2025-12-31
Blog Page 158

26.000 lan-istriputik gora egon dira 2023an Nafarroan, Estatuko daturik okerrenetakoak

LAB, CGT, ESK, STEILAS, EHNE-etxalde eta HIRU sindikatuok agerraldia egin dugu Iruñean, 2023ko laneko ezbeharren txostena aurkezteko. Txostenak Euskal Herri osoa hartzen du aintzat baina gaurkoan, Nafarroako ikuspegitik egin da irakurketa. Lan-istripuak eta gaixotasun profesionalen inguruko datuak jasotzen dira bertan eta adierazi dugu 2023ak azken urteotako joera berretsi besterik ez duela egin. Izan ere, azken 10 urteotan, gutxienez 587 langile hil dira lan istripuz Euskal Herrian eta 2023an, 59. Nafarroari dagokionez, azken 10 urteotan 150 langile hil dira istripuz, 12 2023an. Gainera, istripu kopuruak ez du etenik, nahiz eta gero eta jende gehiagok zerbitzuetan lan egiten duen zerbitzutan (%70 inguru), hau da, istripu traumatiko gehien eragiten dituzten sektoretatik kanpo.

Aurkeztutako txostenak bi atal nagusi ditu. Lehenak, sindikatuon datuak jasotzen ditu. Lehen atalari jarraiki, 2023an Nafarroan izandako istripu hilgarrien inguruko zehaztasunak eman ditugu. Horrela, 5 heriotza garraiolarienak izan dira, 5 errepidean istripuaz (horietatik 2 in itinere), industrian 2 egon dira, beste 2 eraikuntzan, ez traumatikoak ere 2 izan dira eta 1 bortxakeriaz.

Datu ofizialak jasotzen ditu txostenaren bigarren atalak. Istripuetan, datu ofizialek, enpresa zein mutualitateek eskainitako datuak hartzen dituzte aintzat. Hemen amarrua dago, batetik, istripu arin asko ez direlako aitortzen eta bestetik, istripu larri asko mutualitateetako sendagileek arintzat jotzen dituztelako, administrazioen kontrolik gabe. Hala ere, datu ofizialek 100.000 lan istripu aitortzen dituzte Hego Euskal Herrian, eta 26.000tik gora Nafarroan, azken urteotako joera berretsiaz.

Gobernuek heriotzen inguruko datuak ere izkutatzen dituzte. Kasurik ohikoenak garraiolarienak izaten dira edo laneko heriotza bezala hartzen ez diren in itinere zein in mision istripuen kasuak. Istripu eta heriotza hauetako asko gure afiliatu sarearen bidez ezagutzen ditugu. Sindikatuok Nafarroan 12 istripu hilgarri zenbatu ditugu eta datu ofizialen arabera 10 izan ziren.

Sektore batzuetan hiltzeko aukera gehiago dago, hala nola basogintza, eraikuntza, industria edo garraioan, eta beste batzuetan errazagoa da gaixotasun profesionalak garatzea. Honetan, gero eta nabarmenagoak dira afekzio psikosozialak. Hauen kasuan sektore feminizatuek pairatzen dute egoera bortzitzena. Lan batzuek hil egiten dute, beste batzuek aldiz ez dute bizitzen uzten.

Istripu ez traumatikoen hazkundeak, kardiopatiak tarteko, faktore psikosozialean dauka bere iturrietako bat. Arrisku psikosozialen gorakadak heriotza ez traumatikoetan dauka islada, hauen hazkundean. Laneko arriskuen eragina dago heriotza hauen atzean, neurri batean behintzat. Nabarmendu beharrekoa da mutualitateek, une honetan, ez daukatela kasu psikosozial bakarra ere laneko kontingentzia bezala aitortuta, denak jotzen baitute kontingentzia arrunt.

2024ko lehen hilabetea ere orain arteko joera lazgarriaren erakusle da, urtarrilean 13 hildako izan baitira Euskal Herrian, horietatik 5 Nafarroan.

