2025-12-17
Blog Page 24

LABek Gipuzkoako helduen egoitzetan ELAk deituriko greba deialdiari atxikimendua adierazi nahi dio

LABek greba deialdia egin du irailaren 24, 25 eta 26rako Gipuzkoako helduen egoitzetan.

Langileek hainbatetan hala eskatuta, elkarlanerako deialdia egin diogu ELAri, baina ezezko borobila jaso dugu. Hala ere, LABek borrokarako edozein aukera probestuko du, eta langileek batera jotzeko aukera lehenetsi nahi du.

Izan ere, helduen egoitzetan langileak pairatzen duten egoera larria da:

  • 2008tik ez da sektore guztiarentzat aplikagarria den herrialdeko hitzarmenik sinatu, eta, ondorioz, langileak sektoreko eta herrialdeko hitzarmen batek ematen duen segurtasun eta babesik gabe daude.
  • 2006tik ez dira ratioak aldatu, eta horrek lan karga jasangaitzak ekarri ditu.
  • Jardunaldi partzialak dira nagusi, %60koak, langileak prekaritatean bizi behar izatera eramaten dituena.
  • Lan baldintza horien eraginez, itota, nekatuta eta ezinean daude langileak, eta ondorioz, haietako asko aldi baterako ezintasun egoeran daude. Baina denek ez dituzte bajak 100%ean eta mutuak laneko bajak direla ukatzen dute, nahiz eta lan baldintzen ondorioz izandako lesio eta gaixotasunak izan.

Egoera tamalgarria da Gipuzkoako adineko pertsonak zaintzen dituztenena, eta egoera hau diru publikoarekin sostengatzen da. Gipuzkoako Foru Aldundiak zerbitzu hau pribatizatzeko erabakiak ekarri ditu egoera hau, eta Foru Aldundia da ratioak hobetu ez dituena urte luze hauetan. Muzin egiten die egoera hobetzeko LABek egin dituen proposamenei eta deialdiei, eta zaintza lanetan ari diren langileak mespretxuz hartzen dituzte.

Bestalde, patronalek diru publikoarekin kudeatzen dituzten egoitzen egoera bere horretan mantendu nahi dute, mahai negoziatzailera proposamenik ekarri gabe eta negoziazioak blokeatuta mantenduz. Ez dute borondaterik lan baldintzak hobetzeko eta langileen ordezkariekin akordioak erdiesteko. Lehentasun eta helburu bakarra etekin ekonomikoak lortzea da, denon diru publikoa baliatuz eta langileak esplotatuz.

Langile gehienak emakumeak dira, zaintza lanak oraindik ere emakumeon bizkar gainean erortzen direlako, eta prekaritatea da nagusi, lan feminizatu guztietan bezala.

LABen apustua argia da: zaintzako langileak langile publikoak dira, zerbitzu publiko bat ematen ari dira, diru publikoarekin finantzatua, eta, beraz, zerbitzua publifikatu egin behar da. Hori da gure proposamena, helburua eta iparra: zaintzak erdigunean jartzea. Horregatik, langile publikoekin soldata ekiparatzeko eskatzen dugu hitzarmenaren negoziazio mahaian, eta, horrez gain, aldundiari eskatzen diogu helduen egoitzak publifikatzeko; bere gain hartzeko zerbitzu hau, lan baldintzak duinduz eta, era berean, zaintza duinduz.

Bide horretan aurkituko gaituzte: lantokietan, kaleetan, instituzioetan eta borrokarako aukera ematen duen edozein eremutan.

Euskal gehiengo sindikalak bat egin du Pentsiodunen Mugimenduak irailaren 20 eta 25erako deitutako mobilizazioekin, LGS pareko gutxieneko pentsioaren alde

LAB, ELA, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiruk galdegin diete EAJri eta PSEri ez dezatela eragotzi 144.000 herritarrek baino gehiagok sostengatu duten eskaria, eta salatu dute bi alderdi horiek txosten juridiko bat hartu dutela aitzakiatzat 90.000 pentsiodun pobrezian iraunarazteko. Garbiñe Aranburu Koordinatzaile Orokorrak hartu du parte gaur goizean egindako agerraldian.

Bost hilabetez Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak lanean jardun du babesa biltzeko Herri-Ekimen Legegilearen (HEL) baten alde. HELaren xedea, gutxieneko pentsioa EAEko gutxieneko soldatarekin parekatzea. Ekinbide honek sostengu zabala izan du; hala adierazten dute jasotako 144.000 sinadura baino gehiagok. Euskal gehiengo sindikalak prozesu honekin bat egin du, baita bere ekarpena egin ere.

