2025-12-22
Blog Page 127

Dagoeneko 27 dira aurten Euskal Herrian lanean zendutako beharginak

Maiatzaren 16an oso lan-istripu larria gertatu zen Sestaon eta, ondorioz, 29 urteko langile autonomo bat hil da. LABetik babes eta elkartasun osoa adierazten diegu hildako langilearen senide eta lagunei.

D.A.P.O. langilea berogailu bat instalatzen ari zen etxe partikular batean, ezagunak ez diren arrazoiengatik leiho batetik barruko patio batera erori zenean. Istripua gertatu zenean, arrebarekin lanean ari zen. Horrek eragindako zauri larrien ondorioz maiatzaren 27an hil zen langilea, LABen jakin ahal izan dugunez.

Langileak SIRKUS, Sistema de Tiendas S.L. enpresarentzat egiten zuen lan, eta enpresa hori Leroy Merlinek azpikontratatu zuen. Berriro ere, azpikontratazio-kate luzeak hil egiten duela salatu beharrean gaude. Egoera horrek lanak prekarizatzen ditu, eta langileen lan-baldintzen kontura dirua aurreztu nahian, segurtasun-neurrietan ere aurrezten du. Langileak dira beren bizitzarekin multinazionalen etekin aseezinak ordaintzen dituztenak.

Salatzen dugu praktikan langile autonomoei ez zaiela aplikatzen prebentzioari buruzko araudia, eta Lan Ikuskaritzari, Osalani eta Eusko Jaurlaritzari eskatzen diegu sektore prekario horietan kontrol handiagoa izatea, langile autonomoen segurtasuna eta osasuna errespetatzen direla bermatzea eta azpikontratazio masiboaren iruzurra etetea.

Azken lan heriotza hau salatzeko asmoz, ekainaren 4an, 12:30ean Barakaldoko Leroy Merlin multinazionalaren aurrean LAB-ESK-STEILAS-Hiru-EHNE/Etxalde intersindikalak antolatutako mobilizazioan parte hartzera deitzen dugu.

Salatu du 2024an billabesetan eginiko aparteko orduen kopuruak nabarmen gainditzen duela iazko kopuru eskandalagarria

Duela hilabete 2023ko zifrekin egin zuen bezala, Iruñerriko hiri-garraioko LABeko sekzio sindikalak —jendartean “billabesak” deitzen zaio eta gaur egun TCC enpresak kudeatzen du— 2024ko lehen hiruhilekoko zenbakiak aztertu ditu, eta egiaztatu du aurtengo aparteko orduak eta ordu osagarriak iragan urtean tarte berean eginikoak baino %81 gehiago direla. Hartara, eskandaluzko igoera horrek horrela jarraituko balu urte osoan, ordu horiek guztiak lanaldi osoko 29 lanposturen baliokideak izanen lirateke.

Duela hilabete, TCCko LABeko sail sindikalak salatu zuen, bai Lan Ikuskaritzan, bai publikoki hedabideetan, 2023an eginiko aparteko orduen eta ordu osagarrien kopuru izugarria. Zehazki, 25.176 aparteko ordu eta 2.431 ordu osagarri izan ziren kontratutik kanpo; guztira 27.608 ordu, lanaldi osoko 16 lanposturi dagozkienak. LABen aburuz, kopuru horiek aberrazio bat dira, eta horregatik salatu zituen, agerian uzten baitute ez dagoela konpromisorik lana modu ekitatiboan banatzeko, enpresa pribatuak neurriz kanpo erabiltzen dituela bere langileak diru irabazteko asmoarekin, eta erakunde publikoek ez dituztela enpresak kontrolatzen.

Bada, 2024ko lehen hiruhilekoko aparteko orduen eta ordu osagarrien kopurua aztertzean, harridura handia izan da; izan ere, lanaren antolaketan gehiegikeria hori zuzendu beharrean —nahiz eta neurri txiki batean izan zitekeen—, dinamika aberrante anitzez gehiago handitu da. Hala, 2023ko lehen hiruhilekoan aparteko orduen eta ordu osagarrien metaketa 3.250,52 ordukoa izan zen, baina 2024ko lehen hiruhilekoan 5.885,46 ordu metatu dira. Iaz baino %81,06 gehiago. Beraz, 2023ko kalkuluaren arabera lanaldi osoko 16 lanpostu galarazten ari zirela adierazten bazen, %86ko igoera urte osoan mantenduko balitz, 2024an ezabatuko liratekeen lanpostuak 29 izanen lirateke.

