2026-01-01
Blog Page 203

Zerbitzu Publikoetan urriaren 25erako eta abenduaren 19rako deituriko grebaren eta azaroaren 30eko Greba Feministaren alde jarriko ditu LABek bere indarrak

STEILAS, ELAk eta CCOOk Hezkuntza Publikoan urriaren 24rako deituriko greba ez dugu babestuko

Irailaren 15ean zerbitzu publikoetako ia sindikatu guztiok, funtzio publiko osoan bi egunetarako greba deialdia egin genuen. Batasuna, indarra eta elkarlanerako borondatea erakusten dituen irudia izan zen.

Gaur STEILAS, ELAk eta CCOOek EAEko hezkuntza publiko ez-unibertsitarioan deituriko grebak bestelako argazkia utzi digu. Zatiketaren irudia dira. Sindikatu hauen deialdiarekin, hezkuntza publikoko langileei greba egun bat gehiago egitea planteatu zaie.

Azken urteetan, Jaurlaritzak ez du behar bezalako apusturik egin zerbitzu publikoetan, murrizketak izan dira eta zerbitzuok ahulduz joan dira. Langileen eros-ahalmena bermatzeko eta sektore publikoan hedatzen joan den prekaritatea eta ezegonkortasuna mugatzeko ez da borondate politikorik egon. Akordioa eta adostasuna hitzetik hortzera darabilen Jaurlaritza, negoziazio kolektiboa ukatu duen Jaurlaritza izan da.

Eremuz eremuz ere, hezkuntzan, osasungintzan, zaintzarekin negozio egiten den zerbitzu pribatizatuetan, irrati publikoan… hainbat izan dira greba eta mobilizazioak, eta irailaren 15ean deituriko bi grebek argi uzten dute badirela oraindik ere bideratu gabeko hainbat aldarrikapen. Aldarrikapen batzuk, soldata igoera izanik horietan aipagarriena, Mahai Orokorrean adostu behar dira, eta beste batzuk dagokien Mahai sektorialean.

Hezkuntza publikoko langileok, Publikoa, euskalduna eta propioa. Hezkuntza Legea langileokin eraiki lelopean deituriko bi greba egunei esker, Hezkuntza Saila konpromisoak hartzera eta adostasunak lortzera behartu genuen. Konpromiso horiek, orain, mahai sektorialetan garatu eta gauzatu behar dira.

Hiru sindikatu hauen greba deialdiaren aldarrikapen gehienak orokorrak dira eta urriaren 25 eta azaroaren 19ko aldarrikapenetan txertatuta daude. Hor dago hezkuntza publikoko langileen borroka, sektore publikoko beste langileekin batera. Deialdi hauek indartzea da, LABen ustez, egin beharreko bidea; hezkuntza publikoko langile zein sindikatu guztien indarra sektore publikoko langile zein sindikatu guztien indarrarekin batzea, hezkuntzako zein sektore publiko osoko langileak pairatzen ari garen egoerari aurre egiteko.

EAEko Funtzio Publiko osoko greba eta mobilizazioak adosteko sindikatuen artean izan ditugun intersindikalean ez zuten adierazi hezkuntza publiko ez-unibertsitarioan beste greba egun gehigarri bat deitzeko asmorik zutenik; gerora landu duten deialdia izan da. LABekin adostasunak bilatzeko hasierako borondaterik ez dute izan eta LAB bazterrean uzten saiatu dira. Hezkuntza publiko ez unibertsitarioan beste greba egun bat gehiago deitzeko asmoa zutela jakin genuen momentutik, saiatu gara elkarlanaren alde egiten. Beste sindikatuei adostasuna bilatzeko proposamen zehatza egin diegu. Ez dute aintzat hartu eta LAB gabe aurrera jarraitzea erabaki dute.

