2026-04-21
Blog Page 125

Lanuztea eta mobilizazioak egin ditugu Fekoorren hitzarmen propioaren alde

Desgaitasun fisikoa edo/eta organikoa duten Pertsonen Bizkaiko Federazio Koordinatzailea da Fekoor. Bertako langileak borrokan ari dira, htizarmen propioaren alde 3 orduko lanuztea egin dute gaur eta mobilizazio zaratatsu bana egin dute Fekoorren lan zentro biren aurrean, Bilboko Deustu auzoan, hitzarmen propioa eskatuz.

Bizkaiko aniztasun funtzionaleko beste enpresa batzuetan (Gorabide, Apnabi eta Gauden, besteak beste), langileek enpresa hitzarmenen bidez hobetu dituzte haien lan baldintzak, baina Fekooren kasuan, hitzarmen estatala ezartzen zaie. Honek langileen lan-baldintzak kaskartzen dituela salatu dute. Honela, langileek salatu dute, besteak beste, eros-ahalmenaren %20 galdu dutela, sektoreko gainontzeko elkarteetan baino 100 ordu gehiago lan egiten dutela urtean eta ez dutela antzinakotasuna aitortua.

Honek guztiak ez du langileen osasunean soilik eragiten, baita ematen duten zerbitzuan ere. Langileek euren egoera prekarioa salatu dute, eta gaineratu dute Fekoorreko zuzendaritzak ez duela enpresa hitzarmenik sinatu nahi.

Era berean, mobilizazioekin jarraituko dutela adierazi dute.

CEBEK patronalari Bizkaiko grafikagintzako negoziazioak blokeatzeari uzteko eskatu diogu

LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok elkarretaratzea egin dugu gaur Bilbo, CEBEK Bizkaiko patronalaren egoitzaren aurrean, Bizkaiko grafikagintza sektorerako hitzarmen duina eskatzeko, urriaren 29, 30, 31 eta azaroaren 4 eta 5erako deitutako 5 greba-egunen aurretik.

Urriaren 15ean egin zen orain arte egin den negoziazio mahaiaren azken bilera. Honetan, patronalak beste aukera bat galdu zuen negoziazioak desblokeatzeko. Aurretik, sindikatuok 5 eguneko greba deitu genuen, eta, hala eta guztiz ere, CEBEKi ez zitzaion beharrezkoa iruditu inolako mugimendurik egitea. Soldaten inguruan sindikatuok eta patronalak duten jarrera oso aldenduta daude, eta sindikatuok eskatzen ditugun beste hobekuntza-eduki batzuetan ia ez dago aurrerapausorik.

Gaur, urriaren 21ean, greba-ziklo berria hasteko astebete pasatxo falta denean (guztira 12 egun egingo lituzkete), sektoreko langileak patronalaren aurrean bildu dira Bilbon. Hitzarmen duina eskatu diote CEBEKi, eta 5 eguneko greba egiteko eta enpresen ekoizpena gelditzeko konpromisoa eta indarra berretsi dute. Gogoratu behar da urriaren 24an Negoziazio Mahaiaren beste bilera bat egongo dela. CEBEKek beste aukera bat izango du eta ikusiko dugu aprobetxatzen duen.

Azkenik, jakinarazi nahi dugu joan den astean jakin genuela lan-ikuskaritzak akta bat egin duela Etxebarriko Arteos Digital enpresari arau-hauste larria egiteagatik, aurreko greba-zikloan greba-eskubidea urratzeagatik. LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok positibotzat jotzen dugu akta hori; eta berresten dugu ez zela kasu bakarra izan. Patronalari zein sektoreko enpresei eskatu diegu bertan behera uzteko Bizkaiko grafikagintzako langileen greba-eskubideari eraso egiteko asmoa, datozen greba-egunei begira

Israel egiten ari den genozidioaren aurrean Palestinarekin elkartasunez mobilizatu gara

Hego Euskal Herriko sindikatuok mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbo, Gasteiz, Donostia, Iruñea eta Tuteran. Igor Arroyo koordinatzaile orokorra Bilbokoan egon da eta adierazi du “nabarmena” dela “Euskal Herriko sindikatu guztiak elkartu garela gaurko mobilizazioetan”.

