2026-09-10
Blog Page 17

Bi egunen buruan bi hildako eta sei zauritu, horietatik bi larriak, izan dira Euskal Herrian, hiru lan istriputan

Pasa den igandean, iluntzeko 20:00etan, biharamunerako materiala prestatzen ari ziren eraikuntzako enpresa batean sutea egon zen, eta itzaltze lanetan ari zirela, 6 langile zauritu ziren, eta horietatik bi Galdakaoko ospitalera eraman zituzten. Astearte goizean aldiz, Donostiako topoaren obretan eraikuntzako langile bat hil zen makina batek azpian harrapatuta. Handik ordu gutxitara, Murtxanten, garraiolari bat bere kamioian hil zen istripu larri baten ondorioz.

LAB sindikatuak bere samina eta elkartasuna adierazi nahi die hildako eta zauritutako langileen senide, lagun eta lankideei.

Ez da kasualitatea eraikuntza eta garraio sektoreetan gertatu izana hiru istripuak. Arrisku altuko jarduerak dira eta horietan prebentzioaren integrazioa urria da. Eraikuntzan, nahiz eta araudia berezia eta zorrotzagoa den, praktikan neurri prebentiboen integrazioa ez da toki askotara iristen, batez ere azpikontratatuko jardueretan. Topoaren lanetan hildako langilearen inguruan dakigun bakarra da makina bat irauli egin zela eta langilea azpian harrapatu zuela. Azpimarratzekoa da LABek ez zuela Gipuzkoako eraikuntzako hitzarmena sinatu prebentzioaren inguruan patronalak neurririk hartu nahi izan ez zuelako. Bestalde, galdetu diezaiokegu geure buruari zer egiten zuten Galdakaoko Orion Reparacioneko langileek igande arratsalde batean astelehenerako lana prestatzen. Atsedena bera errespetatzen ez bada pentsa dezakegu nola beteko diren prebentzio neurriak.

Beste garraiolari bat istripuz hilik Nafarroan, zortzigarrena 2026an Euskal Herrian

Nafarroan garraiolarien sarraskia gertatzen ari da. Euskal Herrian hiltzen diren garraiolarien gehiengo zabalak nafar errepideetan izaten ditu istripuak urtez urte. Lan baldintza gero eta kaskarragoak ikusten ditugu, batez ere ibilbide luzeetan dabiltzan garraiolarien istripuetan. Batzuk bikoteka aritzen dira kamioi bakarrean, etengabe kilometroak egiten atsedenik hartu gabe. Ez dira trafiko istripu soilak, muturreko prekaritatearen ondoriozko lan istripuak baizik.

Instituzioek sarraski honen aurrean ez dute euren lana egiten. Bai Txibiteren gobernuak baita Pradalesenak ere patronalari ezer ez exijitzeko erabaki politikoa hartua dute. Egoera latz hau aldatzeko, behingoz enpresariei lan osasuneko araudia betearazteko erabaki irmoak hartu behar dituzte. Istripuen atzean arduradunak daude.

Heriotza hauen aurrean protesta egiteko, alde batetik, ostiral honetan Iruñean elkarretaratzea egingo dugu LAB, ESK, STEILAS, EHNE-Etxalde eta HIRU sindikatuok osatzen dugun intersindikalaren eskutik, 10:00etan udaletxearen aurrean. Bestalde, Donostian ere mobilizatuko gara egun berean, kasu honetan 11:00etan, Londres hotelaren parean, topoaren obretan.

Alain Iriart Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariarekin bildu gara

Ipar Euskal Herrirako egitura sozioekonomikoa eta langileentzako negoziazio kolektiborako guneak sortzeko urratsak egin ditzan eskatu diogu Euskal Hirigune Elkargoari, eta horretarako LABen egina dugun proposamena helarazi diogu Alain Iriartek gidatutako taldeari.

LABek eskatuta, Alain Iriart Euskal Hirigune Elkargoko lehendakari berriarekin bildu gara. Era berean, Christelle Mange Giza baliabideen, Elkarrizketa sozialaren eta emazte eta gizonen arteko berdintasunaren ardura duen lehendakariordeak, Raymond Darricarrere Laneko Bizi Kalitatearen arduradun kontseilari delegatuak eta Remi Bochard zerbitzuen zuzendari nagusiak ere hartu dute parte bilkuran.

