2026-05-13
Blog Page 2

Hezkuntza Sailak EAEko irakasleen akordioan bete ez dituen atalak judizializatuko ditu LABek

EAEko hezkuntza publikoko irakasleen akordioa erdietsi eta urtebetera, sailak bete gabeko neurriak aplikatzeko borondaterik gabe jarraitzen du. Datorren ikasturtean berdin jarraituz gero, ildo juridikoa ez ezik, ildo mobilizatzailea ere berraktibatuko du LABek.

Urtebete da EAEko hezkuntza publikoko irakasleen akordio arautzailea eta plantillak esleitzeko irizpideen akordioa sinatu zirenetik. Akordio horiek aurreko ikasturtean egindako hamaika mobilizaziori eta grebei esker lortu ziren, eta, hezkuntza publikoan aritzen diren irakasleen lan baldintzak nabarmen hobetzeaz gain, baliabide gehiago jaso dituzte ikastetxeek ikasle talde gutxiago izan arren. Hala ere, ikastetxeek are baliabide gehiago jasoko lituzkete Hezkuntza Sailak adostutakoa osotasunean bete izan balu. Zentzu horretan, sailak erakutsi duen aurreikuspen eta borondate falta salatu nahi ditu LABek, konpromisoak ez betetzearen ondorioz ikastetxeak eta langileak izan direlako kaltetuak.

Akordioa sinatu eta urtebete igaro den honetan, eta Hezkuntza Sailaren borondate faltaren aurrean, akordioa urratzen duten atalak judizializatzeko erabakia hartu du LABek, eta, ildo horretan, ikasturtea amaitu aurretik mobilizaziora joko duela adierazi nahi du. Datorren ikasturtean ez betetzeek jarraituz gero, ildo mobilizatzailea berraktibatuko du sindikatuak. Era berean, LABek dei egin die gainontzeko sindikatu sinatzaileei elkarlanean aritzeko eta akordioa irmo defendatzeko.

Bere osotasunean oraindik aplikatu ez bada ere, sinatutako akordioak lan baldintzen arloan hobekuntza nabarmenak jasotzen ditu. Plantillaren gazteberritzeari dagokionez, urteko modalitatean irakastorduen murrizketa erretiroa hartu arte luzatzea ekarri du; modalitate metatuan berriz, langileak 18 hilabete lehenago erretiroa aurreratzeko aukera izango du.

Ordezko langileen eremuan ere eragin handia izan du akordioak. Besteak beste, karreradun eta bitarteko funtzionarioen baldintzak parekatzea, urte sabatikoa hartzeko aukera izatea eta ordezkoen udako kobraketa berreskuratzea. Lizentzia eta baimenen arloan, berriz, gurasotasun baimenean 2 aste gehigarri izatea eta edoskitzerako egunak gehitzea dira aurrerapauso nagusiak.

LABek baliabideen beharra lehen lerrora ekarri zuen iazko ikasturteko negoziazioan, sindikatuarentzat estrategikoak izateaz gain, hezkuntza kalitatea hobetzeko behar-beharrezkoak direlako. Zentzu horretan, 2025-2026 ikasturtean ikasle talde gutxiago egon arren, aurreko ikasturtean baino irakasle gehiago izan direla azpimarratu du sindikatuak. Honakoak izan dira eremu horretako lorpenak: aholkulari eta orientatzaile kredituak handitzea; ikasle etorri berriak euskara eta euskal kulturan murgiltzeko HIPI eta EUSLE programetarako ordu, kreditu eta ratio berriak ezartzea; eta hizkuntza proiektuetarako koordinatzaileen figura ezartzea.

EAEko funtzio publikoan azken 15 urtetan lehen aldiz soldata bertan adostea lortu zen, eta ikasturte honetan erosahalmena berreskuratzeko neurriak gauzatu dira; hala nola, akordioan jasotako %7ko igoeraren lehenengo jasotzea (%2); berrikuntza arduradunek (BeA), aholkulariek eta orientatzaileek kargu akademikoak jasotzea eta jardunaldi murriztuan dauden irakasleek kargu akademikoak osorik jasotzea.

Azkenik, enplegua egonkortzeari, lan osasunari, euskarari eta berdintasunari dagozkion neurriak ere adostu ziren. Enplegua egonkortzeari lotuta, Lanbide Heziketako Irakasle Teknikoak hezkuntzan mantentzea, oposaketak hiru urteko zikloetan egitea, lanpostu guztiek C1 hizkuntza eskakizuna izatea eta behin-behinekotasun tasa %5etik behera kokatzea. Lan osasunari dagokionez, osasun azterketak 3 urtean behin egitea eta lanpostua egokitzeko eta lanpostuz aldatzeko protokoloak ezartzea. Euskara eta berdintasunaren eremuan, ikasleak hizkuntzan eta metodologian gaitzea bultzatzea, berdintasunerako jarraipen batzordea sortzea eta LGTBI pertsonen eskubideen aldeko plana jasotzea adostu ziren akordio berrian.

Baliabideak, blokeatuta

Akordioaren irismena, ordea, ez da osotasunean gauzatu, Hezkuntza Sailak ez dituelako adostutako neurri guztiak aplikatu. Ondorioz, aurrez aipatutako baliabideez gain, sailak ikastetxeetara bideratu behar zituen baliabide garrantzitsu batzuk blokeatu ditu, eta, hala, langileen lan baldintzetan zein hezkuntza kalitatean aurrerapausu gehiago ematea oztopatu du. Hori guztia Hezkuntza Sailaren aurreikuspen eta borondate faltari egotzi dio LABek, zeinak irakasle eta zuzendaritzen artean haserrea eta ezinegona sortu dituen.

Sailaren ez betetzeak arlo desberdinetan kokatu ditu LABek. Akordioak jasotzen duen lorpen esanguratsuenetako bat irakasleen lan zama arintzea eragin behar duen irakastorduen jaitsiera izan zen. Haur eta Lehen Hezkuntzan, 23 ordu lektiboetatik 21 ordura murriztea jasotzen du akordio arautzaile berriak, 2025-26 eta 2026-27 ikasturteetan hurrenez hurren; hala ere, 2025-26 ikasturtean Hezkuntza Sailak ez du baliabide nahikoa jarri, eta 2026-27rako aurreikuspenetan bigarren irakastordua jaisteko baliabideak bidaliko ez dituen zantzuak ditu LABek.

