Nafarroako Kontseilu Ekonomiko eta Soziala (KES) Iruñean batzartu da gaur, 2024rako Nafarroako Aurrekontu Orokorren Aurreproiektuari ekiteko. LAB sindikatuak gogorarazi nahi du presio fiskalari dagokionez Nafarroa Europako ligan jokatzetik 8,7 puntura dagoela, zerga gaietan anbiziorik ez duelako. Eta, hain zuzen ere, anbizio falta horrek eragozten du Nafarroak egitea Barne Produktu Gordinaren arabera legokiokeen Europako Batasuneko batezbesteko inbertsioa, eta eragozten du Gobernuak aurkeztu dituen 2024ko aurrekontu hauetan, 700 eta 400 milioi euro gehiago jasotzea, hurrenez hurren, Osasun eta Hezkuntzarako.
LAB zorrotza eta zehatza izaten ari da langileen lan baldintzak hobetzeko neurriak exijitzeko orduan. Hala, Gobernuari eskatzen diogu 2024ko aurrekontuetan lehentasun hauek jasotzea: zahar egoitzetako Nafarroako lehen hitzarmenaren finantziazioa, Osasunbidean eta Navarrabiomeden lorturiko akordioak betetzea eta Nafarroan 1.080 euroko gutxieneko pentsioa bermatzea.
LAB sindikatuak azpimarratu du lehenbailehen erreforma fiskala egin behar dela azken urteotako aurrekontuei eta, jakina, 2024rako Aurrekontuen Aurreproiektu honi benetako aldaketa emateko. Alde horretatik, diru-sarrerak handitu behar dira Nafarroak gaur egun behar dituen funts publikoak indartzeko, haren politikek bat egin dezaten Nafarroako gizartearen gehiengoaren kezka eta beharrekin. Ezin gara Nafarroako eskuinak egindako finantza kudeaketara itzuli, garai hartan Nafarroako kontuak ez baitziren orekatuak.
Gainera, Europak adostutako arau fiskalek 2024. urtean hartuko dute indarra, eta horrek ondorioak ekarriko dizkio Nafarroari, Espainiako estatuak defizit publikoaren mugak bete behar dituelako. Inbertsioa indartu egin behar da, eta ez da une egokia zerbitzu publikoetan eta gizarte-babesean murrizteko, eta ezin zaio aurre egin Europako Batasuneko arau fiskalak betetzeko, herritarrentzako oinarrizko zerbitzuak eta babesak berriz murriztuz. Bada garaia kapitalak, enpresaburuek, hau da, gehien dutenek zerga bidez gehiago ordaintzeko.
LABek egindako azterketaren arabera, Nafarroak Osasunean eta Hezkuntzan BPGaren araberako Europako Batasuneko batez besteko inbertsio bera eginen balu, 2024ko Aurrekontu Orokorren Aurreproiektuak 701.463.727 milioi gehiago jaso beharko lituzke Osasunean eta 393.513.079 milioi euro gehiago Hezkuntzan. Urte luzez behar eta ukatu den inbertsio mailaren dimentsioa ematen duten zifrak dira, eta, era berean, oinarrizko zerbitzu horiek gaur egun dituzten gabeziak eta ahuleziak azaltzen dituztenak, Nafarroako gizartearen gehiengoa kezkatzen dutenak. Bi sektore horietan, gainera, langileek mobilizazio eta greba dinamikak izan dituzte zerbitzu publiko horiek eta beren lan baldintzak hobetzeko.
Gaur goizean, Nafarroako Arriben, 42 urteko langile bat hil da eraikuntzan, altuerako erorketa baten ondorioz. Joan zen astean, Gipuzkoako Aginagan kokatuta dagoen Viveros de mariscos Viuda e Hijos de Jerónimo Izagirre enpresan gertatutako altuerako istripu baten ondorioz langile bat oso larri dago. Dagoeneko 2024ak, bere lehen bi asteetan, 4 hildako utzi ditu Euskal Herrian.
Urtearen hasiera latzak ohiko joera ziklikoa berretsi besterik ez du egin. Iaz, urtea 58 hildakorekin itxi genuen, aurrekoan baino gutxiagorekin. Aurtengo joera ikusita berriro ere hilkortasun tasaren gorakada baten aurrean geundeke. Istripu guzti hauen atzean neurri prebentiboen eza dago. Segurtasun bitartekorik gabeko altuerako erorketak ohikoak dira gurean.
