2025-12-30
Blog Page 151

Greba mugagabea hasiko dute Andoaingo SAPA OPERACIONESen itun duin baten alde

Andoaingo SAPA OPERACIONES enpresako ituna berritu gabe dago 2012tik. Soldata alorrean igoerak adostu badira ere urte hauetan enpresak ez du bestelako negoziaketetan sartu nahi izan. Aurtengoan negoziaketek aurrera egin behar zutela adierazi zion enpresari enpresa-batzordeak baina legeak gutxienez derrigortzen duena soilik aplikatuko duela argi utzi dio. Enpresak 167 langile ditu.

Hori guztia dela eta, bilera ugaritan negoziaketarako eskari irmoak egin dizkiote langileek enpresari. Eskakizunei entzungor egin dienez, enpresa-batzordeak adierazpen bat egin zuen enpresa atarian egindako kontzentrazio batean non, SAPAko Zuzendaritza negoziaketa mahaian eser zedila exijitu baitzuen. Mugimendurik egon ez zela ikusi zutenean langileek elkarretaratzea egin zuten Andoaingo Plazan “Aperribay, SAPAn 2012tik pakturik gabe” lemarekin. Mobilizazioekin jarraitu zuten eta dagoeneko 4 egunetan ordubeteko lan uzteak egin dituzte enpresa barruan negoziaketarako mezuak zabalduz.

Salatu nahi dute enpresako jabea den Aperribay jaunak harrotasun handiz diola SAPA punta-puntako enpresa eta nazioartean erreferentea dela. Lan baldintzak aldiz, puntakoak izatetik oso urrun daude eta langileen haserrea geroz eta nabariagoa da.

Blokeo egoera hau gainditzeko langileek asanblada egin zuten otsailaren 28an eta bertan, gehiengo osoz eta alde izugarriarekin, greba mugagabera jotzea erabaki zuten. Hortaz, Sapa Operaciones enpresako langileak, 2024ko martxoaren 7tik greba mugagabean izango direla akordio bat lortu arte.

Hauek dira egiten dituzten aldarrikapenak: soldata arrakalarekin amaitzea, KPItik gorako soldata igoera, lanaldi murrizketa, kontziliaketa neurri desberdinak telelana zein lizentzia desberdinak planteatuz eta azpikontratetako langileen murrizketa, postu hauek enpresan integratuz.

Enpresari ozen esan nahi diote ez dutela lan zein soldata diskriminaziorik onartuko eta dagokiena lortu arte borrokan jarraituko dutela.

Ez dago informaziorik Nafarroako ikastetxe publikoetan 2 urteko gelak ezartzeari buruz

Aste honetan, 0-3 zikloarekin lotutako hainbat sindikatu bildu gara, Hezkuntza Departamentuak 2 urteko haurren ikasgelen gaiari buruz gardentasun faltaz eta informazioa eragotziz jokatzen duela salatzeko.

Behin baino gehiagotan gai horri buruzko hainbat galdera egin zaizkio Hezkuntza Departamentuari, eta jaso dugun erantzuna beti isiltasuna edo zehaztasun falta izan da, eta azkenean prentsaren bidez jakin dugu bere asmoen berri.

Salatu nahi dugu LAB, STEILAS, AFAPNA, UGT, CCOO eta ELA sindikatuok nekatuta gaudela Hezkuntza Departamentuaren itsuskeriaz, utzikeriaz eta erabakiak hartzeko moduaz, inor kontuan hartu gabe eta inolako azalpenik eman gabe jarduten baitu.

LAB, STEILAS, AFAPNA, UGT, CCOO eta ELAk otsailaren 27an, asteartearekin, bilera eskatu genuen Hezkuntza Kontseilariarekin, Zerbitzuko Zuzendariarekin eta 0-3 Zerbitzuarekin. Espero dugu harrera egitea eta oraindik erantzun nahi izan ez dituzten zalantzei erantzutea.

Greba Bizkaibusen datorren martxoaren 19an

Langileen kontrako eraso fisiko eta ahozkoak gora egiten ari dira. Behin eta berriro ari dira errepikatzen horrelako egoerak eta gero eta larriagoak dira. Honen ondorioz, LAB, UGT, ELA, CCOO eta USOk greba eguna deitu dugu, zeinetara 1.300 langile dauden deituak.

