2026-06-20
Blog Page 24

LABek salatu du Tubos Reunidosek gatazka areagotu duela, azpikontratetan enplegu suntsiketa handiagoa eta lan iruzurra eraginez

LABetik salatu nahi dugu Tubos Reunidoseko zuzendaritzak beste urrats bat eman duela enplegua suntsitzeko eta lan-baldintzak okertzeko estrategian, azpikontratekin kontratuak eteten hasiz.

Gatazkaren hasieran ohartarazi genuen altzairutegia ixtea eta logistika kanpora ateratzea bezalako erabakiek enpresak aitortzen zuena baino askoz eragin handiagoa izango zutela. Gaur egun benetako ondorioak ikusten hasi gara: zuzeneko plantillatik harago enplegua suntsitzea.

Gaur-gaurkoz ez daukagu datu zehatzik zenbat azpikontratari eragiten ari zaien, ezta neurri horren norainokoa den ere, baina berehalako gardentasuna eta inplikatutako langile guztientzako bermeak eskatzen ditugu.

Egoera horri aste honetan bertan ezagutu den larritasun handiko gertaera bat gehitzen zaio: Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzak ondorioztatu du enplegu-erregulazioko espedientean sartutako 80 behin-behineko pertsonetatik 42 lege-iruzurrean zeudela, eta langile mugagabetzat hartu behar direla.

Horrek berresten du LABek hasieratik salatu duena: ez gaude borondatezko prozesu baten aurrean, baizik eta, neurri batean, lan-harreman irregularren gainean eraikitako enplegu-erregulazioko espediente baten aurrean.

Egoera hori zuzendu beharrean, enpresa presio onartezina egiten ari da pertsona horiengan, planteatutako irteerak onar ditzaten. Benetako borondatezkotasun-printzipioa urratzen duen eta erabakiak presiopean hartzera behartu nahi dituen praktika baten aurrean gaude.

Gertaera horiek erabat desmuntatzen dute enpresaren kontakizuna. Ez dago borondatezkotasunik. Kaleratzeak daude. Iruzurra dago. Eta presioa dago.

Horrek guztiak agerian uzten du Tubos Reunidosen buru dagoen zuzendaritza mota: kudeaketa negargarria, langileak mespretxatzen dituena, xantaia egiten duena, presioa egiten duena eta errealitatea manipulatzen duena aldez aurretik hartutako erabakiak justifikatzeko.

LABek berriz eskatzen du:

  • Enplegu-erregulazioko espedientea berehala kentzea
  • Altzairutegiaren itxiera geldiaraztea
  • Logistika kanpora ateratzeko prozesua bertan behera uztea
  • Benetako negoziazio-mahaia irekitzea

Era berean, erakundeei zuzenean interpelatzen diegu:

  • Noiz arte jarraituko dute zuzendaritza honen kontakizuna babesten?
  • Noiz arte onartuko dute langileei halako tratua ematea? 

Gogorarazten dugu oraindik ez dugula erantzunik jaso duela ia bi aste Industria Sailari, Enplegu Sailari eta Arabako Foru Aldundiari egindako bilera-eskaerei.

LABek enpleguaren eta etorkizun industrialaren defentsan duen konpromisoa berresten du, eta bide sindikal eta juridiko guztiak erabiltzen jarraituko du egoera honi aurre egiteko. 

Bigarren greba eguna Zubietako erraustegian

Gaur, martxoak 26 osteguna, erraustegiko langileek bigarren greba eguna eta manifestazioa burutu dute beraien lan baldintzak hobetu behar dituen enpresa hitzarmena aldarrikatzeko.

Aurretik jasotako grebaren ilegaltasunaren mehatxua gutxi balitz, aste honetako bileran “enpresaren egoera ekonomiko latzagatik” enpresaren itxieraren arriskuarekin mehatxu egin diete ere. Hau da Ekobal, Urbaser, EKONDAKIN eta enpresa guzti hauen ardura daukan Gipuzkoako Aldundiaren jarrera eta funtzionamendua. Honen ondorioz, batzarrean grebarekin jarraitzea erabaki zuten langileek.

Mehatxuak mehatxu, langileen lan baldintzen hobekuntzak arduratzen du langile batzordea eta arlo honetan ere, aste honetan izandako bileran, enpresa, langileen aldarrikapenetatik ez ezik, udan aurkeztutako proposamenetik ere urrundu da. Enpresak interesatzen zaion erreten-zerbitzua arautu nahi du soilik, gaur egun lanaldia 12 ordura arte luzatzera behartuta dauden langileen prestasuna ordaintzeari eta erraustegiko zaborrean murgilduta lan egiten duten langile prekarizatuenen lan baldintzak hobetzeari uko eginez.

