2025-12-17
Blog Page 27

Bi langile hil dira pasa den astean lan-istripuetan

Joan den asteazkenean, 54 urteko A.F.R., Nafarroako garraiolaria, hil zen Kataluniako hiriburuan, EBRO ibilgailu-enpresan kamioia deskargatzen ari zela. Hurrengo egunean, ostegunean, Oreretako Merkaoiartzunen 58 urteko J.M.G.D. langilea zendu zen, istripu ez-traumatiko baten ondorioz, GESTORGANIK S.L. enpresarentzat lanean ari zela.

Lehenik eta behin, LAB sindikatuak bere samina eta elkartasuna helarazi nahi dizkie bi langileen senide, lagun eta gertukoei.

LABek gogorarazi nahi du, joan den uztailean Busturialdean zamatze-lanetan gertatutako istripuan bezala, prebentzio-araudiak aurreikusten duela zama-lanak egiteko prozedura, eta enpresa kontratatzaileek prozedura horiek garatu eta ezarri behar dituztela, garraiolariak kabinan bertan itxaroten edota gune seguruetan egoten direla bermatzeko. Beraz, koordinazio-prozedura bat garatzea ezinbestekoa da arrisku mota hori kontrolatzeko. EBRO enpresaren kasuan, prozedura ez zegoen garatua edo ez zen praktikan jarri; bi egoerak dira, legeak agintzen duen bezala, enpresarien erantzukizunpekoak. Bartzelonako enpresa horrek bi langileren heriotza eragin du hilabete gutxiren buruan.

Merkaoiartzunen gertatutako istripu ez-traumatikoari dagokionez, jakin dugu langileak gutxienez 2022tik aritu zela modu prekarioan, beste lankideen bajak eta oporrak ordezkatzen. Istripu ez-traumatikoen atzean hainbat kausa egon daitezke; hala ere, prekarietateak sortutako ziurgabetasuna eta estresa arrisku-faktore argiak dira, eta, gainera, gero eta ohikoagoak.

Istripu traumatikoen kasuan agerikoa da prebentzio-arauak behar bezala ez aplikatzea (zamatze-lanetako prozeduren kasuan, esaterako). Istripu ez-traumatikoetan, berriz, ikusten ari gara prebentzio-neurriak ez ezartzeaz gain, arrisku-faktoreak —prekarietate gero eta nabarmenagoa, bereziki— gero eta presenteago daudela.

LABek, Bilboko Argiak-eko grebalarien asanbladak adierazitakoa jarraiki, akordioa sinatu du

20 greba egunen ondoren, grebalarien asanbladak baiezko oso zabala emanda, akordioa erdietsi dugu.

Lehenik eta behin, LABek langileak zoriondu nahi ditu. Haien konpromisoa eta borrokarako grinak egin dute posible akordio hau lortzea. Ezin dugu ahaztu ere 2021. urtean 95 eguneko greba ziklo baten ostean, beste 20 greba egun beharrezkoak izan direla akordioa egikaritzeko. Hauek dira lortutako hobekuntza nabarmenenak:

• Obrako/mantentze-lanetako langileei lanaldi jarraitua aplikatzea. Urteko lanaldia 20 orduz murrizteak suposatzen du honek.

• Txandaka lan egiten duten pertsonak hilean 70 euroko txanda-plusa kobratzetik hilean 300 euroko zenbatekoa kobratzera igaroko dira, hiru ordainsari-kontzeptu desberdinetan banatuta.

• 8,26 euro gordineko urruntasun-plusa, urtero % 1,5eko igoera izango duena, lan egindako egun bakoitzeko.

• Idatziz jasotzea aurreko kontratan lortutako ahozko akordioak, orain, kontrata berria sartzean, arriskuan zeudenak.

• Plantilla osoaren subrogazioa ziurtatzea.

• Errelebo-kontratua ziurtatzea.

• Enpresak soldata-eskala bikoitza sortzeko zuen asmoa atzera botatzea.

• Osagarri pertsonala blindatzea, xurgaezina eta konpentsaezina izatera pasatuz.

• Hobekuntzak lan-osasunean.

