2026-04-18
Blog Page 26

LABek txalotzen du Espainiako Gobernuari Lan Ikuskaritza eta Gizarte Segurantza transferitzeko egindako eskaera, eta Chiviteri gutxieneko soldatarekin gauza bera egiteko eskatu dio

LAB sindikatuak ospatu egin du azkenean Maria Chivite presidenteak Espainiako Gobernuari Lan Ikuskaritzaren eta Gizarte Segurantzaren arloko eskumena transferitzea eskatu izana, LABek Nafarroako Gobernuari urteetan zehar etengabe eskatu dion aldarrikapen sindikala. Hala, LABek eskatzen du transferentzia-prozesua azkar eta oztoporik gabe egin dadila, ez politikoak, ez enpresarialak.

EH Bilduk eskatuta, Nafarroako Gobernuak Tafallako eremuan lan osasunari buruz egindako ikerketa-txosten batek egiaztatzen du LAB sindikatuak urteetan etengabe salatu duena eta 2025eko uztailean zabaldu zuena: Nafarroako enpresen %80k ez dute prebentzio legea betetzen, Gobernuaren eta CENeko enpresarien diskurtsoa hankaz gora jarriz.

Errealitatea, beraz, uste baino larriagoa da, eta Nafarroan pairatzen den ezbehar-tasaren bilakaera negatiboa azaltzen du. Azken urteotan, ehunka langilek galdu dute bizitza lanean edo gaixotu egin dira, enpresarien utzikeriaren ondorioz eta Gobernuaren kontrol faltagatik. Lan Ikuskaritzaren transferentziak kontrol hori egiteko baliabide gehiago izatea ekarriko luke, enpresek eta enpresaburuek Prebentzioari buruzko Legea nahitaez bete behar dutela bermatzeko baliabide eta tresna propioak izateko beharrizanari erantzunez. Kontrakoa, Lan Ikuskaritza propioa izateari uko egiteak, ezer ez egitea suposatzen zuen, beste alde batera begiratzea. Beste era batera esanda, Nafarroan urtero hamarnaka langile hilko direla onartzea, enpresen ez-betetzearen ondorioz.

Eskaera hori, konbentzimenduz, azkar eta oztopo politiko zein enpresarialik gabe egitea eskatzen du LABek. Gainera bat dator Nafarroako gizartearen borondatearekin, gehiengoa eskumen gehiago eta handiagoak eskaintzen dituen eredu baten aldekoa baita, egungo eredua gainditzen duen sentimendua. Hala ere, LAB sindikatuari frustragarria iruditzen zaio Chivite presidenteari eta haren gobernuari urte asko kostatzea gehiengo sozialak babestutako aldarrikapen sindikalei erantzutea, eta, aldiz, oso prest agertzea enpresaburuen eskakizun guzti-guztiei erantzuteko.

2026ko martxoaren 17an, Nafarroan (eta Euskal Autonomia Erkidegoan), LAB sindikatuak, beste sindikatu batzuekin batera, deitutako Greba Orokorra egingo da, hemen soldata propioa (1.500 euro) erabakitzeko, soldatak oro har hobetuko dituena, langileek sortzen duten aberastasuna modu justuan banatzeko eta, horrela, gure lurraldean bizitza duina bermatzeko. Deialdia, CENek, UGTk eta CCOOk, Nafarroako Gobernuaren babesarekin, negoziazio horri ekiteari uko egin diotelako sortu da: ez dute soldata duinik nahi Nafarroan.

Ondorioz, LABek Chiviteri eskatzen dio, Lan Ikuskaritzarekin bezala, gauza bera egin dezala Nafarroako gutxieneko soldatarekin, alegia, Nafarroako Parlamentuaren bidez Espainiako Gorteei eskumen horren habilitazioa eskatzea.

Garbitzaileok axola dugu

LAB sindikatuko garbiketa-sektoreko langileak Gasteizko CRL-LHKren egoitzaren aurrean mobilizatu gara, gaur, urtarrilak 15, Arabako eraikin eta lokalen garbiketa-hitzarmenaren negoziazio-bilerarekin bat eginez, sektorearentzat baldintza duinak aldarrikatzeko. 

Joan den martxotik, zabalik dago Arabako Eraikin eta Lokalen Hitzarmen Kolektiboa negoziatzeko Mahaia. Negoziazio horrek gure lan-baldintzak hobetzeko aukera eman lezake. Hala ere, 9 hilabeteko negoziazioen ondoren, kontuak ez du itxura onik. 