Igor Arroyo LABeko koordinatzaile orokorrak gogorarazi du LAB dela Europan bi estatutan antolatutako sindikatu bakarra. 50 urteko ibilbidearen ondoren, horietatik 25 Ipar Euskal Herrian ere eginda, LAB bigarren indar sindikala da Hego Euskal Herrian eta gero eta ordezkaritza handiagoa du Ipar Euskal Herrian.

Sindikatu gisa gure egiteko nagusia langileen eskubideak defendatzea bada ere, LABen izaera soziopolitikoa nabarmendu du Arroyok, eta lurraldeko lurraldeko bizitza politikoan parte hartzen duela, lan eta bizi baldintzak hobetzeko helburuarekin. Horregatik, gure herriko instituzioek LABen proposamenak eta aldarrikapenak entzutea sindikatuarentzat garrantzitsua dela aitortu du koordinatzaile orokorrak. Arroyok Euskal Hirigune Elkargoko ordezkariei adierazi die egungo eredu sozioekonomikoa ez dela onargarria, eta krisi ekosozial larri baten erdian gaudela. LABek eraldaketa sozialaren alde eta eredu bidezkoago baten alde egiten duela adierazi du, eta, norabide horretan, Euskal Hirigune Elkargoaren zenbait eskumenek aurrerapausoak ematen lagun dezaketela.

Argitxu Dufau LABen Ipar Euskal Herriko bozeramaileak, bere aldetik, Euskal Hirigune Elkargoko ordezkariei gogorarazi die 2024ko irailean aurkeztu zuela sindikatuak Hemen Erabaki proposamena, Ipar Euskal Herriarentzako egitura sozioekonomikoa eta langileentzako negoziazio kolektiborako guneak sortzeko asmoz taxututako proposamena, iritzita ezinbestekoa dela tresna egituratzaileak eta erabakiak hartzeko instantziak ezartzea, datozen urteetan Euskal Herriko langileen interesak babestea eta defendatzera helburu dutenak.

Proposamena aurkeztu ondotik, Ipar Euskal Herriko eragile ugarirekin bildu zen LAB, Dufauk gogora ekarri duenez, tartean garaiko lehendakari Jean Rene Etxegarairekin. Bada, Dufauk ezinbestekotzat jo du gai horri buruzko elkarrizketa izatea lehendakari berriarekin eta bere exekutiboko kideekin. Dokumentu horren ideia nagusia gure lurraldeak burujabetza sozial handiagoa lortzea dela azaldu du Dufauk, negoziazio eta erabakiguneak hurbilduz, gure bizi eta lan baldintzak hobetzeko helburuarekin. Proposamena eskura eman die Argitxuk Elkargoko kideei.

Gaurdanik bertatik, borondate politiko sendo baten bidez martxan jar daitezkeen hiru tresna zehatz identifikatzen ditugu LABen, eta horretarako borondatea eskatu die Dufauk Euskal Hirigune Elkargoko ordezkariei.

1. Behatoki sozioekonomikoa

2017an tresna hau ikuspegi nagusiki ekonomiko batetik sortu zen. Orduan mugapen hori salatu genuen LABetik. Garaiko lehendakaritzari eskatu zion behatokia ikuspegi ekonomikora mugatu ez zedin eta dimentsio soziala ere integra zezala. Ez zuen entzun. LABen uste dugu tresna horren bilakaera garrantzitsua dela lurraldeko biztanleen beharrei erantzungo dieten politikak eraikitzeko eta bi alor banaezin horien inguruan eragileak elkartzeko.

2. Tokiko Batzorde Parekidea (CPL)

Tresna horrek sektore pribatuko langileei eragiten die. Dufauk ez du puntu horretan asko sakondu, ez baita zuzenean Euskal Hirigune Elkargoaren eskumenen barruan sartzen. Hala ere, gogorarazi du batzorde horren sorrera benetako erronka dela langileen lan baldintzak hobetzeko eta Ipar Euskal Herriko lehen enplegatzaileak diren enpresa txikietako langileei ordezkaritza bermatzeko.

3. Lurralde mailako CSTI/CAP instantziak

LABen beharrezkotzat jotzen dugu Euskal Hirigune Elkargoaren eskalan lurraldeari dagozkion instantzia sozial propioak sortzea, bere ekintza-gaitasuna eta burujabetza indartzeko.