Nahiz eta altueretako lanek baduten araudi propioa, zorrotza, errealitatean patronalak inpunitate osoz saihesten du langilearen bizitzarako bermeak eskaintzea, araua hautsiz. Honen aurrean administrazioek ez dute nahikoa neurri hartzen eta isunak, istripua gertatu ostean soilik egoten dira, inoiz ez aurretik egondako ez betetzeengatik.
Patronalaren inpunitateak iaz 58 hildako utzi zituen Euskal Herrian, inpunitate honek berak aurten dagoeneko 4 langile erail ditu. Zenbat hildako langile behar ditu patronalak bere diru gosea asetzeko?
Langile klase antolatuak soilik lortuko ditu aldaketa sakonak. Egoera hau salatzeko eta langileriaren elkartasuna adierazteko, datorren asteazkenean, urtarrilaren 17an, mobilizazioa egingo dugu LAB, ESK, STEILAS, EHNE, HIRU eta CGT/LKN sindikatuok, eguerdiko 12:00tan, Iruñean, Gobernuaren egoitzaren aurrean.
Osakidetzan, obra esleipenetan, irregulartasunak atzeman eta frogatzeko aukera izan du LABek. 2022an egindako kontratu txikien esleipen prozedurak aztertu eta hortik ondorio argia atera du: 8.000.000 euro esleitu dituzte legez kanpoko kontratazio prozedura bidez.
“Osakidetzaren ibilbidean izandako jarrera desegoki eta irregulartasunekin liburu mardula idatzi daiteke” adierazi du LABeko koordinatzaile orokor Garbiñe Araburuk. Oraingoan ere praktika orokortua izan da, Araba, Gipuzkoa zein Bizkaiko OSIetan; guztietan atzeman ditu LABek kasuak eta ESIrik zipriztinduenak bi dira: Arabako ESIa eta Gurutzetako Ospitala.
Guztira 380 kontratutik gora (381 zehazki) dira lehiaketa publikorako behar zuketenak eta atera ez direnak (atxikita eranskina) eta esan bezala 8.000.000 euro izan dira zuzenean enpresa jakin batzuri emanak.
Modu batera edo bestera zatikatuak izan dira kontratu txikien laburpena:
Iruzurrezko praktikaren oinarria
LABen Osakidetzako ordezkari den Jesus Oñatek eman ditu zehaztapenak: “Obra, zerbitzu eta horniketarako kontratu txikietan ezarritako kopuruak gaindituz gero, lehiaketa publikoa deitu beharra dago. Esleitu beharreko kopuruak zatituz, lanak lehiaketara ateratzea saihesten dute. Horrek bi ondorio ditu: nahi duten enpresari eman diezaiokete kontratua zuzenean, eta enpresen arteko lehia ekiditzen da kontratuak garestituz. Legez kanpoko kontratazio prozedura horrek arindu eta azkartu egiten du kontratazio lana, baina guztiz legez kanpokoa da eta gainera zuzenean kontratatutako enpresen eta zipriztindutako OSIko zuzendarien eta arduradunen arteko erlazioa ere susmopean jartzen du”.
Iruzurra egiteko bide ezberdinak erabili dira: kontratuak/obrak zatikatuz, obra gremiotan banatuz, zerbitzu diren kontratuak obra gisa bideratuz; jabe berdina duten izen ezberdineko enpresak kontratatuz, eginbehar bererako; xede bera duten kontratuak bata bestearen atzetik kontratatuz…
Legeak ezartzen duena
Kontratazio prozedura horrek kontratazio legearen (9/2017 legea LCSP) sarreraren II. puntuan adierazten diren legearen bi oinarriak hankaz gora jartzen ditu:
“Lege honetan jasotako erregulazioaren oinarri diren helburuak, lehenik eta behin, kontratazio publikoan gardentasun handiagoa lortzea eta, bigarrenik, kalitatea-prezioa erlazio hobea lortzea dira”.
Iruzurrezko praktika batez ari gara, beraz. “Legez debekatua dago argi eta garbi. LCSPren 99.2 artikuluak adierazten du; kontratazio legearen (LCSP) 13.3 artikuluaren aurka egindako obrak dira, hau da, “obra completa” kontzeptua hausten dute eta kontratazio legearen 28.4 artikuluaren aurka egindako kontratuak dira (urtero berritzen diren kontratu txikiak eta batzuetan urte berean berritzen direnak)”, zehaztu du LABeko bozemaleak.
