2026-11-01
Blog Page 13

Gora Garbitzaileak kolektiboa Bizkaiko garbiketako hitzarmenaren egoera salatzeko bueltatu da

CEBEK seinalatu dute blokeoaren arduradunetako bat bezala. Ekintzaileak garabi batera igo dira eta Bizkaiko patronalaren bulegoen aurrean, sirena hotsen bitartez, benetan negoziatzeko eskatu dute.

Gora Garbitzaileak kolektiboak Bizkaiko eraikinen eta lokalen garbiketako hitzarmenaren egoera salatu du eta auzi honetan CEBEKeko ASELBI patronalak duen ardura nabarmentzeko ekintza bat aurrera eraman du, sektorearen errealitatearekiko negoziazio serio eta konprometitua eskatuz. Sektoreko langileek garabi bat jarri dute, trafikoa etenez, patronalaren leihora iristeko, eta sirena hotsen bidez salatu dute negoziaziorik ez dagoen bitartean entzun egin beharko dituztela.

Nahiz eta urte eta erdi daramaten hitzarmena negoziatzen eta joan den ikasturtean 13 greba egun egin arren, hitzarmena erabat enkistatuta dago. Patronalek erakutsi dute estrategia argia dutela: bajen osagarria murrizten saiatuz langileen osasunaren kontura dirua irabaztea. Baina sektoreko langileek argi eta garbi diote osasuna eskubide bat dela eta eskubide horrekin ez dela jolasten.

Gora Garbitzaileak Bizkaiko eraikinen eta lokalen garbiketako hitzarmenaren aurreko negoziazioan sortu zen, erabat ikusezin bihurtutako sektore bati ikusgarritasuna emateko asmoz. “Pandemian, funtsezko sektorea ginela saldu nahi izan ziguten, baina laster ahaztu da hori guztia, eta berriz ere ahaztuak izan gara”, adierazi dute. Sektoreko langileek sortutako kolektibo horren helburua ekintza sendoagoekin negoziazioa behartzea eta aldarrikapen nagusiak kalera ateratzea da. Ekimen hau berriro martxan jartzea erabaki dute 1500 € x 15-eko soldata eta sektorean hain ezagunak diren lanaldi eskasak handitzeko aukera emango duen bakanteen sistema aldarrikatzeko.

“Argi utzi nahi dugu borrokan jarraituko dugula hitzarmen duin bat sinatu arte, blokeoan diharduen edonor seinalatuz. Aurrean izango gaituzte Bizkaiko garbiketa-sektoreko langileentzako baldintza duinak lortu arte. Ezkutuan nahi gaituzte, baina gu borrokaren lehen lerroan jarri gara, eta hemen jarraituko dugu antzeko ekintza gehiagorekin, sektorearentzat hitzarmen duin bat lortu arte”, diote Gora Garbitzaileak taldeko kideek.

Bizkaiko egoitzetako hitzarmenaren negoziazioa blokeo-arriskuan dagoela salatu dugu

Mobilizazioa egin dugu Bilbon, Lan Harremanen Kontseiluaren aurrean, Bizkaiko egoitzetako hitzarmenaren negoziazio mahaiaren zazpigarren bileraren aurretik. Orain arte, patronalak ez duela ekiparazioaren eta ratioen gure aldarrikapenekin bat datorren proposamenik jarri mahai gainean. Horregatik, benetako blokeo-arriskua dagoela uste du.

Gaurko elkarretaratzearekin, beste behin ere sektore honetako langileek defendatzen dituzten aldarrikapen nagusiak ikusarazi nahi izan ditugu:

– Ekiparazioa: langileen lan-baldintzak eta eskubideak egoitza publikoetako lankideen baldintzekin parekatzea.

– Ratioak: Zaintzaren kalitatea eta lan-baldintza duinak bermatuko dituzten ratioak ezartzea, langileei gaixotu gabe lan egiteko aukera emango dietenak. Gogorarazi dugu behin baino gehiagotan aurkeztu dugula gure ratio-proposamena: lau erabiltzaileko gerokultore bat. Honekin lotuta, kudeaketa pribatuko egoitza askotan ratio hori bikoiztu eta hirukoiztu egiten dela salatu dugu.