Langile batzarrak ez du enpresari interesatzen zaion zerbitzua bakarrik arautu nahi, langile guztien lan baldintzak hobetu nahi ditu. Enpresaren mehatxuak eta atzera pausuak ez ditu onartuko, beraz, apirilean zehar grebarekin jarraitzeko erabakia hartu dute langileek batzarrean, jakin badakitelako borroka dela bide bakarra!

LAB sindikatua 29 udaletxeren aurrean mobilizatu da Udalhitzeko negoziazio mahaira edukiak ekar ditzaten exijitzeko

Aurrerapausorik ezean, apirilean lanuzteak egingo ditu udaletxe guztietan eta mobilizazio dinamika indartuko du

Martxoaren 13an egindako zazpigarren negoziazio mahaian berretsi zen Udalhitzeko negoziazioa blokeatuta dagoela, EUDELen lehendakaritza duen EAJk ez duela gehiengo sindikalak babesten dituen edukiak mahai gainean jartzeko borondaterik, eta ondorioz, azarotik ez dela aurrerapauso nahikorik egon.

Hori dela eta, LABek gaur mobilizazioak egin ditu Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako eskualde guztietan, 29 udaletxeren aurrean. Halaber, mobilizazioetan berretsi du apirilean lanuzteekin eta mobilizazio dinamikarekin aurrera egingo duela, edukietan aurrerapausorik ez badago.

Izan ere, LAB sindikatuak otsailaren 26an mobilizazio dinamikari hasiera eman zionean adierazi zuen EUDELek mahaian aurkeztuko dituen proposamenen eta alderdi politikoen negoziatzeko borondatearen arabera baloratuko zuela mobilizazioak areagotzea. Gaur-gaurkoz, ordea, LABen ustez negoziatzeko borondate gutxi dago eta bileraz bilera luzamenduetan ari dira.

Udalhitzeko negoziazioaren seigarren bileran, otsailaren 27an, EUDELek hainbat gairen inguruko proposamena aurkeztu zuen. LABen aburuz, proposamen horiek oso orokorrak dira, zehaztasunik eta epe konkreturik gabeak, eta zenbait kasutan onartezinak. Esaterako, udalek absentzien plan bat izatea, patronalek absentismoaren inguruan duten mezua bere eginez, eta plana ordezkari sindikalekin negoziatu gabea izatea. Negoziazioek aurrera egin ahala, ez da ia zehaztapenik egon, eta sindikatuok gaitzetsi dugun absentzien plana ez dute proposamenetik kendu.

Euskararen gaian, gainera, gehiengo sindikalak babestu duen EH Bilduren proposamena baztertu du EAJk, eta PSErekin adostutako proposamena inposatu nahi du. LABetik adierazi genuen euskararen auzia lehentasunen artean kokatzen dugula eta ezinbestekotzat jotzen dugula. Negoziazioan aurrera egiteko, LABek honako proposamenak egin zituen, baina EAJk ezezko borobila eman zien, parlamentuko eztabaida aitzakia gisa erabiliz:

• Enplegu publikoan lehen aldiz sartzeko, euskara eta gaztelania parekatzea, eta lanpostu guztiei hizkuntza eskakizuna eta derrigortasun data ezartzea.

• Gaur egun lanean ari diren langileen kasuan, tokian tokiko hizkuntza plangintzak egitea, lanpostu guztiek %100ean hizkuntza eskakizuna izan dezaten eta hori egiaztatzeko aukera bermatzeko. Plangintza horrek zehaztuko luke zein lanpostuk izango luketen salbuespena, derrigortasuna atzeratuz.

Negoziazioa hasi zenetik urte eta erdi igaro da, eta negoziazio mahaia 2025eko apirilean eratu zenetik ia urte bat igaro den arren, EAJren aldetik edukietan sakontzeko borondate gutxi dago. Gogoratu behar da 16 urte beteko direla Udalhitzeko lan-hitzarmena sinatu zenetik, eta ordutik ez dela berritu. 

Euskararen normalizaziorako neurriekin batera, hauek dira LABek Udalhitz berrirako zehaztutako lehentasunezko edukiak:

1- Negoziazio-marko propioa.

2- Pribatizazioak gelditzea eta publifikazioak sustatzea.

3- Enpleguari lotutako neurriak.

4- Gazteberritze planak.

5- Jardunaldiaren murrizketa.

6- Lanpostuen balorazioak egitea.

7- Soldata igoerak.

8- Klausula feministak.

9- Euskararen normalizaziorako neurriak.

10- Lan osasunerako neurriak.

11- Trantsizio ekosozialerako neurriak.

12- Kolektibo espezifikoetarako neurri zehatzak adostea.

Beraz, LABek gaur mobilizazioak egin ditu mahaia edukiz betetzea exijitzeko, eta iragarri du edukietan aurrerapausorik egon ezean apirileko lanuzteei eutsiko diela. 

