2026-07-18
HomeEkintza SindikalaMobilizazio antifaxista egin dugu Gasteizen, Euskal Herria ekosozialista, antirrazista, feminista eta euskalduna...

Mobilizazio antifaxista egin dugu Gasteizen, Euskal Herria ekosozialista, antirrazista, feminista eta euskalduna aldarrikatzeko

Eraso eta probokazioen aurrean, Euskal Herria eraldatzeko eta askatzeko borroka erdigunean jartzeko deia egiten dio LABek antifaxista orori. EHUko errektoretzak adierazitako borondatea aintzatetsi nahi du LABek, eta Jaurlaritzaren irmotasun falta deitoratzen du.

LAB sindikatua Steilas eta ELArekin batera mobilizatu da gaur Gasteizen, eskuin muturrak bultzatu nahi dituen diskurtso espainolista, supremazista, klasista, xenofobo, matxista eta euskarafoboei aurre egiteko. Antifaxistak garen langileok Euskal Herrian horrelakorik onartuko ez dugula esateko mobilizatu da LAB, eta Euskal Herri ekosozialista, antirrazista, feminista eta euskalduna eraikitzeko beharra aldarrikatzeko.

Izan ere, espainiar faxismoarentzat hain seinalatua den egunean, otsailaren 23an, Vox alderdi ultraeskuindarrak ekitaldi bat antolatu du EHUko Gasteizko campusean. LABek argi du hain egun seinalatuan ekitaldi horren kokagune gisa Euskal Herriko hiriburu bateko unibertsitate publiko bateko campus bat aukeratzeak zer helburu duen: istiluak eragin, polarizazioa elikatu eta bere zalegoari bazka eman.

Bilatu nahi duten agertokia ekiditeko EHUko errektoretzak adierazitako borondatea aintzatetsi nahi du LABek, erabaki zaila hartu baitu unibertsitate publikoko hezkuntza komunitatea babesteko eta Voxen ekitaldiaren helburuei bide ez emateko.

Alta, LABek kezkaz bizi du Eusko Jaurlaritzak adieraziko irmotasun falta. Voxek eta ildo bereko talde ultraeskuindarrek horrelako ekimenen bidez bilatzen duten konfrontazioa ekiditeko neurriak hartu beharko lituzke.

Egoera horren aurrean, Euskal Herriko antifaxistok kaleak hartu eta mobilizatzea ezinbestekoa dela uste du LABek, gure unibertsitate publikoan eta gure herrian ultraeskuinak hauspotzen dituen diskurtso faxistarik ez dugula nahi ozen adierazteko. Antagonikoak diren baloreak dituen unibertsitate publikoa okupatuko ez digutela aldarrikatzeko. Denon bizitzak erdigunean jarriko dituen, aniztasuna bere egingo duen eta denon eskubideak bermatuko dituen Euskal Herria nahi dugula aldarrikatzeko. Haien aurrean murru bat eraikitzeko.

Gaur, eta urte osoan zehar, ezinbestekoa deritzogu faxismoari erantzun argia, tinkoa eta eraldatzailea ematea. Vox bezalako alderdi baten atzean elite ekonomikoen interesak daudela seinalatzea. Bere mezu xenofoboari gure konpromiso antirrazista indartuz erantzutea. Bere jarrera patriarkal eta matxisten aurrean, eraldaketa feministaren aldeko apustua berrestea. Bere jardun euskarafoboaren aurrean, Euskal Herri euskalduna eta burujabea aldarrikatzea. Eta bere diskurtso klasistaren aurrean, langileon batasunez erantzutea.

Hortaz, euren eraso eta probokazioen aurrean, indartu dezagun Euskal Herria eraldatzeko eta askatzeko borroka. Langile batasunez, murru indartsu bat jarri diezaiegun faxismoa hauspotu nahi dutenei, eta eraiki dezagun Euskal Herri ekosozialista, antirrazista, feminista eta euskalduna. 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Primafriok greba eskubidea urratzen segitzen du

Atzo, Arabako PRIMAFRIO enpresan bigarren lanuzte deialdia gauzatu zen. Aurrekoan bezala, enpresak berriro ere greba batzordeari lan zentrora sartzea debekatu zion, greba eskubidea urratuz...

LABek eta ELAk bilera eskatu diogu Mikel Torres lehendakariordeari, 1.500 euroko gutxieneko soldataren aldeko konpromisoak eskatzeko

Martxoaren 17ko greba orokor arrakastatsuaren ondoren ELA eta LAB Kongresuan gutxieneko soldata propio baten aldeko ekimena sustatzen ari gara. Greba Orokorraren aurretik Mikel Torresek uko egin zion grebaren deitzaileekin biltzeari;LABek eta ELAk, biltzeaz gain, konpromiso zehatzak eskatuko dizkiogu patronala presionatu dezan

Sidenorrek lehentasuna ematen dio produkzioari langileen osasunaren gainetik

Langileak etxera fisikoki eta mentalki suntsituta itzuli izan dira lanaldien ondoren, jasan behar izan dituzten tenperatura altuen ondorioz.