2026-01-02
Blog Page 214

LABek grebarako eskubidearen urraketa salatzen du eta hiru gazte grebalarien absoluzioa eskatzen du

LAB sindikatuak gogor salatu nahi du Fiskaltzak 18 urteko zigor eskaera gogorrak egin dituela beste hiru gazteren aurka, uztailaren 3an egingo den epaiketa batean. 2020ko greba orokorrarekin lotutako akusazioengatik egindako aepaiketak akordioekin ixteko erabilitako irizpidearen kontra egin du oraingoan Fiskaltzak. LAB sindikatuak uztailaren 3an eginen den elkarretaratzean parte hartzera deitzen du; 11:00etan izanen da, Iruñeko Justizia Jauregiaren parean.

Fiskaltzak uko egin dio akusatutako gazteak espetxean sartzea eragotziko lukeen edozein akordioari. Eta Fiskaltzaren estrategia aldaketa hori eskuin politiko eta mediatikoarekin lotutako interes politikoen ondorio dela dirudi.

Berriro ere istorio bera errepikatzen da. Hala ere, honek aldatu egin behar du. Nafarroako Gobernuari eta Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkaritzari eskatzen diegu neurriak hartzeko, estatu demokratikoetan gertatzen den bezala, Foruzaingoak, Guardia Zibilak eta Espainiako Poliziak grebarako eskubidea errespeta dezaten. Onartezina da polizien esku-hartze bortitzek, patronalaren kontra-pikete gisa, mobilizazio baketsuak lehertzea, bidegabeki auzipetutako pertsonen bizitzak isunen eta epaiketen bidez baldintzatuz. Ez gara geldirik egongo errealitate horren aurrean. Isun eta epaiketa horiek behar diren lekuetan eta behar denean dakarten bidegabekeria salatuko dugu.

Nafarroako gazteen eskaerei eta beharrei erantzun gabe jarraitzen du gobernuak. Proposamenik eza eta ekimenen garapena eta etorkizun duina eragozten duten politikak pairatzen dituzte gazteek. Egoera horrek, hobetu beharrean, okerrera egin du: emantzipatzeko ezintasuna, langabezia eta lan-baldintza kaskarrak, azterketa-prozesuen pribatizazioa eta jarduera sozialaren kriminalizazioa jasaten dituzte, besteak beste.

Ondorioz, elkartasuna eta babesa adierazten diegu auzipetutako ikasle eta langile gazteei, baita “Grebalariekin bat” plataformari ere. Gainera, guztiak absolbitzea eskatzen dugu.

Egoitzetako patronalek gure hitzarmena blokeatu dute, Nafarroako Gobernuaren bitartekaritza aitzakiatzat hartuta

Gaur arratsaldean berriro egiaztatu dugu Nafarroako egoitzetako patronalek lan-hitzarmenaren negoziazioa blokeatzen jarraitzen dutela, oraingo honetan open House programaren inguruko ziurgabetasuna aitzakiatzat hartuta. Patronalak negoziaziorako proposamen berri bat ekartzeko konpromisoa hartu zuen, eta berriro ere eskuak hutsik etorri da.

Argudiatu dutenez, Nafarroako Gobernua nola osatuta geratuko den ziurtatuta izan gabe, ezin dute proposamenik ekarri. Honek harritu egin gaitu, duela hilabete interes handia agertu baitzuten hitzarmena desblokeatzeko. Beste behin, LARES eta ANEA patronalek, euren erosotasunetik, sektoreko 5.000 langile baino gehiagoren lan- eta bizi-baldintzen hobekuntza baldintzatzen dute. Aurreko mahaian, LABek konpromisoak eta borondateak eskatu zituen, eta patronalek jarrera immobilista izaten jarraitu dute.

Nafarroako Gobernuak bi urte izan ditu negoziazio hau errazteko, eta mugimendu bat egin arren, gutxiegi izan ddela uste dugu. Jaurlaritzak ezin du beste alde batera begiratu sektorearen prekarietatearen eta egoitzetako erabiltzaileak jasotzen ari diren zaintzaren aurrean. Nafarroako Gobernuari dei egiten diogu benetako urratsak eman ditzan eta eskualdaketa egoki bat berma dezan, Nafarroako egoitzen lehen hitzarmena posible izan dadin.

