2025-12-29
Blog Page 225

Andoaingo posta zerbitzuan kontratazioen beharra oso premiazkoa da

Andoaingo Correoseko langileok salatu nahi dute enpresaren kontratazio-ezaren politika muturrera iristen ari dela. Astelehenaz geroztik, herrian dauden 8 ataletarako 3 postari besterik ez daude.

Posta Zerbitzu Unibertsala ez da betetzen ari, gutunak pilatzen ari dira -lehentasuna paketeak ateratzea baita, eta denbora izanez gero, jakinarazpenak-. Gutunek egunak daramatzate banatu gabe. Andoainen hedadura kontuan hartuta, egoera gainkarga eta estres onartezina eragiten ari da bertan lanean dihardutenengan.

Orain hutsik dauden lanpostu horiek duela hilabete batzuk programatutako oporrengatik dira, eta joan den asteaz geroztik izandako bajengatik, astelehenaz geroztiko bat izan ezik. Beraz, enpresak behar besteko denbora-tartea izan du hain beharrezkoak diren kontratazioak egin ahal izateko. Langile gehiago lehenbailehen kontratatzea eskatzen dugu.

Amazonek negoziazioari uko egin dio eta errepresioaren bidetik jarraitu du

Azken asteetan, hainbat langilek enpresaren partetik zigor larriak jaso ditu (enplegua eta soldata etetea) Trapagarango lantegian, nahiz eta egotzitako gertakarien frogarik ez egon edo enpresak ezarritako lan-erritmo jasanezinaren ondorio izan.

Alde batetik, bi langile zigortu dituzte zinta garraiatzailea gelditzeagatik, zirkulatzen ari ziren pakete guztiak ezin kudeatu izanagatik, guztiz onartezina den lan-karga dela-eta.

Bestalde, ordezkari bat zigortu dute nagusi baten argazkia “karikaturizatzeagatik”, inolako frogarik gabe. LABek oso larritzat jotzen du Amazonek bide errepresibo-bide horretatik jarraitzea eta sindikatuko ordezkari bat zigortzea frogak aurkezteari uko eginez (existitzen ez direlako ). Jarrera horrek enpresak hilabete hauetan erakutsi duen estrategia antisindikalari erantzuten dio. Azken mugimendu horiek Amazonek azken hilabeteetan hartutako estrategiaren barruan kokatzen dira. LABek Trapagarango Amazon zentroan hitzarmen propio bat negoziatzeko garatutako ekintza sindikala hasi zuenetik, erraldoiaren erantzuna beti izan da berdina: Bizkaiko garraio-hitzarmena aplikatzen jarraituko da, nahiz eta ez dion erantzuten zentro logistiko baten errealitateari eta ez dituen langileen beharrak asetzen. Enpresak ez du inola ere negoziatu nahi. Eskubideak defendatzeko borrokara jotzea baino beste aukerarik izan ez duten honetan, langileek lanuzteak egin dituzte, baita ia behargin guztiek babestutako greba-egunak ere. Bada, identifikatu eta jipoitu dituen polizia bidaltzea izan da erantzuna, beste behin ere. Gauzak horrela, itxikeriaren aurrean negoziazioaren aldeko apustua egiten jarraitzen du LABek, ezein zigorren aurrean arrazoiz josita baitaude langileak. Hori dela eta, Trapagarango Amazonen hitzarmen propio baten alde borrokan jarraitzeko asmoa daukagu.

Hitzarmen onak borroka bidez soilik lortzen direla berretsi dugu metalgintzako ordezkarien batzarrean

Gipuzkoako metalgintzako itxiera batzarra egin dute LABeko delegatuek Eibarren, eta negoziazio prozesua baloratu dute. Borroka eginez gero hitzarmen hobea lor zitekeela berretsi dute, eta salatu, horren aldeko jarrera hartu beharrean, ELAk eta UGTk ADEGIri bake soziala oparitzeko erabakia hartu dutela.

