2025-12-31
Blog Page 171

Nafarroako Gobernuak uko egin dio zerga bidez ia 2.000 milioi euro gehiago biltzeari, zerbitzu publikoak indartu eta garatzeko eta langileen bizi baldintzak hobetzeko erabil zitezkeenak

Abenduaren 21ean, Nafarroako Parlamentuak zenbait zerga aldatzeko eta beste zerga neurri batzuk hartzeko Foru Legea onartuko du. Hala ere, neurri horiek eta Nafarroan azken bi legegintzaldietan izandako aldaketak ez dira nahikoa izan; salbuespen mugatuak salbu, politika fiskalak ez du funtsezko aldaketarik izan eta bere horretan jarraitzen du. Hala, enegarrenez itxi zaio atea gehiengo sozialaren kezka eta beharrekin bat eginen lukeen zerga politika berri bat anbizioz garatzeari. LABek azken hamarkadetan Nafarroan, Euskal Herrian, garatutako politika fiskalari buruzko azterketa aurkeztu du, eta nabarmendu du behar baino diru gutxiago biltzen dela: horrek hipotekatu eta mugatu egiten gaitu.

PSN, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin alderdiek osatutako Nafarroako Gobernuak, eta bereziki Ekonomia eta Ogasun kontseilari Jose Luis Arastik, aipatzen du «herritar guztiengana hurbildu eta inflazioaren ondorio kaltegarriak nabaritzen ari diren familiekin enpatizatzea». Aitzitik, ezin da justizia sozialaz hitz egin egungo zerga politikarekin.

Bere hitzen hipokresiaren adibiderik argiena PFEZ Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren tarifaren deflaktazio linealari buruzko neurria da. Planteatzen den bezala, PPk aldarrikatutako eta Pedro Sanchezen espainiar Gobernuak arbuiatutako lehen neurri fiskala izan zen, errenta handiei mesede handiagoa egiten diela iritzita, ondorio kaltegarri horiek gutxien nabaritzen dituztenak. Onartezina da, bizitza garestitzen ari den salbuespenezko egoera honetan, ekarpenik handiena egiten dutenei, hau da, langileei kargak (fiskalak) arintzekotan, neurri horiek gehien eduki eta gutxien ordaintzen dutenen mesedetan izan daitezen baldintzatuta egotea, desberdintasun handiagoa sortuz. Bestela adierazita, gehien dutenengandik gehiago jasotzeari uko egiten zaio, patronalaren mesedetan diseinatutako zerga-politika da, langileriaren kaltetan.

Horrela, 9.000 euroko errentari 34 euro gutxiago dagokio, baina 120.000 euroko errentarentzat ia 1.000 euroko murrizketa dakar. Pentsatzekoa da errenta altuenekoei eragin diela gutxien bizitzaren garestitzeak, zuzendaritza-postuak dituztenek soldatak KPIren arabera eguneratuta baitituzte. Errenta txikienekin gertatzen denaren kontrakoa gertatzen zaie; izan ere, zuzendari horiek plantillen soldatak eguneratzea ukatzen dute eta langileak pobretu egiten dira.

Nafarroako presio fiskala Europako Batasunekoa baino 8,7 puntu txikiagoa da

LABek egindako azterketaren arabera, gaur egun Europako Batasuneko batez besteko presio fiskaletik 8,7 puntura dago Nafarroa; beraz, presio fiskala handitzea eta diru-bilketa handitzea aukera egingarria da, eta, gainera, zorpetze txikiagoa eta babes sozial handiagoa dakar. Izan ere, Nafarroa batez besteko horretan kokatuko balitz, 2.300 milioi euro gehiago bilduko lituzke, eta kopuru horri Espainiako Estatuari Hitzarmen Ekonomikoaren bidez emandakoa kenduta, 1.969 milioi euro geratuko litzateke. Alegia, Nafarroak dituen eskumenak baliatu behar dira presio fiskala handitzeko eta zerga sistema sakonki eraldatzeko.

