2025-12-31
Blog Page 250

Kasu gehiago agertzeak baieztatzen du Osasunbidean esklusibotasunaren praxi txarra orokortuta dagoela eta Ustelkeriaren Aurkako Bulegoak berehala ekin behar diola

Otsailean salatu genuen Osasunbideko profesional batek esklusibotasun-osagarria (800-1.100 €) kobratu eta, hala ere, klinika pribatuetan lan egiten zuela. Gaur berriz prentsaurrekoa eman dugu Iruñeko egoitzan, salatzeko balitekeela egoera berean gutxienez hamar fakultatibo gehiago egotea. Kopuru handi horrek Osasunbideko egitura osoari eraginen lioke. Uste dugu kasu horietan interes gatazka dagoela arlo publikoaren eta ekimen pribatuaren artean, praktika txarrez lagundurik, eta dei egiten dugu osasungintza publikoaren alde eta langile guztiontzako baldintza duinen alde mobilizatzera.

Lehen iruzurraren berri izan ondoren, ohartarazi genuen bertze anitzen artean lehena izan zitekeela iruzurrezko praktika orokor eta normalizatu baten barnean, Nafarroako Sindikatu Medikoak ordezkatutako profesional mediko batzuek osasun publikoa ahultzen baitute. Gutxienez hamar kasu gehiago agertzeak hipotesi hori berresten du. Kasu horiek burutza eta espezialitate askori eragiten diete, baita Iruñea, Lizarra eta Tuterako eremuetan. Hau da, Osasunbidearen egitura osoari.

Alde horretatik, deigarria da nola praktika txar hau bereziki Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko Obstetrizia eta Ginekologia zerbitzuan gertatzen den. Hain zuzen ere, itxarote-zerrenda gehien duen zerbitzuetako bat da, bereziki delikatuak diren gaietan, hala nola emakumeen ginekologian eta bikoteen ugalkortasunean.

Atzemandako lehenbiziko kasuaren ondoren, eta gertaeren larritasuna ikusita, Nafarroako Gobernuari eskatu genion, luze gabe, ikuskapen orokor eta sakona egin zezala, kasu kopuru zehatza argitzeko eta, diru eta zerbitzu publikoaren kontura, praktika txarra den ala ez zehazteko, eta izan litezkeen erantzukizunak argitzeko. Hala ere, hilabete baino gehiago iragan ondoren, Nafarroako Gobernuak ez du bere ardura bete, eta ez du mediku batzuen praxi txar hau kontrolatu.

Nafarroako Gobernuak bere eginkizunak utzi dituenez, guk geuk atzeman eta berretsi behar izan ditugu kasu berri horiek. Kasu horiei buruzko informazioa Jardunbide Egokien eta Ustelkeriaren Aurkako Bulegoaren esku jarri dugu; izan ere, arlo publikoaren eta ekimen pribatuaren artean interes-gatazka dago, eta praktika txarrak daude. Hori izanen da, beraz, interes publikoa zaindu behar duen bulego honen lehen kasu handia.

Eskaturikoaren kontrako noranzkoan, hil honetan, Nafarroako Gobernuak akordioa egin du Sindikatu Medikokontserbadore eta erreakzionarioarekin, eta, horren ondorioz, Osasunbideko plantillaren zati bati bakarrik lagunduko dio diruz. Gainera, nahiz eta, oraingoz, esklusibotasuna egun dagoen bezala mantentzen den, akordioak geroagoko negoziazio-mahai bat jasotzen du, fakultatiboen esklusibotasuna kentzeko, ordainsari-galerarik gabe.

Gure iritziz, osasun publikoa bidegurutze batean dago. Alde batetik, urrats bakoitzean ahuldu nahi dutenak daude, gure osasuna eta osasun publikoa beren interes ekonomikoak asetzeko eta negozio pribatuak bultzatzeko daudela defendatzen dutenak, kontsulta pribatuetara zerbitzuak deribatuz eta azpikontratatuz: Clínica Estudio Médico Navarro, Clínica San Miguel, Médicis… Eta, bertzetik, gehiengo soziala dago, gure osasuna eta langileak zaintzea pentsatzen dugunak. Zerbitzu publikoak indartu behar dira, gure bizitzak jarri behar dira erdian.

Azken finean, gure mobilizazio sozialak, grebak eta borroka sindikalak taldean zaintzeko eta lorpenak lortzeko moduak dira. Beraz, Nafarroako langileei eta gehiengo sozialari dei egin diegu larunbat honetan, 17:30ean, Golemetik abiatuko den manifestazioan parte har dezaten, osasun publikoaren alde eta guztiontzako lan-baldintza duinetan.

