2025-12-31
Blog Page 187

Lanbidek enplegu zerbitzu erabat publikoa izaten segi dezala exijitu dugu Enplegu Kongresuaren atarian

Eusko Jaurlaritzak Lanbide, EAEko enplegu zerbitzua, zuzenbide pribatuko erakunde publiko bihurtu nahi du. Lege proiektua legebiltzarrera aurkeztuta dauka eta zuzenketen etabaidaren zain, bozketa azaroaren 23an egingo da. Bada, zerbitzuak publikoa izaten jarraitu beharko duela argi daukagu langileok, eta hala adierazi diegu Idoia Mendia enplegu kontseilariari eta enparauei Bilboko Euskalduna Jauregian egiten ari diren VI. Enplegu Kongresuaren atarian.

Lanbide zuzenbide pribatuko erakunde publiko bihurtuta, alde batera utziko lituzke funtzio publikoaren ia kontrol era berme guztiak. Alde batetik langileen kontratazioari dagokionez, eta beste alde batetik egiten duen lanaren edukiarekiko. Gardentasun ezak eta kontrolak, enplegu programei eta prestakuntzaren azpikontratazioari eta espeilenei eragingo die, pribatizazioari atea are gehiago irekiz.

Gobernuak lege proiektua erabateko iluntasunez kudeatu du, bere interesei erantzuten dielako eta langileei zein herritarrei emango dien zerbitzuari kalte egiten dielako. Kalitatezko enplegua sortzeak lehentasuna izan behar du Eusko Jaurlaritzarentzat, herritarrei eskaintzen
dien zerbitzuan. Eta administrazioak enplegatzaile gisa duen zereginean, bere plantilla eta lan-baldintzak babesten direla zaindu beharko luke.

Horregatik, Lege-proiektu honi ezetz esaten diogu. Eta geure egiten ditugu ondorengo aldarrikapenak:

  • Enpleguari buruzko Legearen VI. titulua kentzea.
  • Lanbideren izaera juridikoa ez aldatzea.
  • Lanbideko langileen lan-baldintzak mantentzea, erakunde autonomo gisa, Administrazio Autonomoko Mahai Sektorialean.
  • Pribatizazioari ateak ez zabaltzea. Dagoeneko pribatizatuta dauden zerbitzuak lehengoratzea.
  • Enplegua kontsolidatzea eta programa-kontratuen politikarekin amaitzea.
  • Lanpostuak eta zereginak ondo definitzea, lan-kargak orekatuz eta langileen ongizate fisikoa eta emozionala bermatuz

CAFeko tituludunen aparteko orduen arazoa erregularizatzea #LortuDugu

LABek Lan Ikuskaritzan jarritako salaketa baten ebazpenak arrazoia eman die CAFeko langileen kolektibo horrek egin izan dituen eskaerei, eta enpresa behartuko du egindako orduak zenbatzera eta aparteko orduak denbora librearekin konpentsatzera. Aldi berean, enpresak atzeraeraginez konpentsatu beharko ditu jada egindakoak. Gainera, Zuzendaritzak plantilla osoak egindako orduei buruzko informazio argi eta osoa eman beharko du.

1.000 langile tituludun baino gehiago ari dira lanean CAFek Beasainen duen lantegian. Nahiz eta indarrean dagoen lan-erregulazioak argi jaso orduen kontrol-modua, egin daitezkeen aparteko orduen gehieneko kopurua eta ordu horiek konpentsatzeko modua (denbora librearen bidez), Zuzendaritzak sistematikoki ukatzen zien hori tituludunen kolektiboko langile guztiei. Beraz, urteetan zehar, pertsona horiek egindako gehiegizko orduak ez dira inola ere konpentsatu. Horrez gain, enpresak langile horien erdiearen aparteko orduei buruzko informazioa baino ez zion helarazten orain arte batzordeari.