300.000 biztanletik gorako lurralde bat administratzeko gai bagara, tokian tokiko kudeaketa egiteko gai ere izan beharko genuke administrazio publikoko langileei dagozkien gaietan, hala nola:

  • Elkarrizketa eta negoziazio kolektiboan;
  • Karrera profesionalen banakako kudeaketan.

Aldaketa hori juridikoki posible da. Horretarako, batez ere, urrats hori emateko borondate politikoa behar da.

Amaitzeko, Iban Ibarburu Euskal Hirigune Elkargoko LABeko ordezkariak agenteek helarazitako kezka nagusiak aurkeztu ditu. Nabarmendu du negoziazio kolektiborako dauden instantziak indartu behar direla eta lan baldintzak zein laneko bizi kalitatea hobetu behar direla. Era berean, gogorarazi du hurrengo abenduan hauteskunde sindikalak egingo direla.

Solaskideek interesa agertu dute LABen proposamenarekiko. Elkarrizketa sozialaren eta adostasunaren bilaketaren garrantzia azpimarratu dute. Haien esanetan, politika publiko sendo bat garatzea dute helburu, eta hori epe luzeko aldaketen eraikuntzaren barruan kokatzen da. Hemen Erabaki proposamenaren lurralde ikuspegia sakon aztertzeko bide interesgarria iruditu zaie.

Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedientea erretiratzeko eta azalpenak emateko eskatu diogu Tubacexeko zuzendaritzari

Gaur egin da Tubacexek Laudion eta Amurrion dituen lantegietarako planteatutako aldi baterako lan-erregulazioko kontsultaldiko lehen bilera. Zuzendaritzak ekoizpen- eta antolaketa-kausetan oinarritutako ABEEEa (Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedientea) jarri du mahai gainean, eta neurri hori justifikatzeko erabili nahi duen dokumentazioa entregatu du.

Egoera horren aurrean, LABetik jarrera irmoa erakutsi dugu hasieratik: ABEEEa erretiratzeko eskatu dugu.

Zaila da ulertzea 1.200 milioi eurotik gorako eskari-zorroa duen eta hurrengo hilabeteetarako aurreikuspen positiboez hitz egiten jarraitzen duen enpresa batek ABEEE bat planteatzea. Konpainiak berak berriki adierazi du eskari-zorro sendoa duela eta negozio-aukeren bolumen handia duela hurrengo hiruhilekoetarako.

LABen ez dugu ulertzen 2025ean 25 milioi euro inguru dibidenduetan banatu ostean eta joan den maiatzaren 28an 6,3 milioiko halako beste bat onartu duen enpresa batek orain baliabide publikoekin finantzatutako mekanismo batera jotzea. Izan ere, horixe da benetako eztabaida. Irabaziak, dibidenduak eta primak iristen direnean, etekinak pribatizatu egiten dira, baina zailtasunak “agertzen” direnean, kostuak gizarteratu egin nahi dira, langileen langabezia eta baliabide publikoak erabiliz.

ABEEEak ezin dira ohiko tresna bihurtu enpresa-marjinak babesteko edo enpresa-kudeaketaren kostuak jendartearen bizkar jartzeko. Ezin dira baliatu Ekialde Ertaineko egoera, Errusiako gerra eta Txinako ustezko atzeraldia bezalako gertaera aldakorrak ehunka langileri eragiten dieten neurriak justifikatzeko. Are gutxiago, aintzat hartuta halakoek soilik gatazkak eragindako langileen kolektiboari eragiten diotela eta, aldiz, ez dietela eragiten aginte-lerroari eta zuzendaritzari.

Era berean, LABen uste dugu erakunde publikoak ezin direla bazterrean geratu. Baliabide publikoak kudeatzen dituztenek bermatu behar dute ABEEEk benetako beharrei erantzungo dietela eta gizarte osoaren diruarekin egoera koiunturalak finantzatzeko mekanismo bihurtuko ez direla, are gutxiago dibidenduak banatzen eta akziodunentzat mesedegarriak diren ordainsari-politikak mantentzen diren bitartean. Administrazioek ezin dute prestazioen ordaintzaile gisa bakarrik jardun. Erantzukizunak ere eskatu behar dituzte, eta interes orokorra zaindu.

Horregatik, LABeko kideok exijentzia handiz egingo diogu aurre prozesu horri, eta zorrotz aztertuko dugu enpresak emandako dokumentazio guztia. Zuzendaritzak frogatu beharko du argudiatutako arrazoiek benetan justifikatzen dutela horrelako neurri bat.

