2025-12-29
Blog Page 135

Mecaner herriarentzat: sozialki eta ekologikoki justua izango den industriaren alde

Irailaren lehenarekin batera, Stellantis multinazionalak gure eskualdeko enpresa historikoa ixteko agindua helarazi zien bertako 148 langileei. Borroka hilabeteak izan dira ondorengoak.

Gaur hemen bildu garen militante ekologistak, eragile desberdinetako kideak, ordezkari instituzionalak eta oro har herritarrak, Mecanerren etorkizunaren aldeko mobilizazioetan parte hartu dugu eta enpresarentzat alternatiba ekosozialaren alde agertu gara.

Krisi ekologiko betean aurkitzen gara. Ikerketa zientifiko guztiek galdegiten dute mendebaldeko ekonomiak deskarbonizatu behar ditugula hurrengo hamarkadaren buruan; biodibertsitatearen galerari aurre egiteko neurri zehatzak eta azkarrak behar ditugula eta trantsizio energetikoa gauzatu behar dela klima larrialdiari aurre egiteko. Gutxiago produzitu eta kontsumitu. Berriztagarriei bide eman. Lur planetaren muga biofisikoak aintzat hartu.

Guzti honek, premiazkoa bihurtu dute erroko aldaketa soziala. Gure metabolismo soziala eraldatu gabe, nekez egingo diogu aurre modu justuan bizitzen eta areagotu daitekeen hondamendi ekologikoari. Bada garaia hazkunde infinituaren paradigma alboratzeko.

Jakin badakigu ere, eraldaketa hau borroka anitzen batura eta elkarrekintzen bidez gauzatuko dela. Horregatik, Mecanerrentzat langile batzordearen gehiengoak babestutako trantsizio plan ekosozialaren alde agertu izan gara. Lanpostuak mantendu eta industriaren birmoldaketa atea irekitzen zion alternatiba bideragarria dela deritzogu: Multinazional handi baten diru goseari irtenbide sozial eta ekologiko justuagoa borrokatzeko aukera izan da plan hau.

Kontziente gara ez zela erraza tamainako munstroari aurre egitea eta pozten gara borrokaren bidez lortutakoa ez delako gutxi izan. Haien lanpostuen defentsa muturrera eraman dute, industriaren birmoldaketaz aritu dira, instituzioak interpelatu dituzte eta eskualde oso baten etorkizunaren aldeko aldarria zabaldu dute. Zoritxarrez, langileen borroka eredugarriak eta haiekin batera mobilizatu garenon ekinak ez du lortu enpresa zabalik mantentzea. Zoritxarrez, eusko jaurlaritzak bere erantzukizunari uko egin dio beste behin eta enpresaren interesen alde lerratu da.

Guk ordea ez dugu amore emango. Mecaner itxi bada ere, Urdulizen jarraitzen dute makinek eta instalazioek. Mantentzen da eraldaketa ekosoziala gauzatzeko alternatiba plana eta zutik dirau ere eskualde honetan trantsizioa modu justuan egiteko herri indar eta gogoa. Horregatik, gaur mugimendu ekologistako kideok, herri mugimendu anitzetako militanteok, industriako langileok, eskualdeko alkate eta zinegotziak, akademia mundukoak eta Uribe Kostako bizilagunak Mecanerren biziberritzeari aukera ireki nahi dugu eta hurrengo eskaerak egiten dizkiogu Eusko Jaurlaritzari:

  • Mecaner itxi da. Baina makinaria eta instalazioak hemen daude. Bertan zer eta nola ekoiztu behar den proposatzeko jarraipen batzordea sortu behar da eta herritarron parte hartzea bermatu.
  • Mecaner dagoen tokian inolako proiektu industrialik garatu behar bada, ikuspegi ekologiko eta soziala izan dezala exijitzen dugu. Izan dadila langilek aurkeztu duten plana hurrengo proiektuen oinarri eta eraldaketa industrialaren abiapuntu.
  • Ezein proiektu industrialik baldin badago, bertan lanean egon direnekin egin dadila lehentasunez, suntsitutako enplegua berreskuratuz eta baldintza duinetan eraikitako kalitatezko enplegua dela ziurtatuz.