Milaka sinadura horiek Legebiltzarrera iritsitakoan Eusko Jaurlaritzak HEL hari buruzko txosten tekniko ez-lotesle bat egin behar zuen, eta hau ekinbidearen kontrakoa izan da. Sindikatuok uste dugu txostena ez dela ez teknikoa, ez juridikoa; aldiz, kutsu politikoa duen dokumentu bat da, eta honek islatzen du Eusko Jaurlaritza osaten duten alderdiek ez daukatela inolako asmorik pentsiorik apalenak jasotzen dituen jendeari erantzun bat emateko.

Horrenbestez, EAJk eta PSEk Legebiltzarrean izan beharreko eztabaida galarazi nahi dute, ez baitute borondaterik ekinbidea tramitera onartzeko ere. Berez irailaren 25ean bozkatuko da Gasteizko parlamentuan izapideak hasi ala ez; horregatik, alderdi politikoei eskatzen diegu herritarren halako babes handia izan duen egitasmoaren alde bozka dezaten. Hau kontu demokratiko bat da. Legebiltzarrean ez onartzeak esan nahiko luke euskal jendarteari ukatu egiten zaiola behar duen babes sozialeko ereduaren inguruko eztabaida eta erabakia.

HEL hau tramitera onartu ezean langileria guztiaren kalterako izango da, baina batik bat emakume pentsiodunen kalterako, hauek jasotzen baitituzte zahar-saririk txikienak: Euretako askok, hilean ezta 700 euro ere. Pentsioetan emakume eta gizonen arteko arrakala % 40 ingurukoa da. EAJk eta PSEk txosten honekin agerian utzi dute zaintza-lana ez dutela aintzat hartu nahi: milaka emakumeren pentsioak oso kaskarrak dira ingurukoak zaintzen egin dituzten lanen ondorioz lan-merkatuan ezin izan dutelako aurrera egin.

HEL hau aurrera ateraz gero emakume eta gizon pentsiodunen arteko desberdintasuna leunduko litzateke, pentsiorik apalenak LGSarekin parekatuko bailirateke. Egun 90.000 pentsiodunen sarrerak -gehienak emakumeak- LGStik beherakoak dira. Haatik, kolektibo horretan Diru-Sarrerak Bermatzeko Errenta 15.000 lagunek besterik ez dute jasotzen. Beraz, argi dago DSBE ez dela tresna baliagarria pentsiodunek sarrera nahikoak izan ditzaten.

Hori dela eta, euskal gehiengo sindikalak bat egingo du Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak deitu dituen mobilizazioekin, hilaren 20an Bilbon, Donostian eta Gasteizen, eta 25ean Arabako hiriburuan, euskal alderdiei galdegiteko gutxieneko pentsioen osagarriaren alde bozka dezatela.

LABek salatu du EAEko anbulantzien pribatizazioak enpresa pribatuak baliabide publikoekin aberastea ahalbidetzen duela

Euskal Autonomia Erkidegoko anbulantziak pribatizatuta egotea gizarte osoaren arazoa da, ez bakarrik zerbitzuan eragiten digulako, baizik eta gainera, euskaldun guztiek jartzen dugun diru publikoa enpresa pribatuen esku geratzen delako ia inolako kontrolik gabe. Egunetik egunera beharrezkoagoa da zerbitzua publifikatzea.

Osasun garraio zerbitzua EAEan azpikontratatutako enpresa pribatuek eskaintzen dute, bai larrialdietan bai ez-urgenteko zerbitzuetan, eta horrek arazo ugari sortzen ari da. Azkena: diru publikoa erabiltzea ospitale pribatuetarako egiten diren zerbitzuak mantentzeko, baina zerbitzu horien irabaziak Eusko Jaurlaritzaren lizitazioarekin zerikusirik ez duen hirugarren enpresa batek jasotzen ditu.

Bizkaian, La Pau kooperatiba katalanak zerbitzua emateari utzi behar izan zionean, bi enpresak UTE bat sortu zuten, Eusko Jaurlaritzak esleitutako larrialdietako kontraturako: AMBULANCIAS BAZTAN BIDASOA SL eta SANIR MOVILIDAD SANITARIA SA (ALSA eta TRANSINSA enpresek sortua). Enpresa arteko nahas-mahas horretan zaila da egoeraren hariari jarraitzea, baina azkenean UTE BIZKANB izena hartu zuen.

UTE BIZKANBk, harrigarriki, Eusko Jaurlaritzak kontratua publikoki aurkeztu baino lehen hasi zuen zerbitzua, eta horrek berak ematen digu pistak prozesu horren gardentasunaz. UTE BIZKANBk, bere betebeharra zenez, La Pautik zetorren plantilla osoa subrogatu zuen. Plantilla horretan ez dira soilik gidariak, erizainak edo laguntzaileak, baita logistikan, bulegoetan, deiak jasotzen dituzten telefonista gisa edo zerbitzuak koordinatzen dituzten langileak ere.