Hemendik aurrera tituludunek egindako aparteko orduak ezin izango dira urtean 80 baino gehiago izan. Gainera, ordu horiek, egindako ordu bakoitzeko ordu eta erdi librearekin konpentsatuko dira (ordu eta hiru laurdenekin jai egunetakoak). Bestalde, enpresak atzeraeraginez konpentsatu beharko ditu jada egindako aparteko orduak.

Horrekin, CAFeko tituludun langileen lan-baldintzak normalizatzeaz gain, aparteko orduek enpleguaren sorreran duten eragin negatiboa ere mugatu da.

Hilabete gutxiren buruan bigarren aldia da Ikuskaritzak LABi arrazoia ematen diona CAFen jokabide txarren aurrean. Duela hilabete gutxi, ebatzi zuen enpresak egindako behin-behineko kontratu gehienak iruzurrezkoak zirela, eta, ondorioz, ehunka behin-behineko kontratu finko bihurtu behar zirela. Gainera, horregatik dira gaur egun CAFen egiten diren kontratu berri gehienak mugagabeak hasieratik.

LABen lan sindikala eta ekimena funtsezkoak izan dira lorpen hauetan. Aurrerantzean, ekintza sindikalaren eta lantegietako borrokaren bidez lan egiten jarraituko dugu, bai eta sindikatuaren zerbitzu juridikoaren bidez ere, egoki irizten zaionean, CAFeko langileen lan-baldintzak hobetzeko.

1.080 euroko gutxieneko pentsioa aldarrikatuko dugu larunbatean Iruñean

Irailean eragile sozio-sindikal desberdinek Nafarroako Pentsionisten Mugimenduarekin batera Ahora 1080 Orain herri ekimena aurkeztu genuen, Nafarroako instituzio desberdinei 1080€ baino gutxiagoko pentsioak osatzea exijitzeko, 2024ko aurrekontuen legean horretarako partida bat aurreikusiz.

Irailean esan bezala, pentsio sistema publiko batek zahartzaro duin bat ziurtatu behar du eta egun, hori gertatzeko berme bakarra, 1080€ko pentsio minimoa ziurtatzea da.

Azken asteetan, atxikimendu kanpaina eta sinadura bilketa jarri ditugu martxan. 20 eragile sozio sindikalen atxikimendua jaso dugu eta herri dinamikaren aldeko 5000 sinadura baino gehiago jaso ditugu.

Dena den, aurrekontuen eztabaida otsaila-martxora arte atzeratuko denez, herri ekimenarekin aurrera egitea erabaki dugu eta beraz, atxikimendu kanpaina eta sinadura bilketarekin jarraituko dugu herri ekimenak martxan jarraitu bitartean.

Hurrengo asteetan ere, udal desberdinetan mozioak aurkeztuko ditugu, 1080€ko pentsio minimoaren aldarria herri desberdinetara zabaltzeko.

Bestalde, aurreko astean Parlamentuan egindako agerraldia positiboki baloratzen dugu, talde desberdinek erakutsi zuten interesa dela eta, eta talde desberdinek egindako eskaerari jarraituz, txosten bat bidaliko zaie, agerraldian aurkeztutako edukian sakontzeko aukera izan dezaten.

Azkenik, dei egin nahi diegu nafar herritarrei larunbatean 17:30ean Baluarte plazatik abiatuko den manifestazioan parte har dezaten, ezinbestekoa baita aldarrikapen hau kalera eramatea eta kaleak bizitza duinen aldeko aldarrikapenarekin betetzea.

Ildo horretan, bereziki emakume nafarrei zuzentzen gatzaie, pentsioetan genero-arrakala dagoela ukaezina delako eta, beraz, gutxieneko pentsioa 1080 €-ra arte osatzea aldarrikapen feminista delako.

Aldundiaren egoitzaraino eraman dituzte euren aldarrikapenak Arabako egoitzetako langileek

Hiru greba egun deitu dituzte Arabako egoitzetako langileek, azaroaren 8an, 9an eta 10ean, herrialdeko hitzarmenaren alde. Gaur, manifestazioa egin dute Gasteizen, Plaza Berritik hasita, eta Arabako Foru Aldundiaren aurrean amaitu dute mobilizazioa, lapikokada batekin.