Langileek urteak daramate salatzen gero eta eraso fisiko gehiago jasan behar dituztela, eta irain eta errespetu faltak normalizatzen ari direla. Onargarriak ez diren egoerak bizitzen dituzten. Errespetua eskatzen dute lanera joan eta urtero garraiatzen dituzten miloika pertsonei arreta emateko. Ia erabiltzaile guztiengandik jasotzen duten eguneroko babesa eta errespetua eskertzen dituzte eta kezkaz ikusten duten euren lanpostuetara segurtasunaz joan ahal izatea eragozten dien egoerak gero eta ohikoagoak izatea.

Deit egiten diete Bizkaibus ustiatzen duten enpresei langileen segurtasuna bermatuko duten neurriak hartzera, neurri errealak, medio errealekin. Era berean, Bizkaiko Foru Aldundiari dei egiten diote zerbait egin dezan eta mekanismoak jar daitezen aipatutako egoerek, gertatzen baldin badira, ondorioak izan ditzaten egiten dituztenentzat.

Martxoaren 19an kalera aterako dira kalitatezko zerbitzu publikoa defendatzera.

Martxoaren 12ko EAEko grebaren atariko, ehun elkarretaratze baino gehiago egin dituzte langile publikoek lantokietan

Erakundeen eta agintzen duten alderdi politikoen borondate ezaren aurrean, langile publikoek ozen aldarrikatu dute zerbitzu publikoak indartzearen beharra.

LAB, ELA, CCOO, STEILAS eta ESK sindikatuek deituta, eta martxoak 12ko grebaren atariko, langile publikoak lantokietan elkarretaratze jendetsuak egiten ari dira, egunean zehar “Zerbitzu publikoak indartzeko, soldata eta enplegua hemen adostu” lelopean. 100 elkarretaratze baino gehiago daude deituak EAEko sektore publikoko lantokietan.

Adibidez, Osasungintzako langileek 39 elkarretaratze egingo dituzte ospitale eta osasun zentro nagusietan (lehen arretan 13:00etan egingo dira), adibidez, Donostia Ospitalean, Zumarraga Ospitalean, Txagorritxu Ospitalean, Gurutzeta Ospitalean, Basurtu Ospitalean, Iztieta Osasun Zentroan, Azpeitiako Osasun Zentroan, Arrasate Osasun Zentroan, Irun Centro Anbulategian, Salburuako Osasun Zentroan, San Martin Osasun Zentroan, Galdakao Osasun Zentroan, Kabiezes Anbulategian; etab.

Udal eta foru esparruan ere 30etik gora egingo dira, Bilbon, Gasteizen eta Donostian, zein EAEko hainbat eskualdetako herrietan. Hala nola, Eibar, Errenteria, Zarautz, Azpeitia, Ordizia, Arrasate, Oñati, Pasaia, Barakaldo, Santurtzi, Ortuella, Basauri, Bermeo, Zornotza, Getxo, Leioa, Erandio eta Laudion, besteak beste.

Hezkuntza publikoan ere hogeinaka haurreskoletan eta eskoletan haur hezitzaileak, irakasleak, heziketa bereziko langileak eta sukaldari eta garbitzaileak mobilizatu dira. Goizean zehar Elorrioko eta Segurako haurreskoletan eta Eibarreko Haurreskolak Partzuergoaren egoitzaren aurren. Horretaz gain, Donostiako Zubiri Manteo eskolan eta Iralen, Bilboko Zamakola Juan Delmas eskolan eta Intxixu Ikastolan, Gasteizko Salburua eta San Inazio eskoletan, Balmasedako Mendian edota Hondarribiko Talaia eskolan. Egunean zehar, eguerdi eta arratsaldean beste hainbat eskoletan egingo dira mobilizazioak.