Zergatik ahalbidetzen dituzte erakunde publikoek langileendako erabat esklabo diren praktika horiek, eta zergatik ahazten dute politika sozial justuak aplikatzea ekonomikoki ahulenak diren kolektiboei? Zergatik ateratzen da justizia hain merkea enpresa pribatuendako, Lan Ikuskaritzan isun bat ordaintzeak langile gehiago kontratatzea baino gehiago konpentsatzen badu?

LABek egoera zentzugabe hori betikotzen duten eragile guztiei dei egin nahi die, behingoz, gaiari behar bezala heldu eta dinamika zital horri buelta eman diezaioten. LABek lana ekitatez banatzearen alde egiten du, langile guztiendako baldintza duinak ezarrita, eta horregatik, behin eta berriz salatzen jarraituko du aparteko orduetan oinarritzen den lanaren kudeaketa.

Beste hiru greba egun deitu ditugu Bizkaiko grafikagintzan

Agerraldia egin dugu gaur Bilbon, ekainaren 11, 12 eta 13an greba egingo dugula iragartzeko. Salatu dugu patronalak negoziazioak blokeatzen dituela eta ez duela Bizkaiko grafikagintzan hitzarmen duinik adostu nahi. Apirilean eta maiatzean sektorean 4 greba egun arrakastatsu izan ondoren, maiatzaren 27an arratsaldez, patronalak aukera izan zuen Bizkaiko grafikagintzako hitzarmenaren negoziazio mahaian funtsezko aurrerapena planteatzeko, sektoreko hitzarmena adosteko helburuarekin. Mugimendu txiki batzuk egon ziren, baina CEBEKen proposamena eros ahalmena bermatzetik oso urrun dago; eta, gainera, atzera egiten du eduki batzutan. Bileran, harrigarriena izan zen CEBEKek ez zuela beste bilera datarik ezarri nahi izan, proposamen sindikalaren azken berritasunak entzun ondoren. LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok argi daukagu negoziazioaren aldeko apustua egiten dugula, eta horregatik, datorren asteartean, ekainaren 4an, patronala deitu dugu negoziazio mahaiaren beste bilera baterako. Gaur goizean bertan, CEBEKek erantzun du uko egin diola deialdi horretara joateari, eta argitu du ez duela onartuko hurrengoetara joatea, baldin eta langileen asmo ekonomikoak ez badatoz bat negoziazio-mahaian finkatu dituen irizpideekin, hau da, sektoreak uko egin behar dio erosteko ahalmenari eta taulak KPIaren arabera eguneratuta edukitzeari eta baita aurrekoaren aldean inolako murrizketarik edo atzerakadarik izango ez duen hitzarmen bati ere. Eztabaidaezina da grafikagintzan ordezkaritza dugun 4 sindikatuok, alde batetik, negoziatzeko borondate argia erakusten dugula, baina patronalaren jarrera ikusita, zalantzarik gabe, nahitaezkoa da sektoreko borrokaren eta mobilizazioaren jarraipenarekin osatzea. Horregatik, gaurko  prentsaurrekoan, LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok 3 eguneko greba deialdia egingo dugu publiko Bizkaiko grafikagintza sektorean, ekainaren 11rako, 12rako eta 13rako. Sektoreko plantillek merezi dute 2011. urtean amaitutako hitzarmen bat berreskuratzea. Baina ondo berreskuratu behar da, erosteko ahalmena bermatuz soldatari dagokionez, hitzarmena aplikatzeko bermeekin, inolako murrizketarik gabe, eta beste hobekuntza batzuekin. Bizkaiko grafikagintzako langile klaseak indar erakustaldia egin zuen aurreko 4 greba egunetan. Sektoreko enpresa garrantzitsuenen ekoizpena geldirik egon zen, eta jende askok hartu zuen parte mobilizazioetan. Horregatik guztiagatik, sindikatuok dei egiten diegu sektoreko langileei ekaineko 3 greba egunetan modu masiboan parte hartzera.

