2025-12-30
Blog Page 231

Aurten hogei langile hil direla salatu dugu, azkena eraikuntzaren sektorean

Joan den ostegunean altueratik erorita zendu zen 62 urteko langilea, Azkoitian.

Lan-istripu hilgarri baten berri izan du sindikatuak, oraingoan Azkoitian. Joan zen ostegun arratsaldean “luma-garabi” bat maneiatzen ari zela hil zen R.O.G, MONTAJES OLAIZOLA S.L. enpresako 62 urteko langilea. 3 metro baino gehiagoko altueratik erori zen, bertan hil zelarik.

LAB sindikatuak elkartasuna adierazi nahi die langilearen senideei, hurbilekoei eta lankideei zein Euskal Herriko langileria guztiari. Era berean, datozen egunetan intersindikaletik deituko dituzten mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatu die herritarrei.

Eraikuntza arloan gertatu da azken istripu hau. Sektore honetan gremio ezberdinen koordinazioan sortzen diren arrisku gehituak kontrolatzeko araua ez da betetzen, eta honela ulertu daiteke pairatzen duten istripu tasa handia.

Arauak zein prebentzio neurriak ez dira betetzen patronalak argi duelako kapitala langileriaren bizitzaren aurretik ipintzea merkeago ateratzen zaiola. Hau gertatzeko ezinbestekoa da Eusko Jaurlaritzaren jarrera konplizea. Berriki salatu dugun moduan, 2022an lan osasunaren galera medio jaurlaritzak 650 expediente jarri zituen abian; aldiz, trafiko arau-hausteen inguruan 291.000 expediente abiatu ziren. Esan beharra dago trafiko istripuetan eta lan istripuetan heriotza kopuru bera erregistratu zela 2022an EAEn. Enpresarien inpunitatearen erakusle da adibide hori, LABeko Lan Osasun idazkaritzaren esanetan.

Anfas Nafarroako langileak baldintza duinak eta erosteko ahalmenari eustea bermatuko dituen hitzarmenaren alde kontzentratuko dira ortziralean

Anfas Nafarroaren Enpresa Batzordeak —ELAko zazpi ordezkarik eta LABeko bertze bik osatzen dute, eta 140 bat langile ordezkatzen ditu—, ortzirale honetarako, maiatzaren 19rako, elkarretaratze bat deitu du Iruñean, Anfasek Iturraman duen lokalaren aitzinean, plantillaren haserrea adierazteko eta enpresari bere lana onartuko duen hitzarmen bat negoziatzeko eskatzeko, lan duina eta erosahalmena bermatuko dituena.

Aniztasun funtzionalaren sektorean diharduen Anfas Nafarroako langileek urtebete baino gehiago daramate gerentziarekin batzartzen hitzarmen kolektiboa negoziatzeko, eta iritzi publikoari jakinarazi nahi diote negoziazioarekin atsekabe eta haserre daudela.

Negoziazioaren hasieratik, Enpresa Batzordeak, bere osotasunean eta langile guztiak ordezkatuz, eskaera argi eta zuzenak izan ditu: erosteko ahalmena galaraziko ez duten eta bizi ditugun prezioen garestitzearekin bat datozen lan-baldintzen bermea.

Baina langileek uste dute ez dela behar bezala baloratzen ari haien eguneroko lana, inplikazioa, profesionaltasuna eta erakundearekiko zein zaintzen duten pertsona bakoitzarekiko konpromisoa. Plantillaren lana aitortu eta baloratu egin behar da, urteak baitaramatza lan baldintza eskasekin, soldata prekarioekin, kontratu partzialekin eta gehiegizko lan kargekin. Eta hori guztia arreta-berezitasun oso zorrotzak, ordutegi zailak eta talde profesional inplikatu eta espezializatua dituen elkarte batean.

Beraz, plantilla osoak eskatzen dio Anfasi negoziatzeko edukidun enpresa hitzarmen bat, Anfaseko langile guztien lana eta profesionaltasuna aitortzeko. Horren harira, Enpresa Batzordeak dei egin die langileei maiatzaren 19an, ortziralearekin, 12:00etan, Anfasek Iturraman duen lokalaren parean (Pintor Maeztu, 2) eginen den kontzentraziora joan daitezen.

