2026-01-02
Blog Page 218

Politika eta jarduera instituzional arrazistarik ez. Mantero izatea ez da delitua, lana baizik

Ekainaren 18ko igande eguerdian, Bilboko Alde Zaharrean, bide publikoan kalez kaleko salmenta egiten zuten langileen aurka Udaltzaingoak eta Ertzaintzak prestatutako neurriz kanpoko aktuazio baten lekuko izan ziren hainbat auzokide eta bertatik pasatzen ziren oinezko.

Top-manta milaka migratu eta pertsona arrazializaturen biziraupen-estrategia bat da. Espainiar estatuko atzerritartasun legeak pertsona hauei enplegua baldintza duinetan lortzea ukatzen die eta ezkutuko ekonomian bizitzera kondenatzen ditu.

Guretzat, pertsona manterak langileak dira, eta eskatzen dugu administrazioak eta toki-erakundeek guztiontzako eskubide, aukera eta baldintza duinak berma ditzatela.

LAB sindikatutik egungo erakundeen politika arrazista eta indarkeria instituzionala gaitzesten ditugu. Politika instituzional horiek polizia-jardunbide desegokietarako baldintzak sortzen dituzte, hala nola neurriz kanpoko operatiboak, gehiegizko indarra erabiltzea edo etnia- eta arraza-profileko kontrolak, Arartekoak berak behin baino gehiagotan salatu duen bezala.

Halaber, operatibo horiek polizia demokratikoaren eta hurbileko poliziaren eredutik aldentzen gaituzte. Sindikatu eta polizia-elementu batzuen mezu segurokrata eta errepresiboa indartzen dute, eta gurea ez den eredu instituzional bati erantzuten diote.

LAB sindikatuak bat egiten du gaur SOS Arrazakeria Bizkaiak eta MBOOLO Manteroen Kolektiboak deitutako elkarretaratzearekin: ekainaren 19an, astelehena, 18:30ean, Bilboko Alde Zaharreko Bidebarrieta eta Victor kaleen kale-kantoian.

Manteroa izatea ez da delitua. Herri-elkartasuna ez da delitua.
STOP jarrera arrazistei. Guztiontzako eskubideak.

Politika eta jarduera instituzional arrazistarik ez

Langileon osasunaren aldeko borroka lantokietara, kalera nahiz Osalan eta NOPLOIra eramango dugu

LABeko koordinatzaile orokor Igor Arroyok eta Lan Osasuneko arduradun Inko Iriartek Bilbon emandako prentsaurrekoan jakinarazi dutenez, LAB Osalanen parte hartzen hasiko da ekainaren 29tik aurrera, Eusko Jaurlaritzaren politikaren gabeziak agerian utzi eta langileon osasunaren aldeko neurri zehatzak aldarrikatzeko.

Arroyok azaldu duenez, Osalanen parte hartzen hasteko erabakiak Biltzar Nagusian adostutako bi helburu nagusiri erantzuten dio. Lehenengo helburua, honako hau: kontrabotere ikuspegi batetik langileak antolatu eta Kapitalari eremu guztiak lehiatzea.

Lantokietan, kalean nahiz instituzioetan langileen aldeko politikak aldarrikatu eta borrokatzeko determinazioa dugu. EAEko instituzio nagusiek bizkar eman diote, urte luzez, langileon beharrei, kostu politiko gutxirekin eman ere berriki arte. Gehiengo sindikalaren esku-hartzerik gabe, parte hartze instituzionalerako guneetan jaurlaritzak ez du oposiziorik izan; Osalan eta bestelako erakundeak propaganda instituzionala egiteko erabili ditu.

Aldiz, azken hauteskundeetan ikusi bezala, langileok badugu zer esanik eta eragiteko gaitasunik esparru guztietan, baita esparru instituzionalean ere. Politika publikoetan aldaketak eragiteko, lantokietan eta kalean antolatu eta aktibatzea da dugun bermea. Ildo honetan, borrokaldi oparoa bizi dugu; langileek ahaldundu eta beraien eskubideen alde egiteko prest daudela erakutsi dute. Lantokietan eta kalean bildutako indar hori baliatuko dugu, erakundeetan ere aldaketak borrokatzeko.