Bihar osteguna, kontzentrazioa egingo dute 11:00etan IMQ Igurcon (Salbatierrabide kalea, 9) eta ondoren, manifestazioan abiatuko dira Andra Mari Zuriko plazaraino.

Ostiralean, asteko hirugarren greba egunean, INMON Carmelitas-en egingo dute kontzentrazioa, Gasteizko Ramon y Cajal kaleko 13.ean, 11:00etan. Handik, manifestazioan abiatuko dira eta 11:45ean, instituzioak interpelatuko dituzte Babestu Araba, Zaintza Araba, Arabako Pentsionistak eta Mugimendu Feministarekin batera. 12:30ean, Albertia Centro-n elkarretaratzea eginez biribilduko dute greba eta mobilizazio eguna.

Langileak gaixo daudenean kontrola handitzeko eta beren osasuna pribatizatzeko praktikak gaitzetsi ditugu

Metro Bilbao, Avanza Durangaldea, Bilbobus eta Euskotreneko hainbat ordezkarirekin batera azken hilabeteetan zabaltzen ari den praktika salatu dugu Bilboko Intermodalean.

Gaixotasunagatiko bajetan osagarria jasotzen den enpresek eskubidea dute baja horien jarraipena (kontrola) egiteko zerbitzu mediko bat kontratatzeko. Zehazki, langileen osasun-egoera egiaztatzeko ahalmena ematen die, medikuen azterketa bidez.

Enpresa horiek, diru askoren truke, zerbitzu mediko osagarri gisa eskaintzen dute beren burua, gaixotasun arruntengatiko bajetan osasun-arreta hobea ematen dutela esanez. Asmo on horren atzean, baina, lanera lehenbailehen itzultzea dute helburu. Absentismoa murriztea da lortu nahi dutena, normalean gertakizun arruntengatiko bajei lotutako osagarriak ez ordaintzeko mehatxu eta gezurrekin.

Enpresek ezin dituzte osasun-jarduerarako egokiak ez diren bulegoetara deitzen dituzten langile horien datu pertsonalak eman. Bulego horietan, beren pertzepzioaren arabera baja justifikagarria den edo ez erabakitzen dute, eta enpresari jakinarazten diote langilea noiz itzuliko diren lanera. Bada, ez daukate eskumen hori.

Horrek, noski, presioa dakar; kasu askotan langileen kexak jaso ditu LABek, ez proba diagnostikoak edo bestelako elementu terapeutikoak aurreratu zaizkielako, baizik eta alta hartzeko presioengatik, osasun-dokumentazio pribatua entregatzeko presioengatik, eta abar.

Hori guztia diru publikoa gastatuz, garraio enpresen kasuan bezala (administrazio publikoetatik ateratzen dden dirua osasun pribatura bideratzen da). Avanzan, iaz ez zuten lortu ezarritako absentismo-helburua; Euskotrenen hainbat urte daramatzate ehunka mila euro gastatzen; bada, praktika horrekin hasi zirenean absentismo-maila %9,8 zen, eta gaur egun %12,09 da.

Hori guztia antolatutako kanpaina baten barruan kokatzen da (patronala, mutualitateak, politikari askok eta beste botere faktiko batzuk). Langilea absentismoaren erruduntzat jotzen dute, osasun arloko profesionalak deslegitimizatzen dituzten bitartean, baina beti ere arazoaren sustraira jo gabe, hau da, absentismo horren jatorria eta prebentzio falta, lanordu kopuruak, eta abar aintzat hartu gabe.

Garraio sektoreko LABen ordezkaritza sindikalak argi dauka: aipatutako enpresetako kasuei eta galdutako lanaldi kopuruari dagokienez, gihar eta hezurretako gaixotasunak dira arrazoi nagusia (%25-35 artean). Bigarrenik, arazo psikozozialekin lotutako kasuak agertzen dira, galdutako lanaldien % 15-25, hain zuzen ere.