Bigarren Hezkuntzan eta Lanbide Heziketan, aldiz, gehienez 18 irakastordu izan ordez 17 izatea jasotzen du hitzarmenak. Kasu honetan ere, ikastetxeek ordu jaitsiera hori bermatzeko nahikoa baliabide ez dute jaso 2025-26 ikasturtean. Zentzu horretan, sailak aldebakarrez argitaratutako HEZI+ programaren ebazpenak akordioa urratzen duela salatu du LABek, zuzeneko dedikazio orduak ordu osagarri moduan txertatzea jasotzen duelako. Bestalde, Bigarren Hezkuntzan eta Lanbide Heziketan berrikuntza proiektuengatiko irakaskuntza ordu baten murrizketaren berri ez du eman sailak 2025-26 ikasturtean.

LABek salatu du, sailaren arduragabekeria medio, aipatutako lorpenak guztiz gauzatu gabe geratu direla 2025-26 ikasturtean, eta ikusteke dagoela 2026-27 ikasturtean zer gertatuko den; hori dela eta, ikastetxeetako zuzendaritzek Hezkuntza Sailak sortutako zuloa estaltzeko bideak desberdinak bilatu behar izan dituzte. sindikatuak adierazi duenez. Batzuek ikastetxeko beste proiektuetako orduak baliatu behar izan dituzte irakastordu bat jaisteko (hezkuntza kalitatearen kaltetan); besteek lanpostuak 18 irakastordutan itxi behar izan dituzte, akordioak jasotakotik gora.

2026-27 ikasturteari begira ere, dagoeneko hainbat dira LAB sindikatuak aurreikusten dituen ez betetzeak, behin behineko Lanpostu Zerrenda aintzat hartuz gero. Batetik, akordioak Lehen Hezkuntzako ratioak 23tik 22ra jaistea jasotzen badu ere, sailak 22ko ratioa Lehen Hezkuntzako 1. mailan soilik aplikatu du. Bestetik, Entzumen eta Hizkuntza Irakasleak (EHI) ikastetxeetan lehenengoz egonkorrak izango dira sinatutako akordioari esker; hala ere, adostutakoaren kontra, bestelako irizpide murriztaileak aplikatu nahi ditu sailak. Azkenik, Ongizate eta babeserako koordinatzaileentzat ikastetxeek 2026-27 ikasturterako baliabideak jaso behar bazituzten ere, Hezkuntza Sailak ez du baliabiderik kargatu behin-behineko Lanpostu Zerrendan.

LABek 2025eko ekainean bertan salatu zuen, akordioa sinatu eta hilabetera, argi geratu zela Hezkuntza Sailak ez zuela akordioa osotasunean betetzeko borondaterik, 2025-26 ikasturterako aurreikusitako baliabide batzuk esleitu ez zituelako. Ekainean bertan eta abenduan mobilizazioak egin zituen LABek ikastetxeetan, ikasturtean zehar Hezkuntza Sailari akordioa osotasunean betetzeko egindako bidearen baitan. LAB sindikatuaren ustez, ez betetze horiek bide desberdinetatik bideratzen saiatu arren, sailak entzungor egin dio behin eta berriro bete gabeko neurriak aplikatzeari.

Akordioa sinatu eta urtebete igaro den honetan, eta Hezkuntza Sailaren borondate faltaren aurrean, akordioa urratzen duten atalak judizializatzeko erabakia hartu du LABek, eta, ildo horretan, ikasturtea amaitu aurretik mobilizaziora joko duela adierazi nahi du. Datorren ikasturtean ez betetzeek jarraituz gero, ildo mobilizatzailea berraktibatuko du sindikatuak. Era berean, LABek dei egin die gainontzeko sindikatu sinatzaileei elkarlanean aritzeko eta akordioa irmo defendatzeko.

Ekialdebusen zerbitzu duina eta langileon osasuna lehentasun izan behar dira

Lurraldebusen Oarsoaldeko eta Bidasoaldeko zerbitzua da Ekialdebus, eta LABen uste dugu eguneroko jardunean lan egiten duten baldintzek eragin zuzena dutela bertako langileen osasunean. Onartezina da errentagarritasun ekonomikoa lantaldearen ongizatearen gainetik jartzea. Horregatik, enpresari eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun Departamentuari eskatzen diegu berehala har ditzatela dauden arazoei konponbidea emateko neurriak.

Hala, lehenik eta behin ordutegi errealistak eskatzen ditugu; izan ere, ezinbestekoa da ibilbide-denborak trafikoaren errealitatera eta egungo erabiltzaileen bolumenera egokitzea. Lan-denborak zerbitzuaren benetako beharretara egokitzea ez da kapritxoa, baizik eta lan-osasunaren bermea. Zentzu horretan, enpresari eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun Departamentuari eskatu diegu ibilbideak egiteko denborak handitzea, baita baliabideak benetan indartzea ere (autobus gehiago eta espedizio gehiago), astelehenetik igandera.

Bestalde, lantaldea indartzeko beharra ere begibistakoa da. Ekialdebus funtsezko elementua da Oarsoaldearen eta Bidasoaldearen arteko mugikortasunerako, 2025erako aurreikusitako 10.700.000 erabiltzaileek erakusten duten bezala. Hala ere, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun Departamentuak marka historikoak nabarmendu arren, errealitatea bestelakoa da: eskariak eskaintza nabarmen gainditu du, eta horrek zuzenean eragiten die langileen eskubideei eta osasunari.

Garraioaren dirulaguntzak eta hamabost urtetik beherakoentzako doakotasuna neurri sozial positiboak dira, eta hala baloratzen ditugu. Hala ere, horien ezarpena ezin da soilik langileen bizkar utzi. Erabiltzaileen igoera ez da gure lan-baldintzen eta osasunaren kontura izan behar.