Enpresen etekinak handitu eta lan-mundua prekarizatu den bitartean, Nafarroako langileok bost aldiz ekarpen handiagoa egiten diogu Foru Ogasunari enpresek baino, haiek baitira bilketaren azken postuetan daudenak. Horrela, enpresen mozkinetarako ordaindu beharreko karga tasak behera egin du etengabe (1996tik, karga-tasa orokorra %20 murriztu da). 2007tik aurrera, garatutako zerga politikari esker, Sozietateen gaineko Zergak pisua galdu du Nafarroako zerga sisteman. Gaur egun, oraindik ez da lortu Ogasunak 2007an sozietate-zergaren bidez lortutako diru-bilketa (500 milioitik gorakoa) berriz errepikatzea (gaur egun kopuru horretatik behera mantentzen da); BEZak eta PFEZak, berriz, goranzko garapena izan dute. Azken batean, egungo zerga egitura errenta handien mesedetan garatu da.

Bestalde, presio fiskal txikiak adierazten du zerga iruzurra handia dela edo Ogasunak zergak ordainarazteko zailtasunak dituela. Gobernatzen dutenek zerga iheserako zailtasunak dituzten zergak, lan-errentarenak eta kontsumoarenak, biltzeko ohitura dute. Kontrara, zerga amnistien bidez erakartzen dituzte aberatsak, ondorio larriak dituzten zigorrak ezarri ordez. Hala, funts eta inbertsio publikoetarako beharko lukeen diru-kopuru handi bat jaso gabe geratzen da, Nafarroako gizarte osoaren kalterako.

Hori aldatu egin behar da. LAB sindikatuak defendatzen du progresibitatearen eta berdintasunaren printzipioetan oinarritutako politika fiskalaren bidez, Nafarroan sortzen den aberastasunaren birbanaketa bidezkoa bermatu beharko litzatekeela, eta herritar guztiei oinarrizko eskubideak bermatu zerbitzu publikoen bidez (osasuna, hezkuntza, etxebizitza, garraioa, pentsioak…). Baita egungo testuinguruak planteatzen dituen erronka handiei arrakastaz aurre egiteko ere (larrialdi ekologikoak eta krisi energetikoak eragindako eraldaketa sozioproduktibo garrantzitsuak), eta duela aste batzuk Nafarroan historiako lehen Greba Feminista Orokorraren bidez milaka pertsonak eskatu zuten bezala, zaintza sistema publiko eta komunitario bat eraikitzeko garaia iritsi delako.

LABek uste du behingoz heldu behar zaiola zerga politikari buruzko eztabaidari, beharrezko borondate politikoarekin, egungo zerga politikak kapitala gutxi batzuen eskuetan metatzen jarraitu nahi dutenen interesak sostengatzen dituelako. Hona hemen proposamen nagusiak:

1. PFEZeko kapitalaren errentei laneko errentei ematen zaien tratamendu bera ematea eta gehieneko tasa %60ra igotzea.

2. Sozietateen gaineko zergari dagokionez, kenkariak eta onura fiskalak ezabatzea eta %35eko tasa nominala ezartzea.

3. Kapitalaren errentei %1 eta %10 arteko errekargua.

Ostegunean Nafarroako Parlamentuan onartuko dutena, EH Bilduk Gobernuarekin adostutako zerga neurriak barne, oso urrun dago helburu hori lortzetik eta une honetan beharrezkoa den egiturazko edozein egiturazko aldaketatik.

Lehen orduko datuen arabera, EAEko sektore publikoko greba erantzun oso zabala izaten ari da

LAB, ELA, LAB, CCOO, SATSE, ESK eta STEILAS sindikatuok deitu dugu greba EAEko zerbitzu publiko osoan, “zerbitzu publikoan alde, soldatak eta enplegua hemen adostu” lelopean.

Urriaren 25ean gertatu bezala, gaurkoan ere, lehen orduko datuak aztertuta, EAEko sektore publikorako deitutako grebaren jarraipena oso zabala izaten ari da.