Beste sindikatuei, hemendik eta urtarrilera bitarte, Funtzio Publiko osoan deituriko bi greba egun horiek zein Azaroaren 30eko Greba Feminista Orokorra landu eta aurrera ateratzeko elkarrekin indar egitera dei egin diegu. Funtzio Publiko osoan deituriko grebak lantzeko eta hezkuntzako aldarrikapen zehatzei tartea egiteko ikastetxeetan langile guztien arteko mobilizazio deialdiak egitea ere proposatu diegu. Bestalde, sindikatu honek Hezkuntza Sailarekin lorturiko Akordio Laborala elkarlanean osatu eta garatzeko eskua luzatu diegu. Orain da momentua, akordio horretan jasotako konpromisoak dagokion negoziazio mahai sektorialean zehaztasunetara eramateko. Negoziazio bide horrek emaitzarik emango ez balu eta behin Funtzio Publiko osoko bi greba egunak eta Azaroaren 30a pasa ondoren, greba eta mobilizazio berriak adosteko prestutasuna ere adierazi diegu.

LABen elkarlanari garrantzia ematen diogu. Saiatu gara batasunean aritzeko proposamen konkretua egiten. Aldiz, beste hiru sindikatuek zatiketa lehenetsi dute. LABetik argi dugu funtzio publiko osoko greba egunaren aurretik eginiko deialdi berri honek zerbitzu publikoetarako lorturiko adostasuna, batasuna eta grebaren indarra ahuldu ditzakeela, eta arduraz jokatzea erabaki dugu. Elkarlanerako borondate faltak langileok ahultzen gaitu eta gu beti saiatuko gara egoera horiek gainditzen. Beste sindikatuen aldetik ez dugu horretarako borondaterik topatu.

Amaitzeko, berretsi nahi dugu gure apustua argia dela: gure indarrak Hezkuntzako Akordio Laboralaren garapenean, funtzio publiko osoan deituriko bi greba egunetan eta Azaroko Greba Feminista Orokorrean zentratuko ditugu.

Iruña Okako Udalak hiru kirol begiraleren lanaldia aurreabisurik gabe murriztu du, edozein enpresa pribaturen estiloan

Irailaren hasieran, Iruña Okako Arrate Kirol Zentroko hiru kirol begiralekudalaren gutun labur bat jaso zuten, arrazoiei buruzko inolako azalpenik eman gabe haien lanaldia murrizteko erabakiaren berri emanez.

Joan den martxora arte azpikontratatuta egon zen zerbitzua udala zuzenean kudeatzera pasa zen, eta, beraz, langile horiek Iruña Okako Udaleko plantillakoak izatera igaro ziren.

Udalak langileen lan-baldintzen funtsezko aldaketa aplikatu du, beren lanaldia erdira murriztuz, eta, ondorioz, haien soldata proportzionalki txikituz.

LAB sindikatutik Iruña Okako Udalak aplikatutako neurria eta erabilitako moduak salatu nahi ditugu; alde batetik, lanaldien murrizketa handi horrek langileei eragiten dien kaltea, haien jarraitutasuna kolokan uzten duelarik. Eta, bestalde, guztiz lotsagarria da administrazio publiko honen jokabidea, plantillak dituen eskubideekiko sentsibilitate handiagoa eskatzen diolarik; gobernu-taldeak, bere alkate “sozialista” buru duela, edozein enpresa pribatuk egin ohi duen bezala jokatu du: aldez aurretik elkarrizketarik edo kontsultarik egin gabe, lan-baldintzen murrizketa zorrotza egun batetik bestera jakinarazi die langileei.

Azken osoko bilkuran Michel Montes alkatea interpelatua izan zen. Hala ere, konponbideak bilatu beharrean, neurria defendatu zuen edozein enpresaburuk eman zitzakeen argudio berberekin; murrizketaz aritu beharrean, zerbitzuaren “optimizazioaz” hitz egin zuen, zerbitzuaren eta instalazioaren kudeaketa kaxkarrean berak duen erantzukizuna alde batera utzi zuelarik.

Guztiz gaitzesgarria da udalbatzak langile horiekiko erakutsitako jarrera. Langile horiek, baina, ez dira besoak gurutzatuta geratuko, eta beren lanpostuak defendatzeko erabaki irmoa hartu dute. LAB sindikatutik elkarrizketarako deia egin nahi dugu, ezarri direnen moduko neurri traumatikoak ekidite aldera.

