2026-10-19
Blog Page 180

%100eko jarraipena izan du Amezketako Aralar paper lantegian izandako laneko heriotzaren aurreko lanuzteak

Abuztuaren 26an, Amezketako Aralar paper lantegian istripu larria izan zuen P.R.C. 30 urteko Ibarra Argi Lanak enpresako langile azpikontratatuak, eta atzo hil zen.

Laneko heriotza honen aurrean, 24 ordutako lanuztea deitu du Aralarreko enpresa-batzordeak (LAB-.ELA), atzoko 14:00etatik gaurko 14:00etara.

Lanuztearen jarraipena erabatekoa izan da eta gelditu egin da lantegiaren jarduera. Azpikontratatuako langileek ere parte hartu dute. 11:00etan, mobilizazioa egin dute Amezketako lantegiaren atarian, “Lan heriotzarik ez. Langileen segurtasuna bermatu” lemapean.

Lan istripuen kontrako protokolo intersindikala aurkeztu dugu Ipar Euskal Herrirako

LAB, CGT, FSU eta Solidaires sindikatuok Ipar Euskal Herrian lan istripuei aurre egiteko lehen protokoloa publiko egin dugu, Donibane Lohitzunen egindako agerraldian.

Lau sindikatuok hainbat mobilizazio antolatu ditugu azken 3 urte hauetan heriozko lan istripu bakoitza salatzeko. Guretzat ezinbestekoa da agerian uztea hain oihartzun gutti duten lan istripu guzi horiek. Arruntak, larriak, oso larriak edota hilkorrak izan, lan istripuak ezin ditugu ohiko bilakarazi.

Azken urteetan mobilizatu gira hilak eragin dituzten lan istripuen aitzinean, nahiz eta jakin beste hainbat istripu oharkabean pasatzen direla.

Hortaz gure protokoloa Donibane Lohitzuneko Prado jatetxearen aitzinean aurkeztea erabaki dugu. Izan ere, duela justu lau urte, hiru langile larriki erreak izan ziren bertan. Aurtengo apirilaren 9an, hau da lau urte berantago, garaiko enpresaburua eginbeharrak ez betetzeagatik kondenatua izan dela jakin dugu, nahiz eta ia inork horren berri ez izan.

Protokolo honen bitartez ahal bezain bat langileentzat tresna eskuragarri bat sortu nahi dugu enpresetara modu pedagogikoan iritsi ahal izateko. Lan istripuen aitzinean erantzunak automatizatzea eraginkortasunean lagungarri izan daitekeela pentsatzen dugu. Intersindikalean eginez gero, denbora aurreztu eta lan istripuen aitzinean erantzun egokia emateko parada emango digu.

Hitz guttitan laburbiltzeko, protokoloak lan istripuak agerian jartzeko edo ikusgai izaiteko parada emango digu larrienak eta heriotza dakartenak salatuz. Entrepresetan lan istripuak ekiditzeko asmoz langileak sentsibilizatu nahi ditugu eta bide batez langile eta sindikatuen arteko harremanak sortu edo sendotu.

Hemendik aurrera lau sindikatuok protokolo hau banatzen hasiko gira gure delegatu zein gure sindikatuetatik kanpo diren delegatuei. Langileei dei berezia egiten diegu alde batetik protokoloa irakurri eta barneratu dezaten, bestalde haien enpresan lan istripu baten aitzinean isolaturik izanez gero, gurekin harremanetan jartzea ere eskatzen diegu.

Azpimarratu nahiko genuke dokumentu hau dokumentu ireki bat dela eta beste sindikatuak juntatzeko aukera dutela nahi izanez gero. Hobetzeko eta garatzeko aukera eman behar diogu protokolo honi.

24 ordutako lanuztea eta mobilizazioa Aralar paper lantegian laneko azken heriotzaren aurrean

Abuztuaren 26an Amezketako Aralar paper lantegian lan istripua izan eta larri zauritu zen langilea hil egin da gaur. P.R.C. 30 urteko Ibarra Argi Lanak enpresako langilea, mantenu lanak egiten ari zen Aralar paper enpresan, istripua izan eta lau egun beranduago hil da. Azken honekin, 38 dira urte hasieratik Euskal Herrian hildako langileak.

Azpikontrata ezberdinak lanean ari diren enpresetan, enpresa nagusiari dagokio, hau da, Aralar paper lantegiari kasu honetan gremio ezberdinen arteko koordinazioa eta segurtasuna bermatzea. Eta hau egoki ez egiteak ekarri du langilearen heriotza. Onartezina.