Komunikabide eta garraio publikoei dagokionez, greba ia erabatekoa izaten ari da lehen orduotan. Horren adibide da irrati eta telebista publikoan gutxienezko zerbitzuek ezarritakoa, albistegiak bakarrik emititzen ari direla. Garraio publiko ez pribatizatuan ere, Eusko Tren, Metron, Tuvisa eta Donostibusen grebaren jarraipena oso zabala izaten ari da.

Lehen orduko datuak kontuan hartuta, hezkuntza publiko ez unibertsitarioan eta unibertsitarioan, grebak jarraipen oso zabala izango duela dirudi.

Udal eta foru esparruan ere genituen datuak berresten dira, eta grebaren jarraipena oso zabala izango dela dirudi.

Osakidetzan zerbitzu minimoek guztiz baldintzatuko dute grebaren jarraipena. Milaka langileri greba eskubidea ukatu egin zaie, zerbitzu askotan gutxieneko zerbitzuak %100ekoak direlako. Adibidez, gaueko txandan ia langile batek ere ez du grebarekin bat egiteko aukerarik izan. Hala ere, gaurko grebaren jarraipena urriaren 25ekoa baino handiagoa izango dela dirudi.

Administrazio Orokorrean eta Justizia administrazioan jarraipena zabala ere izango da, baina herrialdeka eta esparruka aldakorra.

Gogoratu gaur manifestazioak izango direla hiru hiriburutan, goizeko 11.30ean hasita: Bilbon Udaletxetik, Donostian Bulebardetik eta Gasteizen Bilbao plazatik.

Donostiako Udaltzaingoa Garbera merkatal gunearentzat lanean ari dela salatzen dugu

Zer irudituko litzaiguke Martin Ibabe Donostiako Segurtasun zinegotziak bere etxeko birgaitzeko lanak egiteko Udal brigadak erabiliko balitu, Eneko Goia alkatearen baimenarekin? Eskandalo bat, ezta? Bada, antzeko zerbait gertatu da, Udaltzaingoaren arduradun politikoa den Martin Ibabe zinegotziak, Eneko Goia alkatearen baimenarekin, Donostiako langile publikoak diren udaltzainak enpresa pribatua den Garbera Merkataritza Gune barruan lanean jarri baititu segurtasun lanetan.

Azaroaren 24an geroztik, Bidebieta-Altza-Herrera-Larratxo inguruan patruilatzen ari diren udaltzainei agintzen zaie 45 minutuko oinezko patruilak egiteko, Garbera merkatal gunearen barruan, merkatal gunea irekita dagoen lan txandetan. Merkatal gune horrek segurtasun pribatuko enpresa baten zaintza zerbitzua du, baina, dirudienez, merkataritza gune hori zabaltzearekin batera zerbitzua eskas geratu da eta buruzagitzak edo udal gobernuak merkatal gune pribatuaren zaintza langile publikoekin egitea erabaki du.

Salatu nahi dugu barruti zabal hori zaintzen duen patruilak merkatal gune pribatu baten barruan lan egiteko erabiltzea, aipatutako auzoetan prebentzio patruila arruntak egiteari utzita. Herritarrengandik jasotako kexen eta udaltzainak Herrerako metro geltoki, San Luis plaza eta Herrerako bidegurutzearen inguruan egiten ari diren interbentzioen arabera, udaltzainak gehiago egon beharko lirateke auzoko herritarren ondoan, merkatal gune barruan marka komertzial handien mesedetan baino.

EAEko Hezkuntza Legea aukera galdu bat da etorkizuneko belaunaldiak euskalduntzeko

Aste honetan Gasteizko Parlamentuan bozkatuko den Hezkuntza Legeak hizkuntzen kudeaketaz eta euskararen irakaskuntzaz jaso duenaren azken balorazioa egin dugu sektoreko langileen gehiengo sindikalak, Euskalgintzaren Kontseiluak, hezkuntzako eragile garrantzitsuenetarikoek, bai eta euskalgintzako eragileek (AEK, Elkar, Euskaltzaleen Topagunea, Euskal Herrian Euskaraz, Hezten, UEU…) eta kulturgintzako hainbat ordezkarik. Irati Tobar irakaskuntzako arduraduna izan da LABen ordezkaria agerraldian.

