2026-07-07
Blog Page 224

Arabako egoitzetako langileek ikatza eraman diete Urkullu, Gonzalez eta Urtarani

Asteko bigarren greba eguna izan dute gaur Arabako egoitzetako langileek hitzarmen duinaren alde. Gaurko mobilizazioan, ikatza eraman diete Urkullu EAEko Lehendakaria, Ramiro Gonzalez Ahaldun Nagusia eta Gorka Urtaran Gizarte Politiketako Foru Diputatuari.

Manifestazioa egin dute, Gasteizko Plaza Berritik abiatuta eta ondoren, instituzioak interpelatu dituzte Arabako Mugimendu Feminista, Zaintza Arabako, Arabako pentsionistak eta Babestu Araba kolektiboekin. Olentzero eta Mari Domingi ere langileekin egon dira Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean.

EAEko Gizarte Ekimeneko ikastetxeetan greba eskubidea urratzeko ahaleginak salatu ditugu

Lan hitzarmen berriaren alde, bost egunetako greba zikloan murgilduta daude EAEko gizarte ekimeneko ikastetxeetako langileak. Gaur, asteko hirugarren greba egunean, baterajotzea egin dute Bilbon, eta Jaurlaritzak Kale Nagusian duen egoitzatik abiatu dute manifestazioa. 5.000 langile inguru bildu dira bertan, eta greba %65 eta 70 bitarteko babesa izaten ari da orohar.

Salatu nahi dugu Lan Sailak ezarritako zerbitzu minimoen gehiegikeriaz gain, ikastetxe ugari zerbitzu minimo horien iruzurrezko aplikazioa egiteko saikerak egiten ari direla, greba zapuzteko asmoz. Langile askori greba egiteko eskubidea ukatu eta oztopatu zaio.

Hala eta guztiz ere, balorazio positiboa egiten dugu. Grebek babes handia izan dute, eta milaka langile dira hainbat ekintza eta mobilizazioetan parte hartzen ari direnak. Esaterako, gaurko Bilboko manifestazioan 5.000 langile inguru elkartu dira.

Helburua da 2021ako abendutik iraungita dagoen hitzarmena lehenbailehen berritzea. Aurreko hitzarmenak 10 urte eman zituen berritu gabe, eta 29 greba egun egin behar izan zituzten langileek hitzarmen berria lortzeko.

Kristau Eskola patronal nagusiari eskatzen diogu publikoki adierazi duen negoziaketerako borondatea isla dadila mahai negoziatzailean, benetako edukiekin. Azken mahaitik 9 hilabete igarota, azaroaren 27rako mahai negoziatzailea deitu zuten Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalek mobilizazioek behartuta. Baina ez zuten ekarri inolako proposamenik.

Hezkuntza Sailari berriz, gatazka honen irtenbidean parte har dezala eskatzen diogu, beste aldera begiratu ordez. Hezkuntza Saila ez da edozein eragile, eta esparru honetako langileen lan baldintzekiko ardura berea ere bada.

Bihar osteguna, mobilizazio deszentralizatuak

Bilbon, manifestazioa egingo dute 11:30ean Eskolapioen ikastetxetik (kalejira, zutabe eta kontzentrazioez gain), Donostian, ordu berean kontzentrazioa egingo dute Kristau Eskolaren egoitzaren aurrean eta Gasteizen, beste horrenbeste egingo dute Egibideko Jesus Obrero ikastetxearen aurrean.

Hego Euskal Herrian 263 langileri eragingo dien Telefonicako Enplegu Erregulazio Espedientearen aurka mobilizatu gara

Hilabete hasieran izan genuen Telefonica de España S.A.U. enpresak Estatu mailan ezarri nahi duen Enplegu-Erregulazioko Espedientearen (EEE) berri. Horren bidez, kaleraketa kolektiborako prozedura bat gauzatu nahi da, zeinak, Hego Euskal Herrian, 541etik 263 langileri eragingo dien; hots, plantillaren %48,61ari. Honen aurrean, mobilizazioa egin dute LABeko kideek Bilbon, enpresak Artxandan duen egoitzaren aurrean.

