2025-12-30
Blog Page 164

Gizarte Ekimeneko milaka langilek Donostiako kaleak bete dituzte 11. greba egunean

LABek ikastoletan lorturikoa Gizarte Ekimenean posible bilakatzeko eskatzen die Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalei eta ekiparazioa langileen garaipena dela adierazten du.

Gizarte Ekimeneko lan-hitzarmena berritzeko borrokan hamaikagarren eguna egin dute gaur Gizarte Ekimeneko langileek. Gaurkoan ere Jaurlaritzak ezarritako zerbitzu minimo gehiegizkoen aurrean milaka langile bildu dira Donostiako kaleetan.

LABek berriro ere adierazi nahi du ikastoletan lorturikoa Gizarte ekimeneko mahaira ekarri behar dela eta bide horretan KE eta AICE-IZEA patronalek eduki gehiago ekarri behar dituztela. Zehazki, hurrengoa eskatu du LABek: 2024rako %15etik gorako soldata igoera, 0-2 urteko hezitzaileen soldata 2 urteko hezitzaileekin parekatzea, lan-hitzarmenean bermeduna izango den birkokapen klausula jasotzea eta lan zamak jaisteko neurri konkretuak. Haur eta Lehen Hezkuntzan ordu osagarri batzuk gehiago norberaren lanetarako izan behar dira, DBHn ikastoletako lan-hitzarmenean daukaten ordu-lektibo kopurua ekarri beharko lukete mahaira eta Lanbide Heziketan bikoizketak arautzeko prozedura zein konpentsazio ordu gehigarriak behar dira.

LABek patronalei eskatzen die eskakizun gehigarri horiek mahaira ekartzeko eta bere prestasuna adierazten die negoziazioetan jarraitzeko.

Bestetik, adierazi nahi du soldaten ekiparazioa langileek lortu duten garaipen handia dela eta ezin zaiola duen garrantzia kendu ez eta ezkutatu. Ulergaitza da sindikatu batzuk langileen garaipena den ekiparazioaz hitz egin nahi ez izatea, inkluso ezkutatzea. Gizarte ekimeneko ikastetxeetako langileek langile publikoek besteko soldata jasotzeaz ari gara, edo benetan nahi da hezkuntzan sare publiko propio bakar bat lortu bitartean langile hauek gutxiago kobratzea? Langileek beste sektore batzuetan (Osakidetzako garbiketako langileak, kolektibitateetako langileak) langile publikoen soldaten ekiparazioa lortu dugunean garaipentzat hartu dute eta zinez uste dugu gurean ere langileen garaipena dela.

LABek mahaian (2021ean osatu zena) duen ordezkaritza 8,34koa izan arren, 2024an %10etik gertu dagoen ordezkaritza lortu du eta bere arduratik hezkuntzako eremu ezberdinetan borrokatzen ari dena borrokatzen dabil Gizarte ekimenean ere.

Guzti hau esanda, 2027an ekiparazioa eskuratzeko proposamenean 2024rako eros-ahalmena bermatzen duen soldata-igoera behar dugula adierazi nahi dugu eta patronalei hori bermatzeko igoera egin dezaten eskatu.

Bitartean, gainerako sindikatuekin batera greba eta mobilizazio dinamiketan jarraituko dugu, diskurtso propioarekin langileek behar dutena eskuratu arte.

Laudioko herritar baten heriotzak agerian uzten du Osakidetzak arriskuan jartzen gaituela Etengabeko Arretarako Guneak eraisteko politikarekin

Beste behin ere, Osakidetzako zuzendaritzak inposatzen digun osasun-kudeaketaren eredua salatzeko arrazoiak ditugu, honek arriskuan jartzen baitu langileen eta herritarren osasuna, LABen aspalditik ohartarazi eta salatu izan duguna. Oraingoan, albisterik txarrenaren aurrean gaude, ostiralean Laudioko Etengabeko Arretarako Gunean (EAG) bizitza galdu zuen gaztea medikurik gabe artatu behar izan baitzuten. Honela, jendarteari zein Osakidetzako langileei bihar 18:00etan Laudioko Udaletxeko plazatik aterako den manifestaziora joateko gonbidapena luzatzen diegu, osasun sistema publiko eta duin baten alde.