Gaur patronalaren jarrera salatu dugu, baina ez dugu ahazten egoitzen eredu honen erantzule nagusia Bizkaiko Aldundia dela, eta horren aurrean ere mobilizatuko gara.

Argi utzi nahi izan dugu egungo egoitzen ereduak ez duela balio. Egoitzen pribatizazioa bateraezina da lan-eskubideen bermearekin eta arreta duin eta kalitatezkoarekin. Horrela, Bizkaiko egoitza guzti-guztiak publiko bihurtzearen alde borrokan jarraituko dugu.

Azkenik, langileak zainduko dituen egoitza ereduaren aldarrikapenean berretsi gara, horiek duintasunez zaindu ahal izan dezaten, eta adierazi dugu ekiparazioaren eta ratio duinen alde borrokatzeko momentua dela.

Bilboko Udalaren eraikinetako garbitzaile azpikontratatuek beste greba ziklo bati ekin diote

Gaur goizean manifestazioa eta elkarretaratzea egin dituzte, eta datozen egunetarako ere hainbat hitzordu iragarri dituzte.

Jarraian irakur daiteke langile hauen adierazpena osorik:

“Bilboko eskolak eta gainerako udal zentroak garbitzen dituzten pertsonak gara. Ez gara ezta udal langileak ezta hezkuntzakoak ere ez, baina gure lanak eskola eta udal-zentroen funtzionamendua ahalbidetzen duen azpikontrata gara. Guk garbitzen ez badugu, ezinezkoa izango litzateke eskoletan klaseak ematea, udal-zentroetan yoga egitea, liburutegietan ikastea edo Erriberako merkatuan erosketak egitea. Ohituta gaude eraikinak bakarrik garbitzen direla pentsatzera, eta inor ez konturatzea goizeko 6etan motxoa eskuan lan egiten dugula, inork ikusten ez gaituenean, eguna hasten denean dena garbi egon dadin. Baina txukuntasun horren atzean garbitzaile bat egoten da beti, mundua funtzionatzen hasi baino lehen esnatzen dena.

Bilboko Udalak azpikontratatuta ditu zerbitzu gehienak, baita udal-zentroak garbitzeko zerbitzua ere, FCC multinazionalarekin. Zerbitzu horrek, UTE BIO ERAIKIGARBIren izenpean, prekarizatu egiten gaitu, astean 20 ordura iristen ez diren lanaldiak eskainiz, gure bizkargainean lan-karga jasanezinak jarriz, erretiratzen diren pertsonen lanpostuak amortizatuz, eta generoagatik diskriminatuz, kontratatzen dituzten gizon apurrei lanaldi osoak emanez eta emakumeak lanaldi lotsagarrietara kondenatuz.

Udal bera eta multinazional bera, UTE BIO GARBIKETAz arduratzen dira ere bai, BILBOGARBI izenez ezagunagoa. FCC enpresak, udalaren oniritziarekin, aste barruko lana antolatzen du lanaldi osoekin eta gureak baino %80-ko soldata handiagoekin. Plaza bat garbitzea ikastetxe bateko patio bat garbitzea baino diru gehiago kostatzen al du?

Udal-zentroetako garbitzaileok antolatzeko eta dagokigunaren alde antolatzea eta borrokatzea erabaki dugu, eta argi eta garbi esaten dugu BILBOKO UDALAK SOLDATA-ARRAKALA DIRUZ LAGUNTZEN DUELA. FCCri eskatzen diogu NEGOZIATZEKO ESERTZEKO, besteak beste, puntu hauek:

  • Kaleak eta eraikinak garbitzearen artean dagoen soldata-arrakala amaitzea, % 80 Bilboren kasuan.
-Kale-garbiketako aparteko ordainsari berberak izatea.
-Adostea enpresak ez duela astean 25 ordu baino gutxiagoko kontraturik egingo, prekarietatera ez kondenatzeko edota beste lan batzuk bilatzera ez zigortzeko.
    -Txanda-kontratuari heldu ahal izatea, garbiketa ahalegin fisiko handiko eta adineko sektorea izanik.
  • Euskara-plan bat negoziatzeko konpromisoa.
  • Lanpostu hutsen sistema bat, lankideak erretiratzen direnean edo lanpostu libreak geratzen direnean gure lanaldiak edo lanpostuak hobetu ahal izateko.
    