Patronalak, ASPEL eta APEL, eztabaida “absentismoa” deritzonean zentratzen saiatzen ari dira, eta, zentzu horretan, argudio faltsu horren pean, murrizketak planteatzen ari dira Hitzarmenean finkatuta zeuden hainbat gaietan, hala nola ABE osagarrietan. 

Bestalde, soldatei dagokienez, oso igoera epelak proposatzen dituzte berez oso txikiak diren soldatetan, KPIri inolako erreferentziarik egin gabe. Gogoratu behar dugu aurreko hitzarmenean (2020-2024) igoera eskas batzuk sinatu zirela KPIari lotu gabe, eta horrek 5 urteren bueltan % 15eko eros ahalmena galtzea ekarri digu. Ehuneko horrek hilean 150 € gordin gutxiago kobratzea dakar. Patronalen planteamendua onartzeak, gaixo egoteagatik zigortuak izateaz gain, gutxienez beste 5 urtez miseriara kondenatzea ekarriko liguke.

LAB sindikatuan ez gaude prest negoziazioa nola luzatzen den ikusteko, ezta patronalen asmoen aurrean amore emateko ere. Irailean, LABeko ordezkariok negoziazio-mahaian dauden gainerako sindikatuei gutxienekoen proposamen bat adostea eta mobilizazio egutegi bateratua adosteko deia luzatu genien, baina UGTk, ELAk eta CCOOk gonbidapenari ezezkoa eman zioten. 

LAB ez da inoren zain egongo. Abenduaz geroztik, sektorearen egoera kaskarra sozializatzeko kanpaina bat egiten ari gara, “Garbitzaileak inportatu egiten dira” lelopean. Gaur mobilizatzen ari gara baldintza duinak aldarrikatzeko eta gure egoeraren arduradun nagusiak salatzeko. Alegia EULEN, CLECE, ISS FACILITY, SERVEO, SAMSIC, NORTE BRILLANTE,… bezalako enpresak.

Arabako garbitzaileok soldata duinak behar ditugu; zehazki, 1.500 euroko soldata, Europako Gutun Sozialean ezarritakoarekin bat datorrena, eta, hain zuzen ere, horixe da euskal gehiengo sindikalak martxoaren 17rako egindako greba orokorraren deialdiaren aldarrikapen nagusia. Halaber, partzialtasun handiari mugak jarri behar dizkiogu, enpresek absentzia oro % 100ean bete dezaten aldarrikatu, eta errelebo-kontraturako sarbidea ahalbidetu, jarrera behartuen eta mugimendu errepikakorren arrisku faktoreen eraginpean dauden plantillak gaztetu ahal izateko, besteak beste. 

Igor Arroyo: “Ezezko bikoitza eman digute; kostu handiaz mintzo dira, baina emandako argudioak iruzurtiak dira”

ETBko Egun on saioan elkarrizketa egin diote gaur goizean Igor Arroyo koordinatzaile orokorrari. Gutxieneko soldata propioari buruz eta hau aldarrikatzeko gehiengo sindikalak martxoaren 17rako deitutako greba orokorraz aritu da, beste gai batzuen artean.

Gutxieneko soldata propioaren aldarrikapenaren inguruan, patronalaren jarrera “gogorra” eta langileon aldarrikapenekiko “guztiz mespretxuzkoa” dela adierazi du. “Ikusi dugu pandemiaren ostean nola bizitza erabat garestitu egin den, nola etxebizitzaren eta elikagaien prezioa handitu egin den eta patronalak planteatu izan digu hitzarmenez hitzarmen ez zegoela prest KPIren araberako soldata igoerak egiteko, are gutxiago bestelako hobekuntza batzuetarako. Planteatu izan ditugunean borrokak sektorez sektore eta enpresaz enpresa, greba eta mobilizazio ugari egin behar izan ditugu hitzarmenak berreskuratzeko eta berritzeko, eta hitzarmenen estaldura, zorionez, zabaltzea lortu dugu”, nabarmendu du. Baina gaineratu du horrekin “ez dela nahikoa, langile asko geratzen direlako bertako hitzarmenetatik kanpo. Beharrezkoak dira neurri orokorrak, hau da, langile guztiontzako zoru minimo bat finkatu beharra dagoela. Hor kokatu dugu gutxieneko soldata propioa ezartzeko proposamena”.

