2026-04-24
Blog Page 136

Bilboko erailketa matxistaren aurrean deituko diren mobilizazioetan parte hartzera dei egiten dugu

Gaur, irailak 12, gizonezko batek bere 31 urteko bikotekidea hil du Bizkaiko hiriburuko Santutxu auzoan. LABetik gertaturikoa irmoki gaitzesten dugu eta Emakumeen Mundu Martxak eginiko irakurketarekin bat egiten dugu, datozen ordu eta egunetan Bilbon nahiz gainerako herri eta hirietan antolatuko diren mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatzeaz batera.

Jarraian irakur daiteke osorik Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak plazaratutako komunikatua:

“Gaur berriro ere berri latz batekin esnatu gara Euskal Herrian, Yanely, 31 urteko emakumea eraila izan da Bilboko Santutxuko auzoan 34 urteko gizon baten eskutik.

2024. urte honetan, indarkeria matxistak Euskal herrian uzten digun laugarren erailketa matxista da gaurkoa. Lehenik eta behin, Euskal Herriko Mugimendu Feministatik gure babes eta elkartasun osoa adierazi nahi diegu senide, lagun eta gertukoei. Ez zaudete bakarrik.

Urteak daramatzagu salatzen indarkeria matxista egungo sistema heteropatriarkal, kapitalista, arrazista eta koloniala sostengatzen duen egiturazko arazo politiko eta sozial larria dela.

Indarkeria matxistaren azken ondorio lazgarrienak eta ikusgarrienak erailketak badira ere, indarkeria matxistak milaka aurpegi ditu eta gure bizitzako alor guztietan eragiten digu egunerokotasunean. Horren aurrean, neurriak ipini eta arazo larri honi dagokion tamainako dimentsio politiko eta soziala eman beharrean, egungo instituzioen pasibotasun eta jendartearen konplizitatearen ondorioz , urtez urte, emakumeon aurkako erasoak gorantz doaz.

Indarkeria matxistari aurre egiteko, lehen mailako arazo sozial eta politikotzat hartua izan dadin eskatzen dugu. Egungo jarrera konplizeak alboratu eta bizi garen jendarte antolaketa sexistari aurre egiteko benetako neurriak behingoz har daitezela exijitzen dugu. Gure bizitzak daude jokoan!

Honekin batera, autodefentsa feministarako deia egiten dugu. Bizitzaren aldeko apustu erradikala egiten dugu eta badakigu antolakuntza eta autodefentsa izango direla gure tresna eraginkorrenak.

Feministok erantzuteko prest gaude! Martxan jarraituko dugu, elkarrekin borrokan denak aske izan arte!

Azkenik, dei egiten dugu gaur eta bihar Santutxuko auzoan eta Euskal Herriko beste hainbat herri eta hiriburuetan egingo diren elkarretaratzeetan parte hartzeko. Adi mobilizazio

Igor Arroyo: “Hemengo patronalari komeni zaio soldatak Espainiako Estatuko gutxieneko soldataren arabera ordaintzea”

LAB sindikatuko koordinatzaile orokorra elkarrizketatu du gaur goizean Naiz Irratiko Peli Lekuonak. Fiskalitateaz edota Osakidetzaren egoeraz eta sortu berri den mahaiaz aritu da, besteak beste, eta sindikatuak ikasturtean zehar izango dituen zenbait helburu eta lan-ildo aipatu ditu.

Elkarrizketa esteka honetan entzun daiteke osorik: https://irratia.naiz.eus/eu/info_irratia/20240912/negazionismoari-ezin-izan-diote-eutsi-eta-onartu-dute-osakidetzan-arazoa-larria-dela

Nafarroako zahar egoitzetako patronalen azken proposamena arbuiatu du LABek, lotsagarria iruditzen zaiolako

Nafarroa Garaiko zahar egoitzen lehenbiziko hitzarmena izan beharko lukeenaren negoziazio mahaia gaur arratsaldeko lehen orduan batzartu da berriz, eta bertan patronalek beren azken proposamena aurkeztu dute. LAB sindikatuak proposamen hori lotsagarritzat jo du, bertzeak bertze, bi urteko indarraldia planteatzen duelako soilik eta, gainera, 2026ko baldintzak finkatu gabe uzten dituelako Gobernuaren eta patronalaren arteko balizko negoziazio baten kontura, eta horrek langileak lan baldintzen inguruan negoziatzeko eskubiderik gabe utziko lituzkeelako.