Eremu juridikoan ere ama bakarren eskubideak berma daitezela aldarrikatu dugu

Gizarte Segurantzak eta Espainiako Auzitegi Gorenak bat egin dute ama bakarren zaintza eskubideak ukatzeko estrategian. LABen, ordea, ama bakarren eskubideen alde egiten dugunez gero, erabakia onartezintzat jo dugu, eta zaintza eskubidearen garrantzia berretsi nahi izan dugu, dagokion eremu guztietan horien alde borrokatuko dugula ohartaraziz, baita eremu juridikoan bertan ere. Hori dela eta, mobilizazioa egin dugu gaur Gizarte Segurantzaren Gasteizko egoitzaren aurrean.

2023ko martxoaren 8an Espainiako Auzitegi Gorenak epai bidez ebatzi zuen ama bakarrek zaintza eskubide gutxiago izanen dutela bi gurasoko familiek baino. Izan ere, ordura arte hainbat auzitegi onartzen ari ziren, ama bakarrei bi gurasoko familien pareko prestazioa onartzea; hau da, 16 asteko bi gurasotasun prestazio pilatzeko aukera: 32 asteko gurasotasun prestazioa izatea guraso bakar batek. Orain, Auzitegi Gorenaren epaiaren bidez, ukatu egiten da baimenak gehitzeko aukera hori. Ondorioz, ama bakarreko familiek, orotara, 16 asteko zaintza baimena izanen dute, eta bi gurasoko familiek, aldiz, 32 astekoa.

Gizarte Segurantzak ere antzerako bidea zuen hartua lehenagotik. Izan ere, kasu gehienetan bi gurasotasun baimen metatzeko aukera ukatu egin du, familia ereduen artean desberdintasun argia eraginez. LABetik Gizarte Segurantzaren ukoaren aurrean helegiteak aurkeztu ditugu, eta orain arteko epai gehienak gure aldekoak izan dira.

Aipaturiko Auzitegi Gorenaren epaia errefusatu egiten dugu, eta ama bakarren eskubide urraketa dela ulertzen dugu. Jakitun gara afera Europako Batasuneko Justizia Auzitegira heldu dela, eta hark emango duen epaiaren zain gaude. Bitartean, bide judizialean borrokan jarraituko dugu.

LAB sindikatuak egoera honen aurrean zera adierazi nahi du:

Jendartea eta testuinguru soziala, familia eredu bakar batetik harago, aukera aniztasunaren aldeko trantsizioa egiten ari da, eta aukera horien artean dago ama bakarra izatea erabaki duten pertsonena. Baina, era berean, sistema kapitalista (zis)heteropatriarkal honen mekanismo guztiak familia eredu nuklearra indartu eta saritzera bideratzeaz gain, hortik kanpo kokatzen diren aukera guztiak zigortzen ditu. Sistemak tresna guztiak (baita juridikoak ere) ditu bere gain eredu hori birproduzitzeko, eta hau adibide bat gehiago da. Izan ere, bere interes ekonomikoetarako behar-beharrezkoa dauka familia eredu nuklearra.

Zapalkuntza bikoitzaz ari gara: sexuaren araberako diskriminazioa gertatzen da, guraso bakar gehienak emakumeak direlako, batetik, eta zaintza eskubidea bera urratzen da, bestetik, zaindua izan behar duen pertsona ere diskriminatu egiten delako. Hau da, zaintza berriro ere bazterrean geratzen da, eta zaintza bermatzeko gaur egun ditugun tresna bakarrak halako baimenak dira, lan produktiboaren logikatik diseinatutakoak eta bizitzaren jasangarritasuna balioan jartzen ez dutenak. Era berean, kontziliazioaren tranpaz eta sistemaren paradoxaz ere hitz egin behar dugu, zaintza lanak doakoak direnean eta sistemarentzako kostu ekonomikorik ez dutenean emakumeen gain geratzen baitira.