Euskal Herrian, 2025eko abuztuaren 14an Salatu nahi dugu bai Udalak eta baita jaurlaritzak izan duten papera. Berriro ere, eta azkenaldian patroibihurtzen ari den egoera bat da. Gatazkan izan duten inplikazioa hutsa izan da. Lan Ikuskaritzak bi aldiz arrapatu badu ere enpresa grebalariak ordezkatzen, horrek gutxi axola izan dio. Bere eskuhartze bakarra izan da zerbitzu minimo guztiz gehiegizkoak eskatzea, eta horrela akordioa baldintzatu dute, greba eskubidea bera kolokan jarriaz. Aste Nagusia eta haien postaleko hiria salbatu nahian, ia %100ko zerbitzu minimoak inposatu dituzte, greba desaktibatzeko asmo argiarekin. Berriro ere, enpresarien alde eta langileon eskubideen aurka lerrokatu dira. Enpresak, nola ez, beren posizioa baliatu eta xantaia egin die grebalariei, proposamenari epemuga abuztuaren 14an iraungitzen dela esanez. LAB Sindikatuaren zerbitzu juridikoek zerbitzu minimo hauek errekurritzeko beharrezko pausuak emango ditu.

Bestalde, ELAren jarrera arduragabea eta onartezina salatu nahi dugu. Enpresaren xantaiari men egin eta enpresak berak asteazkenean horretarako espresuki sortutako talde batean enpresaren azken eskaintza bozkatzen hasi ziren beren afiliatu batzuk. Inongo ekarpenik egin gabe proposamen horri eta beren posizioa argitu gabe hasi ziren bozkatzen, orain arteko elkarlana zapuztuz. Gerora, esan zitzaienean enpresak osatutako talde horretan grebalari batzuk falta zirela, grebalari guztiak dauden taldean jarri zuten inkesta. Azkenerako emaitza argigarria izan da, non eta grebalarien 21ek akordioaren alde egin zuten, eta 9 kontra. Orduan, galdera zehatza egin zitzaion: ea haiek martxan jarritako bozketa horren emaitza errespetatuko ote zuten. Ostegun goizerarte ez dugu erantzunik jaso, enpresarekin genuen bileraren atarian, eta berau ezezkoa izan da. Jakin dugunez ere, ELAren sail sindikalean akordioaren aldeko posizioa gailendu zen. Laburtzen, LAB-ekin adostu gabe, ELAk berak hauspotu zuen galdeketa baten emaitza ez errespetatzea erabaki du, grebalarien asanbladaren iritziaren kontra eta bere sail sindikalak bozkatutakoaren kontra. Helburu bakarrarekin: beren interes korporatiboa elikatu eta sindikatuen arteko talka irudikatzen saiatzeko. Langileon eta bere afiliatuen gehiengoaren iritziaren kontra. Oso larria da, are gehiago beraiek onartu digutenean zerbitzu minimoen ezarpenarekin ez zeukatela bestelako alternatiba edo proposamenik. Negoziazioa bera lehertuarazi dute, inongo alternatibarik eman gabe eta orain arte genuen elkarlanaren gainetik.

LAB-etik erantzukizunez jo dugu egoera honen aurrean, langileon interesak defendatuz eta beren aldarriak eta erabakiak errespetatuz. Kontziente gara puntu batzuk ez direla lortu, eta 2029 urtean mugarri garrantzitsua izango dugula. Baina argi geratu da ere borrokak merezi duela, eta mobilizazioaren bideak bere fruituak ematen dituela, oztopo guztien gainetik. Bai enpresarenak, bai Udaletxe zein Jaurlaritzarenak, eta baita ELArenak ere.

Animalien aurkako tratu txarrik gabeko garraio publikoa

LAB sindikatuak Euskotren enpresaren koherentzia eza eta erantzukizun sozialaren gabezia salatzen ditu. Egoera horren ondorioz, zezen-ikuskizunen publizitatea zabaltzen ari da bere ibilgailuetan, nahiz eta enpresaren barne-araudiak honakoa xedatzen duen: «Mezuen edukiak eta adierazpideak oro har onartutako gizarte-balioekin bat etorriko dira, mezu edo irudi sexistak saihestuz, herritarren sentsibilitatea mindu dezaketenak edo hizkuntza oldarkorra erabil dezaketenak baztertuz».