Eusko Jaurlaritzan hitzarmen berria negoziatzearen alde mobilizatu gara

Elkarretaratzeak egin ditugu Bilboko, Donostiako eta Gasteizko lan-zentroetan, eta administrazioari eskatu diogu benetako elkarrizketa ahalbidetu dezala.

LAB eta ELA sindikatuok lanuztea deitu dugu gaur, Eusko Jaurlaritzaren negoziaziorako borondate falta salatzeko asmoz. Izan ere, EAEko administrazio orokorreko langileek 16 urte daramatzate lan hitzarmena berritu gabe.

Gainera, urtebete baino gehiago daramagu hitzarmenari hainbat ekarpen egiten, eta lan guzti horren ostean, administrazioak ez du zentzuzko proposamen bat egin.

Bien bitartean, beste euskal administrazio batzuetan akordioak sinatu dira, Hezkuntzan adibidez, eta akordio hauekin alderatuz, administrazio orokorreko beharginen hitzarmeneko eskubide asko atzean geratu dira. Horrenbestez, bada garaia hitzarmen horri balioa emateko.

Gainera, denbora tarte honetan administrazioa bere intereseko erabaki gatazkatsuak bata bestearen atzetik hartzen joan da aldebakarrez, langileen interesak bigarren mailan utziz. Besteak beste, honako hauek dira nabarmentzekoak:

  • Lan poltsen aldebakarreko kudeaketa ulergaitza, mobilizazio handiak eragin zituena.
  • Adinagatiko neurriak urteetan zehar blokeaturik izan ditu administrazioak
  • Langile laboralak behin eta berriz prekarizazioaren mehatxupean, azken erasoa aldizkako finkoak egiteko erabakia izan delarik
  • Berriz ere nahikoak ez diren EPEak martxan jarri ditu
  • C1 eta C2 kategoria profesionalen berrantolaketa kaotikoa izan da, hasieran langile talde batzuk berrantolaketaz kanpo utzi dituztelarik, nahiz eta gerora, sindikatuon presioa tarteko, egoera zuzendu den.
  • Euskararen aurka egondako erasoen aurrean administrazioak erakutsi duen babesgabetasuna
  • Ibaiondoko gatazka. Adin txikikoen hezkuntza zentro honetan ostiralero elkarretaratzen dira lankideak ordutegi berezien akordioa negoziatu dadila eskatzeko zein lan-baldintzetan premiazkoak diren beste egokitzapen batzuk eskatzeko, eta jaramonik ez dute egiten.

Gauzak horrela, LAB eta ELA sindikatuok argi daukagu hitzarmen on baterako garaia iritsi dela. Gatazka hauei irtenbidea emango dien hitzarmen bat behar dute langileek, beren eskubideak barnebilduko dituen hitzarmen bat, egungo garaietara egokituko dena eta behingoz beren lana errekonozituko duena.

Bada, horretarako ezinbestekoa da hemengo aldarrikapen propioez negoziatzea. Honakoak dira aldarrikapen nagusiak:

  • Urteko eta asteko lanaldia murriztea, egungo egoerara egokituta, duela 25 urteko lanaldi berarekin jarraitzen baitute langileek.
  • Galdutako erosahalmena berreskuratzea. Izan ere, prezioek gora egin dute, batez ere Euskal Herrian, baina soldatek ez. Estatuko igoerak ez dira nahiko hemengo bizitza mailari eusteko. Soldatak igo, soldaten arteko arrakala murriztu eta erosahalmena berreskuratu nahi dute, eta horretarako, hemen erabakitzea exijitzen dute, Espainiako Gobernuaren erabakien menpe egon gabe.
  • Euskarari merezi duen garrantzia ematea, euskaraz bizi eta lan egin ahal izateko. Administrazioak euskaraz jarduteko gaitasuna bermatu behar du, eta horretarako beharrezko neurri guztiak hartu eta epe zehatzak ezarri behar dira.
  • Adinagatiko neurriak. Jubilatzeko adina etengabe atzeratzen ari diren honetan, karga hori arinduko duten neurriak ezartzeko beharra nabarmentzen dute langileen ordezkariak, hala nola errelebo-kontratua, lanaldiaren murrizketa progresiboa eta antzeko beste neurri batzuk.
  • Orain dela 16 urteko kontziliazio neurriekin jarraitzen dute langileek. Bai familia-kargak arintzeko, bai denbora hobeto antolatzeko, neurri zehatzak behar dira.
  • Laneko osasuna lehen lerrora ekarri behar da. Lanak eragin ditzakeen kalteak ahalik eta gehien murrizteko beharrezko berme eta baliabide guztiak exijitzen ditugu.