Batzarrean parte hartu dute Araba, Bizkai eta Nafarroako ordezkariek ere. Hala, balioan jarri nahi izan dituzte herrialde horietan egindako borrokak.

Ordezkari horiek ere azaldu dute euren borrokak nolakoak izan diren eta argitu dituzte horietan sindikatu bakoitzak izandako posizioak. Halaber, patronalen posizioak mugitzeko eta urtetan izoztuta izandako hitzarmenak hobetzeko borrokak izandako garrantzia nabarmendu dute.

Dei egiten dugu Gasteizko hilketa matxista arbuiatzeko deialdietan parte hartzera

Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak mobilizazioa deitu du gaurko Arabako hiriburuan, 19:00etan Andra Mari Zuriaren plazan, hain zuzen ere. Bihar Bilbon (19:00etan Arriaga plazan), Donostian (19:00etan Bulebarrean) eta Iruñean (20:00etan Udaletxe plazan) ere egingo dira elkarretaratzeak. LAB sindikatuak herritarrei dei egiten die horietan zein aurrerantzean iragar daitezkeen hitzorduetan parte hartzera.

Jarraian, Emakumeen Mundu Martxak plazaratutako oharra:

Orion gertatutako erailketa matxistatik egun gutxitara, Gasteizen gertatutako beste erailketa matxista baten berri izan dugu. Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxatik gure herrian aurten gertatu den bigarren erailketa matxista hau gogor salatu nahi dugu.

Maialen zuen izena, 32 urte Gasteiztarra. Haurdun zegoen bere bikotekide ohiak erail zuenean eta logelan hiru urteko haien semea ere bazegoen.

Ezin ahantzi beraz, kasu honetan indarkeria patriarkalak hainbat dimentsio izan dituela, umeen kontrako biolentzia hain zuzen ere. Beraien bizitzetan indarkeria-egoerak bizi dituzten umeak horren zuzeneko jasotzaileak dira. Kasu hau indarkeria horren egoera latzenetarikoa izan da, eta Maialen ez ezik, bere umea ere indarkeria matxistaren zuzeneko biktima da.

Maialen orain dela gutxi arte Valentzian bizi zen eta bertan “muturreko arriskuko biktima”gisa katalogatuta zegoen, eta haren hiltzaileak berarekiko urruntze agindua zuen ezarrita. Halere, antza denez Euskal Herrira bueltatu zenean, joan den astean, Ertzaintzak , “arrisku kategoria, oinarrizko kategoriara” jeitsi zion.

Honen aurrean, epaitegiari eta Ertzaintzari zergatik Maialeni muturreko arriskuko biktima kategoria ez zioten onartu argitu dezatela eskatzen diogu. Beste behin ere, agerian geratzen dira haien mugak eta indarkeria matxistarekin behingoz amaitzeko estrategia integral oso baten falta dutela.

Jarraitzeko lehenik eta behin gure samina eta elkartasuna adierazi nahi diogu Mailenen familia eta lagunei. Baina horrekin batera, nazkatuak gaudela ozen aldarrikatu nahi dugu. Indarkeria matxista ahalbideratzen dutenjarrera konplize guztiekin amaitzea eta erasotzaileei aurre egitea jendarte osoaren ardura izan behar du. Bada garaia beraz, aurrera urrats handiagoak emateko norabide horretan eta bakoitzak bere esparrurtik dagokion ardura har dezan.

Indarkeria matxista ez duelako etenik izango gizartea egituratzen duen matxismoarekin amaitu arte. Indarkeria hau sistema heteropatriarkalaren ondorioa baita.

Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxatik indarkeriarik gabeko bizitza izateko eskubidea aldarrikatzen jarraituko dugu. Nazkatuta eta batzuetan nekatuta egon arren, badakigu borrokatzen eta kalera irteten jarraitzea besterik ez dugula.

Ozen esaten dugu feminismoaren bidea dela soilik gizartea errotik aldatuko duen bidea. Autodefentsarako deia egiten dugu, feministak batu behar gara gizartea errotik aldatzeko. Bizitza bizigarrien aldeko apustu erradikal bat egiten dugu, indarkeriarik, arrazakeriarik eta gorrotorik gabea.