LAB sindikatutik erabateko arbuioa adierazi nahi dugu Telefonicak abiatu duen prozedurarekiko eta honek suposatuko duen enplegu suntsiketa masiboarekiko. Are gehiago, azken hiru urteetan 11.782 milioi euroko irabaziak lortu dituela jakinda, eta kontuan izanik kaleratu nahi dituen langileak izan direla aipatutako hobariak sortu dituztenak.

Enpresak beharrezkoa ikusten du, “zerbitzua hobetze aldera, hainbat programa eta ekimen modu progresiboan ezartzen joatea, konpainiako esparru ezberdinetako digitalizazioa, automatizazioa eta efizientzia bermatu ahal izateko”. Hitz hauekin justifikatzen du Telefonicak kaleratze kolektiborako prozedura aurrera eraman behar izatea.

LABen ustez, ordea, badaude Telefonicaren zerbitzua egungo beharretara moldatzeko bestelako aukerak; esaterako, lanaldiaren murriztapena edo langileentzako formakuntza aproposa eskaintzea, enpresak erronka berriak gainditu ahal izan ditzan. Aldiz, Telefonicak, irabaziak pilatzen jarraitzeko desio aseezina dauka.

Bestelako aukera horiek jorratu eta plantilla kaltetua modu eraginkorrean babestua izan dadin, Hego Euskal Herrian negoziazio mahai propioa zabaldu dadin exijitzen dugu; izan ere, hemen errealitate sozio-ekonomiko eta sindikal propioa daukagu.

Hemen lan egiten badugu, hemen erabaki behar dugu.

Hernaniko SETE enpresako langileek greba egin dute gaur nominak ez dizkietelako ordaintzen

Nominak ez ordaintzeaz gain, 2020-2022 urteetarako sinatutako enpresako hitzarmeneko igoera ez zitzaien aplikatu, eta beraz, 2022ko eta 2023 igoerak zor dizkiete oraindik. Gainera, salatu dute hurrengo urteetarako hitzarmenaren negoziketetan enpresak ez du aurrera pausurik ematen.

Hartzekodunen konkurtso bat pasa ostean, SETE saldu egin zen, baina jabe berriek nominak egunean jarri gabe jarraitzen dute. Hilabetero hilabetero ordainketak atzeratzen dira eta egoera hau urteetan luzatu da. Hori guztia dela eta, langileen bizi baldintzak erabat kaskartu dira eta askotan, hileko nomina kobratu gabe lanera joaten dira dirua noiz jasoko duten jakin gabe.

Egoera hau jasanezina bihurtu da langileentzat eta bere familientzat eta honek greba hau egitera eraman ditu. Aski dela esateko garaia da! Langileok ez dugu onartuko gure diruarekin jolasten jarraitzerik. Enpresak zor dizkien nominak egunean jarri arte, astero greba egingo dutela adierazi dute, euren esanetan “borroka eta elkartasuna baita langileok dugun aukera bakarra”.

Garraio sektorean heriotza gehiagorik ez

Gaur goizean Tuterako la Serna industriagunean beste garraiolari bat azaldu da hilik bere kamioan. 55 langilek galdu dute bizia 2023an dagoeneko, eta garraiolarien artean bederatzigarrena da hau.

Ikerketak zabaldu duenaren arabera, istripu ez traumatikoa izan da heriotza eragin diona. Aurtengo ezbeharren txostenean LABetik salatu dugu orokorrean istripuz hildakoen %33 direla “ez traumatiko” gisa tipifikatuak. Garraiolarien artean, aldiz, 2022an %75 izan ziren “ez traumatikoak”. Honek argi erakusten du garraiolarien lan baldintzek istripu kardiobaskularretan duten eragin zuzena, lanpostuen prekarizazio etengabea tarteko.