Patronalak konpromisoa hartu du Nafarroako Gobernu berria eratzen denean berriz ere negoziazio-mahaira deitzeko. Gure aldetik, konpromisoa hartzen dugu egoera desblokeatzeko borrokan jarraitzeko, inplikatutako alderdien pasibotasunaren aurrean, eta sektoreko langileak kolektiboki antolatzen jarraitzeko.

UGT eta CCOO sindikatuek okindegien hitzarmena sinatu dute 30 langile baino gutxiagoko lantokiak diskriminatuz

UGTk eta CCOO akordio batera heldu dira Okindegien hitzarmenerako, eta, horren arabera, 30 langile baino gutxiagoko enpresen soldata-igoera gainerako enpresen erdia izango da 2023an. Gainera, ez dute aitortzen igande eta jaiegunetako lana hitzarmeneko kategoria guztietarako.

UGT eta CCOO sindikatuek okindegien sektorean akordio bat sinatu dute, langileak lan egiten duten enpresaren tamainaren arabera diskriminatzen duena. Akordio horretan %3ko igoera jasotzen da 2023rako, baina PYMEetan %1,5ekoa izango da, 30 langile baino gutxiago izateko aitzakia bakarrarekin. Gure ustez, erabat onartezina da soldata-diskriminazio hori egitea.

Bestalde, ez dute jasotzen LAB sindikatuak denbora guztian mahai gainean jarri duen aldarrikapen nagusietako bat, hau da, igande eta jaiegunetako lana hitzarmeneko kategoria guztiei ordaintzea. Lortutako akordioak diskriminatzen jarraitzen du sektorearen zati bat, dendako saltzaileak nahiz banatzaileak bezala; izan ere, egun horietan lan egin behar izan arren, haiei ez zaie ordainduko elaborazio-kategoriek kobratzen duten fresko-plusa.

Azkenik, LAB sindikatutik arreta berezia jarri nahi diogu hurrengo hitzarmenak izango duen 5 urteko indarraldiari, luzeegia baita eta 2028ra arte lan-baldintzak hobetzea saihesten baitu. Izan ere, lanaldi-murrizketa lortu bada ere, 2025era arte ez da aplikatzen hasiko, eta 2027ra arte, murrizketa hori benetan lortu arte.

Beraz, LAB sindikatuarentzat akordio txarra da okindegien hitzarmenerako sinatutakoa. Azaldu dugun bezala, enpresa txikienetako langileak eta kategoria jakin batzuetakoak diskriminatzen dituen hitzarmena da, eta bost urte luzez ixten du atea egoera horri buelta eman diezaiogun.

LAB alarde parekide eta publikoaren alde

Alarde eguna da gaur Irunen. Hogeita zazpi urte pasa dira gudariz jantzitako emakume* batzuk Irungo alardeko zenbait konpainiaren filetan sartzen saiatu zirenetik. Helburua: emakume* irundar gisa euren herriko alardean parte hartzea; emakumeok* ere jaietako protagonistak izatea.

Ekintza hark pauso bat gehiago ekarri zuen emakumeen* eskubideen aldeko borroka feministan. Emakumeen* partehartze librerik gabe jaiak ez dira ez parekideak ezta askeak ere. Kaleak emakumeenak* ere badira, jaietan eta egunerokoan libre izateko eta ibiltzeko emakumeen* eskubide osoa aldarrikatzen dugu.

Irunen 27 urtez ukazioa, gatazka, biolentzia, irain eta ezeztatze politikoa ezagutu ditugu,. Gatazka oraindik ez da gainditu. Baina urte horetan guztietan borrokan aritu diren emakumeei* esker aldaketarako aukerak sortu dira. Mugimendu feminista eraldaketaren ikur bilakatu da.

Gatazkari konponbidea emateko udalaren konpromiso eta borondate falta agerikoa da. LABetik eskaera zehatza egin nahi dugu: alarde parekide eta publikoa aldarrikatzen dugu.