Enpresa eta enpresari berak errepikatzen dira kontratu txiki horien esleipen askotan. Bizkaiko Gurutzetako eta Arabako OSIetan bereziki nabarmena da hori.
“Ikuspuntu ekonomikotik, enpresen arteko lehia ekiditen da, horrek euskal zerga ordaintzaileentzako dakarren galerarekin, eta agerian uzten du Osakidetzako zuzendari eta arduradun jakin batzuren kudeaketa eredua zein den. Gardentasun ezak, gainera, Osakidetza ustelkeriaren susmopean uzten du”, gehitu du Jesus Oñatek.
Kontratu publikoen legeak argi uzten du obra esleipenak zatikatzea ez dela legala. LABek aztertutako kasuetan zatikatzearen beharra arrazoitzen duen zio ekonomiko, organizatibo edo teknikorik ez dago. “Arrazoia bakarra da, enpresa batzuk mesedetzea eta saritzea; gainera, egiteko modu horrek kontrol publikoa saihestea dakar, opakua da, honelako lanak esleitzerakoan beharrezkoak diren publizitate baldintzak saihesten ditu. Hori oso larria da. Larria da, helburu argia duelako”, kritikatu du Aranburuk.
“Ingeniaritza politika da” obrak zuzenean esleitzeko prozedura, “ez dira kudeaketan gertatzen diren hutsuneak, erabaki politikoak baizik”, LABeko arduradunen hitzetan, eta gogor kritikatu du EAJren eredu neoliberal eta klientelarra. “Neoliberala da osasun sistema publikoa ahuldu eta pribatua indartzea duelako helburu. Ez da behar adinako inbertsiorik egiten, eraisten ari dira, bistakoak dira lehen arretan hitzordua lortzeko ditugun zailtasunak, ebakuntzetarako edo espezialistek artatzeko dauden itxaron zerrenda luzeak… Eta, gainera, Osakidetza bertako langileek egin ahal dituzten lanak kanpora ateratzen ari dira”. Eta klientelarra da eredua, “alderdiaren inguruko enpresak saritzen direlako”.
Aranbururen hitzetan, “osasun zerbitzu publikoaren prestigioa, irudia eta zerbitzua kaltetzen ari dena EAJren gobernua da. EAJ kudeatzaile eta zaintzaile ona da negozio pribatuak babestea denean helburua, baina ez zerbitzu publiko indartsuak defendatzerakoan”.
Kontrara, Osakidetzako profesionalek egiten duten lana aitortu eta txalotzen du LABek. “Euren lan baldintzak etengabe kaskartuz joan badira ere, eurak ari dira benetan osasun publikoaren defentsan”.
Urkullu eta Sagarduiri zuzendu zaie Aranburu: “Lehendakariari eta Osasun sailburuari agortu zaie denbora. Alferrik saiatuko dira gertatzen ari denaren ardura langile eta sindikatuon higadura estrategia bati egozten; kritika hori ez da sostengatzen. Langileok eta herritarrak gara osasun zerbitzu publiko duin baten alde egiten dugunak. Aspaldi salatu dugu hau langileok; greba eta mobilizazioak egin ditugu, enplegu publiko gehiago sortzea eta enplegua egonkortzea eskatuz, osasun sistema publikoa indartzea eskatuz, langileen lan baldintzak hobetzea eskatuz”.
Irregulartasunak atzematean horiek salatzen eta osasun sistema publikoaren defentsan jarraituko du LABek.
LABek eta Hezkuntza Sailak itunpeko ikastetxeen soldatak parekatzeko sinatutako akordioa langile guztiei aplikatzea ekarri dute negoziazio-mahaira Kek eta AICEk. Horrekin batera, enplegua mantentzeko eta plantillen esleipen irizpideak zein gazteberritze neurriak adosteko egutegi eta prozedura ekarri dute.