Nahiz eta berdintasun planetan eta zuriketarako erabiltzen diren legedien artean familia eredu ezberdinak izendatu eta teorikoki kontutan hartzen diren, praktikan argi ikusten da eredu bakarra dela nagusitasunez erdigunean kokatzen dena, eta gainontzeko guztiak bigarren mailakoak direla. Berdintasun politika hauek ez daukate gaitasunik normatik aterako den eredurik babesteko. Horregatik, politika feministak behar ditugu. Teorian eredu desberdinak aitortzen dira, baina ez dira bitartekoak jartzen eskubide berdinak izateko.

Ezin dugu onartu ama bakarren eskubideak urratzen jarraitzea. Beraz, LAB sindikatuak egoera honen aurrean honakoa aldarrikatzen du:

  • Zaintza erdigunean jarriko duen sistema oso bat. Zaintza Sistema Publiko Komunitarioa behar dugu.
  • Euskal Herritik eta Euskal Herrirako Lan Kode eta Gizarte Segurantza propio baterako lege bat behar dugu.
  • Marko propio bat behar dugu, zeinean eredu hegemoniko (zis)heteropatriarkaletik haragoko aniztasuna kontuan hartu eta errealitate horientzako eskubideak sortuko diren.
  • Eskubideak gauzatzeko bitartekoak eta aldaketa legalak eskatzen ditugu. Bestela, zuriketarako neurriak besterik ez dira.

Horrengatik guztiagatik elkartu gara gaur, Gizarte Segurantzak urratzen dituen ama bakarren zaintza eskubideen alde mobilizatuz. Beste behin ere egiaztatu dugu eskubideak ezin direla auzitegiek dituzten erabakien esku utzi. LABetik borroka soziosindikala indartzen jarraituko dugu, hori baita gizartearen eraldaketarako dugun tresnarik eraginkorrena.

Zuen negozioa, gure kolapsoa

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta, EH Kapitalari Planto, Jauzi Ekosoziala eta beste hainbat eragilek agerraldia egin dugu gaur, Barakaldoko BECen aurrean. Bertan, maiatzaren 23an, 24an eta 25ean Barakaldon egingo den Munduko Bankuaren (MB) goi bileraren aurkako borroka sozialaren dinamika aurkeztu dugu.

Bertaratutako erakundeok adierazi dugu MB-aren topaketa horrek berdez estali nahi duela erakunde honek pobretzearen eta larrialdi klimatikoaren gainean daukan erantzukizun zuzena, honek bere sorreratik finantzatu izan baitu hainbat herrialderen espolioa.

Horregatik guztiagatik, salatu dugu Innovate4Climate izeneko goi bilera hau energia-lobby-en estrategiaren barruan dagoela eta negozio berdeko nitxo bat sortzeko helburua baino ez duela. Gaineratu dugu euskal alderdi neoliberalek ere etekina ateratzen dutela honetatik; hala nola EAJk eta PSEk, “horrela geure negozioaren gurpila eta beren lagunena elikatuz”.

Agerraldian parte hartu dugunok ukatu egiten dugu Petronor edo BahĂ­a de Bizkaia bezalako enpresek, CO2 emisioen erantzule nagusiak izanik, larrialdi klimatikorako inolako irtenbiderik eskainiko dutenik. Argi eta garbi adierazi dugu: Ezin daiteke oligopolio energetikotik etorriko den trantsizio justurik espero; hain zuzen ere, lurraldeen espoliazioaren eta jendartearen pobretzearen bidez aberasten direnengandik.

Hori guztia gertatzen da, esan dutenez, prekaritatea eta pobretzea handitzen ari den une batean, etxebizitzarekin egiten den espekulazioak, pentsioen murrizketak, osasuna, hezkuntza edota zaintzetako zerbitzu publikoak pribatizatzen ari diren une batean.

Bestalde, eten ez diren feminizidio eta indarkeria matxistak aipatu nahi izan ditugu. Mugetan ematen diren heriotzak eta militarizazioa, jazarpen arrazistak, mundu osoko gerrak ere aipatu nahi izan ditugu. Horiek guztiak, adierazi dugu, “gizarte gisa erantzun beharreko errealitateak dira”.