Egunerokoan ikusten ez ditugun pertsona horien gain jausten da pribatizazioaren arazoaren zati handi bat.

Norbaitek galdetu al du inoiz noren esku dagoen ospitale pribatuetara doazen anbulantzia-zerbitzuen kudeaketa? Eta horri lotuta, nor jasotzen ditu zerbitzu horien truke ospitale pribatuek eta haien erabiltzaileek ordaintzen duten dirua? Ba, enpresa pribatu bateren mesederako zirkulu perfektua osatzen da: SANIR.

SANIR da gaur egun ospitale pribatu batzuek anbulantzia garraiorako kontratatuta duten enpresa. SANIRi ordaintzen diote zerbitzu horiengatik, baina SANIRrek ez dauka telefonistarik, ez logistikako langilerik, ez koordinatzaile propiorik. Eta nola egiten dute? Magiaz? Ez, baliabide publikoekin.

Eusko Jaurlaritzak UTE BIZKANBi diru kopuru bat ematen dio baliabide guztiak, baita plantilla osoa ordaintzeko ere. Plantilla horren lana sektore publikoko anbulantziak kudeatzera bideratu beharko litzateke, baina behartuta daude SANIRi ere zerbitzuak ematera. Negozio biribila: Eusko Jaurlaritzak ordaintzen du eta SANIRrek irabaziak eramaten ditu.

Galdera da: noiz arte? Noiz arte onartuko da enpresa pribatuek baliabide publikoak modu okerrean erabiltzea? Nori egiten dio mesede zerbitzu hau enpresa pribatuek kudeatzeak? Kontratua amaitzear dago, eta orain da unea Eusko Jaurlaritzak ulertzeko ez digutela lapurtuko zerbitzu publikoen kudeaketa zuzena eginez bakarrik. 

‘ETXEAREN KORAPILOA ASKATZEN. Etxebizitza-politika justurako gakoak’ liburua aurkeztu dute UEUk eta Ipar Hegoa Fundazioak

Unai Fernandez de Betoño Saenz de Lacuestak (Gasteiz, 1977) Etxearen korapiloa askatzen liburua idatzi du, UEU eta IPAR HEGOA Fundazioarekin elkarlanean. Bertan, etxearen arazoa askatzeko 30 gako politiko, ekonomiko eta sozial ematen dira.

Prentsaurrekoan Unai Fernandez de Betoño Saenz de Lacuestak, liburuaren egileak; Edurne Larrañaga Celadak, Ipar Hegoa Fundazioko azterketa arduradunak; Gidor Bilbao Telletxeak, UEUko Argitalpengintza arduradunak eta Iratxe Delgado Arribasek, LAB sindikatuko Ekintza Sozialeko kideak parte hartu dute.

Gidor Bilbao Telletxeak, UEUko argiralpengintza arduradunak liburuaren akademikotasuna eta justizia soziala lortzeko bidean kokatzen dela azpimarratu du.

Edurne Larrañaga Celadak, Ipar Hegoa Fundazioko azterketa arduradunak langileen bizitzan etxebizitzaren garestitzeak izugarrizko inpaktua duela aipatu du, eta liburu hau LAB sindikatuarentzat tresna bat dela. LAB sindikatuak etxebizitzaren gaian subketu aktibo izatea erabaki zuen eta hori ere beste arrazoi bat izan da liburu hau sustatzeko unean. 

Unai Fernandez de Betoño Saenz de Lacuestaren esanetan, etxebizitzaren arazoa erabaki politiko zehatzen ondorio da, eta, beraz, bestelako erabaki politikoek ere arazoari buelta eman diezaiokete. “Liburuan azaltzen ditut etxearen korapiloa askatzeko gako politiko, ekonomiko eta sozialak: hogeita hamar neurritan bildu ditudanak, ia aldi berean hartu beharko liratekeenak, baita modu iraunkorrean ere, hau da, denbora luzez mantenduz. Ez dira ezezagunak, baina gaur-gaurkoz, Hego Euskal Herrian gutxienez, ez dago borondate politiko handirik neurriok gauzatzeko eta etxebizitzaren arazoa benetan konpontzeko. Zergatik? Bada, etxearen korapiloa askatzeko merkatuaren logikatik aldendu beharra dagoelako, etxe merkeak eta iraunkorrak eskainiz, eta ez dago interes politiko handirik hori modu eraginkorrean egiteko, etxebizitzaren prezioa etengabe igo dadila bilatzen delako”.