LABek positibotzat jo du azken hilabeteetan egindako mobilizazioei esker KEk eta AICEk proposamen bat egin izana 14 negoziazio-mahairen ondoren. Proposamen hori, orain bi egun aurkezturikoa baino hobea den arren, gaur-gaurkoz, ez da nahikoa honako alderdi hauetan, eta hala jakinarazi diegu patronalei:
Lan-kargak arintzeko neurriei dagokienez, AZLentzat eta irakasle ez diren tituludunentzat soilik egin dute ordu-murrizketa. Gainerako kategorietarako (0-3koak, irakasleak, hezkuntza laguntza espezialistak edo langileak), ez da proposamenik egin.
Soldatei dagokionez, 2027an langile guztiak kategoria guztietan langile publikoekin ekiparatzeko proposamena egin digute. LABen ustez langileon lorpen handia da hau, hala ere, ekiparazioa lortu bitartean 2024rako langileon erosahalmena bermatzeko igoera handiagoa beharrezkoa dugu. Izan ere, patronalek planteaturiko %13ko igoera hori handitu behar da 2024an langileon erosahalmena KPIaren arabera bermatu dadin.
Lanbide Heziketarako, egungo hitzarmena hobetzen ez duen proposamen bat egin dute, bikoizketaren aipamenik ez dute egiten eta lanaldi irregularrari dagokionean eskaintzen dituzten konpentsazio orduak ez dira nahikoak. Gainera, lantokiko prestakuntzarako 6 ordu onartu arren, 2. ikasturterako bakarrik eskeintzen dituzte; egun lehenengo ikasturtean praktikaldiak egiten dira.
Enplegua mantentzeko, langileen plantillen esleipen irizpideak negoziatzeko eta gazteberritze neurri gehigarriak adosteko egutegi eta negoziazio prozedura bat ekarri dute, lan hitzarmenetik kanpo kokatzen dena. LABek Hezkuntza Sailarekin ekainaren 1ean sinaturiko akordioaren garapenaren parte dela adierazten du eta horregatik ondo baloratzen du. Hala ere, puntu honetan zehaztasun gehiago eskatzen dizkio patronalei.
Euskalduntzeko-planak, berdintasun-planak eta arrisku psikosozialen ebaluazioari dagozkien proposamenen inguruan, zehaztapen gehiago ekarri arren, hainbat puntuekin desadostasuna erakutsi diegu.
Patronalen proposamenak Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako langileen lan-baldintzak hobetuko dituen hitzarmen berri bat lortzeko negoziazio bidea irekita mantentzen duen arren, urtarrilaren 16rako mahaian eros-ahalmena bermatzeko proposamena, enpleguari eusteko zehaztasun gehiago eta lan zametan neurri gehigarriak ekarri behar dituzte patronalek. LABek lanean jarraituko du hori horrela izan dadin eta mahai negoziatzaileak edukiz bete daitezen. Mahaietako negoziazioen balorazioak uneoro egin eta mobilizazio eta borrokarekin jarraituko du.
Madrilen iragarri berri dute estatu mailako Lanbidearteko Gutxieneko Soldata %5 igotzea erabaki dutela. Igoera positiboa bada ere, gutxieneko soldata horrek ez du egungo errealitatean bizitza duina bermatzen, erabat eznahikoa baita. Zer esanik ez Hego Euskal Herriko errealitate sozioekonomikoari erreparatuz gero; izan ere, urrun geratzen da gure egunerokotik gaur Madrildik inposatu nahi diguten gutxieneko soldata. Ezinbestean, Espainiako Estatuaren errealitate anitzak ere bere isla izan beharko luke gutxieneko soldatari dagokion esparruan ere.
Eta norabide horretan jarraituko dugu lanean LAB sindikatutik. Hain zuzen, Hego Euskal Herriko egoera sozial eta ekonomikoari erantzungo dion gutxieneko soldata propio eta erreal bat erdiestea dugu ortzimugan. Bertako agente sindikal eta patronal nagusien arteko sektorearteko akordio marko baten bidez, zuzenean lan harreman orori aplikagarria izango zaion gutxieneko soldata propioa lortzea dugu helburu.
Gogora ekarri nahi dugu, bide horretan, Eusko Legebiltzarrak 2023ko martxoan harturiko erabakia, Eusko Jaurlaritzari eskatzen diona aktiboki sustatu dezala EAE mailako gutxieneko soldataren akordioa langai izango duen negoziazioa. Ondorioz, dei egiten diogu Eusko Jaurlaritzari, eta, bereziki, Bigarren Lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburu den Idoia Mendiari, paper aktiboa har dezala EAE mailako gutxieneko soldata sustatuz.