Aurreko guztia aipatuta, LABen uste dugu premiaz hartu beharreko neurriak direla honako hauek: plantilla handitzea, ibilbide-denborak egokitzea, langileak kalitatezko zerbitzu publiko baten funtsezko elementuak direla aitortzea eta autobus nahiz espedizio gehiago ipintzea.

Euskaraz lan egiteko eta bizitzeko eskubidea aldarri Bilboko kaleetan

LAB, ELA eta STEILAS sindikatuok deituriko manifestazioan bildu gara gaur, euskararen aurkako oldarraldi judizial, politiko eta sindikal antolatua arbuiatu eta, aurrerapenari trabak jarri baino, hizkuntzaren normalizazioan eta aurrerapenean sakondu egin behar dela azpimarratzeko.

Bada, normalizazio horretara iristeko, euskarak erabateko ofizialtasuna behar du eta, xede horri jarraikiz, enplegu publikoan euskara zein gaztelaniaren exijentzia parekatu behar dira, aldi berean baliabideak eta denbora eskaini behar zaielarik euskararik ez dakiten langileei. Euskaraz lan egiteko eta herritarrek administrazio publikoarekin euskaraz jardun ahal izateko eskubideak gauzatzeko neurriak hartu behar dira, eta mezu hori zabaldu dugu ozen gaur Bilbon.

Ez dugu ontzat emango azpijokoan oinarritutako estrategia antolatuaren bidez zabaldu nahi izan duten dikotomia faltsua, hau da, hizkuntza eskubidea eta lan eskubidea kontrajartzen dituena, administrazioaren euskalduntzea zapuztu gaztelaniaren nagusitasuna betikotu eta inposatzeko aitzakia hutsa baita.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan inflexio puntu baten aurrean gaude orain, Eusko Legebiltzarrean Enplegu Publikoaren Legea moldatzeko prozesua irekita baitago. Hori dela eta, LABetik EAJri ausardia politikoa eskatzen diogu, PSErekiko hipoteketatik askatu eta beto eskubiderik ez emateko. Orain da momentua euskara eta gaztelaniari babes juridiko bera eman eta jauzi bat egiteko.

Bilboko Jesusen bihotzetik abiatu da mobilizazioa arratsaldeko 17:30ak pasatxo zirela, eta Kale Nagusia osorik zeharkatu ostean, udaletxerantz jarraitu du. Bertan hitzartzea egin dute deitzaile izan garen sindikatuetako ordezkariek, tartean LABeko Ekintza Sindikaleko eta Negoziazio Kolektiboko arduradun den Oihana Lopetegik. “Asko dago jokoan. Euskaltzaleon hizkuntz eskubideen bermea dago jokoan, horregatik gaude gaur hemen, gure eskakizunak adierazi eta irekia dagoen eztabaida politikoan eragiteko momentua da, mobilizazioen bitartez eragiteko unea da”, adierazi du.

Euskalgintzaren Kontseiluko kideak ere izan dira manifestazioan parte hartzen, Idurre Eskisabel idazkari nagusia barne. Bada, eragile horrek ekainaren 13rako Iruñean Euskaraz bizitzeko behar den dena lelopean deitutako manifestazio nazionalean parte hartzeko deia luzatu diegu sindikatuok langileei beste behin ere.

Ikuskizun eta ekitaldietako teknikarien sektorean greba deitu dugu

LAB, TEKNIKARIOK, ELA, ESK, CCOO eta UGT sindikatuak gara deitzaile, eta maiatzaren 15a izango da greba eguna, sektore horretan deituko dugun lehendabizikoa, hain zuzen ere.

Testuinguruan kokatzeko, honaino ekarri gaituzten arrazoiak azaldu nahi dizkizuegu lehenik. Bi urte baino gehiago pasa dira ofizialki EUKI patronalarekin negoziatzen hasi ginela. Helburua bat eta bakarra: sektoreko lan-harremanak Hitzarmen Kolektibo baten bidez arautzea. Sinestezina dirudien arren, sektoreak oraindik ez du hitzarmen kolektiborik. Lanaldi amaigabeak eta lana antolatzeko sistema jasanezinak arau, bertako langileen lan eta bizitza kontziliazioa ezinezkoa da. Beste sektore batzuetan pentsaezina da Langileen Estatutua ez-betetzea; ordea, gurean, eguneroko ogia da.

Bi urte eta gero negoziazioen blokeo-egoeran, ondorioztatu dugu patronalaren borondate bakarra dela Langileen Estatutuaren legezkontrakotasunak eta arau urraketak inolako konpentsaziorik gabe arautzea.

Sindikatu antolatzaileok ezin dugu bermatu hilaren 15eko ekitaldiak normaltasunez egingo direnik. Teknikarien esku dagoen guztia (soinua, argiztapena, bideoa, eszenografia, ekoizpena, karga eta deskarga…) dago kolokan. Partzialki edo guztiz. Gainera, ulertu dezakezuen bezala, borroka eguna da; horregatik, gutxieneko konpromiso bat eskatzen dizuegu. Kontzientzia piztu nahi dugu boloak aurrera ateratzeak esan nahi duela teknikari batzuk grebarekin bat ez egitea, eta, beraz, beraien sektoreko prekarietatea amaitzeko borrokan ari diren lankideei bizkarra ematea. Bestalde, gogorarazten dugu ekitaldi askotan elkarretaratzeak, pikete informatiboak eta mobilizazioak izango direla.

Gure eskubideen aldeko borroka hau sektore osoaren duintasunaren aldeko borroka gisa ulertzen dugu, eta, beraz, deialdi hau zabaltzen diegu, ekitaldi- eta ikuskizun-eredu arduratsu eta jasangarri batean sinesten duten pertsona eta erakunde guztiei.

Halaber, izan ditzakeen ondorioak aintzat hartu ditzazuen, jakinarazi nahi dizuegu greba-egun honetako ordutegia maiatzaren 15eko (ostirala) goizeko 3:00etatik maiatzaren 16ko (larunbata) goizeko 3:00etara izango dela.