Arlo publikoa indartzeko, zerga erreforma premiazkoa da

Igor Arroyo LABeko koordinatzaile orokorrak eta Endika Perez ekintza sozialeko arduradunak prentsaurrekoa eman dute gaur Bilbon. Arroyok salatu duenez, “azken hamarkadetan egindako zerga politikek zerbitzu eta politika publikoak ahuldu dituzte, erronka estrategikoei aurre egiteko inoiz baino premiazkoagoak ditugunean. Datorren hamarkadan osasun sistema publikoa indartu, zaintza sistema publiko komunitarioa sortu edota bidezko trantsizio ekologikoa sustatzeko baliabideak behar ditugu. Zerga politika berri bat justiziazkoa ez ezik, premiazkoa ere bada”.

Azken hamarkadetan Hego Euskal Herriko aldundiek garatu duten zerga politikaz LABek egindako azterketaren berri eman du Endika Perezek, behar baino diru gutxiago biltzen dela azpimarra eginez. Perezen hitzetan, Europar Batasuneko bataz besteko presio fiskaletik 7 puntuko aldera kokatzen dira egun Hego Euskal Herriko lurraldeak, eta parekatuko bagina, Eusko Jaularitzak ia 6.700 miloi euro eta Nafar Gobernuak ia 2.300 milioi euro gehiago bilduko lituzkete. Aldundiei eta kupoaren zatia kenduta, Hego Euskal Herrian 4.600 miloi gehiago izango genituzke zerbitzu publikoak indartu eta garatzeko.

Modu berean, Ekintza Sozialeko arduradunak arreta jarri du bi zerga nagusitan, Sozietateen Gaineko Zerga eta Pertsona Fisikoen Gaineko Zergan hain zuzen. Biei erreparatuta ondorio nagusia aipatu du: “2007tik hona kapital errentek ekarpen txikiagoa egiten dute Sozietateen Gaineko Zergaren bidez eskaini zaizkien kenkari, murrizpenei eta kargen tsa jaitsierari esker. Hori gutxi balitz, PFEZn kapital errenten ekarpena mantendu den bitartean (415 miloi euro), lan errenten ekarpena 5.000 miloitik 7.591 miloi eurotara igaro da. Enpresen mozkinak handitu dira, lan mundua prekarizatu baina langileon ekarpena da ogasunetako zatirik handiena”.

Igor Arroyo koordinatzaile orokorraren iritziz, Hego Euskal Herrian aplikatutako zerga politikek enpresariei eta errenta altuei mesede egitearren zerbitzu eta politika publikoen irismena mugatu egin dute. Gipuzkoan EH Bilduk egindako aldaketa mugatuak atzera bota zituen EAJk eta Nafarroa Garaian azken bi legegintzaldietan egondako aldaketak ez nahikoak izan dira. Aipatutako salbuespen mugatu horiek salbuespen, EAJk eta UPNk defendatzen duten zerga politika izan da nagusi. Honela, beste lurralde batzuekin alderatuta Hego Euskal Herrian aberastasun handia sortzen bada badago ere, aberastasun horren portzentaia txikiegia bideratzen da zerbitzu eta politika publikoetara.

Horrela, politika fiskalean ditugun eskumenen inguruko gogoeta ere egin du Arroyok. Gasteizko eta Madrileko gobernuen arteko Batzorde Mistoan erabakiak ahobetez hartu behar horrek Estatuaren beto eskubidea agerian uzten duela aipatu du LAB sindikatuko Koordinatzaile orokorrak. Beharrezkoak ditugun eskumenak aldarrikatzearekin batera, burujabetza fiskala justuagoa eta progresiboa izango den politikak garatzeko erabili behar direla salatu du, “EAJk ditugun eskumenak presio fiskala langileongan ezarri eta patronalari mesede egiteko darabil, Aberastasunen gaineko zerga ezartzeari uko egitean argi geratu den bezala”.