Nafarroako zahar etxeetako patronalek sindikatuei aurkeztu dieten proposamenean, enpresaburuek muzin egin diote 2024. urtea arautzeari, eta bi urteko indarraldia baino ez duen hitzarmena eskaini dute (2025. eta 2026. urteetarako). Baina, gainera, lehen urteko baldintzak baino ez dituzte ziurtatzen, bigarrenekoak Nafarroako Gobernuaren eta patronalen arteko balizko negoziazio bati lotzen baitizkiote, eta, horrela, langileak beren lan baldintzen inguruan erabakitzeko eskubiderik gabe uzten dituzte. LABek ez du halakorik onartuko.

LABi lotsagarria iruditzen zaio patronalen proposamena, eta gainera, absentismoari lotutako aldi baterako ezintasunak planteatzen dituzte, sektore honen errealitatetik oso urruti dagoen portzentajearekin. Urteak negoziatzen eman ondoren, argi gelditzen ari da patronalek zahar egoitzetako langileen kontura aberastea baino ez dutela nahi, eta argi gelditzen ari da %100ean diru publikoarekin finantzatutako hitzarmen bat negoziatzeko prest baino ez daudela. LABen irirtziz, patronalen jarrera onartezina da eta etorkizuneko mobilizazioetan parte hartzeko deia egin die langileei.

EHUk finantziazio eta erabaki egokiak behar ditu

Ikasturte hasierako ekitaldiaren bueltan mobilizazioa egin dugu Euskal Herriko Unibertsitateko Leioako kanpusean, eta langile guztientzako lan-baldintza duinak, behar besteko finantzazioa eta antolaketa eta, azken finean, kalitatezko hezkuntza bermatzeko bitartekoak exijitu ditugu.

Ikasturte hasierara heldu gara osatu berria den EAEko gobernuarekin eta sortu berri den Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailarekin. Era berean, gaurko ekitaldia errektoretzarako hauteskundeen atarian kokatzen da, bertatik gobernu talde berria irtengo delarik.

Berriro ere, Eusko Jaurlaritzaren zein EHUren agintarien hitz politak entzungo ditugu unibertsitate publikoaren norabidearen inguruan. Autokritikaren bat eta dauden arazo batzuen aipamen bat edo beste egingo dute, baina, orokorrean, “egoera onean” dagoen eta “bikaintasunerantz” doan unibertsitatea goraipatuko dute, ranking-etako datuak lagunduta.

Aginte-mailako aldaketak bai, egongo dira, baina, EHUko hainbat eremutan beharrezkoak diren aldaketak sustatuko dira?

Aldaketak egongo dira unibertsitate publikoaren finantziazioan?

EHUren azpifinantziazioa endemikoa da eta oraindik ez dugu 2008-2010 urteetako finantzaketa maila berreskuratu. Horrez gain, USLOk unibertsitate publikoetarako 2030 urterako zehazten duen BPGren % 1 izatetik oso urruti gaude; % 0,4an hain zuzen ere.

Horri dagokionez, Eusko Jaurlaritzaren aldetik ez da sumatzen beharrezko borondatea progresiboki helburu horretara heltzeko. Bitartean, sortu berri diren unibertsitate pribatuetara (BCC, Euneiz…) erraztasunak eta finantzaketa publiko nabaria bideratzen ari dira.

Aldaketak egongo dira zerbitzuen pribatizazioaren bilakaeran?

Azken urteetan hainbat zerbitzutako gabeziak ugaldu dira:

  • Osasun-zerbitzua urte honen bukaeran eduki beharko lituzkeen lau medikuetatik bakarrarekin geratuko da eta Gasteizen ez dago ez medikurik ezta erizainik ere. Honen aurrean EHUko zuzendaritzak aurkitu duen aterabidea IMQ prebentzio zerbitzu pribatua kontratatzea izan da, bestelako aukerak baztertuz.
  • Mantentze lanetarako daukagun zerbitzua giza baliabideez hustu egin da eta gero eta lan gehiago enpresa pribatuen bitartez egiten ari dira, zuzendaritzak aurkeztu behar zuen zerbitzuaren egoera eta proposamen orokorrari muzin eginez.
  • Informazio eta Komunikazioaren Teknologien zerbitzuan joera antzekoa da: lanpostu berriak sortu eta dauden langileak trebatu ordez, kanpoko enpresak eta zerbitzuak kontratatzea, unibertsitate publikoaren autonomia eta boterea galduz. Zerbitzariak eta zerbitzuak (tartean ikasle eta langileen epostak) multinazionalen esku jarrita, informazio oso baliagarriaren zaintza (datu pertsonalak, ikerkuntzako emaitzak…) esku pribatuetan geratzen dira.