Erakundeek helburu pribatuetarako egiten den diru publikoaren erabilera salatu dugu, hain zuzen ere, goi bilera honetan aurkezten den trantsizio energetikoak lobby hauekiko mendekotasuna elikatu baino ez dute egiten.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, Euskal Herriak Kapitalari Planto plataformak eta Jauzi Ekosozialak indarrak batzeko deia egin dugu kolektibo sozial eta sindikal askorekin batera, eta mezu nagusia irmo adierazi dugu: “Munduko Bankua eta haren heriotza-politikak ez dira ongi etorriak; energia fosilak behin betiko utzi eta trantsizio ekosozial bidezkoa eta demokratikoa jarri behar dugu martxan”.

Administrazio arduradunei eskatu diegu eragile sozialen eta ekologisten proposamenak entzun ditzatela, behar den aldaketa egiteko haiek dauzkaten proposamenak; izan ere, esan dugunez, “trantsizio ekosoziala herritarren parte-hartze zabalarekin gauzatu behar da, lurraldearen beraren subiranotasun politikoa errespetatuz”.

Horregatik guztiagatik, hurrengo astean egingo diren ekintzetan parte hartzeko deia egin dugu, programa hau aurkeztuz:
â—Ź Maiatzaren 23an: kontzentrazio zaratatsua 8:30ean Ansio metroko irteeran, Barakaldon.
â—Ź Maiatzaren 24an: Bilboko Plaza Eliptikotik 19:30ean aterako den trantsizio ekosozialaren aldeko manifestazioa.
â—Ź Maiatzaren 25ean: hitzaldia Yayo Herrero ekintzaile ekofeministarekin 19:00etan BilboRock-en.

Kaleak hartzeko dei batekin eman diogu itxiera agerraldiari: “Atera ditzagun gure bandera eta aldarrikapenak, eta, elkarrekin, jendarte eredu-aldaketa posible dela eta borroka soziala bidea dela adieraztera goaz!”, adierazi dugu.

ERAGILE DEITZAILEAK: LAB, ELA, ESK, STEILAS, ETXALDE, OLATUKOOP, ERNAI, EKOLOGISTAK MARTXAN, GUNE EKOSOZIALISTA, EXTINCTION REBELLION BIZKAIA, FRIDAYS FOR FUTURE, SCIENTIST REBELLION EH ZIENTZIALARIEN MATXINADA, GREENPEACE, BASOA, SUKAR HORIA, BUTROI BIZIRIK, BARAKALDO NATURALA, OMAL, MUGARIK GABE, LUMALTIK, BIZILUR, BILGUNE FEMINISTA, BEA, EMF CUIDADORAS SANITARIAS, MUJERES DEL MUNDU, EH-KO EMAKUMEEN MUNDU MARTXA, ARGITAN EMAKUMEENTZAKO AHOLKU ETXEA, OEE BIZKAIA, MOC, GERRARI EZ PLATAFORMA, BERRIOTXOAK, GAUR GEROA PENTSIONISTAK, ONEKA EH EMAKUME PENTSIONISTEN PLATAFORMA, COLLECT LEONDINE BERA, URIBARRI PREST…

Urdulizko Santa Mariñe nagusien egoitzako beharginek borrokarekin jarraitzen dute eta asteon deitutako grebara batu dira

Zerbitzua Mondragon Kooperatiba elkarteko Gestion de Servicios Residenciales (GSR) enpresak kudeatzen du duela urtebete baino
gehiagotik. Langileek, erabiltzaileek zein familiek pozik hartu zuten lantokiaren kudeaketa GSR-ra pasatzea, ordura arteko kudeaketa negargarria albo batera utzi eta langileon zein ematen genuen zerbitzuaren baldintzak aldatuko zirela pentsatuta. Gaur-gaurkoz, ordea, ez dute onerako aldaketarik igarri.