Erretreten erreforma bozkatuko duten egunean Pariserako AHTa blokeatu dugu Hendaian

Erretreten erreformaren kontrako borrokak ez dauka etenik. Gaur, Parisen, erretreten erreformaren azken testua bozkatzera daude deituak senatari eta diputatuak eta Hendaiako tren geltokian blokeatu dugu, Pariserako AHTa geldituz, FSU eta Solidaires-eko kideekin batera. Ondoren, elkarretaratzea egingo dugu Baionako Azpi Prefekturan erreformari ezetz esan eta guztiontzat erretreta sistema duina eskatzeko.

Hendaian izan da Argitxu Dufau Ipar Euskal Herriko LABen bozeramailea eta adierazi du “gaur goizean tren bat blokatu dugu. Mobilizazioetatik ekintzetara pasatzen gara. Atzo pleita blokeatu genuen eta dinamika horretan segitzen dugu erretreten erreforma hori kendu arte. Gaur bozkaketa ezberdinak izango dira eta erakutsi nahi dugula determinatuta gaudela erretreta erreforma hori kendu arte”.

Urtarrilaren 10ean Macronen gobernuak erretreta erreforma berria iragarri zuenetik kalean erantzun diegu honen asmoei, greba, mobilizazioa eta blokatzeen bidez. Atzo bertan, Mugerreko pleita blokeatu genuen, Ipar Euskal Herriko garraio logistika zentrorik garrantzitsuena, eta milaka pertsonak hartu zuten parte Baionako manifestazioan.

LABen argi dugu zeintzuk diren erreforma honen helburuak, gehiago lan egin eta denbora luzeagoan, denbora motzagoan eta gutxiago kobratzeko. Erretreta hartzeko legezko adina 62 urtetik 64ra luzatzea aurreikusten da eta kotizazio urte kopurua 43 urtera igotzea hemendik 2027ra. Interes kapitalistei soilik eranzuten dien gobernu liberal baten hautu politikoa da.

Banaketa-sistea ez da arriskuan, soberakinezkoa da. Gainera, defizitarioa balitz ere dirua dagoen tokian hartu beharko genuke eta birbanatu. Horrela, enplegua, zaintza eta aberastasunaren banaketa aldarrikatzen dugu, Programa Sozioekonomikoan jasota dugun bezala.

Itzulitako dibidenduak izugarriak diren unean, enpresarien irabaziak zergapetu behar dira, soldatak eta mekanikoki koitizazioak emendatu behar dira, zerga-iruzurraren aurka borrokatu, emazte eta gizonen arteko soldata-berdintasuna ezarri…

Hauexek dira gure aldarrikapenak:

  • 37,5 urteko kotizazioa 60 urteko erretretatarako, eta gutxieneko pentsioa, SMIC bat minimoki.
  • Ikasketa urteak kontuan hartzea.
  • Patronalari eskainitako opari fiskalen amaiera.
  • Soldaten emendaketa.
  • Bertako negoziazio eremuak.

Argitxu Dufauri elkarrizketa egingo diote Hamaika TBn

12:30ean, Argitxu Dufau Ipar Euskal Herriko gure bozeramailea elkarrizketatuko dute Hamaika TBn, eta erretreten erreformaren eta honen aurka sortutako hainbat gako emango dizkigu:

ADEGIren jokabideak gatazkara daramatza Gipuzkoako metalgintzako langileak

Gaur 4. negoziaketa bilera izan dute, eta ADEGIk aurrera pauso esanguratsurik ekarri gabe jarraitzen du, LAB sindikatuaren esanetan: “Soldatetan ez du KPIa bermatu nahi, eta ordainsarien tauletan ezartzeko igoerei buruz egin duen proposamena honakoa izan da: 2023an %4,5; 2024an %3; 2025ean %2,5, eta 2026an %1,5, 2026an KPIra arteko ezberdintasuna berrikusiz. Soldata errealetan, berriz, %75eko gutxieneko bermea. Ez dago proposamenik aldi baterako ezintasunagatiko osagarrietan eta lanaldi murrizketaz hitz egin gabe jarraitzen du”.

