Nazioa gara! Horixe da larunbat honetan Bilboko kaleak beteko dituen nazio manifestazioaren aldarri nagusia. LABek aipatu aldarriarekin bat egiten du, eta honakoa eransten: nazioa bagarelako, euskal langileon bizi baldintzak bertan erabaki nahi ditugu, lan harremanetarako eta babes sozialerako esparrua behar dugu.
Planetaren muga biofisikoak agerian geratu diren honetan, bi egitasmo estrategikoren artean hautatu beharra dago. Lehena Kapitalak ezarri nahi duena: mugatuak diren baliabideez eskuratzeko, munduko herrien, langileen, emakumeen* edota migratzaileen aurkako desjabetze berriak inposatzea, ondasuna eta boterea are eta gehiago kontzentratuz.
Aldiz, Euskal Herrian, ezkertiar eta independentistak garenok beste norabide baten aldeko hautua egin dugu: trantsizio ekosoziala eta birbanaketa politikak uztartuko dituen egitasmo estrategikoaren norabidea. Banaketa hirukoitzean oinarrituko den egitasmoa: enpleguaren, zaintza lanen eta ondasunaren banaketa.
Egitasmo hori garatzeko, nahitaezkoa da Euskal Herriak burujabetza politiko eta ekonomikoa erdiestea. Eta mugaren bi aldeetan irekitzen ari den eskenatoki politiko berriak bide horretan aurrera egiteko aukera ematen digu.
Ildo horretan, langile jendeari lan eta bizi baldintza duinak bermatuko dizikion Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Esparru Propioa eratzea dugu datozen urteotako erronka. Estatuetatik bide horretan jartzen diren beto eta mugak altxatzea, Estatuetan posible ez diren aldaketa horiek Euskal Herrian posible egiteko. Ezkerreko independentisten artean, eragile sozial, sindikal eta politikoen arteko agenda sozial partekatua beharrezkoa da.
Aipatutakoak kontutan hartuta, EH Bilduk larunbat honetarako deitu duen nazio manifestazioarekin bat egiten du LAB sindikatuak.
Joan den astean Eibarko Mercadonan kaleratze bat egon zen. Ez da lehena, eta, zoritxarrez, ez da azkena izango. Oraingo honetan, emakume langile bat kaleratua izan da disziplinazko kaleratze baten bidez, gezurrezko arrazoiak argudiatuz.
Praktika hau oso ohikoa bihurtzen ari da Mercadona bezalako supermerkatu kate handietan. Sektore feminizatua izanik, eta prekarizatua aldi berean, langileak kontrolpean izatea da enpresa hauen helburua. LAB sindikatuan ez gaude hau onartzeko prest.
MERCADONAko langile komitea CCOO eta UGT sindikatuek osatzen dute gehiengoz, eta honen ondorioz, beraien lan hitzarmena estatu mailakoa da. Erabakiak eta lan eskubideen arautzea Euskal Herritik kanpo hartzen dira, hemengo errealitate sindikalaren aitortza ukatuz.
Lan-baldintzei dagokienez, soldata-taula baxuak dira nagusi eta lanaldi partzialak dituzte orokorrean. Honek enpresari aukera ematen dio lanaldi malguak inposatzeko, ekoizpenaren une bakoitzeko langile-kopurua doitzeko. Lanaldi eta ordutegi horiek zailtasun handiak eragiten dizkiete langileei beren lana eta familia bizitza uztartzeko.
Gainera, erostetxe horietan sindikatuen aurkako politika egiten da, biltzeko eskubidea zailduz, zerrenda sindikaletan dauden langileak psikologikoki presionatuz, sindikalistak lanetik baztertuz edo patronalak kontrolatutako sindikatu horiak sortuz.
Onartezina iruditzen zaigu Eibarko Mercadonaren politika laborala eta langileekiko duen jarrera. Hori guztia dela eta, elkarretaratzea egin dugu gaur, hilak 16, eguerdiko Otaola kaleko dendaren aurrean, azken kaleratzea salatu dugularik.
Zamudioko Ospitaleko Terapia Okupazionaleko eraikina da, amiantoz egina.