Hezkuntza Sailak ez ditu behar diren urratsak ematen irakaskuntza publikoa euskalduntzeko

Korrika Euskal Herria zeharkatzen ari den honetan Hezkuntza Saila irakaskuntza publikoa benetan euskalduntzeko behar besteko urratsik ematen ez dela ari salatu nahi du LABek, eta ematen dituen gutxiak alde bakarrez egiten dituela, langileak kontuan hartu gabe.

Hainbat azterketak agerian utzi dute azken urteetan euskararen ezagutza eta erabilera geldialdian sartu direla. Zentzu horretan, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako administrazioak ez ditu nahikoa neurri jartzen joera hori aldatzeko. Izan ere, Hezkuntza Sailak hainbat arlotan oztopoak baino ez ditu jarri azken hilabete eta urteetan.

Azkenaldian ahoz aho dabil azken 40 urteotan ehunka irakasle euskaldundu eta euskal kulturan murgildu dituen IRALE programaren etorkizuna, eta horren aurrean honakoa adierazi nahi du LABek:

Azken hamarkadetan irakasleria euskaldundu eta alfabetatzeko IRALEk, beste proiektu batzuekin batera, egindako lanari esker, irauli egin da 1980ko eta 1990eko hamarkadetako egoera. Egun, ordea, euskararen erabilera, kalitatea, belaunaldi berrien euskalduntzea edota euskal kulturaren transmisioa egoera zailean aurkitzen dira. Testuinguru horretan, aurrera urrats ausart eta sendoak emateko abagunean gaude, eta, horretarak,o behar-beharrezkoa da irakasleen prestakuntzarako baliabideak gehitzea, euskalduntzean eta euskal kulturaren transmisioan aurrera urratsak eman ditzagun.

Datorren ikasturteari begira, Euskararen eta Hizkuntzen Ikaskuntzarako Institutua sortuko da. Dakigun bakarra da 17/2023 EAEko Hezkuntza Legeak zehazten duena: bere eginkizun nagusia hizkuntza-metodologiak lantzea eta irakasleak prestatzea izango dela. Modu horretan, institutuak bere gain hartuko ditu euskara zerbitzuaren eginkizunak. Legeak dioenaz harago, besterik ez dakigu, Hezkuntza Saila alde bakarrez ari baita beste behin ere. LABek uste du institutu horrek IRALE programak bere gain hartzen dituen helburuak hartu beharko dituela, behar eta garai berrietara egokituta eta hobetuta. Zentzu horretan, egungo lanpostu zerrendari eutsi behar zaio, gutxienez, baliabideak gehitzen ez badira.

Berrantolaketa hori, ordea, modu antolatuan eta gardenean egin behar dela adierazi nahi du LABek, eta ez saila egiten ari den bezala, alde bakarrez eta informaziorik eman gabe. LABen iritziz, berregituraketaren helburua irakasleak modu eraginkorrean euskaldundu eta euskal kulturan murgiltzen sakontzea izan behar du, eta, ondorioz, irakasleek euskararekiko atxikimendua handiagotuz ikasleengan eragitea; finean, formakuntzak eraginkorrak izatea bilatu behar dugu, irakasleek ikastaroen bidez jasotako ezagutzak ikastetxean eragina izan dezan.

Aldaketa hori gauzatu bitartean, datorren ikasturterako murgiltze-ikastaroak mantendu behar direla adierazi nahi du LABek, birmoldaketa nolakoa izango den jakin eta adostu gabe baliabideak galtzea ekar baitezake. Trantsizio egoera horretan, prestakuntzen planifikazioa eta ebaluazioa hobetu behar direla uste du LABek, horiek ikasleengan eragina izan dezaten bermatzeko modua baita.

Horrez gain, LABek Hezkuntza Sailari eskatzen dio Euskara eta Hizkuntzak Ikasteko Institutuaren baitan IRALEk izango duen berrantolaketa, planifikazioa eta baliabideak sindikatuokin partekatzeko, eta, ezinbestean, horrelako prozesu bat abiatu aurretik euskalduntzearen inguruko diagnostiko integrala osateko eta alde sozialarekin partekatzeko.

Bestetik, egoera horrek Bigarren Hezkuntzan eta, bereziki, Lanbide Heziketan eragiten duena salatu nahi du LABek. 2025-2026 ikasturteko lekualdatze-lehiaketan, 1. hizkuntz eskakizuneko (B2 mailakoak) lanpostuak ez eskaintzea ahalbidetzen zuen ebazpena argitaratu zuen Hezkuntza Sailak. Bestetik, ikasturte hasierako lanpostuen adjudikazio-prozesua arautzen duen aginduan, sailak ezarri zuen 2. HEko hizkuntza-profila duten langileek soilik 2. HEko lanpostuak eskatu eta eskuratu ditzaketela.