Aipatutako eragileak bi urtez aritu gara elkarlanean lege berriak datozen belaunaldiak euskalduntzeko eta hizkuntza korapiloa askatzeko jaso beharrekoak lantzen, arrazoitzen, eta proposatzen. 2021eko abenduaren 16an egindako agerraldian hizkuntza-eredu baztertzaileak gainditzearen eta euskara ardatz duen ikasteredu inklusiboa orokortzearen aldeko Euskaraz hezi, berdintasunean hazi adostasun historikoa aurkeztu genuenetik, eragile guztiok –elkarrekin zein bakoitzak bere bide aldetik– uneoro aldarrikatu dute eskaera hori. 2022ko urrian, adibidez, euskararen inguruan jaso beharreko artikuluen proposamen integrala aurkeztu genuen, norabide berean.

«Proposamen hori ez da inola kapritxo bat edo funtsik gabeko asmakeria bat, baizik eta hemen dauden hezkuntza eragileekin, sindikatuekin, hezkuntza komunitateko gainerako kideekin eta hezkuntza arloko adituekin gaia landu ondoren egindako ekarpena. Izan ere, 40 urteko esperientziak erakutsi digu ereduen gainean eraikitako sistemak ez duela balio etorkizuneko belaunaldiak osotasunean euskalduntzeko; are, segregaziorako tresna direla eta euskaraz jabetzeko eskubidea ukatzen dietela milaka haurri. Euskararen normalizazioa eragozteaz gain desberdinkeriaren ezartzaile direla, gizarte kohesiorako traba. 40 urte esperientziak erakutsi digu hizkuntza-ereduen sistemak ez duela balio legeak berak finkatutako B2 helburura iristeko» adierazi du Idurre Eskisabel Kontseiluko idazkari nagusiak.

Bi urte hauetan, hizkuntzaren auziari erantzuteko bestelako ekarpen eta emendakin-proposamen gehiago egin ditu Kontseiluak. Tamalez, legearen azken bertsioak ez ditu gehienak jaso, eta jasotakoek ere zehaztasun falta handia dute, apirilean lege-proiektuaren gainean egindako balorazio gazi-gozoan adierazi zen bezala. Orduan, Kontseiluak begi onez ikusi zuen ikasleen euskara-gaitasuna ziurtatzeko B2 irteera-perfila zehaztu izana, bai eta euskal kulturaren ezagutza aintzat hartu izana ere. Halere, legeak ez ditu jasotzen euskararen inguruan egindako eskaera nagusiak: euskara izan dadila irakas-hizkuntza orokorra, ikasleen euskara-gaitasunaren kanpo-ebaluazio mekanismoak, hizkuntza bakoitzeko orduen esposizioa zer-nolakoa izango den eta abar.

«Badakigu Araba, Bizkai eta Gipuzkoan askotariko errealitate soziolinguistikoak daudela, eta horrenbestez, ikastetxe bakoitzak hizkuntza-proiektuaren bidez diseinatu behar duela zein duen bidea aipaturiko helburuak betetzeko. Eta administrazioak etengabeko ebaluazioaren bidez behatu behar duela prozesu hori, euskara gutxien duenari gehiago ematea ardatz hartuta. Euskara gutxien dutenei, euskara gehiago, baliabide materialak zein giza baliabideak bitarteko direla» gehitu du Eskisabelek.

Ondorioz, ikasleen irteera-perfila txertatzea positiboa izan arren, helburu hori lortzeko bideak zehaztasun handiagoa behar duela uste du Kontseiluak. Izan ere, uneoro aldarrikatu du legea ahalik eta zehatzea izan behar dela, auzitegien edo uneko gobernuen interpretazio murriztaile posibleak galarazteko.