Zamudio Ospitaleko Terapia Okupazionaleko eraikina amiantoz egina dago. Orain arte ez da ezer ere egin minbizia eragin dezakeen elementu horrekiko esposizioa saihesteko. Orain, LABek egindako presioa tarteko, Osakidetzak eraikina eraistea erabaki du. Sindikatuaren ekintza azpimarratzekoa da, hura izan baita erabaki hori hartzera behartu duena. Osakidetza ez da pazienteen eta langileen segurtasuna zaintzen ari, LABek neurriak eskatu izanaren ondorioz bere pasibotasunak izan dezakeen oihartzun mediatikoa zaintzen baizik.
Amiantoaren eraginpean egoteak eragindako gaixotasunen diagnostiko goiztiarra da bizirauteko aukera bakarra. Identifikazio eta tratamendu goiztiarrek bizi-kalitatea eta biziraupen-indizea areagotzea dakarte.
Amiantoarekin gaixotzen diren langileen zerrenda egunez egun handitzen ari da, eta kasu honetan Osakidetzako Osasun Mentaleko langile bati egokitu zitzaion. Horren ondorioz, LABen kezka handitu zen eta presio gehiago egin zuen, egoera jorratzeko garaia behar baino gehiago atzeratzen ari baitzen.
Kontuan izan behar da amiantoarekiko esposizioaren eta gaixotasunaren artean 20 eta 60 urte bitartean igaro daitezkeela. Horregatik, amiantoaren eraginpean egon diren pertsona guztiei jakinarazi die LABek komeni dela aldian behin osasun-azterketak egitea.
Osakidetzak luze gabe amiantoa erretiratu behar du eraikin guztietatik, eta amiantoaren eraginpean dauden edo egon diren langileen (erretiratuak edo ez) erregistro bat sortu. Egiten ari diren jarraipena oso mugatua da, bereziki aintzat hartuta amiantoaren esposiziopean dauden eta egon diren langileen kopurua.
Zuzendaritzak ez du gaia serio hartzen eta duen larritasuna minimizatzen saiatzen da. Osakidetzak gaia ezgaitasunez eta utzikeriaz jorratzen du, bere ardura nagusia propaganda mediatikoa saihestea delarik, nahiz eta, kasu honetan bezala, langileen zein pazienteen segurtasuna jokoan egon.
Gogora ekarri behar da amiantoa ekoiztea, erabiltzea eta instalatzea debekatuta dagoela 2002az geroztik, eta Osakidetzan oraindik ez dagoela hura ezabatzeko plan seriorik. Bai langileek, bai pazienteek, egunez egun amiantoarekin bizitzen jarraitzen dute, jasaten ari diren arriskuaz jabetu gabe eta lan-osasuneko departamentuen jarraipenik jaso gabe hain garrantzitsua den diagnostiko goiztiarra egin ahal izateko.
Premiazkoa da Eusko Jaurlaritzak eta Osakidetzak amiantoa kentzeko politika aktibo bat abian jartzea eta herritarren osasuna serio hartzen hastea. Langileek pazienteak zaintzen dituzte gaixotasuna dutenean eta horien prebentzioan; Osakidetzak, ordea, ez ditu langileen oinarrizko eskubideak zaintzen. LABek nabarmendu duenez, Osakidetzaren eraikinetako eta gainerako eraikinetako amiantoa ezabatzea da herritar guztien osasuna babesteko modu seguru bakarra.
LABek lan-ingurune kaltegarri oro identifikatzen jarraituko du, eta salaketaren eta borrokaren bidez horiek ezabatzen saiatuko da, lanera joatea osasunerako arriskutsua izan ez dadin.
Azaroaren 10ean EAJk eta PSOEk konpromisoa hartu zuten Madrilgo Gobernuari egonkortasuna emateko. EAJ eta inguruko medioak dagoeneko saltzen hasi dira sinatutako akordioak autogobernuarentzat eta langileontzat ekarriko dituen balizko onurak. Bada, testuak dioena ikusita eta EAJren ibilbidea ezagututa, LABeko Zerbitzu Publikoen Federazioan ikusten dugu lortutakoa ez dela hainbesterako eta lan handia daukagula aurrean.
1. Birjartze tasak ez dira desagertzen, eta balizko soldata igoerek ez dute erosahalmena bermatzen.
2. Akordioak ez ditu langile publiko guztiak barnebiltzen; soilik “erabateko lehentasuna” izendapena duten lanpostu eta sektoreak.