Administrazioak ez du benetako elkarrizketarako eta negoziaziorako borondaterik erakutsi. Hala ere, langileek ahotsa altxatu izan dutenean entzuteko eta negoziatzeko aukerak sortu dira, nahiz eta emaitza ez den nahikoa izan. Hori dela eta, gaurko lanuztea eta mobilizazioak oso garrantzitsuak dira, eta borrokaren bidea urratzen segitzeko asmoa daukagula adierazten dugu.

Gernika-Lumoko Udalaren gardentasun eza salatzen dugu

Azken urtean, lana ahalik eta hobekien egin nahirik, LAB sindikatutik behin eta berriz eskatu diogu Gernika-Lumoko Udalari langileen arloko hainbat gairi buruzko informazioa, hala nola kontratazioei, lan-poltsen erabilerari, lanpostuen estaldurari, funtzio-aldaketei edota giza baliabideen antolaketari buruzkoa.

2025eko uztailetik aurrera hainbat idatzi aurkeztu izan ditugu erregistro bidez. Hala ere, gaur egun arte, udalak ez die erantzunik eman aurkeztutako eskaera horiei. Ez da eskaera bakar bati buruzko arazoa; aldiz, hilabeteetan zehar mantendu den jokabide baten aurrean gaude.

Egoera honen aurrean, bi bide instituzional abiatu ditugu LABetik:

• Erreklamazioa aurkeztu dugu Informazio Publikoa Eskuratzeko Euskal Batzordean (CVAIP), informazio publikoa eskuratzeko eskubidea urratu dela ulertuta.

• Kexa aurkeztu dugu Arartekoaren aurrean, udalaren jokabidea administrazio onaren, gardentasunaren eta herritarrei zein langileen ordezkariei erantzuteko betebeharraren aurkakoa dela iritzita.

Gogoan izan behar da edozein herritarrek duela administrazio publikoei informazioa eskatzeko eskubidea, eta administrazioek, berriz, legez ezarritako epeetan eta moduan erantzuteko betebeharra. Gardentasuna eta administrazio ona ez dira aukera hutsa, administrazio publiko guztien oinarrizko betebeharrak baizik.

Horregatik, are larriagoa iruditzen zaigu eskubidea sindikatu bati ukatzea. Izan ere, ordezkari sindikalok ez dugu informazioa interes pertsonal hutsagatik eskatzen, langileen interesak defendatzeko, administrazioaren jarduera kontrolatzeko eta kontratazio, lan-poltsa eta giza baliabideen kudeaketa legezkotasunez eta gardentasunez egiten direla bermatzeko baizik. Ordezkaritza sindikalari informazioa ukatzeak, azken batean, informaziorako eskubideari, sindikatu-lana berme guztiekin egin ahal izateko eskubideari eta plantilla osoaren ordezkaritza eraginkorrari eragiten die.

Gure ustez, administrazio publiko batek ezin ditu sindikatu batek aurkeztutako informazio-eskaerak sistematikoki erantzun gabe utzi. Jokabide horrek gardentasun-printzipioaren aurka egiten du, eta langileen ordezkarien kontrol lana oztopatzen du.

LABen lanean jarraituko dugu Gernika-Lumoko Udalaren jarduera gardena izan dadin, informazioa eskuratzeko eskubidea errespetatu dadin eta gureordezkaritza-lana behar dituen berme guztiekin gauzatu ahal izan dezagun. Era berean, beharrezkoak diren bide guztiak erabiltzen jarraituko dugu langileen eskubideak, ordezkaritza sindikalak bere eginkizunak benetan betetzeko duen eskubidea eta administrazio publikoaren gardentasuna defendatzeko.

[IRITZIA]: Sidenor: errotzea ahoan, dirua zorroan

Jarraian irakur dezakezue Kepa Urzelai Goitia, Enara Trincado Ituño eta Jose Manuel Renedo Fernandez. LABeko delegatuak dira Sidenorrek Azpeitian eta Basaurin dituen lantegietan. Sindikatuak Sidenor taldean dituen gainerako delegatuen izenean idatzi dute artikulua.