Jakin badakigu Mecaner suntsitzea gure industria- eta giza paisaia “birmoldaketa basati” honen aurreko iragarkia besterik ez dela. Uribe Kostako gizarte-eragile guztiei dei egin nahi diegu foro sozial bat eratzeko, non, demokratikoki eta denen parte-hartze aktiboaren bidez, gizarte-eraldaketa bidezko eta jasangarrirako eredu bat diseinatzen has gaitezkeen, inor atzean utzi gabe.Urdulizen egingo den lehen bilerarako deia egin dugu. Maiatzaren 28an izango da, 18:30ean.

Azkenik, agerraldi honekin maiatzaren 11an Bilbon Alternatiba ekosozial justuaren aldeko mobilizazion parte hartuko dugula iragarri nahi dugu eta herritarrei bertan parte hartzeko gonbidapena luzatzen dugu.

Barakaldoko Udaleko aurrekontuak inolako negoziaziorik gabe onartu izana salatzen dugu

Atal sindikaletik alegazioak aurkeztu zizkioten aurrekontuari, eta horiek negoziazio mahaira eraman ez izana negoziazio kolektiboaren gutxiespentzat jo du.

Une honetan asko dira Barakaldoko Udalean etenda dauden gaiak, aurrekonturik gabe edo aurrekontu eskasarekin: behin-behinekotasuna murriztea, Pertsonen Plana, egonkortze prozesua, hitzarmena, 2023ko Enplegu Publikoko Eskaintza, lanpostuen balorazioa, Barne Berdintasunerako II. Plana betetzea, telelana, Euskararen erabilera normalizatzeko plan estrategikoa (2023-2027) abian jartzea… Gai horiek guztiak lege-eskakizunekin, Lan ikuskarien errekerimenduekin, auto judizialekin eta osoko bilkuraren erabakiekin lotuta daude. Bada, gai horiek eragin handia daukate herriko zerbitzu publikoen kalitatearengan, udaleko lankideen lan-baldintzetan nahiz karrera profesionalean.

Hala, LABek kritika egin dio gobernu-taldeak aurkeztutako 2024rako Barakaldoko Udalaren Aurrekontu Orokorren proiektuari; izan ere, proiektua ez da Negoziazio Mahaira eraman, informazioa, eztabaida eta adostasuna lortzeko. Badirudi gobernu-talde honek gai askori modu positiboan heltzeko borondaterik ez duela.

LABeko Atal Sindikalak azpimarratu du aurrekontu horien onarpenak eskubide sindikalen eta, bereziki, negoziazio kolektiboaren gutxiespena dakarrela berekin, eta Gobernu Taldeak horiek Negoziazio Mahaira eramaten ez baditu udal aurrekontua baliogabetzeko moduan jarriko luketela. LABek ez du udal langileen eskubideak urratzen dituzten aurrekontu hauen onarpenaren erantzule izan nahi.

LABek gogorarazi du aldez aurretik alegazioak aurkeztu direla, eta Gobernu Taldeak Barakaldoko Udaleko langileen ordezkaritzari entzungor egiten jarraitzen badu, gure lankideen eskubideak urratzen dituzten gai guztiak auzibidean aurkaratzen jarraituko duela. Hala, Barakaldoko Udalaren 2024ko ekitaldirako aurrekontuak baliogabetu eta ondoriorik gabe gera daitezke. Gobernuaren benetako borondateak bakarrik uxa dezake blokeoaren eta etengabeko auziaren errealitate hori, egitate positiboetan eta aurrerapenetan azalduta.

Hezkuntza Departamentuak Barañaingo Alaitz Institutuko batxilergoko lerro bat bidegabe kentzeko asmoa duela salatzen dugu

2024-2025 ikasturterako, 52 ikasle aurrematrikulatu dira Alaitzen Gizarte Zientziak-Humanitateak eta Zientziak-Teknologia baxilergoetako ikasketak egiteko. Hala ere, Hezkuntza Departamentuak talde bakarra osatzea aurreikusten du.

