2026-11-28
HomeEkintza SindikalaKorrikarekin bat egitera eta lantokietan berau sustatzera dei egiten die LABek langileei

Korrikarekin bat egitera eta lantokietan berau sustatzera dei egiten die LABek langileei

Erabateko inplikazioa izango du LABek Korrikan; besteak beste, herriz herri martxan jarritako Korrika batzordeetan, sail sindikalen kilometroen bidez eta hiriburuetako kilometro sindikaletan parte hartuz.

Ttipi-ttapa, badator 24. Korrika. AEK-ko eta LABeko ordezkariak bildu dira, aurten egingo den Korrika aurkezteko eta haren alde LABek hartuko dituen konpromisoez aritzeko.

Euskararen alde bi urtean behin egiten dugun hitzordu erraldoia bertan dugu eta AEK-k datorren Korrikaren nondik norakoen berri eman dio LABi. Sindikatuaren izenean, Arantxa Vazquez Batzorde Exekutiboko kideak eta Urko Aierbe Euskara idazkariak parte hartu dute bilkuran.

Duela lau hamarkada Korrikak lehenengo urratsak eman zituenetik edizioz edizio egin duen bezala, LABek bere atxikimendu eta laguntza osoa emango dio hurrengo Korrikari ere, bai aurreko antolaketan bai Korrika igaroko den unean; bai herriz herri antolatuz eta parte hartuz, bai Korrikaren berri enpresa eta lantokietara eramanez eta langileak Korrikan inplikatzera animatuz. Horrela, LABeko kideen inplikazioa erabatekoa izango da Korrikan, LABeko sail sindikalen bitartez herri askotan kilometroak hartuz eta gainontzeko sindikatu euskaltzaleekin batera egingo ditugun hiriburuetako kilometro intersindikaletan, besteak beste.

AEK-ko ordezkari eta Korrikako arduradunei Euskal Herri euskaldunarekin eta zehazki helduen euskalduntzearekin duen konpromisoa berretsi die LABek. Are, azkenaldian euskara eta euskaldunok pairatzen ari garen oldarraldiaren aurrean, euskararen berreskurapen eta normalizazio-prozesuak beharrezkoa duen pizkundea gainontzeko eragile euskaltzaleekin elkarlanean sustatzeko beharra eta LABen prestutasuna adierazi die sindikatuak. 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

00:01:56

Lanean indarkeria matxistaren aurkako konpromiso berriak aldarrikatzeko mobilizatu gara

Iruñean eta Gasteizen elkarretaratze bana egin dugu gaur, azaroak 25, Indarkeria Matxistaren Aurkako Eguna.

Babes zabala lortu dugu Arabako bi enpresa pribatu handienetako hauteskunde sindikaletan

LABen eskaintza sindikal eraldatzailea eta kontraboterekoa indartuta atera da.

Bat egiten dugu Emakumeen Mundu Martxak Bilboko erailketa matxistaren aurrean deitu dituen mobilizazioekin

Emakume* bat erail dute Bilbon, Euskal Herriko seigarrena urte hasieratik. Honen aurrean, mobilizazioak deitu ditu Emakumeen Mundu Martxak, eta LABetik kalera ateratzeko deia egiten...