Horregatik, otsaila eta ekaina bitartean deitutako 9 asteko grebari jarraipena emanez, ikasturte berria 5 asteko greba-deialdiarekin hasiko dugu, gaurtik urriaren 24ra bitartean.

Enpresak negoziazioa hilabete luzez blokeatu ondoren merezi ditugun baldintzak negoziatzera esertzea eta gobernu-taldeak dagokion erantzukizuna bere gain har dezala exijituko dugu, eta behar diren neurriak hartuko ditugu egun dagoen soldata-arrakala desagerrarazteko, bai eta alderdien artean bitartekotza egiteko eta FCC enpresari akordio bat lortze aldera eser dadin eskatzeko ere. Ez gara geratuko enpresa merezi ditugun baldintzak negoziatzeko eseri den arte.”

Sidenorren akordio markoaren negoziazioaren eratzea eten dadila eskatzen dugu, langileoi hitza emateko

Basauriko lan zentroan erreferenduma egitea eskatu dugu, marko horretan jarraitu beharko litzatekeen edo ez erabakitzeko.

Gaia ez da berria. 2021ean asanblada bat egin zen eta Basauriko langileek gehiengo handiz eskatu zuten Akordio Markoa delakotik irtetea. Finean, Akordio Marko honek langileon lan baldintzak okertzen ditu, eskubide salerosketan dagoelako oinarrituta, eta ez du ezta erosteko ahalmenik ere bermatzen.

Horrela, azken urteetan aplikatu digun lan baldintzen arautze marko honetan jarraitzearen egokitasunaz galdetu diogu plantillari, eta modu masibo batean bertatik ateratzearen eta gure lan baldintzak Basaurin bertan negoziatzearen jarrera gailendu da langileon artean. Hori dela eta, LABek abuztuaren 31n batzordeari eskatu zion gaurko egunerako, irailaren 18rako, Enpresa Batzordeko gai ordenean puntu bezala sar zezan errefendum loteslea ospatzeko eztabaida. Bada, batzordeko presidenteak bilera hau bertan behera utzi eta jarraian Akordio Markoaren mahai negoziatzailea martxan jartzeko deialdia heldu zaigu, ostiral honetarako hori ere.

LABetik batzordearen bilera aurreratu eta 17an egitea eskatu dugu. Izan ere, Akordio Markoak berak jasotzen duen araudiaren arabera, hitzarmenaren indarraldia amaitu baino hilabete lehenagora arte ez du zertan negoziazio mahaiak martxan jarri. Badirudi ezinezkoa dela. Denbora nahikoa eta soberan zegoen Basauriko langileei hitza emateko. Baina Akordio Marko horretan gehiengoa ordezkatzen duten sindikatuek (UGT-CCOO) erabaki dute tempusak aurreratzea.

Onartezina da. Basauriko lan zentroak edota besteren batek Akordio Markotik alde egingo balu, mahaia osatzen duten gehiengoak aldatuko lirateke. Era berean, enpresari ondo datorkio Basauri Akordio Markoan egotea, horrela hain mesedegarri zaion sindikatu otzanen bitartez hemengo langileen irmotasuna eta grina neutralizatuta geratzen direlako.

Hori dela eta, gaurko bileran LABek eskatu du mahai negoziatzaileren eraketa atzeratu dadila erreferenduma egin arte. Denbora dago, eta epeek ere ahalbidetzen dute. Baina CCOO-UGT-USO eta La Senda sindikatuek ontzat eman dute mahaia eratzea.

LABek langileon hitza eta erabakitzeko eskubidea defendatzen jarraituko dugu, Legution bezala, Basaurin, Azkoitian eta Gasteizen negoziazio marko propioak izan ditzaten. Hemen lan egin, Hemen erabaki!