Izena eman duten ikasleetatik 22 Alaitzekoak dira, 25 Jaso ikastolakoak eta 5 beste ikastetxeetakoak. Musika eta Arte Eszenikoko taldeaz gain, historikoki batxilergoko beste bi talde egon dira Alaitzen. Nola justifikatu dezake Departamentuak talde horren beharrik ez dagoela?

Departamentuak Alaitzetik datozen aurrematrikulatutako ikaslegoaren %65 bakarrik batxilergora pasatuko dela aurreikusten du. Baina ehuneko hori ez dator bat Alaitzen azken hiru urteetako matrikulazio datuekin:

– Aurrematrikulatutako ikasleen %80ak baino gehiagok batxilergo ikasketak aukeratzen ditu (2021-2022: %81.08, 2022-2023: %80.49, 2023-2024: %84).

– Kanpotik datozen ikasleen artean ere portzentaia altua da: 2021-2022: %91.38, 2022-2023: %101.85 (epez kanpoko matrikulazioak direla eta %100tik gorakoa), 2023-2024: % 78.57.

Honek bi ondorio ditu. Alde batetik, sortzen den talde bakar hori oso kopurutsua izango da, are gehiago, legeak baimentzen duen ikasle kopuru maximoan itxiko da. Hezkuntza Departamentuak ratioen jaitsiera emateko duen borondatea zalantzan jartzen dute horrelako jokaerek.

Bestalde, ikasle batzuk kanpoan geldituko dira eta ezingo dituzte haien batxilergoko ikasketak Alaitzen egin. Zer gertatuko da ikasle hauekin? Etxetik urrunago dituzten institutuetara joan beharko dute? Bermatuko da euskaraz ikasteko duten eskubidea? Ez ote da hau beste aitzakia bat gehiago D eredua zigortzeko?

LABek guztiz zilegitzat dauka Alaitz ikastetxeak eta bertako familiek egin duten eskaera, eta hortaz, Hezkuntza Departamentuari exijitzen dio lehenbailehen kasu egin diezaiola eskaera horri eta eman diezazkiola ikastetxeari orain artean izan dituzten bi taldeak.

Bi greba egun deitu ditugu Nafarroako ANFAS-en, hitzarmenaren negoziazioan aurrera egiteko

Greba egingo dute maiatzaren 8an eta 11n, zuzendaritzari soldata igoerak eta erosahalmena berreskuratzea eskatzeko, besteak beste. Nafarroako Gobernuaren inplikazioa eskatzen dute lan baldintzak hobetzeko, azken 4 urteetan Gobernuak ANFASi bere aurrekontuaren bi heren dirulaguntzetan eman arren, lan baldintzak ez direlako hobetu.

Desgaitasun intelektuala duten pertsonen aldeko Nafarroako Elkarteak (ANFAS) 141 langile ditu (ELAk eta LABek ordezkatuta), eta, 700 boluntario baino gehiagoren laguntzarekin, 1.700 pertsona baino gehiago artatzen ditu Nafarroa osoan arreta goiztiarreko, zahartzaroko, aisialdiko, terapiako, logopediako eta abarreko arloetan, eta Zangoza, Sarasate, Sarriguren eta Tafallako etxebizitzak kudeatzen ditu.

ANFASeko lan baldintzak prekarioak dira, partzialtasun asko, asteburuetan lana, lan karga handiak eta erantzukizun handiarekin. Soldatak 1.000 euro garbi ingurukoak dira lanbide kategoria jakin batzuetarako, hala nola aisialdiko begiraleentzat edo zaintzaileentzat jardinaldi osoan arituz gero, baino ia guztiek 4 edo 5 orduko jardunaldia dute astean, eta horrek hilean 100 edo 200 euroko soldata suposatzen du. Arreta espezifikotasun oso zorrotzak dituzten lanak dira, eta erabiltzaile motaren arabera espezializatutako profesionalak. Hain prekarioak diren lan baldintzek langileen mugimendu handia eragiten dute, lana ez baita behar bezela ordaintzen.