LABen bigarren helburua langileon osasunaren aldeko borroka indartzea da. Azken hamarkada luzean ez da egon aurrerapauso esanguratsurik langileon osasunari dagokionean, areago, zenbait alderditan atzerantz goaz. Prekarizazio prozesuak eta prebentzio neurrien ez betetzeak, mutualitateek laneko gaixotasunak eta lan istripuak ezkutatzeko darabilten estrategiak eragin zuzena dauka langileon osasun galeran.

Arroyok salatu duenez, Eusko Jaurlaritzak ez du borondaterik prebentzio legea betearazteko eta enpresariei merkeago ateratzen zaie ez betetzea: “Enpresariak inpunitate osoz ari dira, horrela bakarrik ulertu daiteke, ekidin daitezkeen istripuak ekiditeko neurririk ez hartzea. ‘Aski da!’ esateko unea da. Lantokietan gure osasuna defendatzeko ekintza sindikala indartzera goaz. Kaleko mobilizazioak indartuko ditugu. Eta eremu instituzionalean ere lan osasunari dagozkion politika publikoen gabeziak agerian utzi eta neurri zehatzak aldarrikatzera goaz”.

Inko Iriartek, bere aldetik, LABek Osalanera eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutura (NOPLOI) eramango dituen aldarrikapenak azaldu ditu.

Lehenik eta behin, Osalan eta NOPLOIren izaera aldatzea proposatzen dugu: aholkularitza entitate izatetik, babes sozialeko, ikuskatzeko eta prebentzio sistema publiko eta propioa eraikitzeko tresna izatera. Horretarako, lan ikuskaritzaren transferentzia osoa eskuratzea defendatzen dugu, baita lan ikuskaritzaren eta lan osasunaren babeserako egitura publikoen arteko bat egitea ere.

Era berean, Osalan eta NOPLOIeko teknikariek ahalmen exekutiboa izatea eta prebentzio legearen arau hausteak detektatu eta zigortzeko profildun ikuskarien kopurua esponentzialki handitzea (Bizkaian 100, Gipuzkoan 50, Araban 25 eta Nafarroan 50) proposatzen du LABek. Ikuskatze lana bereziki indartu beharra dago honako sektore hauetan: basogintza, eraikuntza (alturatik erorketak), industria (makina-erraminta) eta sektore feminizatuak (gaixotasun psikologiko eta muskuloeskeletikoen kontrola, izugarri hedatzen ari direnak). Lan osasunean genero aldagaia aintzat hartzea ezinbestekoa da.

Bestalde,mutualitateen nahiz prebentzio zerbitzuen jardunbide txarrak ezabatzeko mediku-ikuskapenak burutzea eskatzen dugu, baita laneko gaixotasunen jarraipena egiteko erregistroa sortzea ere.

Azkenik, hildakoak eragin dituzten edota larriak izan diren la- istripuetan zein laneko gaixotasunez hildakoak dauden enpresetan prebentzio neurri eza dagoela ebatziko balitz, NOPLOIk eta Osalanek fiskaltzaren esku jarriko dute duten informazio guztia eta dagokion kasu penalean aktiboki parte hartzeko konpromisoa eskatuko du LABek.

Norabide horretan eragiten hasteko, konpromiso baten berri eman du Iriartek: Osalanen parte hartzeagatik LABek jasoko duen diruarekin funts bat sortuko du, lan istripuen eta laneko gaixotasunen ondoriozko prozedura penalak indartzeko erabiliko dena: “Bada ordua inpunitatearekin amaitzeko, ardurak eta erantzunkizunak argitzeko”.

Irati Tobar: “Hezkuntza Legeak trantsizio fase bat ahalbidetu behar luke”

Hezkuntzan gaurkotasun betekoak diren hainbat gai aletu ditu Irati Tobar LABeko Irakaskuntzako arduradunak, Naiz Irratian egin dioten elkarrizketan; nagusiki, Hezkuntza Legeari dagozkionak. Lege aurreproiektua hizpide hartuta, ereduari dagokionez hobetzeko asko duela nabarmendu du Tobarrek. Legeak “lurraldetasua, Euskal herriaren aitortza” jaso behar lukeela defendatu du, baita Euskal Herriak bere hezkuntza propioa eratzeko duen eskubidea ere: “Zergatik ez baliatu legea hezkuntza eskumenetan sakontzeko?”