Laneko gaixotasunei dagokienez, enpresarioen elkarteak diren mutualiateetako sendagileek erabakitzen dute, lehen instantzian, langileak pairatzen duen gaitz horren jatorria lanekoa ala arrunta ote den. Eta mutualitateen iruzurrak eragiten du gaixotasun profesionalen azpierregistro lotsagarria.

Honen erakusgarri, Osasunerako Munduko Erakundeak (OME) berak aitortzen duela, lan munduan, gaixotasunek istripuek baino heriotza gehiago eragiten dituztela. Hala ere, erregistro ofizialek, laneko gaixotasunen gehiengo zabala ezkutatzen dute. OMEren arabera, minbizi kasu guztien %30 eta 40aren artean izan daiteke lanetik eratorria eta heriotza guztien %20a soilik da istripu traumatikoen ondorio, beste %80a istripu ez traumatiko eta laneko gaixotasunek eragindakoa izango litzatekeelarik, beti ere OMEren arabera.

2023ko erregistro ofizialen atzean dagoen gorakadak esan nahi du, dauden guztietatik, bakarren batzuk gehiago izan direla aitortuak, besteak beste sindikatuon presioagatik.

Ia 30 urte martxan daramatzan lan osasuneko araudia ez da betetzen, eta patronalak inpunitate osoa dauka ez betetze honen aurrean.

Erakunde eta amarauna instituzionalek inpunitate hori babesten dute. Gobernuek ez dute patronala isuntzen eta patronalak ederki daki zein den gobernuek bidalitako mezua: “zuek jarraitu horrela, ez baita ezer gertatuko”. Iruzur honetan mutualitateak dira gakoa, patronalaren inpunitatea eta gobernuen antzutasuna baliatzen duten tresna baliagarria baitira. Ondorioz, OSALAN eta NOPLOIek egiten dituzten plan garestien islada ez da inon ageri.

Nafarroan, gainera, hainbat diru partida banatzen dira sindikatu handienen eta enpresarien elkarteen artean, “prebentzioa egiteko”. Guztira 1.200.000 euro hiru partida nagusietan. Hauen emaitza zein den neurtzea ez da batera erraza eta askotan zalantzan ipintzen dugu, bake soziala erosteko partidak direla ere uler baitaiteke. Diru hau Lan Ikuskaritza indartzeko erabiliko balitz, ziurrenik egoera ez litzateke horren txarra izango.

Egoera latz honen aurrean, sindikatuok urrats berriak emango ditugu:

  • Gure iruditegi berriarekin bat ekimen berriak burutuko ditugu.
  • Istripu hilgarrietan kontzentrazioak egiten jarraituko dugu eta baldintzak ematen direnean aktibitatea geldiarazi.
  • Istripu asko ematen diren momentuetan mobilizazio bereziak egingo ditugu Patronala eta Gobernuak interpelatuz. Honela, datorren otsailaren 14ean Bilbon mobilizazio bat egingo dugu heriotza asko eman diren bolada berri hau salatzeko eta gobernu zein patronalaren ardurak argitzeko.
  • Mutualitateen publifikazioa lortzeko borroka ezberdinak piztuko ditugu.
  • Gobernuei exijitu diegu patronalari araudia betearazteko bitarteko errealak ipini ditzala:
    • Osalanen eta NOPLOIko teknikariei isunak jartzeko gaitasuna eman.
    • Ikuskari kopurua biderkatu.
    • Ikuskariei ofizioz enpresak zelata ditzatela, ardura guztia delegatuen gain utzi gabe.
    • Patronalaren inpunitatea apurtzeko erabakia hartu, kanpaina hertsatzaile gogor bat abian ipini dezatela eskatuaz.
    • OSALAN eta NOPLOI fiskaltzarekin koordina daitezela kausa penalak dinamizatzeko.
    • Laneko Segurtasun eta Osasunaren Institutu Nazionalak laneko gaixotasun oro katalogatu dezala, bereziki sektore feminizatuetan horrelako eragina duten psikosozialak.