Hitzarmena negoziatzen bi urte baino gehiago eman ondoren, ANFASeko zuzendaritzak proposamen bera egin du azken bi bileretan, eta batzordearen iritziz, ez da nahikoa. Azken urteetan galdutako erosahalmena berreskuratzea da puntu kritikoa. Oinarrizko soldata da plantillaren sostengu nagusia, plusik ez dagoelako. Horregatik, soldatek gora egitea eskatzen dute, bizitza igotzen denaren arabera, plantilla urtez urte pobretu ez dadin.

Nafarroako Gobernuaren erantzukizuna zuzena da. ANFASen egiten den zainketa lanaz gain, azpimarratu behar da 2020tik 2023ra ANFASen guztizko diru sarreren bi heren ordaindu dizkiola.

Egoera honen aurrean, ANFASeko langileek mobilizazio dinamika berri bati ekitea erabaki dute, eta greba deitu dute maiatzaren 8rako eta 11rako. Maiatzaren 8ko ekitaldi nagusia Nafarroako Gobernuaren parean izanen da (Karlos III.a Etorbidean) 12:00etan, eta 11n 18:00etan Iruñeko Udaletxe plazan. Hitzarmenaren edukiak aurrera egin ezean mobilizazioak areagotuko dituztela iragarri dute.

Munduko Federazio Sindikalaren Herrien Koordinadorak garai berri bat hasi du

Maiatzaren 2an, arratsaldez, Munduko Federazio Sindikalaren Herrien koordinadorak bilera egin zuen. Sindikatu berriei ongi etorria emateaz gain, fase berri baten hasiera ekarri du bilera horrek, MFS-an afiliatutako estaturik gabeko nazioetako sindikatuen presentzia eta indarra gero eta handiagoa delako.

Osteguneko bileran, LAB sindikatuaz gain, Galiziako CUT, Aragoiko CUT, Intersindical Catalana, Intersindical Valenciana, CSI Asturies, IAC Catalunya eta Andaluziako SATek parte hartu zuten. Sindikatu guzti hauek elkarrekin parte hartzen dugun lehenengo aldia da, CUT Aragoi, Intersindical Valenciana, SAT, IAC eta CSI, Munduko Federazio Sindikalak Brasilgo Sao Paulo hirian eginiko Kontseilu Presidentzialean afiliatu baitira. Sindikatu guzti hauek, Intersindical Canaria eta Herrialde Katalanetako COSekin batera, Herrien Koordinadora osatuko dugu.

Hemendik aurrera Herrien Koordinadorak 140.000 langile ordezkatuko ditu Munduko Federazio Sindikalean. Kontutan izanik sindikalgintza soberanistak eta koordinadoran parte hartzen dugun sindikatuok hazkunde prozesu bat bizi dugula, herrien burujabetzaren alde eta justizia sozialaren alde borrokatzen dugunen presentzia geroz eta handiagoa da.

Bada, Herrien Koordinadorak Espainiar Estatuari nahiz Europako egoerari buruzko manifestu bateratu bat adostu du, zeinetan, irakurketa bateratua plazaratzeaz gain, etorkizunerako aldarrikapen zehatzak egiten dituen. Hementxe ikus daiteke adierazpena:

Gernikako anbulantzia medikalizatua medikurik gabe

Atzo, Maiatzak 5, Bermeotik, Lekeitio, Durango eta Zeanurirarteko emergentziazko osasun asistentzia bermatzen duen Gernikako anbulantzia medikalizatua medikurik gabe egon zen, Osakidetzako Larrialdietako Zuzendaritzak duen kudeaketa txarra tarteko.

Osakidetzako Larrialdi zerbitzuan gero eta gehiagotan pairatzen ari gara halako egoerak. Oinarrizko zerbitzua bada ere, egun askotan ez da iristen ezarrita dauden gutxienekoak betetzera. Emergentziazko deiak hartzen diren koordinazio zentruetan ohikoa da ezarritako mediku guztiak ez egotea, eta geroz eta egun gehiagotan anbulantzia medikalizatuak mediku gabe geratzen dira.

Guzti honek, Euskadiko Larrialdien Sarean hutsune larriak egotea dakar. Mediku baten arta behar duten gaixoak medikurik gabe artatuko dira edo gehiago itxaron beharko dute. Gainera, aintzat hartzekoa da halako kasu askotan premutasunak eragin handia duela gaixoaren egoeran.