LABek salatzen du bigarren hizkuntza eskakizuna duten langileen diskriminazioa iraunarazten ari dela saila. Batetik, ikasketak euskaraz eta D ereduan egiteko aukera oso txikia da, eta, ondorioz, gaztelaniaz ikastera bultzatzen dituzte ikasleak; bestetik, lekualdatze lehiaketan lanpostu guztiak langile guztiei gardentasunez eta aukera berdintasunean eskaini beharrean, 1. hizkuntz eskakizuneko lanpostuak ez eskaintzea ahalbidetzen zuen ebazpena argitaratu zuen, gainerako langileekiko diskriminatzailea den neurri bati bide emanez.

LABek dituen datuen arabera, hizkuntza eskakizun eta derrigortasun datarik gabeko lanpostuak hurrengoak dira: Lanbide Heziketan 1. hizkuntza eskakizunarekin 1.305 lanpostu (2. hizkuntza eskakizuna dutenak 2.696 dira); eta Bigarren Hezkuntza eta irakaskuntza integratuetan, berriz, 1. hizkuntza eskakizunarekin 222 lanpostu (2. eskakizuna dutenak, berriz, 6.804 dira).

Hori dela eta, LABek aldarrikatzen du lanpostu guztiek 2. hizkuntz eskakizuna izatea, eta horrez gain, euskara planak garatzea ezinbestekoa dela langile publiko guztiak euskalduntzeko.

Hezkuntza Sailak arlo horretan aurrerapausurik eman nahi ez duela ikusita, ikastetxeetan lanpostuak 2. hizkuntz eskakizunean perfilatzeko kanpaina abian jarriko du LABek, ikastetxeetako zuzendaritzekin elkarlana sustatuz. Izan ere, zuzendaritzek eskumena dute lanpostuak perfilatzeko, eta beraien egitekoen barruan sartzen da ikastetxeak euskalduntzeko urratsak ematea.

Ereduei erreparatuz gero, euskalduntzen ez duten ereduen bitartez eskaintzen diren ziklo guztietatik %60 bakarrik da euskaraz Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan. Egoera hori larriagoa da Oinarrizko Lanbide Heziketan, D eredua anekdotikoa baita (matrikulen %18,5).

Hezkuntza Saila egiten ari den berrantolaketen ondorioz, D ereduko ikas plazak desagertzen ari direla salatu nahi du LABek. Horren adibide larriena Txurdinaga Behekoa BHIkoa da. Izan ere, 2027-2028 ikasturterako batxilergorako eskaintza bertan behera utzi beharko du ikastetxeak sailak alde bakarrez hartutako erabakiarengatik, bertako langile eta komunitatearen iritzia aintzat hartu gabe.

Hezkuntza Sailak hartutako erabakiak planifikazio faltari erantzuten dio, eta horrek hainbat ondorio dakartza; besteak beste, D ereduko batxilergo artistikoko eskaintze gutxitzea eta, ondorioz, dagoen eskaera ez betetzea.

Guzti hori gutxi ez, eta azken urteetan hainbatetan salatu du LABek irakasleek formakuntzak gazteleraz jaso dituztela. Azken adibidea Sestaoko ikastetxe batean izan da, baina aurrez ere izan dira kasuak Gipuzkoan, Lanbide Heziketan edota Hezkuntza Bereziko Espezialistetan.

Amaitzeko, murgiltze eredua hezkuntza osora zabaldu dezala eskatzen dio LABek Hezkuntza Sailari, eta hori aurrera eramateko baliabideak jar ditzala, soilik modu honetan lor daitekeelako benetako euskalduntzea.

LABek ekimena hartu zuen, eta sektoreko langileek Bizkaiko Arte Grafikoen hitzarmen berria lortu dute

Bizkaiko Arte Grafikoen sektoreko LABeko ordezkarien batzarrak negoziazio mahaian lortutako aurreakordioa babestu du, eta, horrela, argi berdea eman dio sektoreko hitzarmen berriari, hiru urteko negoziazio, mobilizazio eta borrokaren ondoren.

Hitzarmen hau ez litzateke posible izango sektoreko langileen konpromisorik gabe, ezta hamarkada bat baino gehiagoz enkistatuta egon den egoera desblokeatzeko LABek hartutako ekimenik gabe ere.

Aurreko hitzarmena berritu gabe zegoen 2011tik, ia 15 urtez. Denbora horretan guztian, sektoreak prekarizazio handia jasan du, enpresa gehienak akordio propiorik gabe eta lan-baldintzetan hobekuntzarik gabe egon direlarik. Egoera horren aurrean, 2023an LABek ekimena hartu zuen negoziazio mahaia aktibatzeko eta sektoreari hitzarmen duin bat itzuliko zion prozesu bat abiatzeko.