Aurten ere Sidenor siderurgia enpresak eta bertako agintariek prentsako titular asko bereganatu dituzte: herri horretan, Israelgo erregimen sionistarekin negozioak egiteagatik, Azkoitiko lantegiaren zati baten deslokalizazioagatik, Tubos Reunidosen erosketan zuen interesagatik, Talgoren erosketagatik, Gasteizko kaleratzeengatik… Jose Antonio Jainaga, euskal industriaren salbatzailea, EAJk eta PSEk gobernatutako erakundeek goratua.

Urte honen amaieran, besteak beste, Basauri, Reinosa (Kantabria) eta Gasteizko lantegien lan baldintzak arautzen dituen Sidenorreko Akordio Markoa berritu behar da. Gainerako lantokiek beren akordioak dituzte, hala nola Sidenor Legutianok, Sidenor Azkoitiak eta Gasteizen dagoen MCDk. Akordio Marko horretan errealitate sindikala askoz ere mesedegarriagoa zaio enpresari, UGT-CCOO-USOk osatutako hirukoa zuzendaritzak agintzen dien erritmoan dantzatzen baita. Sindikatu horiek Sidenorrekin duten ulermen eta konfiantzazko harremanak aliantza itxura du. Izan ere, enpresa epaiketetan ordezkatzen eta defendatzen duen abokatu berak eta aldi baterako lan erregulazio kolektiboen (ABLEE) negoziazio prozesuetan aholkulari lanak egiten dituenak (Manu Salinero) UGT defendatzen du prozesu horiek berak Auzitegi Nazionalean inpugnatzen direnean, ordu kreditua erabiltzeagatik berriki egindako epaiketa batean gertatu den moduan. Baina hau ez da hemen amaitzen:

Batetik, Gasteizen enpresa eta UGT agerian geratu dira, lanbide kategoria hobetzeko beste modu batzuk ere badaudela frogatu dugulako, haien kortijoan erori gabe. Azken saldoa: lau pertsona kaleratuta, eta UGTk erabat ukatu du langileekin batzarra egitea, horretarako sinadurak bildu badira ere.

Bestetik, Legution enpresa UGTren zerrenda bat aurkezten saiatu zen azken hauteskundeetan, baina zerrenda horretan aurkezten ziren pertsonen babesik ere ez zuen lortu.

Gainera, Azkoitian, 2018an hitzarmen bat sinatu ondoren (besteak beste, lanaldia 40 ordu luzatzea ekarri zuen eta ordutik erosahalmenaren %50 galdu da), UGT-CCOO-USO konglomeratua, enpresarekin lankidetza erabatekoan, LABek eta ELAk dugun gehiengoa apurtzeko higadura dinamikan murgilduta dago. Azken mugimendua izan da, 30 pertsona kaleratu direnean erantzun bateratua lortzen saiatu beharrean, ahalegin guztiak egin izana gu botatzen saiatzeko. Gaizki atera zaie.

Eta Basaurin, Akordio Markoaren negoziazioaren hasieraren atarian, ELA eta LAB kendu dituzte batzordeko lehendakaritzatik eta idazkaritzatik, informazio fluxu oro mozten saiatzeko. Hori guztia La Senda de Ugarte sindikatu independentearen lankidetzarekin.

Akordio Markora itzuliz, dokumentu honek ez du erosahalmena ere bermatzen. Akordio horren indarraldian KPIa % 21ekoa izan da, baina soldatak %10 baino ez dira igo. Ezta erdia ere. Gainera, gutxieneko arau demokratikoak ez errespetatzea dakar, plantillak zentzu batean edo bestean aukeratutako indarren zerrendari tranpak egin nahi baitzaizkio, betiere Sidenorren mesedetan.

2021ean Basaurin bozketa bat bultzatu zen, langileek erabaki zezaten Akordio Markoaren barruan mantendu nahi zuten ala ez. Eta plantillak ezetz esan zuen. Orduko hartan, orain demokrata garbienak bezala aurkezten diren sindikatuek ez zuten agindua bete. LABek inkestak egin ditu azken asteetan hainbat galderarekin, eta horietako bat lantoki horrek Akordio Markoan duen parte hartzeari buruzkoa zen. Berriro ere, gehiengo oso zabal batekin, ezezkoa atera da. Beraz, batzar bat bultzatuko dugu, batzordeak erreferendum bat egin dezan esparru horretatik irteteko aukerari buruz. Gure premisa oso argia da: hemen lan egin, hemen erabaki.