Gero enpresak absentismoaz kexatzen dira eta mediku-poliziak kontratatzen dituzte. Absentismoa murrizteko, baina, beste gauza batzuk egin behar dira: esate baterako, prebentzio egokia, behin-behinekotasunarekin amaitzea, eta abar. Arriskuen ebaluazioari, osasun-zaintzari, ergonomiari eta psikosoziologiari arreta handiagoa eman behar zaie.

Arrisku psikosozialen ebaluazioak egiten badira ere, ez dira inoiz prebentzio-neurri erreal eta eraginkor bihurtzen. Adibide argi gisa, Metroan 2022ko irailean azken ebaluazioan lortutako emaitzen ondorioz ezarri beharreko hainbat neurri aurkeztu ziren, baina urtebete geroago ez da horren benetako islarik ikusten.

Jatorri arrunteko bajen iruzurraz hitz egiten denean, ez da esaten iruzur hori bajen %4an soilik baiesten dela, eta presentismoa (lanera gaixorik joatea, hau da, lan egiteko moduan egon gabe), berriz, % 41era iristen dela, hainbat inkestaren arabera. Langileok gaixorik joan behar dugu lanera lanpostua galtzeko beldurragatik, hori da errealitatea.

Beharginak medikuntzako zazpi espezialistarenetik pasa daitezke bajaren komenigarritasunari buruz erabaki dezaten (besteak beste, Gizarte Segurantzaren Institutua, ikuskaritza, mutualitateak, etab.); hala ere, langileei egotzi nahi diete errua. Hobe izango litzateke dirua kalitatezko osasun sistema publiko duin batera bideratzea, baina ez da hala egiten, benetako helburua langileria erasotu eta osasun-sistema publikoa eraistea delako.

Laneko bajei irtenbideak jarri nahi bazaizkie, planteamenduak desberdina izan behar du: enpresatan gehiago eta hobeto inbertitu behar da laneko arriskuen prebentzioan, ibilgailuen mantentze-lan egokiak eginez, lan-denborak neurtuz, lanpostu hutsak betez…

Azken batean, bajen benetako arrazoietan sakondu behar da; izan ere, ikusi berri dugunez, kasu gehienetan enplegu- eta lan-baldintzekin estuki lotuta daude, horiek hobetzearekin batera enpresetan osasuna sustatzea eta prebentzio- eta asistentzia-sistema publikoa eta kalitatezkoa hobetzearekin batera, bajen indizea eta horien iraupena nabarmen hobetuko lirateke. Hori da bidea, gainerako guztia langile klaseak pairatzen dituen osasun galeren kriminalizatzea da, egungo osasun sistema publikoa desegiteko eta, beti bezala, langileen eskubideak murrizteko.

Horren aurrean, LABek enpresa horien eta beren praktika mafiosoen aurka langileak antolatzen eta mobilizatzen jarraituko du, praktika horiekin amaitu arte.

Sei greba egun deitu ditugu azaroan Arabako salgaien garraioan

Patronalak negoziazio mahaia etengabe blokeatzeko duen jarreraren aurrean, mahaian dauden sindikatuok greba deitu dugu sektorean azaroaren 9, 14, 16, 21, 22 eta 23an.

Arabako salgaien garraioaren negoziazio mahaiaren hamargarren bileraren ondoren, eta patronalaren jarreraren ondorioz blokeatuta dagoela ikusita, LAB, ELA, UGT eta CCOOek greba deitu dugu sektorean azaroaren 9, 14, 16, 21, 22 eta 23an.

Sektore horretako langileak, pandemian zehar, hainbat alditan txalotu zituzten, baina euren lan baldintzak izoztuta daude 2020tik. Azken urteotan, erosketa saskiak modu kezkagarrian garestitzen joan direla ikusi dute, eta haien soldatek, berriz, 2019koaren pareko jarraitzen dute.

Bitartean, pandemiaren ondoren eta normaltasunera itzulita, negoziatu ere egin nahi ez zuen patronalarekin egin genuen topo. Ez zen bileretara agertu, eta salaketa judizial baten ondoren bakarrik onartu zuen negoziatzera esertzea.