Aldaketak egongo dira gobernantza ireki eta parte-hartzaileago bat lortzeko?

Gardentasuna, parte-hartzea eta burokrazia arintzea maiz aipatzen bada ere, oso pausu gutxi eman da bide horretan. Aitzitik, EHUko langileen eta ikasleen parte-hartzea oso mugatua mantentzen da eta zeregin burokratikoek gero eta pisu handiagoa hartu dute guztion lanean.

Bada garaia egungo gobernantza eredu eta prozedura astun, zaharkitu eta fosilizatuak aldatzeko. Baita egitura guztien parte hartze eraginkorra lehenesteko ere, Unibertsitateko komunitate sendoa eratze aldera.

Aldaketak egongo dira arduraldi partzialeko ordezko irakasleen lan-baldintzetan?

Irakasle laguntzaile doktore plazen sorreran igoera nabarmena egon bada ere, ordezko hirurehun bat irakaslek miseriazko soldatak jasotzen jarraitzen dute, egiten dituzten ezinbesteko aktibitate batzuk aitortu eta ordaindu gabe mantentzen diren bitartean. Arduraldi osoko irakasleen ordezkapenak arduraldi osoko kontratuen bitartez egin behar dira, aitzakiak bilatzeari utzita. Ezin da onartu, asko edo gutxi izanda ere, EHUn irakaslerik izatea baldintza horietan.

Errektoretza taldetik eta Eusko Jaurlaritzaren sailetik benetako irtenbide bat bilatu ordez (tartean 41/2008 Dekretua aldatuz), adabakiekin iskin egiten saiatu dira, baina egoera larri hori mahai gainean mantentzen da.

Aldaketak egongo dira zaharkituak dauden araudietan?

Aipatutako 41/2008 Dekretuaz gain, EAEko Unibertsitate Sistemaren lege berri bat garatu behar da, beharrei erantzuteko eta zerbitzu hobea eskaini ahal izateko. Orain da momentua. Ezin dugu jarraitu zahartuta eta alderdi askotan hankamotza den lege bat arrastaka eramaten. Langileen figurei dagozkien ezaugarri, dedikazio eta funtzioak birdefinitzeaz gain, lege berri horrek soldatak duintzea eta kolektibo batzuen prekarizazio eta diskriminazioarekin bukatzea ahalbidetu behar du.

Aldaketak egongo dira TEKAZELen (Teknikariak eta Kudeaketako eta Administrazio eta Zerbitzuetako Langileak) plantilla-politikan?

EHUk IRI/TEKAZEL ratio handiena (1,9) du estatu mailako unibertsitate publikoen artean. Aitzitik EAEn unibertsitate pribatuek 1,4ko ratioa dute. Horrek, neurri handi batean, EHUko TEKAZEL eremuko langileek pilatu duten lan-zama adierazten du. Gainera, aurrekoari gehitu behar zaio azken urteetan unibertsitateak, erakunde gisa, lan-zama handiagoa eskuratu duela bere gain, izan irakaskuntzan, ikerkuntzan zein zerbitzu ugaritan. Bada garaia TEKAZELen plantilla aztertu eta handitzeko.

Aldaketak egongo dira TEKAZELen eta IRIen (Irakasle eta Ikertzaileak) soldatetan?

Azken hamarkadan (2014-2023) KPIren igoera EAEn % 21ekoa izan da. Agerikoa da EHUko langileen soldatak ez direla igo neurri berean eta, ondorioz, langileok gure eros ahalmena txikiagotzea pairatu dugu. Bestalde, 2007an egindako lanpostuen balorazioa zaharkituta geratu da, lanpostu gehienetan lan-zama handitu delako urte guztiotan. Bestetik, aurrerapausoak lortu badira ere, aldi baterako ikertzaile gehienen soldata urruti dago duina izatetik eta 2006an onartu eta aldatu ez diren IRIen ordainsari osagarriak eguneratu behar dira.

Aldaketak egongo dira plantilla handitu eta gaztetzeko?

