2025-12-30
Blog Page 235

Saltoki Logistika Arabatik kaleratutako ordezkari bat berriz hartzea #LortuDugu

Jakin dugu Gasteizko Lan Arloko Epaitegiaren epaia, LABek Saltoki Logistika Araba enpresan duen ordezkaria kaleratzea bidegabea dela aitortzen duena, eta, beraz, berriro ere lanera eta langileen ordezkari lanak egitera bueltatu daiteke.

Epaiak argi utzi du enpresa modu instrumentalean eta patronalaren alde erabiltzen saiatzen ari dela Espainiako atzerritarrei buruzko legeak bizileku eta lan baimena berritzeko unean sufriarazten duen zaurgarritasun egoera berezia. Hala, enpresan askatasun sindikalik ez zegoela salatzeko lan garrantzitsua egiten ari zelako eta langileen eskubideak defendatzen zituelako gogaikarri suertatzen zitzaion ordezkari bat kaleratzeko baliatu zuen.

Kaleratzearekin LABek ordezkatzen duen klase sindikalismo borrokalaria enpresatik desagertzea lortuko zuela uste bazuen Saltokik, lan eskubideen konkistaren historiarekiko ezjakintasunaz gain, erakusten du ez duela LAB osatzen duten pertsonek egunero erakusten duten lanerako gaitasunaren berri.

Zentzu horretan, gure ordezkariaren kaleratzearen eta Saltoki Logistika Arabaren lan eskubide eta baldintzen okertzearen aurrean, LABek salaketa dinamika bat hasi zuen arlo guztietan: maila sozialean, lan ikuskaritzan, mobilizazioetan, baita epaitegietan ere. Borroka horren ondorioz, LABek ordezkari hori berriz hartzea lortu du.

Hori dela eta, zoriondu egin nahi izan du kidea, langile klasearen eskubideen aldeko langile nekaezina, eta enpresa barruan zein kanpoan dinamika babestu duten pertsona guztiak ere bai.

Epai horren ondoren, LABek berretsi egiten du Saltoki Logistika Arabaren langileak ez ezik, Saltoki taldeak Euskal Herriko lantoki guztietan dituen langile guztiak indartu eta antolatu behar direla, antolakuntzatik eta borrokatik soilik lortuko baitira langile guztientzako lan baldintza duinak.

Gora Garbitzaileak taldeak Bilboko San Mameseko sarrera moztu du Osakidetzako garbiketan homologazioa defendatzeko asmoz

Beste sektoreetako hainbat beharginek ere bat egin dute ekintza horretan, greban murgilduta dauden kideei elkartasuna adierazi eta beren borrokarekin bat egiten dutela irudikatu nahian. Ordu erdiz moztu dute trafikoa.

Aurreko udaberrian, Osakidetzako garbiketako beharginek Bizkaiko Eraikin eta Lokalen Garbiketan hitzarmen duina lortzeko Gora Garbitzaileak taldeak aurrera eramandako borrokan parte hartu zuten, hitzarmen horrek beraiei eragiten ez bazien ere. Bada, oraingoan borroka hartako kideak izan dituzte alboan, garbiketakoak nahiz beste sektore batzuetakoak.

Osakidetzako garbiketako langileek bost urte daramatzate hitzarmenik gabe. Osakidetzak, enpresek eta alde sozialak onartutako homologazioa negoziatzeko erraza izango zelakoan bazeuden ere, grebetara jo behar izan dute; izan ere, enpresek nahiz Osakidetzak homologazio printzipioarekin apurtzea erabaki dute, eta langileak ez daude halakorik onartzeko prest. Hala, borrokan jarraitzeko prestutasuna irudikatu nahi izan dute buru-berokiak ehunduz, gero eta gehiago izango direla nabarmenduta.

Gora Garbitzaileak LAB sindikatuak babestutako dinamika da, tresna, praktika eta garaipenak langile klase osora zabaldu nahi dituena.