Baina kontua da negoziazio mahaira demanda judizial hori saihesteko asmoz bakarrik doala patronala, Arabako salgaien garraioaren sektoreko langileen lan baldintzak hobetuko dituen akordio bat lortzeko inolako asmorik gabe.

Horregatik guztiagatik, lau sindikatuok, LAB, ELA, UGT eta CCOOek, greba deialdia egin dugu. Dei egiten diegu sektoreak eragindako pertsona guztiei grebetan eta mobilizazioetan parte hartzera.

Azaroaren 9an, deitutako lehen greba egunean, manifestazioa egingo dute 12:00etan Gasteizko Andra Mari Zuriaren plazatik abiatuta. Bertan medioentzako adierazpenak eskainiko dituzte. Eta arratsaldean, 16:30ean, auto karabana egingo dute.

Palestinar herriaren suntsiketa eta okupazioa gelditzeko eskatu dugu berriro

Sindikatu guztiok bat egin dugu Gernika-Palestina ekimenak gaur arratsaldeko 7etarako udaletxeen atarian deitutako mobilizazioekin. Horrez gain, hainbat lantoki eta hezkuntza zentrotan mobilizazioak egin ditugu eguerdian.

Gazaren eta, oro har, Palestinako Herriaren kontrako azken sarraskia hasi zenean hainbat sindikatuk Iruñean eta Bilbon egindako mobilizazioan hauxe genion:

“Israelgo Estatu Sionistak Palestinaren aurkako erabateko gerra deklaratu izanak Gaza erabat suntsitzea, gerra-krimen kontaezinak, langile palestinarren hilketak (baita Israelgo estatuaren baitan ere) eta gizateriaren aurkako hamaika urraketa dakartza. Indarkeriaren zurrunbiloa ez da gauza berria Palestinan, eta azken 75 urteetan, bere lurraldearen kolonizazioaren eta bere herritarrei apartheid sistema inposatzearen ondorioz, etengabekoa izan da. 5,9 milioi palestinar errefuxiatu bizi baldintza ankerretara eta erbestera kondenatuak, 5.000 preso politiko baino gehiago, horietatik ehunka haurrak, de facto zeru zabaleko kontzentrazio eremu handiena den Gazaren kontrako 16 urtetako blokeoa eta bonbardaketa etengabeak, langile palestinarrentat checkpoint gizagabeak eta lan baldintza prekarioak nahiz esplotazio orokorra, palestinarren lurren lapurreta, eguneroko razziak palestinarren etxeetan, emakume palestinarren bortxaketak nahiz haurren kontrako jazarpenak, eta herri oso baten umiliazioa”.

Horregatik guztiagatik, Palestinak estatu propioa sortzeko duen eskubidea aldarrikatzearekin bat, Israeli bere esterminio-estrategiari eta palestinarren lurren okupazioari bukaera ematea eskatu dugu gaur berriro. Eta langile klaseari deia luzatu diogu ere, aipatu mobilizazioetan genion moduan, Israel presionatzeko eskura dituen mekanismoak akibatzeko, Nazio Batuen Erakundearen ebazpenak onartu ditzan.

LAB eta Solidari sindikatuok Correos-i exijitu diogu berehala konpon dezala bere bulegoak garbitzen dituzten langileen egoera

Limpiezas Cordoba garbiketa enpresako langileek, Nafarroako Correosen bulegoak garbitzeko esleipendunak, 72 egun daramatzate greban, eta ez Correosek, ez Administrazioak, ez enpresak ez dute konponbiderik proposatzen. Langileak ortzegunero ari dira Iruñean elkarretaratzea egiten, 11:00etan, Correosen egoitza nagusiaren parean.