Sidenor euskal industriako enpresa arrakastatsu baten adibidea dela saldu nahi digute. Baina, hala bada, bertan lan egiten dugun langileon kontura izango da. LABen aspalditik salatu dugu errotzea ez dela enpresa hemen egotea bakarrik. Hemen lan egiten duten pertsonek erosahalmena bermatuta izatea, lanean ez gaixotzea, baldintzak prekarizatzeko funtsezko zerbitzuak etengabe ez azpikontratatzea eta askatasun sindikala errespetatzea da errotzea. Eta, batez ere, herri honen aldeko apustua egitea da, ez Azkoitian egin dena: deslokalizazio kamuflatua, 30 pertsona kaleratuz. Gainera, tren txikia azpikontratatzeko nahia agertu du Sidenorrek, gaur-gaurkoz lanean ari den bakarra. Azken kasu horretan, mingarria da hemen lan egiten dugun pertsonen errotzea eta baldintza duinak zaindu beharko lituzketen erakundeei entzutea kaleratze horien aurrean Azkoitiko EAJko alkateak esan dituenaren moduko hitzak: enpresa berea balitz gauza bera egingo lukeela.

LABen ez gara etsipenera mugatuko. Lan baldintzak hemen negoziatu behar ditugula defendatzen jarraituko dugu. Erosahalmena defendatzen jarraituko dugu. Lanpostu guztiak defendatzen jarraituko dugu. Eta enpresaren makuluekin lan egiten duten sindikatuak agerian uzten jarraituko dugu. Hurrengo urratsa Basaurik kanpoko interferentziarik gabe erabaki ahal izatea izango da.

Arabako esku hartze sozialeko hilaren 23ko negoziazio mahaian aurrerapausorik ez badago, greba egingo dugu ekainaren 25ean

LAB, ELA, CCOO eta ESK sindikatuok Lucho Royero Gasteizko zinegotziaren faltsukeria eta mututasuna salatzen ditugu.

Arabako esku hartzearen sektorean ordezkaritza dugun LAB, ELA; CCOO eta ESK sindikatuok agerraldia egin dugu gaur goizean Gasteizko Udaleko Gizarte Politiken Batzordean, Lucho Royero zinegotziari erantzun zuzenak eskatzeko. Gure ustez, oso larria da Gizarte Politiketako arduradunak berak aurreko batzordeetan gezurra esan zuela jendaurrean onartu behar izana, gaur onartu baitu ez duela inolako harremanik edo bilerarik izan gurekin 2025eko otsailean IV. Hitzarmen Kolektiboa negoziatzen hasi zenetik.

Gogor aurpegiratu diogu zinegotziari joan den maiatzaren 26an erabateko faltsukeriari eutsi izana, talde politikoen aurrean adierazi baitzuen “harreman estua” eta “etengabeko jarraipena” zituela bai AISA patronalarekin bai sindikatuekin. Gaur batzordean bertan azaldu dugun kontakizunaren aurrean, Royerok aitortu behar izan du une horretan bertan egiten ari zela lehen benetako bilera sektoreko ordezkari sindikalekin.

Gainera, salatu nahi dugu zinegotziak jarrera larria izan duela batzordean zehar, eta ez diola erantzun helarazi dizkiogun gai zehatz bakar bati ere. Royerok ez du erantzun bere udalak azpikontratatutako gizarte-zerbitzuek sektore publikoarekin alderatuta soldata-arrakala onartezina jasatea bidezkotzat jotzen duen, gutxieneko zerbitzuen gehiegizko ezarpenari buruz isilik egon da eta udal gobernuak beldurtu nahi gaituen isun errepresiboei erantzutea saihestu du.

Zinismo ariketa onartezina iruditzen zaigu zinegotziak lan-gatazkari “elkarrizketa” moduan eusteko deia egin izana, aldi berean gure bozeramaileen aurrean erabateko mututasunaren aldeko hautua egin duenean. Ezin zaigu elkarrizketarik eskatu arduradun politikoa ez denean gai zerbitzuei eusten diegunoi erantzun bakar bat emateko.