Langile elkartasuna

Merkataritzako kideak ere babesa adieraztera bertaratu dira, eta nabarmendu dute Osakidetzako garbitzaileen lana ezinbestekoa dela. “Ehungintzako, merkataritza orokorreko, larrugintzako eta oinetakogintzako hitzarmenen borrokan, garbiketako kideak hainbat mobilizazioetan lagun izan ditugu, eta orain hemen gaude gu”, azaldu dute.

Sunsundeguik Volvorekin lortu duen akordioa dela-eta, ohartarazi dugu ez dugula inolako murrizketarik onartuko lan baldintzen hobekuntzan

Gaur jakin da Sunsundeguik, Altsasun autobusak egiten dituen enpresak, akordio historikoa lortu duela Volvorekin, eta, antza denez, 400 lanpostu berri sortuko dituela. LAB sindikatua poztu besterik ez da egin berri horrengatik, eta espero du plantaren modernizazioa ekarri eta Altsasuko enpresaren ohiko antolaketa arazoak bukatzea. Hala ere, LABek gehitu nahi du, era berean, uste duela Volvorekiko akordioak hobekuntzak ekarri behar dituela lan-baldintzetan, eta ez atzerakada.

Sunsundeguiren antolamendu egoera tamalgarria izan da tradizioz plantaren etorkizuna arriskuan jarri duena, eta behin eta berriz lan baldintzak murrizteko ahalegina egitera behartu ditu langileak. Gainera, egoera horren ondorioz, Sodena finantza tresna publikoak behin eta berriz lagundu behar izan dio enpresari.

Iaz, Enpresa Batzorde osoak (LAB, UGT, CCOO eta ELA) akordioa lortu zuen Sunsundeguirekin, eta horrek langileen lan baldintzak hobetzea ekarri zuen. Hitzarmenak Nafarroako Metalaren hitzarmenaren indarraldi bera du. Hori dela eta, sindikatu honek prentsako albisteak kezkaz irakurri ditu, bertan adierazi baitute badela ageriko behar bat —Batzordeak ez du horren berririk—, beste akordio bat lortzeko, une honetan indarrean dagoen akordioa dela-eta negoziatu ziren kontu batzuk berriz ere lantzeko. Horren aurrean, LABek ohartarazi nahi du enpresaren baldintzak hobetzeak ezin duela langileen lan-baldintzak okertu, eta edozein atzerapausori aurre eginen diola.

Bizkaiko esku-hartze sozialean greba deitu dugu maiatzaren 24an eta 25ean

Gizardatz eta Geroan patronalek lan-baldintzak pobretzearen alde egiten duten negoziazio-mahaiaren blokeoari eta lan osasuna bermatzeko neurrien gabeziari erantzuten dio greba deialdiak.

Gaur, maiatzak 4, Bizkaiko Esku-hartze sozialaren sektoreko langileek (LAB, ELA, CCOO eta ESK) Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean egin duten elkarretaratzean iragarri dute maiatzaren 24an eta 25ean 2 greba egun egingo dituztela. Era berean, hurrengo maiatzaren 16an mobilizazioak egingo dituzte. Hitzarmena urte eta erdi baino gehiagoz berritu gabe egon ondoren, eta 19 negoziazio-mahairen ondoren, langileek aurrerapausoa ematea erabaki dute, beren osasuna arriskuan jartzen duten eta lan-baldintzak pobretzen dituzten neurrien aurka borrokatzeko asmoz.

Egoera horren aurrean, zaintza-eredua, laneko segurtasuna eta lan-baldintzak kaskartzearen aurkako neurriak adosteko premia azaldu dute.

Arduradun publiko nagusiek (Bizkaiko Foru Aldundia, Udalak eta Eusko Jaurlaritza) Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren Prestazio eta Zerbitzuen Zorroari buruzko Dekretua aplikatzearen bidez sistema unibertsal eta inklusibo baterantz bideratutako beren gizarte-politiken onurez hitz egiten duten bitartean, langileek salatu dutenez, esku-hartze sozialeko ehunka langile bazterketara daramatzaten neurriak hartzen dituzte. Horrek era berean, langile horiek eguneroko lanean artatzen dituzten kolektibo ezberdinentzako ere kaltea dakar.