Bestalde, LABek euskal hezkuntza zerbitzuari “publiko” abizena jarri izana ez duela ontzat jotzen berretsi du Tobarrek. Publikoak titularitate publikoa dutenak direla adierazi du, nahiz eta badiren izaera publikoa dutenak ere; ikastolak, kasurako. Halaber, “ituntze unibertsala pixkanaka mugatzeko” neurriak eskatu ditu, eta gaineratu, diru publikoa jasotzen duten ikastetxeen betekizunak “zorroztu” egin beharko liratekela, baita betekizun horiek ez betetzeak izan beharko lituzkeen ondorioak ere.

Edozein kasutan, legeak “trantsizio fase bat ahalbidetu” behar lukeela azpimarratu du Tobarrek, LABek jomugan duen sare publiko, bakar eta deszentralizaturako bidean. Bide horretan, sindikatuaren beste proposamen bat ere gogoratu du: titulartasun partekatuko ikastetxeak sortzea. Administrazio publikoak ikastetxeen titulartasunean parte hartzeak “kontrol publiko hobea” egiteko aukera ekarriko lukeela nabarmendu du.

Ereduari buruzkoak ez ezik, hezkuntzako langileen baldintzen ingurukoak ere izan ditu hizpide Tobarrek. Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailarekin erdietsitako akordioak ezarritako oinarriak gogoratu ditu, betiere, zehaztuz ondoren mahai negoziatzaile bakoitzera eraman beharko direla akordio orokor horretan jasotakoak. LABek Hezkuntza Legearen eztabaida hasi zenetik heldu dio lan baldintzen gaiari, eta horrekiko “arduraz” jokatu duela esan du: “Esaten genuen, ereduaz gain, lan baldintzetan ere emaitzak behar genituela, eta lorpenak behar genituela. Horrek ez du kentzen ereduari begira bataila batzuk ez ditugunik, izan euskalduntzeari dagokionez, eskola publikoa erdigunean jartzeari dagokionez, laikotasunari dagokionez nahiz lurraldetasunari dagokionez”.

Hemen entzun daiteke elkarrizketa, osorik: https://irratia.naiz.eus/eu/info_irratia/20230616/hezkuntzan-egun-dugun-ituntze-sistema-unibertsala-mugatzen-joan-behar-da

Michelin Lasarteko enpresa batzordeak grebei berrekin die eta zuzendaritzak negoziazioak berrabiaraztea premiazkotzat jotzen du

Gaur, hilak 16, txandakako grebak abiatuko dituzte, asteburu osoan zehar gauzatuko direnak. Astelehean, berriz, greba eguna izango da lantoki osoan.

Asteartean zentroarteko hitzarmenaren negoziazioen baitan Enpresa Zuzendaritzak egindako mugimenduen eta mugimendu horiek Lasarteko lantegiko langileen artean sortu duten ikusminaren harira, Enpresa Batzordeak honako hau adierazi nahi du:

  1. Enpresak egindako eskaintzak SOILIK zentroarteko eremuari eragiten diola. Oraintsu arte Enpresa Batzordeak EZ du Michelineko Zuzendaritzaren bilera deialdirik jaso, eta beraz, gaur-gaurkoz Michelinek Lasarteko langileei dagokienez egiten duen hitzarmenerako eskaintza maiatzaren 23an egin zuen berbera da.
  1. Ez ditugu ezagutzen Michelingo Zuzendaritzak Lasarteko Hitzarmenaren Negoziazio Mahaia deitu ez izanaren arrazoiak. Nolanahi ere, Lasarteko Enpresa Batzordeak, maiatzaren 23az geroztik bezala, Negoziazio Mahaian eserita jarraitu du Enpresako Zuzendaritzak negoziazioak noiz berrabiaraziko zain. Zentzu horretan, Enpresa Zuzendaritza deitu genuen komitetik Mahai Negoziatzaileraren bilera batera, gaur, ostirala, 12:00etan. Bada, enpresak jakinarazi digu ez dela agertuko eta datorren astearterako deitu gaitu, 9:00etan.