Nekane Olalde: “Emakumeon* lana ikusgarri egin behar da”

Maiatzaren 28a da Emakumeen* Osasunaren Nazioarteko Eguna. Testuinguru honetan, LABek emakumeok* osasunerako eta lan osasunerako dugun eskubidea aldarrikatzen du. Sektore feminizatuetako emakume* langileoi ahotsa emateko helburuarekin Nekane Olalde elkarrizketatu dugu. Ermuako Abeletxe egoitzako gerokultorea da eta 14 urte daramatza honetan lanean. Sektore feminizatuetako lan osasunaren egoera “penagarria” dela adierazi arren, borrokarako eta gauzak aldatzeko determinazioa erakusten ditu.

Zein da zuen egoera lan osasunaren aldetik? Ze arazo daukazue?

Abeletxen beti izan da larria egoera, beti ibil gara eskas. Denetariko arazoak ditugu, hezurretakoak, psikosozialak… Tratu txar psikologikoak egiten dizkigute eta horrek oso estres handia sortzen digu. Gutxienekoekin ari gara lanean eta egoera penagarria da.

Nola gauzatzen da tratu txarra?

Badakit hitz potoloa dela, niri inork ez dit muturreko bat ematen, ez da fisikoa, baina ez dituzte bajak estaltzen, ez ordu sindikalak, ez eszedentziak ez ezer. Beti ari garenez gutxienekoekin lanean, honek esfortzu gehigarri bat egitera behartzen gaitu, %200era egin behar dugu lana, eta estres handia eragiten digu honek. Nik neuk bihotzeko bai izan nuen ia 2017an. Gauez lan egiten dut eta bakarrik egoten naiz 33 egoiliar artatzeko, eta dena zure gain dago.

Ez da bakarrik ahalegin fisikoa, baita eskumuturrak, bizkarrezurra… Bajan dauden lankideak ditut estresagatik, arazo muskulu-eskeletikoengatik, antsietateagatik. Gainera, zigortu egiten gaituzte gure lana uste duten bezala ez egiteagatik, eta horrek estres handiagoa sortzen du. Beti zaude beldurrez. Beste kontu bat da mutulitateek egiten dutena, beti ukatzen baitute osasun-arazoak lanak sortutakoak direla.

Eta nola aurre egiten diezue egoera horiei?

Enpresaren aurkako etengabeko borroka da. Bizitza osoa ematen dugu garabiek edo orga beroek funtziona dezaten eskatzen, bajan dagoen jendea, ordu sindikalak edo eszedentziak ordezkatzeko eskatzen; bestela, ezin da lana aurrera atera. Beldur handia dago, emakumeak* gara denok, langile migrante asko dago, 800 euroko alokairua ordaindu behar duena gure 1.100 euroko soldatekin, lanaldiaren % 50 edo 33ko kontratuekin (azken horiek dira ohikoenak Abeletxen). Damoklesen ezpata buru gainean dugula egin behar dugu lan. Gainera, materiala egoera txarrean dago. Lau garabi ditugu eta ez dabil bat ere. Eta enpresa beti ibiltzen da materialarekin zuhurkerian, merkeena eta kalitate eskasenekoa erosten dute.

Oraindik ere lan eremuan asko dago egiteko?

Bai. 23 asteko haurdun zegoen lankide bati baja ukatu zioten, eta hori gure lana fisikoa dela batez ere. Beste lankide batek 7 hilabeteko umekia galdu zuen sukaldeko orga batek sabelean jo zuenean. Adibidez, sindikatuaren lan-osasuneko ikastaroan 40 kiloko kutxa bat lurretik nola altxatu azaldu ziguten, baina nik nahi dut norbaitek azal diezadala nola mugitu 100 kilo pisatzera irits daitekeen adineko bat. Planteamendua industrian oinarritzen da, gehienbat gizonek lan egiten duten sektoreetan.