Arroyoren iritziz, zerga eta aurrekontu politika horren ondorioak nabarmen geratzen ari dira. Osasun sistema publikoan dauden gabeziak salatzen ari dira hala langileak nola erabiltzaileak, zerbitzu publikoetako langileak grebetara doaz, Mugimendu Feminista zaintza sistema publiko komunitarioa eratzea aldarrikatzen ari da, pentsiodunek 1.080 euroko gutxieneko pentsioa bermatzea, gure energia azpiegiturak eta industria birmoldatu beharra dago… Euskal Herrian badago gaitasun ekonomikoa eta humanoa erronka horiei heltzeko, baina EAJren kudeaketa okerrak administrazio publikoen ekimen gaitasuna mugatu du. Premiazkoa da zerga erreforma sakon bat egitea, Hego Euskal Herria Europako lurralde aurreratuenekin parekatuz.

Zerga politikaren eztabaidari behingoz heldu behar zaiola iritzita, honako hauek dira LABetik defendatzen ditugun proposamen nagusiak:

  • Kapital errentei %1 eta %10 arteko errekargoa.
  • Elkarteen zergaren kenkariak ezabatu eta %35eko tipo nominala.
  • PFGZn kapitalaren errentei lan errenten trataera bera eman eta gehienezko tipoa %60ra igotzea.

Adunan eta Eibarren mobilizatu gara ESK, STEILAS, EHNE eta HIRUrekin batera, aste honetan izandako laneko bi heriotzak salatzeko

Irailaren 19an langile bi hil ziren. Amurrion, Haurreskolak Partzuergoko 32 urteko I.S.C., in itinere istripu batean eta Adunan, Aburuza Sagardotegiko 35 urtetako langilea, traktorearekin izandako istripu batean. Gaur, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRUrekin batera, mobilizazio bana egin dugu Adunan, sasoiko langileen lan osasuna bermatzea eskatuz, eta Eibarren (bertan dago Haurreskolak Partzuergoaren egoitza nagusia), mugikortasunak dakartzan laneko arriskuez ohartaraziz.

Eskandaluzkotzat jotzen dugu Osasunbideko ohiko jarduera jaitsi arren itxaron-zerrendek handitzen jarraitzea eta negozio pribatuari zerbitzuak ematea

Gogor kritikatu nahi ditugu Fernando Dominguez Nafarroako Osasun kontseilari berriak itxaron-zerrenden datu onartezinak arintzeko iragarri dituen neurriak, aparteko orduak ugaritzen eta zerbitzuak zentro pribatuetara bideratzen jarritu nahi baitute. Datuek erakusten dutenez, Osasunbideako ohiko jarduerak ez du gora egiten, are behera ere egiten du, baina, hala ere, itxaron-zerrendak handitu egiten dira eta zerbitzuak negozio pribatuetara bideratzen dituzte.

Gure iritziz, Osasun Departamentuak itxaron-zerrendak murrizten saiatzeko ezarri nahi duen estrategiak argi uzten du osasun pribatuaren eta ohiz kanpoko jardueraren aldeko apustua egin nahi duela, Osasunbideari aurrekontu egokia eta plan integrala eman beharrean.

Dominguez kontseilariak estrategia hori bere aurreko agintaldian erabili zuen, baina gogoratu eta onartu behar luke ezarritako neurriak ez zirela eraginkorrak izan, eta ez zutela arazo nagusia konpondu: itxaron-zerrendak etengabe handitzea.