EAGen egoera jasanezina da hainbat arrazoirengatik (langilerik eza, ordutegi-murrizketak, aldi baterako edo behin betiko itxierak, zerbitzu batzuen pribatizazioa…), baina EAGak profesional medikorik gabe irekitzeak egoera hori irmoki salatzera eraman gaitu, pasa den maiatzean Laudioko osasun zentroan bertan egin genuen bezala. LABen ustez, EAGetan medikurik ez egotea pertsonen bizitza arriskuan jartzea da, are gehiago, larrialdietan ere medikurik ez badago.
Gainera, arduraz ikusten dugu zelarien eta erizainen osasuna; izan ere, langile medikorik gabe artatzen ari dira, beren lanari estres handia gehituz, larrialdi-egoeretan profesional mediko baten figura ezinbestekoa baita. Hilabeteak dira EAGetan arrisku psikosozialei buruzko azterlan bat eskatu genuela. Eskaera horrek ez du erantzunik jaso, eta, beraz, Osakidetza da langileon tratu txarren eta gu babes gabe uztearen erantzule.

Osakidetzako zuzendaritzak, pribatizatzeko eta eraisteko ahaleginean, kudeaketa arduragabea egiten du, behar diren profesionalen hornidurarik gabeko zerbitzu batek arriskuan jartzen baitu gure osasuna. LABek askotan salatu du zuzendaritzak egoera hau normaltzeko egiten duten ahalegina. Horregatik, beste askotan bezala, katastrofista izatea leporatu digute, osasun publikoa gutxietsi nahi izatea.

Lan-gainkarga, lan-baldintza prekarioak eta langile-falta ez dira arazo berriak osasun publikoaren eremuan. Zoritxarrez, pertsona baten heriotzak agerian utzi du Osakidetzako giza baliabideen politikak erabateko babes faltan uzten gaituela.

LABek premiazko deia egin dio Osakidetzako Zuzendaritzari, berehalako neurriak har ditzan. Premiazkoa da medikuen kontratazioa handitzea eta lan-baldintzak hobetzea, herritarrek kalitatezko osasun-arreta jasoko dutela bermatzeko.

Guzti honengatik, bai jendarteari, bai Osakidetzako langileei bihar 18:00etan Laudioko Udaletxeko plazatik aterako den manifestaziora joateko gonbidapena luzatzen diegu.

Euskal Herria harrera herria dela adierazi eta irmoki salatu nahi ditugu jarrera esplotatzaileak

Atzoko berriaren harira, zeinaren arabera gizon bat atxilotua izan baitzen 49 migratzaile baldintza osasungaitzetan edukitzeagatik eta miseriazko lan baldintzetan izateagatik, LAB sindikatutik adierazi nahi dugu sistema arrazista eta kapitalista basatiak beste behin ere bere aurpegi gordin eta krudelena erakutsi digula. Sistema hau da lehenengo eta bigarren mailako herritarrak bereizten dituena, eta hau posible izateko Atzerritartasun Legea bezalako tresnak ditu martxan, atzerritarrak egoera irregularrean bizitzea indartzen duen legea, hain zuzen ere.

LABetik irmoki salatu nahi ditugu honelako jarrera esplotatzaileak, eta erabat gaitzetsi nahi ditugu honelako jokabide makur eta ankerrak. Honekin batera, gertakari hau ez dela kasu isolatua esan nahi dugu, gertakari hauek era sistematikoan ematen dira eta sistema kapitalista eta arrazista batek sorturiko egoera bezala ulertu behar ditugu. Izan ere, sistemari langileak muturreko pobrezian egotea interesatzen zaio, zaurgarritasun egoeran dauden langileak esplotatzea oso errentagarria baita esplotatzaileentzat.

Ezin dugu ahaztu patronalak zein Gasteizko gobernuak migrazio politikak beraien beharren arabera moldatzeko adierazpenak egin dituztela, lan sektore zehatzetarako migrazioa beharrezkoa dela uste dutelako, horretarako behar diren baimenak eskatuz (patronalak ostalaritzan eta publikoan medikuak). Honen ondorioz, migrazioa eskubide unibertsal baino, kapitalaren logikaren eta gutxi batzuen etekinei mesede egingo dien erabaki politikoen arabera antolatu nahi dute.

Azkenik, muturreko adierazpen hauek gure herrian ez ezik Europa osoan hedatzen ari den tendentzia baten parte direla aipatu nahiko genuke, alegia, faxismoa eta arrazakeriaren zabalpena. Honen aurrean, LABek sindikalgintza antirrazista eraikitzen jarraitzeko konpromisoa hartzen du, eskubide guztiak pertsona guztientzat izatea abiapuntutzat hartuta.