Gauzak horrela, Lasarteko Enpresa Batzordeak gogorarazi nahi du gaur, ostirala, 2Rko gaueko txandan hasi eta ekainaren 19an (astelehena) amaituko den bigarren greba-deialdia hasi dela. Mobilizazioetan batasunari eusteko garrantzia azpimarratu nahi dugu, bermedun hitzarmen bat lortzeko hurrengo urratsa eman dezagun.

  • GREBA DEIALDIAK

Ekainak 16, ostirala: 2R Taillerra C Txandan

Ekainak 17, larunbata: MAT/SF, CAP A Txandan.

Ekainak 18, igandea: Gainbegirale eta Galdarak C Txandan

Ekainak 19, astelehena: GREBA EGUNA LANTOKI OSOAN

  • MOBILIZAZIO DEIALDIAK

Ekainak 16 eta 17: Lantoki atarian greban den txanda hasiera baino ordu bete lehenago.

Ekainak 19: Lantoki atarian elkarretaratzea goizeko 05:00etan hasita.

Goizeko 9:30ean kotxe karabana Donostiarantz, lantokiko ataritik.

Lantoki atarian elkarretaratzea 13:00etatik 14:30era.

18:00etan manifestazioa Lasartetik. Irteera eta helmuga lantokiko atarian.

Lantoki atarian elkarretaratzea 21:00etatik aurrera

Dei egiten diogu Eusko Jaurlaritzari EAEko ikastetxeetako jangeletako eta eskola-garraioko langileen lan-baldintzak hobetzeko

Ekainaren 2an iragarri genuen hezkuntza eremu osoko langileen lan baldintzak hobetzeko oinarrizko akordio bat lortu genuela EAEko Hezkuntza Sailarekin, arlo honek behar dituen eraldaketa sakonak ezinezkoak baitira langileak aintzat hartu gabe. Akordio horretan aintzat hartzen ziren hezkuntzan azpikontratatuta diharduten langileak ere. Zehazki jasotzen da jangela ereduaren inguruko azterketa egiteko konpromisoa, baita hau langile publikoekin betetzeko aukera aztertzekoa ere.

Lan-baldintzei buruzko akordioan jasotako edukiak mahai sektorial bakoitzean garatu beharko dira. LAB sindikatua lehen indarra da Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren mendeko jangeletan eta eskola-garraioan. Horregatik, LAB prest dago jangela ereduari eta bertako eta eskola-garraioko langileen lan-baldintzei buruzko hausnarketa- eta negoziazio-prozesuari ekiteko.

Jangelak ezinbesteko espazio hezitzaileak dira gure haur eta gazteentzat. Elikadura osasuntsu eta gertuko baten alde ezinbesteko da esku pribatuetatik askatzea, bai eta egun dauden ratioak berraztertzea ere.

Egungo jangela ereduak ez ditu asetzen haurren elikadura beharrak eta gainera, langileak egoera prekarioan ditu, eta hori haurrek ere nozitzen dute. Egungo eredua sostengaezina da beraz, eta bistan da eraldaketa bat beharrezkoa dela. LABetik ez gara Hezkuntza Sailak egiten duenaren zain geratuko, baditugu gure proposamenak akordioan jasotako konpromiso hori gauzatzeko. Hezkuntza Sailari aurkeztuko dizkiogu eta negoziazio mahaietan defendatuko ditugu, eta beharrezkoa denean ekintza sindikala aktibatuko dugu.

Beraz, LAB sindikatuak dei egiten dio Hezkuntza Sailari ondorengo gaiei heltzeko:

Jangeletan

  • Jangela hezkuntza-gune bihurtu behar da, eta, horretarako, beharrezkoa da ikastetxe bakoitzaren hezkuntza-proiektuan sartzea.
  • Langileen hezkuntza-lana aitortzea.
  • Indarrean dauden araudiak aldatzea:2000ko martxoaren 22ko Agindua, EAEko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetako jangelak arautzen dituena derrigorrezko hezkuntzan eta Haur Hezkuntzan.
  • Ikastetxeko erabaki-organoetan parte-hartze aktiboa izatea, ikastetxeko gainerako langileek bezala.
  • Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordearen zirkularra, kudeaketa zuzeneko jangelen funtzionamenduari buruzkoa (ratioak, funtzioak, lanaldiak, jangela-ordutegia…).
  • Itunpeko ikastetxeetako eta ikastoletako jangeletako langileen eta sare publikoko jangeletako langileen soldatak parekatzea.
  • Kudeaketa-eredu berria (ez bakarrik kudeaketa zuzena), langileak zuzenean Hezkuntza Sailekoak bihurtuz (birmoldaketa).