Elkarretaratze horietan, langile publikoek, martxoaren 12ko grebarekin bat egiteaz gain, erakundeen eta alderdi politikoen borondate eza salatu, eta langile publikoek ozen eskatu diete EAEko erakunde eta alderdi politikoei politika publikoak aldatu eta indartu ditzatela, eta nabarmendu dute horretarako ezinbestekoa dela langile publikoen enplegua, soldatak eta lan baldintzak hemen erabakitzea. Zehazki, honako eskaerak egin dituzte:

  • %10eko soldata igoera eta aurretik hartutako zorra berreskuratzeko konpromisoa.
  • Pribatizazioei atea ixtea eta publifikazio planak adostea.
  • Enplegu publikoa sortzea eta kontsolidatzea, behin-behinekotasuna % 8ra jaitsiz.
  • Lan kargak arintzea, plantillen osasuna bermatuz.
  • Politika feministak, berdintasunerako plan erreal eta eraginkorrak adostea.
  • Administrazioak eta langileak euskaraz, iruzurrik gabe.
  • Jardunaldiaren murrizketa 32 orduko lan astearen norabidean.

Salatzen dugu ETBko zuzendaritzak hainbat programa ekoizteko zerbitzuak azpikontratatzen dituela, Unitate Mugikorra eta lantaldea libre egon arren

EITBko zuzendaritza nagusiak ETBko hainbat programaren produkzioa esternalizatzeko joera hartu du, EITBko Unitate Mugikorra (UM) eta lantaldea libre egonda ere. 

Denboraldi honetan, “Biba Zuek!” saioa, adibidez, Miramongo estudioetatik kanpo egin da egun berezi batzuetan, eta programa horiek New Media enpresak ekoitzi ditu, EITBko zuzendaritzak eskatuta:

  • Donostiako Zinemaldia, irailaren 25etik 29ra. Guztira, 5 egun, 5 programa. Donostiako Aiete auzoan dagoen eraikin batean egin ziren.
  • Durangoko Azoka, abenduaren 7an. Landakogunetik egin zen programa.
  • Sagardotegien denboraldiaren hasiera, urtarrilaren 16an. Alorrenea Sagadotegitik egin zen programa.

Egun horietan guztietan Pixel produktorarekin burutu ziren aipatu saio bereziak, eta baliabide tekniko guztiak haiek jarri zituzten, baita errealizadorea ere.

Bitartean, Miramonen Irregular Txandan (IT) dagoen ETBko lantaldeak ez zuen ezer egitekorik izan, eta UMa ere libre zegoen.

Gainera, azpimarratu behar da horrelako eskaera bereziak ikasturtearen hasieran egiten direla, eta, ondorioz, aurreikuspen handiarekin antolatu daitezkeela EITBko lantaldea eta UMa erabiltzeko eskaerak.

Zergatik azpikontratatzen ditu zuzendaritzak lantalde oso bat eta UM bat EITBkoak libre baldin badaude?

Galdera hori sarritan egin diogu zuzendaritzari, eta, aurrekariak ikusita, “Biba Zuek!” programa Alorrenea sagardotegitik egindako saio berezia EITBko baliabideekin ekoizteko eskaera egin genion. Hau izan zen erantzuna:

“Ondo dakizuenez, baliabideen kudeaketa eta honen arrazoiak Zuzendaritzari dagozkio. Hala ere, gogoratu arazi, EITB ez den enpresa batek kanpo produkzio bat egin behar duenean, orohar, bere baliabideekin, edo honek kontratatutako baliabideekin, egin behar duela”.

Alabaina, hori gezurra da, eta horren erakusgarri da, adibidez, ETB1eko Urtezaharreko kanpaikaden programa berezia Oriok ekoiztu zuela, ETBko UMarekin eta ETBko lantaldearekin. 

Horrenbestez, zuzendaritzak ez du irizpide objektiborik eta gardenik erabiltzen, programa bat kanpoko enpresa batek noiz eta nola egin behar duen erabakitzeko.

EITBko zuzendaritzari eskatzen diogu zerbitzuak nahieran eta justifikaziorik gabe esternalizatzeko joerari utz diezaiola eta argitu dezala zein den benetako arrazoia Miramongo eta Bilboko estudioetatik kanpo egiten diren programak azpikontratatzeko, ETBko lantaldeak eta Unitate Mugikorrak lanik gabe eta libre daudenean.