Gogoratu du 160.000 langile daudela 1.500 eurotik beherako soldata gordinarekin eta azpimarratu du “langile hauei kopuru horretako soldata bermatzea bideragarria da, bai negoziazio kolektiboaren bidez, horretarako eskatu dugu negoziazio mahai bat sortzea, bai lege aldaketa baten bidez, Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak izan dezaten aukera gutxieneko soldata propio bat ezartzeko estatu mailan ezarritakoaren gainetik”. Erantzunari dagokionez, adierazi du “ezezko bikoitza” jaso dutela, patronala zein Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernuaren aldetik. “Iraingarritzat” jo du erantzuna, “planteatu zaigulako patronalaren aldetik koste handia” duela. Sindikatuaren kalkuluak aipatuz, 500 milioi eurotan kokatu du gutxieneko soldata 1.500 euroraino igotzearen kostea, baina salatu du soldaten pisua BPGrekiko 1.500 milioitan gutxitu dela 2008tik. “Kantitate horren herena soilik litzateke beharrezkoa neurri hori bermatzeko”, ondorioztatu du.

Era berean, salatu du badagoela intentzioa “sindikalismoaren eragin eremua murrizteko”. “Beraiek nahi dute sindikalismo integratu bat, mugatzen dena aholkularitza laboral lan bat egitera eta ez dituena planteatzen langileen mesederako neurri eta proposamenak”, adierazi du. “Guretzat hori ere auzitan dago, sindikalismoak Euskal Herrian zer nolako papera izango duen. Horregatik iruditu zaigu ezinbestekoa greba orokorra deitzea eta gainera uste dugu, greba arrakastatsua izateko baldintzak badaudela”, gaineratu du.

1.500 eurotik beherako soldata kobratzen duten langile gehienak emakumeak* direla nabarmendu du. “Deigarria egiten zaigu instituzioen aldetik soldata arrakalaren kontrako propaganda egiten denean eta gero, emakumeek* pairatzen duten soldata arrakala murrizteko gakoa litzatekeen neurri hau planteatzen dugunean, patronala eta instituzioek mespretxatzea”, azpimarratu du.

Gaineratu du 2008tik hona oinarrizko beharrak gero eta garestiago daudela eta soldatak ez direla neurri berean igotzen ari. “Etekin enpresarialak izugarriak dira eta hemen ez da aberastasuna behar bezala banatzen. Gutxieneko soldata altxatzea ezinbesteko neurria da soldaten debaluazioari aurre egiteko”, gaineratu du.

Berriro bildu da Arabako esku-hartze sozialeko sektoreko hitzarmen kolektiboaren mahaia negoziatzailea

Joan den urtarrilaren 8an, Arabako esku-hartze sozialeko sektoreko hitzarmen kolektiboaren mahaia negoziatzailea bildu zen berriro. Bilera hau urtebete baino gehiagoko blokeoaren ondoren egin zen, eta sektorean ordezkaritza dugun sindikatuok —ELA, LAB, CCOO eta ESK— abenduan AISA patronalari proposamen bateratu bat helarazi ondoren, 2025-2026 urteetarako akordio bat lortzeko asmoz.

Sindikatuen proposamen horrek sektore publikoarekiko parekatzerantz modu errealista baina sendoan aurrera egitea planteatzen du, epe laburreko hobekuntza zehatzei uko egin gabe. Negoziazioak aurrera jarraitzea baloratzen badugu ere, bi aldeen arteko distantzia handia da oraindik; izan ere, patronalak jarrera urruna mantentzen du Arabako esku-hartze sozialeko langileen lan-baldintzak enplegu publikoko baldintzekin parekatzeko prozesuarekiko.

Asteetan zehar ez genuen proposamen horren erantzunik jaso, eta urtarrilaren 8ko mahaian AISAk jakinarazi zuen “negoziazio-esparrua aldatu egin dela” eta jada ez dutela proposamena baldintza berberetan baloratzen. Orain arte ez dute kontra proposamen zehatzik aurkeztu, eta hori kezkagarria dela deritzogu, sindikatuok negoziazioa desblokeatzeko egin dugun ahaleginaren ondoren.