Garraioaren sektorea da laneko ezbeharren gaitza gehien pairatzen dutenetako bat. Iaz 11 garraiolari hil ziren lan-istripuz. Ez gara nekatuko lan-istripuak lan-baldintza txarren eta prebentzio eta segurtasun-neurri faltaren ondorio direla salatzeaz.

Oso prekarioak dira garraioaren sektoreko lan-baldintzak: lanaldi luzeak, estresa, presioak, garraioagatik ordaintzen duten prezio baxua, lan baldintzen eraginez modu osasuntsuan elikatzeko zailtasunak, eta abar. Horregatik diogu garraioaren sektorean gertatzen diren lan-istripu gehienak guztiz ekidin daitezkeela, eta borondate politikoa baino ez dela behar garraiolarien lan-eskubideak bermatu eta errespetatzeko neurriak jartzeko, baita erakunde publiko eta enpresa guztien inplikazioa ere.

Prekaritatearekin amaitu behar da. Patronalaren inpunitatearekin amaitu behar da. Erakundeek ezin dute segi bete aldera begiratzen, bestela gertatutakoaren konplize izango baitira.

Arabako egoitzetan hitzarmena beharrezkoa dela oihukatu dugu gaurko greba egunean

Bihar eta etzi (abenduak 13 eta 14) ere grebara deituta daude nagusien egoitzetako langileak.

Ia hiru urte eman ondoren patronalarekin negoziatzen sektoreko langileentzako baldintzen hobekuntzak, Arabako egoitza eta etxebizitza komunitarioen lehen hitzarmen probintzialean jasoko direnak, joan den martxoaz geroztik negoziazioen blokeo egoera baten aurrean gaude.

Arabako egoitzak eta etxebizitza komunitarioak bezalako funtsezko sektore baten prekarietate nabarmena jasanezina da, ACRA, GESCA eta LARES patronalek ezin dute alde batera utzi sektoreko lan-baldintzak hobetzeko premia nabarmena, negoziazio-proposamen bat berretsiz, langileen aldarrikapenetatik oso urrun dagoena eta gatazka honen alde sozialetik ezin duguna onartu, horrek prekarietate-egoera hori betikotzea ekarriko lukeelako.

Adierazi dugun bezala, Arabako egoitzen eta etxebizitza komunitarioen sektoreko I. hitzarmena negoziatzen hasi zenetik, premiazkoa da sektoreko langileen eskaeretara hurbiltzea; soldatak nabarmen hobetzea; erosteko ahalmena bermatzea; lanaldia nabarmen murriztea, egungoa erabat jasanezina eta bizitzarekin bateraezina delako; baita sektoreko langileen funtsezko lana duintzen duten beste hobekuntza sozial batzuk ere.

Gatazka honen alderdi sozialetik, LAB eta ELA sindikatuok negoziazioei berriro ekiteko prest gaudela adierazi nahi dugu, negoziaketetan aurrera egiteko bide eta formula berriak bilatzeko, eta ACRA, GESCA eta LARES patronalei zentzuz jokatzeko eta gaur egun mahai gainean dauden baldintzak berriro kontuan hartzeko eskatzen diegu.

Sektoreko langileek argi eta garbi adierazi dute 30 greba-egunetan, eta herritarrek argi utzi zuten joan den azaroaren 30ean ere, greba feminista orokorrean, zaintza bizitzaren, gizartearen eta erakundeen erdigunean jarri behar dugula. Honek ezin du horrela jarraitu. Horregatik, sektoreko langile guztiek egiten duten lan izugarri eta baliotsua balioetsi nahi dugu, lan-baldintza duinen oinarri izango den lehen hitzarmen probintzial baten bidez.

Langileek argi utzi dute, ez dute kategoria baxuenetako lanbide arteko gutxieneko soldataren inguruko proposamenik nahi, ez dute 2028an 1742 orduz lan egin nahi, ez dute 2028an gerokultoreek 1340 euro gordin kobratzeko proposamenik nahi. Ez dugu aitzakiarik nahi eta borondate ona nahi dugu, orain arte falta izan zaiguna.