Eskola-garraioan

  • Indarrean dagoen araudia aldatzea. Zehazki, 69/2015 Dekretua, maiatzaren 19koa, EAEko unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetako ikasleen eskola-garraioari buruzkoa, hezkuntza-arloan eskumena duen sailak finantzatua.
  • Araudian autobuseko langileentzat eta patioko zaintzaileentzako ratioak sartzea.
  • Ikastetxeko erabaki-organoetan parte-hartze aktiboa izatea, ikastetxeko gainerako langileek bezala.
  • Itunpeko ikastetxeetako eta ikastoletako langileei sare publikoko ikastetxeetako langileen gutxieneko lan-baldintzak aplikatzea.

LABen ustez, orain inoiz baino beharrezkoagoa da Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren eta sindikatuen ordezkaritzaren arteko elkarrizketa-prozesuari ekitea, aurreko puntuei eta EAEko Hezkuntza Lege berriari buruzko akordioan jasotakoei ekiteko.

Gorabideko langileak kanpaldia egiten ari dira Bizkaia plazan, zuzendaritzaren eta aldundiaren negoziatzeko borondaterik ezaren aurrean

Gorabide elkarteak, adimen desgaitasuna duten pertsonen familiek osatuak, 37 zerbitzu kudeatzen ditu Bizkaia osoan. Enpresa honetan 600 pertsonak lan egiten dugu eta aniztasun funtzionala pairatzen duten ia 5000 lagun artatzen ditugu.

Gorabideko Zentro Arteko Batzordeak Gorabideko eta Bizkaiko Foru Aldundiko arduradunei leporatzen die egungo gatazkaren errudunak izatea.

Aldundiaren arduragabekeria, blokeo horri eutsita, oso larria da. Agerian geratzen da zeinen gutxi axola zaien zerbitzu publikoen kalitatea, eta are gutxiago axola zaie zaintzen ditugun pertsonen eta haien senideen egoera.

Duela 20 egun baino gehiago, negoziazioaren desblokeoa errazteko proposamen berri bat helarazi genion Txema Francori, Gorabideko gerenteari. Gaur egun, Gorabideko Zuzendaritzak ez du erantzunik eman, eta ez da Enpresa Batzordearekin ezer negoziatu. Gorabideko gerentea negoziatzeko gaitasunik eza eta nagusikeria baino ez da erakusten ari. Hala, Hitzarmenaren negoziazioari heltzeko oztopo bat da.

Elixabete Etxanoberi bilera eskatu diogu idatziz, baina ez dugu erantzunik jaso. Publikoki eskatzen dizugu harrera egin diezaguzula, gure egoera eta proposatzen ditugun konponbideak zuzenean entzun ahal izan ditzazun.

Bizkaiko Foru Aldundia salatzen dugu aniztasun funtzionala duten pertsonen zaintzaren kudeaketan sistema gaiztoa ezartzeagatik. Aldundiko arduradun politikoei gogorarazten diegu zerbitzu hori bermatzeko ardura beraiek dutela. Bizkaiko Foru Aldundia da, diru-bilketa errekorra izanik, emakume langileen erosteko ahalmena bermatzeari uko egiten diona. Egun erosahalmenaren galera gure soldataren 13,49% da. Txiroagoak eta prekarioagoak izatea, horixe da proposatzen digutena. Gainera, zerbitzuaren kalitatea okertzen ari da, gero eta tresna gutxiago baitaude heziketa-laguntzarako.

Agerian geratzen da ez Aldundiak, ez Gorabideko gerentziak, ez dutela konponbiderik bilatu nahi. Horregatik, 48 orduko etengabeko mobilizazioa egiten dihardugu Gorabideren egoitzaren aurrean. Gorabideren eta Bizkaiko Aldundiaren jarrera arduragabea mantentzen bada, mobilizazioak areagotuko ditugu eta greba mugagabea deitzea baloratuko dugu.