3. Negoziazio Kolektiboa ukatzen da, eta gobernuen inposizioa bermatzen. Langile publikoon soldatak eta enplegua ez dira negoziazio kolektiboan adostuko. Ituneko Hitzarmeneko Bitariko Batzordean negoziatuko dira, non langileok parte hartzerik ez dugun, soilik Madrilgo eta Gasteizko gobernuak baitaude. EAJk eta bere administrazioek ez dute inoiz negoziazio kolektiboa defendatzeko borondaterik izan eta eroso daude erantzukizuna kanpoko joko zelaian utzita.
4. Madrilek inposatzen amaituko du beti. Langileok euskal administrazioetan akordiorik lortuko bagenu ere, jarraipen batzordeetan Estatuak betoa edukiko du. Horretarako, EAEko zein Nafarroako Gobernuak sostengatzen dituzten alderdiek «legegile bakoitzak euren enplegu publikoaren arauetara eramateko» konpromisoa hartu dute.
Greba eta mobilizazioekin, trena mugitzea lortu dugu. EAJren eta Urkulluren autoritarismoa tiraderan gordetzea lortu dugu eta mugitu egin behar izan dute. EAEko Mahai Orokorra deitu behar izan zuten, eta Madrilen gaiari garrantzia eman behar izan diote. Urduri eta kezkatuta daude dagoeneko arazoa estaltzea lortzen ez dutelako.
Beraz, martxan jarri dugun trena errail egokian kokatzeko mobilizazio gehiago behar da; EAJren borondate falta baldintzatu behar dugu. Izan ere, akordio politiko horrekin argi gelditu da borondate kontua dela. Urriaren 25ean greba eta mobilizazio arrakastatsuak egin genituen EAEko sektore publikoan eta aste hauetan ere hainbat eremu publikotan grebak eta mobilizazioak egiten ari dira.
Azaroaren 30eko Greba Feminista Orokorra lantzea da orain gure lehentasuna, eta hurrengo egunean bertan abenduaren 19ko sektore publikoko greba prestatzen hasiko da LAB.
Urdulizko zentroko beharginek pikete feminista egin dute udalerrian barrena, eskatzeko zaintza lanek merezi duten aitortza lan-baldintzetan isla dadila eta ez ditzatela kudeatu negozio-iturri hutsa bailiran.
Gaur GSRk (Mondragon Taldea) kudeatutako Urdulizko Santa Mariñe egoitzako langileak Urdulizen mobilizatu dira. Bide mozketak egin dituzte, eskuorriak banatu eta manifestazioan joan dira egoitzaraino. Apiriletik ari dira mobilizatzen eta lanuzteak egiten. Dituzten lan baldintzak eta zaintzera behartzen dituzten modua salatu dituzte, eta negoziazio-mahai bat eskatu diote enpresari, egoerari heltzeko helburuarekin.
Haien egoera salatu dute, eta langileak izan beharrean makinak balira bezala tratatzen dituztela esan dute. Tratu duinarekin bateraezinak diren baldintzetan zaintzen dute: 6 minutu inguru dituzte egoiliar bakoitza oheratzeko. Ez dagozkien funtzioak egiten dituzte: gerokultoreek paziente diabetikoei intsulina emateaz arduratzea nahi dute, eta horrek, beren funtzioetatik kanpo egoteaz gain, egoiliarren osasuna arriskuan jartzen du, ez gerokultoreek ez erizaintzako laguntzaileek ez baitute horretarako prestakuntzarik.
Enpresak errepresaliak eskaintzen ditu, elkarrizketa eta negoziazioaren ordez. Langile sumisoak nahi dituzte, beren eskubideengatik borrokatu ez daitezen. Grebarako eskubidea urratzen dute, langileak mehatxatuz eta baldintzatuz, antola ez daitezen. Eta beren eskubideen alde antolatzen eta borrokatzen diren langileak zigortzen dituzte.
Egoera horren aurrean, langileek zaintza eta baldintza duinak eskatzen dituzte enpresaren diru gosearen aurrean. Enpresari eskatzen diote eser dadila haiekin hitz egitera eta neurriak har ditzala lan-baldintzak eta zerbitzua hobetzeko. Besteak beste, ratioa handitzea proposatu dute; izan ere, salatu dutenez, esku gehiago behar dituzte lan egiteko. Era berean, beren eskubideak aldarrikatzen dituzten eta antolatzen diren langileak ez zigortzea eta jazartzea eskatu dute.