Liburuaren egileak aipatu du Hego Euskal Herrian apenas bultzatu dela alokairu soziala: “EAEko Etxebideren zerrendan, hain zuzen ere, 85.000 eskatzaile daude gaur egun alokairu sozialeko etxebizitza bat aldarrikatuz, ezin dutelako alokairu libre bat ordaindu, baina eskaintza alokairu sozialeko 28.000 etxebizitzakoa da soilik”. Bere esanetan, Hegoaldeko alokairu sozialeko etxeen kopurua Danimarkako, Herbehereetako edo Austriako eskaintza baino bederatzi aldiz urriagoa da. Eta Europar Batasuneko batez bestekoa baino ia lau aldiz txikiagoa: “erronka nagusia alokairu sozialeko etxebizitza gehiago lehenbailehen lortzea litzateke”.

Irakurleek etxebizitzaren arazoaren jatorria aurkitzeaz gain, soluzio egingarriak ere topatuko dituztela azaldu du Fernandez de Betoñok. Era berean, Euskal Herriko begiradatik idatzita dagoela ere azpimarratu du: “Bidasoatik gorako gure gazteak bospasei urte lehenago emantzipatzen dira Bidasoatik beherakoak baino, besteak beste Ipar Euskal Herrian hiru aldiz alokairu sozial gehiago dagoelako Hego Euskal Herrian baino. Ildo berean, liburuak azaltzen du nola etxebizitzaren arazoa konpondu behar dugun bestelako arazoak sortu gabe, adibidez, urbanistikoak edota linguistikoak: arnasguneen edo udalerri euskaldunen berezitasunak ere kontuan eduki behar ditugu”. 

Eusko Jaurlaritza: bermatu beharrezko finantzaketa unibertsitate publikoari! Errektoretza taldea: irmo defendatu EHU!

Ikasturte berriaren hasiera ekitaldian unibertsitate publikoaren azpifinantzaketa berriro da gako nagusia. Ekitaldian hitz politak entzungo ditugu lehendakariaren ahotik, unibertsitate publikoak euskal gizarteari egiten dion ezinbesteko ekarpena goraipatuz baita munduko unibertsitate onenen artean mantentzeko eta postuak igotzeko erronkari aipua eginez ere. Hala ere, gaur ikusarazten dugun errealitatea bestelakoa da: azpifinantzatutako unibertsitate publikoarena. Izan ere, bikaintasuna gora eta behera, EHUn daukagun egoera endemikoari bikaintasunezko utzikeria interesatua deitu beharko genioke.

EHUko irakasle-ikertzaileon oinarrizko soldatak bigarren hezkuntzako irakasleen oinarrizko soldatak baino baxuagoak dira eta erosahalmenaren galera oso nabaria izan da. Datu bat emateagatik, 2008tik irakasle agregatu eta unibertsitate titularren soldatek %24,3ko galera izan dute. Horri gehitu behar zaio soldatak osatzeko 2006an sortutako osagarriak izoztuta mantentzen direla, urte horretatik hona KPIa %46,6 igota.

Horrez gain, prekaritate egoera lazgarriak mantentzen dira. Ordezko irakasleak arduraldi osoan kontratatu ahal izateko bidea topatu bada ere, arduraldi partzialean jarduten duten irakasleek 400 eta 800 arteko euro kobratzen jarraitzen dute, egiten dituzten ezinbesteko aktibitate batzuk aitortuak izan gabe. Ikuspegi ekonomikotik, behintzat, unibertsitateko irakasle-ikertzailea izateko egin beharreko fondo-lasterketak ez du erakargarria egiten lanbide hau, eta jakintza arlo batzuetan gero eta irakasle lanpostu berri gehiago hutsik geratzen ari dira. Horrek ondorio larriak izango ditu epe ertain eta luzean, unibertsitate publikoaren sail batzuetan irakasle nahikorik egongo ez baita.

Horri guztiari gehitu behar diogu 2024-25 ikasturte amaieran jasotako beste kolpea: sortzeko prest zeuden irakasle laguntzaile doktore plaza zein promozio plaza berriak bertan behera geratzea finantzaketa faltagatik.

Teknikariak eta Kudeaketako eta Administrazio eta Zerbitzuetako Langileen (TEKAZELen) kasuan azken 15 urteetan gauzatutako erosahalmenaren galera %18,2koa izan da, eta zerbitzu eta sail askotan langile gehiago behar da. Ordainsari-maila txikieneko lanpostuak berrikusi egin behar dira, eta bizitzaren benetako kostuarekin bat datozen soldata-baldintza duinak bermatu. Irakaskuntza, ikerketa eta gainerako aktibitateak era egokian garatzeko TEKAZELen lana ezinbestekoa da. Hala ere, Europako beste herrialde batzuetan irakasle-ikertzaile/TEKAZEL ratioa 2koa den bitartean, EHUn 2,76koa da.

