2026-07-03
Blog Page 168

Langile bat larriki zauritu da Zierbenan, makina batek azpian harrapatuta

Haizea Wind enpresak azpikontratatutako 48 urteko langilea Superportuaren barruan ari zen beharrean. Galdaragintza-sailean zegoen, eta makina batek harrapatu eta bi hankak moztu dizkio. Langileek laguntza psikologikoa behar izan dute eta igandera arte itxita egongo da enpresa.

LABek elkartasun eta babes osoa adierazi nahi dio langileari berari nahiz bere familiari, lankideei eta lagunei.

Berriro ere azpikontratatutako langile batek istripu larria izan du. Patronalak enpresa-jardueren azpikontratazio-eredu masibo baten alde egiten du, prekarizazioa eta osasunerako arriskua dakarrena. Ildo horretan, azpimarratu behar da Haizea Wind Eusko Jaurlaritzak diru publikoaz parte hartzen duen enpresa dela. Erakundeek ezin diote lehentasuna eman enpresaburuen onura ekonomikoak soilik bilatzen dituen eredu bati; aitzitik, langileen enpleguaren kalitatea eskatu behar da.

Segurtasunaren ikuspegitik makineriari buruzko araudia oso zorrotza den arren, oso ohikoak dira harrapatzearen ondoriozko lan-istripuak. Patronalak, askotan, makinak tranpatzen ditu segurtasun-gailuak baliogabetuz, gehiago eta azkarrago ekoizteko helburuarekin.

Horregatik, lan-istripu horri buruzko ikerketa zorrotza eskatzen du LABek, eta kasutik erator daitezkeen erantzukizun guztiak argitzea, baita penalak ere.

LABek prebentzio-araudia betearazteko beharrezkoak diren baliabideak jartzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari, eta nabarmendu du EAEn dagoen lan ikuskarien kopurua erridikulua dela.

LABek dei egin die langile guztiei lan-istripu horien aurka protesta egiteko deitzen diren mobilizazioetan parte hartzera.

Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak ebatzi du CAFek titulatuei ere antzinatasuna bosturteko gisa ordaindu behar diela #LortuDugu

Duela bi urte (2022ko maiatzaren 16an), LABek bultzatuta, Enpresa Batzordeak demanda kolektiboa jarri zuen langile titulatuei antzinatasuna ordaintzea eskatzeko, hau da, bosturtekoak gainerako langileei bezala ordaintzeko.

2023ko urrian, gai horri buruzko epaiketa egin zen, eta urte bereko azaroan, Donostiako Lan Arloko 1Âş Epaitegiak ukatu egin zuen batzordearen eskaera, eta arrazoia eman zion enpresari.

Horren aurrean, ados ez zegoenez eta gaiak oraindik bide judiziala bazuela ikusita, epai horren aurkako helegitea aurkeztu zuen batzordeak EAEko Auzitegi Nagusian. Bada, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak arrazoia eman dio, eta langile tituludunei ere antzinatasuna ordaintzera behartuko du CAF.

Enpresak ebazpen hori Auzitegi Gorenean errekurritzeko aukera du, baina hala egitea erabakitzen badu, ibilbide juridikoa oso zaila da enpresarentzat. Errekurtso horretan epai irmo bat aurkeztu beharko lukete, langileen ordezkaritzari arrazoia eman dionaren antzekoa, baina kontrakoa dioena, eta hori oso zaila da. Zuzendaritzak denbora irabazteko edo amorrualdi gisa eman dezake pauso hori. LABek Zuzendaritzari eskatzen dio gauzak gehiago ez nahasteko eta azken epai hau onartzeko. Epaia irmoa denean eta, beraz, enpresa onartzera behartuta dagoenean, antzinatasunaren ordainketak automatikoa izan beharko du. Une horretan, epaia zein atzeraeraginezko izaerarekin aplikatzen den eztabaidatu beharko da.

Antolakuntzaren eta borroka sindikalaren balioa azpimarratu du LABek. Titulatuen aparteko orduen kontrol eta konputatzearekin batera, gaurko epaiak mugarri historikoa ezartzen du CAFen. Urte luzez aldarrikatu eta borrokatu duenaren fruituak jasotzen ari da LAB.