Voestalpine Railway Systems JEZ-en langile baten diziplinazko kaleratzea salatzen dugu eta beldurra kudeaketa-tresna gisa erabiltzeaz ohartarazten dugu

Sindikatuaren ustez, erabakia justifikaziorik gabea eta neurriz kanpokoa da, eta ohartarazi du horrelako erabakiek presio giroa eta segurtasunik eza sortzen dutela langileen artean.

LAB sindikatutik publikoki salatu nahi dugu enpresak langile eta lankide bat diziplinazko kaleratzea erabaki izana. Erabaki hori justifikaziorik gabekoa, neurrigabea eta guztiz gehiegizkoa dela uste dugu, eta gure iritziz, egoera beste bide batzuen bidez bideratu zitekeen.

LABetik irmoki defendatzen dugu lankideen arteko errespetua, eta uste dugu lan-eremuan sor daitekeen edozein gatazka, tentsio edo gaizki-ulertu arduraz eta konponbideak bilatzeko borondatez landu behar dela.

Hain zuzen ere, horregatik uste dugu enpresak erantzukizun zuzena duela lan-giroaren kudeaketan, baita lantokian sor daitezkeen gatazkak prebenitu eta konpontzeko orduan ere. Egoera arazotsu bat sortzen denean, hainbat mekanismo daude egoerari heltzeko eta gatazka bideratzea ahalbidetuko duen konponbide batera iristen saiatzeko.

Hala ere, kasu honetan, enpresak zuzenean neurri larriena hartzea erabaki du: langile baten diziplinazko kaleratzea, gure ikuspuntutik, aurretik bestelako konponbide-aukerak aztertu gabe.

LABentzat, ez gaude soilik langile bati eragiten dion erabaki baten aurrean. Lankide baten kaleratzeak plantilla osoari eragiten dio.

Izan ere, horrelako erabaki baten atzean gainerako langileei helarazten zaien mezu bat ere badago: tentsio, gatazka edo desadostasun egoera orok lanpostua galtzea ekar dezakeela adierazten duen mezua.

Eta mezu horrek beldurra eta segurtasunik eza sortzen ditu plantillaren artean.

LABetik baztertu egiten dugu beldurra lan-harremanak kudeatzeko tresna bihurtzea. Enpresa batek ezin ditu arazoak konpondu gatazka bat sortzen denean edo desadostasun bat dagoenean edozein langile kaleratua izan daitekeelako mehatxu inplizituaren bidez.

Kritikatzen duguna da, egoera jakin baten aurrean, enpresaren erantzun bakarra diziplinazko kaleratzea izatea, aurretik bestelako aukerak agortu gabe eta gatazka konpontzea ahalbidetuko luketen neurriak aztertu gabe.

Gaur gertatutakoa zuzenean lankide bati eragiten dio, baina bihar gutako edozeini eragin diezaioke.

Horregatik, LABetik gure babesa adierazi nahi diogu kaleratutako langileari eta irmoki salatu nahi dugu neurrigabetzat jotzen dugun enpresa-erabaki hau. Era berean, plantilla osoari dei egiten diogu beldurra eta kaleratzeko mehatxua kudeaketa-tresna gisa normaliza ez ditzan.

LABetik lan-harremanak errespetuan, duintasunean eta gatazkak elkarrizketaren eta konponbideen bilaketaren bidez konpontzeko gaitasunean oinarrituta egon daitezen defendatzen jarraituko dugu, eta ez langilea soilik zigortzen duten alde bakarreko eta atzeraezinezko erabakietan oinarrituta.

Ekialdebuseko lankide batek jasandako erasoa salatzen dugu

Ez da halako zerbait gertatzen den aldia, eta segurtasun arazoa salatu du Oarsoaldeko eta Bidasoaldeko autobus zerbitzuko LABek. Oraingoan E05 linean gertatu da, Errenteriako Beraungo anbulatorioaren parean.

Bidaiari batek VISA txartelarekin ordaindu nahi izan zuen, eta gidariak jakinarazi zion ezinezkoa zela. Bada, tentsioa igo zen eta erasotzaileak langilea jo zuen, jarraian ihes egin zuelarik.