LAB sindikatutik askotan salatu izan dugu azpikontrata ezberdinak dauden enpresetan prebentzio plan egokiak ondo ez egiteak dakartzan arriskuak, eta heriotza honek agerian utzi du hori, beste behin ere.

Laneko heriotza honen aurrean, 24 ordutako lanuztera deitu ditu langileak Aralar paper lantegiko enpresa-batzordeak, abuztuaren 29ko 14:00etatik abuztuaren 30eko 14:00etara. Honetaz gain, kontzentrazioa egin dute bihar osteguna, abuztuaren 30ean, 11:00etan, Amezketako enpresa atarian. Enpresa-batzordeak dei egiten die Amezketako lantegian ari diren azpikontratetako langile guztiei mobilizazioan parte hartzera.

Muriba Construccion enpresako langileak kalera atera dira euren lanpostuen eta soldaten defentsan

Muriba Construccion SL enpresako langileek kontzentrazioa egin dute Iruñeko Rozalejoko markesaren jauregiaren aurrean. Adierazi dute obra hau, egiten ari diren gainontzekoak bezala, Nafarroako Gobernuak ordaintzen diola beren enpresari, eta honek hainbat hilabetetako soldatak zor dizkiela.

Ez dugu ulertzen egiten ari diren kudeaketa txarra, kontuan hartuta lan-bolumena badagoela, gure obren bezero nagusia Nafarroako Gobernua dela eta aldez aurretik saldutako etxebizitzak eraikitzen ari garela. Diru publikoa euren poltsikoetara sartzen ari bada, zergatik ez dizkie Muriba Construcción SLk langileei soldatak ordaintzen?

Nabarmendu nahi dugu ez gatozela bat langileak beldurtzeko, manipulatzeko eta engainatzeko moduarekin. Izan ere, enpresaren ordezkariak lanpostuetatik pasatu ziren hartzekodunen lehiaketa bat aurreratuz. Azken hau, batetik, ez zioten delegatuari bilera batean modu ofizialean jakinarazi, eta, bestetik, langileen beharrizanekin jolastu nahi zuten, hauek beren lanpostuak utzi eta alde egin zezaten, horiekin zuten zorra aurreztuz.

Honen aurrean, LABen argi dugu egoera salatuko dugula. Gure lanpostuen defentsaren alde, borroka juridikoa egingo dugu, eta agerian utzi nahi dugu honi darion kiratsa.

Gaurko kontzentrazioa ez da egingo dugun azkena izango, eta langile guztiak, eta bereziki eraikuntza sektorekoak, mobilizazioetan parte hartzera animatzen ditugu.

Belaunaldi Erreleboko Planerako eta enplegu banaketarako akordioa sinatu dugu Gipuzkoako Foru Aldundian #LortuDugu

Gipuzkoako Foru Aldundiko Langile Batzordeak, zeinetan LAB den lehen indarra, akordio bat lortu du bertako gobernuarekin, erakundearentzako irismen orokorreko lehen lan-akordioa 2010az geroztik. Horrek amaiera ematen dio EAEko beste aldundiekiko konparaziozko bidegabekeria historikoari.

Foru plantilla zahartzen ari den testuinguru honetan, eta sektore publikoan errelebo-kontraturik ez dagoenez, enpresa pribatuetako langileei bai aplikatzen zaiena, plan berri honek belaunaldi erreleboa sustatzen du, enplegua banatuz eta langileek metatutako ezagutzaren transferentzia bermatuz.

Hauek dira akordioaren alderdi nagusiak:

  • – Ezagutza transferitzeko “Partekatuz” programan parte hartzea sustatzea, erretiroa hurbiltzen den heinean 6 hilabetera arteko baimen ordaindua emanez.
  • – Urte erdi sabatikoa lan-bizitzaren amaieran, bost urtetan %98a kobratuz eta kotizatuz eta azken sei hilabeteetan libratuz.
  • – Lanaldi murrizketa saritua, 60 urtetik aurrera lanaldia murrizteko soldata baldintzak hobetzen dituena.
  • – Soldatarik gabeko baimena, 6 hilabetera artekoa.
  • – Urte sabatikoa langile guztientzat, 5 urtetan %85a kobratuz eta kotizatuz, eta 5. urtean libratuz.

Sindikatu sinatzaileek antolatutako errelebo orokorrerako, enplegua banaketarako eta Aldundiko langile guztientzat akordioa positibotzat jotzen dute eta uste dute garrantzizko erreferentzia izango dela Gipuzkoako toki-administrazio guztietan garatu behar diren negoziazioetarako ere.