Nafarroan Correosen bulegoak garbitzen dituzten langileek bi hilabete baino gehiago greban eman ondoren, LAB eta Solidari sindikatuek egoera horri premiazko konponbidea ematea eskatzen dute. Greba abuztuaren 28an hasi zen, soldatak ez ordaintzeagatik, eta berehalako konponbidea ekarri behar zuena konpondu gabe dago oraindik

Joan den urriaren 2an Correosek Limpiezas Cordoba enpresarekin zuen kontratua deuseztatzeko prozesua hasi zuen arren, handik hilabetera egoera konpondu gabe dago oraindik, hau da, langileek greban jarraitzen dute, ez baitago inor beren soldatak ordaintzeaz arduratuko denik.

Enpresa hori Correoseko bulegoetako garbiketa-zerbitzuak egiten aritu den bitartean, ez zuen Berdintasun Planik, arriskuen prebentzioko ez-betetzeak etengabeak ziren, langileei berandu eta gaizki ordaintzen zien, baita aldi baterako ezintasun egoeran zeuden langileei Gizarte Segurantzaren ordainketa eskuordetua bete gabe ere, eta ez zituen langileen bajak eta oporrak estaltzen.

Hori guztia enpresaren dinamika konstante bat izan zen, harik eta langileen soldatak ordaintzeari utzi zion arte, eta hori izan zen plantillaren egungo gatazkarekin abiatu zuena.

Argi dago Correos dela egoera horren erantzule zuzena, lizitazioaren baldintzak betetzen ez dituzten enpresa piratak kontratatzeagatik; izan ere, jakitun zen egoera horretaz eta enpresak zituen ez-betetze guztiez, behin baino gehiagotan salatuak baitziren.

LAB eta Solidari sindikatuek gatazka berehala konpontzea eskatzen dute, Correosek duen kontratua berehala deseginda, eta enpresak langileekin duen zorra osorik ordainduko dela bermatuta. Ezin da onartu hau guztia administrazio publiko batean gertatzea.

[IRITZIA]: Igor Arroyo: “Euskal langileon agenda erdigunean jartzeko”

LABeko koordinatzaile orokorrak iritzi artikulua osatu du, jarraian osorik irakur daitekeena:

Estatu Espainiarrean uztaileko hauteskundeek mapa argia utzi zuten. Hainbat alorretan inboluzioa lekarkeen eskuinaren eta ultraeskuinaren Gobernuari atea ixtea pozgarria da, inolako zalantzarik gabe. Egun hauetan, PSOE – Sumar Gobernuaren inbestidura eta legegintzaldirako negoziazio betean daude eta aritmetikak argi uzten du Euskal Herria, Katalunia eta Galizako indar politikoak ezinbestekoak izango direla gobernu aukera horri eusteko. Bada, aukera hori Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Esparru Propioa eratzeko urratsak egiteko baliatu behar da.

Estatutik inposatutako lan eta pentsio erreformei Greba Orokorrekin erantzun izan diegu. Negoziazio kolektiboaren zentralizazioari aurre egiten diogu gure eguneoko ekintza sindikalean. Horixe izan da orain egun gutxi funtzio publikoko grebetan ere entzun den aldarri nagusia, bertan erabaki nahi dugula. Estatu plurinazionalaren aitortza eta lurralde egituraketaren eztabaida presente izan dira Gobernuarekiko negoziazioetan; testuinguru horretan ezinbestez hartu behar da aintzat euskal langileen gehiengoaren aldarrikapena: gure soldatak, lan baldintzak inolako esku hartzerik gabe bertan negoziatzeko dugun eskubidea.

Munduko eta zehazkiago Europako egoerak ez digu itxaropenerako arrazoi askorik ematen. Krisi sistemikoaren testuinguruan, ondasuna eta boterea esku gutxiagotan pilatzen ari da; estatuen arteko eta estatu bakoitzaren baitako norgehiagoka areagotzen; gatazka zaharrak gordintzen eta berriak pizten. Eskuin muturra hedatzen.

Alta, badira korronte autoritario eta atzerakoi horren aurkako joerak, hala nola, olatu feminista berria edota nazio desberdinetan garatzen ari diren burujabetza prozesuak, dagokien testuinguru politikoan indarrean diren baino parametro aurrerakoiagoetan, oro har. Ipar Irlandako bake prozesuaren 25. urteurrenaren harira sindikatu soberanisten topaketak egin berri ditugu Belfasten, hirugarrenak Bilbon eta Valencian egindakoen ondotik. Nabarmena da 25 urte hauetan subiranismoak hartu duen indarra Irlandan bertan, Eskozian, Groenlandian, Faroen, Korsikan edota Katalunian.