Urte gogorrak izan dira. Patronala negoziazioa baliatzen saiatu da eskubide kontsolidatuetan atzerapausoak sartzeko eta beheranzko hitzarmen bat inposatzeko. Ez du lortu. Sektorearen mobilizazioa funtsezkoa izan da murrizketa horiek eragozteko eta aurrerapausoak behartzeko. Prozesu horretan 19 greba-egun egin dira; horietatik 7 azken zikloari dagozkio, mobilizazio ugariz gain.

Testuinguru horretan, garrantzitsua da gogoratzea joan den martxoaren 17an greba orokorra egin zela, euskal gehiengo sindikalak deituta, 1.500 euroko gutxieneko soldata defendatzeko. Hitzarmen berri honek helburu hori jasotzen du, gutxieneko soldata hori bermatuz, eta hori aurrerapen esanguratsua da sektorearentzat.

Gaur esan dezakegu borrokak balio izan duela hitzarmena berreskuratzeko eta sektorearen lan-baldintzak hobetzeko.

Hitzarmen berriak aurrerapen garrantzitsuak jasotzen ditu:

  • Sektoreko hitzarmena berreskuratzea, hamarkada bat baino gehiago igaro ondoren
  • Patronalak ez du lortu eskubideak murriztea
  • Soldata-taulak %19,53 eguneratzea, 2026ko urtarrilaren 1etik aurrera
  • 2026ko KPIaren bermea 2027rako, patronalaren blokeo-puntu nagusietako bat
  • 1.500 euroko gutxieneko soldata bermatua
  • 12 orduko lanaldi-murrizketa; 2027an urteko lanaldia 1.694 ordukoa izango da
  • Ez-aplikatzeko klausula, adostutakoa betetzea indartzen duena
  • Berdintasun Batzordea, sexu-jazarpenaren aurkako protokoloa eta LGTBI kolektiborako neurriak

Akordio honek erakusten du, sektore txiki batean ere, langileak antolatu eta borrokatzen direnean, posible dela aurrera egitea eta lan-baldintzak hobetzea. 

LABetik balioa eman nahi diogu sektoreko langileek prozesu honetan zehar erakutsitako konpromisoari. Bereziki, gure ordezkarien eta afiliatuen lana, funtsezkoa izan baita antolaketa bultzatzeko, mobilizazioari eusteko eta hitzarmenaren aldeko borroka bizirik mantentzeko.

Une batzuetan, hitzarmena berriro blokeatuta geratzeko arriskua benetakoa izan da, halako garrantzia duen negoziazio bati aurre egiteko behar den ekimen eta konpromiso faltaren ondorioz. Baina ekimenak, borrokak eta sektorearen erabakitasunak hitzarmena berriro ahaztuta geratzea saihestu dute.

Gaur egun, Bizkaiko Arte Grafikoen sektoreak hitzarmena du.

Eta borroka kolektiboari esker lortu du.

DENON ARTEAN LORTU DUGU! GRAFIKAGINTZAKO HITZARMEN DUINA! 

Nafarroako Gurutze Gorriko langileek aurrerapausoak eskatzen dituzte 449 egun hitzarmenik gabe igaro ondoren

Nafarroako Gurutze Gorriko Batzordeak (LAB, CCOO, UGT) salatu du 449 egun igaro direla hitzarmen berririk sinatu gabe, aurrekoa 2024ko abenduaren 31n iraungi zenetik. Ordutik, negoziazio-prozesuak aurrerapen esanguratsurik izan ez dituela diote Batzordetik.

Sindikatuetako ordezkarien arabera, 2025eko hasieran negoziazio-mahaia osatu zenetik sindikatuek elkarrizketarako borondatea erakutsi dute, bilerak arintzeko beharra azpimarratuz. Hala ere, enpresak hileko bilera-dinamika bat mantendu duela kritikatu dute “argi eta garbi nahikoa ez dena”, eta horrek benetako aurrerapenak eragotzi dituela diote.

Negoziazio hauen testuinguruan, eta Nafarroako Gizarte Ekintza eta Esku-hartzearen Sektoreko II. Hitzarmen Kolektiboa sinatu ondoren, erakundeak hitzarmen sektorial horri osorik atxikitzeko proposamena egin die langileei. Adierazi dutenez, trantsizio hori Azken Xedapenetako Lehenengoan ezarritakoaren arabera egingo litzateke, soldata-masan oinarrituz.

Gaur egun, Nafarroako Gurutze Gorriko hitzarmen propioak sektoreko hitzarmena baino oinarrizko soldata handiagoa jasotzen du. Hala ere, azken horrek hainbat osagarri biltzen ditu, hala nola antzinatasuna edo KPIaren araberako igoerak, jasota ez daudenak orain arte indarrean egon den hitzarmenan.