Laudioko heriotzak agerian uzten du biztanleria osoak jasan behar dugun arriskua

Asteburuan Laudion gertatutakoak agerian uzten du, berriz ere, Osakidetzako Emergentziak zerbitzuak aspaldidanik duen arazo larria. LAB sindikatutik gure doluminik zintzoenak adierazi nahi dizkiegu hildakoaren familiari eta lagunei, Osakidetzako langile guztiek bere egiten dituztenak. Izan ere, langile horiek, zalantzarik gabe, indargabe eta frustrazio-maila handiarekin sentitzen dira honelako gertakarien aurrean.

Urteetako utzikeriaren ondoren, berriro ere, Laudioko bizilagun bat hil da larrialdietan lanpostuak ez betetzearen ondorioz. Ondorio zuzen eta larriena bizilagun horrek, haren senide eta lagunek jasan duten arren, gizarte osoak du antzeko ataka batetik igarotzeko arriskua.

Beste behin ere, Osakidetzako zerbitzu askotan dauden hutsuneak azpimarratu behar ditugu, baina zehazki, larrialdietako egoerak dakartzan arrisku larriez ohartarazi behar dugu.

Osakidetzako zuzendaritzak egungo egoerari adabakiak jartzearen alde egiten jarraitzen du, aparteko orduen bidez edo bateraezintasunena bezalako legeak ez betez. Neurri horiek guztiak ez dira onargarriak, eta arrisku-egoerak ere areagotzen dituzte; izan ere, langileek oso luzeak diren lanaldiak hartzen dituzte beren gain, eta horrek ere segurtasun-gorabeherak eragiten ditu.

Gizarteak jakin behar du arrisku larria dagoela larrialdietako ekipoak guztiz bermatuta ez daudenean. ZIUen flotak gabezia handiak ditu, eta zentro koordinatzailea erizain bakar batek kudeatzen du denbora luzez.

Daukagun arazo larriari irtenbidea emango dioten epe ertain eta luzerako neurriak ezartzeko negoziazioa beste biderik ez dago, eta ez da ahaztu behar Larrialdietako Zuzendaritza izan dela, bere pasibotasunarekin, gertatutakoaren azken erantzulea.

Beharrezko neurriak egiturazkoak dira, eta urteak daramatzate alde batera utziak izaten. Neurri horiek epe laburreko neurrien mesedetan baztertu dira, hala nola aparteko orduen mesedetan, eta bateragarritasunen legea egungo puntura iritsi arte urratu da; izan ere, ez dira nahikoak osasun-zerbitzuen hondatze larriaren aurrean.

Biztanleria guztiari dei egiten diogu herritar gisa jasaten ari garen etengabeko arrisku horri erantzuteko, bermeak dituen osasun sistema publikoa defendatzeko eta horren ondorioak salatzeko abian jartzen diren mobilizazioetan parte hartzeko. Hurrengo hitzordua abuztuaren 29an izango da, 19:00etan, Laudioko Herriko plazan, Eusko Jaurlaritzaren osasun-politikek bigarren aldiz gogor jo duten lekuan.

Laneko heriotzak prekarizazioaren eta erakundeek lan osasunean duten kontrol ezaren ondorio dira

Atzo B.L.S. 61 urteko langilea hil zen Ataunen, Lizarrustiko inguruetan, zuhaitz bat gainera erorita. Lehenik eta behin LAB sindikatutik elkartasuna eta babesa agertu nahi diegu hildakoaren senide eta gertukoei.

2024ko 37. lan heriotza izan zen atzokoa. Eta nabarmentzekoa ere, azken 9 egunetan, basogintzako sektorean hiltzen den bigarren langilea dela, agerian uztiz sektoreko lan baldintzak gero eta okerragoak direla.

LAB sindikatutik adierazi izan dugun moduan, basogintzako sektorean ematen diren arriskuak handiak dira. Alde batetik erabiltzen diren makinak arriskutsuak dira, lan egiten diren lurrak ere arriskutsuak izan daitezke faktore ezberdinak medio (aldapak, lurraren egoera…). Kanpo faktoreak ere, eguraldia adibidez, garrantzitsuak izan daitezke lan arriskuak okertzeko garaian. Erabiltzen diren prebentzio neurriak guztiz eskasak direla ere salatu nahi dugu, eta horren adierazle dira azken garaietan sektorean egondako lan istripuen gorakada.

Lan istripuek ez dute etenik, heriotzek ez dute etenik eta prekarizazioaren ondorio larriak eta erakundeek lan osasunean duten kontrol ezaren ondorio dira.

Bereziki kezkagarritzat jotzen dugu gaur indarrean sartuko den Parekotasun Legeak kontziliazio-neurriak dituzten langileen kaleratzea erraztea

Gaur sartuko da indarrean Emakume eta gizonen ordezkaritza parekide eta presentzia orekatuaren Lege Organikoa, “Parekotasun Legea” deiturikoa.