Arabako zurgintzaren industriako taulen eguneratzea sinatu da, %10,8ko berrikuspenarekin

Gainera, otsaila finkatu da gaur egungoa berrituko duen hitzarmena negoziatzen hasteko.

Gaur, 2024ko urtarrilaren 17an, Arabako zurgintzaren industriako soldata-taulak eguneratu dira, 2023ko taulen gaineko %10,8ko berrikuspenarekin. Horrela, 2021-2023 urteetarako hitzarmenean sinatu zen KPIa berrikusteko klausula betetzen da. Bertan erabaki zen indarraldiko urteetako KPIa adostutako igoerak baino handiagoa bazen, hura amaitzean desberdintasunak eguneratuko zirela.

LAB sindikatuak negoziazioan izan zuen paper erabakigarria gogoratu nahi dugu, aurreko hitzarmenean (2016-2018) galdu zen KPIaren erreferentzia berreskuratuz. Aurreko hitzarmen hau ez genuen sinatu. Hitzarmenaren aurreakordioa sinatu zenean, 2021eko uztailean, 2020ko KPIa -%0,5 zen, eta uztaileko metatua %1,8. Ezin zen aurreikusi indize hori urte hartako azken hiruhilekoan eta hurrengoetan gertatu bezala asko igoko zenik; beraz, are garrantzitsuagoa da adierazle hori berreskuratzeko mahaian egin genuen presioa, beste hitzarmen batzuen oinarri ere izan baita.

Gainera, aurreko hitzarmenean San Joseren ordainsaria finkatu zen, 20 egunetik 30era (ordainsari osoa). Horrek guztiak ekarri du Arabako zuraren industriaren hitzarmena aplikatzen zaien pertsonei soldatak %18 igoko zaizkiela, aurreko hitzarmenean argitaratutako azken taularen aldean. LABek negoziazio mahaian egindako lanari esker, Arabako zurgintzan lan egiten duten pertsonek euren erosteko ahalmena bermatuta ikusi dute. Izan ere, LABentzat ez da nahikoa akordioa erdiestea soilik: akordioak ONA izan behar du.

Era berean, eta egungo hitzarmenaren indarraldia amaitu ondoren, bi alderdiek hitzordua jarri dugu otsailerako hitzarmen berria negoziatzen hasteko. LABen argi daukagu nondik pasatzen diren hitzarmen berri baten edukiak, besteak beste:

    • KPIaren erreferentziak dituzten igoerak.

    • Orduen jaitsiera.

    • Hobekuntzak kontziliazioan.

    • Aldi Baterako Ezintasunen osagarriak hobetzea.

    • Sektorearen desberdintasunarekin amaitzea.

Orain borrokatzea tokatzen da. Izan ere, mobilizazioa eta borroka dira sektorearentzako hitzarmen duin baten berme bakarrak. Horregatik, LABek negoziazioaren garapenari buruzko informazioa emango die zurgintzan lan egiten duten pertsonei, eta dinamika ezberdinetan parte hartzera animatzen gaitu, negoziazioa bultzatze aldera. Sektoreko lehen indarra izateak ematen digun aukerarekin, erantzukizunez eta anbizioz.

Jaurlaritzak aurreko grebetako zerbitzu minimoak gainditu dituela salatu dugu, eta hala ere Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako langileek kaleak bete dituztela adierazi

Ikastoletan posible izan dena Gizarte Ekimenean posible bilakatu behar dela diogu eta Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalei ekiparazioa eskuratu bitartean 2024rako erosahalmena bermatzea, lan zamak arintzea eta sektore feminizatu eta baldintza prekarizatuenetako langileentzat hobekuntzak eskatu dizkiegu.

Gizarte Ekimeneko lan-hitzarmena berritzeko borrokan hamargarren eguna egin dute gaur Gizarte Ekimeneko langileek, eta gaurkoan ere milaka lagun atera dira Bilboko, Donostiako eta Gasteizko mobilizazioetan.

LABen ustez patronalek bileretara edukiak ekarri ditu, baina oraingoz ez nahikoak direnak. Norabide horretan 2024rako %15etik gorako soldata igoera eskatu diegu, 0-2 urteko hezitzaileen soldata 2 urteko hezitzaileekin parekatzea, lan-hitzarmenean bermeduna izango den birkokapen klausula jasotzea eta lan zamak jaisteko neurri konkretuak. Haur eta Lehen Hezkuntzan ordu osagarri batzuk gehiago norberaren lanetarako izan behar dira, DBHn ikastoletako lan-hitzarmenean daukaten ordu-lektibo kopurua ekarri beharko lukete mahaira eta Lanbide Heziketan bikoizketak arautzeko prozedura zein konpentsazio ordu gehigarriak behar dira.