Joan den urriaren 20an, legea eztabaidaren azken txanpan egonik, agerraldian parte hartu duten eragileek eskaera argia egin genien alderdi politikoei: baztertzeko iraganeko eta iraungitako tresnak, hizkuntza-ereduak, eta ezartzeko euskarazko ikasteredu orokortua. Laburbilduz, arduraz joka zezatela eskatzeko. Handik hilabetera, azaroaren 20an, Kontseiluak 20.000tik gora herritarren sinadurak entregatu zituen Eusko Legebiltzarrean. Euskarazko ikasteredu orokortua, euskal curriculuma ardatz izatea eta, funtsean, hezkuntzak euskara gehiago izatea eskatzen zuten sinadura horien bidez.

«Baina, zoritxarrez, eginahala guzti horiek egin arren, aukera galdu baten aurrean gaude. Datorren ostegunean, abenduaren 21ean, bozkatuko du Eusko Legebiltzarrak EAEko Hezkuntza Lege berria. Esan bezala, zoritxarrez, etorkizuneko belaunaldiei euskaraz jabetzeko eskubidea bermatzetik urrun geratuko den legea izango da. Ez da izango euskararen normalizazioan eragiteko tresna indartsu eta sendoa. Ez da izango gizarte kohesioan eta justizia sozialean aurrera egiteko lanabesa. Berriro diogu, zoritxarrez, aukera galdu bat» gehitu du Kontseiluko eledunak.

Hala ere, elkartutako eragileok hezkuntza sistema euskararen normalizazio eta gizarte kohesio gakoetan garatu dadin lanean segitzeko konpromisoa agertu dugu. Idurre Eskisabelen hitzetan: «Hemen gauden eragileok geure hezkuntza komunitatearekin, euskararen normalizazioarekin, justizia sozialarekin, eta, batik bat, haur eta gaztetxo horiekin sentitzen dugun konpromisoan berresten gara. Eta aurrera begira, lanean segituko dugu, akordio sozial zabalen lanketaren bidez, hezkuntza sistema euskararen normalizazio eta gizarte kohesio gakoetan garatu dadin, euskarazko ikasteredu orokortu eta inklusiboa ardatz izan dezan, eta horren behar bezalako lege babesa izan dezan».

Amazoneko langileak greban daude, negoziazioa ahalbidetzen ez dela ikusteaz nazkatuta

Konpainiaren irabaziak erraldoiak izan arren, Trapagarango lantegiko arduradunek ez dute inolako borondaterik erakusten beharginak aspaldidanik eskatzen ari diren lan-baldintzen hobekuntza negoziatzeko.

Bada, asteburuan grebari ekin diogu, eta jarraipen zabala izan du deialdiak. Azken bileran jarrera ezin itxiagoa erakutsi zuen enpresak eta, ondorioz, Aldi Baterako Laneko Enpresetako langileak ere batu dira grebara. Dena den, salatu behar dugu erabaki horren aurrean enpresaren presioak eta mehatxuak jaso dituztela.

Hala ere, grebari esker lortu dugu oztopo nabarmenak eragitea lantegiaren ohiko funtzionamenduari; esate baterako, ez dira kamioiak kargatzen eta deskargatzen ari, noiz eta Gabonen atarian gauden honetan.

Bada, gaur, astelehena, lantegia geldirik utzi eta manifestazioa egin dugu Trapagaranen barrena, nazkatuta gaudela adierazi eta negoziazioa behingoz ahalbidetu dadila exijitzeko.

Gauzak horrela, atzo eta gaur egin bezala, urtarrilaren 3an, 4an eta 5ean ere greba deialdiak ditugu, behingoz entzun gaitzaten.

%100eko jarraipena izan dute TUVISAn bigarren egunez deitutako lanuzteek

Gaur lanuzteen bigarren eguna izan da TUVISAn, eta berriro ere, erakutsi diote inoiz baino elkartuago daudela eta kudeaketa txarrak sortutako gatazka errealitate bat dela erakutsi diote langileek zuzendaritzari. Erabateko jarraipena izan dute dute goizeko 5:00etatik 9:00etara deitutako lau orduko lanuztearekin.