Berdintasun arloan sexu jazarpenaren aurkako protokolo proposamena aurkeztu du patronalak. Bada, LABen ustez, protokoloa ezinbestekoa izan arren ez da nahikoa benetan sektorean aurrera pausoak eman nahi izanez gero: “Protokoloa jasotzea ezinbestekoa eta oso garrantzitsua da, baina honek bakarrik ez du sektorea irauliko. Diagnostiko bat egitea da benetan aldaketak ekarriko dituzten neurri efektiboak adosteko abiapuntua”.

LABek argi dauka bidea, borrokarik gabe ez da hitzarmen duinik egongo. Sindikatuak hasieratik azpimarratu du borrokaren beharra, eta hilabeteak daramatza lanean askotariko dinamika eta ekintzen bidez sektorea aktibatzeko. Ildo horretan, gaurko negoziaketa bileraren aurretik, LABek deituta, mahai intersindikala bildu da eta bertan borroka plangintza bat helarazi diete beste sindikatuei. Datorren astean berriro bilduko dira ekimenak zehazteko.

Mahaiko hurrengo bilera, aldiz, apirilaren 3an izango da.

Soldata, pentsio eta zerbitzu publiko duinak ezarri eta murrizketak lehengoratzeko eskaria egin du Eskubide Sozialen Kartak, 1.260 euroko gutxieneko pentsioa defendatu duelarik

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak bat egiten du Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak martxoaren 18rako deitzen duen mobilizazioarekin.

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua itxialdi-baraualdia burutzen ari da Bilbon 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eskatzeko eta Nafarroako eta EAEko gobernuei pentsioak kopuru horretaraino osagarritzea eskatzeko. Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak ekimen honi babesa adierazi nahi dio, eta parte hartzera dei egiten du, bereziki martxoaren 18an, 12:00etan Bilbon egingo den mobilizazioan.

2022ko azaroaren 19an Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak eta Eskubide Sozialen Kartak bat egin zitem Hego Euskal Herriko lau hiriburuetako kaleetan. Lan,pentsio eta zerbitzu publiko duinak. Ante el empobrecimiento reparto de la riqueza izan zen erabilitako leloa, eta egun aldarrikapen horretan berresten gara. Espainiako, EAEko eta Nafarroako gobernuak hartzen ari diren neurriak epe laburrekoak eta urriak dira, egiturazkoak diren eta sakontzen ari diren pobretze prozesuei aurre egin beharrean.

Hala ikusten ari gara Espainiako gobernuak aurkeztu duen pentsio erreformarekin. Oraindik proposamen zehatza ezagutu gabe Eskubide Sozialen Kartak uste du, hobekuntzaren bat proposatzen bada ere, guztiz eznahikoa dela pentsio duinak bermatzeko helburuari begira, eta, besteak beste, honako arrazoi hauek aipatu ditu: ez dira 2011 eta 2013ko pentsio erreformen eragin negatiboak atzera botatzen – hala nola erretiro adina atzeratzea – , pentsioak kalkulatzeko tartea aregehiago luzatzea proposatzen du, 25 urtetik 29 urtera, horrek dakartzan murrizketekin, erreformak ez du konponduko pentsioetan dagoen %28ko arrakala eta gutxieneko pentsioari dagokion planteaturiko igoerak gutiz ez nahikoak dira. Azken honengatik, hain zuzen ere, bat egiten dute Euskal Herriko Pentsiodunen mugimenduak 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eta EAE eta Nafarroako gobernuei berehala kopuru honetaraino osagarritzeko eskatzeko antolatu duten ekimenarekin. Era berean, pentsioetan murrizketa guztiak lehengoratu daitezen eskatzen dute.

Kartaren esanetan, guztiontzat bizi baldintza duinak bermatzeko beharrezkoak dira soldata, pentsio eta zerbitzu publiko duinak, eta horregatik eskatzen dituzte honako hauek: gutxienez 1.400 euroko soldata, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa orain eta 1.260 eurotara arte handitzea, soldata eta pentsioetan dagoen genero arrakalarekin amaitzeko neurri eraginkorrak, zaintza lanak aitortzeko eta banatzeko politikak zehaztea, prestazio sozial nahikoak bermatzea eta denok ongi bizitzeko ezinbestekoak diren zerbitzu publikoen indartzea eta hedatzea. Azkenik, azpimarra berezia jarri nahi dute Euskal Herrian lan eta bizi garen heinean, hemen erabakitzeko nahian, baita pentsio sistemari buruz ere.

Hala, dei egiten diete herritar guztiei larunbat honetako mobilizazioarekin bat egin dezaten: “Soldata, pentsio eta zerbitzu publiko duinak orain!”