Gora Alarde Parekidea!! Gora borroka feminista!!

Ikurrina atera eta herri bat garela erakutsiko dugu euskal errepideetan

Bihar, larunbata, Bilbotik abiatuko da gizonezkoen Frantziako Tourra, txirrindularitza probetan entzutetsuena, eta lehenengo hiru egunetan Euskal Herrian barrena izango dira etapak. Bada, Gure Esku Dagok eginiko deialdiari atxiki eta Euskal Herriak erabakitzeko eskubidea duenaren aldarria lau haizetara zabaltzeko baliatzera animatzen ditugu LABetik langile guztiak.

Euskal Herrian bizi, lan egin eta hemen erabakitzeko eskubidea defendatzen du LABek, eta oraingo hitzordu honetan ere halaxe erakutsiko diogu munduari. Erabakitzeko eskubidea, hain zuzen ere, behar-beharrezkoa dugu gure herriko egoera laborala zein soziala errotik aldatzeko eta langileok gure etorkizunaren jabe izateko.

EAEko interpretazio eszenikoko lehen hitzarmenaren behin betiko sinatuta, aurrerantzean indarrean izango da

Apirilean jakitera eman genuen bezala, LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok, Euskal Aktoreen Batasuna sindikatuarekin batera, Euskal Autonomia Erkidegoko Interpretazio Eszenikoaren sektorerako lehen hitzarmena sinatu dugu. Bada, orduan lortutakoa formalizatu egin da orain, eta 2025era arte egongo da indarrean lan-baldintzak arautu eta bermatzen dituen lehenengo testua.

Grebari ekin diogu Bizkaiko ostalaritzan

Galdutako eros-ahalmena berreskuratu eta sektoreko lan-baldintzak behingoz duintzeko bidean, negoziazioa ahalbidetu dezan exijitzen ari gara Bizkaiko Ostalaritza Elkarteari Tourrak Bilbon izango duen hasieraren bezperatan. Goizean zehar elkarretaratzeak egin ditugu hiriko hainbat hoteletan, eta eguerdian aldarrikapen-kalejiran zeharkatu ditugu kaleak.

Joan den hilean egindako grebetan bezala, oraingoan ere negoziazioen desblokeoa eskatzen dugu Bizkaiko ostalaritzan. Langileen soldatak ez dira igo 2020. urtetik, eta, horrez gain, guztiontzako ezagunak dira arlo honetan beharginek pairatu behar dituzten gehiegikeriak: ordaindu gabeko aparteko orduak, ezarritako lan-baldintzen etengabeko urraketa…

Bada, beste behin ere gogorarazi dugu Tourra bezalako makro-ekitaldien hiri-eredu hori ez dela posible, are gutxiago langileon bizkar ezartzen bada zama.

Gainera, gogorarazi behar da hitzarmenak kolektibitateen sektoreari ere eragiten diola, hau da, eskola jangelei edota garraioari. Sektore prekarizatu horretan, langile gehienak emakumeak* dira, kontratu prekarioak eta lanaldi partzialak dituzte, eta lan-karga handiak dituzte.

Bihar ere greba eguna izango da sektorean, eta herritar guztiei dei egiten diegu 17:30ean Ledesma kaletik abiatu eta Zazpi Kaleetaraino joango den kalejiran parte hartzera.

Navarrabiomed-FMSko Enpresa Batzordeak positibotzat jotzen du alderdi politikoekin izandako lehen harremana, eta konpromiso zehatz bat eskatuko die fundazioaren deskapitalizazio-prozesua iraultzeko

Iragarri bezala, Navarrabiomed-Miguel Servet Fundazioko Enpresa Batzordeak, LAB sindikatuko 9 ordezkarik osatutakoak, bilerak egin ditu hainbat alderdi politikorekin: UPN, PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin. Topaketa horien helburua gehiengoaren konpromiso politikoa lortzea da, Nafarroan kudeaketa publikoko osasun-ikerketako institutu baten alde egingo duena, osasun-ikerketaren eta lanpostu guztien etorkizuna bermatuko duena. Enpresa Batzordearen iritziz, gainera, konpromiso politiko hori hurrengo Nafarroako Gobernuaren akordio programatikoetan jaso behar da, neurri zehatzekin, bai eta gai horrekin zerikusia duten ekimen parlamentarioei babestean ere.