Pazientzia izateaz harago doa egoera, segurtasun arazo bat baita, LABek salatu duenez. Ekialdebusen aspalditik ari dira VISA txartelarekin ordaintzeko sistema martxan jar dadila eskatzen. Gipuzkoako Foru Aldundiak baina, Mugikortasun Sailaren bidez, behin eta berriro erantzun berbera eman izan du: “Laster egongo da eskuragarri”. “Laster” hori, ordea, gehiegi luzatzen ari da, Ekialdebuseko LABen ustez.

Bien bitartean, langileek etengabe egin behar izaten diete aurre ordainketa-sistemaren gabeziek eragindako erabiltzaileen eta gidarien arteko tentsio-egoerei. Aspalditik ari gara egoera hori salatzen. Hala, langileen kezka da ea halako zenbat egoera gehiago gertatu behar diren neurriak hartzeko.

Sindikatuko ordezkariek nabarmendu dute ezin dela normaltzat hartu gidari batek ordainketa-sistema behar bezala ez dabilelako eraso bat jasateko arriskua izatea.

Gauzak horrela, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta enpresari honako eskaera hauek zuzentzen dizkiete:

– VISA txartelarekin ordaintzeko sistema berehala ezartzea.

– Halako egoerak berriro gerta ez daitezen neurri zehatzak hartzea.

– Erasoak jasaten dituzten langileei babesa eta laguntza ematea.

– Erantzun argia ematea, «laster» gehiago agindu gabe.

Osasun Departamentuaren aurrekontuaren igoera osasun arreta hobetzeko erabil dadila exijitzen dugu

Nafarroako Gobernuak osasun arloko aurrekontua % 10 handituko duela iragarri du, eta horrek agerian uzten du premia ekonomiko larria dagoela Osasunbideak eta, oro har, osasun sistema publikoak dituzten arazoak konpontzeko. Gero eta handiagoa den eskariari erantzutea, itxaron-zerrendak arintzea eta Oinarrizko Osasun Laguntzaren egoera gero eta kezkagarriagoari aurre egitea, horiexek dira aurrekontuaren igoera hori justifikatuko luketen erronkak. Eta “justifikatuko luketen” diogu; izan ere, gure sindikatuan askotan kritikatu dugu aurrekontua erabili dela sistemari adabakiak jartzeko, behar diren neurriak ezartzera bideratu beharrean.

2021ean 1.272 milioi euroko aurrekontua izatetik 2025ean 1.554 milioi eurokoa izatera igaro gara. Iragarri dutenaren arabera, 150 milioi gehiago izanen dira 2027rako. Ikusiko dugu ea aurrekontuaren gehikuntza hori Osasunbidearen benetako beharretarako erabiltzen den edo beste interes batzuetara bideratzen den.

Produktibitateen gastua bikoiztu egin da 2021etik aurrera (33 milioi euro baino gehiago), Osasunbideko itxaron-zerrendak makillatzeko eta sistemaren gabeziei adabakiak jartzeko. Osasun laguntzarako itunen kostua 67 milioi euro izan zen 2021ean, eta 78 milioi euro baino gehiago 2025ean. Bi gastu horiek eragin zuzena eta oso handia dute Osasun Departamentuaren guztirako aurrekontuan.

LABek behin baino gehiagotan kritikatu du Osasun Departamentuaren aurrekontuaren igoera erabiltzen dela Osasunbideko presako beharrei adabakiak jartzeko, pazienteak zentro pribatuetara bideratzen jarraitzeko edo langile gehienen interesekin aurrez aurre talka egiten duten interesak elikatzeko. Zerbitzu publikoak babestu eta indartuko badira, aurrekontua handitzeaz gain, zalantzarik gabeko neurriak hartu behar dira, zainketen kalitatea eta jarraitutasuna ziurtatzeko eta guztien lan-baldintzak hobetzeko.

Bestalde, foru gobernuak adierazi du ezen, aurrekontuaren igoera horrekin, beteko direla Osasun Departamentuak berak adierazi dituen beharrak. Hori horrela, exijitzen dugu Osasun Departamentuak eta Osasunbideko Kudeatzailetzak bete ditzatela sindikatuekin sinatuta dituzten konpromisoak, hala nola, C eta D mailetako lanbide karreraren zorra ordaintzea, oraindik ordaindu gabe baitago aurrekonturik ez dagoelakoan. Eta ez dezatela aurrekontua haien nahierara erabili beste kontzeptu mota batzuk ordaintzeko, aurrekoetan egin duten bezala.

