2025-12-29
Blog Page 133

Sokoa enpresan mobilizazioei ekingo diegu

2024ko Urteko Derrigorrezko Soldata Negoziazioen baitan langileen Biltzar Nagusiak hartutako erabaki baten berri emateko agerraldia egin dugu gaur LAB eta CFDT sindikatuok bulego-aulkien lantegiaren aurrean. Biltzar Nagusi horretan erabaki zen Soldata Negoziazioen blokeoa ematen bazen blokeo horren berri ematea gizarteari eta, aldi berean, gure aldarrikapen nagusiaren alde engaiatzea gaurtik bertatik mobilizazio bat antolatuz.

Bestalde, gaurko prentsaurrekoa ere baliatu nahi genuke 2017ko ekainean osatutako zuzendaritza “berri” honek dituen egiteko manerak eta dituen jarrerak jakin arazteko. 

Urteko Derrigorrezko Soldata Negoziazioei dagokienez, aipatu nahi dugu “negoziazio” hauek 2024ko apirilaren 28an abiatu zirela eta hiru bilera egin ondotik zuzendaritzak desadostasun-akta egin duela eta horren ondotik alde bakarrez %2,5eko emendaketa orokorra egitea erabaki duela %3ra mugatua izango den INSEE klausularen aplikapenarekin eta antzinatasun primaren baremoak %10ean birbaloratuko dituelarik.

Guk gure aldetik, lehenbiziko bilkuratik lehentasun garbi bat izan dugu 13. hilabete-osagarri baten nahiarekin. Jakin behar da gure hitzarmen kolektiboak aurreikusten duela “13. hilabeteko” deituriko prima bat soldata erdi baten baliokidea dena eta 5 urtetako antzinatasuna lortzean izaten ahal dena. Gure eskaera beraz prima hau osatzea litzateke, Sokoako soldata ertainen gainean kalkulua egin eta urteko prima finko bat ezarriz.

Gure aldarrikapena bultzatzeko honako argudio hauek ipini ditugu mahai gainean:

      1. Gure herriak eta batez ere kostaldeak neurrigabeko inflazioa jasan duela azken urte hauetan eta beraz bazela ordua langileen ongizatea egungo errealitate lokalarekin lotzeko “hamairugarren” deitutako prima bat ezarriz.

       2. Azken urte hauetan Salmenten Xifrak modu adierazgarrian handitu diren arren, gure interesamenduak beheranzko joera nabarmena izan du. Adibidez 43 milioiko Salmenten Xifrekin 4000 euroko interesamendua bagenuen 2007. zein 2008. urtean; aitzitik 2022an eta  2023an 933 euro eta 1834 euro baino ez ditugu izan lehenbiziko urtean 54 milioiko Salmenten Xifrak eta bigarrengoan 56 milioiko Salmenten Xifrak egin arren.

       3. Zuzendaritzak, bere betiko diskurtsoa erabiliz, esaten digu ezin dituela karga pertsonalak gehiago emendatu. Baina, izan dugun informazio gutxirekin baieztatzen ahal dugu hain justu soldatarik handienek izan dituztela emendaketarik handienak azken urte hauetan. Haientzat posible bada emendaketa hori, zergatik ezin du izan langile soil batentzat?

Gure “hamairugarren” hilabetearen aldarrikapena zilegia dela jakinik, azpimarratu nahi dugu gaurtik aurrera aldarri honen alde borrokatzeko prest garela eta ziklo berri batean sartuko garela “hamairugarren” hilabete hau lortzeko asmoz. Hori dela-eta, jakin arazi nahi dugu ere ostiral honetan, maiatzaren 17an 4etan langileen Biltzar Nagusia antolatu dela eman beharreko mobilizazioen segidari buruz hitz egiteko eta egun berean 5etan Sokoako Administrazio Kontseilua delarik berau ere interpelatzeko asmoz.

Soldata Negoziazio hauez gain, zuzendaritzaren egiteko manera eta jarrera desegokia dela-eta jakin arazi nahi dugu kezka hori aski zabaldua eta partekatua dela enpresako bestelako eragileen artean ere.