LABek denbora darama Osakidetzako Larrialdietako zuzendaritzari pertsonen kudeaketa politika alda dezala eskatzen eta aldarrikatzen. Bada, herritarren beharrizanak era egokian artatuak izan daitezen borrokan jarraituko du sindikatuak, eta Osakidetzari eskatzen dio egoera hauek ekiditeko esku hartu dezan.

Dei egiten dugu aurtengo lehenengo hilketa matxistaren aurrean Emakumeen Mundu Martxak deitutako mobilizazioetan parte hartzera

Maiatzaren 3an, 34 urteko emakumea* indarkeria zantzuekin hilda agertu zen Donibane Lohitzuneko hotel batean. 2024an Euskal Herrian izandako lehen hilketa matxista izan da eta LABetik, bat egiten dugu Emakumeen Mundu Martxak deitutako mobilizazioekin eta euretan parte hartzeko deia egiten dugu.

Emakumeen Mundu Martxaren irakurketa:

Emakume honek apirilaren 14an Ziburuko hotel bateko bostgarren pisutik salto egin zuen eta egoera larrian ospitalean egon zen maiatzaren 1era arte.

Behin eta berriro exijitzen dugu indarkeria matxista kasuen aurrean, epaileek “iragazki bereziki zehatza” izan behar dutela, eta biktimak ezin dituztela babesgabe utzi. Are gehiago, halako kasuetan, non biktimaren bizitza argi eta garbi arrisku larrian dagoen eta indakeria matxistaren zantzuak oso agerikoak diren. Kasu hau bezalakoekin, argi geratzen da egungo justizia ereduak ez duela funtzionatzen.

Erailketa hau 2024ko indarkeria matxistaren ondorioz gertatutako lehen hilketa izan da. Aski da! Nazkatuta,amorratuta eta haserre gaude! Dei egiten dugu elkarretaratzeetan parte hartzera. Adi! ASKI DA! AUTODEFENTSA FEMINISTA!

DONIBANE LOHITZUNE: Maiatzak 6 arratsaldeko 19:00etan Louis XIV Plazan

IRUÑEA: Maiatzak 6, 20:00etan Udaletxean

GASTEIZ: Maiatzak 8 arratsaldeko 19:00etan Andra Mari Zuriaren Plazan

Bilbo eta Donostiako deialdiak zehazteke.

Osakidetzako zuzendaritzak ikuztegi lanak publifikatu behar ditu, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian LABi arrazoia eman dion epaiaren ondoren

LABek antzeman zuen Santa Marina Ospitaleko ikuzketa-lanak pribatizatuta jarraitzea nahi zuela Osakidetzak. Zuzendaritzak pribatizazioaren alde egindako apustu berri horren aurrean, sindikatuak errekurtso berezi bat jarri zuen 2023ko otsailean, eta Kontratu Errekurtsoen Administrazio Organoak onartu egin zuen. Horren aurrean, Osakidetzak EAEko Auzitegi Nagusira jo zuen, eta azken horrek ontzat jo du LABek aurkeztutako errekurtsoa. Hala, zeregin horiek egiteko kanpoko enpresa bat kontratatzen jarraitzea galarazi du.

Osakidetzako hitzarmen kolektiboan honako hau irakur daiteke:

Osakidetzak, akordio hau sinatuta, bere gain hartzen du Bizkairako ikuztegi zerbitzu propioa sortzeko konpromisoa. Konpromiso horren arabera, zerbitzua akordio honen indarraldian zehar abiaraziko da eta Osakidetzako zentroek azpikontratatutako zerbitzuak arian-arian hartuko ditu Osakidetzak bere gain, dagozkien kontratuak amaitu ahala.

EAJ-PNVk argi hitz egin du horri buruz, eta hauteskunde-programan ere irakur ziteken Osakidetzako milaka lankideren zereginak “lan osagarritzat” jotzen dituela, osasuna pribatizatzen ez dela justifikatzeko. Izan ere, lan osagarri horiek dira gehien pribatizatzen direnak. Baieztapen horietan dagoen mehatxu inplizituak zuzenean eragiten die langileen %20 baino gehiagori. Argudio hori faltsua da guztiz, bistan baitago deribazioak areagotu egiten direla, baita autokontzertazioa ere, eta osasunaren kudeaketa ekonomizistara bideratutako beste formula batzuen erabilera.