Lehenik eta behin, LABek onartutako atzerapausoa salatu nahi du; izan ere, hemendik aurrera, kontziliazio-neurriak hartzen dituzten langileen kaleratzea erraztuko da da. Lan Ministerioak akats tekniko bati egotzi dion eta publikoki zuzendu beharra onartu duen arren, bereziki kezkagarria iruditzen zaigu oraindik berau konpondu ez izana benetan akats baten ondorio baldin bada.

Bigarrenik, LABetik azpimarratu nahi dugu foku mediatikoa beste bat izan arren, “Parekotasun Legearen” helburua dela emakume* eta gizonen presentzia orekatua bermatzea sektore publiko eta pribatuan, hau da, zuzendaritza organoetan dauden emakumeen* presentzia handitzea. Hala ere, kristalezko sabaia apurtzetik harago, ulertzen dugu gaur indarrean sartuko den legea ez doala arazoaren errora. LAB sindikatutik benetako berdintasunerantz aurrera egitearen alde egiten dugu, eta horretarako, egiturazko neurriak behar dira emakumeon* lan- eta bizi-baldintzak hobetzeko.

Gure ustez, goi-karguak betetzeak, baldintza berberetan ez gaudenean, ez du ekarriko emakumeon* ez lan- ez bizi-baldintzak hobetzea, eta hori erakusten dute soldata-arrakalaren datuek. Egiturazko desparekotasunak jarraitzen du: zaintza lanen erantzukizuna emakumeon* gain dago oraindik, ez dago neurri eraginkorrik lanaren banaketa sexualarekin amaitzeko, besteak beste.

Finean, LABen ulertzen dugu ezinbestekoa dela bestelako lidergo moten sorreran aurrera egitea, ez maskulinoak, eta ekonomiari eta errentagarritasunari buruzko beste ikuspegi bat eraiki behar dela.

Correosek Gipuzkoan dituen lantokietako egoera hondoa jotzen ari da udan, kontratazio faltagatik

Correosek Gipuzkoan duen langileak ez kontratatzeko politikak eragina du egungo plantillan, eta gehiegizko lan-karga jasanezinak izatera eramaten ari da. Enpresak apirilaren amaieratik ezagutzen du langile bakoitzaren oporraldia, baina bere lana egin ahal izateko behar adina langile ez kontratatzeko ideiarekin jarraitzen du, eta karteria gehienetan jakinarazpen administratiboen eta judizialen metaketa onartezina eragiten du, paketeria entregatzeko atzerapena, Posta Zerbitzu Unibertsalak ezarritako epeak ez betetzea, etab.

Egoera hau ez da berria Correoseko bulego eta karterietan; banatzen ez diren auzoak estaltzeko langile guztiek egiten dituzten gehiegizko ahaleginek, ezinbestean, langile guztien osasunean eragina dute.

Oro har, langileen %50 baino gehiago falta da, eta karteriak erabat gainezka daude. Amasa-Villabonan esaterako, 6 postutatik 2 bete dituzte eta 2 asteko atzerapena pilatzen dute jakinarazpen eta gutun arruntetan. Eibarren 14 postuetatik 6 baino ez daude beteta. Bergaran (8tik 4), Lazkaon (4tik 2) eta Hondarribian (11tik 6), adibidez, langileen erdiak falta dira, eta bidalketetan atzerapen handiak dituzte. Irunen, 27tik 16 baino ez daude goizetan, arratsaldetan 7tik 3 eta 500 bat jakinarazpen atzerapenekin. Zumarragan 13tik 5 pertsona baino ez daude estalita, gutun arrunten pilaketa handiarekin. Donostialdean datuak antzekoak dira: Antiguoko banaketa bulegoan 21 postutatik 10 baino ez daude beteta, eta horrek 4 aste baino gehiagoko atzerapenak eta 4.000 jakinarazpen metatu inguru eragiten ditu. Astigarragan banaketako langile bakarra dago udalerri osorako. Zarautzen, Andoainen eta Zumaian ere kontratazio-faltak eta epeen ez-betetzeek eragina dute.

Gainera, aipatutako lanpostu horietatik asko lanaldi partzialekoak eta/edo lanaldi murriztukoak eta landa-banaketakoak dira, eta, gainera, oso hedadura handia edo zenbait udalerri bete behar dituzte.

Egoera jasanezina da, eta denboran asko luzatzen ari da; beraz, Correosek arazoari irtenbidea ematea erabakitzen ez badu, hurrengo urratsa mobilizazioak izango dira.