Batez ere honako hauek aipatu nahi genituzke:

       1. Gardentasun falta nabarmena. Zuzendaritzak ez dizkigu eman Soldata Negoziazioen baitan eskatu ditugun informazio guztiak, esate batera. Beste batzuen artean, adibidez kategoria sozioprofesionaleko soldata handienak eta ttikienak ez dizkigu transmititu. Horrez gain urteetan zehar Batzorde Sozial eta Ekonomikoan eskatzen ditugun informazioak ere ez dizkigu komunikatzen, hala-nola akziodunen Biltzar Nagusietako presentzia-orriak zein bertako aktak.

       2. Boterearen kontzentrazioa. Gero eta nabarmenago boterea pertsona baten gainean murrizten ari dela ohartzen gara. Adibidez argi ikusten da Zuzendari Orokorrak ez diola bertako Giza Baliabideetako Zuzendariari inolako erabakitzeko edo negoziatzeko botererik ematen Batzorde Sozial eta Ekonomikoko bilkuretan edota Soldata negoziazioen bilkuretan. Bilkura horietan gero eta nabarmenago ikusten dugu erabakiak aurretik hartuak direla eta grabaketa-gela batean baino ez gaudela egiazki negoziatzeko aukerarik gabe eta erabaki kolektiboen gainean eztabaidatzeko posibilitaterik gabe. Enargiaren afera kudeatzeko orduan ere nabarmen gelditu da. Batzorde Sozial eta Ekonomikoa informatua eta kontsultatua izan zen Enargiaren kapitalean parte hartzeko orduan, baina afera hau dagoenetik ez dugu inolako informaziorik. Gauzak horrela, prentsaren bidez jakin dugu Sokoak justiziaren bidea hartu duela eta bide beretik jakin dugu ere Enargiako kapitaletik irteteko asmoa badagoela. Itxuraz, erabaki hau Zuzendari Orokorrak bakarrik hartuko du. Duen garrantzia kontuan hartuta ez al litzateke eztabaidatu edota erabaki behar beste eragileekin batera, hala-nola langileen ordezkariekin edo akziodunekin?

       3. Ordainsarien desberdintasunerako eboluzioa. Argi ikusten dugu, alde batetik, soldaten 2000. urteko 1etik 3rako tartea nola pasatu den 1etik 5era 2024an eta, bestalde, Zuzendari Orokorrari dagokion eta bere soldatari gaineratzen zaion mandatu sozialaren ordainsaria ere nola hirukoiztu den azken hamar urte hauetan.

       4. Enpresarekiko atxekimendu gero eta txikiagoa. Langileen joatea ere gero eta handiagoa dela ohartu gara eta bertakoen atxekimendua ez dela garai batekoa bezalakoa eta neurri handi batean zuzendariaren egiteko manera eta jarrera honi lotuak dira. Azpimarratu nahi dugu lehenbiziko aldiz ez dela Sokoako Administrazio Kontseilurako azken bozetan koadroen aldetik hautagairik aurkeztu. Eta hau ez da ohikoa gure ustez.

Zuzendaritza honek kanpora begira erregularki bidaltzen duen irudiaren lekukoak gara eta ez dugu ukatzen gauza positiboak ez direnik ezartzen gure enpresan, baina tamalez ez da prentsan agertzen den enpresa eredugarri hori ere, izan ere ez da ahaztu behar epaitegiek Sokoa zenbait aldiz zigortu dutela batez ere lan kodea eta hitzarmen kolektiboa ez errespetatzeagatik edota gehiegizko kaleratze zein sindikatu diskriminazioagatik!!

Polizien kidegoak Iruñeko ospitalean egindako erakustaldia gaitzesten dugu

LAB sindikatuko kideok salatu nahi dugu, Ospitaleratutako Haurraren Eguna dela eta, polizia-indarrek ospitaleetako zabalgunean egindako erakustaldia. Propagandarako ekintza honen aitzakia izan da goizean zezen-plazara joaterik izan ez duten haurrei ikuskizun hau eskaintzea.

Gure irudikoz, erabat desegokia eta lekuz kanpokoa da polizia-agente asko egotea ospitaleetako eremuan; izan ere, eragozpen handiak eragin diete profesionalei eta erabiltzaileei, esaterako, zarata eta nahasmendua Ama-Haurren eraikinean ingresatuta dauden haurrei eta emakumeei.

