots egin nahi diegu: Zuen botoak erabakiko du Nafarroako milaka herritarren bizimodua hobetuko lukeen legea aurrera aterako den ala ez.

Galdera bat egin nahi dizuegu, errespetuz baina irmo: Nola justifika liteke halako neurri bat ukatzea? Zein interes eta arrazoi izan liteke 1.500 euroko gutxieneko soldata duin bati ezezkoa emateko, areago Estatuko beste lurraldeekiko solidarioa izanik? Hori ukatu nahi digute adineko jendea zaintzen dugunoi, ospitaleak eta nafarren etxeak garbitzen ditugunoi, dendari garenoi, ostalaritzako langileoi? Ekonomiaren izenean? Baina, egiaztatu den moduan, LGS egoki batek desberdintasuna leuntzen badu eta ekonomia suspertzen badu? Solidarioa ote da nafar langileon soldatak beherantz berdintzea? Ezezkoa solidarioa da, bai, baina soilik etekinak puzten dituzten enpresarioentzat, gure soldata kaskarrekin lortzen baitute hori.

Espero dugu herritarrak lehenetsiko dituzuela eta arduraz eta enpatiaz hartuko duzuela erabakia, ez kalkulu alderdikoi, identitario eta zentralisten arabera. Bozketa hau ez da tramite hutsa: Aukera historikoa duzue erakusteko politika baliagarria dela jendearen bizitza hobetzeko. Beraz, izan ezazue kontutan zuen erabakiak milaka lagunen bizimoduan izango duen inpaktua.

Azkenik, langile guztiei dei egiten diegu martxoaren 17ko greba orokorrean parte har dezaten; guztiok batera 1.500 euroko gutxieneko soldata irits dezakegu Nafarroan, justizia sozialerantz daraman bidean saihestu ezineko urratsa baita.