LABek patronalei eskatzen die edukietan mahaira eskaturiko eskakizun gehigarri horiek ekartzeko eta bere prestasuna adierazi negoziazioetan jarraitzeko. Atzo Ikastoletan sinaturiko akordioa Gizarte Ekimenean lortzeko eta sinatzeko baldintzak jarriz, lan-hitzarmen berria lortzeko norabidean kokatuko gintezke.

Bestetik, salatu nahi dugu Jaurlaritzak atzo aditzera eman zituen gutxieneko zerbitzuak gehiegizkoak direla eta aurreko grebetako zerbitzu minimoak gainditu dituztela. Honek Hezkuntza Laguntza Espezialistei greba eskubidea ukatu die eta onartezina da. Hori dela eta, bide juridikoari helduko diogula adierazten dugu.

Bukatzeko, adierazten dugu gainerako sindikatuekin batera beste lau greba egun deitu ditugula urtarrilaren 18, 23, 24 eta 25ean. Biharko egunean 11.30etan Donostiako Aldapeta ikastetxean elkartuko gara.

Alconza-Irizarrek ez ditu grebalarien aurka irekitako prozesu judizialak eten eta langileek lantegiaren eta eskualdearen etorkizunaren alde egindako borroka kriminalizatzen jarraitzen du

Gaur, urtarrilak 17, Getxoko epaitegietan deklaratzera deitu dituzte Alconzako bi grebalari, enpresaren etorkizuna defendatzeko eta Irizar-Alconzak egindako kaleratzeen aurka egindako borrokagatik. Horren aurrean, LABek 2 orduko lanuztea egin du Berangoko lantegian, eta baita elkarretaratzea ere Getxoko epaitegien aurrean, deituak izan diren lankideei babesa emateko.

Bi langileek aurre egin behar dieten akusazioak itxurazko kalte-delitu bati buruzkoak dira. Greba amaitu zenetik, 5 prozedura ireki dira 6 langileren eta LABeko kide baten aurka, eta baita hainbat zigor-espediente ere.

Mendeku eta errepresio dinamika honen helburua da lan-baldintza duinen alde eta enpleguaren defentsan langile klaseak egindako edozein borroka kriminalizatzea, 2019an eta beste gatazka batzuetan gertatu zen bezala.

LABetik, langileek lanpostuen defentsan egindako mobilizazioetan parte hartu zutenen aurkako jazarpena salatzen dugu, eta Irizarri mendeku eta errepresio dinamika alde batera uzteko eta egindako salaketa guztiak eta zigor guztiak behingoz kentzeko eskatzen diogu.

Horregatik guztiagatik, LAB sindikatuak dei egin du lantegian 2 orduko lanuztea egitera eta Getxoko epaitegien aurrean elkarretaratzera, deituak izan diren lankideei babesa emateko, prozesu judizial guztiak bertan behera uztea eskatzeko eta borroka sindikala delitua ez dela aldarrikatzeko.

LABek egoera salatzen eta mobilizatzen jarraituko du Alconza-Irizarrek irekitako zigor eta prozesu judizial guztiak kendu arte.

Borroka ez da delitua. Zuekin gaude.

Salatu dugu urtarrileko aste bakarrean Nafarroan lau langile hil direla istripuetan

LAB, CGT, Steilas, ESK, EHNE eta Hiru sindikatuok elkarretaratzea egin dugu gaur Iruñean, Nafarroako Gobernuaren egoitza nagusiaren parean, duela bi egun Arriben altueratik erorita zendu zen langilearen heriotzagatik protesta egiteko. Gauza da gaur berean bertze langile bat hil dela Cadreitan eta atzo bertze bat hil zela Funesen, beraz, dagoeneko lau langile direla urtarrilaren 10etik 17ra Nafarroa Garaian hil direnak. 2023an 12 izan ziren denera.

2024. urteak, dagoeneko, sei hildako utzi ditu Euskal Herrian, horietako lau Nafarroan. Azken urteetan Nafarroak lan istripuetan marka guztiak apurtu ditu eta badirudi joerak ez duela etenik. 2023an Nafarroan 26.360 lan istripu izan ziren (baja gabeak + bajadunak + larriak).