Hau da sektorean egiten dugun lehen greba, baina hitzarmenaren negoziazioa desblokeatzen ez bada, ez dugu baztertzen ekintza sindikala gogortzea eta mobilizazio eta greba-egun gehiago iragartzea. Beraz, egoera hori saihesteko, zuen esku dagoen guztia egiteko eskatzen dizuegu.

Milesker zuen arretagatik eta partekatzen dugun ekitaldi eta eszenatoki bakoitzaren atzean lan-baldintza duinak dituzten langileak egon behar direla ulertzeagatik.

Garbiñe Aranburu eta Urko Aierbe: “Euskaraz lan egin eta bizitzeko eskubidearen alde, kalera!”

Hemen duzue Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorraren eta Urko Aierbe Euskara idazkariaren iritzi artikulua. Bihar larunbata, maiatzaren 9an, manifestazioa deitu dugu Bilbon, “Euskaraz bizitzeko eta lan egiteko eskubidearen alde” lemapean. 17:30ean abiatuko da, Jesusen Bihotzetik.

Euskararen berreskurapen-prozesua une erabakigarrian dago. 80ko hamarkadan EAEko eta Nafarroako estatutuekin eta hortik eratorritako legediekin egituratutako euskalduntzerako paradigma guztiz zartatuta dago. Batetik, eman zezakeen gehiena jada eman duelako, duela 40 urte diseinatu zeneko begiradan kateatuta eta oraingo baldintza eta beharretara egokitua izan gabe. Bestetik, garaian eredu hori defendatu zuten espainiar ezkerreko sektoreak (eskumaren aurkakotasuna betidanikoa da), euskalduntzean espero zuten baino urrunago joan garela iritzita, azken garaian horren aurkako ofentsiba betean sartu dira, bereziki administrazioaren euskalduntzearen aurka zentratuta.

Paradigma horrek ez zuen auzitan jarri frankismotik zetorren administrazio zeharo gazteleraduna, eta oinarria hori izanda, euskarari maila subalternoa eskaini zitzaion, ez berdintasunezko estatus bat. Horrela, progresibotasun mantso bezain anbiziorik gabekoan (40 urteren ondoren hau!), interpretazio arbitrariorako aukera ematen duen Derrigortasun Indize zehaztugabean, zein plangintzaldiz plangintzaldi neurriak inertziaz errepikatzen dituzten euskara-planetan oinarrituta egon den eredua agortuta dago.

Era berean, sorreran lanean hasi ziren langile publikoak jubilatzen hasiak dira jada (erdia inguru urte gutxiren buruan), belaunaldi berriak proportzio oso handian euskaldunak diren abagunean. EAEn langile publiko izatera aurkeztuko diren hautagaien %85etik gora euskaldunak edo ia euskaldunak direnean. Jauzi baterako baldintzak egon badaude beraz.

Diagnostiko horretan, jakitun gara egon badaudela euskara ikasteko aukera nahikorik izan ez duten langile publikoak. Asko lan-kontratu prekario eta bitartekoak kateatuz urteetan. Horiek guztiak euskaldundu daitezen bitarteko nahikoak eta erraztasunak eskainiko dizkien plan anbiziotsua indarrean sartzea exijitzen dugu, behingoz langile publiko guztiak elebidunak izan daitezen.

Nafarroan iraunkorra den oldarraldia indarberriturik adierazi da EAEn azken bost urteetan. Espainiar ezkerreko alderdi eta sindikatuek sustatuta, nagusiki PSEk eta CCOOk, administrazioaren euskalduntzearen aurkako ofentsiba supremazista eta euskarofobo sistematikoa ezagutzen ari gara. Langile jakin batzuen egoerak manipulatuz eta lan-eskubideak modu iruzurtian ustez defendatuz, hamaika lan-deialdiren, hizkuntza-eskakizunen, azpikontratetarako hizkuntza-klausulen zein administrazioan euskararen erabilera sustatzeko beste hainbat neurriren aurkako demanda judizialak jarri dituzte, guztira ehunetik gora. Jakinda arbitroa erosia duen aldeko joko-zelaia direla epaitegiak.

Guztia ere falazia batean oinarrituta: hizkuntza-eskubideak eta lan-eskubideak kontrajarri eta mailakatzearena. Bereizkeria hori diskurtso eta praktiketan sustatzen duten eragileak kalitate demokratiko eskasekoak direla salatu beharra dugu. Askatasunaren aldarriaren atzean erdal elebakartasunean gotortzen den gutxiengo pribilegiatua babesteko interes politiko eta sindikala aurkitzen dugu.

Izan ere, administrazioan lan egiteko euskara eskatzea edo bere erabilera sustatzea inposizioa eta lan-baldintzetarako mehatxu omen da. Aldiz, gaztelera esplizituki ala inplizituki de facto lanpostu publikoen %100ean eskatzea ez da inposizioa, hori normala eta onargarria da. Horrek guztiak argi adierazten du alderdi eta sindikatu horientzat euskara eta euskaldunon hizkuntza-eskubideak bigarren mailakoak direla, bazterrekoak. Euskara sustatzea onartzen dute, betiere gazteleraren nagusigoa eta benetako inposizioa auzitan jartzen ez duen bitartean.

Era berean, EAJren jarrera salatu beharra dugu. Ez du gutxieneko ausardiarik adierazten administrazioaren euskalduntzeak benetan eskatzen dituen aldaketa politiko eta juridikoak egiteko. Herritarron eskubideak bermatzeaz ari gara, eta eskubide horiek bermatzea ezin da PSEri emandako beto-eskubidearen mende egon.

Sektore horien azken bandera kontsentsu linguistikoarena da, hori apurtu izana leporatzen digutelarik eragile euskaltzaleoi. Horra beste falazia bat. 1982an EAEko Euskararen Legean kokatzen den ustezko kontsentsu linguistikoa sorreratik salatu genuen hainbat eragile euskaltzaleok, gazteleraren nagusigoan eta euskararen eta euskaldunon hizkuntza-eskubideen mendekotasunean oinarritu baitzen. Ustezko kontsentsu horrek sumisioa eta zapalkuntza dakar.