Esku-hartze sozialeko sektoreak 1.000 langile baino gehiago hartzen ditu Araban, administrazio publikoko hainbat kontratatan; izan ere, administrazioak zerbitzu horiek hainbat enpresarekin azpikontratatzea erabaki du. Kanporatze-politika horrek lan-egoera guztiz bidegabea eragin du: onartu ezinezko soldata-arrakala dago sektore publikoarentzat zuzenean lan bera egiten duten kideekiko. Gero eta gehiago, azpikontratazioa lan-baldintzak prekarizatzeko eta zerbitzu publikoei eusten dietenei soldata okerragoak ordaintzeko erabiltzen da.

Horregatik, intersindikaletik, parekatzearen helbururantz pauso sendoz aurrera egitea ahalbidetuko duen estrategia baten aldeko apustua egin dugu, bitartean soldata-igoera dinei eta gure lan-baldintzak duinduko dituzten egiturazko hobekuntzei uko egin gabe.

Testuinguru horretan, sindikatuok mobilizazio-egutegi bat adostu dugu egoerari erantzuteko:

• Urtarrilak 21, asteazkena: hiru orduko lanuzteak txandako, 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 19:00etara.
• Otsailak 4, asteazkena eta otsailak 5, osteguna: egun osoko greba.

Urtarrilaren 29an negoziazio-mahaiaren beste bilera bat egingo da. Ordura arte, esku-hartze sozialeko sektoreak antolatzen eta irmo mobilizatzen jarraituko du, bere lanaren balioa aitortuko duen eta urteetako lan-desberdintasunari amaiera emango dion hitzarmena lortzeko.

ELA, LAB, STEILAS, HIRU eta ETXALDE sindikatuek salatu dute Espainiako Gobernuak proposatutako LGSk ez diela Hego Euskal Herriko langile klasearen beharrei erantzuten

Martxoaren 17rako grebara deitzen dute, eta gutxieneko soldata Gasteizko eta Iruñeko Gobernuen eskumenpean egotea eta 1.500 eurotan ezartzea exijitzen dute.

Espainiako Gobernuak 2026rako lanbide arteko gutxieneko soldataren % 3,1eko igoera proposatu du, hilean 1.221 euro. Zenbateko horrekin ezinezkoa da duintasunez bizitzea Hego Euskal Herrian, are gutxiago etxebizitzaren edo elikagaien prezioek azken urteetan izandako gorakada kontuan hartuta.

ELAk, LABek, STEILASek, HIRUk eta ETXALDEk, azken hilabeteetan, bi bide landu dituzte gutxieneko soldata Hego Euskal Herrian erabaki dadin: alde batetik, Herri Ekimen Legegile bat bi Parlamentuetan, eta bestetik, Lanbide arteko Akordio bat Confebaskekin EAEn eta CENekin Nafarroa Garaian. Herri Ekimen Legegilearen kasuan, ia 140.000 sinadura bildu ziren, baina Parlamentuek proposamena eztabaidatzeko aukera bera ere ukatu zuten. Patronalek, berriz, negoziatzeari uko egin diote.

Gutxieneko soldata funtsezko tresna da gizarte kohesiorako, eta lan baldintza prekarioak dituzten milaka langile pobreziatik ateratzeko balio dezake ere. Kalkulatzen da HEHn 300.000 pertsona baino gehiago daudela 1.500 eurotik behera kobratzen dutenak, horietatik erdia baino gehiago jardunaldi osoan eta zuzenean onuradunak izango liratekeenak. Gainera, LGSaren igoerak soldaten igoera orokorra ekarriko luke, eta horrek langile askoz gehiagori eragingo lieke.

Beste behin ere, gutxieneko soldata Madrildik ezarriko da, Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroa Garaiko Gobernuaren konplizitatearekin. Egoera honen aurrean, ELA, LAB, STEILAS, HIRU eta ETXALDE sindikatuek irmoki babesten dituzte martxoaren 17ko greba orokorraren aldarrikapenak, soldaten igoera orokorraren beharra defendatuz eta euskal alderdiei exijitzen diete lanean jar daitezela gutxieneko soldata propioa helburu. Ildo horretan, Espainiako Gobernuak proposatutako LGSaren nahikotasun ezaren aurrean, 2026rako 1.500 euroko LGS propioa funtsezko tresna da; horregatik, langile klase osoaren inplikazioa ezinbestekoa da.

LABek Bilboko etxebizitza komunitarioen barruan lan-esplotazioko sare matxista eta arrazista bat salatzen du

Hainbat langileen lekukotzari esker Bizkaiko enpresaburu baten puzzle matxista eta arrazista salatu eta agerian utzi ahal izan dugu: etxebizitza komunitarioen sare baten jabea den enpresaburu bat, emakumeak esplotatzen dituena eta bereziki eskubideak negoziatu eta baliarazteko baldintza okerrenetan daudenenekin etekina ateratzen duena; alegia, egoera administratibo irregularrean dauden langile migratu eta/edo arrazializatuekin.