Horregatik guztiagatik, uste dugu Gasteizko Udalak gure sektoreari ematen dion ustezko balioa diskurtso erabat hutsa dela eta ez duela benetako konpromiso politikorik. Pribatizatutako sektoreko profesionalok ez dugu hitz atseginik behar, ezta optimismo faltsurik ere; instituzioek beren erantzukizun zuzena onartu behar dute, gatazkan bitartekotza egin eta ekiparazio-prozesu bati ekiteko hitzarmen bat finantzatzeko nahikoa izango diren aurrekontu-partidak bideratu.

Egoera horretan, administrazioei eta patronalari konpromisoak eskatzen dizkiegu berriro, ekainaren 23ko negoziazio-mahaiak gatazkan benetako aurrerapena ekar dezan. Aurrerapauso esanguratsurik eman ezean, mobilizazioei berriro ekin beharko diegu, eta beste greba-egun batera deituko ditugu langileak ekainaren 25ean.

Primafrion jazarpen sindikalak ez du etenik

Gaur Durruman (Araba) kokatutako Primafrio enpresaren atean egindako elkarretaratzeak berriro erakutsi du LABen ez gaudela atzera pauso bakar bat ere emateko prest. Bere jarrera zuzendu beharrean, enpresak beste behin ere errepresio sindikalaren aldeko hautua egin du, eta joan den ostiralean beste langile bat kaleratu zuen, lan eskubideen alde egiteagatik.

Beldurra zabaltzeko saiakera horien gainetik, LABen borrokarekin dugun konpromisoari eusten diogu, eta mobilizatzen jarraituko dugu errepresioa eta eskubide urraketak amaitu arte. Horregatik, ekainaren 26rako lau orduko lanuztea deitu dugula gogorarazi nahi dugu, errepresioarekin amaitzeko eta enpresari lan baldintza duinak negoziatzera esertzea exijitzeko.

Navarrabiomedeko langileek aurrekontu-bermeak eskatu dituzte euren hitzarmen kolektiborako

Navarrabiomed-Miguel Servet Fundazioko langileek elkarretaratzea egin dute gaur goizean, hitzarmen kolektiboaren negoziazioan hitzartutako akordioek aurrekontu-babesa izan dezaten eskatzeko.

Hitzarmenaren helburua osasun-ikerketa publikoaren errealitatera egokitutako lan-esparru bat langileei ematea da. Enpresa batzordearen arabera, negoziazio prozesu luze baten ondoren, testua zuzendaritzarekin adostu dute dagoeneko, eta Osasun Departamentuak balorazio positiboa egin du, baina oraindik ez dute aplikatu.

Hori dela eta, langileen ordezkaritzak ezinbestekotzat jotzen du akordioa irailean negoziatuko diren aurrekontuetan islatuta geratzea, orduan egiaztatu ahal izango baita “langileentzat hain beharrezkoa den akordio hau aurrera eramateko borondatea benetan dagoen”.

Era berean, batzordeak bilera eskatu dio Osasun Departamentuari, haren asmoen eta hitzarmenaren aplikazioa bermatzeko hartuko dituen neurrien berri bertatik bertara izateko.

Langileen ordezkariek adierazi dutenez, akordioak errekonozimendua ekarriko lieke osasun-ikerketa publikoko langileei eta ahalbidetuko luke esparru arautzaile egonkorra eta sektorearen ezaugarrietara egokitua ezartzea. Hau oso garrantzitsutzat jotzen dute historikoki lan-prekaritatea eta ezegonkortasuna ezagutu dituen lan eremu honetan.

Batzordeak ikerketa biomedikoko fundazioek osasun-sisteman duten zeregina ere nabarmendu nahi izan du, gizakiekin egindako saiakuntza klinikoak bultzatuz, oinarrizko ikerketako, ikerketa translazionaleko eta ikerketa klinikoko proiektuak sustatuz eta sortutako ezagutza asistentzia-praktikara eramanez.

Langileen ordezkarien arabera, hitzarmena indarrean jartzeak sistema publikoak talentu ikertzailea erakartzeko eta atxikitzeko duen gaitasuna sendotzen ere lagunduko luke, baita Nafarroako osasungintzaren etorkizunerako estrategikoa den sektorea sendotzen.

Azkenik, batzordeak ohartarazi du, berehala aplikatzeko beharrezkoak diren konpromisoak zehazten ez badira, egokitzat jotzen dituen mobilizazio eta aldarrikapen ekintzekin jarraituko duela, beren eskaerak aintzat hartzea lortu arte.