“Euskal Herriko langileon ikuspegia garbi geratzen da: gu Palestinako herriarekin gaude eta genozidioaren kontra”, gaineratu du Arroyok eta Euskal Herriko erakunde publiko eta patronalak interpelatu ditu jarraian. “Zein da zuen posizioa? Nolako jarrera hartuko duzue genozidio honen eta bereziki, berau bultzatzen ari den sionismoaren aurrean? Hemengo erakunde publikoei eta patronalari exijitzen diegu genozidekin harremanak apurtzeko, genozidak presionatzeko eta haiekin negoziorik ez egiteko, momentu latz hauetan”.

Mobilizazioetan, minutu bateko isilunea egin dute mobilizazioetan Mahasen Al-Khatib ilustratzaile palestinarraren hilketa salatzeko.

Hego Euskal Herriko ikastetxeetan ere hainbat kontzentrazio egin dituzte.

Arratsaldean, Gernika-Palestina ekimenak mobilizazioak deitu ditu 19:00etan udaletxeen aurrean eta horietan ere parte hartzeko deia egin dugu.

LAB, Osakidetzak behar duen aldaketarako bermea

Osasun sistemak behar dituen erroko aldaketak sustatzeko palanka izan da LAB, eta bere indarra biderkatzeko aukera du orain, 10 urteren ondoren.

Mobilizazio sindikal eta sozialari esker, osasun publikoaren gainbehera agerian geratu da azken urteetan. Hain da horrela, ezen, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak berak ere aitortu behar izan behar baitu osasun sistemaren egoera kritikoa. Osasun sistema publiko indartsu baten aldeko borrokan motorra da LAB, gauzak aldatu daitezen lanean ari da. LABek argi du: benetako aldaketarik izango bada, horrek langileen parte hartzearekin izan behar du, eta langile guztionarekin, bereizketarik gabe.

Osasun sistemak dituen egiturazko arazoak ez dira berriak, ordea, ezta horiei erantzuteko LABen proposamenak eta ekinaldiak ere. Lan itzela egin du: Osakidetzak modu okerrean kanporatu edo pribatizatu nahi zituen kontratazioak geratzea lortu du, 194,5 milioi eurokoak; langile faltari aurre egiteko eta plantilla egonkortzeko borroka egin du; lehen arretari premiaz erantzuteko eta autokontzertazioa baztertzeko beharraren etengabeko salaketa; langileen zein pazienteen hizkuntza eskubideak errespetatu eta bete daitezen egindako lana… Ekimen propioz horrela dagokigunean, eta, elkarlana lehenetsiz beste sindikatu eta eragile sozialekin batera ahal den guztietan, Osakidetzak behar duen aldaketarako motorra izaten ari da LAB.

Berria dena beste hau da: Osakidetzan, 10 urte eta gero, hauteskunde sindikalak egingo dira. Osakidetzako langile gehienek ez dute inoiz hauteskunde sindikaletan parte hartu, ESIen sorreraren ondoren hauteskunde-eremu berriak negoziatzeko orduan zuzendaritzak ezarri izan duen blokeoagatik eta gertatzen ari den belaunaldi-aldaketagatik. Orain, baina, Osakidetzako langileek LAB bozkatzeko aukera dute, eta LABek Osakidetzan duen ordezkaritza handitzeko, sindikatuaren balioak islatzen dituzten hautagaitzen bidez; hautagaitza pluralak, kategoria guztietako ordezkariekin, eta, batez ere, ezagutzaz eta ilusioz betetako jendearekin.