Bada garaia Eusko Jaurlaritzak erantzukizunak eta konpromisoak bere gain har ditzan Mecanerreko enpleguaren eta eskualdearen etorkizunaren defentsan

Gaur, enpresa-batzordeak programatutako asteko lehen greba egunean, Mecaner enpresako langileak Lakua atarian elkartu dira, Eusko Jaurlaritzari esateko badela garaia erantzukizunak eta konpromisoak hartzeko eta 148 langileen kaleratzearen aurrean alternatibak proposatzeko.

Mecaner-eko plantillak lehen egunetik erakutsi du konpromiso argia duela lanpostuak mantentzeko eta etorkizuneko industria bat defendatzeko. Horren erakusle da hilabete hauetan egindako borroka eta fabrika bideragarri dela frogatzeko eta etorkizuna bermatzeko egindako trantsizio ekosozialeko proposamenak eta informe teknikoa.

Itxieraren iragarpenetik ia 6 hilabetera eta kontsultaldia hasteko bi aste falta direnean, hitzetatik ekintzetara pasatzeko unea da. Ez du balio pilota batak besteari, eta inork ardurarik hartu gabe pasatzea, ehunka lanpostu eta eskualde baten etorkizuna jokoan dauden bitartean.

Fase erabakigarri batean sartuko gara, eta Mecanerreko eta eskualdeko langileok benetako urratsak eta enplegua defendatzea nahi dugu.

Garaiz gabiltza Mecaner eta gure eskualdearen orainari eta etorkizunari irtenbide bat emateko.

Mecaner salba dezagun!

Martxoaren 12an greba EAEko zerbitzu publikoetan, lan baldintzak hemen negoziatzeko borondate politikorik ez dagoelako

LAB, ELA, CCOO, STEILAS eta ESK sindikatuek mobilizazioekin jarraitzea beste aukerarik ez dugu sektore publikoko lan baldintzak eta zerbitzua benetan hobetzeko. Aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak diru bilketetan errekorra eta aurrekontuetan superabita dutenean, langileen behin-behinekotasunak muga historikoa gainditu du (%44) eta erosahalmenaren galera %8tik gorakoa izan da bi urteotan.

EAEko sektore publikoko bigarren greba egunetik bi hilabete igaro dira, eta erakundeek eta ordezkari politikoek elkarrizketarako eta akordiorako borondatea adierazi duten arren, sektore publikoko egoera ez da hobetu, kontrakoa baizik: langile publikoen lan baldintzek okerrera egiten jarraitzen dute. Sektore pribatuan, mobilizazioari esker, sektoreko hitzarmen batzutan, KPItik gorako soldata igoerak lortzen ari dira. Sektore publikoan, berriz, Madrilek batutari eusten segitzen du euskal erakunde eta alderdi politikoen adostasunarekin, eta bi urteotan langileen erosahalmenak %8ko galera izateaz gain, behin-behinekotasun orokorrak ere goia jo du: %44tik gorakoa da, historiako handiena, eta 65.000 langile baino gehiagori eragiten die (Osakidetzako sektore batzuetan %50etik gorakoa da).

EAJren eta PSOEren arteko inbestidura akordioak, soldatak eta enplegua hemen erabakitzeko ate bat ireki zezakeen arren –argi utzi zuen horrek sindikatuon eskaerak borondate politikoari lotutako auziak zirela, ez lortu ezinezkoak–, ez da benetako pausorik eman helburu hori lortzeko. Horren adibide argia da honako hau: Eusko Legebiltzarrak 2024rako onartutako aurrekontuetan, 19. artikuluak jasotzen du Madrilek soldaten eta enpleguaren arloan hartzen dituen erabakiak bete behar direla.

Bestalde, sindikatuek eskatu diete euskal alderdi politikoei botoak baliatzeko Madrilek ezarritako betoak galarazteko. Egun, ordea, beto horiek mantentzen dira. Aste gutxi barru landuko den Estatuko Aurrekontuen Legean beto horiek kentzearen alde egitea eskatzen diegu.