Navarrabiomed-Miguel Servet Fundazioko Enpresa Batzordeak positibotzat jo du hainbat alderdi politikorekin izandako lehen bilera-sorta. Horrela, UPNrekin, PSNrekin, EH Bildurekin, Geroa Bairekin eta Contigo-Zurekin aldirdiarekin elkarrizketatuta, agerian geratu da guztietan jarrera bateratua dagoela, eta langileen ordezkaritzaren planteamendua oso zentzuzkoa dela, Fundazioaren deskapitalizazioaren aurkako jarrerarekin eta izaera eta kudeaketa publikoaren alde.

Enpresa Batzordeak hitzetatik harago, konpromiso hori zehatza eta benetakoa izatea eskatzen du. Alderdi horietako batzuk benetan koherenteak eta kontsekuenteak balira izandako bileretan adierazitakoarekin, gauza bat argi dago: Navarrabiomed-Miguel Servet Fundazioa, osasun-ikerketa eta bertako langileak, bai eta Nafarroako gizartea ere, ez lirateke egoera zail honetan egongo.

Horren ondorioz, Enpresa Batzordeak dokumentu bat helaraziko die alderdi politiko horiei, sina dezaten, Nafarroan eta lanpostu guztietan ikerketa publikoa bermatzeko neurri exekutibo eta legegile guztiak gauzatzeko eta babesteko konpromisoa jasotzen duena.

Egungo ildo hutsala hautsi eta neurri eraginkorrak lortzera bideratutako eskakizunak mahaigaineratu ditugu Osalanen kontseilu bileran

Hamarkada batez kanpo egon ostean, LAB sindikatua gaur itzuli da organo horretan parte hartzera. Hala, langileon lan osasunaren aldeko borroka indartzeaz gain, kontrabotere ikuspegitik langileak antolatu eta kapitalari eremu guztiak, baita instituzionala ere, lehiatzeko apustuaren baitan kokatzen da gaurko bilera.

Gure aldarrikapen nagusiak eraman ditugu Osalanera itzulerako lehenengo kontseilura. Laburbilduz, egun Jaurlaritzaren eskumenpean dagoen lan-ikuskaritzaren eta Osalanen arteko bateratze operatiboa aldarrikatu dugu, osasun ikuspegia errotzearekin batera. Beste alde batetik, Osalango teknikarien gaitasun exekutiboa izateko beharra ere mahaigaineratu dugu. Izan ere, lantokietan prebentzioa bultzatzeko orain arte ezarritako planen emaitza hutsaren hurrena izan da, eta langileen istripu tasak eta laneko gaixotasunen mailak bere horretan diraute. Plan horiek duten arazo nagusietakoa da enpresariari ez zaiola inondik inora neurriak hartzera behartzen.

Gaurko bileran aukera izan dugu, halaber, sektore arriskutsuenen inguruko neurriak eskatzeko, hala nola basogintza zein eraikuntza. Eta fokoa ipini nahi izan dugu sektore feminizatuetan, zeintzuetan arrisku muskulueskeletikoek zein psikosozialek utzitako eragina kontingentzia arrunt bezala ezkutatzen duten mutualitateek, administrazioaren konplizitatearekin.

Era berean, nabarmentzekoa da foro horretan hitzartzeak zein aktak euskaraz egin daitezen eskatu behar izan dugula.

Kontseilu horretan istripu eta laneko gaixotasunen intzidentzia izan dira aipagarri. LABek argi adierazi du ez ditugula Osalanek ofizialtzat hartzen dituen datuak onartzen, mutualitateek ekoizten baitutuzte, eta jarraian gizarte segurantzari Delta sistema bidez jakinarazi. Beraz, patronala bera da datuak manipulatu, egokitu eta publiko egiten dituenak.