Makro-egoitzen aurrean, etxebizitza komunitarioen eredua gaur egun zaintza-azpiegituren aukera hurbilago eta gizatiarrago gisa aurkeztu nahi da. Kudeaketa pribatuko etxebizitzak dira, Bizkaiko Foru Aldundiaren dagokion lizentzia dutenak, eta, teorian, autonomia maila jakin bat duten adineko pertsonentzako bizileku-irtenbide gisa funtzionatzen dutenak. Etxebizitza horietako bakoitzak 10-14 ohe inguru ditu, eta gehienez 4 langileko plantilla, erabiltzaileei arreta emateko (zaintza, laguntza, garbiketa pertsonala, elikadura eta medikazioa) eta mantentze-lanak egiteko (garbiketa, sukaldea, etab.).

Gaur salatzen dugun enpresaburua —Osakidetzako plantillako erizaina dena— Bizkaian 6 egoitza eta 9 etxebizitza komunitarioren administratzaile gisa ageri da. Pandemiatik hona, bere jabetzapean dauden etxebizitza komunitarioen kopurua modu esponentzial eta deigarrian hazi da. Azken bost urteetan zortzi zentro berri eskuratu ditu, eta azken urtean bakarrik 2 milioi eurotik gorako etekin garbiak pilatu dituela kalkulatzen da.

2024ko abendutik aurrera, LABen gero eta langile migratu edo/eta arrazializatu gehiago jaso ditugu bere etxebizitza komunitarioetan enplegatuta zirenak. Hitzarmenaren azpiko soldatak, ordu extrak, kotizaziorik eta kontraturik gabe… 2025eko abuztuan, ordea, kasu batek alarma guztiak piztu zizkigun, enpresaburu honen modus operandi gisa identifikatzen ari ginen elementu okerrenak gurutzatzen zituelako: langile migratu eta arrazializatu bat gerturatzen da, emakume honentzat hiru urtez lanean aritu ondoren, azkenean idatzizko kontratua (lanaldi erdikoa) lortzen duena baina Gizarte Segurantzaren kuota osoa bere gain hartzearen truke. Langilea, gainera, haurdunaldi aurreratuan zegoen (8 hilabete), eta enpresariak baja-eskubidea ukatzen zion.

Etxebizitza komunitarioetako langileen lan-baldintzak Bizkaiko Adinekoen Egoitzen Hitzarmen Kolektiboaren arabera arautzen dira. Hala ere, langile hauen kasuan, errealitateak nabarmen aldatzen dira jatorriaren, arrazaren eta egoera administratiboaren arabera.

Alde batetik, badira langile “zuriak”, sektore honetan aspaldidanik salatzen ari garen egoerak pairatzen dituzten arren, Gizarte Segurantzan kotizatzen dutenak, kontratu idatzia eta nomina dituztenak. Eta bestetik, badira langile migratu eta/edo arrazializatuak, bai baimenarekin, bai egoera administratibo irregularrean daudenak. Batzuk eta besteak kontuan hartuta, honako bereizketak ere identifikatu ditugu: 

1. Langile erregularizatuek kontratuak dituzte, benetan egindako ordu kopurua islatzen ez dutenak, baina baimenak berritu edo mantendu ahal izateko beharrezkoak dituztenak (eta patronalak hori badaki). 

2. Egoera irregularrean daudenak, berriz, ahoz kontratatzen dira 50 eurotan gaueko (22:00etatik 08:00etara), asteburuak eta jaiegunak kubritzeko. Kasu hauetan, gainera, ikusi da zentro batetik bestera “mugitzen” dituztela hutsuneak edo absentziak sortzen diren heinean, askotan txanda bat baino gehiago jarraian egitera behartuz, atsedenak eta bestelako eskubideak urratuz.

LABetik ia urtebete daramagu hainbat langilerekin batera lanean, Bizkaiko enpresaburu honen puzzlea osatzeko aukera eman digutenak: emakumeak esplotatzen dituen eta bereziki baldintza okerrenetan daudenenekin etekina ateratzen duen etxebizitza komunitarioen sare baten jabea. Esplotazio sare arrazista eta matxista da, baldintza desberdineko langileen sistema mailakatua egituratzen duena; langileen arteko harremanak galarazten dituena, eta xantaia eta mehatxua modu instrumental batean erabiltzen dituena.