Enpresak aurkeztutako proposamenak oinarrizko soldata murriztea ekarriko luke. Murrizketa hori konpentsatuko litzateke osagarri berri horiek sartuz eta “ad personam” osagarri bat sortuz erosahalmenaren galera saihesteko. Hala ere, plantillaren arabera neurri horrek “ez luke ekarriko benetako hobekuntzarik, orain arteko zenbateko bera jasotzen jarraituko baikenuke”.

“Argi daukagu, ez ditugu galdu nahi orain arte izan ditugun eskubideak”, adierazi dute Gurutze Gorriko langileek, eta azpimarratu dute negoziatzen jarraitu nahi dutela “ezein langileren eskubideak murriztu gabe”.

Alde horretatik, negoziazio-mahaian jarrera eraikitzaileago bat izatera deitu dute enpresa: “eseri, hitz egin eta langile guztien baldintzen hobekuntza bermatuko duen enpresa-itun baterantz aurrera egiteko prest egon dadila eskatzen dugu”. Era berean, 2025etik aurrerako atzeraeginak aplikatzeko beharra planteatu dute, eros-ahalmenaren edozein galera saihestuz.

“Ez dugu eskatzen gurea ez den ezer, ezta enpresa honek eman ezin dezakeen ezer ere”, amaitu dute, eta aldarrikapen garbi bat luzatu dute: “Hitzarmen duina nahi dugu eta nahi dugu orain”.

Lan istripuek ez dute etenik Euskal Herrian

Atzo ilunabarrean, Legutioko Olatek enpresan (Egoin taldekoa), zamatze lanetan ari zen 41 urteko garraiolaria istripu traumatiko baten ondorioz hil zen. Honekin, aurten jada 14 langile hil dira lan istripuz Euskal Herrian.

LAB sindikatuak ordezkaritza zabala du Olatek enpresan. Ditugun datuen arabera, garraiolaria bera ari zen zerrautsa deskargatzen, eta zama gainera erori zitzaion; zauri larriek heriotza eragin zioten.

Istripuaren izaera ikusita, argi dago oraindik ere zamatze prozeduren inguruko neurri prebentiboak ez direla lantoki gehienetan ezartzen, nahiz eta legeak 1997tik derrigorrezkotzat jo. Zamatze lanen prozedurek, azpikontratatutako garraiolariaren urrats guztiak arautzeaz gain, enpresako langileenak ere jasotzen dituzte. Esan gabe doa koordinazio horretan azpikontratatutako garraiolariaren segurtasun bermeak kontratatzailearen ardura direla. Berriro ere prebentzioak huts egin du, eta hildakoa langilea da, ez enpresaria.

Hala ere, enpresek inpunitate osoz jokatzen dute lan osasuneko araudia urratuz, badakitelako ez Osalanek, ez Ikuskaritzak, ez Lan Agintaritzak ez dituztela benetako neurri zigortzaileak hartuko. Politika horiekin inpunitatea betikotzen da. Iaz, Hego Euskal Herrian ia 100.000 istripu traumatiko izan ziren, eta hori horren adibide argia da.

Egoera honen aurrean, Olatek enpresako langileek 24 orduko lanuztea egingo dute gaur gauetik hasita, eta bihar, ostegunean, 11:00etan kontzentrazioa deitu dute lantokiaren atarian.

Beste garraiolari bat hilik Gasteizen

Atzo bertan, LAB sindikatuak jakin zuen BARCO MOTOR S.A. enpresako 58 urteko garraiolaria istripu ez traumatiko baten ondorioz hil zela. Istripua hilaren 19an gertatu zen, langilea bere kamioian zegoela; azkenik, atzo hil zen.

Hernanin zauritu larria

Astelehen arratsaldean, Hernaniko COMINTER enpresan, astebete eskas lanean zeraman Aldi Baterako Lan Enpresa (ABLE) bateko langileak istripu larria izan zuen. 200 kiloko objektu bat gainera erori zitzaion, eta harrapatuta geratu zen.

Azpikontratatutako langileak eta, bereziki, ABLEtakoak dira prebentzio neurri eskasenak pairatzen dituztenak. Gainera, istripuaren ondoren langilea ospitale batetik bestera eraman zuten anbulantzian (Poliklinikatik Mutuara, eta azkenik larrialdi zerbitzu publikoetara), ABLEko langilea izanik prozedura argi ez zutelako. Istripua izan zuenetik artatua izan zen arte denbora luzea igaro zen. 

UGT, CCOO eta patronala aliatu Nafarroarentzako gutxieneko soldata baten aurka

LABek eta ELAk martxoaren 17ko grebaren ostean asteazken honetan egitekoa zen beste bilera bat deitu zuten, baina UGTk, CCOOk eta CENek berriz ere uko egin diote bertaratzeari eta parte hartzeari.