Pribatizazioa zaintzako langileen miseria da. Horregatik, zaintzaren sektorearen publifikazioa aldarrikatzen dute, administrazio publikoak interpelatuz zaintza publiko bihurtzeko bidea egin dezaten, enpresek beren bizitzekin negozioa egiten jarrai ez dezaten.
Horregatik, azaroaren 30ean Greba Feminista Orokorrean parte hartzeko deia luzatu diete pertsona guztiei, zaintzarako eskubide unibertsalaren eta zaintzarako sistema publiko eta komunitario baten alde.
EAEko Auzitegi Nagusiak baliogabetzat jo du LAB sindikatuak Saltoki Logistika Araba enpresan duen langileen ordezkariaren kaleratzea, Gasteizko lan-arloko epaitegiek lehen auzialdian egin bezala.
Aldeko bigarren epai horrek berretsi egiten digu enpresa honetan antolatzeko eta gure presentzia indartzeko beharra, langileen lan baldintzak axola ez zaizkion eta adierazpen sindikal oro desagerrarazteko bere eskura dituen baliabide guztiak erabiltzen dituen zuzendaritzari aurre egiteko, eta langileei antolatzea eta beren lan-baldintzak hobetzeko borrokatzea ahalbidetzeko.
Azken urteotan ikusi dugu enpresak, diziplina araubidea aplikatuta, kaleratu egin dituela lan baldintzak hobetzeko antolatzen saiatu diren langileak. Kasu gehienetan, aipatu kaleratzeak bidegabetzat jo izan dira beranduago.
Duela hilabete batzutatik hona salatzen egon garen bezala, 2021eko urrian LAB sindikatuaren eskutik hauteskundeak deitu zirenetik, ikusi dugu enpresak ez dituela oinarrizko eskubideak onartzen, hala nola askatasun sindikala, antolaketa edo lan-baldintza duinak.
Klase sindikalismo borrokalari batetik soilik lortuko dugu Saltoki Logistika Araban gure eskubideak babestea, prekaritatea mugatzea eta lan-baldintzak duintzea.
Ekoizpenagatiko kontratuaren iraupenaren luzapena jasotzen du, bakante berrien sorreraren eta adinagatiko jardunaren murrizketaren baldintzapean
2023ko ekainaren 1ean, EAEko Hezkuntza Legea garatzeko langileen lan-baldintzak hobetzeko sindikatuen eta Hezkuntza Sailaren arteko akordioa sinatu zuen LABek.
Akordio honetan adierazitako konpromisoak dagozkion negoziazio-mahaietara eramango direla sinatu zuten, bertan berretsiak izan zitezen, dagozkien gehiengoak lortu ezkero. Kolektibo feminizatu eta prekarizatuenetik hasita, akordioa lortu du orain LABek, gehiengoak sindikatuaren proposamena babestu duelako.
Akordioan jaso zen, besteak beste, honako hauek aztertu eta adostuko direla: lanpostuak mantentzeko eta esleitzeko irizpideak, 60 urtetik gorakoentzako gazteberritze planak eta behin-behinekotasuna %5tik igoko ez dela bermatzeko neurriak hartzea.
LABek Hezkuntza Saileko kolektibo feminizatu eta prekarizatuenean lortu du lehenengo akordioa. Azkenengo Lan Erreformaren ondorioz 6 hilabetetara mugatuta dauden produkzioagatiko kontratuak sektoreko hitzarmen kolektiboaren bidez 10 hilabetera luzatzeko proposamena egin zuen administrazioak aurreko ikasturtean. Bada, hori aprobetxatuz, negoziazioa mahai sektorialera ekarri eta akordioa erdietsi du LABek.
Abian dugun Hitzarmen Kolektiboaren negoziazioaren kaltetan izan gabe, eta salbuespenez, ekoizpen gorabeherengatiko kontratuak ekainaren 30era arte hitzartu ahal izango dira, baldin eta jankideentzako edota garbiketako metrajeentzako gorabeherak ekar ditzakeela aurreikusten ez bada.
Dagoeneko eginda dauden 29 kontratuen luzapenak jada tramitatu dituzte.