ADEGIk aurrez aurre izango gaitu soldata eta etxebizitza duinen aldeko borrokan

Etxebizitza duina izatea, gazte problematika soilik izatetik urrun, langile sektore geroz eta gehiagoren errealitate bihurtu da, pobretze eta prekarizazio egoerak orokortzearen ondorioz.

LABek alokairu publiko eta sozialen aldeko defentsa irmoa egiten du, baita alokairu zein maileguen prezioak mugatu eta jaisteko beharra aldarrikatu. Etxebizitza eskubidea bermatu eta desmerkantilizatzearen bidean lehentasunezko neurriak dira LABen ustez. Etxebizitza gehiago eraikitze hutsa, irtenbidea baino, espekulatzaile, higiezin eta etxejabe handien negozio asmoak elikatzeko baliatu nahi du patronalak; eta banketxeekin zorretan egotera eraman langileak gatazka laboralak murrizteko. 

Horregatik salatzen dugu Jose Miguel Ayerza ADEGIko zuzendari nagusiaren hitzak higiezin merkatuarekin negozioa egiten dutenen interesak defendatzeko direla: putre-funts, higiezin eta etxejabe handien etekinak bermatzeko.

Oraingoan ere, patronalak aurrez aurre izango du LAB sindikatua. Gipuzkoako enpresarien elkarteak esandakoaren kontrara, langileok arazo erreala dugu gure soldata eta lan baldintzekin eta hau zuzenean dago lotuta etxebizitza duina izateko zailtasunekin. Gipuzkoan etxebizitzen prezioak biderkatu diren bitartean, kapital errentak handitu eta lan errentak txikitzen ari dira. Arazo beraren bi aurpegi dira, eta ADEGIk bere ardura desbideratu nahi du. Bukatzeko, Gipuzkoan fiskalitateari buruzko eztabaida irekita dagoen honetan, LABek sakoneko erreforma fiskalaren aldeko proposamena plazaratuko du

Gizain fundazio publikoko langileak mobilizatu egin dira Nafarroako Gobernuari hitzarmena bete dezala eskatzeko

Nafarroako gizarte zerbitzu publikoak kudeatzeko Gizain fundazioko langileek atzo arratsaldean Parlamentuko lan saio batean hartu zuten parte eta gaur goizean elkarretaratzea egin dute legebiltzarreko egoitzaren aitzinean, Gobernuari eskatzeko fundazioa arautzen duen hitzarmena errespetatu eta bete dezan. Langileek, lehenik, eskatzen dute hitzarmenean ezarritakoaren arabera ordaintzea; eta, bigarrenik, soldata osoa gainontzeko langile publikoekin parekatzea, ondoren subrogazioa egin dadin, Gobernuko lan-kontratudun finko izateko.

Gizain fundazioa Nafarroako Gobernuaren jarduerak eta zerbitzuak kudeatu eta garatzeko sortu zen, bereziki Eskubide Sozialen Departamentuarenak. Gizainek oso beharrezkoak diren programak garatzen ditu, bertzeak bertze, adin txikikoekin eta haien familiekin esku hartzea, haurrei laguntzeko taldeak, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei eta haien familiei laguntza ematea, sexu-indarkeriaren biktimei laguntza ematea, gazteen justizia-zentroa, gizarteratzeko eta laneratzeko taldeak, etab.

Gizain fundazio publikoa da eta horrexegatik, hain zuzen ere, Nafarroako Gobernuarekin lotuta dagoelako, bertako langileek ez dute ulertzen exekutiboa bere hitzarmenean ezarritakoa betetzeko gai ez izatea. “Ezin diogu gure haserrea adierazteari utzi, gure lehen hitzarmenaren aplikazioa blokeaturik dagoelako, eta horrek esplizituki bigarren hitzarmena negoziatzen jarraitzea eragozten duelako”, adierazi dute. “Ezin gara besoak gurutzaturik gelditu, lan berdina egiten duten bertze profesional publiko batzuek beren lan hobekuntzetan aitzina egiten dutela ikusita”.

Gizaingo langileek bereziki nabarmendu dute egoera “tamalgarria” dela adingabeen behaketa eta harrera zentroetako kideen artean. “Adin txikiko horiek Nafarroako Gobernuaren ardurapean daude, baina baliabide eskaseko zentro batzuetan pilatuta daude, zeinetan ezinezkoa baita hezkuntza eta pedagogia jarduerak aurrera eramatea. Nola liteke hain beharrezkoa den gizarte lana duen fundazio publiko batek bere plantilla langileak babesik gabe uztea?”.