Horrez gain, LAB sindikatuak Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko gerentziaren jarrera ere salatu nahi du, baimena emateagatik pazienteen osasunari inolako ekarpenik egiten ez dioten eta polizia-kidegoen propagandarako ekintza baino ez diren ekitaldiak egiteko.

LAB sindikatuaren ustez, ospitaleratutako haurren egoerarekin bat datozen ekitaldi askoz ere esanguratsuagoak egin daitezke eta egin behar dira, baina lekuz kanpo daude ospitaleetako eremuan bizitutako erakustaldia eta osasunaren zaintzarekin zerikusirik ez duten indarkeriazko bestelako ekintzak.

Bizkaiko esku-hartze sozialeko zortzigarren greba egunean patronalak eta aldundia interpelatu ditugu

Zerbitzu publikoa ematen dutenez gero, hitzarmen duina premiazkoa dute sektoreko beharginek, eta horregatik dihardute borrokan azken hilabeteotan. Gaur goizean 24 orduko itxialdiari amaiera eman diote eta manifestazioa egin dute Bilboko kaleetan zehar, Gizardatz patronalaren aurrean geldialdia egin dutelarik, blokeoa behingoz eten dezala exijitzeko oihuekin. Ibilbideak Bizkaiko Foru Jauregiaren aurrean izan du amaiera, eta bertan instituzio publiko horren jarrera salatu dute, bere ardurapeko zerbitzuan lan-baldintza kaskarrak onartu eta gatazkan duen ardurari iskin egiten baitio.

Hala, gaurko greba egunaren ostean ere mobilizatzen jarraitzeko asmo irmoa agertu dugu, baldin eta patronalak eta aldundiak ez badute beren jarrera aldatzen. Esku hartze sozialeko langileok boluntariotzan, makurturik eta eskubiderik gabe nahi gaituzte, baina ez dute lortu eta ez dute lortuko, kaleak langileonak dira!

Legutioko lantegiko Sidenor Aceros Especiales enpresako batzordeak mobilizazioei ekin die bidezko hitzarmen bat lortzeko

Enpresak hitzarmenaren negoziazioa blokeatu du, eta eskubideak okerragotzea exijitu du elkarrizketekin jarraitzearen truke. Horren aurrean, enpresa-batzordeak mobilizazioa egin du gaur txanda-aldaketan, eta beste horrenbeste egingo du maiatzaren 16an.

Gaur, maiatzak 14, LAB, ELA eta ESK sindikatuek osatzen duten Sidenor Legutioko enpresa batzordeak enpresari jakinarazi dio lanuzteak eta grebak egiteko asmoa duela, bere hitzarmena eta lan eskubideak defendatzeko. Atzo egindako batzarrean, plantillak argi berdea eman zion batzordearen mobilizatzen hasteko planteamenduari, negoziazio-mahaian enpresak egindako azken mugimenduaren ondoren. Maiatzaren 7an, batzordeak beste proposamen bat aurkeztu zion enpresari, eta enpresak erantzun behar zion. Baina horren ordez, hilaren 9ko bileran, enpresak negoziazioa blokeatu zuen, eta batzordeak Sidenor taldearen malgutasuna onar zezala eskatu zuen, negoziazioarekin jarraitzearen truke. Hau da, gainerako puntuei buruz hitz egitearen truke, langileek lan-baldintzak okerragotzea eskatu du.

Komiteak uste du ezin dela negoziaziorik egin abiapuntu gisa eskubideak galtzeko exijentziarekin. Gogoratu behar dugu Sidenor taldeak iaz izugarrizko irabaziak lortu zituela, bertan lan egiten duten pertsonen ahaleginari eta lanari esker. Horregatik, batzordeak hasieratik planteatu zuen lan-baldintzak berritzeak bi puntutan oinarritu behar zuela: eskubideak EZ galtzea eta erosteko ahalmena bermatzea. Sidenor bezalako enpresa batentzat, lortu dituen emaitzekin, bi premisa horiei erantzuteak ez du esan nahi enpresaren bideragarritasuna arriskuan jarriko denik. Aitzitik, aberastasuna modu bidezkoagoan banatzea dakar. Beste zentzu batera doazen mugimenduak planteatzea, langileekiko bidezkoak ez izatea da; izan ere, guztien artean sortutako aberastasuna gutxi batzuen artean banatzen da; gainerakoek, berriz, beren baldintzak nola okertzen ari diren ikusten dute.