Enpresa-batzordeak eskerrak eman dizkie “lankide guztiei, gaur goizean erakutsitako babesagatik”, eta baita Gasteizko herritarrei ere, “asko sentitzen dugu gaur jasan dituzten ondorioak, baina ezinbesteko eta beharrezko urratsa dira kalitatezko zerbitzu seguru bat berreskuratzeko”.

Berriro ere, langileen % 100ak egin du bat lanuzteekin, eta zifra horrek agerian uzten du, berriz ere, TUVISAko plantillak bizi izan duen gatazkaren seriotasuna. Enpresa-batzordearen hitzetan, “joan den ostegunean Gurtubay jaunarekin eta TUVISAko zuzendaritzarekin izandako bileran ez zen seriotzat jo zitekeen proposamenik egin, eta horrek amaiera eman ahal zion gatazka honi. Gaur egun, batzorde honek eduki egokia izango duen bilera baten zain jarraitzen du, benetako proposamen zehatzekin, gatazka honen konponbidean aurrera egin ahal izateko “.

Hala, mobilizazioen egutegiarekin jarraituko dutela iragarri dute. Bihar, hilak 19, 24 orduko greba egingo dute. Eta 21ean, 24 orduko beste greba egun bat egingo dute, 8:30ean Agirrelandako kotxetegietatik abiatuko den eta Andre Maria Zuriaren plazan amaituko den manifestazioarekin batera.

Ehungintzaren eta oinetakoen merkataritzan grebak eta mobilizazioak iragarri ditugu gabonetan, Nafarroako sektoreko hitzarmena lortzeko

Txanda bakoitzeko bi orduko lanuzteak deitu ditugu abenduaren 23an, eta egun osoko greba abenduaren 24an, enpresek Nafarroako sektoreko hitzarmena negoziatzeari uko egin diotelako estatu mailakoa ezartzeko.

LAB eta ELA sindikatuok Nafarroako ehungintzaren eta oinetakoen sektoreko ordezkaritza sindikalaren %50 baino gehiago batzen dugu. Sektore hau duela 14 urte dago hitzarmena iraungita, eta langileek jasaten duten prekarietatea eta erosahalmenaren galera izugarria da.

Jadanik martxan dauden mobilizazioen eta greben helburua Nafarroa mailako hitzarmen sektoriala lortzea da, baino enpresek ez dute negoziatzeko borondaterik.

Hitzarmena ez negoziatzea ez da patronalaren legezko legitimazio arazo baten ondorio, enpresen borondaterik ezaren ondorio baizik. Estatuko hitzarmenaren helburua lan baldintzak berdintzeko elementu gisa jardutea dela, eta berdintasuna, jakina, beherantz.

Eta ez hori bakarrik, bere proposamenaren helburua berez oso araututa ez dagoen sektorea muturrera malgutzea da: lanaldia handitzea, lanaldiaren banaketa irregularra % 25eraino (PPren lan-erreformak % 10 ezarri zuen), ordutegi-malgutasuna, igande eta jaiegunetako nahitaezko lana, oporrak hartzeko aldiak mugatzea… Hori guztia milioi askoko irabaziak dituzten enpresa handiek bultzatuta.

Egoera honen aurrean, LABek eta ELAk mobilizaziora eta grebara deitzen dugu: Grebaren arrazoia negoziazio mahai bat eratzea eta negoziazioei hasiera ematea da. Nafarroako hitzarmena ezinbesteko tresna da sektoreko lan-baldintzak duintzeko. Nafarroako hitzarmenik gabe, azaldu den bezala, prekarietatea arau izango da.

Enpresak negoziatzera esertzea lehen helburua da, baina, horrez gain, gure lanarekin sortzen den aberastasuna modu bidezkoagoan banatzea eta 14 urtez hitzarmenik gabe egon ondoren erabat zaharkituta dauden baldintzak eguneratzea eskatzen dugu. Aldarrikapen nagusiak honako hauek dira: denbora horretan galdutako erosteko ahalmena berreskuratzea, asteko benetako atsedena eta 5 eguneko asteko lanaldiak, igande eta jaiegunetan lanik ez egitea, lanaldi partzialen ordu osagarriak finkatzea, online salmentak dakarren karga-gehikuntzagatiko plus ekonomikoa, larunbat libreak…

Horregatik, txanda bakoitzeko bi orduko lanuzterako deia egin dugu abenduaren 23an (12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara), eta lanaldi osoko grebarako deia egin dugu abenduaren 24rako, igandea baita egun hori, egun horretan hala adierazi arren.