Araban kontrol, planifikazio eta herritarron parte hartzerik gabe proiektatzen ari diren berriztagarrien azpiegiturekin oso kritikoak gara

Larrialdi ekologiko betean murgilduta gaude eta abiadura eta sakontasun handiko eraldaketak gauzatu behar dira, betiere interes kolektiboak enpresen etekinen gainetik jarrita. Hala, LABetik aldarrikatzen dugu gure ehun sozioproduktiboan eman beharreko eraldaketetan langileon parte hartzea ezinbestekoa dela, baita gure ekonomiaren deskarbonizazioa gauzatzeko behar den trantsizio energetikoan kontrol publiko eta soziala lehenestea ere.

Gaur egun soilik agenda erreakzionarioa babesten dutenek jartzen dute zalantzan larrialdi ekologiko betean murgilduta gaudela. Hazkunde ekonomiko etengabea lehenetsita, planetaren muga biofisikoekin egin dugu talka eta hamarkadetan zehar ohartarazitako arriskuak nozitzen hasiak gara: aldaketa klimatikoaren eraginak, material eta lehengaien eskasiak, lurzoruaren degradazioa…

Eraldaketa sakona gauzatzea ezinbestekoa den honetan, lurraldearen planifikazioa lehen mailako ardura bihurtu da; baita merkatuaren interesen araberako joerak mugatu eta eskuhartze publikoa indartzea. Trantsizio energetikoa egiteko, planifikazioa, kontrol publikoa eta parte hartze demokratikoa behar-beharrezkoak dira.

Gauzak horrela, LABetik salatzen dugu Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa oraindik ere Lurralde Plan Sektorialik gabe daudela, enpresen araberako kontrolik gabeko azpiegituren asmoari ateak irekitzen zaizkiolako. Hortaz, Araban une honetan nagusitzen ari den eredua ez dugu inolaz ere konpartitzen. Horren adibidea da SOLARIA enpresak Arabatik Zierbanaraino energia eramateko plaka fotoboltaikoekin egin asmo duen proiektua. Trantsizio ekosozial justu baten ikuspegitik nekez ulertu daiteke eta LABen proiektu honen erabat aurka agertzen gara.

Lurraren erabilera arautu behar da eta elikadura sistema ere trantsizio ekosozial justurako eremu gakoa da. Horretarako, elikadura merkatuaren arauak aldatu behar dira, Itun Askeko logikatik atera eta eredu agroekologikoaren alde egin, eta lehen sektorea duindu. Elikadura burujabetzaren bidea urratu eta agroindustria eta ongarri kimikoen eredua baztertuta soilik garatu daiteke herritarrokin, langileekin eta Planetarekin justua den eraldaketa.

LABetik aldarrikapen hauen arabera mobilizatu izan gara eta borrokan jarraituko dugu, ikuspegi honekin bat datozen deialdietan parte hartuz eta lantokietan, kalean eta instituzioetan gure ekarpen propioa eginez. Aldiz, ezinegona bideratu nahiean dabilen agenda erreakzionarioari inolako lekurik ez ematea lehen mailako eginkizuna dela uste dugu. Horregatik, inoiz baino garrantzitsuagotzat jotzen dugu aliantzak eraiki, diskurtsoak findu eta langileak eraldaketa ekosozial justuaren alde lerratu eta mobilizatzea.

EAEko Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako patronalek greba amaierako akordioa betetzeko oztopoak jartzen jarraitzen dute soldata edota enpleguan

Azken hilabeteetako ekintza eta mobilizazioei esker materia batzuk, lanaldi murrizketak eta Lanbide Heziketako konpentsazioa kasu, betetzen hasteko konpromisoa hartu zuten atzoko mahaian. Gainerako materietan, esaterako soldatetan, akordioa betearazteko bide juridikoari ekingo diogu.

Atzo, EAEko Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako negoziazio mahaia bildu zen. Greba amaierako akordioa otsailaren 5ean sinatu zenetik, sindikatuon ekimenez gauzatzen den zazpigarren bilera da.