Horregatik, eta enpresak bere jarrera aldatu ez duenez, langileek txanda-aldaketan kontzentrazioa egingo dute gaur eta beste horrenbeste egingo dute hilaren 16an, ostegunean. Hortik aurrera, datorren astean eta hurrengoan grebak egingo dira astearte eta ostegunetan, hilabetea amaitutakoan mobilizazioaren intentsitatea handitzea baztertu gabe.

AyS Arabako enpresako langileek bi ordutako lanuztea egin dute bidezko soldata igoeren alde eta kaleratzeen aurka

Lanuzteaz gain, Gasteizko Lan Ordezkaritzaren aurrean mobilizazio egin dute Análisis y Simulación (AyS) enpresako langileek. Enpresak 65 langile ditu, ATS Global taldean sartuta dago eta  Miñaon eta Arabako hiriburuan ditu lan-zentroak.

Duela hilabete batzutatik hona, langileak enpresarekin akordio bat negoziatzen ari dira, enpresak KPIren soldata igoera aplika diezaien eta erosteko ahalmena gal ez dezaten.

Enpresak ezezkoa eman dio soldatari buruzko akordio kolektiboa bilatzeari, beraz, hainbat batzar egin ondoren, zeintzuetan langileak soldata igoeraren eskakizunari eutsi dioten, azken batzarrean onartu dute mobilizazioak hastea langile guztien erosteko ahalmena bermatuko duten soldata igoera eskatzeko.

Gainera, azken asteetan bidegabeko kaleratze batzuk gertatu dira, eta hori inflexio puntu bat izan da AyS-eko langileentzat, gertatu diren modu desegokiengatik eta horiek egiteko erabilitako arrazoiak ez justifikatzeagatik. Azken kaleratzea, lankide batek batzar batean bere iritzia eman ondoren gertatua, errepresalia onartezina izan da langileen iritziz.

Garbiñe Aranburu: «Negoziazio esparru propioa blindatzea sindikatuaren lehentasunetako bat da»

LABeko koordinatzaile nagusiari elkarrizketa egin diote gaur goizean Radio Vitorian. Bertan, EAEko Enplegu Sail berriari zer eskatuko liokeen galdetu diote, eta bertoko lan-baldintzen inguruan hemen erabakitzeko eskumen osoak izango dituen enplegu-politika bat aurrera eramateko aukera eta hori ahalbidetzeko jarrera exijitu behar zaiola adierazi du.

Ildo beretik, negoziazio kolektiboa estatalizatzeko ahalegina ikusten ari garen honetan, sindikatuaren lehentasunetako bat negoziazio esparru propioa blindatzea dela nabarmendu du, 2017ko lanbide arteko akordioan jasotzen den bezala.

Gaur egun Araban irekita dauden gatazketan arreta berezia jarriz, lurralde horretako adinekoen egoitzetako langileen borrokaz galdetu diote, besteak beste, eta hala erantzun du Aranburuk: «Aldundiak askoz gehiago presionatu behar ditu enpresak, eta hitzarmen bat egongo dela bermatu behar du. Erantzukizun politikoa instituzio horrek dauka, eta, horren ondorioz, pribatizatutako sektore horiek publiko bihurtu behar dira, eta zaintza sistema publiko eta komunitario sendo baten alde egin behar da. Bestela, ikusten ari garen bezala, zaintzak negozio bihurtzen dira, eta enpresa pribatuak ari dira egoera horretaz baliatzen «.

Elkarrizketa osoa esteka honetan entzun daiteke.

Esku-hartze sozialeko langileak itxialdia egiten ari dira Bilbon, hitzarmen duina aldarri

Bihar greba eguna dute sektorean, eta 11:00etan emango diote amaiera 24 orduko itxialdiari, orduan abiatuko baita manifestazio nagusia, Gizardatz patronalaren aurretik pasa eta Bizkaiko Foru Jauregiraino joango dena.