EAEko administrazioan ordezkaritza handiena LABek du, eta, horri esker, administrazioaren mahai orokorrean eragiteko gaitasuna dugu. Hau da, Eusko Jaurlaritzan, Hezkuntzan, Lanbiden…. hauteskundez hauteskunde, bozka gehien lortu dituen sindikatua izateagatik, zer esana eta eragin gaitasuna dugu zerbitzu publiko guztietan langileon ahotsa entzun dadin. Kategoria zehatzetara mugatzen diren sindikatuek ez bezala, LAB erroko eraldaketak hauspotzeko palanka izango da. Gaitasun hori biderkatzeko aukera daukagu orain, langileen aldarrikapenak ozenago entzunarazteko eta horien alde eraginkortasun handiagoz borrokatzeko.

Lizarrako langile baten heriotzak 48ra igo du Euskal Herrian aurten hildako langileen kopurua

Gaur goizeko 10:45ak aldera leherketa handi bat izan da Lizarrako ardogintza sektoreko Agralco S. Coop enpresan. Horren ondorioz, Villatuertako Lamaison enpresako 56 urteko langile bat hil da, mantentze-lan industrialetan aritzen zena. Bertze heriotza honekin, gutxienez 15 langile hil dira aurten Nafarroa Garaian. LAB sindikatuak salatu nahi du foru erkidegoa Espainiako Estatuaren buruan dagoela lan istripuei dagokienez, eta exijitzen du Nafarroako Gobernuak lehenbailehen bere gain har ditzala lan ikuskaritzaren eskumenak eta beharrezko baliabideak jar ditzala enpresarien gaineko kontrola sakona eta eraginkorra izan dadin.

LAB sindikatuak bere babes eta elkartasun osoa adierazi nahi die hildako langilearen familiari, lankideei eta gertukoei. Sindikatuak bildutako datuen arabera, langilea silo bat soldatzen ari zen leherketa handi bat gertatu denean, eta, ondorioz, hil egin da. LABek ikerketa zorrotza eskatzen du gertakariak eta horien ondorioz sor litezkeen erantzukizunak argitzeko.

Laneko heriotza berri honek, aste honetan Euskal Herrian izan den hirugarrenak, agerian uzten du gaitz sozial eta laboral hau eragozteko neurriak berehala hartu behar direla. Horretarako, funtsezkoa da erakundeen kontrola; hau da, erakundeek lan-osasunari buruzko araudia benetan bete dadila eskatzea. Nahitaezkoa da patronalari lan osasunaren araudia betearaztea, behartzen ez bazaie, langileak zigorgabetasun osoz hiltzen baitituzte.

Lan Ikuskaritzak 10 ikuskatzaile baino ez ditu Nafarroa osorako; eta erkidego honetan, adibidez, 26.000 lan-istripu traumatiko erregistratu ziren 2023an. Argi gelditzen da, beraz, enpresariak lan prebentziorako legea betetzera behartzeko baliabideak ez direla batere nahikoak, eta horren ondorioak nafar langile klaseak ordaintzen dituela, hildako askorekin: 2018tik, batez bertze, 13 hildako urtean; aurten, eta oraindik urtea bukatu gabe dagoela, gutxienez 15 hildako.

Hil ala biziko kontua da. Nafarroako Gobernuak berehala eskatu behar du Lan Ikuskaritzaren eskumenak bere gain hartzea, ahalik eta lasterren beharrezkoak diren baliabideak jartzeko enpresaburuak lan prebentzioaren inguruko araudi guztia betetzera eraginkortasunez behartze aldera.

[IRITZIA]: Pobreak ez dira, aberatsak baizik

Urriaren 17a da Pobreziaren kontrako Eguna eta abagunea baliatuta, Jaime Iribarren Ekintza Sozialeko Nafarroako arduradunak iritzi-artikulua idatzi du, pobreziaz, pobretzeaz… eta aberatsez.