Aldi berean, Confebask zein CEN patronalak ere interpelatu beharrean aurkitzen gara, EAE eta Nafarroako gutxieneko soldatak erdiesteko bidean pausoak eman daitezen eta negoziatzera eser daitezen. Izan ere, sozialki ezinbestekoa da, bertako egoerari erantzungo dion akordioak lortuz, herritarron bizi baldintza duinak bermatuko dituen bertako gutxieneko soldata adostea. LABetik bide horretan jarraituko dugu sutsuki lanean.
Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparru propioa xede, pausoak eman ditzagun gutxieneko soldata propioa erdiesteko bidean.
Nafarroako Elkanon kokatuta dagoen traumatologia eta errehabilitazio tratamenduetan espezializaturiko klinika publikoa da Ubarmin eta, urtea hastearekin bat, bertako mantentze-lanetako zerbitzua osoki langile publikoek ematen dute. Orain arte, zerbitzu hori langile publikoen eta kanpoko enpresa bateko langileen artean egiten zen. Ubarmingo mantentze-lanen publifikatzea bere profesionalen eskaera historikoa izan da; LABek bat egin zuen aldarrikapen horrekin eta kanpainen eta bileren bidez azkenean borrokak emaitza ona ekarri du.
Aurreko gerentziekin ez zen lortu, baina zerbitzuko langileek eta LAB sindikatuak legegintzaldi honen hasieratik egin duten lanari esker, azkenean, lortu da Osasunbideko mantentze-lanetako teknikari izateko hiru plaza publiko berri sortzea, lortu da zerbitzua berrantolatzea, eta lortu da enpresa pribatuen azpikontratazioari bukaera ematea; azken finean, lortu da zerbitzua osorik publifikatzea.
LABek zerbitzu publikoak indartzeko apustua egiten du, inolako oztoporik gabe, argi eta garbi, herritarren beharrei erantzunen dien kalitatezko zerbitzua emateko behar diren baliabide ekonomikoak eta giza baliabideak emanez. Alde horretatik, LABen ustez, horien zuzeneko kudeaketa da modurik eraginkorrena kalitatezko zerbitzu integrala emateko eta lan baldintza duinak errespetatzeko.
Oraindik asko dago egiteko, bai plantillen dimentsionamenduari dagokionez, bai gaur egun pribatizaturik dauden zerbitzuen kopuru handia publifikatzeari dagokionez. Baina LABek erakutsi du lanak eta borrokak fruituak ematen dituztela; hala izan zen ospitaletako sukaldeen lehengoratzean, eta hala izan da Ubarmingo mantentze-lanen publifikazioan edo Nafarroako Ospitaleko garbiketa-plazen egonkortzean. Beraz, LABek langileak animatu nahi ditu helburu horren inguruan antola daitezen, sindikatu honetan borroka horretan esperientzia duen tresna eraginkor bat aurkituko dutela jakinda.
Egunotan hiru urte bete dira LAB sindikatuak Nafarroako zahar egoitzen hitzarmenaren aldeko bere lehenbiziko pankarta atera zuenetik. Ordutik dozenaka mobilizazio eta greba egin dituzte langileek, baita LABek ere, batzuetan bakarka, batzuetan bertze sindikatu batzuekin batera. Gaurkoan sindikatu honek elkarretaratzea egin du berriz Nafarroako Jauregiaren aitzinean, Iruñean, Gobernuari eta sektoreko patronalei eskatzeko behingoz desblokea dezatela hitzarmenari buruzko negoziazioa.
Duela hiru urte baino gehiago LABek hausnarketa egin eta pentsatu zuen bazela garaia Nafarroan zahar egoitzen hitzarmen propioa izateko, sektore feminizatu eta prekarizatu honen lan baldintzak duinago egite aldera. Garai hartan LAB burubelarri sartuta zegoen Esku-hartze Sozialeko Nafarroako lehen hitzarmena lortzeko borrokan. Eta hitzarmen hura erdietsi zelarik, sindikatuak nolabaiteko ospakizun ekitaldia antolatu zuen, zeinetan Esku-hartze Sozialeko langileek lekukoa pasatu baitzieten zahar egoitzetako langileei, hitzarmen propioaren aldeko borroka has zezaten. 2021eko urtarrilaren 8an izan zen. Orduantxe atera zuen LABek kalera Nafarroako zahar egoitzetako hitzarmenaren aldeko aldarrikapena. Eta, zoritxarrez, oraindik ere atera behar izaten du.