%100eko jarraipena Cementos Rezolako greba mugagabeko lehen egunean

Gaur abiatu dute Cementos Rezolako Añorgako lantegiko langileek greba mugagabea, zuzendaritzak 56 langile kaleratzeko dituen asmoen aurrean. Enpresa gelditu dute langileek, %100ak egin baitu bat LAB nagusi duen enpresa-batzordearen deialdiarekin bat. Elkarretaratze bi egin dituzte, lehena 7:30etik 8:30era eta 10:00etan bigarrena. Gainera, auzokideen babesa ere jaso dute.

Enplegu Erregulazio Espedientea (EEE) justifikatzeko deskarbonizazio prozesu bat egin nahi duela dio enpresak, baina langileek argi dute deskarbonizazio eta trantsizio prozesu bati baietz esaten diotela, baina langileekin adostutakoa baldin bada eta enplegu suntsiketarik gabe.

LABen aldarrikapenak argiak dira, ez dugu kaleratzerik onartuko eta enpresari exijitzen diogu behingoz mahai gainetik EEEa kendu eta 56 lanpostu horiek bermatzeko.

Lantokietan aske!

2024ko ekainaren 28 honetan, sexu askatasuna aldarrikatu nahi dugu, baita lantokietan ere. Aske izateko neurri eraginkorrak behar ditugu. Zuriketa arrosari ez!

Eskuin muturraren gorakadaren eta diskurtso erreakzionarioen hedapenaren aurrean, mugimendu transmaribibolloaren borrokari esker instituzioetan lege eta politika publikoetan aurrera urratsak egiten ari diren testuinguruan gaude: Espainiako Estatuko Trans Legearen ondotik, otsailean onartu zen Eusko Legebiltzarrean EAEko trans legea deiturikoa, esaterako.

Baina nahikoa al dira neurri hauek LGTBIQ+ kolektiboaren eskubideen defentsarako, edo, are gehiago, heteroarautik kanpo gure askatasuna bermatzeko?

Instituzioek eta patronalak dituzten zuriketa arrosezko jarreren aurrean, LABetik lantokietan aske izateko neurri eraginkorrak eta errealak exijitzen jarraituko dugu, gure lan sindikalaren bidez.

Jakin badakigu instituzio eta patronalaren aldetik ez dela etorriko guk desio dugun mundua eraikitzeko proposamen erradikalik, baina eskuin muturraren eta diskurtso erreakzionarioen gorakada bizitzen ari garen honetan, garrantzitsua da LGTBIQ+ kolektiboko kideon bizitzen alde bermeak jartzea.

Gaur gaurkoz ez-nahikoak diren lege eta “berdintasun politiken” aurrean, guk politika feministak aldarrikatzen jarraituko dugu. Egiturazko aldaketa errealak eta bitartekoak behar ditugu. Enpleguaren eremuan, LGTBIQ+ kolektiboaren zapalkuntza espezifikoak identifikatu, landu eta aurre egiteko protokolo eta plan espezifikoak behar ditugu.

Horrekin batera, mugimendu transmaribibolloak deitutako mobilizazioetan parte hartzera dei egiten dugu.

Sexualitatea askatasun osoz bizitzeko hautua erabat zilegia dela aldarrikatu nahi dugu: kapitalismo heteropatriarkalak inposatutako leku, eredu eta roletatik asakatzen gaituen hautu bezala ulertzen dugu. Izan ere, sexuaren araberako lan banaketa posible egiten duena bikote heterosexualean oinarritzen den familia nuklearra da. Familia funtsezko instituzioa da produkzio eta erreprodukziorako egungo sistema existitzeko, baita betikotzeko ere.

Helburua heteroaraua gainditu eta gure harreman eta identitateak modu askean erabakitzeko burujabe izatea delako, eman diezaiegun su heteroarauaren armairuei. Saretu, ahaldundu, salatu eta erantzuteko konpromisoan berretsiz, lantokietan ere aske izan nahi dugu!

Microliquid-en greba mugagabea hasiko dugu, enpleguaren defentsan

Astelehenean abiatuko da lanuztea, eta goizetik ekingo diete mobilizazioei langileek. Enpresari prozesua geldiarazteko eskatzen diogu.

Ekainaren 19an, Microliquid-eko (Te Connectivity) zuzendaritzak Enpresa Batzordeari jakinarazi zion Enplegu Erregulazio Espediente bat (kaleratze kolektiboa) aplikatzeko asmoa zuela, eta hogei bat langileri eragingo diela, krisi-egoera batean kostuak aurrezteko aitzakiarekin. Honek langileen herena kaleratzea ekarriko luke.