Egoera honen aurrean, sindikatutik hainbat demanda judizial eta Lan Ikuskaritzaren aurreko salaketak jarri ditugu. Jarduera horien ondorioz, zentro batzuetan egoera lehengoratu da: Gizarte Segurantzako altak, kontratuen erregularizazioa, atsedenenari errespetua, soldatak… Lan Ikuskaritzari dagokionez, txostena oraindik amaitu gabe dago, baina jakin badakigu etxebizitza komunitario horietako hainbatetan aldi bereko ikuskapenak egin direla.

Ezin dugu kate hau erreproduzitzen jarraitzea onartu. Nahikoa da administrazioek beste aldera begiratzearekin. Bizkaiko Foru Aldundia da zentro horiei lizentziak ematen dizkiena, eta azken finean, bertako langileen baldintzen eta erabiltzaileek jasaten duten arreta-faltaren arduraduna. Erantzukizuna bere gain har dezala eskatzen dugu, jarraipena, kontrola eta zehapena eginez enpresaburu honen eta beste askoren jarduerari dagokionez.

Eusko Jaurlaritzak ere ardura bikoitza du egoera honetan.

Batetik, argi dagoena da: etxebizitza komunitarioetan gertatzen dela hau, negozioa bihurtzea ahalbidetzen duen hutsune legal bat dagoelako. Etxebizitza hauek Eusko Jaurlaritzaren 1998ko Dekretu batek arautzen ditu; dekretu ahul eta zaharkitua, hutsune askorekin, zigorgabetasun jakin bat ahalbidetzen duena eta egoera hauek ugaritzeko bidea irekitzen duena.

Bestetik, harreraren eta integrazioaren diskurtso bikoitzaren aterkian, nabarmena da lan-baimenen erregularizazioan bere gain har ditzakeen eskumenak gauzatzeko utzikeria eta benetako interes falta. Horixe da kide hauen babesgabetasunaren erroa, urraketa-egoera berezi honen iturburua, patronalak espekulatzeko, mehatxatzeko, xantaiatzeko eta etekina ateratzeko baliatzen duena.

Gaur salatzen dugun lan-esplotazio arrazista eta matxista ez da gertakari isolatua, baizik eta zaintzaren eredu pribatizatu eta merkantilizatu baten adierazpen gordinena; sektore honetan gehiengoa diren emakume langileen —eta bereziki emakume migratu edo/eta arrazializatuen— prekarizazio sistematikoan oinarritzen den eredua. Baldintzak okertzearen bidez hedatzen den eredua: soldata miserableak, lanaldi abusiboak eta lan-eskubideen urraketa. Guztiontzako baldintza duinak bermatzeko benetako interesik ez dagoen eredu batean baino ezin dena erreproduzitu.

LABetik ez dugu zalantzarik egoera honen azken erantzuleak erakunde publikoak direla, pribatizazio-politiken bidez emakume hauek hirugarren mailako langile bihurtzen dituztenak, enpresa pribatuei irabazi ekonomikoak pilatzen uzten dizkietan oinarrizko eskubideak zapaltzearen kontura, honen guztiaren aurrean ezer gertatu gabe. Horregatik, LABek urteak daramatza, mugimendu sozial eta politikoekin batera, zaintza-lanak esparru publikotik bermatu behar direla eta erakundeen kudeaketa zuzenean oinarritu behar direla aldarrikatzen. Gaur egun pribatizatuta dauden zerbitzuak publifikatzea eta pribatizazio berriei ateak ixtea exijitzen dugu.

Honengatik guztiagatik, salaketa hau beste bultzada bat da LABentzat martxoaren 17ko Greba Orokorrerako deialdian, gutxieneko soldata propio baten alde. Ez da kasualitatea zaintzako langile askok LGSra ez iristea. Horregatik, greba hau kide hauena ere bada: esplotazioari frenoa jartzeko, zaintza negozio bihurtzen dutenen segmentazio arrazista, matxista eta klasistarekin amaitzeko, eta sektore honentzat zein langile klase osoarentzat bizi- eta lan-baldintza duinak bermatzeko.