Badira hilabete batzuk negoziazioak nahiko geldirik daudela. Blokeo horrek erakusten du patronalak ez duela batere interesik sektorearen lan baldintzak duintzeko. Negoziazioaren paralisia ez da inola ere onargarria eta, horregatik, LAB gaur mobilizatu da sektoreko langileekin batera, behingoz desblokea dezaten eskatzeko.
Iragan urriaren 20an, LABek 65 pertsona bildu zituen Nafarroako Jauregiaren aitzinean eginiko kontzentrazio batean. Azaroaren 26an, 40 langilerekin batera kale bat moztu zuen Iruñean. Eta gaur berriz mobilizatu da, elkarretaratze txiki batekin. LABek behar adina aldiz mobilizatzen jarraituko baitu Nafarroako zahar egoitzetako lehen hitzarmena egia bihurtu arte.
LABek lan-baldintza duinak aldarrikatzen ditu, hala nola bajak absentismoarekin lotu gabe, gehiegizko klausularik gabe, inolako kontzepturen izozterik gabe, soldata eta lanaldi duinekin, lana, bizitza eta zaintzak kontziliatzen lagunduko dutenak, etab.
Atzo bezala, gaur ere greba egin dute Urdulizko lantegiko beharginek. Atzokoan kotxe karabana egin zuten herritik abiatuta, eskualdea zeharkatu eta Bilboraino. Gaur, berriz, manifestazioa egin dute Bilbon, lan-ikuskaritzatik SPRIraino.
Manifestazioaren hasieran, Enpresa Batzordeak salaketa bat jarri du enpresaren aurka lan-ikuskaritzan, enpleguari buruzko informazio-eskubideak urratzeagatik, etorkizunean enpresa berregituratzeagatik eta plantillako lan-kontratuak erabat amaitzeagatik, enpresaren asmo txarrarekin batera. Hori guztia Enplegu Erregulazioko Espedientearekin lotuta, zeina 2024ko martxoaren 1ean hasiko baita ziurrenik.
Manifestazioa SPRIn amaitu da, erakundeei eta, bereziki, Industria Sailari zuzendutako mezu argiarekin. Lau hilabete daramatzagu eta fase erabakigarri batean sartu gara. Fase horretan, 148 lanpostuen bilakaera eta langile horien etorkizuna ez ezik, herri eta eskualde baten etorkizuna ere jokoan izango ditugu.
Hori dela eta, instituzioek beren erantzukizunari heldu eta konpromisoak hartu behar dituzte.Mecanerreko plantillak baditu proposamenak, eta bere etorkizunaren jabe izan nahi du, baita eskualdeko industriaren protagonista ere. Horrenbestez, mobilizazioak egiten eta instituzioekin harremanetan jarraituko dugu. Baina hori ez da posible administrazioen eta gizartearen ekarpenik eta parte-hartzerik gabe.
Hala, itxiera proposamen hau aukera bilakatzeko borrokan segiko dugu LABen.
Hezkuntza Departamentuak aurrekoan iragarri zuen 2024-2025 ikasturtetik aurrera Nafarroa Garai osoko sare publikoko haur eskolak doakoak izanen direla. LAB sindikatuak, noski, ongietorria eman nahi dio Gobernuak harturiko erabaki horri, eta ulertzen du sektore horretan lan egiten duten langile eta eragileon aldarrikapenen eta borrokaren ondorio izan dela. Dena dela, LABek arreta handiz behatuko du erabaki hori nola gauzatuko duten, zein neurri mota hartuko duten eta zein baliabide bideratuko dituzten.
0 eta 3 urte bitarteko haurren hezkuntza arretaren unibertsaltasuna, bere esanahi zabalean, lortu bitartean, ziklo honen hezkuntza izaera eta kalitatea aldarrikatzea izanen da LAB sindikatuaren lan ildoaren oinarria. Eta sindikatu honek unibertsaltasun horren barruan kokatzen du euskara eskuratzeko haur guztien eskubidea bermatzea. Halaber, hezkuntza ziklo honetako langile guztien lan baldintza duinak borrokatzen segituko du LABek.