Tauromakia animalien tratu txarrean eta heriotzan oinarritzen den aisialdi-modua da, printzipio etiko zabalki partekatuak urratzen dituena, eta, ondorioz, bereziki iraingarria da populazioaren zati handi batentzat. Inkesta ugarik egiaztatzen dute gizartearen gehiengoak —bereziki gazteek eta langileek— praktika horiek gaitzesten dituztela, eta indarkeriarik gabeko espazioak eskatzen dituztela.

Garraio publikoa funtsezko zerbitzu kolektiboa da, eta neurri handi batean diru publikoaren bidez finantzatzen da. Hortaz, koherentea izan behar du defendatzen dituen balio demokratiko eta errespetuzkoekin, eta ez du ankerkeria normalizatzen duten mezuetarako plataforma izan behar. Nola ez den onartzen publizitate sexista, arrazista edo gorrotoa bultzatzen duena, hala ez litzateke onartu behar herritarren sentsibilitatearen eta animalien ongizatearen aurka egiten duten jarduerak sustatzen dituzten edukiak ere.

Horregatik, Euskotreni eskatzen diogu:

  1. Zezen-ikuskizunekin lotura duen edozein publizitate berehala kentzea.
  2. Publizitate-edukiei buruzko barne-araudia zorrotz betetzea.
  3. Garraioaren publizitateak enpresak defendatzen dituen balio etiko eta sozialak errespetatzen dituela bermatzeko, protokolo argi eta publiko bat ezartzea.

Garraio publikoa ondasun komuna da, eta horrek esan nahi du indarkeria normalizatu nahi duten interes pribatuen eraginetik babestu behar dela. Animalien aurkako tratu txarrik gabeko garraio publikoa aldarrikatzen dugu: konpromiso etikoekin bat datorrena eta erabiltzaile guztiak errespetatzen dituena.

Pasaiako etxez etxeko langileek greba egin dute, lan baldintza duinak aldarrikatzeko eta konponbidea eskatzeko

Pasaiako etxez etxeko langileek (43 lagunek osatzen dute plantilla) greba eguna dute gaur, ELAk eta LABek deituta. Zerbitzu hori ematen duten langileak egoera oso prekarioan daude: bakarka doaz lanera, erabiltzaileak artatzeko askotan pisu handia mugitzen dute laguntzarik gabe eta erritmoak eta lan kargak handiak dira, besteak beste. Enpresak, gainera, ez die gutxieneko lanaldia bermatu nahi.

Azken hilabeteotan sindikatuek bilerak egin dituzte udalarekin, eta lan baldintzak parekatzeko bidean, urratsak emateko borondatea duela adierazi du udalak. Horretarako, hitzarmena hobetzeko baliabide ekonomikoak agindu ditu. Matia-Goxara enpresak, ordea, diru hori bere etekinetara bideratu nahi du, absentismoa oso handia dela eta ondorioz, nahi adina etekin ateratzen ez dituela argudiatuta.

Testuinguru horretan, lan baldintza duinak aldarrikatzeko, enpresa jarreraz aldatzera behartzeko eta udalari egoera konpontzeko eskatzeko, grebak eta mobilizazioak egiten ari dira langileak. Gaur izan dute udako bigarren greba eguna, eta hilaren 14an, 20an eta 25ean ere egingo dute.

Emartin langileen greba eskubidea urratzen ari da

Greban daude Emartineko Bediako lan zentroko langileak, lan baldintza duinak lortzeko borrokan. Horren aurrean, baina, enpresa, Bilboko Udalaren konplizitatearekin, langileen greba eskubidea urratzen ari dela salatu du enpresa batzordeak.

Hemen duzue enpresa batzordearen oharra:

Emartineko Bediako lan zentroko langileok greban gaude uztailaren 14az geroztik, eta salatu nahi dugu enpresa greba eskubidea urratzen ari dela, gure lanpostuak beste lan zentroetako langileekin ordezkatuz.