Erretreten erreformaren aurkako borrokaren baitan Mugerreko pleita blokeatu dugu

Pleita gunean jardun dute langileek goizean goizetik ekintza aurrera eramaten gaurko greba egunean, LAB, FSU eta Solidaires sindikatuek deituta. 80 pertsona inguru bildu dira Ipar Euskal Herriko garraio logistika zentrorik garrantzitsuenean jarduera geldiarazteko, eta horren helburua ekonomian eragitea izan da. Hala, beste behin ere, Ipar Euskal Herriko langile jendeak Macronen gobernuak inposatutako neurriak arbuiatzen dituela irudikatu nahi izan dugu.

Blokeatze ekintzaz gain, 10:30ean manifestazioa abiatu da Baionako geltokitik. Jendetza bildu da gaur ere Lapurdiko hiriburuko karriketan. Parisek erretiro adina atzeratuko duen erreformaren asmoei eutsi bitartean, mobilizazioei eusteko asmoa agertu du LAB sindikatuak. Ildo horretan, datozen egunetarako ekintzak prestatzen jarraitzen dugu buru-belarri.

Foruzainek diru kopuru izugarria jasoko dute ordainsarietan

Foruzaingoari ematen zaizkio langile publiko guztiontzat izan beharko luketen eskubideak. Soldata-igoeraz eta soldataz gain, agente bakoitzak 21.500 euro jasoko ditu aurten, batez beste.

Gaur, martxoak 14, Mahai Orokorrak Foruzaingoaren Araudi berria onartu du. Araudi horrek Foruzaingoaren ordainsarietan diru kopuru izugarria aurreikusten du, baita neurri ugari ere, poliziarentzat bakarrik, eta hori diskriminazio onartezina da gainerako langile publikoentzat.

Ordainsarien igoerak urtean 5 milioi euroko igoera aurreikusten du. 5 milioi horiek 1.160 agenteren artean banatuta, batez beste, 300 eurotik gorako soldata-igoera ematen du hilabetean. Baina kopuru hori ez da berdina guztientzat. Foruzaingoko zenbait goi-karguduni hilean 1.200 euro baino gehiago igoko zaie soldata. Gainera, igoera horrek azken 5 urteetako atzeraeragina izango du; beraz, laster 25 milioi banatuko dira agente horien guztien artean, hau da, batez beste 21.500 euro agente bakoitzeko. Berriz ere, banaketa ez da berdina guztientzat, izan ere polizia batzuek (maila altuenekoek) 84.000 euro poltsikoratuko baitituzte.

Baina araudi berria ez da soldata-igoera horiei buruzkoa bakarrik. Gainerako langileentzako diskriminazio onartezina dakarten neurri batzuk ere aurreikusten dira bertan. LABek uko egin dio kolektibo jakin batentzat neurriak hartzeari, eta edozein aldaketa Nafarroako Gobernuko langile guztiei zabaltzea exijitu du.

Esate baterako, Foruzaingoarentzat larunbat arratsaldeak (abenduaren 24a eta 31, eta urtarrilaren 5a ere bai) jaieguntzat hartuko dira, ordainsariei dagokienez; hori bera ukatu egiten zaie gainerako langileei. Egin beharreko aparteko orduak ere gainerakoei baino gehiago ordainduko zaizkie; ordu horien konpentsazioa, berriz, kolektibo horrentzat bakarrik, % 80ra igoko da B mailakoentzat eta ia % 74ra C mailakoentzat. Onartezina da, ordainsari orokor bat izanda, beste bat askoz handiagoa jasotzea kolektibo horrek bakarrik. Horrekin batera, proba fisikoak gainditzeagatik urtean 3.500 eta 5.000 € artean ordaintzeko aukera zabaldu da, nahiz eta ez duten proba horiek derrigorrez egin beharrik izango.

Foru Dekretu honekin bide arriskutsua ireki da, gainerako langileekiko diskriminaziozko baldintzak zehazten baitira, lan-baldintzei eta ordainsariei dagokienez, eta hori da, hain zuzen ere, urte askotan Mahai Orokorrean saihestu nahi izan dena; ez du ezer positiborik ekarriko, zerbitzu publikoa hobetzeari dagokionez, baina alderdi negatiboak ekarriko ditu, gainerako langileek eta herritarrek kolektibo horri izango dioten begiramenari dagokionez.