Gurera etorrita ere, ezker independentismoa eremu desberdinetan eragiteko gaitasuna irabazten ari da. Aukera bat dugu zabalik, zalantzarik gabe. Aukera zertarako baliatuko dugun eta, bereziki, norabide horretan zer egingo dugun da gakoa. Sindikalismoaren ikuspegitik erantzuna argia da: Hego Euskal Herrian Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua eratzeko baliatu nahi dugu.

Azken urteotan errepikatu dugun bezala, Madrilen eta Parisen posible ez diren aldaketak Euskal Herrian bultzatu nahi ditugu, horretan ari gara. Jakina, estatu mailan lor daitezkeen hobekuntza soziolaboralak ongi etorriak izango dira eta, kontrara, etor litekeen edozein murrizketari aurre egingo dio sindikalismo independentistak. Baina, nagusiki, Hego Euskal Herrian lan harremanetarako eta babes sozialerako eredu propioa garatzeko dauden galgak eta oztopoak altxatzea da gure erronka.

Euskal lan kodea dugu helburu. Bide horretan, lehenik eta epe motzean lan harremanen estatalizazio prozesuari muga jarri behar diogu, alegia, bertako lan hitzarmenek estatukoen gainetik lehentasuna izan dezaten lortu behar dugu. Borroka sindikalari esker urratsak ematen ari gara: bertako hitzarmenei lehentasuna emateko lanbidearteko akordioa sinatu genuen EAEn; Nafarroan esku hartze sozialeko lehen hitzarmena lortu genuen eta eskura dugu adineko egoitzetakoa; Gasteizko Michelingo langileek negoziazio esparru propioa sortzea erabaki berri dute, besteak beste.

Jauzia emateko, estatuko negoziazio kolektiboari lehentasuna emanez 2010ean onartu zuten aldaketa bertan behera uztea lortu behar dugu. Era berean, negoziazio kolektiborako eskubide teorikoa izan bai baina horretarako biderik ez duten eremuetan ere, hala nola, etxeko langileei dagokienean, zabaldu beharra dago bertako hitzarmenen aterkia. Eremu pribatuan bezala publikoan ere bertan negoziatzeko eskubidea lortu behar dugu, 2008ko krisiaren ondotik ezarritako mugapenak bertan behera utzita.

Babes sozialari dagokionez,bi dira eman litezkeen urratsak: Batetik, Gizarte Segurantzaren kudeaketaren eskumena EAEren esku uztea, Estatutuan aurreikusi bezala, eta Nafarroarentzat ere aukera hori irekitzea. Bestetik, EAEn eta Nafarroan 1080 eurorainoko pentsioa bermatuko duen sistema publiko osagarria sortzeko aukera blindatzea. Urrats horien bidez, etorkizunean Euskal Gizarte Segurantza sortu ahal izateko baldintza hobeagoak izango genituzke.

Aipatutako gogoeta eta eskakizun horiek guztiak EH Bilduri eta EAJri helarazi dizkiegu bilera banatan. EH Bilduk begi onez hartu du LABen planteamendua eta elkarlanean aritzeko prestutasuna adierazi. EAJ, aldiz, uzkur azaldu da berak kudeatzen duen Jaurlaritza interpelatzen duten auziekin, hala nola, zerbitzu publikoetako lan baldintzak bertan negoziatzeko edota 1.080 eurorainoko pentsio osagarria ahalbidetzeko eskakizunaren aurrean.

Gauzak horrela, eremu politiko-instituzionala interpelatzen eta borroka sindikalaren bidez baldintza berriak sortzen jarraituko du LABek datozen aste eta hilabeteetan, euskal langileon lan eta bizi baldintzak hobetuko dituen Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Esparru Propioaren norabidean.