Martxoa aldean hasi ginen hitzarmena negoziatzen enpresarekin, jardunaldi murrizketa, erosahalmena, errelebo kontratuak eta beste hainbat gaitan hobekuntza nabarmenak lortu nahian. Horren aurrean, baina, enpresak ez ditu kontuan hartu gure eskakizun nagusiak eta horrexek eraman gaitu greba egitera.

Bilboko Udalerako elektrizitate hornikuntzaz arduratzen garen heinean, Aste Nagusiko argiteria montatzea eta mantentzea gure eginkizun nagusiak dira egunotan. Bada, enpresa, udaletxearen konplizitateaz, greban gauden langileon eginkizunak betetzen ari da enpresaren beste lan zentroetako langileen bidez. Hori, ilegala izateaz gain, greba indargabetzeko estrategiaren parte ere bada. Egoeraren berri udaletxeari ematen ere saiatu gara, baina hark uko egin dio gurekin biltzeari. Udalak, beste alde batera begiratzeaz gain, Aste Nagusiaren muntaketa lanak ohi baino askoz lehenago hasi ditu, grebaren eragina apaltzeko asmoz.

Emartineko langileok ez dugu etsiko horrelako azpijokoen aurrean. Borrokan jarraituko dugu hitzarmen duin baten alde, eta horixe lortu artean aurrean izango gaituzte.

Lehen bero-bolada, lehen baso-sute handia, eta Nafarroako Gobernuak etxeko lanak egin gabe jarraitzen du

2022ko suteen ondoren, Nafarroako suhiltzaileen kolektiboak agerian utzi zuen talde espezifiko bat sortu behar zela aurre egin beharreko baso-suteen prebentzioari behar bezalako erantzuna eman ahal izateko.

Hala ere, Barne Departamentuak egoera horiei aurre egiteko beharrezkoak diren bi tresna guztiz geldiarazita ditu, eta LABen uste dugu horiek martxan jartzea ezinbestekoa dela.

Alde batetik, Baso Suteen Taldearen sorrera. Sindikatuen gehiengoaren eta Zerbitzuaren Zuzendaritzaren oniritzia jaso dituen arren, oraindik orain geldirik dago, eta horren sorrera arautu behar duen Foru Aginduaren zirriborroa, berriz, Amparo López andreak zuzentzen duen Nafarroako Gobernuko Barne Departamentuko tiraderaren batean dute ezkutatuta.

Eta bestalde, oraindik ez dugu larrialdi handietarako baliabideak kudeatzeko tresnarik. Honek behartu egin gaitu, beste behin ere, suhiltzaileen borondateari tiraka aritu behar izatera.

LABek, Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko Langileen Batzordeko eta Babes Zibileko sindikatu nagusiak, salatu nahi du ez Departamentuak ezta Lopez kontseilariak ere ez dutela aurrerapausorik txikiena ere eman norabide horretan. Egoera horren aurrean, guk argi dugu Nafarroako Suhiltzaileen Baso Suteen Talde Tekniko bat eta larrialdi handiei erantzuteko benetan balioko duen kudeaketa mekanismo bat lortzeko lanean jarraituko dugula..

Uztailean langabeziara gehitu diren hiru langiletik bi emakumeak* dira

Industrian eta zerbitzuetan igo da gehien langabezia azken hilabetean, eta, sortzen den enpleguari dagokionean, lan baldintzak okerrera egiten ari dira eta prekarietatea handitzen.

Azken hilabetean erregistratutako langabeziak gora egin du Hego Euskal Herrian, 133.531 langile daude erregistratutako langabezian. Eta langabeziak non igo den aztertzerakoan, 25 urtetik gorakoen artean eman da eta gehienak emakumeak* dira, langabezian gehitu direnen bi heren baino gehiago, hain zuzen ere.