Ezbairik gabe ezagutzen dituen zenbait puntu gogorarazi nahi dizkio LABek kontseilariari (datu ofizialak baitira):

  • Osasunbideko ohiko jarduerak ez du pandemiaren aurreko zifrarik oraindik. Hau da, azpitik dago.
  • Kanpo-kontsultetan, urtean 50.000 bisita gutxiago egiten ari dira, egungo datuak 2019koekin konparatuta (orain %5 gutxiago), baina zentro pribatuei egindako kontsultak %58 gehiago dira.
  • Egungo jarduera kirurgikoak ezin du itxaron zerrendetan dauden pazienteen kopurua hartu, eta 2023ko zifrek nabarmen okertzen dituzte aurreko urteetako datuak.
  • Osasunbidean diagnostiko-prozedurak (TAC, erresonantziak, ekografiak…) ia 2.000 proba/urte murriztu dira, baina osasun pribatura bideraturikoak, berriz, 14.000 proba baino gehiago igo dira 2022an.
  • Produktibitateak eta aparteko orduak 4 milioi ziren 2015erako, eta 2023rako 25 milioi baino gehiago izatea aurreikusten da.
  • Kasualitatez, sektore pribatuan presentzia handiena duten espezialitateek dute eta sortzen dute Osasunbidean itxaron-zerrendarik luzeenak.

Osasun Departamentuari gogorarazi behar zaio beraiek eta Nafarroako Sindikatu Medikoak negoziatu zituztela produktibitateak eta soldata-igoera, jarduerari eusteko, itxaron-zerrendak gutxitzeko eta fakultatiboen lan-baldintzak hobetzeko. Baina LABek bere garaian ohartarazi zuenez, neurri horiek ez dira eraginkorrak; arduragabeak eta interesatuak dira.

LABek ez du onartuko kontseilaritza berri honek interes pribatuak eta pribatizatzaileak lehenestea, ez eta irtenbide ez oso eraginkorren aldeko apustua egitea ere. Irtenbide horiek adabaki hutsa bertzerik ez dira, eta ez dute itxaron-zerrenden eta arretaren arazo erreala konponduko, epe laburrera datuak makillatu bertzerik ez baitute egin nahi.

Osasun publiko sendoa behar dugu, Lehe Arretarako aurrekontu egokia izanen duena, non kontseilariak osasunaren sustapenari eta prebentzioari buruz dituen hitzak ez baitira atrezzo hutsa izanen. Gobernantza ausarta behar dugu, egungo egoera zein den kontrolatuko duena, eta egoera hori nahita sortzen ari denari erantzukizunak eskatuko dizkiona. Azken finean, Nafarroako herritarren osasun publikoa eta langile guztientzako lan-baldintza duinak benetan defendatuko duen gobernua. Kontseilariari ohartarazten diogu ez dugula onartuko arreta are gehiago okertuko duten bulegoetako negoziaziorik, eta herritarrei eta langileei eskatzen diegu osasun publikoaren alde mobiliza daitezela.

Correseko garbiketa-kontrataren arazoen aurrean, kontratua etetea eta zerbitzua barneratzea exijitzen dugu

Arabako Correoseko atal sindikalak herrialdeko zenbait lantoki eta bulegoren zikinkeria-egoera salatu du Lan Ikuskaritzan. Milaka pertsona igarotzen diren leku horiek hilabete baino gehiago daramate garbitu gabe.

Correosek Araban dituen lantokietan, askok 250 langile baino gehiago dituztenak, hala nola Jundizko Tratamendu Automatizatuko Zentroak edo milaka pertsona pasatzen diren jendeari arreta emateko bulegoak, egoera tamalgarrian daude, eta honek arrisku larria dakar langile zein herritarren osasunarentzat.

Egoera honen oinarrian J. Cordoba Garbiketako kontrataren arazoak daude, langileen bajak eta oporrak ez dituelako kubritzen eta hilabeteak daramatza langileei nomina ordaindu gabe.

Honen aurrean, konponbide azkar eta presazkoa eskatzen dugu langile hauentzat, dagozkien soldatak kobratu ahal izateko, beraien eskubideak bermatzeko eta afektatutako lantokietan egoera osasuntsua buelta dadin. Ildo horretatik, kontrata honek langileekiko zituen konpromisoak eta betebeharrak urratu dituela kontuan hartuta, uste dugu Correosek bere kontratua eten egin behar duela, horren ondorioz langileak subrogatuz.