Zerbitzu publikoetan egoera hau ematen den bitartean Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek inoizko diru bilketa handiena egiten ari dira. Eusko Jaurlaritzak ere superabita du aurrekontuetan, eta EAE ko erakundeek bankuetan ia 10.000 milioi atxikita dituzte.

Horregatik, sektore publikoan %80tik gorako ordezkaritza duten LAB, ELA, CCOO, STEILAS eta ESK sindikatuok dei egiten diegu langile publikoei grebarekin eta mobilizazioekin masiboki bat egin dezaten, erakundeek eta alderdi politikoek Madrilgo betoak negoziatu eta baliogabetzea lortzeko, zerbitzu publikoen soldatak eta enplegua hemen negoziatu eta adostu ahal izateko.

Era berean, zerbitzu publikoen eta horiek ahalbideratzen dituzten pertsonen alde egiteko, sindikatuok erakundeei eskatzen diegu lan baldintzak hobetu ditzatela. Zehazki, hauek dira eskatzen ditugun hobekuntzak:

  • % 10eko soldata igoera eta aurretik hartutako zorra berreskuratzeko konpromisoa.
  • Pribatizazioei atea ixtea eta publifikazio planak adostea.
  • Enplegu publikoa sortzea eta kontsolidatzea, behin-behinekotasuna %8an kokatuz.
  • Lan kargak arintzea, plantillen osasuna bermatuz.
  • Politika feministak, berdintasunerako plan erreal eta eraginkorrak adostea.
  • Administrazioak eta langileak euskaraz, iruzurrik gabe.
  • Jardunaldiaren murrizketa 32 orduko lan astearen norabidean ipintzea.

Araba 2030 zaintza-agendan partea hartzea eskatu diogu Aldundiari

Joan de otsailaren 8an, Gorka Urtaran Arabako Gizarte Politiketako diputatuak iragarri zuen, Zainketen Agenda “gizarte-eragileekin, Hirugarren Sektoreko erakundeekin, familia eta erabiltzaileekin eta profesionalekin partekatuko” zela, “Araban datozen urteetarako gizarte-politiken erronkak elkarrekin definitzeko”. Honek nahasmena eta mesfidantza sortu zituen zainketen kudeaketan zuzenean inplikatuta dauden hainbat gizarte eragileren artean.

Orain arte, behin baino gehiagotan berariaz eskatu arren, Foru Aldundia ez da harremanetan jarri gizarte-eragileetako inorekin, zeintzuk aspalditik aldarrikatu baitugun Arabako egoitza eta etxebizitza komunitarioen sektorearen egoerari premia handiz heltzeko beharra eta Arabako lurralde historikoan zaintzarekin lotutako plan, programa, akordio, dekretu edo agendetan parte hartzea.

Joan den azaroaren 10ean, Babestu Araba, Zaintza Araba, pentsiodunen mugimendua eta LAB eta ELA sindikatuok bilera baterako eskaera bat erregistratu genuen Gizarte Politiketako diputatuari zuzenduta, Arabako zainketa sistemarekin lotutako gai hau eta beste batzuk aztertzeko.

Gaur, 2024ko otsailaren 13an, oraindik ez dugu inolako erantzunik jaso; hala ere, albiste horrekin topo egin dugu komunikabideetan, “elkarlaneko gobernantzaren” ereduaz eta zaintzari lotutako sektore guztiekin eztabaida prozesuaz hitz egiten duena, adostutako gomendio-multzo bat egiteko.

Senideen elkarteak, pentsiodunen mugimendua, Arabako Mugimendu Feminista eta LAB zein ELA sindikatuok lau urte baino gehiago daramatzagu Arabako egoitzen eta etxebizitza komunitarioen sektoreko langileen lan baldintzak zein laguntza baldintzak duinduko duen hitzarmen bat eskatzen. Egoitzei buruzko dekretua eta ituntzeko esparru akordioa egiterakoan parte hartzea ere eskatu genuen, baina ez dugu deirik jaso.