Azkenik, Foru Aldundia ere interpelatu nahi dugu, beste alde batera begiratzeari utz diezaion eta gatazka honetan bitartekari lanak egin ditzan. Foru Aldundiak, aitortu ez arren, erantzukizun zuzena du gatazka honetan. Urtaran, bada garaia zure hitzak egintzetan gauzatzeko, hitzak galeriari begira ez esateko, enpresak sektoreko langileen baldintzak nabarmen hobetzera behartzeko, eta egoitzetako laguntza integraleko proiekturako 2024ko aurrekontuetan dituzun 8,2 milioi euroak sektoreko langileen baldintzak hobetzen inbertitzeko.

Ez dugu komunikatu hau itxi nahi sindikatuok negoziazioekin jarraitzeko prest gaudela berriro azpimarratu gabe.

Abenduaren 19an ere sektore publikoko lantokiak hustu eta kaleak beteko ditugu

Urriaren 25erako LAB, ELA, CCOO, STEILAS, SATSE eta ESK sindikatuok bat egin, eta «zerbitzu publikoak indartzeko soldata eta enplegua hemen adostu» lelopean eta aldarrikapenak adostuta, milaka langile lan zentroak hustu eta hiru hiriburuetako kaleak bete genituen. Datorren asteartean, 19an, berriro egingo dugula adierazteko mobilizazioak egin ditugu gaur EAEko administrazio eta enpresa publikoetako lantokietan: haurreskolak, eskolak, institutuak, unibertsitatean, ospitaleak, osasun zentroak, udalak, aldundiak, Jaurlaritza, enpresa publikoak…

Arduradun instituzional eta politiko batzuk, lehendakaria buru, greba zapuzten eta egoeraren erantzukizuna gainetik kentzen saiatu ziren, eta halaxe jarraitzen dute. Urriaren 25eko grebaren arrakastak, eta sektore publikoan etengabe dauden mobilizazioek EAJ mugimenduak egitera eraman dute. Mugimenduetako bat Madrilen PSOErekin langileon baldintzez negoziatzera behartuta ikusi duela bere burua izan da, mugimendu eskasa, baina mugitu behar izan da. Honek argi uzten du grebek eta mobilizazioek borondate politikoak aldatzeko gai direla. Horregatik jarraitu behar dugu mobilizatzen, eta datorren 19an berriro lantokiak hustu eta kaleak beteko ditugu.

Greba berriro ere arrakastatsua izango da, alderdiak eta instituzioak astindu behar ditugulako langile publikoon beharrak kontuan har daitezen: erakundeen aurrekontuetan lehenik, bestela negoziazio mahaietan ez da egongo zer negoziatu, inposizioak izango dira. Eta hau da aldarrikatzen jarraitzen duguna:

  • Estatutik datozen mugak ez onartzea, ez inposiziorik, ez betorik
  • %10eko soldata igoera dagoeneko jasotzea, eta aurreko zorra berreskuratzea
  • Enplegua sortzea eta egonkortzea, eta behin-behinekotasuna %8tik behera jaistea
  • Publikoa indartzea, pribatizaziorik ez, publifikatzeko planak adostea
  • Lan kargak arindu eta langileon osasuna bermatzea
  • Politika feministak, berdintasun-plan erreal eta eraginkorrak adostea
  • Administrazioak eta langileak euskaraz aritzea, iruzurrik ez
  • Jardunaldiaren murrizketa, 32 orduko lan astearen norabidean

Berriro diogu, borrokatzeko garaia da, eta datorren asteartea 19an berriro egingo dugu sektore publiko osoan!