Ezinbestekoa da osasun arretaren kalitatea bermatuko duten neurri eraginkorrak ezartzea eta osasun sistema publikoa blindatzea, betiere Nafarroak osasun arlorako inoiz izan duen aurrekonturik altuena egoki erabiliz.

Lanbide Heziketako ratio eta bikoizketen kudeaketak nabarmen utzi du Gimeno

Hezkuntza departamentuak 2025ean sinatutako Hezkuntza Itunean zein foru dekretuetan ezarritako gehienezko ratioak urratzen ditu. Kasu batzuetan, egiten den jarduera dela eta, ikasleak eta irakasleak arriskuan ere jartzen ditu.

Hasi da 2026-2027 ikasturtea Nafarroako Lanbide Heziketan. Carlos Gimeno kontseilariak abuztuan aurreratu zuen ikasturte honetatik aurrera aplikatuko zituela Nafarroako Hezkuntza Publikoaren Ekitatearen eta Kalitatearen aldeko Itunean adostutako ratioak. 2025eko apirilean sinatu zen ituna, eta horren arabera, Erdi eta Goi Mailako gehienezko ratioak gelako 20 ikaslekoak izango dira.

Oro har, badirudi hori betetzen ari dela, baina ez kasu guztietan. Ratio hori zenbatzeko, ikasle errepikatzaileak eta sartu berriak bereizi behar dira: 4 errepikatzaile dituen talde bat baldin badago, 16 ikasle berri sartuko dira. 2 badira errepikatzen dutenak, berriak 18 izango dira. Baina ez da beti horrela izaten, 20tik gorako ratioak ere bai baitira. Iruñeko ikastetxe batean, adibidez, lehen mailako bi taldetan gainditzen da muga. Erdi Mailako talde batean matrikulazio berriko 21 ikasle daude eta errepikatzaile bat; Goi Mailako beste batean, aldiz, matrikulazio berriko 20 ikasle eta bi errepikatzaile.

Are larriagoa da Erdi eta Goi Mailako bigarren mailetan gertatzen dena. Horietan ez da Ituna aplikatzen, eta, beraz, ratioak 109/2024 eta 110/2024 foru dekretuek arautzen dituzte, hurrenez hurren. Bietarako, bai modalitate presentzialean bai erdipresentzialean, 24 ikasleko maximoa ezartzen da (ikasle errepikatzaileak eta berriak barne). Baina askotan da ratioa 24tik gorakoa. Lehen aipatutako ikastetxe berean, Goi Mailako bigarren mailako hiru talde daude 28, 29 eta 30 ikaslerekin.

Ikastetxe bereko Erdi Mailako bigarren mailan 26 eta 27 ikasleko moduluak ditugu. Kasu honetan, gainera, ratio horiek bereziki kaltegarriak dira, arrisku handikoa izan litekeen jarduera egiten baita horietan. Hori dela eta, LABek behin eta berriz eskatu du moduluen bikoizketa.

Aurreko guztiarekin, LAB sindikatutik Hezkuntzari exijitzen diogu Lanbide Heziketako zikloetarako ezarrita dagoen 20 ikasleko ratioa zorrotz eta salbuespenik gabe bete dezala. Era berean, Gimeno jaunak zuzentzen duen departamentuari eskatzen diogu arautu ditzala foru dekretu edo foru agindu bidez Lanbide Heziketako irakasleen bikoizketak.

Erandioko ‘Los Ochos’ eraikinetako bizilagunek eta LAB sindikatuak manifestazioa deitu dute irailaren 24an eta adierazi dute beren etxeak defendatzeko prest daudela

Alokairuan dauden 120 familia baino gehiago beren etxebizitzetatik kanporatuak izateko arriskuan daude Mosaic putre funtsak erosi dituenetik eta urte luzez haien bizitzak hantxe eraiki dituzten pertsonen kontura negozioa egiteko asmotan dabilenetik.