Horregatik, Araba 2030 zaintza-agendan parte Hartzea eskatzen dugu, zaintzarekin lotutako sektore guztietako solaskidetza-bitarteko eta eragile baliagarri gisa.

LOSALeko langileek lanuztea eta manifestazioa egin dituzte Gernikan, hitzarmen duinaren alde

Urtebete daramate LAMINADOS LOSAL SA enpresan enpresako hitzarmen duin bat negoziatu nahirik, baina zuzendaritzak ez du horretarako borondaterik erakusten. Langile Batzordetik aurkeztutako plataformari puntuz puntu ezezkoa erantzun eta KPI-a bermatzen ez duen “soldata igoera” da LOSALeko zuzendaritzak proposatzen duen gauza bakarra.

Urtarrileko asteazkenetan ordubeteko lanuzteak egin eta enpresak negoziazioan ezarria duen blokeoa gainditu dezan aldarrikatu dute langileek, euren plataforman jasotako puntuak plazaratzearekin batera. Hala ere, gaur-gaurkoz, zuzendaritzak ez du urratsik eman, ez du prestasunik langileen lan baldintzak hobetu daitezen lan egiteko.

Hori horrela, gaur kalera atera dira LOSALeko langileak. Lanuztea egin eta manifestazioan atera dira Gernikan ozen salatzeko enpresaren jokaera atzerakoia. Hitzarmen duin bat nahi dute: KPI-aren araberako soldata igoera, errelebo kontratuak bermatzea, antzinatasuna errespetatzea, urteko jarduna murriztea, baimenak errespetatzea. “Ez dugu atzerapausorik onartuko hitzarmenean, zuzendaritzaren blokeoari aurre egin eta geurea dena defendatzen eta borrokatzen jarraituko dugu”, adierazi dute.

Borrokan jarraituko dugu EAEko Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako langileek 2027rako soldaten ekiparazioa izan dezaten

Baiezko kritikoa emango diogu Gizarte Ekimeneko greba bukaerako akordioari honek ekainaren 1ean sinaturiko Akordio Laboralaren ondoriozkoak diren neurrietako gehienak dituelako, bereziki, enplegua mantentzearen ondoriozko figura berriak eta lan zamak arintzeko neurriak adostea.

Bere afiliatu eta ordezkariei galdetu ondoren, Gizarte Ekimeneko greba amaierako akordioari sinadura kritiko bat ematea erabaki du LABek, enpleguari eustearekin duen erantzukizunagatik. LABek ekainaren 1ean sinaturiko Akordio Laboralaren ondoriozko prozedura jaso du akordioak, jaiotze-tasaren jaitsieraren aurrean enplegua mantentzekoa, alegia. Honen ondorioz, ondorengo hilabeteetan negoziatu eta adostuko dira kategoria berriei dagozkien lanpostuak euskara eta hizkuntza gaitasuna indartzeko, behar bereziak dituzten ikasleei arreta hobetzeko, hezkuntza berrikuntzan sakontzeko, kudeaketa hobetzeko eta langileen lan zamak arintzeko. Eta horrekin batera, 60 urtetik gorako langileentzat neurrien zehatzen azterketa, plantillak gaztetzeko.

Hala ere, borrokan jarraituko du 2027rako soldaten ekiparazioa Gizarte Ekimeneko langileentzat ere eraginkorra izan dadin, ikastoletako langileekin egin zuen bezala. LABen ustez, langileen borrokaren ondoriozkoa zen garaipen nagusiari ezin diogu uko egin, beste sindikatu batzuek horrela egin duten arren. Ekiparazioak %18ko eta %20ko soldata igoerak ekarriko lituzke. Bide batez, LABek begi honez ikusten du Hezkuntza Sailak publikoki adierazi izana soldata igoera horiek 2027rako ekiparazioarekin lotuta daudela. Halaber, LABek kezkaz bizi du mahai-negoziatzailetik ekiparazioa baztertu izana eta 2024 urtea bukatuta langileak ezegonkortasun egoera batean egongo direla salatzen du. LABek ez du onartuko Gizarte Ekimeneko langileak gutxiago kobratzea edo baldintza kaskarragoak edukitzea.