Eta iragarri nahi dugu, halaber, blokeo horri eutsiz gero, mobilizazio gehiago deituko ditugula urtarrileko lehen egunetan, errege-kanpainarekin eta merkealdiaren hasierarekin batera.

Egungo zerga sistema patronalaren neurrira egina dago eta zerbitzu publikoak nahiz herritarrak babesteko sakoneko aldaketa beharrezkoa da

Hego Euskal Herriko zerga sistemaren inguruko txostena publiko egin dugu, eta bertan adabakiak alboratu eta sakoneko erreformaren beharra azpimarratu dugu. Azken hamarkadetan kapital errenten ekarpena mantendu den bitartean langileok jasandako presio fiskala biderkatu da. Garaia da balantza aldatu eta gehien duenak gehiago ordain dezan bermatzeko.

Aipaturiko txostena, Ikusmiranen 15. alea, esteka honetan eskura daiteke: https://www.iparhegoa.eus/wp-content/uploads/2023/12/Ikusmiran15_2023_12_EUS.pdf

Ogasunen bilketan hazkundea iragarri berri dute Gipuzkoa, Bizkaia eta Araban. Baita aldi baterako Fortuna Handien Gaineko Zerga adostu berri ere azken bi hauetan. Nafarroa Garaiko Parlamentuan aldiz, abenduaren 21ean zenbait zerga aldatzeko eta beste zerga neurri batzuk hartzeko Foru Legea onartuko da. Batean zein bestean adabakiak eta aldaketa txikiak baino ez ditugu ikusten, norabide aldaketarik gabe eta benetako eztabaidaren muinera jotzeko aukerarik eman gabe.

Eztabaida konplexu gisa saldu ohi digute zergei dagokiena, baina oinarrian dagoena sinplea da. Patronalaren aldeko politika fiskala egiten da edo langile jendearen interes eta beharrak lehenesten dira. Hamarkadetan zehar lehenari bide eman zaio, eta horrek egun dugun egoera lazgarrira ekarri gaitu.

Arnas luzeko eraldaketak behar ditu gure herriak hurrengo hamarkadetan. Pandemia eta haren ondorioen erdian, gerra testuinguruak biderkatzen ari dira, larrialdi ekologikoaren eraginak handitu eta arrakala sozialak areagotzen ari diren unean gaude. Herritarrak zaindu eta babesteko, kalitatezko zerbitzu publiko indartsuak beharrezkoak ditugu. Ehun sozioproduktiboan eman beharreko aldaketak egiteko, esku hartze publikoa funtsezkoa izango da, eta pentsioetan, osasungintzan, hezkuntzan, etxebizitzan nahiz zaintza krisiari erantzuna emateko sistema publiko komunitarioaren eraikuntzari bide emateko inbertsio publikoa nahitaezkoa zaigu.

Guzti horretarako, gure lurraldean sortzen den aberastasuna modu justuan bildu eta birbanatzeak lehentasun politikoa behar du izan. Europar Batasuneko presio fiskaletik urrun gaude oraindik eta horrek gure eremu publikoa ahultzen du. Baina ez da hori bakarrik, hemen dagoen arazo nagusiena da gehien dutenek egiten duten ekarpena oso murritza dela, eta egindako azterketan argi ikusi daiteke kapital errentei presio fiskala biderkatzeko aukera eta tartea egon badagoela.

Borondate politiko kontua da. Zerga sistemaren erreformari heldu behar zaio, ez dago aitzakiarik. LABen egin dugun azterketan bildu ditugu azken hamarkadetako joera nagusiak, eta baita sindikatuaren proposamenak ere.