Berdintasun Plana

Bestalde, onartu da Foru Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako I. Plana. LAB pozik agertu da emaitzarekin, izan ere, gure sindikatua hainbat urtez lanean aritu ondoren onartu da Plana, eta gure ekarpenak txertatu dira testuan. Plan honen helburua da, alde batetik, Administrazioan bizi dugun desberdintasun-egoeraren diagnostikoa egitea, eta, bestetik, errealitate horri buelta emateko behar diren neurriak ezartzea. Orain, testua behin betiko onartzeko gobernu-bileratik pasatu behar da. LABek xehe aztertuko du dokumentua laster, eta langileen eskura jarriko du.

Itxialdia egiten diharduten pentsiodunen borroka babestu dugu eta astebururako iragarritako mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatu diegu herritarrei

Euskal Herriko Pentsiodunen mugimendua itxialdia eta baraualdia egiten ari da aste honetan zehar Bilbon. Bada, gaur LAB sindikatuko ordezkaritza izan dute bisitan, Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorra buru, eta asanbladan hitz egin, galderak plazaratu eta ikuspuntuak partekatzeko aukera izan dute. Sindikatuak babesa eta elkartasuna adierazi nahi izan die pentsio duinen aldeko borroka nekaezinean dihardutenei.

Atzo hasi (martxoak 13) eta hilaren 18ra arte luzatuko da Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak deitutako itxialdia, Bilboko Fernandez del Campo kaleko 24. zenbakian egiten ari direna. Bost urte baino gehiago daramatzate 14 ordainsaritan banatutako 1.080 euroko gutxieneko pensioaren aldeko borrokan, eta oraingo ekimenarekin beren aldarrikapenak indartu nahi dituzte.

Bada, Garbiñe Aranburuk eredugarritzat jo du pentsiodunak aurrera eramaten ari diren borroka, eta aberasgarritzat jo du gaurko elkartrukea: “Tarte bat izan dugu beraiekin gure inpresioak partekatzeko frantziar estatuko erreformaren inguruan eta irekia dagoen borroka zikloaren inguruan nahiz espainiar estatuan egin asmo duten erreforma berriari eta etorriko diren murrizketei buruz”. Ildo horretan, nabarmendu du azken erreforma horrek ez duela bermatzen 1.080 euroko pentsioa, eta batez ere emakumeak direla kaltetuenak beste behin ere.

Horregatik guztiagatik, mobilizazioen beharra eta garrantzia azpimarratu ditu Aranburuk, eta adierazi du Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak larunbatean deitutako manifestazioekin bat egiten duela LABek. Beraz, herritar oro gonbidatu du 12:00etan Plaza Eliptikotik abiatuko den hitzorduan parte hartzera.

Gizarte Ekimeneko sindikatuok Lan Hitzarmenaren negoziazio mahaia agortua dagoela salatzen dugu

LAB, ELA, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatuok Gizarte Ekimeneko Ikastetxetako Lan Hitzarmenaren negoziazio mahaia agortua dagoela salatzen dugu. Patronalek edukiak izango dituen proposamen bat egin ezean, mobilizazioei ekitea beste biderik ez dugu izango, eta sektoreko langileak mobilizazio dinamika honetan parte hartzera deitzen ditugu.

Gizarte Ekimeneko Lan hitzarmen berriaren negoziaketa prozesuan, 13 negoziazio bilera gauzatu ditugu jadanik. 2022Ko maiatzean hasitako negoziaketetan, sindikatu guztiok ildo berdintsutik doazen eskaerak jarri ditugu mahai gainean. Patronalek, ordea, ez dute inolako negoziaketarako borondaterik erakutsi. Are gehiago, jadanik aurreko Lan hitzarmenean lortutako eduki batzuen inguruan atzerapausoak planteatu dizkigute. Besteak beste, tutoretza plusa erregulatzen duen artikuluaren erredakzio aldaketa, Haur Hezkuntzako Lehen zikloko eta Lanbide Heziketako langileek plusa jasotzeko eskubidea gal dezaten, Lanbide Heziketan asteko derrigorrezko 26 eskola-orduren ezarpena, Aste santu eta Gabonetan gozatu ez diren oporrak berreskuratzeko eskubidea kentzea, edo Hitzarmenean jasotako soldata zein lan-baldintzen betetzea finantzaketa publikora lotzea.

Azken negoziaketa-mahaia otsailaren 2an izan zen. Bilera hura hurrengo mahai baterako datarik gabe amaitu zen. Izan ere, Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalek oso argi adierazi ziguten ez zutela edukien inguruko proposamenik egingo. Horretarako, aldez aurretik entzundako argudio berdinak jarri dituzte aitzakia gisa. Ziurgabetasun eszenatoki bat eta ikastetxeen bideragarritasuna bermatzeko beharra, beraien finantziazioa inoiz baino handiena izango denean zaharrak berri!