Azkenik, mezu berezia bidali nahi diegu egoera administratibo irregularrean etxebizitza hauetan lanean ari diren langile migratuei: kideok, zuekin gaude. Sindikatuarekin harremanetan jar zaitezkete modu konfidentzialean: bilbo@lab.eus. Salaketak zein administrazioekin lankidetzak zuen egoera erregularizatzeko bideak ireki ditzake. Isiltasuna haustea da lehen urratsa: ez zaudete bakarrik.

LABek Bizkaiko metalean eskubideak irabazteko plataforma aurkeztu du

LABek Bizkaiko metalaren hitzarmena negoziatzeko gure plataforma aurkeztu du. Hitzarmen horrek 59.000 langile baino gehiagori eragiten die eta Bizkaiko industriaren sektore garrantzitsuenetako baten gutxieneko baldintzak ezartzen ditu. LAB proposamen argi batekin aurkeztu da negoziazio honetara: soldatak hobetzea, lanaldia murriztea, lan-osasuna bermatzea, berdintasunean aurrera egitea eta prekarietatearekin amaitzea.

Hau guztia aurreko negoziazioetan eskubideak murrizteko saiakera egin duen patronalaren aurrean.
Plataformaren ardatz nagusien artean honako hauek daude:

  • KPItik gorako igoerak: tauletako soldatetan eta taulen gainetik dauden soldataretan, xurgapenik
    eta konpentsaziorik gabe, eta %100eko bajak lehen egunetik.
  • Lanaldi murriztua eta bateragarritasun handiagoa: urteko lanaldia murriztuta,
    malgutasunerako mugak eta lizentzien hobekuntzak.
  • Lan-osasuna lehentasun gisa: prebentzioa indartuz, langile zaharrenak bereziki babestuz eta
    prebentzioan genero-ikuspegia txertatuz.
  • Berdintasunean aurrerapenak: soldata-berdintasuna, jazarpenaren aurkako neurriak eta
    berdintasun-planak benetan betetzearekin.
  • Enplegu egonkorra: kontratazio finkoa bermatuz, behin-behinekotasuna eta ABLEen abusua
    mugatuz, subrogazioa eta erretiro partziala bermatuz.

Eskubideak dituen etorkizuna lortzea bilatzen dugu, erretiro aurreratua eta bidezko trantsizio ekosoziala jorratuz. LAB prest iristen da negoziaziora sektoreak eraikitako plataforma batekin, eta antolaketari eta borrokari esker 2019an eta 2022an hitzarmena defendatu izanaren esperientziarekin.

LABek argi dauka negoziazio honen indarra ez dela mahaian bakarrik egongo, lantokietan eta langileen inplikazioan baizik. Hitzarmen hau funtsezko tresna da baldintza txarrenak dituztenak babesteko eta eskubide-lurzoru komuna bermatzeko. Gaur aurkeztutako plataforma borrokarako tresna bat da. Orain negoziazioa hasi behar da, baina baita irabazteko antolatu ere.

Arabako Foru Aldundiak haurtzaroko eta emakumeentzako baliabideak narriatu ditu

LAB sindikatuak Gizarte Ongizaterako Foru Institutuaren (GOFE) erabakiek eragindako ziurgabetasuna, prekarizazioa eta aurreikuspen falta salatu ditu. Erabaki horiek Hazten eta Sortuleku baliabideei eragiten diete, funtsezkoak direnak haurtzaroarentzat eta egoera ahulean dauden seme-alabak dituzten emakumeentzat.

Lizitazio berri batek Hazten Babes Egoitza, 7 eta 14 urte bitarteko haurrentzako 7 plaza dituena, ordezkatuko du, eta horren ordez Abiatuz jarriko du martxan, 13 plazako emantzipazio-aurreko programa bat, adingabe askoren benetako beharrei erantzuten ez diena. Erabaki honek haurren egoitza-harrerako sarearen narriadura oso larria dakar; izan ere, jada saturatuta dauden beste egoitza batzuetara bideratzera behartzen du eta harrerako 6 plaza galtzea dakar.

Sortulekuri dagokionez, egoera ahulean dauden emakume eta haurrentzako baliabidea, GOFEren arabera desagertuko den proiektu bat da eta, horren ordez, Ondoan lizitatu du. Proiektu berri gisa aurkeztu dute, Euskal Autonomia Erkidegoan ezaugarri horiek dituen baliabide bakarrean esku hartzen duen lantalde espezializatua subrogatu gabe. GOFEk gezurra dio proiektu bat bestearen jarraipena ez dela adierazten duenean. Erabaki honek Arabako gizarte-zerbitzuen narriadura berri bat dakar, GOFEren asmoa proiektuarekin jarraitzea baita egungo hezitzaile lantaldea subrogatu gabe, zerbitzuaren kalitatea erabat kaltetuz. Gainera, erabaki hau euren lan-eskubideak defendatzeko prest dauden langileekin topo egin ondoren hartu dute.