EHUko plantilla ez da nahikoa eta zaharkituta dago. Hurrengo urteetan langile asko erretiratuko dira eta errelebo egokia eta programatua ematea ezinbestekoa da. Horretarako, erretiro-baldintza aproposak eskaini behar dira. Argi geratu zen hori 2022ko urrian Zuzendaritzak alde bakarrez hartutako neurrien porrotarekin. Murrizketa horien aurrean salaketak eta mobilizazioak egin genituen eta Errektoretza proposamen berria aurkeztera behartu genuen.

Erretiroa errazteaz gain eta gabeziak kronifikatu baino lehen EHUren zenbait zerbitzu eta sail langile berriekin indartu behar dira, lanez gainezka baitaude. Horretaz gain, Unibertsitateak behar duen plantilla aztertu behar du.

Arrazoi horiek, besteak beste, eraman gintuzten aurreko ikasturtean EHUn mobilizazio ugari egitera, bost greba tartean. Hasi berria den ikasturte honetan ere, langileen lan-baldintzen alde baita euskal jendartearen zerbitzura dagoen kalitatezko unibertsitate publiko baten alde ere borrokatzeko prest agertzen gara.

EHUn lan- baldintza duinak eta kalitatea bermatzearen alde

Prekarizazio eta diskriminaziorik gabeko unibertsitatearen alde

Euskal jendartearen zerbitzura dagoen unibertsitatearen alde

Parte-hartzailea, irekia eta dinamikoa den unibertsitatearen alde

Nahikoa baliabide daukan unibertsitate publikoaren alde

Euskararen aurkako oldarraldi juridikoa geldiarazteko neurriak eskatu ditu Gipuzkoako Foru Aldundiko LABek

Azkenaldi honetan, etengabeak izan dira Administrazio Publikoaren euskalduntze prozesuaren ardatz nagusietako bat diren lanpostuen Hizkuntza Eskakizunen aurkako errekurtsoak eta ebazpen juridikoak.

EAE osoan gertatzen ari den eraso horietatik Gipuzkoako Foru Aldundia bera ere ez da libratu, bere egunean Uliazpiko gertakariek argi eta garbi erakutsi zuten moduan. Hori dela eta, Aldundiko langileek mobilizazioa egin dute Donostiako epaitegiaren aurrean, beste eraso juridiko baten atarian gauden honetan. Oraingoan, zaintzaile lanpostuen Hizkuntza Eskakizunen aurkako epaiketa izan da.

Etengabe indartzen doan oldarraldi juridiko horri galga jartzea euskal klase politikoari dagokion ardura da, Euskara Legea egokituz ala Hizkuntza Eskakizunen Dekretu birformulatu berria berregokituz.

Adituek zenbait proposamen mahaigaineratu dituzte. Hor dago, adibidez, Iñigo Urrutia legegileak berak mahai gainean jarritako irtenbidea. Euskal klase politikoak ezin du beste aldera begiratu. Jakin behar du horrelako eraso juridikoen aurrean ahoa berotzeaz gain, neurriak hartu behar direla, hori egin gabe oldarraldiak ez baitu etenik izango.

Norberak bere ardura politikoak hartu behar ditu. LABek garbi dauka langileak euskaraz lan eta bizi daitezen neurriak bultzatzea dagokiola, eta euskal klase politikoari hori posible izan dadin beharrezko neurri legalak hartzea dagokio.

Muriba enpresako langileak greba mugagabean dira Ibañez Construccion-ek hiru hilabeteko soldatak zor dizkielako

Muriba S.L. eraikuntza enpresako plantillan oraindik gelditzen diren sei langileak atzotik greba mugagabean daude, Ibañez ConstrucciĂłn enpresak (enpresa nagusia eta jabe berarena) hiru hilabeteko soldata zor baitie. LAB sindikatuak irmoki salatu nahi du Ibañez ConstrucciĂłn enpresaren lotsagabekeria; izan ere, obra publikoak egiteko milioika euro kobratu arren (Memoriaren Nafarroako Institutua, Irunberriko institutua…), filiala erortzen utzi eta langileak prekaritatera kondenatzea erabaki baitu.

Construcciones Jose Miguel Ibañez izeneko enpresak hainbat milioi euro kobratuko ditu aurten Nafarroako Gobernuaren aldetik, Rozalejoko markesaren jauregia Memoriaren Nafarroako Institutu bihurtzeko eta Irunberriko batxilergoko institutu berria eraikitzeko. Baina, hala eta guztiz ere, adierazten du ez duela nahikoa dirurik bere bertze enpresa batean gelditzen diren langile gutxiren soldata ordaintzeko –Muriba S.L., enpresa nagusiaren leku berean egoitza soziala duena–, nahiz eta bertze enpresa baten bitartez azpikontratatzen dituen –Ibañez Construcción, enpresa nagusiaren leku berean egoitza soziala duena–.