Urtebete igarota, penaz azaldu dute ezer gutxi aldatu dela eskaintzen den zerbitzuan eta langileen lan baldintzetan. Arduraz diote, gainera, bereziki larria iruditzen zaielako GSR Mondragon Kooperatiba elkarteko enpresa izanik izaten ari den jarrera.

Batetik, GSRk langileen antolakuntzaren eta sindikalgintzaren kontrako jarrera erakutsi izan du etengabe. Langileen ordezkaritza legala aukeratzeko hauteskunde prozesua oztopatu izan du hasieratik, eta prozesu horren ondorioz ordezkarienganako mespretxuzko jarrerak izan ditu.

Bestetik, enpresak urte honetan zehar etengabe hautsi du hitzarmen kolektiboa; kategoriagatik egokitzen ez zaizkien funtzioak egitera behartu ditu langileak edo funtsezko aldaketak egitera behartu askotan, esaterako. Ez-betetze hauen aurrean, enpresarekin egoera kudeatzeko dialogoa zabaldu nahi izan dute langileen ordezkariek, baina enpresak entzungor egin du eta Lan Ikuskaritzan salatu behar izan dute.

Halaber, entzun nahi ez dituen enpresa baten aurrean ahotsa altxatzera behartuta ikusi dute langileen beren burua. Bi hilabete daramatzate goiz eta arratsaldez 15 minutuko lanuzteak egiten, eta beste erresidentzietako langileekin batera LABek Bizkaian deitutako greba egunetan parte hartu dute. Bada, enpresak langileak batu, antolatu eta greba egiteko duten eskubidea oztopatu nahi izan du, mehatxuekin eta erabiltzaileen familiartekoak gure aurka jartzen saiatuta.

Hala ere, ez dute lortu, langileak batuta eta borrokarako prest baitaude, eta horrela erakutsi dute. Familiek ere aldarrikapenekin bat egin dute, eta horregatik beharginek eskerrak eman nahi izan dizkiete.

“Pertsonekin lan egiten dugun langileak gara, lan baldintza duinak, ratio jasangarriak eta kategoriaren araberako funtzioak exijitzen ditugu. Gure lan baldintzak borrokatuz zaintza sistema publiko eta duin bat borrokatzen dugu”, azaldu dute egoitzako langileen ordezkariek.

Horregatik, borrokan jarraituko dutela diote. Hilabete honetan zehar lanuzteak egiten jarraituko dute; hala, 11:00etan eta 17:00etan egoitzako atean batuko dira langileak, egoiliarrak eta familiartekoak, eta gaurtik eta maiatzaren 20ra LABek Bizkaiko egoitzetan deitutako greba egunetara batuko dira. Pribatizazioa zaintza langileen miseria dela eta zaintza lanak publikoak direla aldarrikatuko dute.

Osasun publikoaren desegitearen adibide da Etengabeko Arreta Guneak arriskuan daudela

Sagardui kontseilariak kontrakoa dioen arren, ageria da osakidetzako zuzendaritzaren  politika pribatizatzaile eta desmantelatzailea. LAB-en logika horretan kokatzen dugu egun Etengabeko Arreta Guneetan (EAG)gertatzen ari dena. Aste santuan Osakidetzak termometroa jarri zigun langile zein herritarroi osasun arretarako daukan eredua biziaraziz; Eredu zentralizatua, birtuala orain eta marginala izateko helburuarekin. Kontseilariak zenbaki eta erdi egien joko bitartez estali nahi izan zuena geratzeko datorrela argi dugu. Gaur egun medikurik ezean EAG-en itxiera errealitatearen parte izatea onartzen du osakidetzak, are gehiago kontseilariak esan bezala EAG bat berdin-berdin funtzionatzen duela medikuekin ala erizainekin artatua bada.

Logika pribatizatzaileari jarraituz egindako diseinuaren ondorioa zuzena da gaur egun errekurtso profesionalen falta. Are gehiago, badakite zer nolako eragina duen herritarren eta langileon osasunean baina beraien helburuak bestelakoak dira. Berdin zaie (erizainak dagozkion etxeetako artatzeaz gain, beste eremuetakoak ere egin behar izatea, langile horren lan karga izugarri haundituz ; zein etxean dagoen amamak ambulantzian joan behar izatea ospitalera etxean artatuko duen medikurik ez dagoelako.) horretarako herritarron eta langileen osasuna jokoan egon.