Langileek irmoki eskatu diete erakunde publikoei eta patronalei sektorearean funtsezkoak diren aldarrikapen hauetan aurrera egiteko:

  • KPIaren gaineko soldata-igoerak
  • Arrisku psikosozialak eta babes bereziko jarduerak aitortzea
  • Lan-baldintzen aldaketa sustantzialarekin amaitzea
  • Astean 35 ordu
  • Bajak %100ean osagarritzea
  • Ordezkapenak lehenengo egunetik
  • Enpleguaren egonkortasuna
  • Berdintasun-planak
  • Hobekuntzak kontziliazioaren arloan

Bat egiten dugu Euskal Herriak Kapitalari Planto! plataformaren Bizkaia Eraldatzen kanpainarekin

Beharrezkoa da Bizkaiko eredu ekonomikoa goitik behera eraldatzea. Bideragarria, iraunkorra eta bidezkoa ez den eredu hau atzean utzi eta trantsizio ekosozialari bide eman behar zaio. LAB ere Euskal Herriak Kapitalari Planto plataformaren parte da eta bat egiten du Bizkaia Eraldatzen! kanpainarekin.

EAJ eta PSEk Bizkaian sustatu duten ereduak megaproiektuei, botere korporatiboari eta kapital handiei ateak pare pare irekitzen dizkie, langileon eta gure lurraldearen gainetik pasatuz. Horren aurrean, trantsizio ekosozial justua helburu izango duen norabide aldaketa beharrezkoa da, gertuko ekonomia jasangarria sustatuz eta ekonomian ahalmen publikoa handituz. Gainera, plangintza demokratiko eta loteslearen aldeko hautua egin beharra dago, langileok trantsizio horren protagonista izan gaitezen.

Hemen eman daiteke atxikimendua.

Euskal Eskola Publikoaz Harrok hasi duen fase berriari begira LABen gogoeta eta erabakia

Aurrerantzean LABek ez du erakunde gisa Euskal Eskola Publikoaz Harroren eguneroko dinamikan parte hartuko. LAB plataforman kide gehien dituen eragilea eta hezkuntza publikoan ordezkaritza handiena duen sindikatua izanik ere, Harroren sorrera-agiria ordezkatuko duen dekalogoa sortzeko prozesuan LABen ekarpenak ez dira aintzat hartu. Gauzak horrela, LABek ez du dekalogo berria izenpetu eta aurrerantzean Harrok ez du LAB erakunde gisa ordezkatuko. Harroren baitan egin bezala, LABek Hezkuntza publikoan dauden premiei erantzuna emateko lanean jarraituko du, hezkuntza sare publiko bakar, burujabe, euskaldun eta deszentralizatua eratzeko lanean sakontzen, hala ekimen propioen bidez, nola elkarlanean.

Euskal Eskola Publikoaz Harro plataforma EAEko eskola publikoa hezkuntza sistemaren ardatz bilakatu eta segregazioarekin amaitzeko neurriak sustatzeko jaio zen. LAB sindikatua plataformaren sortzaileetako bat izan zen, izan ere, hezkuntza publikoan ordezkaritza handieneko sindikatua izanda, aipatutako helburuak oso garrantzitsuak ziren eta badira LABentzat. Desberdintasunak desberdintasun, eremu publikoko eragile desberdinak batzen gaituzten aldarrikapenen inguruan elkarlanean aritzeko esparru bat izan da Harro.

Harrok izaera mistoa izan du hasieratik: batetik, norbanakoak eta norbanakoz osatutako tokiko plataformak egon dira; bestetik, ehunka eta milaka lagunez osatutako erakundeak. LAB izan da, hain zuzen ere, plataformako eragilerik handiena.

Duela urtebete LABek bi espazioak argi bereiztea proposatu zuen: batetik norbanakoez osatutako herri ekimena, mota honetako eragileen ohiko funtzionamenduaren arabera arituko litzatekeena; bestetik, eragileen arteko elkarlan esparrua, ordezkagarritasun printzipioaren eta kontsentsu bilaketaren arabera jardungo lukeena.