Langabezia igoera industrian eta zerbitzuetan eman da, 218 langabetu gehiago industrian eta 2.083 zerbitzuetan. Aipagarria da aurreko enplegurik gabekoen artean 335 langabetu gutxiago direla, eta hauen artean gehienak gizon gazteak eta eta 25-44 adin tarteko emakumeak*. Dena den, 25 urtetik gorako aurreko enplegurik gabekoen %75 baino gehiago emakumeak* izaten jarraitzen dute.

Langabezia datuak afiliazioan ere ikus daitezke: 4.200 afiliatu gutxiago dira eta sektore guztietan jaitsi da afiliazioa. 1.170 afiliatu gutxiago industrian eta 2.888 gutxiago zerbitzuetan.

Gizonen artean afiliazioa igo den bitartean, 7.912 emakume* afiliatu gutxiago ditugu azken hilabetean. Eta afiliazio bajaren arrazoia aldizkako finko gisa ezagutzen diren kontratuen etetea, azken hilabetean 12.709 aldizkako finko kontratu gutxiago izan dira.

Iazko uztailarekin alderatuta, 12.897 kontratu gehiago sinatu dira aurtengoan, baina gehienak behin behineko kontratuak eta zerbitzuetan.

Horiek uztaileko datuak. Azken urteko datuei begiratuta, berriz, langabeziak behera egin du, 3.875 langabetu gutxiagorekin. Azken urtean jaitsitako langabeziak ez du sexu eta adin ezberdintasunik guztiei antzeko eragin die.

Sektoreka aztertzerakoan, guztietan egin du behera, esaterako, eraikuntzan %9,1eko beherakada izan da eta zerbitzuetan %2,94koa.

Urteko bataz bestekoan langabezia jaitsi den bezala, ordea, lan balditzek okerrera egin dute eta prekarietatea handitu egin da. Industriari dagokionean langabezia datuetan ez da aldaketa nabarmenik izan (urteko bataz bestekoan ez, azken hilabetean, ordea, aurretik esan bezala, langabezia gehien igo den sektoreetako bat da) azken hilabetean esan bezala, eta egoera ezegokorra izaten jarraitzen du. Horren aurrean, beharrezkoa da industria plan bat trantsizio ekosoziala kontutan hartzen duena, langileei babesa emateko.

Langile migratuen artean langabezia jaitsi egin da azken urtean sektore guztietan, baina aurreko enplegurik gabekoen artean 357 langabetu gehiago dira, lan bila ari direnen %31,68 langile migratuak dira.

Langabezia datuen gorabeherei ez ezik, horri lotutako enpleguaren kalitateari ere begiratu beharrean jarraitzen dugu, beraz. Prekarietatari aurre egin, aberastasunaren banaketa justuago bat bermatu eta langileen arteko arrakalak txikitzeko gutxieneko soldata propio baten beharra ere agerian geratzen da beste behin.

BMk Aiaraldeko langileak bazterrean utzi ditu

Enpresak akordiorik gabe utzi ditu Amurrioko eta Laudioko dendetako langileak, eta haien baldintzak negoziatzeari uko egin dio. Hori gutxi ez, eta langileek eta haien ordezkariek presioak eta xantaia jasan dituzte.

Duela bi urte, BMk Gasteizen eta Araban dituen denda guztiekin akordio berria negoziatu eta sinatu zuen, eta Aiaraldeko (Amurrio eta Laudio) dendak alde batera utzi zituen. Ordutik, eta bereziki azken urte osoan zehar, enpresako ordezkariek BM Aiarako batzordeari eta langileei esan zieten akordio berria negoziatuko zela eta eskubiderik ez zutela galduko.

Negoziatzeko garaia heldu denean, baina, enpresak lehenengo negoziazio hainbatetan atzeratu du, eta, azkenean, benetako negoziazioari uko egin dio. Zuzendaritza, alde bakarrez, berak nahi dituen baldintzak langileei inposatzen saiatzen ari da.

Langileak akordiorik gabe uzteaz gain, langileei eta langileen ordezkariei gezurrak esan dizkiela ere esan daiteke. Hainbat bilera, akta eta elkarrizketatan enpresako ordezkariek akordio berri bat negoziatu eta adostuko zela esan zuten, eta konpromisoa hartu zuten. Eta, horrez gain, hainbatetan aipatu zuten langileek ez zutela eskubiderik ez erosahalmenik galduko.