Unibertsitate publikoak euskal jendartearen formazioa, ikerketa edota ezagutzaren transferentziaren beharrei erantzun ahal izateko ezinbestekoa da plantilla nahikoa izatea, lan-baldintza duinak izatea eta langileak zaintzea. Beharrezkoa da doktoregotesietarako kontratu kopurua handitzea, ikerketarako baliabide nahikoa bermatzea, behar diren instalazio berriak martxan jartzea, eraikinen mantentze-lanak egitea (zentro batzuetan ohitu gara urteroko itoginetara…), zerbitzu batzuen pribatizazioarekin bukatzea, baita sailak eta zerbitzuak ondo hornitzea ere.

Errektoretza taldeari EHUrako beharrezko finantzaketa lortzeko jarrera irmoa exijitzen diogu. EHUko zuzendaritzaren erantzukizuna da jendartearen zerbitzura dagoen unibertsitate publikoaren beharrei erantzuten dien finantziazioa kemenez defendatzea Eusko Jaurlaritzaren aurrean.

Eusko Jaurlaritzak bideratzen duen finantzaketak oso baxua izaten jarraitzen du. Izan ere, 2025erako Eusko Jaurlaritzak EHUri egindako ekarpena 2024ko Euskal Erkidego Autonomoaren Barne Produktu Gordinaren %0,42 izan da, Unibertsitate Sistema Lege Organikoak 2030erako markatzen duen BPGren %1etik oso urrun. Okerrena da Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzaren sailburuak medio batzuetan egindako adierazpenetan argi uzten duela ez dutela inolako asmorik kopuru horretara hurbiltzeko.

Horrez gain, bi hizkuntza ofizialetan aritzen diren unibertsitateek gain-finantzaketa lortzeko USLOk eskaintzen duen aukera ere ez du aipatzen. Europako Estatu askotan unibertsitate publikoen finantzaketak BPGren %1 gainditzen duen bitartean, EHU finantzatzeko ardura dutenak bere oraina eta etorkizuna kolokan jartzen ari dira kontzienteki.

Eusko Jaurlaritzak EHUren erabilera instrumentala ere egiten du; ez du errespetuz tratatzen. Honen adibidea, medikuntza plazekin gertatutakoa da: Eusko Jaurlaritzak EHUri medikuntza ikasteko plaza kopurua handitzeko eskatzen dion bitartean, EHUk dituen beste arazo eta behar batzuei entzungor egiten die.

Gainera, aldi berean, Eusko Jaurlaritzak alfonbra gorria jartzen die unibertsitate pribatuei, hezkuntza unibertsitarioaren eredu elitista sustatuz. Guztion itsasontzi indartsua izan beharko litzatekeen EHU pixkanaka-pixkanaka hondoratzen ari dira, unibertsitate pribatuen flota gero eta anitzagoa eta indartsuagoa den bitartean, instituzioetatik erraztasun guztiak emanda eta diru publikoz era zuzenean zein zeharka finantzatuta.

Ikasturte berriaren ekitaldian beraien eredu pribatizatzaile eta neoliberalaren aurrean izango gaituzte, EHUrako finantziazio nahikoa exijitzeko eta euskal jendarteak behar duen unibertsitate publikoa defendatzeko.

Unibertsitate publikoaren defentsan,
Eusko Jaurlaritza: bermatu beharrezko finantzaketa!
Errektoretza taldea: irmo defendatu EHUk behar duen finantziazioa!

LAB – STEILAS – ELA – LSB-USO – CGT-LKN

Etxebizitzaren negozioa eteteko eskatu du LABek Eusko Legebiltzarrean

EAJk eta PSEk aurkezturiko proposamenak etxebizitzen prezioak igotzea eta sarbidea zailtzea eragingo dituela ohartarazi du LABek, eta prezioen etengabeko igoerari galga jartzeko eta horiek jaisteko neurriak aldarrikatu ditu; hala nola, parke publikoa handitzea, alokairu soziala sustatzea eta EAE osoa tentsiopeko eremu izendatzea.

Uda atarian iragarri zituzten EAJk eta PSEk etxebizitzaren arazoari aurre egiteko premiazko neurriak. LABek, neurriok aztertuta, balorazio kritikoa egin zuen, eta baita hainbat proposamen zehaztu ere. Neurriok orain arteko politika okerretan sakontzea zutela iritzita, sindikatuak mobilizazioa egin zuen Sabin Etxea aurrean. Gaur, Endika Perez Ekintza Sozialeko arduradunak Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Hiri Agenda Batzordean hitza hartu du, eta hiru mezu nagusi azpimarratu ditu. 