LABek Munduko Federazio Sindikalak Sao Paulon egindako Kontseilu Presidentzialean parte hartu du

Pasa den asteburuan Munduko Federazio Sindikalaren Kontseilu Presidentziala egin zen Sao Paulon, Brasilen. Munduko Federazio Sindikala 1945 urtean sortutako elkartea da. 133 herrialdetako 105 milioi langile inguru ordezkatzen ditu. Kontseilu Presidentziala bere zuzendaritza gune nagusia da, kontinente desberdinetako 50 kidek osatutakoa.

LAB Munduko Federazio Sindikaleko afiliatua da 2005. urtetik eta Igor Arroyo koordinatzaile orokorra Kontseilu Presidentzialeko kide da. Bere hitzartzean, hiru erronka nabarmendu ditu Arroyok. Batetik, klase borrokaren ikuspegi historikoa ekologismoa eta feminismoa bezalako mugimendu sozialek egiten duten borrokarekin uztartzeko beharra defendatu du. Bigarrenik, sindikatuak langile sektore guztietara eta, bereziki, prekarizatuenak dauden horiengana, gerturatzea proposatu du. Eta azkenik, herri bakoitzaren burujabetzaren defentsa eta nazio desberdinetako langileen arteko borroka bateratua txanpon beraren bi aurpegitzat jo ditu.

Bestalde, LABen 50. urteurrenaren harira, Munduko Federazio Sindikaleko Idazkari Nagusi Pambis Kyritsis Euskal Herrira etorri eta Maiatzaren Lehenean parte hartzera gonbidatu du Arroyok eta honek gonbidapena onartu du.

Hona hemen Kontseilu Presidentzialean adostutako ildo nagusiak:

  • Inperialismoaren aurkako jarrera eta herri bakoitzaren burujabetzarako eskubidearen defentsa. Palestinarekin elkartasuna eta Israel egiten ari den genozidioaren arbuioa. Ildo berean, Kubarekiko elkartasuna eta Estatu Batuek ezarritako blokeoaren salaketa.
  • Gutxi batzuen etekinak lehenetsi eta desberdintasunak areagotzen dituen esplotazio kapitalistaren salaketa. Lan eskubideen aurkako erasoei nahiz pribatizazio politikoei aurre egiteko apustua.
  • Klase sindikalismo autonomo eta borrokalariaren aldeko apustua. CSIk ordezkatzen duen sindikalismo sistemikoari kritika.
  • Kontinente desberdinetan gertatzen ari den eskuin muturraren hazkundeari aurre egiteko determinazioa.

Era berean, Kontseilu Presidentzialak kide berrien sarrera onartu du, horien artean Espainiako estatuko nazioetako zenbait sindikatu daude. Honela, LABek parte hartzen duen herrien koordinadoran jada, Euskal Herriko, Herrialde Katalanetako (Printzipatua eta PaĂ­s ValenciĂ ), Kanariak, Galiza, Asturies eta Aragoiko 120.000 langile daude Munduko Federazio Sindikalean afiliatuta.

Lan eta bizi baldintzak ez dira hobetzen eta prekaritateak egiturazkoa izaten jarraitzen du

Araba, Nafarroa, Gipuzkoa eta Bizkaian 141.582 langabe daude; beraz, pasa den urtetik %2,13a jaitsi da langabezia Hego Euskal Herrian. Enplegua, ordea, sektore prekarioetan sortzen ari da, lan baldintza prekarioekin eta egoera zaurgarrian dauden herritarren bizitzetan inpaktu zuzenagoa eraginez. Hego Euskal Herrian, 25 eta 64 urte arteko bi herritarretik bat prekaritate egoeran bizi da, enplegua izan arren, bizitza duina bermatzeko diru-sarrera nahikorik gabe.