LAB eta ELA sindikatuek Nafarroako Gobernuari eskatu diote UGTk, CCOOk eta CEN patronalak lan-merkatuan okerren dauden pertsonen lan-baldintzak hobetzeko jarritako betoa salatzeko, eta bazterketarik eta aurretiazko baldintzarik gabeko elkarrizketa eta negoziazioa aldarrikatzeko.

Martxoaren 17an milaka langile nafarrek greba egin zuten 1.500 euroko gutxieneko soldata propioa aldarrikatzeko. Errealitatea da Espainiako Estatuko LGSren 1.221 euroek ez dutela bermatzen Nafarroan pobreziatik ateratzea, ezta lanaldi osoan lan egiten duten pertsonen kasuan ere. Horregatik, Nafarroarentzat gutxieneko soldata propio bat ezartzeak pobreziaren igoerari aurre egiten lagunduko luke, lan-merkatuan okerren dauden pertsonei mesede eginez (pertsona migratuak, emakumeak*, desgaitasuna duten pertsonak, gazteak…), eta urrats garrantzitsua litzateke Nafarroako autogobernuan aurrera egiteko.

Martxoaren 17ko Greba Orokorraren ondoren, LABek eta ELAk bilera batera deitu genuen martxoaren 25ean, asteazkenean, Nafarroan gutxieneko soldata ezarriko zuen Lanbide arteko Akordioa lortzeko. Deialdi hori Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren epaian ezarritakoaren arabera egin zen. Epai horrek jendarte-eragile guztiak legitimatzen ditu horretarako, eta arlo horretako lanbide arteko akordioa ahalbidetzen du.

Hiru erakunde horietako bakar batek ere ez du parte hartu, Nafarroarentzat gutxieneko soldata propio bat sortzeko aukerari betoa jarriz, pertsona askoren bizi-baldintzak hobetuko lituzkeena. Hau da, Greba Orokorra eragin zuen betoa eta jarduteko modua azpimarratu dituzte. Horrela, eragile horiek sistematikoki uko egiten diote Nafarroarentzat berezkoa den gutxieneko soldata bat negoziatzeari, bazterketekin eta aurretiazko baldintzekin elkarrizketa eragotziz, eta horrek jendarte-mobilizazioa beste aukerarik gabe uzten ditu langileak, beren eskubideak eta bizi- eta lan-baldintza duinak lortzeko.

Alde batetik, Nafarroako CEN patronalak langileak esplotatzeko aukerak erabat irekita jarraitzea nahi du, bere negozio-eredua baldintza prekarioetan oinarritzen dela erakutsiz. Patronal moderno baten itxura izan nahi duen arren, praktikan CEN guztiz atzerakoia da.

Are ulertezinagoa da UGTren eta CCOOren ezezkoa, kontuan hartuta EAEko sindikatu horiek gai bera negoziatzeko prest daudela. Atzo bertan kritikatu zuten Confebask patronalak esertzeari uko egin izana. Gure ustez, Nafarroako UGTk eta Nafarroako CCOOk Espainiako Estatuaren ikuspegi zentralista eta uniformizatzailea lehenetsi dute, Nafarroako langileen lan-baldintzen gainetik.

Deigarria da duela urtebete ez bezala, orain bai, gutxienez hitzarmeneko gutxieneko soldata bat defendatzea. Hala ere, hitzarmeneko gutxieneko soldataren defentsa hipokrita da, aldi berean, martxoaren 25ean horretarako deitutako negoziazio-bilera batean parte hartzeari uko egiten diotenean. Ezin da CEN patronalarekin ildo horretan bilera-sorta bat iragarri, eta, aldi berean, aldez aurreko baldintzak jarri eta elkarrizketari betoa jarri, non eta ez den estrategia bat enpresaburuekin aliantzan, akordiorako edozein aukera saboteatzeko eta haien interes korporatiboak defendatzeko.

Blokeo egoera horren aurrean, Nafarroako Gobernuak ezin du ikusle soil gisa jokatu. Elkarrizketa eta negoziazioa berme guztiekin garatzen dela zaintzeko betebeharra du, eta, batez ere, inplikatutako eragile guztien parte-hartzearekin, bazterketarik eta aurretiazko baldintzarik gabe. Baldintzarik gabeko elkarrizketa aukera bat da guztiontzat. Bere erantzukizun instituzionala da patronalaren interes partikularrek eta UGT eta CCOO sindikatuek Nafarroarentzat gutxieneko soldata propioa finkatzea bezain beharrezkoa den aurrerapena blokeatzen jarraitzea eragoztea. LAB eta ELA sindikatuek Nafarroako Gobernuari eskatzen diogu esku har dezala gai honetan, bere hitz publikoekin bat etorriz, UGTk, CCOOk eta patronalak lan-merkatuan okerren dauden pertsonen lan-baldintzak hobetzeko jarritako betoa salatzeko.