Azken hilabeteotan zehar egin bezala, Bizkaiko esku-hartze sozialeko beharginek nekaezin jarraitzen dute borrokan, sektorerako hitzarmen duina aldarri. Azpikontratatutakoak izanik ere, langile publikoak direla gogorarazi diote beste behin ere aldundiari, eta ematen duten zerbitzua guztiz funtsezkoa dela. Horrenbestez, Gizardatz eta Geroan patronalei negoziazioa blokeatzeari utz diezaiotela exijitu eta aldundiari bere ardurapekoa den zerbitzu honetako baldintzen inguruan esku har dezala eskatzen dihardute. Hitzarmen horrek 4000 pertsona ingururi eragingo lieke Bizkaian.

Gauzak horrela, eta borrokari segida emanez, gaur beste itxialdi bat egin dute, oraingoan Bilboko Ibeni kaian kokatutako Hitz&Hitzen. Bertan egongo dira egun eta gau osoan zehar, beren aldarrikapenak ikusarazten eta hurrengo urratsak erabakitzeko asanbladak egiten. Izan ere, patronalak blokeoa mantendu bitartean kalean eta mobilizatzen jarraituko dute.

Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako patronalek eta eskolek ez dute sinatutako greba amaierako akordioa bete nahi

LAB, ELA, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatuok erabaki dugu otsailean sinatutako akordioa betearazteko mobilizioei ekitea eta bide juridikoa aztertzea.

Greba amaierako akordioa otsailaren 5ean sinatu genuen Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako mahaian ordezkaritza daukagun sindikatu eta patronal guztiek. Akordioa indarrean dago sinatu zen unetik bertatik, hala dago espreski jasota akordioan bertan hamargarren puntuan.

Hiru hilabete igaro dira ordutik. Ez da betetzen ari, ordea, patronalek horretarako borondaterik ez daukatelako. Bitartean, langileek akordioa bete dute eta sinatu zen egunetik greba bertan beherea utzi zuten.

Akordioan jasotako edukiak aplikatzen hasteko eta edukiak hitzarmenean txertatzeko bilerak deitu behar izan genituen sindikatuok, patronalek ez zutelako horretarako pausorik ematen. Bilera egutegi bat adostu arren, patronalek bi bilera bertan behera utzi dituzte. Gainerakoetan akordioa betetzen hasteko oztopoak baino ez dituzte jarri. Patronalek akordioaren aplikazioa atzeratzea eta sinatu zen baldintza berri batzuk ezarri nahi dituzte. Horrela, besteak beste:

  • Ez dira hasi 2024ko soldatak adostutako kopuruetan ordaintzen eta ez dute zehaztu noiz hasiko diren ordaintzen.
  • Mahaian aurkeztutako soldata taulak behin-behineko moduan aurkeztu dituzte, Jaurlaritzaren onespenaren eta finantzaketaren menpe.
  • Adostutako lanaldi murrizketak 2023-2024 ikasturtean aplikatzeko modu murriztatzailea planteatu dute.
  • Irakasleentzat adostutako eskola orduen murrizketa hitzarmenaren artikulatuan jasotzeko trabak jartzen ari dira.
  • Enplegua bermatzeko birkokapen prozesuan kalte ordainak eta aintzinatasuna aitortzeko araubide berria alde batera utzi dute; are gehiago, birkokapen prozesuaren aplikazioa bera ere kolokan jarri dute, erretiro partzialean gerta litezkeen legezko aldaketak aitzakiatzat hartuta.

Hori guztia gutxi balitz, patronalek hitzarmenaren proposamen oso bat ez digute oraindik ere helarazi sindikatuoi, eta bidalitako zatian aldebakarrez eta akordioak jasotzen ez dituen aldaketa atzerakoiak txertatu nahi dituzte.

Jarrera horren aurrean, akordioa betearazteko neurriak hartzea erabaki dugu. Alde batetik, mobilizazioei ekingo diegu. Horrela, datorren maiatzaren 16an elkarretaratzea egingo dugu 11:30ean Kristau Eskola patronal nagusiaren Donostiako egoitzaren aurrean; eta maiatzaren 22an eskoletan elkarretaratzeak egingo ditugu. Bestalde, bide juridikoa aztertuko dugu: maiatzaren 29rako adostutako negoziazio mahairako patronalek ez badute proposamenik ekartzen akordioa sinatutako baldintzetan, demanda judizialen bidea aktibatuko dugu.