Etxebizitza horien jabea InmoCaixa zen lehen, hau da, La Caixa bankuaren higiezinen kartera kudeatzen zuen enpresa. Bada, berriki etxe horiek denak lotean saldu zizkion Mosaic funtsari, eta azken honek uko egiten dio indarrean dauden alokairu kontratuak berritzeari. Horrenbestez, gaur egun han bizi direnak kanporatuak izateko arriskuan daude.

Maizterretako askorentzako ordainezina den prezioan saldu nahi ditu etxebizitzak putre funtsak, eta presioa egiteaz eta mehatxuez baliatu dira etxeok lehenbailehen hutsik gera daitezen lortu nahian.

Gaur Los Ochos plazan eginiko agerraldian maizterrek azaldu dutenez, gertatzen ari zaiena bidegabekeria hutsa da, eta, ondorioz, ez daude onartzeko prest. Hori dela eta, LAB sindikatuarekin batera kolektiboki antolatzea erabaki dute beren etxebizitzak defendatzeko: “Enpresa hauentzako zenbaki hutsak gara estatistika-taula batean. Nola joango gara bada hemendik, auzo honetan , herri honetan, eraiki badugu gure bizitza? Hemen egiten dugu egunerokoa, gure seme-alabak hemengo eskolara doaz, hemen bizi eta lan egiten dugu. Guk argi daukagu: bidali egin nahi gaituzte, baina ez goaz inora. Hemen geratuko gara”.

Putre funtsari exijitu diote mahaian jar dadin eta egungo maizterren diru-sarrerekin bat etorriko diren alokairu-kontratuen berritze kolektiboa negoziatu dezan.

Langile jendeak jakin badaki zer den lan prekarioetan aritu eta eros-ahalmena galtzen joatea eta patronala aberasten den bitartean beren bizi-baldintzak eta eskubideak murrizten doazela ikustea. Izan ere, etxebizitzaren auzia langile asko pobretzearen arrazoi bihurtu da, eta egoera horren aurrean elkarrekin erantzuteak duen garrantzia azpimarratu du LABek.

Hori dela eta, honako mezu hau helarazi diete higiezinen patronalari eta etxebizitzarena bezalako oinarrizko eskubide batekin etekina atera nahi duen orori, kasu honetan Mosaic funtsari: “Gure bizitzak zuen negozioen gainetik daude eta ez gaude amore emateko prest”.

Hala, Erandioko nahiz inguruko herritarrei dei egin diete kalera ateratzeko eta parte hartzeko datorren ostegunean, irailak 24, 19:00etan Los Ochos plazatik abiatuko den manifestazioan.

Erakundeei zuzendutako deia

Erakundeen ardura ere azpimarratu dute bizilagunek gaurko agerraldian. Duela bi urte Erandioko udalerria gune tentsionatu izendatzeko aukera egon zen, baina ez zen hala egin, eta udalak ez du inolako neurririk hartu etxebizitzaren prezioa txikitzeko eta sarbidea errazteko. Premiazkoa da putre funtsei galaraztea nahi dutena eginez segi dezaten eta maizterren aldeko neurriak hartzea.

Eusko Jaurlaritzari dagokionez, hizlariek nabarmendu dute orain arte etxebizitzaren arloan hartu dituen neurri gehien-gehienak etxejabeen aldekoak izan direla.

Horregatik guztiagatik, Los Ochos-eko bizilagunek Erandioko Udalari eskatu diote Gune Tentsionatuaren izendapena azkartu dezala, luzapenaz baliatu ahal izateko eta, hartara, Mosaic-ekin negoziazio prozesua aurrera eraman ahal izateko kaleratze mehatxua tartean egon gabe.

Era berean, udalari zein Eusko Jaurlaritzari eskatzen diote bitartekari gisa jarduteko gatazka honetan eta konponbide batera iristeko beharrezko neurriak hartzeko. Behin betiko konponbidea, hain zuzen, Los Ochos-eko etxeak jabego publikokoak izatera pasatzea eta, ondorioz, alokairuko parke publikoaren baitan sartzea izango litzateke.