2026-10-23
HomeEkintza SindikalaLABek enplegu erregulazioko espedientea bertan behera uztea exijitu du eta plantillak aktibatzeko...

LABek enplegu erregulazioko espedientea bertan behera uztea exijitu du eta plantillak aktibatzeko deia egin du

LABek Tubos Reunidosen aurkeztutako erregulazioko espedientea bertan behera uztea exijitu du, eta salatu du zuzendaritzak bere kudeaketa negargarriaren ondorioak plantillei ordainarazi nahi dizkiela.

LABeko Tubos Reunidoseko atal sindikalek, Trapagaranen eta Amurrion, enplegu erregulazioko espedientea eta zuzendaritzak planteatutako lan baldintzen funtsezko aldaketa berehala kentzeko eskatu dute gaur, negoziazio mahaiaren lehen bileraren ondoren.

Tubos Reunidoseko zuzendaritzak jakinarazi du 301 langile kaleratzeko asmoa duela EEE baten bidez, enpresaren etorkizunerako ezinbestekotzat jotzen duen neurri gisa. Neurri hori bideragarritasun plan berri bati lotuta dago, eta enpresak berak aitortu du plan hori sei hilabete baino gehiagoz lantzen aritu dela enpresa batzordearen eta eragile sozialen ordezkaritzaren parte hartzerik gabe, eta plantillari bizkar emanda.

LAB sindikatuaren ustez, onartezina da kaleraketetan oinarritutako plan berri bat planteatzea, aurrez 2020–2026 aldirako indarrean dagoen bideragarritasun planaren ebaluazio zorrotzik egin gabe. Horregatik, LABek EEEa berehala bertan behera uzteko exijitu du eta enpresari formalki eskatu dio indarrean dagoen planaren betetze mailaren balorazio zehatza aurkezteko, zehaztuz zein helburu bete diren, zein ez, eta garapenean zehar zer erabakiak hartu diren.

Astelehen honetan egindako bileren ondoren, LABek ohartarazi du zuzendaritzak proposatutako neurriak ekoizpen ereduaren berregituraketa sakon batera bideratuta daudela, altzairutegiaren etorkizunerako ondorio oso larriak izan ditzaketenak. Enpresak modu esplizituan adierazi ez badu ere, sindikatuak gardentasun falta nabarmena salatu du, eta plantillari enpresa planen benetako irismenari buruzko informazio osoa eta egiazkoa helaraztea eskatu du.

LABek, halaber, azpimarratu du Tubos Reunidosen egungo egoera ezin zaiela kanpoko faktoreei soilik egotzi, baizik eta urteetan zehar pilatutako enpresa erabakien ondorio dela. Gogorarazi du enpresak diru laguntza publiko handiak jaso dituela, zenbait garaitan dibidenduak banatu dituela eta une kritikoetan babes instituzionala izan duela; horregatik, bidegabea iruditzen zaio orain langileek kaleratze eta lan murrizketen bidez ondorio horiek bere gain hartu behar izatea.

Sindikatuak berriro adierazi du enplegua suntsitzea edo lan baldintzak prekarizatzea dakarren edozein neurriren aurkako jarrera irmoa, eta defendatzen du irtenbide bakarra plantillen antolakuntza eta mobilizazioa direla.

LABek azpimarratu du jokoan dagoena ez dela soilik ehunka langileren enplegua, baizik eta bi eskualde osoren etorkizun soziala eta industriala. Horregatik, gatazka honen aurrean euskal erakundeei benetako inplikazioa, erantzukizuna eta konpromisoa exijitzen dizkie.

LABek lanean eta mobilizatzen jarraituko du Tubos Reunidoseko plantillen enplegua, ehun industriala eta etorkizuna defendatzeko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Etxebizitza politika okerren eta utzikeriaren ondorioa da Gasteizko etxegabetzea

Gasteizko Udalak larrialdi egoerei aurre egiteko baliabideak eta etxebizitza parke publikoa ez zaintzeak ekarri du egoera hau.

Vicinayn proposatutako kaleratzeak eta ABEE berria arbuiatzen ditugu, eta operazioaren atzean dauden interesei buruzko zalantza adierazi dugu

Plantillak hainbat urte daramatza Aldi Baterako Erregulazio Espedienteak pairatzen eta sakrifizioak egiten, eta orain enpresaren jarduerarekin loturiko arazoak ere langileek ordaindu behar izatea onartezina da sindikatuarentzat. Damaso Quintanak bultzatutako eta Eusko Jaurlaritzak babestutako operazioaren lehentasuna, enplegua eta Vicinayren industria-etorkizuna bermatzea baino, enpresaren lursailak ez ote ziren planteatu du LABek.

Amarratzaileen aurkako jazarpen sindikal larriaz ohartarazi du LABek, eta langileen antolaketarekiko konpromisoan berresten da

Sindikatuak agerraldia egin du Bilboko Portuan, sektorean askatasun sindikalaren aurkako erasoak etengabeak direla salatzeko eta arduradunei argi uzteko LABek ez duela bazter utziko langile klasearen eskubideen alde borrokatzeko bere betebeharra. Enpresak LABeko hiru ordezkari kaleratu ditu eta hainbat zigor ezarri ditu, mehatxuak eta xantaia baliatzeaz gainera.