Nafarroako Industriako legean langileen lan eta bizi baldintzak erdigunean jartzea eskatu diogu Gobernuari, enpresarien lobbyaren presio interesatuen gainetik

LAB sindikatuan kezkaz hartu dugu aste honetan zenbait enpresari taldek argitaraturiko manifestua Nafarroako Industriako foru legea dela eta. Enpresari horien aldarrikapenek guztiz erreakzionarioak dira, Nafarroaren garapena oztopatzen dute, enplegua prekarizatzen dute, gizartearen ongizatea murrizten dute eta industriako etorkizuna kolokan jartzen dute. Era berean, arduraz ikusten dugu nola Gobernua kezkatuago dagoen enpresariak pozik uzteaz langileen interesen alde egiteaz baino.

Azken hilabeteetan, Nafarroako Industriako foru legea izanen dena osatzeko egindako lan mahai desberdinetan parte hartu du LABek. Eta sindikatu hau egon den mahai guztietan norabide berdinean joaten diren eta langileen kezka eta behar nagusiak aintzat hartzen dituzten neurriak proposatu ditu: etorkizuna izanen duen industria eredu jasangarri bat, parte hartzailea izanen dena, Nafarroa osoan hedatuta egonen dena lurralde osoa kohesionatuz, sortzen duen aberastasuna banatuko duena, diskriminaziorik gabeko aukera-berdintasuna bermatuko duena (generokoa, arrazakoa eta sindikala), zeinean langileek baldintza duinak izanen dutena eta etxera bizirik bueltatzea bermatuko duena.

Industriari buruzko lege berri bat egiteko irekitako prozesuaren aurrean sindikatu honek ardura bat hartu zuen, bertze batzuen isiltasunaren aitzinean LAB berea hartzeko prest baitago. Kalitatezkoa izanen den lanaren banaketa baterako industria-egituraren defentsa funtsezkoa da, eta enpresariek norabide horren kontrako bidea ekiditeko lanean ari gara.

Horregatik guztiagatik, kezkaz ikusi dugu enpresarien lobbyak argitaraturiko manifestua, bertan argi adierazten baitute zein den beraien nahia: Nafarroako gizarteari eta gehiengo sozialari bizkarra emanez, haiek (eta ez langileek) pribilegiozko fiskalitate bat izatea, eta (gezurretan oinarrituta) Nafarroako Industriak eta bere langileek behar ez dituzten makroproiektuak sustatzea.

Azken horri dagokionez, aipatzekoa da nola abiadura handiko trena aldarrikatzen tematzen diren, Europarekin konektatuak egotearen aitzakiapean, gauza jakina denean konexio hori ez dela inoiz emanen edo, ematekotan ere, ez diola inongo ekarpenik eginen Nafarroako Industriari -abiadura handiko trenak ez baitu merkantzia industrialik garraiatzen-. Horrekin batera, tematuta daude itzalpeko bidesari gehiago izanen dituen Nafarroako Ubidea bultzatzearekin, nafar landa eremuaren benetako beharrei bizkarra ematen diona, eta Madrilerako beraien bidaiak hegazkinaz lotzearekin.

Era berean, hagitz larria da ere herrialdea paradisu fiskal bihurtu nahi izate horrek zerbitzu publikoetan izanen zukeen eragin kaltegarria, bai eta leihatila bakarraren kontu horrekin administrazio oso bat beraien zerbitzura egotea exijitzea ere.

Enpresarien manifestu honek asmo garbia du: Nafarroako Gobernuari adieraztea zein den egin behar duen bidea. Jakin baitakite Gobernuak lehentasunezko tratua ematen diela, beraiekinelkartuz, baina langileon ahotsari entzungor eginez. Enpresarien eta Gobernuaren ados jartze hori oso larria da. Industria indartu eta bultzatu baino gehiago, betiko errezetekin ahultzen dute, eskuinaren eta gehien daukatenen mesedetan.

Irabazi nahi ase ezinak mugitzen ditu enpresariak. Langileak, aldiz, lan eta bizi baldintzak hobetzeko anbizioak. Hori dela eta, LAB sindikatutik dei egiten diogu Nafarroako Gobernuari enpresaburuen presioei men ez egiteko eta benetan Nafarroako Industriaren etorkizuna eta langileon lan eta bizi baldintzak erdigunean kokatuko duen lege proposamen bat egiteko. Horrela ez bada, aurrez aurre izanen gaituzte beti.