Gatazka honen konponbide bakarra EAEko Legebiltzarrean irekita dagoen eztabaidan euskararen estatus juridikoa gaztelerarenaren parean kokatzetik etorriko da, euskaldunon hizkuntza-eskubideak bere osotasunean bermatuko direnean. Norabide horretako aldaketa egokirik ezean, egungo ziurgabetasun juridikoak jarraituko du, epaitegien erabaki arbitrarioen eta eragile euskarafoboen mehatxupean.

Horregatik guztiarengatik, LABek dei egiten die langile eta herritar euskaltzale guztiei gure eskubideen alde eta euskararen normalizazioaren alde mobilizatzera. Bai datorren larunbatean Bilbon, bai Euskalgintzaren Kontseiluak ekainaren 13rako Iruñean deitu duen manifestazioan. Euskaraz bizitzeko eta lan egiteko eskubidearen alde, kalera!

Eragile euskaltzale nagusiek bat egiten dute LABek, ELAk eta STEILASek larunbatean deitutako manifestazioarekin

Euskalgintzaren Kontseiluarekin batera, Bilgune Feminista, Aldatu Gidoia, Nabarralde edo Pantailak Euskaraz bezalako taldeek atxikimendua eman diote euskaraz bizitzeko eta lan egiteko eskubidearen alde larunbat honetan Bilboko Jesusen Bihotzean, arratsaldeko 17:30ean abiatzekoa den manifestazioari.

LABek, ELAk eta STEILASek euskaldunon oinarrizko hizkuntza eskubideen aurkako oldarraldi antolatua martxan dela salatu zuten eta, ondorioz, aldarrikatu zuten, eragile sindikal, politiko eta mediatiko batzuek euskararen biziberritzeari trabak ezartzeko presio antolatuari ezinbestean erantzun antolatua eman behar zaiola. 

Manifestazioa deialdia orain bi aste publiko egin zenetik eragile sozial euskaltzaleen eta norbanako euskaltzaleen atxikimenduak jaso dituzte sindikatuek. Eragile eta euskaltzaleek bat egin dute euskaraz bizitzeko eta lan egiteko eskubidea alde eta norabide horretan neurriak hartu daitezela babestuko dute larunbatean.

Euskaldunon aurkako zapalkuntza eta bazterketa saiakeren aurrean, plazak betetzeko eta antolatzeko garaia da, maiatzaren 9an Bilbon, maiatzaren 10ean Senperen edo ekainaren 13an Iruñeko kaleak euskaltzalez betetzeko deia egin dute sindikatuek, eragileek eta euskaltzaleek. 

Atxikimenduen zerrenda :

  • ADMINISTRAZIOAN EUSKARAZ TALDEA
  • AINTZAT
  • ALDATU GIDOIA
  • ARNAS DEZAGUN
  • BILGUNE FEMINISTA
  • ERNAI
  • EUSKAL HERRIKO MUS FEDERAZIOA
  • EUSKALGINTZAREN KONTSEILUA
  • EUSKALTZALEEN FOROA 
  • IKA
  • IKAMA
  • JOXEMI ZUMALABE
  • NABARRALDE 
  • NAZIOGINTZA 
  • OSTIA SAREA
  • PANTAILAK EUSKARAZ 

LABek ez du sinatu Osakidetzako Garapen Profesionalaren dekretu “berria”

Osakidetzako Mahai Sektorialaren azken bileran, LABek ez du Garapen Profesionalaren dekretu berria sinatu.

LABek 2021eko uztaileko Garapen Profesionalaren ezohiko deialdia bultzatu eta sinatu zuen bi arrazoirengatik: batetik, antzinatasunagatik soilik sarbidea ahalbidetzen zuelako, eta, bestetik, Osakidetzako zuzendaritzak 2026ra arteko GP eredu berri bat negoziatzeko konpromisoa hartu zuelako. Osakidetzan Garapen Profesionala ezarri zenetik, LAB beti izan da ezarritako ereduarekiko kritikoa; horregatik, gure aldarrikapen historikoa benetan alternatiboa izango zen eredu bat negoziatzea izan da.

Ustezko GP eredu “berriaren” negoziazioa 2023ko irailean hasi zen, oinarrizko dokumentu bat idazteko lan-talde bat sortuz. Denbora honetan, LABek 61 proposamen baino gehiago egin ditu. Horietatik ia bat bera ere ez da onartutako dokumentuan txertatu, eta dokumentu horrek ez du, funtsean, gaur egun indarrean dagoen eredutik alde handirik.

Gure helburua argia izan da: benetan berria izango zen Garapen Profesionaleko eredu bat lortzea; prozesua sinplifikatuko zuen eredu alternatibo bat, sarbidea erraztuko zuena, balorazio subjektiboekin amaituko zuena eta eskatzen den guztia Osakidetzak berak eskaintzea bermatuko zuena, batez ere prestakuntzaren arloan.

LABek lan handia egin du proposamenak egiten; horietako asko berritzaileak dira eta Garapen Profesionalaren ereduan benetako aldaketa ekarriko lukete. Baina, beste behin ere, Osakidetzak ez du anbizioz edo eredu hau sakon aldatzeko borondatez jokatu.

Are gehiago, LABek proposatutako hobekuntza batzuk txertatu diren arren —euskararen titulazioaren balorazioa, egoitza-aldia lan egindako denboratzat hartzea eta merezimenduen zein titulazio-taldeen araberako ponderazio batzuk—, esan dezakegu onartutako ereduak atzera pausoak ere ematen dituela alderdi garrantzitsuetan. Adibidez:

  • Blokeetako edozein gainditzen ez bada (prestakuntzarena barne), hautagaiak ezin izango du beste eskaerarik aurkeztu bi urtez.
  • Autoebaluazioa borondatezkoa izateari uzten dio, eta derrigorrezko baldintza bihurtzen da.
  • A blokean mantentzen da helburuen ebaluazioa, agintariek egina; askotan plantillak ezagutzen ez dituen helburuak dira, eta ez dira negoziazioaren parte izan.
  • A blokea gainditzeko gutxieneko puntuazioa igo da, buruzagitzen balorazio subjektiboetan oinarrituta; horrek asko zailtzen du 3. eta 4. mailetara iristea.
  • Aldi baterako langile asko deialdietatik kanpo uzten jarraitzen da.
  • Osakidetzak ez du bermatzen eskatutako prestakuntza bere prestakuntza-eskaintzarekin osatu ahal izango denik.
  • Jarraipen-batzorde paritarioa sindikatu sinatzaileentzat bakarrik izango da. 