Bi greba egun deitu ditugu ekainaren 29rako eta 30erako Bizkaiko eraikuntzaren sektorean

CCOOk ekainaren 9rako eta 16rako 4 orduko lanuzteak eta ELAk egun beretan 24 orduko grebak deitu zituztenean, LABetik esan genuen beharrezkoa zela borroka planteamendu eraginkor bat egitea, eta eraginkortasun hori ez zela bermatzen bi deialdi desberdin horiekin, lanuzteak eta grebak, deitzeaz gain, landu eta aurrera eraman behar direlako.

Hala eta guztiz ere, 24 orduko greba egunekin bat egitea erabaki genuen, lanuzteen eta greben helburua partekatzen dugulako, hau da, eros-ahalmena bermatzea eta sektorean sortzen ari den aberastasuna banatzeari uko egiten dion patronalaren asmoei aurre egitea.

Joan den ekainaren 9an egin zen lehen greba eguna eta horren ostean patronalak eros-ahalmena bermatzen duten igoerarik adostu nahi ez duelako jarreran jarraitzen du, sektoreko langileak gehiago pobretu nahian. Patronalaren immobilismo horrek erantzun sendoagoa eta ahalik eta borroka planteamendu bateratuena eta eraginkorrena eskatzen du, LABen aldarrikatzen dugun bezala. Hori dela eta, sektoreko beste sindikatu batzuekin batera, ekainaren 29rako eta 30erako bi greba egun deitu ditugu, eta egun horietan sektorea gelditzeko eta kalera irteteko dei egiten diegu langileei.

LABeko liberatuen batzarra: militantzia eredu bizigarri baterako gogoeta kolektiboa

LABek badu altxor handi bat.  Bere komunitatea. Afiliatuak, ordezkariak, liberatuak… guztien ekarpena da ezinbestekoa LABek proiektua bultzatu eta sostengatzeko, eta horretaz jakitun, eremu bakoitzeko kideek garatu behar dituzten ekarpen, funtzio, eskubide eta betebeharren gaineko gogoeta elikatzen ari da sindikatua.

Ariketa kolektibo horrek gaur beste argazki eder bat utzi digu: LABeko liberatu guztiak elkarrekin batzartuta, militantzia ereduaz hausnartzen. Pertsonak erdigunean izango dituen eredu bizigarri baten norabidean aurrera doa sindikatua. Zaintza-beharrak, bizitza pertsonala zein bestelako militantzia esparruak uztargarri egiteko bokazioz neurri berri ugari adostu dira batzarrean. 

Erronka berriei modu kolektiboan heltzen jarraitzen dute, beraz, LABeko liberatuek.

Sindikalgintza feministari buruzko topaketa internazionalistak egin ditugu Basoan

Azken urte hauetan sindikalgintza feministari buruz hausnartzen eta eztabaidatzen aritu gara: zer den, nola egiten den, zer esan nahi duen, zer suposatzen digun. Gure gorputz-lurraldeetan errotuta dagoen sindikalgintza feminista eta, beraz, gure sindikatuen artean historikoki landu dugun esperientzia internazionalistatik edaten duena.

Bide horretan, uste genuen hausnarketa horiek sindikatu lagunekin sozializatzea eta konpartitzea oso aberasgarria izan zitekeela guztiontzat, urteak baitaramatzagu haiekin borroka ezberdinak partekatzen. Elkarrekin ikasteko, gure sindikatuetan feminismotik eragiteko esperientziak partekatzeko eta partekatzen ditugun nazioarteko espazioetan ereiteko. Espazio horiek, aspalditik, errealitate matxistaren isla ere badira, eta eraldatu egin nahi ditugu.

Hala, ekainaren 9, 10 eta 11n elkartu gara Basoako gunean (Artea, Arratia), sindikatu desberdinetako emakumeen topaketa ez-mistoan.

Hasiera batean LAB sindikatuak bultzatutako gunea da, baina CUT Galiza, Intersindical Canaria, Intersindical Alternativa de Catalunya, La Intersindical eta Intersindical Valenciana sindikatuetako kideekin batera landu eta antolatu da.

Ez dira gutxi izan partekatu ditugun gogoetak eta ikaskuntzak. Gure sindikatuetara eramateko konpromisoa hartzeaz gain, agenda feminista internazionalista partekatu bat eraikitzeko lehen urratsak eman ditugu.