2025-12-17
Blog Page 1506

MARTXOAK 29AN ETXE HAU GREBAN!!

Pobreziaren feminizazioa errealitate bat da. Murrizketa eta erreformetan ikusi dezakegun moduan, gure lan eta eskubide sozialen gaineko erasoek ez dute egoera muturrera eraman eta errealitatea prekarizatu, okertu besterik egiten. Ez zaigu kontuan hartzen irtenbide errealak planteatzeko garaian, baina aldiz, ofentsiba kapitalista patriarkaletik eratortzen diren ondorioak zuzen- zuzenean ordaintzen ditugu.

Emakume guztiak, Martxoaren 29ko greba deialdiarekin bat egiten dugu, soldatapekoak izan edo ez, kalera aterako gara, aldarrikatzera:

1. Etxeko eta zaintza lanak, errekonozimendurik gabeak eta eskubideetan eta garantietan hanka motz direnak, lanak direla, lana dela.
2. Egungo sistema ekonomiko eta sozial hau emakumeok egiten dugun lan ikusezinari esker mantentzen dela.
3. Nahiz eta urteetan zehar emakumeok egin ditugun eta egun ere egiten ditugun lan hauek estatistiketan eta medio ofizialetan ez atera, ongizatea eta aberastasuna ahalbidetu eta sortzen dutela.
4. Bizitza eta pertsonak egon behar dutela sistemaren erdigunean, eta ez egun dauden moduan merkatuak.
5. Bada garaia, etxean, eremu pribatuan ere greba egitekoa!

Guzti honegatik, Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxatik dei egiten diogu jendarteari oro har, eta emakumeei bereziki, martxoaren 29an greba egitea gainerako langile klasearekin batera. Eta animatzen zaituztegu, etxeko balkoietan eta leihoetan amantalak, mantalak eskegitzera; etxe hau greban dagoenaren adierazle gisa! Ez garbiketarik, ez erosketarik, ez otordurik…

M-29an etxe hau greban!
Amantalak balkoira eta emakumeok kalera!


EUSKAL HERRIKO EMAKUMEEN MUNDU MARTXA
Euskal Herrian, 2012ko martxoaren 21ean

Euskal Herriko Emakumeon Martxarako Plataformak greba orokorrerako deialdia luzatu du

0

Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxarako Plataformak agerraldia eskaini zuen atzo Bilboko Erribera merkatuan emakumeak grebara deituz. Pobreziaren feminizazioa errealitate bat dela gogoratu eta irtenbide errealak planteatzerako garain emakumeak kontutan hartzen ez direla salatu zuten.

LAB sindikatuak Metro Bilbaoko greba-batzordeak deitutako manifestazioan parte hartzeko deialdia luzatu du

0

LAB sindikatuak Metro Bilbaon ematen ari den gestio eredua onartezina salatzeko eta langileei beren eskubideen alde egiten ari diren mobilizazioei babesa emateko prentsaurrea eskaini zuen atzo Bilbon. Sindikatua oso pozik agertu da izaera eta ideologia ezberdineko 5 sindikatuk greba-baztordean bateginik garatzen ari diren lanarekin. Honekin batera, martxoaren 24rako deitua duten manifestaziora joateko deialdia luzatu die bere afiliatuei eta jendarte osoari.

LABek dei egiten dio jendarteari Metro Bilbaoko greba-batzordeak deitu duen manifestaziora joatera

LAB sindikatuak Metro Bilbaoren egoeraren berri eman nahi du, baita greba-batzordearen borroka luzea babestu ere.

LAB sindikatuarentzat argi dago 2010eko urritik hona etengabe urratu dituela eta urratzen ari dela metroko zuzendaritza tren-gidarien eta geltoki-ikuskatzaileen lantaldea osatzeko akordioak. 2011ko uztailean beste akordio bat adostu zen, aurrekoa ongitzearren, gidari eta ikuskatzaileen egiturazko lanpostuen kopuru zehatzak jasoz (166 eta 182 hurrenez hurren) eta berriro urratu ditu kontratu partzialen bidez.

Zuzendaritzaren jarrera urratze iraunkorrean oinarritzen da eta, hartara, langileak egoera hori behin eta berriro salatzera behartzen ditu. Ikusi besterik ez dago 100 lanuzte-ordu inguru daramatela langileek 2010eko maiatzetik hona eta, gainera, elkarretaratze ugari eta pare bat manifestazio ere deitu dituzte greba-batzordetik.