Sukalde eta garbiketako langileen lanpostuen zerrendan sartuko diren egiturazko bakanteak sortuko dira
Sukalde eta Garbiketako langile propioen plantilla erregularizatuko du urtero.
Lanpostu horiek lanpostuen zerrendan (LPZ) agertuko dira kategoria horietan, eta ordeztu egingo dituzte ekoizpenaren beharrengatik egindako kontratazioak.
Ekoizpenaren beharrengatik kontratua egin den ikastetxe batean, hurrengo ikasturterako behar hori mantenduko dela aurreikusten baldin bada, LPZn agertuko da.
2021-22, 2022-23 eta 2023-24 ikasturteetan ekoizpenaren beharrengatiko 20 orduko edo gehiagoko kontratuak izan dituzten ikastetxeetan egiturazko bakanteak sortuko dira 2024-25 ikasturtean.
Hiru ikasturtetan betetako bakanteak lan-eskaintza publikoetan deituko dira. Behin-behinekotasun tasa gehienez %5ekoa izango da.
60 urte baino gehiago dituzten sukaldeko eta garbiketako langileei laneko jarduna herenean murriztuko zaie
60 urte bete duten finkoei zein bakantean dauden langileei prebentzio zerbitzuak dei egingo die egokitzapen espezifikoak behar dituen jakiteko. Egokitzapen horietan lanaldia herenean murrizteko neurriak ezar daitezke, murrizketa hau ordaindua eta ordezkatua izango da.
Egun sukaldean lan egiten duten 120 langileri eta garbiketan diharduten 94ri, guztira 214ri, eragingo die neurri honek.
Gauzak horrela, Hezkuntza sailari Akordio laborala mahai negoziatzaileetara eramaten jarraitzea eskatzen dio LABek, eta langileen lan baldintzak hobetzeko proposamenak egiten jarraituko du kolektiboz kolektibo.
Gaur, CAFek Beasainen dituen 7, 8 eta 9. akabera-nabeetako langileek protesta zaratatsua egin dute eremu horretako desamiantatzea kudeatzeko moduaren eta horrek langileengan izan ditzakeen ondorioen aurka.
10:00etan, Enpresa Batzordeak deituta, 300 pertsona inguruk zarataz bete dituzte hiru nabe horiek. Metalezko egiturak mailuekin kolpatzen, trenen bozinak aktibatzen edo tronpetekin lan egiten duten langileek gogorarazi nahi izan diete enpresako zuzendaritzari eta dibisioko agintariei kapitulu hori ez dela itxi.
Enpresaren egiturako kargu batek ere ez du erantzukizunik bere gain hartu gertatutako guztiagatik, eta oraindik ez dago argi amiantoaren eraginpean egon daitezkeenen zerrenden osaera.
Datozen egunetan, Enpresa Batzordeak administrazioa ere interpelatuko du gai horretan duen erantzukizunagatik.
Araba ESIaren arduragabekeriak ahalbidetu du jantoki eta kafetegiak ustiatzeko zerbitzuaren lizitazioaren irabazlea Serunion izatea, nahiz eta Eusko Jaurlaritzak, aldi berean, enpresa horren aurkako ekintzak hasi dituen kalitate eta osasun-kontrol faltagatik.
Joan den urriaren 20an, Osakidetzako Araba ESIk 2,64 miloi euroko balioa duen 2023/02495 lizitazioa argitara eman zuen, Araba ESIko jantoki-kafetegi zerbitzuaren ustiapenerako.
Azaroaren 8an, espedientearen balio-judizioen txostena argitaratu zen EAEko kontratazio-plataforman, Arabako ESIko Ekonomia Zuzendaritzaren mendeko Zerbitzu Orokorren arduradunak sinatua.