Amazonen immobilismoaren aurrean, 5 eguneko greba deitu dugu Gabonetan Trapagarango lan-zentroan

2022ko Ciber Monday egunean (azaroaren 28an) lehen greba egin eta hamahiru hilabetera, Trapagarango Amazonen logistika zentroko 125 langileak nazkatuta daude, eta erabaki dute 5 eguneko greba deitzea, 2023ko abenduaren 17an eta 18an eta 2024ko urtarrilaren 3an, 4an eta 5ean, zentroko hitzarmen bat negoziatzeko eta prekaritatearen aurka.

2022ko abenduan, merkataritza elektronikoaren erraldoiaren zuzendaritzak mobilizazioei uztea eskatu zien langileei, elkarrizketari ekiteko eta enpresa batzordearekin esertzeko, zentroko hitzarmen bat negoziatzeko. Langileek 2022ko amaieran erabaki zuten mobilizazioak etetea, baina azken urtean, enpresa batzordearen eta Amazonen arteko hamar bilera baino gehiagoren ondoren, ez da aurrerapausorik eman.

Amazonen indarra laneko prekaritatetik dator; lanaldi luzeak, ordu gehigarrien gehiegizko erabilera, lan erritmo oso altuak, APPen etengabeko kontrola, plantillaren osasun fisiko edo/eta psikologikoari eragiten diona, eta ABLEen kontratazioen ondoriozko ezegonkortasun handia, banatzaileek subrogazio eskubiderik ez izatea, Garraioko Hitzarmena banatzaileen kolektiboari ez aplikatzea… gai horiek guztiak ez dira konpondu 2022ko urritik abendura bitartean egindako 4 greba egunen ondoren.

Amazonek lan prekaritatearen esker finantza egoera oso ona izaten jarraitzen du. 2023ko lehen hiruhilekoan, Amazonek 3.200 milioi dolarreko mozkin garbiak izan zituen mundu mailan, eta bigarren hiruhilekoan, % 11 hazi ziren bere diru-sarrerak. Irabazi garbia 6.700 milioi dolarrekoa izan zen. 2023ko laugarren hiruhilekorako, 160.000 milioi eta 167.000 milioi dolar arteko diru sarrerak aurreikusten ditu, 7.000 milioi eta 11.000 milioi dolar arteko mozkinekin zergen aurretik. Egoera ekonomiko horrekin, Trapagarango langileen lan-baldintzak hobetu gabe jarraitzen du Amazonek.

Egoera horren aurrean, Trapagarango Amazongo langileen batzarrak, LAB eta ELA sindikatuekin batera, erabaki du 5 eguneko greba deitzea, abenduaren 17an eta 18an eta urtarrilaren 3an, 4an eta 5ean.

Trapagarango Amazon zentro logistikoak, non 125 langile inguru ari baitiren, Bizkaia osoko merkataritza elektronikoaren erraldoiaren bezeroei banatzen dizkie paketeak, baita Araba, Gipuzkoa, Burgos eta Kantabriako zati handi bati ere.

Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako bigarren greba eguna ere milaka langilek babestu dute

Bihar Bilboko kaleetan bilduko dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako langileak manifestazio zentralizatu batean.

Gaur Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako bigarren greba eguna izan da. Gaur ere milaka langilek hartu dute parte LAB, ELA, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatuek EAEko hiru hiriburuetan antolatutako kotxe karabana, ekintza eta mobilizazioetan. Grebaren jarraipena ere atzokoaren oso antzekoa izan da, %65 eta %70 bitartekoa.

Sindikatuok arduraz jokatzeko eta Hitzarmena sinatzea ahalbideratuko duten edukiak mahai gainean jartzeko eskatzen diegu Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalei. Eta Hezkuntza Sailari gatazka bideratzeko esku har dezala, beste aldera begiratu ordez.

Bihar hiru lurraldeetako langileak Bilbon egingo den manifestazio zentralizatu batean batuko dira. Manifestazioa goizeko 11:30ean hasiko da Eusko Jaurlaritzaren aurrean (Kale Nagusia, 85).