Edonola ere, LABek zerbitzu hau oinarrizkotzat jotzen du eta hortaz, horren esternalizazioa atzera botatzea planteatzen du eta horrela exijitzen diogu Correosi. Garbiketa peoien lanpostu hauek hitzarmen kolektiboan araututa daude eta beraz enplegu-finkapenetan eskaini behar dira, Correoseko plantillako kide izateko.

LABek lanean jarraituko du posta zerbitzua publikoa eta kalitezkoa bermatzeko herritar orori, baita langileen lan baldintza duinak bermatzeko ere.

Osakidetzako larrialdietako langileek Parlamentuaren aurrean egin dute protesta

Kontzentrazioa egin dute Gasteizko Parlamentuaren aurrean, LAB, ELA, CCOO, SATSE, ESK, SME eta UGTren deialdiari jarraiki. Izan ere, langileek borrokan jarraitzen dute egoera jasanezinaren aurrean.

Urte honetan zehar, Osakidetzako larrialdietako enpresako Langileen Batzordea osatzen dugun sindikatuok, plantillarekin batera, behin eta berriz salatu dugu zuzendaritzaren negoziatzeko borondaterik eza. Gaur egun, gai gatazkatsuak konpondu gabe daude oraindik, eta egoera batzuk okertzen ere ari dira.


Irailaren 29an Langraizen bizi-euskarri aurreratu bat izango duen beste base bat irekitzeko prozesua azkar eta gardentasunik gabe kudeatu dela salatzen dugu. Oscar Aller egungo gerenteak, Osakidetzako larrialdietako erakundeko gerente lanak utzi baino egun bat lehenago izango da hau eta sindikatuok modu estraofizialean jakin behar izan dugu irekiera horren berri, nahiz eta kudeaketa-taldearekin negoziatzen aritu garen, larrialdietako gainerako langileen lan-baldintza eta karteldegi berdinak lortzeko.

Unitate hori denek eskatzen zuten, baina ez egungo lan-eskubideek okerrera egiten duten langileen kudeaketarekin. Hilabeteak daramatzate errespetatu beharreko lan-eskubide horien alde borrokan, eta zuzendaritzaren aldetik ez da borondaterik egon benetako negoziazio batekin konpontzeko. Beste alde batetik, zerbitzuaren kudeaketa gero eta eskasagoa da. Egun askotan ikusten dute langileek txandak ez direla langile nahikoekin betetzen, eta horrek okerrera egin du udan. Urteko 365 egunetan 24 orduz ematen den zerbitzua denez, ez dira betetzen herritarrei arreta ezin hobea emateko ezarritako gutxienekoak ere. Hori langileen kudeaketa txarretik dator, urteak baitaramatzate kudeaketa hori pairatzen, baina ez da hobetu, nahiz eta salaketa eta mobilizazio ugari egin diren.

Azken aldian, estaldura-falta horren egoerarik larrienetako bat salatu da: Arrasateko ZIU mugikorrean medikurik ez izatea. Osasun Sailak datu osatu gabeekin erantzun dio salaketa horri, Osakidetzako larrialdietako egungo gerenteak, Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean, ekainaren 5ean egin zuen bezala. Horrekin ikusten dugu Emergentziak eta Osakidetzako zuzendaritzek ez langileen gure lanaren ezagutza nahikorik, gizarteari mezu okerra bidaltzen ari direla, eta horrek ezinegon handia eragiten diela langileei.

Horregatik, euskal gizarteari jakinarazi nahi diote oinarrizko zerbitzu bat direla, eta zerbitzu horretan gutxieneko batzuk bete behar direla, EAEn gertatzen den edozein gorabeheraren aurrean une oro prest egoteko.

Larrialdietako zerbitzuko zuzendaritzak duela hiru urteko arazo berberak ditu mahai gainean, orain larriagoak. Izan ere, zuzendaritza sendo eta indartsu batekin topo egin
beharrean, Langileen Batzordeari aurre eginez, konpontzeko gai ez den egoera bati aurre egin behar dio, eta kudeaketa oso ezegonkorra da.