Gaur egun EAG-etan bizi den egoera jasangaitza da eta onartezina. Profesional medikuen formakuntza eta erakartze estrategia faltaren ondorioz, mediku nahikorik ez dago eta ondorioz gertatzen da, egon beharko liratekeen mediku kopura ez egotea, ala medikuaren ordez bi erizain egotea. Honek gehiegizko lan-karga eragiten du lanean dauden profesional medikuen kasuan, ondorio pertsonalak dituen zalantzarik ez daukagularik. Batzuek guardiak ordaintzeko sisteman jarri dute fokoa, ezberdin ordaintzen direlako Lehen arreta eta EAG-etako guardiak, bigarrenean gutxiago ordainduz. Lab-en iritziz, guardia bakoitzak bere dimentsionamendu egokia izan behar du, behar dituen profesional kopuruarekin. Hau LAB-entzako, marra gorria da eta Osakidetzari eskatzen dioguna da baliabideak jar ditzala herritarron osasuna eta langileena babestu ditzan.

Hortaz gain LAB-en iritziz, Osakidetzako zuzendaritzak, langileak arriskuan jartzen ditu.  Udaz geroztik Esi-etako zuzendaritzetako babesarekin, zelari zein erizainak babesgabe uzten ditu, beraien eskumenetik kanpo dauden erabakiak hartzera behartuz. Emergentzia baten aurrean, erizainak ezin du medikuaren agindurik barik, medikazioa eman. Emergentzia batek, berehala artatua izatea eskatzen du bizitza arriskuan baitago eta egoera honetan, telefono bidezko bitartekaritza bat ez da segurtasunez egin daitekeen artatzea. Osasun egoera ezberdinen aurrean, zelariek erabakiak hartzera behartuak dira. Egoera honetan, herritarron bizitzak arduratzen gaitu eta nola ez langileona.

Babesgabetasun honi gehitu behar zaio, zuzendaritzen aldebakartasuna, eta itxitasuna. Honek langileongan nekea eta frustrazioa  dakar. Bitartean zuzendaritzek beste aldera begiratzen dute egoera okerragoen mehatxupean. LAB-en ustez, Lehen arretak bere osotasunean estrategia berrikuspen bat behar du, komunitatearen parte hartzea nahita nahi ez bermatuko duena. Eskenatoki hori bitarte, kalean topatuko gara, Osakidetzaren desmantelamenduaren aurka eta osasun publiko eta kalitatezkoa eraikitzera bidean.  Maiatzaren 18 eta 19an Langileak GREBARA!

Zaintza zerbitzu sozialen pribatizazioaren erantzuleen aurrean mobilizatu gara

Gaur Hirugarren Sektore Sozialaren Eguna ospatu da Donostian, EHU/UPVren Karlos Santamaria Zentroan. Bertan, euskal erakunde sozialek, instituzioetako ordezkariek, politikariek eta zaintza sektoreko hainbat patronalek hartu dute parte. Honen aurrean, mobilizazioa egin dugu zaintza zerbitzu sozialen pribatizazioa salatzeko.

Zaintza lanetan ari diren langileen miseriaren erantzule ez dira soilik enpresa pribatuak. Hirugarren sektoreak ere badauka zeresana guzti honetan. Hirugarren sektoreko hamaika erakundek osatzen dituzte gizarte esku-hartzeko edota aniztasun funtzionaleko patronalak. Eta gaur saritzen ari diren hirugarren sektore honen ardura da langile hauen prekarizazioa. Pribatizazioak miseria dakarrela salatu dugu gaur, baita hirugarren sektorearen esku uzten denean ere. Horregatik, gaurko ekitaldian argi utzi ditugu gure aldarrikapenak: Zaintza zerbitzu sozialen pribatizazioa bultzatzen dute instituzioek, eta euren aurpegi zuriketaren aurrean mobilizatu gara sektoreko langileak.