Muribako langileek abuztuaren 29an egin zuten lehen elkarretaratzea, Iruñeko Rozalejoko markesaren jauregiaren ondoan, haien egoera salatzeko. Orain, egoera hori are gehiago larritu denez hartzekodunen konkurtsoaren iragarpen ofizialarekin, greba mugagabea hasi dute, eta ortzirale honetan, irailak 13, elkarretaratzea eginen dute Udaletxe plazan, 09:30ean.

Langileek diote burlaizekoa izan dela enpresako gerentea haiekin hitz egitera esertzea, noiz eta langileek salaketaren lehen kontzentrazioa egin zutenean behartuta egon ostean, eta ez ordaintzeko aitzakiatzat jartzea “ez dagoela dirurik”. LAB sindikatuari ulertezina egiten zaio enpresei enpresa-sare horiek eraikitzen uztea, langileak prekarizatzearen truke etekin gehiago lortzea bertze helbururik ez baitute. Zentzu horretan, LABi lotsagabekeria iruditzen zaio Muribako jabeek erratea ez dutela dirurik beren bertze enpresek diru publikotik jasotako milioika euro fakturatzen dituztenean.

Langileek nabarmendu nahi dute bukaera arte salatzen eta borrokatzen jarraituko dutela, euren lanpostuen defentsan, lan eta bizi baldintza duinen alde. Hurrengo hitzordua, erran bezala, irailaren 13an izanen da, Iruñeko Udaletxe Plazan. Langileek dei berezia egiten diete Eraikuntza sektoreko pertsona guztiei kasu honen salaketan parte har dezaten, izan ere, bertze enpresa batzuetan errepikatzen diren inguruabarrak eta jokabideak ematen dira bertan.

Ordezko irakasleen lan baldintzak okertzea salatu eta hezkuntza publikoa indartu dezaten exijitu dugu

Ikasturte hasierako lehen aste honetan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ikastetxeetan irakasleek bat egin dute LABek deitutako mobilizazioekin. Hezkuntza Sailari hezkuntza publikoa indartu eta inbertsio publikoa handitu dezan ozen esan diogu, kalitatezko hezkuntza publikoa helburu.

Kalitatezko hezkuntza publiko bat izateak, besteak beste, administrazioaren prozesuak edota esleipenak modu egokian, baliabide tekniko egokiekin eta dagokien garaian egitea eskatzen du. Izan ere, arrazoi teknikoak aitzaki hartuz, azken urteetan estruktural bilakatu da ikasturte hasierako ordezkagunean hautaketa eta esleitzea egin ondoren hau bera atzeratzea, honek ordezko langileengan suposatzen duen guztiarekin.

Ordezko langileek ez ezik, karrerako funtzionariek ere pairatzen dituzte administrazio prozesu hauen huts egite eta planifikazio kaxkarrak. Horren lekuko dira, esaterako, lekualdatze-lehiaketan, administrazioa jakinaren gainean egon arren, existitzen ez ziren behin-betiko lanpostuak esleitu ondoren 2024-2025 ikasturteari begirako uztaileko esleipenetan parte hartzera behartuak izan ziren hainbat eta hainbat irakasle.

Kalitatezko hezkuntza publikoa izateak ikasturteko lehen lan egunetik langileak lan zentroan bertan izatea ere eskatzen du, horrek kudeaketa eta hornikuntza egoki bat eskatzen duelarik. Bide honetatik, urrats bat gehiago emango litzateke ordezko langileen lan baldintzak hobetzeari begira, baita lan zentroen funtzionamendua hobetzeari begira ere. Honetaz gain, ikaslea erdigunean jarri eta hezkuntza komunitatea osatzen duten familiei begira ere jartzea litzateke.

Kalitatezko hezkuntza publiko bat izateko eta benetan ikaslea erdigunean jartzeko, langileon lan baldintzak hobetu behar dira, izan bitarteko langile zein karrerako funtzionario. Hezkuntza Sailak, aldiz, aldebakarrez 2023-2024ko ikasturtean ordezko irakasleen lan baldintzak aldebakarrez okertu ditu udako kobraketari dagokionez. Horregatik, LABen borrokan jarraituko dugu, besteak beste, ordezkoen lan baldintzak arautzen dituen araudia berritu, lan zamak arindu eta gazteberritze neurriak lortzeko.