Harrera-sarearen progresiboko narriadura salatzen dugu: plaza falta, informazio nahikorik gabeko premiazko bideratzeak, gainezka dauden egoitzak eta langileengan dagoen eragin emozional larria. 

Bi baliabideak behin-behinean lekuz aldatu dituzte, eta, berriki, espazio txikiago eta partekatu batera eraman dituzte, bide-orririk eta lan-bermerik gabe, esku-hartze, konfidentzialtasun eta segurtasun oinarrizko irizpideak urratuz. Beti Gizartean Fundazioak, entitate kudeatzaileak, Arabako Foru Aldundiaren erabakiak onartu eta aplikatzen ditu, erakunde arduragabe bati eusten lagunduz.

Carme baliabidearen aurrekaria gogorarazten dugu: orduan, mobilizazioak murrizketa bat atzera botatzea lortu zuen, presio sozialak funtzionatzen duela frogatuz.

Profesional konprometituak gara eta ez gara isilik geratuko. Pribatizatutako zaintza zerbitzuetako langile publikoak gara eta zerbitzuen publifikazioa exijitzen dugu. Bitartean, Gorka Urtaran Gizarte Politiketako Foru Diputatuari kalitatezko zerbitzu publikoak eta baliabide nahikoak eskatzen dizkiogu, baita azpikontratatutako zerbitzuetako langileen subrogazio-bermeak, gardentasuna erabakiak hartzerakoan eta harrera-sarea modu eraginkorrean zabaltzea ere.

Hiru lanuzte-egun eta ekintzak iragartzen ditugu, gaur bertan hasita, urtarrilaren 13an, eta hurrengo egunetan, urtarrilaren 20an eta 27an, jarraituz. Egoera hau salatzen jarraituko dugu gure lan-eskubideak eta zerbitzu egonkor, seguru eta duinak bermatu arte. 

Korrikarekin bat egitera eta lantokietan berau sustatzera dei egiten die LABek langileei

Erabateko inplikazioa izango du LABek Korrikan; besteak beste, herriz herri martxan jarritako Korrika batzordeetan, sail sindikalen kilometroen bidez eta hiriburuetako kilometro sindikaletan parte hartuz.

Ttipi-ttapa, badator 24. Korrika. AEK-ko eta LABeko ordezkariak bildu dira, aurten egingo den Korrika aurkezteko eta haren alde LABek hartuko dituen konpromisoez aritzeko.

Euskararen alde bi urtean behin egiten dugun hitzordu erraldoia bertan dugu eta AEK-k datorren Korrikaren nondik norakoen berri eman dio LABi. Sindikatuaren izenean, Arantxa Vazquez Batzorde Exekutiboko kideak eta Urko Aierbe Euskara idazkariak parte hartu dute bilkuran.

Duela lau hamarkada Korrikak lehenengo urratsak eman zituenetik edizioz edizio egin duen bezala, LABek bere atxikimendu eta laguntza osoa emango dio hurrengo Korrikari ere, bai aurreko antolaketan bai Korrika igaroko den unean; bai herriz herri antolatuz eta parte hartuz, bai Korrikaren berri enpresa eta lantokietara eramanez eta langileak Korrikan inplikatzera animatuz. Horrela, LABeko kideen inplikazioa erabatekoa izango da Korrikan, LABeko sail sindikalen bitartez herri askotan kilometroak hartuz eta gainontzeko sindikatu euskaltzaleekin batera egingo ditugun hiriburuetako kilometro intersindikaletan, besteak beste.

AEK-ko ordezkari eta Korrikako arduradunei Euskal Herri euskaldunarekin eta zehazki helduen euskalduntzearekin duen konpromisoa berretsi die LABek. Are, azkenaldian euskara eta euskaldunok pairatzen ari garen oldarraldiaren aurrean, euskararen berreskurapen eta normalizazio-prozesuak beharrezkoa duen pizkundea gainontzeko eragile euskaltzaleekin elkarlanean sustatzeko beharra eta LABen prestutasuna adierazi die sindikatuak.