Batetik, diagnostikoaren oinarrian adostasuna egon daitekeela azaldu du Perezek, baina ez proposamenaren norabidean. Izan ere, etxebizitzaren eremuan egiturazko eta premiazko neurrien beharra ukaezina dela uste du LABek. Langileok pobretzeko funtsezko arrazoi bilakatu da etxebizitza eta, hori horrela, bizi dugun larrialdi egoerari eraikuntza ziklo berri batekin erantzun nahi zaiola salatu du Perezek, hartutako norabidearekin, arazoa are gehiago okertuz: “EAJk eta PSEk nahiago izan dute merkatu pribatua elikatzeko politikak eta eraikuntza enpresei begirako neurriak proposatu, errotik arazoari erantzun baino. Prezioak jaisteko berehalako neurriak behar dira, baita parke publikoa handitzekoak ere, baina parkea ezin da soilik etxe berriekin osatu. Dagoena mobilizatzeko neurriak behar-beharrezkoak dira”.

Eskaintza faltaren iruzurra ere salatu du Ekintza Sozialeko arduradunak. “Azken hamarkadetako hainbat unetan ikusi dugu etxe gehiago eraikitzeak ez duela prezioak jaistea eragiten. Gero eta gehiago dira etxebizitzarekin negozioa egiteko funts putreek, higiezinen patronalek eta errentistek erabiltzen dituzten formulak; ez da onargarria.”

Beraz, orain arte egindako politika publikoen ondorio zuzenak pairatzen ari garela adierazi du LABeko kideak, eta, zoritxarrez, EAJk eta PSEk langileen aurkako neurriotan sakondu nahi dutela. “Hemen eskupekoak jaso eta diru laguntzetatik bizi direnak banketxeak, eraikuntza enpresak eta higiezinen patronala dira, eta horri amaiera eman behar zaio. Etxebizitzen funtzio soziala lehenetsi behar da, eta harekin negozioa egiteko aukera mugatu. Horretan egin behar da ahalegina eta hartu behar dira premiazko neurriak”. Ustez gazteak emantzipatzeko martxan jarritako abalen lerroa jarri du adibidetzat, eta gogoratu du lerro horri alegazioak aurkeztu dizkiola LABek, 2015eko Etxebizitza Legea urratzen duela iritzita. “Legeak jasotzen du diru publikoak alokairu sozialerako edota etxeak birgaitzeko izan behar duela, eta, orain, Gazteria Sailak 40 milioi bideratuko ditu, Finantza Institutuaren eskutik, erosketa sustatzera”. Horren ondorioa izango da, Perezen arabera, dagoeneko etxea erosteko aukera dutenei erraztu egingo zaiela horretarako aukera, eta, aldiz, premia handiagoa dutenek babesgabe jarraituko dutela. 

Hirugarrenik, Perezek azpimarra egin du LABek egindako proposamenetan. Etxebizitza larrialdiari eta langile sektoreek bizi duten prekarizazio eta pobretze prozesuari aurre egiteko, prezioen etengabeko igoerari galga jartzeko eta horiek jaisteko neurriak behar direla aldarrikatu du. Horretarako, EAE osoa tentsio gune izendatzeko eskatzen du LABek, baita prezioen indizea berehala publikatzea ere. “Ez du arazoa konponduko, baina tresna gehiago emango dizkigu”, adierazi du Perezek. Era berean, Etxebiden 

100.000 pertsona izena emanda egoteak eta %85ek alokairu soziala galdegiteak nahikoa arrazoi behar luke Etxebizitza Legeak jasotzen duena betetzeko, salatu duenez. 

Etxebizitza eskubidea bermatzeko eta sarbidea ahalbidetzeko, merkatu pribatuan alokairua ordaintzetik alokairu soziala eskaintzera igaro behar du administrazioak, Perezek aldarrikatu duenez, eta, horretarako, etxejabeei, banketxeei eta errentistei onura fiskalak eman beharrean, presio handiagoa egin behar zaie, etxebizitzak egon badaudelako. “Negozioa egiteko bahitutako etxeak modu duin eta iraunkorrean bizitzeko etxeak bihurtzeko neurriak behar ditugu”, aldarrikatu du. “Pertsonak dira erdigunean jarri behar direnak, maizterren eskubideak babestuz eta zabalduz, inor kale gorrian geratu ez dadin. Astero ezagutzen ditugu indarrez haien etxeak uztera behartzen dituzten langileen egoerak eta halako egoerak ezin dugu normalizatu eta onartu”. 