Lizitazioaren pleguen arabera, eskaintzaren kalitateari dagokion puntuazio subjektiboa ezarri behar da, balorazioaren %50 suposatzen duena (50 puntu). Pleguaren arabera, eskaintzaren kalitatea irizpide hauen arabera baloratzen da:
Kontuan hartzekoak
Puntuak
Gutxieneko atalasea
Menuen eskaintza eta hornituko diren produktuen kalitatea
30
25
Ingurumenaren kudeaketa, zerbitzuaren kalitatea, lan arriskuen prebentzioarekin lotutako kalitate-sistemak
10
Zerbitzua ustiatzeko proiektua eta prestakuntza programa
5
Proposamen berritzaileak
5
GUZTIRA
50
Txosten teknikoa aztertu ondoren, argi eta garbi geratzen da Arabako ESIko zuzendaritzak duen kudeaketaren kontzeptua zein den, non eta ospitaleko kafetegian jan behar duten profesionalen eta pertsonen elikadura bezalako gai delikatu batean. Txostenean ez da eskaintzaren kalitatearen araberako puntuaziorik esleitzen, ezta justifikatzen ere, pleguan bertan adierazitakoaren arabera; aldiz, hainbat kontzeptu ateratzen dira, solteak, eskaintzetatik jasotakoak, eta 50 puntuko berdinketa ematen da, lehiaketaren ebazpena prezioaren esku soilik utziz (eskaintzaren ebaluazioaren gainerako % 50).
Honek, hain delikatua den kontu batean Araba ESIko Zuzendaritza Ekonomikoaren utzikeria frogatzeaz gain, Sektore Publikoko Kontratuen 9/2017 Legeak jasotzen duen izpirituari iruzur egiten dio, horren hitzaurrean bertan adierazten baita lege honen bi helburuetako bat kalitatearen eta prezioaren arteko erlaziorik onena lortzea dela.
Utzikeria horren ondorioz, Serunion enpresa izan da kontratua lortu duena, zerbitzuaren kalitate ezagatik albistegietan agertu den enpresa. Izan ere, Eusko Jaurlaritza enpresa horrekin kontratuak deuseztatzen ari da kalitate-kontuengatik, Arabako ESIko zuzendaritza ekonomikoak, egiten dituen balorazioetan, utzikeriaz jokatu duen kontuengatik.
Kasu honetan adierazitakoak, Osakidetzak, oro har, bere profesionalekiko eta herritarrekiko duen begirune eskasa islatzen du, sektore pribatuko empresekiko duen eskuzabaltasunarekin kontrajartzen dena.
LAB sindikatuak lan handia egin du Osakidetzak argitaratzen dituen pleguak inpugnatzen, kontratuei buruzko legea eta akordio sektorialak ez betetzeagatik. Horietan argi ikusten da Osakidetzak nahiago duela zerbitzuak kanpora ateratzea (batez ere ez-sanitarioak), enpresa pribatuei diru publikoa emanez, lan-eskubideen urraketa zein eroskeria kontuetan nahasita daudenak. Aste honetan bertan jakin ahal izan denez 2024 eta 2025 urteetarako etxeko hemodialisi peritonealeko eta hemodialisiko zerbitzuen esleipenean. Orain arte lortutako geldiarazteek guztira 180 milioi euroko zenbatekoa suposatzen dute pribatizazioetan.
Adibide gisa ondorengoak aipa genitzake:
– 2022/03041 Bizkaiko osasun-barrutian dauden Osakidetzako zentroetako elektromedikuntzako ekipoak mantentzeko zerbitzua. Bi aldiz.
– 2023/00791 Ezkerraldea-Enkarterri-Gurutzeta ESIko lehen mailako arreta zentroetako ikuztegi zerbitzua.
– 2023/00140 Barrualde-Galdakao ESIko higiezinak eta obra txikiak mantentzea eta kontserbatzea.
– 2023/00729 Santa Marina Ospitaleko sukaldeko ostalaritzako makineriaren hornidura-, laguntza-, laguntza tekniko- eta azterketa-zerbitzua.
– 2023/00797 Osakidetzaren arreta sareko zentroetako erradiodiagnostiko-instalazioetan segurtasunaren eta kalitate-irizpide normalizatuen eremuko ebaluazioak egiteko zerbitzuak kontratatzea. Hau ere birritan geldiarazitakoa.
– 2023/01568 Agerraldi epidemiologikoen aurrean babesteko materialak hartzeko, biltegiratzeko eta banatzeko logistika-zentroa.
Sagarduik eta Urkulluk behin eta berriz errepikatzen dute Osakidetza ez dela pribatizatzen. Erabat baztertu beharreko baieztapena da hau. Gainera, berez malguak diren arauak alde batera utziz ari dira pribatizatzen, eta langile publikoen eskudideak urratuz. EAJren kudeaketak helburu argia du: osasun sistema publikoa zatikatu eta enpresa pribatuei saltzea. Eta horren lekuko zuzenak dira Osakidetzako langileak.