Lan arriskuen prebentziorako politika publiko eta pribatuetan generoaren ikuspegia falta dela uste duzu?

Erabat, orain arte ikusezinak izan baikara. Nik menopausia daukat, hezurretan deskaltzifikazioa eta beste sintoma batzuk sortarazten dizkidana. Eta inork ez du horretan pentsatu. Niri esaten didate 67 urte eta 4 hilabete bete arte lan egin behar dudala. Zuk uste duzu ni adin horretara arte egon naitekeela lanean hezurrak ditudan bezala edukita? Egin al da horri buruzko baloraziorik? Lan-arriskuen legea metalerako eta gizonentzat egina dago, ez feminizatutako beste sektore askotarako eta emakumeontzat*. Sexu-jazarpenaren kasuan, ez dugu egoiliarren balizko jazarpen-egoeren aurrean babesteko mekanismorik. Emakumeongan* eta sektore feminizatuetan ere pentsatzen hasi behar dugu.

10 urtean, emakumeon* laneko gaixotasunak % 44 gehitu dira eta hori aitortutakoak baino ez dira, badakigulako askoz gehiago direla. Gaixotasun profesional gehienak ez daude aitortuak. Ondorio fisikoetaz gain, arrisku psikosozialak ere badaude?

Abeletxen, arrisku psikosozialek eragiten duten bajen % 40, eta iraupen luzeeneko bajak arrisku hauek eragindakoak dira. Badaukat lankide bat etxera joaten zela gaizki egindako lan baten sentsazioarekin, eta horrek gainditu egiten zuen. Erakundeek tratu txarrak ematen dizkiete egoiliarrei, eta hori modu askotara gerta daiteke, adibidez, egoiliar bati esaten diogunean oraindik ezin duela komunera joan, ezin dugulako eraman daukagun lan-zamagatik.

Horretaz gain, askotan emakumeon* gain gelditzen dira zaintza lan gehienak, lanaldi bikoitzak eta hirukoitzak sortuz. Horrek, gure ongizatean, gorputzetan eta osasunetan eragin negatiboak dakartza.

Lanaldi bikoitza dugu. Gaur egun dena pixka bat hobetu bada ere, normalean emakumeok* gara etxea eramaten dugunak. Lanera noanean saiatzen naiz etxeko arazoak atean uzten, guztiarekin sartzen banaiz, asko kostatzen baitzait. Eta egoitzatik atera eta etxera noanean laneko kontuak bertan uzten saiatzen naiz. Erabat estresatzen zaituen lan bikoitza da. Denbora guztian % 200 ematen egon behar dugu, eta zenbat denboran eutsi ahal diogu % 200 emanez? Gure osasunaren kontura egiten dugu guzti hori. Lehen goiz eta arratsaldez lan egiten nuen, eta gauez hasi nintzen lanean, lana ez zedin hain estresagarria izan niretzat. Pertsonekin lan egiten dugunez, lana etxera eramaten dugu, eta gure akatsek eroriko edo kolpe txarren bat eragin diezaiekete.

Zein da egoera honen aurrean aldarrikatzen duzuena?

Lan-osasunaren arloan, emakumeok* ez gara esistitzen. Arriskuen ebaluazioak emakumeon* gaixotasunak ere kontuan hartuta eguneratu beharko lirateke. Gurea bezalako sektoreetan ez dago aitortutako laneko gaixotasunen zerrendarik, are gehiago, mutualitatera zoaz eta artrosiarekin jaio zarela esaten dizute. Eta galdetzen duzu ia hori ez ote den lanaren ondorioz izango. Geure burua erakutsi behar dugu. Arriskuen ebaluazioak egiteko irizpideak eguneratu behar dira, emakumeok normalean egiten ditugun lanak kontuan hartuta: jendaurrekoak, zaintza-lanak…

Gizartea hasi da gu ikusten. Abeletxen 3 gizon eta 121 emakume* ari gara lanean, eta haien aldagela gurea baino handiagoak da ia. Emakume* langileok agerikoagoak izan behar dugu, eta kontuan hartu behar dira emakumeen adinak sortutako egoerak, hala nola menopausia. Ez gaituzte kontuan hartzen, adibidez, maskara lantoki guztietatik kendu da, baina guk harekin lanean jarraitzen dugu.