Azkenik, Garapen Profesionalaren Dekretua SATSE eta SME sindikatu korporatiboek eta CCOOk onartu dute.

LAB sindikatuaren ustez, Osakidetzako zuzendaritzak beste aukera bat galdu du Garapen Profesionalaren eredua hobetzeko eta, horrela, Osakidetzako milaka eta milaka langileren bizitza errazteko. Horren ordez, anbiziorik gabe jardutea aukeratu dute, egindako proposamenak edukiz hustuz eta plantillan konparaziozko bidegabekeriak sortzen jarraitzen duen eredu bati helduta.

GP eredu honek aurrekoaren akatsak arrastaka daramatza, eta ez du bermatzen gure osasun-sisteman pizgarri eta hobekuntza tresna izango denik. Titulitis-a sustatzen du, puntuak lortzeko helburu hutsarekin ikastaroak erostea eta egitea bultzatzen du, ez du euskarazko arreta bermatuko duen Osakidetza bat sustatzen, genero-ikuspegirik gabe jarraitzen du —soldata-arrakala areagotuz—, eta ez da benetan unibertsala den sistema bat.

Arrazoi horiengatik guztiengatik, LABek ezetz esan dio eredu honi; hala ere, lanean jarraituko du plantillaren benetako beharrak kontuan hartuko dituen eta langileak zigortuko ez dituen Garapen Profesionaleko eredu bat lortzeko. 

UGTk, CCOOk eta CENek ateak itxi dizkiote berriro Nafarroak LGS propioa izateko aukerari

LABi eta ELAri proposatutako bileran parte hartzeko aurretik UGTren eta CCOOren eredu sindikala, bake sozialaren truke finantzaketa publikoan oinarritutakoa, beren gain hartzeko eskatu digute. LABek eta ELAk bazterketarik gabeko eta aurretiazko baldintzarik gabeko negoziazioa defendatzen dugu, martxoaren 17ko greba orokorraren aldarrikapenari heltzeko.

Martxoaren 17an milaka langile nafarrek greba egin zuten 1.500 euroko Lanbidearteko Gutxieneko Soldata propioa aldarrikatzeko. Greba Orokorraren ondoren, LABek eta ELAk bilera batera deitu genuen Nafarroan gutxieneko soldata ezarriko zuen Lanbide arteko Akordioa negoziatzeko. Hala ere, UGT, CCOO eta CEN, 2025eko otsailean egin bezala, ez ziren bilerara joan, Nafarroarentzat gutxieneko soldata propioa sortzeko aukerari betoa jarriz. Nafarroarentzat LGS propio bat ezartzeak pobreziaren hazkundeari aurre egiten lagunduko luke, lan-merkatuan okerren dauden pertsonei mesede eginez (pertsona migratuak, emakumeak, desgaitasuna duten pertsonak, gazteak…), eta urrats garrantzitsua litzateke Nafarroako autogobernuan aurrera egiteko.

Aste honetan, UGTk, CCOOk eta CENek ateak itxi dizkiote Nafarroak LGS propioa izateko aukerari. Oraingo honetan, LABi eta ELAri bilera baterako deia egin diete, elkarrizketa sozialaren ontasunak onartzeko aldez aurreko eskakizunarekin. Bilera horretan ez zaio LGS propio baten proposamenari helduko. Bilera gaur egingo da, maiatzak 7, 16:00etan CENen egoitzan, eta bertan parte hartu ahal izateko, LABek eta ELAk elkarrizketa sozialari buruzko 1995az geroztiko akordioak sinatu behar ditugu. Gainera, bileran ez da Nafarroarentzako LGS propio bat negoziatuko, “sektoreko negoziazio kolektiborako soldata-gomendio” soil batzuk baizik. Duela hainbat hamarkada erakunde horien artean loturiko akordioak sinatzea aurretiazko baldintza izatea sekula ikusi gabeko zerbait da negoziazio kolektiboaren arloan, eta, argi eta garbi, ez da onargarria.

LABek eta ELAk aurretiazko baldintzarik gabeko negoziazioa defendatzen dugu, martxoaren 17ko greba orokorraren aldarrikapenari heltzeko, eta horregatik, CENek eta UGT eta CCOO sindikatuek galarazi egin digute bileran parte hartzea. Onartezina iruditzen zaigu bilera batera joatea eta, LGS propio baten proposamenaz ez jarduteaz gain, elkarrizketa sozialeko akordioak sinatzera behartzea. LABek eta ELAk uste dugu Nafarroako elkarrizketa soziala bake sozialaren truke finantzaketa publikoa trukatzean datzala, eta gogorarazi nahi dugu elkarrizketa sozialak funtsezko zeregina izan zuela Nafarroan erregimenari eusteko UPNren 25 urteko gobernuan.

LABen eta ELAren iritziz, CEN Nafarroako patronalak langileak esplotatzeko aukerak erabat irekita jarraitzea nahi du, eta horrek erakusten du beren negozio-eredua baldintza prekarioetan oinarritzen dela. Gainera, Nafarroarentzako LGS propio bati uko eginda, UGTk eta CCOOk Espainiako Estatuaren ikuspegi zentralista eta uniformizatzailea lehenetsi dute Nafarroako langileen lan-baldintzen gainetik, azken horiei, Espainiaren izenean, pribilegiatuak izatea egozten dietelarik.

Azkenik, LABek eta ELAk uste dugu Nafarroako Gobernuak ezin duela ikusle soil gisa jarraitu. Elkarrizketa eta negoziazioa berme guztiekin, bazterketarik gabe eta aurretiazko baldintzarik gabe garatzen dela zaintzeko betebeharra du. Bere erantzukizun instituzionala da patronalaren eta UGT eta CCOO sindikatuen interes partikularrek Nafarroarentzako gutxieneko soldata propioa finkatzea bezain beharrezkoa den aurrerapena blokeatzen jarraitzea saihestea.