Enpresa batzordean (LABeko 5 kidek osatutakoa) hasieratik kaleratzeen aurka agertu gara, batetik enpresak ez duelako nahikoa informazio ematen argudiatutako arrazoiak justifikatzeko eta, gainera, langileen zati handi bat oporretan dagoelako prozesuaren negoziaketak iraungo duen bitartean. Horregatik, enpresari prozesua geldiarazi eta kaleratzeak bertan behera uzteko eskatzen diogu.

Zuzendaritzak prozesuarekin aurrera jarraitzen duenez, aste honetan langile batzarra egin dugu, eta asanbladaren %95 baino gehiagoren babesa jasota, uztailaren 1etik aurrera greba mugagabeari ekingo diogu.

Astelehenetik aurrera, beraz, langileak greban egongo dira enpresari kaleratzerik ez egiteko exijituz, eta elkarretaratzea egingo dute enpresa aurrean 8:00-10:30 bitartean. Jarraian manifestazioa egingo dute Arrasateko kaleetan zehar, geldialdi bat eginez parke teknologikoko biribilgunean 11:00etatik 12:00etara.

Zerbitzu publikoen defentsan mobilizatu dira Bilboko Udaleko langileak osoko bilkuraren aurrean

Langileen Batzordeak salatu du Bilboko Udalak ez duela negoziatzeko borondaterik eta dekretuen bidez langile guztien baldintzei eragiten dieten aldaketak inposatzeko jarrera duela.

Azken urteotan egindako negoziazio-mahai guztietan egiaztatu dute bertako langileek Udalak ez duela benetako borondaterik sindikatuei premiazkoak eta garrantzitsuak iruditzen zaizkigun gaietan aurrera egiteko, hala nola:

– Hitzarmena berritzea eta modernizatzea.

– Kalitatezko enplegu publikoa sortzea eta pribatizazioak saihestea.

– Lanpostuen balorazioa.

– Telelaneko plan bat.

– Karrera profesionala onartzea.

– Plantilla gaztetzeko plan bat, langile berriei sartzeko eta langile beteranoei erretiratzeko aukera emango diena.

– Egutegiak eta familia bateragarri egiteko murrizketak ezartzea.

– Baja medikoengatiko kenkariak.

Bilboko Udalak urteak daramatza hitzarmena eguneratu eta modernizatu gabe, Udaleko langileok azken hamarkadan pilatutako erosteko ahalmenaren % 20ko galera daramagu.

Langileen Batzordeak urteak daramatza EAJk eta PSEk udal zerbitzu publikoak pribatizatzeko estrategia salatzen. Estrategia horrek murrizketak, azpikontratazioa eta lan-prekaritatea dakartza.

Juan Mari Aburto alkateak eta EAJ eta PSEk osatutako bere gobernu-taldeak Bilboko Udalak ematen dituen zerbitzu publiko guztiekin amaitu nahi dute.

Asko eta asko izan ziren sektore publiko osoko grebetan kalera atera ziren langileak, zerbitzu publikoak indartzea eskatzeko eta lan-baldintzak Udalean negoziatu ahal izatea bermatzeko.

Langileen Batzordeak dei egiten du udaleko langile guztiek parte har dezaten enplegu publikoa sortu eta mantentzearen aldeko hurrengo deialdietan.

EAJ-PSE Bilboko Udalaren zerbitzura dauden langileen lan-baldintzak negoziatzera esertzea nahi dute langileen ordezkariek, ez dute zerbitzu publikoen pribatizazioa bermatuko, ezta enplegu publikoak suntsitzea ere.

“Ez ditugu onartuko Madriletik datozen mugak, udal langileen osasuna bermatu nahi dugu, erosteko ahalmena berreskuratzea bermatu, kalitatezko enplegu publikoa sortu eta plazen amortizazioak saihestu”, adierazi dute.

Plantilla gaztetzeko premiazko neurriak eskatzen dituzte: txanda-kontratua eta lanaldi-murrizketak, langile guztientzat.

Horregatik guztiagatik, Juan Maria Aburto alkateari eta Gobernu Batzordeari (EAJ-PSE) eskatzen diete inposizioko jarrera alda dezatela eta Langileen Batzordearekin negoziatzeko eta adosteko prest daudela adieraz dezatela.