Amaitzeko, LABek etxebizitzaren arazoari aurre egiteko duen konpromisoa berretsi du Endika Perezek: “Bizi dugun gatazkan modu zuzenean esku hartzen ari da sindikatua, ekintza sindikalaren bidez, alokairuen prezioak jaisteko borroka eginez, turistifikazioaren ondorioei aurre eginez eta etxegabetzeen aurka.” Horrela, sindikatua etxebizitza problematikari aurre egiteko tresna izan dadin lanean jarraituko dutela esan du Perezek. 

SEPEren itxiera Eibarren: publikoa dena abandonatzearen erakusgarria

Azken hilabeteetan, Eibarko biztanleak, eskualdeko herri garrantzitsuena eta biztanle kopuru handiena duena izanik, gertaera kezkagarri baten lekuko izan dira: Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren (SEPE) itxiera Eibarren. Giza baliabide faltagatik itxi da enplegu-politikak kudeatzeaz, langabeziagatiko prestazioak eskaintzeaz eta lan-prestakuntza sustatzeaz arduratzen den erakundea. Egoera horrek, zalantza larriak sortzen ditu sistema publikoak herritarren eskubide sozialekin duen konpromisoari buruz.

Itxiera hau ez da kasu isolatu bat, azken urteetan garatzen doan tendentziaren parte baizik: publikoa dena interes pribatuen alde poliki-poliki ezabatzea. Eibarko SEPEak, bere itxieraren aurretik, gai zen langabezian zeuden milaka pertsonari babesa emateko. Orain, ordea, ez du zerbitzuak eskaintzeko gaitasunik, langile-kopuruari dagokion egiturazko hutsunearengatik. SEPEaren funtzioa lan-kalteberatasun egoeran dauden herritarron ongizatea bermatzea da, eta aipatutakoa gertatzea onartezina da.

Eibarren gertatzen ari dena ez da “doikuntza” administratibo hutsa. Arduragabekeria instituzionalaren islada da, eta tokiko, autonomia erkidegoko eta estatuko arduragabekeria honek, publikoa dena abandonaturik, herritarrak babesgabetasun egoeran utzi ditu. SEPEaren lana da langabeziagatiko prestazioa bezalako oinarrizko eskubideak bermatzea. Hori kontuan izanda, herritar guztiei arreta eskaintzeko behar adina giza baliabide eta baliabide material izan beharko lituzke, herritar hauek bizi diren zonaldea edozein dela ere. Eibar herriak nukleo industriala eta langabezia-tasa handia du, eta horregatik, zerbitzu hau horrelako herri batean ixteak argi erakusten du Administrazioa ez dela ari bere gain hartzen herritarrekiko erantzukizuna.

Gaur egun, enplegu-politika publikoak gero eta gehiago bideratzen dira zerbitzuak kanpora ateratzera eta enpresa pribatuekin lankidetzan aritzera. Testuinguru hori dugula eta, bereziki larria da SEPEaren itxiera. Estatuak, Euskal Autonomia Erkidegoak eta hau osatzen duten alderdi politikoek arlo publikoari bizkar ematen dioten bitartean, sektore pribatuko korporazio handiak kolektiboa eta soziala indartzeko diren baliabideez baliatzen dira. Pribatizazio prozesu horrek, lan-prekarietatea areagotzearekin batera, babesik gabe uzten ditu herritar ahulenak, besteak beste, enplegua eta gizarte segurantza bezalako oinarrizko eskubideak lortzeko Estatuko zerbitzuen menpe daudenak.

Erakunde publikoen desegitea, kontu ekonomikoa izateaz gain, kontu etikoa eta politikoa ere bada. Estatuaren presentzia murrizten bada, hala nola enplegua, hezkuntza edo osasuna bezalako funtsezko sektoreetan, interes pribatuek nahi dutena egiteko eskumena dute, eta, aldi berean, gizarte-ehuna eta gizartearen kohesioa ahultzen da. Eibarko SEPEa ixtea, beraz, ez da tokiko arazo bat soilik: Euskal Herrian eta Espainiako Estatu osoan hedatzen ari den joera pribatizatzaile baten sintoma da, eta ongizate-sistema modu kezkagarrian ahultzen ari da.

Testuinguru horretan, ezinbestekoa da administrazioei konpromiso erreal eta eraginkorra eskatzea arlo publikoa indartzeko. Erakundeek, aukera berdintasuna, enplegu duina lortzea eta babes soziala sustatzen dituzten politiken bidez, herritarren eskubideak bermatu behar dituzte. Beharrezkoa da Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Estatuak Eibarren SEPE ixteko erabakia lehengoratzea eta zerbitzu publikoei eraginkortasunez eta erantzukizunez funtzionatzeko behar dituzten baliabideak ematea.