Hipokrisia gutxiago eta konpromiso erreal gehiago

Abenduaren 18a Migratzaileen Nazioarteko Eguna da. 2000. urteaz geroztik, NBEk egun hori izendatu zuen, eta dei egin zuen estatuek migrazioa prozesua segurua, erregularra eta duina izan dadin lagun zezaten. Langile migratzaileen eskubideak babesteari buruzko Nazioarteko Konbentzioa (1990) izan zen aurrekarietako bat. Hainbat hamarkada igaro dira adierazpen horietatik, eta ez Nazio Batuen Erakundeakk, ez Lanaren Nazioarteko Erakundeak, ez Europar Batasunak ez dute agindutakoa bete. Aitzitik, arrazakeria eta gorrotoa bere DNAn txertatuta daraman Europaren gotorleku izaera berresten dute, eta horixe bera egikaritzeko tresnak dira Erkidegoko estatuen atzerritartasun, asilo eta muga-kontroleko politiken multzoa.

Hego EHn 324.000 migratzaile baino gehiago bizi dira, hau da, biztanleria osoaren % 10-11 inguru. Hainbat lan esparrutan diharduten langileak dira, hala nola nekazaritzan eta abeltzaintzan, arrantzan, elikagaien eta kontserben industrian, ostalaritzan, zaintzan, baso-mozketan… Esplotazioa, diskriminazioa, desberdintasuna, abusuak, xantaiak, esklabismoa, engainuak, desinformazioa, deshumanizazioa, injustizia, errespetu falta, lehen egunetik arbuiatzea, tratu txar psikologikoa, umiliazioa, atsedenak ez betetzea, gehiegizko lanaldiak, kontratu faltsuak, Norbere Babeserako Ekipamenduak eta lan-osasunerako eskubidea ukatzea, errepresaliak, beldurra, presioa, ezintasuna, amorrua, ziurgabetasuna. Hori ez dugu asmatu, laneko arrazakeriaren inguruko bizipen esplizituak dira, eta LABek 2023ko urrian egindako lan-eskubideei buruzko prestakuntza saioetan parte hartzen duten langile migratuek partekatu dituzte.

Langileak gara, eta ez biktimak edota subjektu pasiboak. Aldiz, sindikatuaren parte aktibo gara, gero eta gehiago, antolatzeko modu eta tresna berriak ekartzen ditugularik. Une honetan, gure presentzia erabakigarria izaten ari den borrokak piztuta daude, hala nola nekazaritza eta abeltzaintzaren sektorekoa Nafarroako erriberan; Amazoneko banaketa-langileen greba, Eroskiko Bizkaiko biltegietakoa, eta etxeko eta zaintzako langileena, zeintzuek azaroaren 30eko Euskal Herriko Greba Feminista Orokorrean erdigunean egotea lortu baitute.

Lan-arrazakeria gorrotoaren eta desparekotasun sistemikoaren adierazpen bat da, eta enpleguaren munduan ahalik eta etekinik handiena ateratzea ahalbidetzen du beren burua defendatzeko aukera gutxien daukaten gorputz eta lan-indarretatik. Guri dagokigunez, sindikatu-tresna gisa, LABetik arrazismoa borrokatu nahi badugu Euskal Herrian, arraza-diskriminazioagatiko lan-abusuzko egoera horiek izendatu eta jorratu behar ditugu. Migratzaileak aintzat hartzea egun zehatz batetik harago doa. Zera eskatzen dugu: borondate politikoa, egikaritzeko moduko konpromisoak, neurri zehatzak, aurrekontua eta hemen finkatzea erabakitzen dutelako edo beste lurralde batzuetarako bidean daudelako Euskal Herrira iristen diren migratzaileek dituzten (eta eskaintzen zaizkien) bizitza- eta enplegu-baldintzen jarraipena.

Amaitzeko, LABek bat egiten du Euskal Herriko hainbat gizarte taldek abenduaren 18an eskubideak exigitzeko egindako deialdiekin.