Proposamen hori ez zen aintzat hartua izan eta praktikan norbanakoez osatutako herri ekimen gisa jardun du Harrok. Bere sorreratik hona, zenbait erakundek parte hartzeari utzi diote edota parte hartze sinbolikora mugatu dira.

Disfuntzio organizatibo hauek agerian geratu dira Harroren dekalogoa berritzeko prozesuan. LAB plataforman kide gehien dituen eragilea eta hezkuntza publikoan ordezkaritza handiena duen sindikatua izanik ere, plataformaren sorrera-agiria ordezkatuko duen dekalogoa sortzeko prozesuan LABen ekarpenak ez dira aintzat hartu

LABek egindako ekarpenek bi erreferentzia zituzten oinarri: batetik, Harroren sorrera-agiria; eta bestetik, hezkuntza lege-aurreproiektu zirriborroaren aurrean sortutako hezkuntza publikoko intersindikaleko testua (gehiengo sindikala osatzen duten LAB, STEILAS eta ELAk adostutakoa, eta Harrok berak babestutakoa). Esan bezala, ez dira onartuak izan.

Gauzak horrela, LABek ez du Euskal Eskola Publikoaz Harroren dekalogo berria izenpetuko eta aurrerantzean plataforma horrek ez du LAB sindikatua ordezkatuko. HARROn parte hartzen duten LABkideak norbanako gisa arituko dira. Eta LABek erakunde gisa HARROren ekimen batera atxikitzea erabakiko balu, espresuki jakinaraziko du.

Grebak deitu ditugu Gipuzkoako metalgintzan, hitzarmen duina helburu

Gaur, sindikatuko delegatuen batzarrak ezezkoa eman dio aho batez maiatzaren 2an ADEGIk Gipuzkoako metaleko mahaian egin zuen proposamenari. KPIa ez da bermatzen, lanaldi murrizketari buruzko eztabaida erdigunean dagoen honetan 2 orduko murrizketak ez dio erantzuten lan eta bizi baldintzak hobetzeko beharrei, eta malgutasunean eta lan osasunean proposamenik ez egotea atzera pausoa da, sindikatuaren ustez. Horrela, borrokarako prestutasuna berretsiz, grebak deitu ditugu maiatzaren 24, 25 eta 31 eta ekainaren 1, 14 eta 15erako.

Azken negoziaketa bileran lehenengo aldiz ADEGIk ustezko proposamen osoa aurkeztu zuen, behin eta berriro egiteko exijitu dioguna, eta gainera behin betikotzat eman zuen, negoziaketarako tarterik utzi gabe.

Onartezintzat jo genuen eginiko lehengo proposamena azkena izatea. Hala, guretzat orain hasten da benetako negoziaketa. Gipuzkoan sektoreko datuak onak direla eta proposamen hori hobetzeko aukera dagoela ikusita, erraza izango ez den arren, soilik borrokaren bidez lor daitekeela nabarmendu dugu.

Gaur gure delegatuen batzarrak ezezko borobila eman dio ADEGIk egindako proposamenari, derrigorrez hobetu beharrekoa dela iritzita. Hala, borrokarako prestutasuna berretsiz, greba deialdi hauek adostu ditugu: maiatzaren 24, 25 eta 31 eta ekainaren 1, 14 eta 15.

Beste sindikatuei ere, gaur batzarrean harturiko konpromisoakk eta grebarako deia luzatuko dizkiegu, denon borrokaz ADEGIren proposamena hobetzeko asmoz.

Langabeziak behera egin arren, enpleguaren kalitateak okerrera egiten jarraitzen du

Langabeziak behera egin du Hego Euskal Herrian; 138.845 langabe daude, duela urtebete baino %6,80 gutxiago. Datua bere horretan positiboa izan arren, enpleguan prekaritatea eta ezegonkortasuna nagusitzen ari direla baieztatzen duten hainbat datu ere ekarri ditugu lehen lerrora.