Desegite-estrategia horren aurrean, LABek duela 2 urte jarri zuen abian plan horiek desegiteko fronte bat. Orain arte, fruituak asko izan dira, eta esternalizazioetara bideratzekoak ziren 163 milioi euro baino gehiago geldiarazi ditu.

Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian jasotako epaia oso garrantzitsua da; izan ere, Osakidetzako zuzendaritzak berak alegazioetan onartzen duen bezala, ehunka lanpostu sortuko lirateke, gehienak Bizkaiko zerbitzuetako langileei dagozkienak.

Bizkaian ikuztegia publifikatzeko konpromisoa jasotzen zuen akordioa 2007koa da eta argi dago 17 urtetan zuzendaritzak konpromiso hori alde batera utzi duela, ikuztegiko zeregin horien kudeaketak dakarren dirusaria hainbat enpresari esleituz.

LABek lortutako epaia irmoa eta esanguratsua da:

  1. Pribatizazioa ez dago behar bezala justifikatuta sektore publikoko kontratuen legearen arabera
  2. Osakidetzak aurkeztutako justifikazio horrek, onartua izan ezkero, zerbitzu guztiak pribatizatzeko balio dezake.
  3. Inolako oinarririk gabe, giza baliabiderik eta baliabide materialik ez dagoela alegatzea ez da nahikoa
  4. Lan horiek Osakidetzaren gain hartzeak ekarriko lukeen “kostu” altua alegatzea ere ez da baliozko argudioa, hori baloratu behar izan baitzen 2007an askatasunez sinatutako konpromisoa hartu zenean
  5. Osakidetzak ez du konpromiso hori betetzeko egutegirik edo plangintzarik landu, ezta aurkeztu ere.

Guzti hauek kontuan hartuta, zerbitzuko langileen kategoriako gure lankideen profesionaltasuna eta gaitasuna nabarmendu nahi ditugu beste behin ere; izan ere, Osakidetzako zuzendaritzak enpresa pribatuei ezartzen die zeregin horiek egiteko beharrezko espezializazioa, langile publikoei ukatu egiten dien bitartean. Esternalizazio guztietan errepikatzen den argudioa da hori, hau da, plantillaren gaitasunik eza argudiatzea lanak kanpoko enpresei esleitzeko.

Azkenik, LABek Osakidetzako zuzendaritzari eskatzen dio osasun publikoa ahultzeko eta enpresa pribatuei saltzeko darabilen estrategia alde batera uzteko. Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren epaia onartu eta Auzitegi Gorenean errekurtsorik ez jartzeko ere eskatzen dio, baita plangintzari ekin diezaiola ere, hartutako konpromisoak betetzeko eta berehala publifikazio prozesuei ekiteko.

Endanea Gardenen greban gaude, ez baitugu mehatxurik onartuko

Hondarribiako Endanea Garden enpresako langileak greban daude gaurtik (maiatzak 3) igandera arte. Hilabete daramate mobilizazioak aurrera eramaten eta enpresak, horiei kasu egin eta dagokion erantzukizuna bere gain hartu ordez, jazarpena darabil langile hauen kontra.

Bada, mehatxu eta jazarpen horiek ez dute lortu langileak gerarazterik, kontrakoa: are gehiago ahaldundu dira eta lan-baldintza duinen alde borrokatzen jarraitzeko prest daude.

Enpresak hobekuntza gutxi batzuk proposatu dituen arren, gaur egun Endaneako langileek dituzten beharrizanak asetzetik oso urrun dago oraindik ere proposamen hori. Bada, elkarretaratzeak egiten hilabete igaro ostean, nazkatuta, grebaren aldeko hautua egin dute langileek.

Bada, salatu beharrekoa da grebalarien lanpostu horiek ordezkoekin betetzen ari dela enpresa.

Guk borrokan jarraituko dugu lan eta bizitza duinen alde.