Sean Sweeney: “Politika neoliberalen menpeko trantsizio energetikoa ez da eraginkorra, eta sozialki atzerakoia da”

Orain arteko politika klimatikoen “porrotaren” aurrean, politika neoliberalak jopuntuan izango dituen eta jabetza publikoan oinarrituko den trantsizio ekosoziala defendatzen du Sweeneyk. LAB kide duen Trade Unions for Energy Democracy sindikatuen arteko sarearen koordinatzailea da.

Martxo hasieran, Sean Sweeney Trade Unions for Energy Democracy (Sindikatuak Energia Demokraziaren Alde) erakundearen koordinatzailea hartu genuen Bilboko LAB sindikatuaren egoitzan. Hona hemen izandako elkarrizketaren zati bat.

Nazioarteko sare horrek 2012tik sustatzen du, sindikalki, jabetza publikoko trantsizio energetiko baten eskaera. Eskaera hori egin izan du NBEren klimari buruzko goi bileretan, eta Rosa Luxemburgo fundazioarekin eta Transnational Institute erakundearekin kolaboratu izan du. Azken urteotan, Sean Sweeneyk kritikoki aztertu ditu Europako merkatu elektrikoaren liberalizazioa eta Europako Batasunak planteatutako erreformak. Maila orokorragoan, TUEDek sindikalismo konfrontatiboaren alde egin du, elkarrizketa sozialetik harago joango dena eta trantsizio justu baten alde egingo duena.

Zer da TUED? Nola eta zergatik sortu zen? Zein jarduera bultzatu ditu azken hamarkadan?

TUED —Trade Unions for Energy Democracy— ingelesezko siglak dira, euskaraz Sindikatuak Energia Demokraziaren Alde. 50 herrialdetako 130 sindikatuk osatutako sarea da. Energia demokrazia terminoa uraren mugimendutik sortu zen, uraren demokrazia-tik hain zuzen, eta Bolivian du jatorria. Duela 25 urte inguru, borroka garrantzitsuak egon ziren han, eta sindikatu eta gizarte mugimenduen sare batek ura pribatizaziotik babesteko borrokatu zuen.

TUEDek ez ditu sindikatuen erabaki politikoak ordezkatzen. Horren ordez, TUEDeko taldeak sarea koordinatzen du. Bileretara deitzen dugu eskualde mailan, eta, sarearen hazkundearen ondorioz, hiruhileko bilerak egiten ditugu orain Latinoamerikan, Afrikan eta Asia-Pazifikoan. Kide berri asko Hego Globalekoak dira.

Gure mezu nagusia da ez dugula onartzen politika neoliberalaren arabera definitzen den trantsizio energetikoa. Batez ere, eraginkorra ez delako eta ez duelako isuriak murriztea lortzen. Aldaketa klimatikoari, existentzia bera mehatxatzen duen heinean, jabetza publikoen bidez heldu behar zaiola defendatzen dugu. Guretzat, trantsizio justuak zabalagoa izan behar du, eta politika neoliberalak jopuntuan jarri behar ditu. Izan ere, politika horiek, eraginkorrak ez izateaz gain, sozialki atzerakoiak dira, eta langileak behartzen ditu trantsizioaren kostuak beren gain hartzera. Aipatutako ikuspegi horrek, partzialki, azaltzen du zergatik dagoen gaur egun politika klimatikoa krisi sakonean. TUEDek nazioarteko testuinguruan egiten du lan, energia publikoa defendatzeko eta hori irtenbide klimatiko moduan sustatzeko, ez soilik enpleguari edo zerbitzuei eragiten dien afera gisa. Eztabaida hori zabaltzea dugu helburu.

Zertan dira trantsizio justuaren eta horren bueltako borrokak eta politikak egun, Europa mailan? Nola iritsi gara egungo agertokira, zeinetan atzera egiten ari den politika klimatiko eta energetikoetan lehiakortasunarekiko kezkagatik?

Aldaketa baten lekuko izaten ari gara; ez Europan bakarrik, baita maila globalean ere. TUEDek luze idatzi du honi buruz, eta, egia esan, egoera aurreikusi zuen. COVIDaren aurretik, klima aldaketaren kontrako mugimenduak indarra hartzen ari zela, zabaldutako ustea zen erronkari heltzea borondate politiko eta anbizio kontua baino ez zela. Lider anbiziotsuek deskarbonizaziora bideratuko gintuztela uste zen. Itxaropen hori desagertu egin da.

Orain, mundu mailako zeregin nagusia da aurrekoarekiko ezberdina den trantsizio politika klimatiko eta energetiko bat garatzea, aurrekoak porrot egin baitzuen. Horretarako urteak beharko dira, ziurrenik, klima aldaketaren kontrako ekintzen aurkeko erresistentzia hazten ari baita, eta liderrak deskarbonizaziorako hartutako konpromisoak alde batera uzten ari baitira. Arrazoi argiak daude horretarako: klima babestetik espero ziren irabaziak ez dira gauzatu, eta, ondorioz, proiektuak diru laguntzekiko geroz eta menpekoagoak dira, eta politikoki agerikoagoak. Eskuinak aprobetxatu egin du hori, diru laguntzak erasotuz eta klima aldaketaren zientzia zalantzan jarriz. Horrek politika klimatiko neoliberalaren desintegrazio azkarra ekarri du; hainbestekoa, ezen, klima-ekintza laster diskurtso politikotik ere desagertu baitaiteke.

Mugimendu gisa, borroken hurrengo olaturako prestatu behar dugu; ez klimaren ingurukoetarako bakarrik, baita desberdintasunaren, gerraren, austeritatearen eta gure garaiko krisi zabalagoen aurkako borroketarako ere. Klima aldaketari eta trantsizio energetikoari buruzko ikuspegi ezberdin bat artikulatu behar dugu, iraganeko akatsetatik ikasiz. Europan, konpromisoetan atzera egitea nabaria da, baina joera hori beste eskualde batzuetara hedatzen ari da, Hego Globala barne.