Langabeziaren joerari dagokionean, pasa den astean kaleratu ziren Biztanleria Aktiboaren Inkestako (BAI) datuekiko aldea nabarmena da. BAIko datuen arabera, langabeziak gora egin zuen nabarmen urteko lehen hiruhilabetekoan; gaur SEPEk emaniko datuek kontrakoa adierazten dute. Azalpena sinplea bezain kezkagarria da. Izan ere, BAIko datuak inkesta bidez lorturikoak direnez, ezkutuko ekonomian diharduten langileen egoera ere islatzen du. Beraz, Hego Euskal Herrian ezkutuko ekonomian lan egiten duten langileen kopurua adierazgarria da, bereziki Espainiako Estatutik kanpo jaiotako langileak izanik.

Apirilean kontratu guztien artean, %74,56a behin behinekoak izaten jarraitzen dute, 53.702 kontratu, hain zuzen ere, mugagabeak %25,44a diren bitartean. Pasa den urte zein hilabetearekiko, kontratu mugagabeek behera egin dute, baina badirudi kontratu mugagabe zein behin behinekoen arteko proportzio berria instalatu dela. Espainiako Estatuko lan erreforma indarrean sartu zenetik kontratu mugagabeen kopurua handitu egin den arren, hobekuntza gehiagorako margenik gabe gelditu da, behin behinekotasuna %75ean egonkortuz.

Kontratu mugagabeen igoera honen atzean, aldizkako finkoen igoera nabarmendu behar dugu. Izan ere, kontratu guztien artean %3,9a dira aldizkako finkoak Hego Euskal Herrian, urtebetean 1,5 puntu proportzional egin du gora kontratu mota honek, pasa den urtean %2,4 baitziren aldizkako finkoak. Emakumeen artean, aldizkako prekarioak gehiago dira, %5,2a baitira aldizkako finkoak, gizonezkoen artean %2,7a diren bitartean.

Jardunaldi partzialei dagokienean, 4 emakumetik bat jardunaldi partzialean dagoela nabarmendu behar dugu, emakumeen kontratuen artean %25,8a baita jardunaldi partzialekoa. Gizonen kasuan, partzialtasuna nabarmen baxuagoa da (%11).

Langabeziak behera egin duen arren, enpleguaren kalitateak okertzen jarraitzen du, emakumeak izanik prekaritatearen adierazleetan presentzia handiagoa dutenak (aldizkako finkoak, jardunaldi partzialean…).

Afiliazio datu historikoak izan ditugu apirilean, inoizko afiliazio kopuru altuena baitago (milioi batetik gora Hego Euskal Herrian). Jardueraren araberako afiliazioa aztertuz, zerbitzuen sektoreak inoizko afiliaziorik altuena izan du, azken urteetako etengabeko gorakadari jarraituz. Apirilean, afiliazioaren %73,20a zerbitzuak sektoreari zegokion. Azken hilabeteetan salatzen ari garen bezala, zerbitzuak erdigunean dituen ekonomia ereduak indarra hartzen jarraitzen du, ehun ekonomikoa ahulduz edota langileon lan zein bizi baldintza prekarioak nagusitzen diren sektorea ekonomiaren motorra bilakatzeko urratsak ematen jarraituz.

Maiatzaren 1ean aldarrikatu bezala, langileen lan eta bizi baldintza duinak bermatzeko lanean jarraituko dugu, esparru guztietan kapitalari boterea lehiatuz.

Zornotzako Forging-eko beharginek lan osasuna bermatzeko neurriak eskatu dituzte

Langilek kontzentrazioa egin dute gaur enpresaren aurrean apirilaren 28an, Laneko Segurtasun eta Osasunaren Mundu Egunean, enpresan izandako istripua salatzeko.

Ostiralean, langile bat larri zauritu zen, segurtasun-neurriek huts egin zutelako. Pieza batek jo egin zuen eta ospitalera eraman behar izan zuten urgentziaz. Hilaren 28koa ez da bakarra izan; izan ere, aste horretan bertan garabi batek zeraman eduki guztia lurrera erori zen istripu handi bat eraginez, baina zorionez ez zen zauriturik egon.

Enpresako langileek neurri zehatz eta eraginkorrak eskatu dizkiote zuzendaritzari istripuak saihesteko. Enpresako komitea, kontzentrazioaren ondoren, enpresarekin eta Osalanekin bildu da, gaia aztertzeko.