Haatik, Eusko Jaurlaritzarengana eskutik joateko planteamendua egin ziguten. Sindikatuok oso presente daukagu Eusko Jaurlaritzak baduela zeresanik, baina argi dago, une honetan mahaian egindako planteamenduak lan hitzarmenaren negoziaketa luzatzeko, beraien ardura lausotzeko eta mobilizazioa ekiditeko patronalen estrategia bati erantzuten diola.

Hortaz, argi dugu Kristau Eskola eta AICE-IZEAren inmobilismoa, erantzukizun falta eta erasoen aurrean langileok ez garela geldirik geratuko. Tamalez, patronalek negoziazio kolektiboari zilegitasuna kendu nahi eta gatazka berriro sortzeko hautua egin dute, langileoi mobilizazioen bidea besterik ez utziz.

Hau horrela, ohar honen bitartez, Gizarte Ekimeneko sindikatuok:
• Mahai negoziatzailea blokeatuta dagoela partekatzen eta salatzen dugu;
• Lan Hitzarmenaren negoziaketarako aldarrikapen nagusiak zerrendatzen ditugu;
• Zentzuzko negoziazioa ahalbideratuko lukeen edukizko planteamendua mahai gainean jartzeko deia egiten diegu patronalei
• Eta, azkenik, patronalen aldetik edukiak izango dituen proposamen bat egin ezean mobilizazioei ekitea beste biderik ez dugula izango adierazi nahi dugu.

Lan-zama areagotzen ez duen formakuntza adostua eta ikastetxeko autonomiaren araberakoa eskatzen diogu EAEko Hezkuntza Sailari

Mobilizazio dinamika abiatu dugu gaur “Lan Zama gehiagorik ez, formakuntza adostua bai! Curri-digi: pertson@k helburu?” lelopean, EAEko Hezkuntza Publikoko irakasleei curri-digi izeneko formakuntzak sortutako noraeza, lan zama handitzea, eta ordutegiz gaindi lan egitea salatzeko. Araban hasi dira prestakuntza era adostuan antolatzeko eskatzeko egingo dituen mobilizazioak.

Goizean, Gasteizko Europa Jauregian Berrikuntza Arduradunek ikastaro bat jaso dutela-eta, protesta haraino eraman du LABek irakasle figura hauen funtzioak langileen ordezkariekin negoziatu behar direla eskatzeko. Egunean zehar, gainera, Arabako zenbait ikastetxetan eskaera berdina egin dute irakasleek: besteak beste, Gasteizeko Aita Orbison, Odon Apraizen, Mariturrin, Salburua eta Errekabarrin; Abendañoko ikastolan, Murgiako Oroko Andra Mari ikastetxean eta Maeztuko herri ikastetxean.

2022ko maiatzaren 26an beste sindikatu batzuekin batera LABek lortutako akordioari esker, Berrikuntzarako arduradunak ditugu egun eskola publikoetan. Irakasle hauen lana zentro bakoitzaren garapen metodologikoan bidelagun izatea beharko lukeen arren, bestelako eginkizunetan jarri ditu Hezkuntza Sailak; ikastetxe bakoitzaren beharrei kasu egin gabe eta baliabideak Europako funtsen exigentzia arrotzetara bideratuz.

LABen borroka beti izan da ikastetxeen autonomian sakontzeko tresnak eskuratzea eta horren baitan, ikastetxe bakoitzak beharrezko dituen formakuntzak identifikatu eta planifikatzea, Sailaren eginkizuna izanik horretarako baliabideak ahalbidetzea.

Horregatik, Hezkuntza Sailari eskatzen diogu formakuntzarako proposamen oro langileekin adostua eta aurrez planifikatua izan behar duela. Sekula ere lan zama handituz, lan-ordutegiaren barruan eta digitalizazioari dagokionez, 60 urtetik gorakoentzako salbuespenak eginez.

Gure ustez, euskararen normalkuntzarako, pedagogia feministarako, inklusiorako eta berrikuntza metodologikorako baliabideak dira lehentasuna Euskal Eskola Publiko Komunitariorako bidean.

Honengatik guztiagatik, gaurko mobilizazioaz gain, elkarretaratzeak deitu ditugu ostegunean  Bizkaiko eskola publikoetan eta hilaren 21ean Gipuzkoan.