Zaintza lanen ardura nagusia bizkar gainean hartuta, gero eta emakume* gehiago ari da lan merkaturako igarobidea egiten. Azken urtean, 15.357 emakume gehiago afiliatu dira. Emakume hauen enpleguaren kalitatea dago ezbaian, ordea, sortu diren enpleguak baldintza prekario nabarmenak dituztelako:

  • Azken urtean emakumeen* artean egin diren kontratu berrien %61,45ak lanaldi partzialekoa izan da. Egun, emakumeen %26,8a dago lanaldi partzialean, gizonen artean proportzio hau %11,3koa den bitartean.
  • Azken hilabetean, aldizkako finkoen kopurua jaitsi den arren, kontratu mota hau dutenen artean, %64,67a emakumea* da.
  • Azken hilabetean behin behineko kontratuak jaitsi diren arren, emakumeen* artean proportzio txikiagoan murriztu dira. Izan ere, otsailean jardunaldi osoko behin behineko kontratazioa gizonen artean %9,3koa den bitartean, emakumeen artean %13,9koa da, nabarmen altuagoa.

Langabeziak gora egin duen kolektiboen artean, 25 urtetik beherakoak kokatzen dira. Izan ere, gazteen artean langabezia %4,04 igo baita. Aurreko enplegurik gabekoen kopuruak ere gora egin du eta atzean honako bi arrazoi azpimarratuko ditugu gaurkoan:

  • Batetik, inaktibo izatetik lana aktiboki bilaera pasa diren herritarrak multzo honetan kontabilizatzen dira, urte bete edo gehiago lan egin gabe daudela ulertzen delako.
  • Bestetik, langile migratuen %28,22a aurreko enplegurik gabekoak dira, lana bilatzen hasi berriak.

Egoera honi guztiari erantsi behar zaio, azken hilabetean, afiliatu berrien %84a zerbitzuak sektorean eman duela izena; beraz, baldintza prekario zein ezegonkorrak nagusi diren sektorean ari da enplegua sortzen.

Azkenaldian LAB sindikatutik esaten ari garen bezala, langabeziak lan merkatu eta enpleguaren kalitatearen adierazle izateari utzi dio. Izan ere, langabezia jaitsi arren, langileen lan zein bizi baldintza orokorrak ez dira hobetzen eta egiturazkoa den prekaritateak jendartearen dualizazioan sakontzeko baldintzak birproduzitzen ditu, lan eta kapital errenten arteko arrakala handituz. Langileon lan eta bizi baldintzak hobetuko dituen eredu sozioekonomiko berria ezinbestekoa zaigu, kapitalari boterea disputatuko eta zaintza erdigunean jarriko duena.

San Juan de Dios ospitaleko langileek elkarretaratzea egin dute Iruñean, hitzarmenaren negoziazioa blokeatuta dagoela salatzeko

San Juan De Dios Ospitaleko enpresa batzordeak elkarretaratzea egin du Iruñean, Osasunbidearen egoitzaren parean, Oliveto kondearen kalean. 2023-2024 hitzarmen kolektiboaren negoziazioaren egoeraren berri eman dute. 2023ko abenduan, Grupo Independiente eta LABek osatutako enpresa-batzordeak, negoziazio-plataforma aurkeztu zuen, eta abenduaren 15ean mahaia eratu zen, urtarriletik aurrera negoziazioari ekiteko.

Bilera bakar baten ondoren, otsailaren 8an hain zuzen, ospitaleko zuzendaritzak aldebakartasunez eten zuen hitzarmenaren negoziazioa, Nafarroako Gobernuarekin hitzarmen bereziaren sinaduraren geldotasuna argudiatuta.

San Juan de Dios Ospitalearen eta Gobernuaren arteko harremana duela 8 urtetik hona kontzertu bidez arautu gabe dago, eta Aberaste Bidegabearen egoeran kokatzen da. Egoera hau, lehenbailehen aldatu behar dela ulertzen dugu, eta inplikatutako erakundeei dei egiten diegu lan-prekaritatea baino sortzen ez duen egoera konpontzeko.

Egoera horrek, bestalde, ez du esan nahi aurrera egin ezin dutenik eta hitzarmena negoziatu ezin dutenik; izan ere, langileak egunez egun lan egiten dute, eta enpresak 8 urte hauetan emandako zerbitzuengatik kobratu du. Horregatik, San Juan de Dioseko zuzendaritza negoziatzera esertzea exijitzen dute.