Bilera hauetan guztietan, Kristau Eskolak eta AICE-IZEA patronalek akordioaren aplikazioa atzeratzeko eta akordioa adostutako terminoetan ez betetzeko asmoak utzi dituzte agerian. Ondorioz sindikatuok egoera publikoki salatu, mobilizazioak bultzatu eta akordioa betearazteko bide juridikoa aztertzeari ekin behar izan diogu.

Atzo, azken hilabeteetan sindikatuok, ikastetxeetako ordezkariek eta langileek gauzatutako ekintza eta mobilizazioei esker materia batzuk aplikatzen hasteko konpromisoa hartu dute patronalek. Horrela adostutako lanaldi murrizketak eta Lanbide Heziketako jardunaldi irregularraren konpentsazioa 2023-2024 ikasturtean aplikatzen hasiko dira, nahiz eta sindikatuok defendatu dugun parametrotan ez izan.

Soldaten inguruan adostutako igoerak jasotzen dituzten soldata taulak Jaurlaritzaren onespenaren eta finantzaketaren menpekotasunari lotuta aurkezten jarraitzen dute eta tamalez, 2024rako adostutako igoeren araberako ordainketak egiten hasteko data bat finkatu gabe.

Aldi berean akordioan jasotako edukiak Lan Hitzarmen berrian adostutako baldintzetan txertatuko dituen erredakzio oso bat aukeztu gabe jarraitzen dute.

Enpleguan birkokapen araudia hitzarmenean txertatzeko eta kalte ordainak eta aintzinatasuna aitortzeko araubide berria zalantzan jartzen jarraitzen dute eta irakasleentzat adostutako eskola orduen murrizketa hitzarmeneko artikulatuan txertatzeko oztopoak jartzen.

Hau horrela, sindikatuok jada betearazpen epea daukaten gaiak epaitegietara eramateko aukera aztertuko dute hurrengo egunetan, 2024rako adostutako soldata taulen araberako ordainketak kasu.

Bestalde, patronalei ekainaren 19an izango den hurrengo bilerarako hitzarmenaren erredakzio proposamen oso bat aurkezteko galdegin diete. Aurkezten duten erredakzio proposamena sinatutako akordioak jasotzen dituen baldintzak jasoko ez balitu eman beharreko urratsak aztertuko dituzte.

Kanakyar herriari elkartasuna adierazi diogu bertako askapen mugimenduko ordezkariekin izandako bileran

Igor Arroyo koordinatzaile orokorrak, Argitxu Dufau Ipar Euskal Herriko arduradunak eta Koldo Saenz Nazioarteko idazkariak osatutako LAB sindikatuaren ordezkaritza bat FLNKSeko (Kanakyako Nazio Askapen Mugimendu Sozialista) ordezkaritza batekin bildu da gaur Donostian. Kanakyatik etorritako ordezkaritza FLNKSeko exekutiboko kide eta Kanakyako gobernuko kanpo aferen arduraduna den Mickael Forrestek eta FLNKS-eko exekutiboko kide nahiz Batasun Kaledoniarreko Komisario Orokor ondokoa den David Wanabo-k osatu dute.

Kanakyako ordezkaritzak Frantziako estatuaren kolonia honetan bizi den gatazka egoeraren berri eman digu, eta Macronek kolonizazioa betikotzeko helburuarekin hautesle-errolda erreformatzeko planteatu duen lege proposamena salatu du. LABetik Kanakyako herriak libre eta demokratikoki erreferendum baten bitartez etorkizuna erabaki eta deskolonizazio prozesua bururaino eramateko duen eskubideari elkartasuna berretsi diogu, eta sindikalgintzatik gure esku dagoen guztia egiteko borondatea berretsi diogu Kanakyako ordezkaritzari. Norabide horretan, Foro Sindikal Soberanistak ateratako adierazpena eta Munduko Federazio sindikalak publiko egindako agiria eman dizkiegu eta esparru horietan eragiten jarraitzeko borondatea adierazi diegu.

Pentsio sistema publiko propioaren norabidean eginiko proposamena jendaurrean aurkeztu dugu Iruñean

LAB sindikatuaren Haritik argitalpenaren ale berrian, pentsio sistema publiko eta propio baterako gure proposamena bildu dugu, hiru zutabe nagusi dituena: zaintzagatiko pentsioa, trantsizioa bideratzeko sistema osagarri publiko, unibertsal eta birbanatzailea eratzea eta Gizarte Segurantzaren arloko eskumen osoa keskuratzea. Gaur Iruñean, proposamen hori Nafarroako zenbait eragile sozial eta politikori aurkeztu diegu, Amanda Verrone politika publikoen azterketarako arduradunaren eta LABeko bozeramaile Imanol Karreraren eskutik.