Finantziazio publikoari guztiz loturiko soldata igoera eta enplegu mantentzeko neurriak adostu dira Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako langileentzat. Izan ere, hezkuntza lege berriaren testuinguruan itunpeko ikastetxeek hezkuntza zerbitzua dohain eskaini behar dute eta familiei ezingo zaie arrazoi horregatik kuotarik kobratu. LABek hau horrela dadila bermatzeko legeak ezartzen dituen auditoretza eta ikuskaritzen jarraipen zorrotza egingo du eta betetzen ez den kasuetan gogor salatuko du, ituna baldintzatzeraino.

Aurrekoaz gain, LABek azpimarratu nahi du Gizarte Ekimeneko akordioan dauden eduki gehienak LABek Ikastoletako akordioan jaso eta sinatu zituela aurreko urtarrilaren 16an. Bertan, enplegua eusteko neurriak adostu ziren, lan kargak arintzekoak, feminizaturiko eta prekarioen dauden langile kategorientzat hobekuntzak lortu eta eskola orduetan murrizketak adostu ere.

LAB pozik agertzen da Hezkuntza Sailarekin ekainaren 1ean sinaturiko akordio laborala, soldaten ekiparaziorako eta langileen lan baldintzen homologaziorako lortutako akordioa, oinarri izan delako ikastoletan eta Gizarte Ekimeneko ikastetxeetan akordioak lortzeko.

Bukatzeko, LABek adierazten du Gizarte Ekimeneko langileen akordioa sinatu ostean, akordiotik sortu behar diren enplegua mantentzeko batzordeetan lanean arituko dela enplegu suntsiketa ekiditeko eta lanpostua galtzear egon daitezkeen langileen birkokapena bermatzeko. Izan ere, LABek sektoreak behar duen egonkortasunaren alde lan egiteko konpromisoa hartzen du Lan Hitzamenaren negoziazioetan.

2008an sinatutakoa betetzeko eta Bizkaia osorako garbitegi publiko bat martxan jartzeko eskatu diogu Osakidetzari

Osakidetzako ikuztegiko eta lentzeriako zerbitzu gehienak pribatizatuta daude. Bizkaian, Barrualde ESIak bakarrik mantentzen du garbitegi publikoko zerbitzua Galdakaoko Ospitalean; gainerako ESIetan, berriz, enpresa pribatuak arduratzen dira uniformeak eta ospitaleratutako pertsonentzako oheko arropa garbitzeaz eta kudeatzeaz. Egoera honen aurrean, Osasun Sailak Bilbon duen egoitzaren aurrean mobilizatu gara, Osakidetzari Bizkaia osorako garbitegi publiko bat martxan jartzea eskatzeko.

Beste behin ere, Osakidetzaren funtzionamendu egokirako oso garrantzitsua den zerbitzua, etekina ateratzeari zerbitzuaren kalitateari baino gehiago erreparatzen dioten esku pribatuetan utzi da. Izan ere, zerbitzu pribatizatuta daukaten ESI horietan guztietan arazo ugari sortu dira, bai uniformerik ez izateagatik, txarto garbiturik egoteagatik edota ospitaleratutako pertsonentzako oheko arropa eta manta faltagatik. Azken adibidea Bilbo-Basurtu ESIan dugu, non zerbitzua ILUNION enpresak ematen duen. Enpresa hori ez da behin eta berriz hitzartutako kalitatea eta zerbitzua betetzen ari, eta, aurretik ere beste ESI batzuetan, hala nola Santa Marinan eta Ezkerraldea-Enkarterri-Gurutzetan, arazoak ere sortu ditu.