Sektore publikoak ez ditu zaintza zerbitzuak bermatzen eta instituzioek ez dute euren gain hartzen kudeaketa zuzena, botere kuota edota diru etekina lehenesten duten patronal eta enpresen esku uzten dituzte, langileen gure eta bizi baldintzen eta erabiltzaileen zainduak izateko eskubidearen gainetik. EAJk bultzatzen duen pribatizazioak eragin zuzena dauka zaintza zerbitzu sozialeko langileengan, eta honako ondorioak dakartza: prekaritatea, esplotazioa, partzialtasuna, lan karga jasangaitzak, lan osasun neurri eza, kontziliazio neurri eza…

EAJren logika kapitalistak ezin ditu zaintza langileen lan baldintzak denbora gehiagoz baldintzatu.

Zaintza zerbitzu sozialen publifikazioa exijitu dute, instituzioek kudeaketa zuzena bermatu behar dutela eta pribatizazioa zaintza eskubide unibertsaletik desagertzea.

Zaintza zerbitzu sozialeko langileak askotariko jardueretan aritzen dira. Egoitzetako langileak dira, etxez etxeko laguntzakoak, esku hartze sozialekoak, aniztasun funtzionalekoak, etxeko langileak… euren lana funtsezkoa dela eta sistema kapitalista eta zisheteropatriarkala zaintza zerbitzuetako langileen prekarizazio eta lan indarraren gainean eraikia dagoela salatu dute. Ez goaz sistema hau denbora gehiagoz sostengatzera. Sektoreko langileak langile publikoak gara eta instituzio eta patronalen aurpegi zuriketaren aurrean mobilizatzen jarraituko dugu. Zaintza zerbitzu sozialetako langileok lan publikoa egiten dugu, eta ondorioz, langile publikoak izan behar gara.

Nafarroako Foru Administrazioko arlo guztietan aurkeztu ditu LABek hautagaitzak, borroka sindikal guztietan eta erabakigune guztietan egoten jarraitzeko helburuarekin

Heldu den maiatzaren 17an hauteskunde sindikalak eginen dituzte Nafarroako Foru Administrazio osoan. Duela lau urtekoetan, LAB sindikatua izan zen bozkatuena, eta delegatu gehien lortu zituena (69 delegatu, bigarrenak baino 28 gehiago). Langileen babes zabal horri esker, azken urteetan LAB erabakigune guztietan egon da eta borroka sindikal guztiak lideratu ditu, betiere Administrazioko langile guzti-guztien eskubideak defendatzea eta beren lan baldintzak hobetzea helburu.

Euskarabidean, Irakaskuntzan, Justizian, Kirol Institutuan, Nafar Lansaren, NOPLOI Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuan, nukleoan, Ogasunean, Osasunbidean, PAGNA Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentzian, eta suhiltzaileetan aurkeztu ditu hautagaitzak LAB sindikatuak. Foruzaingoan, ohikoa denez, ez. Gainera, 11 arlo horietako hirutan (nukleoan, PAGNAn eta Osasunbidean) bina zerrenda aterako ditugu, lan-kontratudunen zerrenda ere osatu baitugu.

Denetara Foru Administrazioko 32.000 langile publiko baino gehiago daude maiatzaren 17an bozkatzera deituak, 319 delegatu aukeratzeko; horietatik, gutxienez, 69 eskuratu nahi ditu LABek, eta lehen indar sindikala izaten jarraitu.

LAB sindikatua klase sindikatua da, baita Administrazioan ere. Eta sindikatu korporatibo korporatibistek egiten dutenaren kontrara, LABek plantilla osoa hartzen du kontuan eta garaipen kolektiboak lortzeko egiten du borrokan. Horren erakusgarri, LABek arlo guztietan atera ditu hautagaitzak. Sindikatu honen indarra bere jendearengan baitago; arlo guztietako, maila guztietako eta lanpostu guztietako askotariko jendearengan.