LAB sindikatuak babes osoa adierazten die Metro Bilbaoko langileak beren eskubideen alde egiten ari diren mobilizazioei, eta pozten da oso izaera eta ideologia ezberdineko 5 sindikatuk greba-batzordean bateginik garatzen ari diren lanarekin.

Aldi berean, dei egiten dio Metro Bilbaoko zuzendaritzari Metro Bilbaoko hitzarmen kolektiboan eta barne araudian jasotako arauak bete ditzan, behin eta betiko. Auziaren bost puntuei osorik eta errotik heltzeko eskatzen du:

1.- Geltokietako langileen eta gidarien lantaldea osatzea.
2.- 2012ko tren-zerbitzua, txanden aldaketak.
3.- Mantentze-alorraren berregituratzea.
4.- 2012ko Gabon Gaueko zerbitzua.
5.- Lege-zaintzako lanaldi murrizketen ondoriozko hutsuneak betetzea.
 
Hemen zerrendatutako puntu bakoitza, puntu guztiak osorik ebatziko dituen akordioak askatuko du oraingo gatazkaren korapiloa. Garrantzitsua da, beraz, zuzendaritzak arazoa larria dela aitortzea eta langileen eskubideak errespetatzearen aldeko hautua egitea.

Bestalde, LAB sindikatuak gogor salatu nahi ditu Metro Bilbaoko arduradunek gaur bai eta bihar ere bai hedatzen dituzten gezurrak eta filtrazioak, langileak kriminalizatzeko eta jendartea langileen aurka jartzeko. Halako jokabide eta jarduerak berehala baztertzeko eskatzen du LABek.

LAB ohartu da zein diren Metro Bilbaoren oraingo gestoreen errezetak, murrizketak etengabe, langileak gutxitzea eta lan-baldintzak kaskartzea, inposizioetan eta langileen ordezkariekin ezer ez adostean oinarritzen den ereduan oinarrituta.

Erabat bestelako eredu edo jokamoldea eskatzen eta eskaintzen du LABek, langileek erabakietan parte hartzea bermatuko duena, Metro Bilbao osatzen duten pertsona guztien gaitasunean oinarrituko dena, erabakiak benetako parte-hartzean oinarritutako bitartekoen bidez hartzea ahalbidetuko duena.

Metro Bilbaoko langileentzat premiazkoa da, baita jendartearentzat ere. Metro Bilbaoko zuzendaritzak eta erakundeek borondaterik badute, LAB prest dago elkarlanerako lan-auziari benetako irtenbidea, irtenbide orokor eta behin betikoa aurkituko bada. Asmoa auzia usteltzen uztea eta lan-eskubideen kontrako erasoekin segitzea bada, aurka egingo die LABek, eta aurrera egingo du mobilizazioekin.

Amaitzeko, LABek dei egiten die bere afiliatuei zuzenean eta jendarte osoari ere greba-batzordeak larunbatean, martxoak 24, deitu duen manifestaziora joatera. Bilboko Plaza Eliptikotik abiatuko da 17:30ean. Erakuts diezaiogun Metro Bilbaori jendartea kokoteraino dagoela gestio-eredu horrekin, eta mugitu behar duela auziari irtenbide orokorra emateko. LABek bat egiten du, erabat, manifestazioaren leloarekin: Metro Bilbao solución ya! Murrizketarik ez, bete akordioak! 

LABek gose greban diren Konecta BTOko delegatuak bisitatu ditu

0

Gose greba hasi zutela 13 egun betetzen diren honetan, Irauntzu Llamosasek eta Leire Sáinz-Ezkerrak LABeko buru Ainhoa Etxaideren eta Emakumeen Idazkaritzako arduradun Zaloa Ibeas de la Cruzen bisita izan dute.

LAN SINDIKALAREN KRIMINALIZAZIOAREN SALAKETA

0

Hemen gauden sindikatuok argi eta garbi adierazi dugu ez dugula bat egiten inposatu nahi diguten eredu sozial eta ekonomiko honekin eta ez gaudela prest men egiteko.

Krisiaren aurrean hartu dugun jarrerak bere ondorioak ditu, botere ekonomikoak eta politikoak ez dutelako barkatzen.

Honen adibidea da gaurko salaketa.

Azken urteetan sindikalgintzan murgiltzen ari garenok kriminalizazio prozesu iraunkor bat pairatzen ari gara.

Instituzioak eta kapitala jada ez dira konformatzen inposaketen bitartez gure eskubideak zapaltzeaz edo murrizteaz, inposizioekin batera erantzunik ez egotea, bake soziala nahi dute eta horretarako sumisioa, gizabanakoa ezabatzea bilatzen dute.