Ez dugu sinatu Nafarroako itunpeko ikastetxe eta ikastolen akordioa, urriegitzat jotzen dugulako

Nafarroa Garaiko itunpeko ikastetxe eta ikastoletako patronalek eta SEPNA eta UGT sindikatuek akordioa lortu zuten atzo, sektoreko hurrengo bi urteetarako hitzarmen berriaren inguruan, baina LAB sindikatuak ez du akordio hori sinatu, ez sinatuko, bertan jasotzen diren neurriak ez direlako nahikoa.

Iragan abuztuaren 31n bukatu zen Nafarroako Itunpeko Irakaskuntza eta Ikastoletako azken akordioaren indarraldia, eta aurreko ikasturtea akordio berri hobea lortzeko lanean eta borrokan aritu zen LAB buru-belarri. Baina, ohikoa duenez, Hezkuntza Departamentuak ez zuen negoziaziorako biderik eman; Carlos Gimeno kontseilariak beti izan duen jarrera itxiarekin jarraitu zuen. Abuztuaren bukaeran, patronalek azken proposamen bat helarazi zieten sindikatuei, bi elementu berrirekin: hiruko mahai informatiboa osatzea eta 57 urtetik gorako irakasleei, ahal den neurrian, tutoretzarik ez egokitzea.

Gainera, Hezkuntza Departamentuak birkokapen plan bat eskaini zuen. Baina plan horrek dituen ezaugarriak kontuan hartuta, sindikatu honi zalantza handiak sortu zitzaizkion, planean eragiteko gaitasun faltagatik. LABen ustez, hiru neurri horiek ez dira nahikoa.

Pasa den astean izandako negoziazioetan, LABek gutxieneko bi baldintza ezarri zituen, akordioa sinatu ahal izateko. Lehenik, akordioa ez izatea hurrengo lau urteetarako, bi urterako baizik, hobekuntza nahikorik ez zuelako. Eta bigarrenik, konpromisoa hartzea sindikatuei aurrekontuen berri emateko, horiengan eragiteko nolabaiteko gaitasuna izateko. Lehenbiziko baldintza onartu zuten bertze aldeek. Ez, ordea, bigarrena eta horregatik LABek ez du akordioa sinatu.

SEPNA eta UGT sindikatuek akordioa sinatu dute eta, gehiengoa dutenez, akordio berriko neurriak bi urtez aplikatuko dira; betiere, Nafarroako Gobernuak aurrekontuetan nahikoa dirua jartzen badu. Hurrengo bi urteetan, LABek akordio horren jarraipen estua eginen du eta berau hobetzeko lanean segituko du.

Patronala ez da mugitzen Bizkaiko Grafikagintzako Hitzarmenean

LAB-ELA-CCOO-UGTk Cebeki negoziazioak blokeatzeko asmoa gaitzetsi diogu berriro. Desblokeoa borroka egun gehiagorekin etorri beharko da.

Abuztuko etenaldiaren ondoren, irailaren 9an berriro ekin zaio sektoreko hitzarmenaren negoziazio mahaiari. Hori bai, ez dago berririk uztailarekin alderatuta. Cebekek uztailaren 3an egin zuen azken proposamenaren ildo beretik jarraitzen du. Proposamen hori:

• Erosteko ahalmena bermatzetik oso urrun dago.
• Ez zaie erantzun positiborik eman lanaldi murrizketari, aplikazio bermeari, Aldi Baterako Laneko Enpresei, subrogazioari eta beste eduki batzuei buruzko asmoei.
• Nahiz eta patronalak ia elementu atzerakoi guztiak kendu dituen, 14. artikuluko errelebo kontratua desagerrarazi nahi du.

Horregatik guztiagatik, LAB-ELA-CCOO-UGTk uste dugu, nahiz eta negoziazio mahaiaren bilera gehiago egiten jarraituko diren, grafikagintzako patronalaren eta bere enpresa elkartuen jarrera negoziatzailea gaurkoa bada; hurrengo borroka zikloa laster zehaztuko da. Bestela esanda, gatazka egongo da berriro.

Negoziazio Mahaiaren hurrengo bilera irailaren 24an izango da.