Egoera horren aurrean, uztailean zerbitzuko zuzendaritza osoaren dimisioa eskatu zuten langileek, eta abuztuan kudeatzailearen dimisioaren berri iritsi zitzaien. Baina langileen eskubideen galera-egoera hori eta zerbitzuaren kalitatea desblokeatzeko, langileen ordezkariek zerbitzuko zuzendaritza osoaren dimisioa eskatzen jarraitzen dute, eta, aldi berean, Osakidetzako Giza Baliabideetako zuzendariarekin elkarrizketa-bide bat irekitzeko eskatzen dute. Ezinegon egoera honen aurrean, berriro ere mobilizatu dira, Osakidetzako larrialdietako zuzendaritzak benetako negoziaziorako borondaterik ez duela salatzeko eta langileentzako eta zerbitzuarentzako baldintza duinak eskatzeko, horrela, euskal herritarrei erantzun duina eman ahal izateko.

Behargin guztiek egin dute bat Mecanerren itxieraren aurkako greba deialdiarekin

Goizean goizetik piketeekin abiatu dute eguna, eta manifestazioa egin dute lantegian hasi eta udaletxeraino, argi uzteko lanpostuen defentsan borroka egiteko prest daudela. Urdulizko udal ordezkariekin bilera bat ere egin dute beren kezkak adierazi eta egoeraren berri emateko.

Autogintzako sektorean dihardu Stellantis taldearen baitan dagoen Urdulizko Mecaner lantegiak, eta berau ixteak 148 behargin kaleratzea ekarriko luke. Hilabete hasieran izan zuten horren berri langileek, eta enpresaren erabakiari aurre egiteko antolatu dira. Hala, greba eguna deitu zuten gaurko, eta langileen %100ak bat egin du lanuztearekin.

Itxiera prozesuaren baitan Elorritxueta-Viveroko adingabeak beste zentro batzuetara bideratu eta gainkarga areagotu dute

Beharginek elkarretaratzea egin dute Bizkaiko foru jauregiaren aurrean, eta salatu dute aldundiak zentroa ixteko emandako argudioak ez direla zuzenak. Hala, Galdakaon kokatutako egoitzaren zerbitzua bertan behera uzteak gainerakoen gainkarga baino ez du ekarriko.

Bizkaiko Foru Aldundiaren zerbitzua eta Emankor Taldearen baitan dagoen Landalan enpresak kudeatzen duen El Vivero Adingabeen Zentroa irailaren 30ean itxiko dute eta 19 langile kaleratuak izango dira.

Aurreko egunetan, egoitzan gelditzen ziren 22 adingabeak Bizkaiko beste egoitza batzuetara lekualdatu dituzte; Loiu, Zornotza, Urduña edo eta Izurzan dauden adingabeen beste egoitza batzuetara, hain zuzen ere. Bizkaiko Foru Aldundiaren Gizarte ekintzako buru den Amaia Antxustegi Ziardaren arabera, Inoren kargura ez dauden Adingabe Atzerritarren presentziak behera egin du eta hori da Vivero egoitza ixtearen arrazoia. Baina aipaturiko egoitzak gaur egun gainezka daude. Agintzari kooperatibak Zornotzan zuzentzen duen egoitzak, adibidez, Foru Aldundiarekin 60 plaza hitzartuta ditu eta aste honetan bertan 65 ume inguru dituzte. Beraz, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Landalan-Emankor taldeak Elorritxueta-Vivero zentroaren itxiera eta langileen kaleratzeak gauzatzeko emaniko argudioak ez dira zuzenak.

Hala, langileek mobilizazioekin jarraituko dute datozen egunotan. Hala, bihar, hilak 22, 11:00etan elkarretaratzea egingo dute Emankor-Landalan enpresak, Elorritxueta-Vivero kudeatzen duenak, Bilboko Kale Nagusiko 16. zenbakian dituen bulegoen aurrean. Horrez gain, hilaren 27an 08:30ean mobilizatuko dira Gernikako Juntetxean, eta irailaren 29an, gaur bezala, Bizkaiko Foru Jauregiaren aurrean.