Lan osasunean ikuspegi feminista behar dela aldarrikatu dugu

Gaur, Emakumeen* Osasunaren Nazioarteko Egunean, lan osasunean begirada feminista txertatzearen beharra aldarrikatu dugu. Izan ere, gaur-gaurkoz ez dago genero ikuspegirik lan arriskuen prebentziorako politiketan.

LAB sindikatuaren irakurketa osoa hemen:

Lan osasuna ikuspegi feministatik ulertzeak esan nahi du segurtasun eta higiene arrisku klasikoetatik harajo joatea, sexuaren araberako lan banaketaren ondorioak gure ongizatean, gorputzetan eta osasunean dituen eragin negatiboak kontuan hartzea eta sektore feminizatuetako gaixotasun profesionalak aitortzea; hala nola, aitortu gabeko zaintza lanei lotutako arrisku psikosozial guztiak.

Hamar urtean emakumeen* lan gaixotasunak %44 handitu dira, datuen arabera, baina errealitatea gordinagoa da, emakumeek* bizi duten prekaritate egoeragatik eta Mutua Patronalek ukatu egiten baitute patologiek lanarekin zerikusia dutenik.

Lantoki osasungarriak lortzetik eta emakumeen+ osasunaren berezitasunak kontuan hartzetik oso urrun gaude oraindik. Horregatik, lan osasuna ikuspegi feministatik ulertzeko unea dela aldarrikatu dugu, baita lan osasunean prebentzio praktika eraginkorrak behar ditugula ere.

Lan-hitzarmenaren negoziazioan aurrera egitearen aldeko mobilizazioak iragarri ditugu Michelin Gasteizen

Datorren astean protesta ekimenak eta grebak egingo dira, enpresak mahaitik altxatzea erabaki baitu negoziazioa oraindik amaitu ez denean.

Aldarrikapen nagusiak dira, alde batetik, KPIari lotutako soldata berreskuratzea eta bermatzea, hau da, erosteko ahalmena galdu gabe. Gainera, langileek lanaldia murriztea eta Team Building delakoa kentzea eskatu dute. Azkenik, diru-sarreren soldata kentzea ere aldarrikatzen dute.

Horregatik guztiagatik, maiatzaren 30ean elkarretaratze bat egingo da ate nagusian, 13:00etatik 14:30era. Egun horretan bertan, arratsaldean, manifestazioa egingo da Gasteizko kaleetan barrena, 18:30ean Bilbo plazatik abiatuta.

Aurreikusitako greba-egutegiari dagokionez, txandaka antolatuko da, eta lanuzteak maiatzaren 31n eta ekainaren 2an, 3an eta 5ean egingo dira.

Gipuzkoako kiroldegien hitzarmenean aurreakordioa #LortuDugu

Sektorea erregulatzea dakar akordioak, lan baldintzak nabarmen duindu eta eskalekin amaituz: soldata igoera garrantzitsuak lortu dira eta urteko lanaldia 96 ordu jaitsiko da.

Hitzarmenik gabe 10 urte baino gehiago eman ondoren, LABek, sektoreko sindikatu nagusiak, aurreakordioa erdietsi du Gipuzkoako kiroldegien hitzarmena berritzeko. Sektoreko langileen lan-baldintzak duintzeaz gain, sektoreko hitzarmen kolektiborik ez egotearen ondorioz sortu diren eskala bikoitzekin eta hirukoitzekin amaitzen duen hitzarmena da. Hauek dira aurreakordioaren gai nagusiak:

  • Indarraldia: 2023-2027.
  • Ultraktibitatea: mugagabea. Behin indarraldia amaituta, hitzarmena aplikatzen jarraituko da hura ordezkatuko duen beste hitzarmen bat sinatu arte.
  • Soldatak:
    – 2023: 2012ko kiroldegien hitzarmeneko soldata-taulekiko % 12ko igoera.
    – 2024, 2025, 2026 eta 2027. urteetarako, aurreko urteko KPIaren araberako igoerak.
  • Urteko lanaldia: 1592 ordu (astean 35 ordu). 96 orduko murrizketa.
  • Konpentsazio ekonomikoa: 2024-01-01etik aurrera hitzarmena aplikatzen hasten zaien langile guztiek igarotako urte bakoitzeko KPIren pareko ordainsaria jasoko dute.
  • Gainerako puntuak: kiroldegien aurreko hitzarmeneko artikuluei eutsiko zaie.

Hauteskunde sindikalek agertoki berria ireki dute Gipuzkoako kiroldegietan: 2013an, LABek %28ko ordezkaritza zuen sektorean, 7 ordezkarirekin; 2023an, %50 lortu du, eta 28 ordezkari. Indar korrelazioa aldatu eta gehiengoa lortuta, LABek sektoreko hitzarmenaren negoziazioa sustatu du — ELAren zentrokako estrategia gaindituz— hitzarmen sektoriala delako kiroldegietako langile guztien lan-baldintzak hobetzeko tresnarik eraginkorrena.

Sektoreko langileek LABengan jarri duten konfiantza eskertu eta egindako borroka txalotu nahi du sindikatuak.

Lizarrako Ospitaleko gerentea berehala kargutik kentzea eskatu dugu, esklusibotasuneko praktika txarrei kasurik ez egiteagatik

Atzo jakin bezala, Nafarroako Ustelkeriaren Aurkako eta Jardunbide Egokien Bulegoak egiaztatu du Osasunbideko esklusibotasunean zenbait praktika txarren “zantzu argiak” daudela. Praktika txar horiek, adibidez, Garcia Orcoyen Ospitaleko zerbitzuburu bati eragiten diote zuzenean, baina ospitaleko gerenteak, Yolanda Montenegrok, ez ikusiarena egin du eta, horregatik, eskatu dugu hura berehala kentzeko kargutik.

Legegintzaldiaren hasieratik salatu dugu Lizarrako osasun barrutian egiten ari den kudeaketa txarra: zerbitzuburuen dimisio orokorrak, bat-bateko obrak, etxeko ospitalizazioa ixteko ahalegina, Tuterako espezialistengana bideratzea… Eta arazo horien guztien aurrean Osasun Departamentuak ez du inolako ekintza zuzentzailerik egin, eta Lizarrako osasun barrutiko profesionalen lan-baldintzen prekarizazioa ekarri du, eta, horrekin batera, herritarrentzako arretaren eta irisgarritasunaren kalitatea okertu da.

LAB sindikatuan oso argi daukagu gerentzia honen helburua arreta publikoa kentzea eta oztopatzea dela, interes pribatizatzaileak sustatuz eta Lizarrako osasun barrutiak behar bezala funtziona ez dezan lan giro deserosoa sortuz.

Behin baino gehiagotan eskatu diogu zuzendaritzari zerbitzuburuaren egoera zuzentzeko, esklusibotasunaren kobrantza, zerbitzuburutzarekin eta kontsulta pribatuko jarduerarekin bateratzen baitzuen. Jakina, zaku zulatuan erori izan da eskaera hori. Arlo guztietan eragina duten praktika txar horiek Sindikatu Medikoak esklusibotasuna kentzeko eta praktika horiek arautzeko egindako eskaeraren ondorio dira.

LABetik, Lizarrako osasun barrutiko lehen indar sindikal gisa, berehalako neurriak eskatzen ditugu pribatizazioa sustatzen duten, “praktika txarrak” ezkutatu eta errazten dituzten eta lan-egoera onartezinak sortzen dituzten agenteak kentzeko. Arlo publikoaren defentsan langileok, herritarrek eta eragile politikoek fronte argi eta komuna egin behar dugu.