Ez dute beraien praktika eta dinamika antidemokratikoekiko erantzunik onartzen eta beraz beraiek ezartzen dituzten joko arauetatik kanpo dagoenari zigor bikoitza inposatzen diote:

• Alde batetik beraiek erabakitako eta inposatzen dizkiguten arau kolektiboaren bidez denon eskubideak zapaltzen dizkigute.
• Eta beste aldetik, inposatutakoaren aurka protestatzen duenari zigor indibiduala, penala edo ekonomikoa eta zenbait kasuetan biak, ezarriz.
 

Azken urteotan horrelako egoera tamalgarri asko bizi izan dugu. Arrazoi desberdinengatik konfrontatzen dutenen aurka, lehendabizi beraien desakreditazio publikoa bilatzen da.

Sistemaren propaganda aparatu osoak zilegia den aldarrikapenaren aurka jotzen du, kasu gehienetan ez dira mobilizazio edo protesta hauen arrazoiak ezagutzera ematen, ez dira egoera hauetara ailegatu izanaren jatorriak aztertzen ondorioak baizik. Honek helburu argi bat du inposatzen zaigun ereduaren aurka konfrontatzen duenarekiko jendartearen deslegitimazioa, isolamendu soziala, bazterketa bilatzen dute.

Aurreko baieztapena kokatzeko ezin bestez izan ditugun egoera batzuk aipatu nahiko nituzke, gehiago daude, baina bost aipatuko ditut:

• Metro.
• Euskotren.
• Jangelak.
• Garbiketa.
• Veolia.
 

Salatzen ari garen egoera areagotu egiten da eta larritasun gehiago hartzen du greba orokor baten prozesuan.

Azken urteetan Euskal Herrian aurrera eraman ditugun deialdietan ikusi dugu nola denak balio izan duen greba deialdia desitxuratzeko, gutxieneko zerbitzuen dekretuen erabilera maltzurretik hasita, grebaren arrazoiak izkutatzea, pikete informatiboen kriminalizazioa, edo zenbait unetan poliziak izan dituen jarrerak.

Boterean daudenei ahaztu egiten zaie greba egitea eskubide bat dela, lan duina, osasungintza, hezkuntza edo etxea izatea diren moduan.

2009. urtetik egin ditugun greba orokorren deialdi desberdinetan izandako balorazio guztietan bi gauza azpimarratu dira. Lortutako mobilizazio eta atxikimendu mailaz gain greba egunetan izandako istilu falta, hain zuzen ere.

Lehen aipatu dugun moduan irekitako prozesu judizial honekin bestelako modelo ekonomikoa aldarrikatzen dugunen kriminalizazioa bilatzen da, noiz eta justu berriro Euskal Herrian beste greba orokorrerako deialdian aurkitzen garenean.

Hau ez da kasualitate bat, irekitzen den prozesu judiziala Gasteizko Gobernutik ezarriko diguten gutxiengo zerbitzuen dekretua bezala beste urrats bat da. Helburu argi batekin, emango den erantzunean eragitea. Desmotibazioa bilatzen dute eta honen bitartez sektore konprometituen desmobilizazioa helburua dute.

Baina jokaldi hau berriro ere gaizki aterako zaie, martxoaren 29ko erantzuna oso zabala izango delako. Berriro ere milaka eta milaka lagun kalera aterako garelako, beraien inposaketak salatzeko eta bestelako politikak eskatzeko.

Honakoa eskatzen dugu.

– Irekitako prozesu judiziala bertan behera gelditzea, bai zigor penalari zein administratiboari dagokionez.

– Eta beste aldetik, inputatuei elkartasuna adierazteko datorren ostiralean, hilaren 23an, Gernikako Arrieneko eskilaretan arratsaldeko 7:00etan egingo den kontzentrazioan parte hartzeko deia egiten dugu.
 

Ez da kasualitatea ere azken egunetan greba arautu behar dela entzutea. Bitxia da Lan harremanak erabat desarautzen ari direnak greba eskubidearen araudia aldatu nahi izatea, beraien mesedetan noski.

Euskal Herrian, 2012ko martxoaren 20an

Euskal sindikatuek eta azken greba orokorrean auziperatutakoek irekitako prozesu judiziala bertan behera gelditzeko eskatu dute

0

ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS, EHNE eta HIRU sindikatuek eta azken greba orokorrean (2011ko urtarrilaren 27ko) auzibidean jarriak izan ziren hainbat lagunek agerraldia egin dute gaur greba eskubidearean kriminalizazioa salatzeko.