Arlo bakoitzeko hauteskunde liburuxkak

EAEko Enplegu Legeak ez du marko propiorantz urratsak emateko bokaziorik

Oihana Lopetegi Ekintza Sindikaleko idazkariak eta Uxue Artetxe Lanbideko delegatuak agerraldia egin dute Gasteizko Parlamentuko Lan eta Enplegu Batzordean, EAEko Enplegu Legearen inguruan sindikatuak duen jarrera azaltzeko. Honela, eskumen osoak aldarrikatu dituzte enplegu politikaren esparruan, egungo markoa gaindituz, Euskal Herriko Lan Kodearen norabidean. Sindikatuaren Programa Sozioekonomikoan jasotako banaketa hirukoitzaren ildotik (zaintza, enplegua eta ondasunaren banaketa) joan dira LABen ekarpenak.

Gogoratu dute LABek Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua aldarrikatzen duela, Euskal Herrian bertan eta Euskal Herriarentzat diseinatutako enplegu politikak garatzea ahalbidetzeko ezinbesteko bitarteko gisa. Horrela, proposatzen diren lege eta araudiek egungo markoa gainditzera jo beharko lukete.

Honela, eskumenen mugak aipatu ditu Lopetegik, EAEn ez dugulako politika pasiboak garatzeko eskumenik: “enplegua eskubide subjektibo moduan onartu den arren, berau praktikan jartzeko tresnak zehaztea falta zaigu”.

Enplegu Legearen gabezietan sakondu du Lopetegik: “ez diogu markoa gainditzeko eta marko propio baterantz urratsak emateko bokaziorik ikusten. Ez du Estatuagandik menpekoa izango ez den elkarrizketarik bultzatzen eta ez dio legeak berak definitzen duen enplegu duin hori bermatzeko akordio interprofesionalei erreferentziarik egiten”.

Legean egiten den lan duinaren definizioa ere kritikatu du Lopetegik, ez baititu lana eta enplegua bereizten, eta horrek zaintza lanak, ordaindu gabekoak batez ere, ikusezin bihurtzera garamatza . “Zaintza lanak ez dira ez sozialki ezta ekonomikoki aitortzen”, gaineratu du.

Euskal Enplegu Sarea sortzea ere ahalbidetuko du legeak. Lopetegik zehaztu du “ikuspegi horrek ardura lan bila dabilen langilearen gain ezartzen du, administrazioak langile guztientzat enplegua bermatu beharko lukeenean langile guztientzat, eta berme hori gauzatu ezean prestazio bidez indemnizatu ez betetze hori”.

Lopetegik salatu du legeak lan eskaintza guztiak plataforma bakarrean jasotzeko helburua badu ere, enpresarien borondatearen esku uzten duela hori horrela izatea, bere esanetan: “Lanbide plataforma bakarra bihurtzeko aukera galdu da”.

Lanbideren pertsonifikazio juridikoaren berregituraketa ere aipagai izan du Lopetegik: “Zuzenbide pribatuko entitate publiko gisa definitzen da eta honek ere kezkatu egiten gaitu”. Egun, Lanbidek lan-eskaintzen %4 soilik kudeatzen duela ere gogoratu du.

Lanbideko langileen ikuspegia

Uxue Artetxe Lanbideko delegatuak bertako langileen ikuspegitik aztertu du legea. Horrela, gogoratu du Lanbide zuzenbide pribatuko erakunde publiko izan zela iraganean 11 hilabetez, eta denbora-tarte horretan langileen kudeaketa negargarria izan zela.

Lanbide zuzenbide pribatuko entitate publiko bihurtzea herritar zein langileentzat “arriskutsua” dela adierazi du Artetxek: “Desabantailak baino ez ditugu ikusten, baita kontrol ekonomikorik eta kudeaketa-kontrolik ez izatea ere, Funtzio Publikoak gainbegiratu beharko ez duelako”.

LABen iritzia “1.000 milioi euroko aurrekontua eta 1.200 langile dituen erakunde autonomo batean pribatizazioari ateak irekitzearen aurkakoa” dela gaineratu du Artetxek, eta aldaketa bultzatu duten alderdien aldetik justifikazio eta aldaketa horren beharraren azalpen serioa eskatu ditu.