Horrez gain, laneko osasunari dagokionez, arrisku psikosozialen inguruan benetako ebaluazioa egin eta neurriak hartu beharrean, enpresak alde batera utzi ditu langileen aportazioak, eta gai hori airean uzten ari da.

Hori gutxi balitz, azken hilabeteetan hainbat langilek eta langileen ordezkarik presioa eta xantaia pairatu behar izan dituzte, bai dendetan eta bai enpresak langileentzat antolatutako jardunaldi batzuetan. Mehatxurik ez du onartzen LABek, eta langileen eskubideak eta baldintza duinak defendatzea zilegi dela aldarrikatu nahi du.

LAB ez dago inposizio horien aurrean isilik geratzeko prest; horregatik, udan ekintza sindikal desberdinak egiten hasi da, eta ez du baztertzen ekintza gehiago egitea enpresak jarrera aldatzen ez badu.

Mercedeseko enpresa batzordeak 9 orduko txanden eredua arbuiatu du

Mercedes-Benzeko enpresa batzordeak agerraldia egin du gaur, 9 orduko bi txandako ereduarekiko arbuioa adierazteko. Eredu hori pairatzen duten langileen %80k neurri horrekiko desadostasuna erakutsi dute, eta enpresa batzordeko kideek malgutasun-eredu hori jasotzen duen hitzarmenik ez sinatzeko konpromisoa hartu dute, enpresa batzordeko 31 pertsonatik 22ren babesarekin eta CCOO eta UGT ez gainerako sindikatu guztien babesarekin. Lantegiko langileen kontratazioa aldatzearen aurka ere agertu da batzordea. Aldaketa horrek zuzeneko kontratazioaren ordez ABLEak erabiltzea ekarriko du.

Hemen irakur daiteke enpresa batzordearen oharra:

Mercedes Benzeko Lan Batzordeak jakinarazi genizuen bezala, Enpresa Batzordeko kide gehienek, % 70ek baino gehiagok, dagoeneko enpresako zuzendaritzari bederatzi orduko bi txandako malgutasun-eredua, hitzarmenean jasotakoa, gaitzesten dugula erakutsi diogu.

Azken egunetan, sinadurak bilduz, langileek gaueko 12etan lanetik irteteak, bajen gorakadak, familia eta gizartea uztartzeak eta abarrek eragiten duten malgutasun-eredu horren aurka agertzea nahi izan dugu.

Jakin badakigu sinatzea gustatuko litzaiekeen pertsona guztiengana iritsi ez garela, bajengatik, oporrengatik, lizentziengatik… edo pasatzen ginenean ez zeudelako, horregatik barkamena eskatzen dugu eta eskerrak ematen dizkizuegu parte hartu nahi izan duzuen pertsonei.

Baina garrantzitsuena da, hala ere, gutxi gora behera eredu hori pairatzen duten 2500 pertsonetatik % 80k (1971), alde batetik, malgutasun-neurri horrekiko desadostasuna adierazi duela. Eta besteƟk, Enpresa Batzordeko kideek malgutasun-eredu hori jasotzen duen hitzarmenik ez sinatzeko konpromisoa hartzea ere eskatu dute. Komitea osatzen duten 31 pertsonetatik 22k konpromiso hartu dugun konpromisoa, talde guztiak. CCOO eta UGT izan ezik.

Horregatik, Batzordearen eta 9 orduko bi txandako malgutasun-ereduaren eraginpeko langileen izenean, idazki baten bidez, Zuzendaritzari argi utzi diogu eredu hori ez dugula nahi: 9ak EZ.

Bestalde, gehiengo honek erabat gaitzetsi nahi du tailerreko langileak kontratatzeko eredua aldatzeari buruz enpresak duela egun batzuk helarazitako erabakia. Aldaketa horren bidez, zuzeneko kontratazioaren ordez ABLEak erabiliko dira. Honek produkzio-lerroetan prekarizazioa sartzea ekarriko du. Egoera honen aurrean enpresari aurre egingo diogu. ABLErik EZ