Urte hauetan, eta are gehiago pandemiaren ondorioz, asistentziaren kalitatea okertzen ari dela ikusi dute, langileen rotazioa etengabea izaten ari da, eta horrek, ekipoak hondatzen ditu. Lan-karga handiak dituzte, une askotan jasanezinak.

Batzordeak, hitzarmenaren negoziazioei berriro ekitea exijitzen du. Zuzendaritzari seriotasuna eta konpromisoa eskatzen dizkiote pazienteei arreta egokia bermatzeko, lanean prekarioak ez diren langileekin. Ospitaleak 80 urte daramatza Nafarroako Osasunaren zerbitzura: 500 langile inguru dira, eta jardueraren %95 Osasunbideatik dator.

Ertzaintzak Gasteizko Martxoaren 3ko manifestazioan egindako karga bortitza salatzen dugu

LAB, ELA, ESK eta STEILAS sindikatuok eta Martxoak 3 elkarteak salatu nahi dugu ERTZAINTZAk karga polizial bortitz ikaragarria egin duela, zauritu asko utziz eta hainbait persona atxilotu dituela, gutxienez 3, ditugun datuen arabera. Manifestazioan, urtero bezala, adin guztietako milaka eta milaka pertsonak zeharkatu dituzte Gasteizko kaleak, duela 48 urte Espainiako Poliziak egindako sarraskia gogoratuz, Egia, Justizia eta Erreparazioa exijituz, eta pertsona guztientzako etorkizun justua aldarrikatuz.

Ertzaintzak neurriz kanpoko dispositiboa prestatu du El Corte Ingles ondoan, Bakea kalearen amaieran. Puntu horretan karga guztiz basatiak egin dituzte, ez bakarrik borrekin eta dozenaka foam pilotekin, polizi-furgonetekin ere oldartu dira manifestarien aurka. Oldarraldi horren ondorioz, furgoneta bat gazte baten gainetik igaro da, zaurituta utziz, eta anbulantzia batek artatu behar izan du. Gazte horrekin batera, hamarnaka pertsona zauritu dituzte, eta horietako baten batek konortea galdu du.

Esan bezala, dozenaka foam pilota jaurti dituzte Bakea eta Posta kaleetan, Tolosan polizia-karga batek gazte bat larri zauritu eta aste gutxira. Hori ez ezik, ekitaldia egiten ari zen Foruen Plazara kargatzeko sartu nahi izan du Ertzaintzak Posta kaletik, jendez gainezka bazegoen ere, baina sindikatu deitzaileen antolakuntzako pertsonek hori saihestu dute. Salatu nahi dugu, halaber, hasierako ekitaldian parte hartu duten txistulariei ere eraso egin diela Ertzaintzak, eta danbor bat hautsi dutela.

Horregatik guztiagatik, karga bortitz hori erabat gaitzesten dugu, eta Ertzaintzan erantzukizunak argitzea eta atxilotutako pertsonak aske uztea eskatzen dugu. Halaber, Eusko Jaurlaritzako eta Ertzaintzako arduradunei eskatzen diegu utz diezagutela martxoaren 3a gogoratzen eta gure aldarrikapenak egiten haien erasoak jasan gabe. Gure elkartasuna helarazi nahi diegu ere zauritutako persona guztiei.

Nolanahi ere, Ertzaintzaren karga bortitza gorabehera, azpimarratu nahi dugu milaka eta milaka pertsona egon direla oroipen-ekitaldian eta manifestazioan. Horietako batzuk martxoaren 3a lehen pertsonan bizi izan zuten, beste batzuk gazteagoak, familia osoak,… Guztiek parte hartu nahi izan dute garai hartan hildako eta zauritutako pertsonei eta beraien borrokari egindako omenaldian, eta aldi beran aitortza berezia eskaini nahi izan diete orduan borroka eta bizitza bera posible egin zituzten emakumeei eta gaur egun zaintza sektorean beren eskubideak aldarrikatzen eta borrokatzen ari direnei.