Izan ere, patronalak inpunitate osoz egiten dio muzin lan osasuneko araudiari. Aliatu estrategiko bat baitu horretan, Nafarroako Gobernua, zeinak ez baitu bitartekorik jartzen araudia betearazteko. Eta horren ondorioa urtetik urtera ikusten ari gara: lan istripu andana eta heriotz ugari.

Hobe luke Maria Txibiteren gobernuak ikuskatzaile gehiago kontratatzea patronala kontrolatzeko, eta ez milaka eta milaka euro xahutu prebentzio lurralde delegatua bezalako figuretan, zeinak enpresei araudia betearazi beharrean “xumeki gonbidatzen ditu” lan osasunerako araudia bete dezaten. Gogoratzekoa da badirela 28 urte Europan derrigorrezkoa dela araudi horiek betearaztea. Berandu dabiltza.

Arribeko heriotzaren gibelean badira arduradunak. Eta arduradun horiek badituzte laguntzaileak, konplizeak. Eta horiek guztiek erantzun beharko dute inoiz. Soilik langileria antolatuak irauliko du egoera hau. Lantokietan antolatzen jarraitu behar dugu, gero eta indar gehiago izateko, eta patronalari gauzak gero eta zailagoa jartzeko, Gobernuak babesten duen inpunitate hori behingoz buka dakion.

Grebei ekin diegu Nutec Procalen itun eta lan-baldintza duinen alde

Nutec Procal Berrizko Eitua poligonoan dagoen eta 50 langile inguruko plantilla duen enpresa da, eta bertako langileek kimikako estatu-hitzarmenean zehaztutako lan-baldintzak dituzte. Bertan ohikoa da ABLE bidezko kontratazioak egitea egiturazko lanpostuetarako, asko luzatzen direnak, batzuk urteetan. Egoera horren aurrean, langileek grebak hasi dituzte.

Enpresarekin hainbat aldiz saiatu dira negoziatzen, lan- eta soldata-baldintzak hobetzeko barne-itun bat sinatu ahal izateko, baina langileek zuzendaritzaren ezezkoa baino ez dute jaso, eta honek okertu ere egin du hasierako proposamena.

Orain arte, nahikoa ez zen igoera baino ez zuen eskaintzen enpresak, eta ez zuen lan-baldintzak estatalizatuta eta nahiko prekarizatuta dituzten langileekin beste hobekuntzarik negoziatu nahi. Are gehiago, hasierako eskaintza baino okerragoa egin du plantilla mobilizatuko zela jakitean, bere benetako aurpegia erakutsiz eta enpresak planteatzen dituen baldintzekin nekatuta dauden langileei beldurra sartu nahian.

Atzo egin zuten lehen greba eguna langileek, hainbat hilabetez itun bat negoziatzen saiatu ondoren, erosteko ahalmena bermatuko dien igoera bat eta ABLE bidezko kontratuen luzapena mugatzea lortzeko, langile horiek urteak baitaramatzate horrela kontratatuta, eta lanpostu estruktural eta finkoetan ari baitira lanean.

Ordezkaritza sindikal osoa LABek osatzen du, eta borroka proposamena egin zien irabazi handiak dituen eta, Estatuko hitzarmenaz harago, hobekuntzarik proposatzen ez duen enpresako langileei. Langileek irmo erantzun zuten eta %100eko jarraipena izan zuen grebak, enpresari plantillaren kohesioa erakutsiz eta itun duin baten beharra aldarrikatuz.

Adostasunik ez badago, langileek mobilizazio gehiago egingo dituzte. Horrela, bihar, urtarrilak 18, 22:00etan, 24 orduko bigarren greba egunari ekingo diote eta ostiralean, hilak 19, lantegiaren sarreraren aurrean elkarretaratzea egingo dute 07:00etatik 15:00etara. Gainera, urtarrilaren 24tik aurrera, 8 greba egun egingo dituzte, otsailaren 2ra arte.

Osakidetzaren kudeaketak arriskuan jartzen gaituela salatu dugu Laudion

Joan den ostiralean herritar bat hil zen Laudioko anbulategian bihotzekoak jota, bertan medikurik ez zegoenean. Gaur, mobilizazioa egin dugu bertan, Osakidetzaren kudeaketak arriskuan jartzen gaituela salatzeko.

Era berean, datorren ostiralean, hilaren 19an, Aiaraldean egingo den eskualdeko mobilizazioan parte hartzeko deia egin dugu. 18:30ean izango da, Laudioko Herriko Plazatik, osasun sistema publiko eta duin baten alde.