Joan den asteko Greba Orokorrari emandako babesak agerian utzi zuen Nafarroa gure errealitate sozioekonomikora egokitzen den Gutxieneko Soldata propioa izatearen alde dagoela. Erakutsi zuen lantokietako eta kaleetako grebak eta mobilizazioak CEN, UGT eta CCOO sindikatuen betoek baino indar handiagoa dutela. UGTk, CCOOk eta CENek parte hartu nahi ez dutenez, martxoaren 17an mobilizatutako milaka langileei ez dietela jaramonik egiten erakusten ari dira, ez dutela M-17ko ikasgaia ikasi eta nahiago dutela beren botere-kuotei eustea, herritarren benetako beharrei erantzun baino. Greba minoritarioa izan bazen, zergatik iragartzen dute orain bilera-sorta bat enpresaburuekin?

Greba Orokorra tresna eraginkorra da patronalaren blokeoaren eta UGT eta CCOO sindikatuen konplizitatearen aurrean, nahiago baitute immobilismoa eta Nafarroako langileei pribilegiatu deitzea hemengo bizi- eta lan-baldintzak hobetzea baino. Elkarrizketa eta negoziazio fase hau akordiorik gabe amaitzen bada, mobilizazioetara itzultzeko unea iritsiko da. Gutxieneko soldataren aldarrikapena geratzeko etorri da, eta LABek eta ELAk hori lortu arte borrokan jarraitzeko konpromisoa hartu dute.

LABek Tubos Reunidosen EEEa gauzatu izana salatu du, eta enpleguaren eta industria-etorkizunaren aldeko konpromisoa berretsi du

LABek publikoki salatu nahi du Tubos Reunidos enpresak EEEa gauzatzeko hartu duen erabakia. Erabaki horrek, beste behin ere, berretsi egiten du enpleguaren suntsiketan, altzairugintzaren itxieran eta logistikaren kanporatzean oinarritutako plan batekin aurrera egiteko borondatea, alde sozialak planteatutako alternatibei jaramonik egin gabe.

Inposatu nahi den kontakizun interesatuaren aurrean, argi utzi nahi dugu ez gaudela borondatezko irteeren aurrean. Ustezko atxikimendu horien zati handi batean, enpresan urteak daramatzaten behin-behineko kontratua duten 80 pertsona inguru sartzen dira. Pertsona horiek ez dira borondatez joaten: kaleratu egiten dituzte.

Gainera, ustezko borondatezkotasun hori errotik zalantzan jartzen dugu. Urtarrilean, enpresak enplegu-erregulazioko espedientea, altzairutegiaren itxiera eta logistikaren esternalizazioa iragarri aurretik, ez zeuden ez 301 ez 285 langile lanpostua uzteko prest. “Borondatezkotasun” hori asteetako presioaren, ziurgabetasunaren eta mezu alarmisten ondoren agertzen da. Ez da erabaki librea, erabaki baldintzatua baizik.

Enpresak aurrera jarraitzen du altzairutegiaren itxierarekin eta logistikaren esternalizazioarekin; erabaki horiek gaitasun industriala desegitea eta enpresaren etorkizuna arriskuan jartzea dakarte. Kudeaketa txarra egiten duen zuzendaritza baten aurrean gaude, bere plana langileen eta etorkizun industrialaren gainetik ezartzen duena.

LABetik ere erakundeen jarrera salatu nahi dugu. Onartezina da Eusko Jaurlaritza, aldundiak, EAJ eta PSE gaur Aiaraldean biltzea ustezko berrindustrializazio-mahai batean, duela ordu gutxi Tubos Reunidosen 285 lanpostu suntsitu direla jakinarazi den bitartean. Zinismo politikoaren adibide argia da, eta enpleguarekin eta industriarekin benetako konpromisorik ez dagoela erakusten du.

Joan den astean, Amurrioko batzordearen gehiengoak bilerak eskatu zizkien Industria Sailari, Enplegu Sailari eta Arabako Foru Aldundiari. Gaur egun, oraindik ez dugu erantzunik jaso. Zergatik? Non daude industria-enplegua suntsitzen denean?

LAB enpresak hartutako erabakia juridikoki aztertzen ari da, eta ez du baztertzen langileen eskubideen defentsan jarduteko inolako biderik.

Argi daukaguna da borrokan jarraituko dugula. Tubos Reunidosen enpleguaren, altzairugintzaren, industria-jardueraren eta etorkizunaren defentsan dugun konpromiso irmoa berresten dugu.