Zer gertatzen da Hego Globaleko herrialdeekin? Zer ondorio ditu Nazioarteko Ordena Ekonomiko Berri horrek haien trantsizio energetikoan?

Duela gutxi TUEDek Mexiko Hirian egindako konferentzia batean —TUED-Hegoaren Eskualdearteko Konferentzian—, Latinoamerikako, Asia-Pazifikoko eta Afrikako sindikatuek, Ipar Globaleko parte hartzaileekin batera, Nazioarteko Ordena Energetiko Berri baterantz izeneko dokumentua eztabaidatu zuten. Izenburua Nazioarteko Ordena Ekonomiko Berriari buruzko eztabaida historikoetan ispiratuta dago. Konferentziak ondorioztatu zuen politika klimatiko berri bat sortuz gero, Hego Globalak lidergo papera bete behar duela, horretarako duen gaitasun teknikoa dela eta. 1950eko hamarkadatik 1980ko hamarkadara bitarteko Nazioarteko Ordena Ekonomiko Berriaren jatorrizko eztabaidetan ez bezala —garai hartan Hego Globaleako herrialde askok garapen bide independenteak bilatzen zituzten, baina, petrolio krisiaren eta hiperinflazioaren ondorioz, bulkada galdu zuten—, egungo testuingurua desberdina da. India, Txina, Brasil eta BRICSen gorakadarekin, gaitasun tekniko handiagoa dago Hego Globalak gidatutako ondasun publikoen agenda globalean aurrera egiteko.

Txinak berak ere “oparotasun moderatuaren” ideia ekarri du berriki, planetaren mugak onartuz. Mezua argia da: bizi maila onargarriak lortu badira, zergatik jarraitu ekosistemak suntsitzen? Hizkuntzaren beraren aldaketak aukera berriak iradokitzen ditu. “Arauetan oinarritutako ordena” deiturikoaren kolapsoak, Mark Carney Kanadako lehen ministroak aipatu moduan, hutsune bat sortu dezake.

Sindikatuak pieza bat baino ez dira puzzle horretan, baina, eraldaketaren ikuspegi argi bat artikulatzen badugu —antikapitalista dena; are, sozialista dena—, orain gauden tokietatik etorkizun horretarako bidea ere marraztu beharko dugu. Energia sistemak eta horien kontrola funtsezkoak dira horretan. Energiarik gabe, industria manufakturak, banketxeek eta beste guztiak huts egiten du. Energia sistema kontrolatzea gakoa da ekonomia politiko kapitalistaren norabidea aldatzeko.

Zer paper bete beharko lukete sindikatuek agertoki horretan? Zer garrantzia du lantokietan antolatzeak, politika publikoak exijitzeak eta nazioez gaindiko langileen antokauntzak?

Langile gehienak, baita klase kontzientziarik ez dutenak ere, erabat, kezkatuta daude ingurumen kalteekin eta klima aldaketarekin. Hala ere, politika klimatikoak proposatzen direnean, langileek maiz sentitzen dute beraiek ordaintzen dutela prezioa —kutsaduraren gaineko zergen edo bestelako kostuen bidez—. Frantziako jaka horien borroka horren adibide argia izan zen: langileek bazekiten gasolina litroko 50 zentimo gehiago ordaintzeak ez zuela karbono isuririk murriztuko, baina, aldiz, eragina izango zuela haien poltsikoetan. Ez zegoen ingurumenean irabazirik; galera ekonomikoa baino ez.

Alemanian, eskuinak energia berriztagarrien kostuek eragindako argindarraren faktura altuak aprobetxatu ditu politika klimatikoa erasotzeko. Baina, mugimendu gisa, argudiatu beharko genuke merkatu elektrikoen egitura, irabaziak bilatzen dituena, dela energia berriztagarria hain garestia izatearen arrazoia, eta hori alda daitekeela. Etorkizuneko politika klimatikoak horri heldu behar dio. Bide publikoak agenda sozial, ekologiko eta ekonomiko zabalago baten parte izan beharko luke. Zaila dirudi irudikatzea, baina ez dakigu bost urteren buruan mundua nolakoa izango den. Programatikoki prestatu behar dugu.

Badira adibideak Hego Globalean. Mexikon, gobernuak energia sistemaren zati handi bat birnazionalizatu du. Modu guztiz irekian aldarrikatu du energia politika neoliberalaren amaiera, eta energia berriztagarrien agenda anbiziotsu bati heldu dio. Horrean atzean ez daude arrazoi klimatikoak bakarrik. Ameriketako Estatu Batuetako gas inportazioekiko menpekotasuna murrizteko asmoa ere badago, arrisku geopolitikoa baitakarkio. Beste herrialde batzuk enpresa pribatuekin dituzten kontratuak bertan behera uzten ari dira, sarritan doikuntza pragmatiko gisa, trantsizio kontziente baten parte gisa baino gehiago. Afrikan, non kontinentearen erdiak elektrizitaterik ez duen, lehentasuna energia eskasiari aurre egitea da.

Sindikatuek oraindik funtsezko zeregina dute honetan guztian. Mundu mailan, baliabide gehien dituen gizarte mugimenduetako bat izaten jarraitzen dugu, duela 30 urte baino ahulagoak izan arren. Beste mugimenduekin alderatuta, baliabideak eta esperientzia historikoa ditugu. Baina gure ekarpen nagusia programatikoa izango da: ohiko talde ekologistetatik argi bereizi behar dugu. Sarritan gure aliatuak badira ere, batzuetan arazoak planteatzen dituzte: pribatizazioaren aldeko markoak planteatu dituzte edo jabetzaren inguruko jarrera anbiguoa hartu dute. Enpresek marko politikoen barruan jarduten dute —asko pribatizaziora eta merkantilizaziora behartu ziren 1990eko hamarkadan—. Lege neoliberalak iraultzea eta bide publikoaren arkitektura berri bat eraikitzea ezinbestekoa izango da. Espero dezagun hurrengoan eraginkorragoak izatea.