Publikoa defendatzea eta berau indartzea da demokraziaren eta gizarte-ongizatearen etorkizuna. Ezin dugu onartu gure erakundeak eraistea gutxi batzuei bakarrik mesede egiteko asmoz. Gobernuaren lehentasunetan publikoak lehen tokia izateko unea da, eta behingoz alde batera uzteko guztiona izan beharko lukeena pribatizatzeko joera.

Maderas de Llodio enpresak 39 pertsona kaleratu nahi ditu

Maderas de Llodio-ko Enpresa Batzordearen Oharra

Maderas de Llodio, Garnica Taldearen parte dena, Enpresa Batzordetik jakinarazi nahi dugu gaur kontsulten lehen bilera ospatu dela. Bilera horretan enpresak 39 pertsona kaleratu nahi dituela dioen dokumentazioa aurkeztu du produktibitate eta antolaketa kausengatik, produkzioaren zati bat taldearen beste lantegi batzuetara eraman nahi dutelako.

Orain, Enpresak aurkeztutako dokumentazio guztia xehetasunez aztertu behar dugu. Bileran bertan, aurreko astean idatziz eskatzen genuen bezala, berriro exijitu diogu zuzendaritzari kaleratze kolektiboak edota bestelako neurriak hartzeko erabakia bertan behera uzteko.

Atzo ospatu zen langileen batzarrean, Batzordearen eta plantilla osoaren erabakia bateratua izan da: Maderas de Llodio-n ez dago inor soberan. Gure aldarrikapena argia da: ez dugu onartuko lanpostu bat ere suntsitzea ezta lan baldintzak prekarizatzea.

Enpresari adierazi diogu gure helburu bakarra hitzarmen kolektiboaren negoziazioa berreskuratzea dela, baina soilik kaleratze horiek bertan behera utzita, plantilla osoarentzako kalte larri bat suposatzen dutelako.

Horregatik, datorren astean bi greba-egun deitu ditugu: irailaren 16an eta 18an. Enpresak kaleratzeak ez baditu bertan behera uzten, mobilizazio eta greba gehiago egingo ditugu eta beharrezko neurri guztiak hartuko ditugu erabaki horri aurre egiteko.

Berriro errepikatzen dugu: Maderas de Llodio-n ez dago inor soberan. Guztiok elkartuta gaude borroka honetan eta irmo jarraituko dugu enpresak erabaki injustu eta kaltegarria mahaian ezabatzen duen arte.

KALERATZERIK EZ

Lan Ikuskaritzak babestu du LABen salaketa BSHn, baina gehiengo sindikalaren akordioak edozein aldaketa eragozten du

Lan Ikuskaritzak baieztatu du LABek BSHren enplegu-erregulazioko espedientearen harira egindako salaketa, eta ondorioztatu du itxiera neurrigabea eta arrazoirik gabekoa dela. Hala ere, enpresaren eta BSHko sindikatu nagusien arteko akordioak egoera aldatzea eragozten du.

Tamalez, baieztapen horrek ez du esan nahi EEE hori zalantzan jarriko denik. Bi arrazoi nagusirengatik gertatzen da hori: batetik, erakunde publikoek langileon eskubideak defendatzeko duten ezgaitasuna; eta bestetik, enpresaren eta BSHn gehiengoa duten sindikatuen (UGT, CCOO, ATISS eta Solidarik) arteko akordioak egoera aldatzeko edozein aukera baldintzatzen duelako.

Bigarren egoerak konponbide zaila bezain sinplea du, kontzertazio sindikalgintza ordezkatzen duten sindikatu horiek beraien gehiengoa galtzea. Zorionez, azken urteetan norabide horretan gaude Nafarroan.

Beste egoerak, erakunde publikoen ezgaitasunarena, modu berean, konponbidea zaila eta sinplea du ere, baina kasu honetan ez gaude inondik inora hori aldatzeko norabidean. Hilabete luzez, Nafarroako Industria Legea izanen den horretan, egoera hauek ekidin ahal izateko proposamenak egin ditugu. Besteak beste, objetiboki bere funtzioa betetzen ari ez den deslokalizazio legea edukiz betetzea edo erakunde publikoetatik estrategikoak diren proiektu industrialak zuzenean gestionatzera sartzea. Proposamen hauek, noski, ez dira kontutan hartzen azken zirriborroan.

Gure aldetik berdinean jarraituko dugu, kalean zein lantokietan langileon lan baldintzak eta lanpostuak defendatzen eta denontzako onuragarriak izango diren arauak aldarrikatuz eta borrokatuz, lege bat tarteko egon edo ez.