Karrerak nabarmendu duenez, Nafarroa Garaian pentsiodunen %38,9k 1.134 euroko pentsioa (edo baxuagoa) jasotzen du. “Oraingo pentsio sistemak ez die oraingo pentsiodunei bizimodu duinik bermatzen”, ondorioztatu du Karrerak. “Eredua ahultzen ari da, eta pribatizatzen -batak bestea eragiten baitu-, eta ezberdintasun sozialak sortzen ditu. Horregatik, nahitaezkoa da bertako pentsio sistema publikoa sortzea. Premiazkoa da. Baina baita egingarria ere, teknikoki eta legalki. Hartara, Maria Txibite lehendakariari eskatzen diogu ez dadila autokonplazentzian erori eta anbizioz joka dezala Nafarroako pentsiodun guztien bizitzak duintze aldera”.

LABeko eledunaren hitzetan, pentsio duina bermatzeko benetako alternatiba bakarra hemen lan egiten duenak lurraldean bete-betean kotizatzea eta aberastasuna sistema publiko indartsu eta sendo baten bidez banatzea da. “Eta hori soilik izanen da posible Nafarroan sistema propio baterantz aurrera egiten badugu”, gaineratu du.

Ildo horretan, LABen proposamenaren neurri nagusietako bat da zaintzagatiko konpentsazio pentsioa sortzea, nolabait alarguntasun pentsioa ordezkatuko lukeena, kotizatzeko eskubidea ukatua izan duten emakumeekin gizarteak duen zor patriarkala ordaintzeko. Bertze neurri bat litzateke Nafarroako langileen egoera sozioekonomikora egokitutako gutxieneko pentsio kopurua hemen zehaztu ahal izateko Gizarte Segurantzaren eskumenak eskuratzea, bertako oinarrizko legeria garatuz eta aurrekontu publikoen bidez finantzatuz. Eta hori guztia enpleguari lotutako sistema osagarri publiko, unibertsal eta birbanatzaile bat bultzatzeko, kapitalizazio eta espekulazio-irizpideetara lotua egonen ez dena eta egungo eredu osagarri pribatua ordezkatuko duena.

Pentsio sistema publiko eta propioa

Politika publikoen azterketarako arduradun Amanda Verronek esplikatu duenez, Haritik argitalpenean jasotako azterketa hori LAB sindikatuak Euskal Herrirako pentsio sistema publiko eta propioa eratzeko egindako ekarpena da. LABen Programa Sozioekonomikoan marraztutako norabidean kokatutako analisiak, hausnarketak eta proposamenak biltzen ditu txostenak. Haritik txostenaren lehen zatian, Verronek aipatu duenez, lehen aldiz aurkeztu da pentsioen mapa nazionala, “gure lurraldean ezarritako bi pentsio sistemen izaera pribatizatzailea” azpimarratuz. Hego Euskal Herrian, 200.000 pentsiodunek baino gehiagok 1.080 eurotik beherako diru sarrerak dituztela nabarmendu du. Bada, horien artean, ia %70 emakumeak dira. Pentsiodun guztien artean, %10 soilik da pluripentsioduna. Hauetatik %80, ordea emakumeak dira, zaintza-lana ez aitortzearen ondorioz.

Bigarren kapitulua, berriz, zahartzarora iristean egungo pentsio eredu horiek langileengan duten eraginaren erradiografia da. Hego Euskal Herrian, generoagatiko soldata-arrakala %21 baino handiagoa den bitartean, pentsioetan genero-arrakala %38 baino handiagoa da. Horrek erran nahi du gizon pentsiodunek emakumeek baino 517 euro gehiago kobratzen dutela hilean, batez beste. “Indarrean dauden pentsio sistemek ez digute bizitza duin baterako bermerik eskaintzen. Erreformaz erreforma, pentsio-sistema publikoa ahulduz doa sistema pribatuaren mesedetan, langileen arteko desberdintasunak areagotuz, bereziki, genero-arrakala”.