Osakidetzako zuzendaritzak osasun publikoaren pribatizazioaren aldeko apustu garbia egiten jarraitzen du. Iurretako plataforma logistiko baten lizitazioarekin edo Boroako biltegiarekin ikusten ari gara egunotan. Zerbitzu horiek guztiak Osakidetzako langileek ondo baino hobeto eman ditzakete, kalitate eta segurtasun handiagorekin eta koste txikiagoarekin. Arazoa da horrela diru publikoaren iturria moztuko litzaiekela enpresa lagunei. LABek 160 milioi euroko balioa duten pribatizazioak geldiarazi ditu gaur arte Osakidetzan.

Ikuztegi-zerbitzuarekin, gainera, Osakidetzako Zuzendaritza behin eta berriz eta kontzienteki urratzen ari da 2008an Mahai Sektorialean sinatutakoa. Urteak dira Bizkaian ikuztegi publikoko zerbitzu bat izan behar genuela, lurraldeko Osakidetzako zentro guztien eskaerari erantzuteko. Hala hitzartu zen gaur egun indarrean dagoen 2007, 2008 eta 2009ko Lan Baldintzen Akordioan, 12. atalean, honako hau adierazten baita: “-Zerbitzuen kanporatzea: Osakidetzak, Akordio hau sinatzean, onartu egiten du ente publikoak Bizkairako Garbitegi zerbitzu propioa sortzeko konpromisoa eta Akordio hau indarrean dagoen bitartean jarriko du martxan, euren kontratuak amaitu ahala Osakidetzako zentroek azpikontratatuta dituzten zerbitzuak bere gain hartzeko”.

Osakidetzako zuzendaritzaren sinadurak ez du ezer balio dirua eta etekin pribatua jokoan daudenean.

Kontzentrazio honekin jarrera hori salatu nahi dugu eta Osakidetzako Zuzendaritzari gutxienez adostutakoa eta sinatutakoa bete dezala eskatu nahi diogu. Zehazki, LABek honako hau eskatzen dio Osakidetzako Zuzendaritzari:

• Bilbo-Basurtu ESIan, ILUNIONekin egindako kontratua bertan behera uztea behin eta berriro hitzartutakoa ez betetzegatik.

• Pribatizatuta dagoen ESIetan ikuztegiko eta lentzeriako zerbitzua publiko bihurtzeko prozesua abian jartzea.

• Mahai Sektorialean hitzartutakoa betetzea eta Bizkairako garbitegi publiko bat abian jartzea, betiere Galdakaoko Ospitalean dagoen ikuztegi publikoko zerbitzua mantenduz.

Mejorando cada DĂ­a fundazioaren kudeaketa negargarria salatu dugu, baita langileei ematen dieten tratua ere

Salatu nahi dugu Mejorando cada Día fundazioaren bidez Avanvida SL enpresak Iruñerrian kudeatzen dituen osasun mentaleko laguntzako etxebizitzetako langileak egoera larrian daudela. Gure iritziz egoera jasanezina da.

Gaur egun zazpi langile daude plantillan, eta horietatik bi bakarrik dira finkoak. Aldi baterako langileekin aritzea da enpresa honen araua, betiere %80tik goitiko behin-behinekotasunarekin. Langileek behin-behineko kontratuak lotzen dituzte eta kontratu finkoak egin behar dizkietelarik ez diete kontratua berritzen, eta kalean uzten dituzte, lanpostu horretarako bertze pertsona bat kontratatzeko. Zerbitzuaren beharrak ez dira aldatzen eta, beraz, ez dago justifikaturik jarduteko modu hori. Hartara, lanpostu estrukturalak egonik, zergatik ez dituzte langileak finko egiten? LAB ziur dago jokabide hori iruzurrezkoa dela, ezkutuko kaleratzeak baitira.

Hitzarmenari dagokionez, enpresak ez ditu gauza asko betetzen. Langileek hilabeteak daramatzate lan egutegia eskatzen eta gaur arte ez diete eman. Langileek ez dute lan egutegi egonkorrik, ez dakite noiz joan behar duten lanera, dena bat-batean egiten dute eta etengabe egiten dizkiete aldaketak, enpresaren beharrak betetzeko.