Enplegu Zentro Berezietan abian jarriko dugun borroka ildoa aurkeztu dugu, eskubideak, erabakimena eta aitortza eskuratzea helburu izango duena

Kolektibo honetako 10.000 langile baino gehiago daude gaur egun Hego Euskal Herrian, eta sindikatutik hitzarmen propioak bultzatuko ditugu EAEn eta Nafarroan, politika baztertzaileak salatu eta lan-baldintzetan aurrera egiteko asmoz borroka egiteko konpromisoa hartu dugularik. Delegatuen batzarra egin dugu gaur Altsasun.

30 urte baino gehiago dira Enplegu Zentro Bereziak martxan daudela, nahiz eta, LABek salatu bezala, hainbat erakundek, gaur egun oraindik, pentsatzen duten langile-taldetxo soil bat baino ez garela, eremu txikietan balio erantsi txikiko lanak egiten ari garena. Baina egungo errealitatea bestelakoa da. 10.000 langile baino gehiago gara Hego Euskal Herrian. Zerbitzuen, garbiketaren, lorategien, ostalaritzaren, arretaren eta zaintzaren sektorean ari gara, hainbat lan-sektoretako kide gara, eta Enplegu Zentro Bereziak osatzen dituzten ehunka enpresatan gaude, administrazio publikoek finantzatuta eta enpresa pribatuek eta elkarte autonomoek kudeatuta. Langile indar handia gara, beraz.

Hainbat lege, errege-dekretu eta arauk baztertutako eta diskriminatutako langileak gara, ordea. Eskubiderik gabeko langileak, prekarizatuta lan egitera beharturik gaudenak.

LAB sindikatuan antolatutako lankideok urteak daramatzagu aldarrikatzen eskubide osoko langileak garela. Enpresa horietara iristen den diru publikoaren kontrola ez ezik, enpresa horien guztien barne-funtzionamenduaren kontrola egon dadin ere eskatzen dugu. Izan ere, erakundeak lanbidearteko gutxieneko soldatatik beherako ordainsariak, behin-behinekotasuna, gehiegizko produkzio-erritmoak eta ohiko enplegua lortzeko zailtasunak ahalbidetzen ari dira. Eta ez hori bakarrik: enpresek arriskuen prebentzioaren gainean duten erabateko jarrera axolagabea ahalbidetzen dute instituzioek. Horren ondorioz, beharginon osasun fisiko eta psikologikoa kaltetzen da, etengabe.

Hori guztia aintzat hartuta, LABen datorren ikasturtera begira landuko ditugun ekintza-ildoak aurkeztu ditugu:

– Sektorerako hitzarmen propio baten negoziazioa bultzatuko dugu EAEn eta Nafarroan. Elkarrizketa mahai serio bat eskatuko dugu, sektore horretan integrazio erreala eta ez-baztertzailea lortzeko, eta, horrela, etorkizuneko bidea landu eta gauzatu ahal izateko. Beharrezko urratsak emango ditugu sektoreari loturiko patronalak deitzeko eta hemen, Euskal Herrian, lan baldintzak negoziatzeko.

– Prekaritatera bultzatzen duten politika baztertzaile guztiak salatuko ditugu, lan arrunterako benetako trantsiziorako proposamenak sustatuz.

– Beste sektore batzuetako enpresa nagusietan aniztasun funtzionala duten milaka langileren lan baldintzak hobetzeko proposamenak defendatuko ditu, lan bera soldata berdinarekin eta baldintza berberetan egitea eskatuz.

Enplegu zentro berezietako LAB sindikatuko ordezkariek ohartarazi dute gure borrokak enpresa eta/edo erakunde guztien aurrera helaraziko ditugula. Klase politikoaren eta enpresarien entzungorkeriaren gainetik, era antolatuan, aniztasun funtzionaleko eta prekarizatutako langileen defentsan, gure ahotsa altxatuko dugu behar den leku eta eremu guztietan.

Preso orok du espetxe zigorra bete ahala nahiz bete ostean bere bizitza berregiteko beharra eta eskubidea, besteak beste, lan duin bat eskuratuz

“Langileok konponbidean, salbuespen neurriak STOP” lemapean mobilizazioak egin ditugu berriro gaur Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñean, ELA, ESK, STEILAS, CGT/LKN, CNT eta HIRU sindikatuekin. Hauetan, preso politikoak jasaten ari diren salbuespenezko espetxe politika guztiz gainditzea eskatu dugu.