Bertzalde, lanaldi luzapenak etengabeak dira, eta langileek guardiako txandak egin behar dituztelarik, atsedenaldiak ez dira betetzen eta ez dira behar bezala konpentsatzen. Langileek ez dute aparteko deus eskatzen, baizik eta edozein lanpostu motak bete behar dituen oinarriak betetzea.

Egoera larria da. Eta are larriagoa da, gainera, enpresak ez dituelako betetzen langileen legezko ordezkaritzaren eskakizunak: ez dago informaziorik, ez dago erantzunik, ez dago elkarrizketarik, ez dago lanpostuen ebaluaziorik, ez eta laneko osasun psikosozialaren jarraipenik ere, hain garrantzitsua baita pertsonekin lan egiten duten zerbitzuetan.

Bukatzeko, LABek langileek jasotzen duten tratuari buruz duten haserrea adierazi nahi du; izan ere, enpresak behin eta berriz zalantza egin du haien profesionaltasunaz, haien aurkako jazarpen emozional eta psikologikoko formulak erabiliz. Bajak daude arrazoi horregatik.

LABek egoera hau konpontzeko eskatu nahi dio enpresari, bere erantzukizunak bere gain har ditzan eta bere plantilla errespetuz, duintasunez eta tratu onez trata dezan. Hala ez bada, sindikatu honek egoera publikoki salatzen jarraituko du.

Bizkaiko Foru Aldundiak indarkeria matxistaren arloan lan egiten duten psikologoen lanpostuak kendu nahi ditu

Aldundiko langileak Bilbon mobilizatu dira, Foru Jauregiaren aurrean, indarkeria matxistaren arloan lan egiten duten psikologo postuak kendu dituztela salatzeko. “Indarkeria matxistaren aurka ez dago inor soberan”, adierazi dute.

Bizkaiko Foru Aldundiaren Emakumearen eta Familia Esku-hartzearen Zerbitzua, 1987an sortua, Bizkaiko indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei* eta haien seme-alabei arreta ematen dien zerbitzu espezializatua da. Sortu zenetik, eta urteetan zehar, indarkeriaren biktimei arreta emateko programa eta zerbitzu berriak sortzen aitzindari eta berritzaile izan den zerbitzua izan da, eta helburu argia izan du, emakume guztiengana* eta haien seme-alabengana iristea.

Emakumearen eta Familia Esku-hartzearen Zerbitzua indarkeria matxistaren biktimen beharretara egokitzen joan da urte hauetan, eta genero-ikuspegia eta gizarte-aldaketak barneratu ditu arazo horren arretan.

Zerbitzu honen egungo taldea honako hauek osatzen dute: 4 gizarte-langile, 4 psikologo, 6 administrari eta Administrazio Orokorreko teknikari bat. Diziplinarteko talde horrek aukera ematen du emakumeen* eta haien seme-alaben beharrei esparru global eta integral batetik erantzuteko. Sortu zenetik, beti hartu da kontuan diziplinarteko lana egiteko beharra.
Indarkeria matxistak eragin sozial eta psikologiko handia du indarkeria jasaten duten pertsonengan. Horregatik, beharrezkoa da ikuspegi integrala eta globala izatea indarkeria matxistaren biktima diren emakumeak artatzeko eta berreskuratzeko prozesu osoan.

Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegu, Gizarte Kohesio eta Berdintasun Sailak 15 urtetik gorako esperientzia eta indarkeria matxistan espezializatutako prestakuntza duten 3 psikologo lanpostu amortizatzea proposatu du. Horrek begirada murriztailea eta biktimei ematen zaien arretaren kalitatea asko galtzea dakar.

Bizkaian indarkeria matxista desagerrarazteko lan egitea denez zerbitzu honen eskumena, psikologiaren arloko profesionalak kentzea ulertezina da, are gehiago indarkeria matxistak indarkeria jasaten duen pertsona bakoitzaren osasun psikologiko, afektibo eta emozionalean eragin zuzena duenean: edozein emakume* eta haien seme-alabak.