Izaskun Garcia LABeko Batzorde Exekutiboko kidea Bilbon izan da, Bizikidetzaren plazan egindako mobilizazioan, eta onartu du azken urteetan, euskal preso politikoei dagokionez urrats garrantzitsuak eman dira, hala nola, Euskal Herriratzea edota gradu aldaketak.

Hala ere, nabarmendu du oraindik ez dela guztiz gainditu salbuespenezko espetxe politika, zenbait erakundek eta eragilek oztopoak jartzen dituztelako euskal presoek legedi arruntaren arabera egin beharreko ibilbidean.

LABeko ordezkariak argi utzi du sindikatuaren jarrera: “Bereziki salatu nahi dugu euskal presoek eta preso ohiek lanerako duten eskubidea auzitan jartzen duen gorrotozko diskurtsoa”. Norbanakoaren oinarrizko eskubideen kontrakoak izateaz gain, ikuspegi kolektibotik elkarbizitzaren kontrako erasoak ere badirela azpimarratu du.

“Preso orok badu espetxe zigorra bete ahala nahiz bete ostean bere bizitza berregiteko beharra eta eskubidea, besteak beste, lan duin bat eskuratuz. Eta euskal jendarteak badu oroimenerako, bakerako eta elkarbizitzarako beharra eta eskubidea”, gaineratu du Garciak.

LABetik salbuespenezko legedia salatzen eta konponbide osoa aldarrikatzen jarraituko dugu kalean zein lantokietan, eta baita horrek eskatzen duen bultzada sozial eta sindikala sustatzen ere.

Nafarroako irakasleon eskakizunei muzin egiteari uzteko exijitzen diogu Hezkuntza Departamentuari

Hezkuntzako Negoziazio Mahai Sektorialeko sindikatu guztiok Hezkuntza kontseilariari eta Nafarroako Gobernuari hurrengo galdera luzatzen diegu: zer nahi dute, 24/25 ikasturtea benetako negoziazioekin hasi, hau da, irakasleen aldarrikapenei erantzunez, ala ikasturte gatazkatsua?

23/24 ikasturtean, sindikatuok negoziatzeko prest agertu gara eta hezkuntza publikoko irakasleentzat hobekuntzak lortzen saiatu gara. Ikasturte hasieratik planteatutako aldarrikapenak lortzeko lantaldeetan aritu gara, baina ez da gutxieneko aldaketarik ere gertatu.
Ikasturte bukaeran, egiaztatzen dugu irakasleek hasieran salatzen genituen arazo berberak ditugula: lan gainzama, gehiegizko ratioak, erosahalmenaren galera eta plantillen ezegonkortasuna. Jakina denez, gai horiek guztiek eragina dute Nafarroako hezkuntza sistema publikoaren kalitatean.

Horregatik, kontseilariak eta Nafarroako Gobernuak gure eskaerei benetako prestutasunez erantzutea nahi dugu, akordioak lortzeko eta horiek finantzatzeko konpromiso irmoarekin. Aipatutako arazoak Parlamentuko taldeei ere helarazi zaizkie eta horiek bat egin dute irakasleek dituzten arazoei aurre egiteko eta irtenbideak negoziatzeko beharrarekin.

Hezkuntza Departamentuarekin egindako bilera guztietan erantzun bera jaso dugu sindikatuok: irakasleen eskaerei heltzeko aurrekonturik ez dagoela. Irailean 2025erako Nafarroako aurrekontuaren osaera abian jarriko denez, ekiteko unea dela uste dugu eta Gobernuak lehentasuntzat har ditzala hezkuntza publikoko irakasleak. Kontu hau nahitaez aurrekontu partidetan islatu behar da, eta Gobernuak dauka horren ardura.

Ildo horretan, iragartzen dugu irailean irakasleen ordezkariak garen sindikatu guztiak mobilizazioekin hasiko garela. Nafarroako datorren urteko aurrekontuetan irakasleen aldarrikapenei erantzuteko partidak eskatuko ditugu. Badakigu arazo guztiei aldi berean irtenbidea ematea ezinezkoa dela, baina hori bideratuko duen egutegi bat osa daiteke.

Ikasturte hasieran mobilizazioak ugarituko dira eta sindikatu guztiok bat eginik greba egun baterako deitzen dugu, irailaren 26an hezkuntza sistema publikoa geldituko dugu. Espero dugu kontseilaria eta Nafarroako Gobernua errealitateaz ohartzea, eta aintzat hartzea Nafarroako irakaskuntza publikoko irakasleen eskaerak