Urriaren 17a Pobrezia Errotik Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna izendatu zuten Nazio Batuek,1987an. Hiru hamarkada baino gehiago igarota, errealitatea tematia da, eta, desagertu beharrean, gero eta gehiago dira gutxiengo pribilegiatu baten interesak defendatzeko diseinatutako sistema ekonomiko baten ondorioak pairatzen dituzten gizakiak.

Egun hauetan datuak eta hausnarketak irakurri eta entzuteko aukera izango dugu, egoerak ez duela itxura onik erakutsiko digutenak. Adierazpen instituzionalak ere aldarrikatuko dituzte, desberdintasunaren aurkako borrokan konpromisoa erakutsiz. 2019an berritutako Pobreziaren eta Desberdintasunaren Aurkako Nafarroako Itunean konprometitutako neurri zehatzak ezartzeko Nafarroako Parlamentuak aho batez emandako babesa gogoraraziko digute.

Balio-krisi sakoneko une batean bizi gara. Askatasuna irabaziak lortzeko gaitasunarekin lotzen da, horretarako beste gizaki bat ustiatu behar izatea edo aurrekaririk gabeko krisi klimatikoa eragin behar izatea axola gabe. Eskuinak ezkerraren oinarrizko kontzeptuez jabetzen doaz, eta, beraz, berdintasunak, popularrak, demokraziak edo askatasunak jada ez dute gauza bera esan nahi. Liberalen eta kapitalisten garaipen handia da desberdintasunen, banaketaren eta justizia sozialaren aurka borrokatzeko pentsatutako kontzeptuak merkantzia huts bihurtu izana. Adibidez, etxebizitza bat jabetzan izatea askeago izatearekin lotzen da, nahiz eta bizitza osoko errentaren erdia horretara bideratu behar izatea ekarri.

Sistema ekonomiko kapitalistak birziklatzeko duen beharrak markatutako norabidean dabil mundua, gutxiengo pribilegiatu batek dominazio postuetan jarrai dezan. Zainketen kate globalak, latitude ezberdinetako emakumeak esplotaziora eta sozialki aitortuak ez diren eta askoz gutxiago ordaintzen diren lanetara kondenatzen dituztenak, definizioz eta ekintzaz sistema matxista baten giltzarri dira. Oligarkiak aldaketa kosmetikoen bidez kapitala ateratzeko modu berriak –kapitalismo berdea edo marroia– posible ote diren eztabaidatzen duen bitartean, ezkerrak zailtasunak ditu oraindik proposamen emantzipatzaile bat hegemoniko bihurtzeko.

Eskuinak, muturrekoa izan beharrik gabe, sektore ahulenei gorroto eta seinalamendu diskurtsoa aldarrikatzen jarraitzen du, gero eta txiroagoak diren klase ertainei beldurra eta ziurgabetasuna helarazteko, elkarren aurka egiteko helburuarekin, mehatxu faltsuak eta etsaiak sortuz, berez klase berekoak garen sektoreen banaketan sakontzeko: langile klasea. Ez dadin gerta elkarrekin indartsuagoak garela pentsatzea. Oraindik ere bada jarrera ustez erradikaletatik tranpan erori eta ustezko langile-aristokrazia pribilegiatuaz hitz egiten duenik, borroka-prozesu eraldatzaileen ondorioz lortutako eskubideak eta egun batetik bestera desager daitekeen maila ekonomiko prekarioa nahastuz.

Egun, enpleguak ez du bizitza duina garatzeko adina diru sarrera bermatzen. Langabeziak aspaldi utzi zion adierazle fidagarria izateari, lan-prekarietateak pobrezia eragiten baitu termino ekonomiko objektiboetan biztanleria aktiboaren eta pasiboaren artean. Nafarroan, pentsiodunen %40k 1.134 euro baino gutxiagoko ordainsaria jasotzen dute. Genero arrakala handitu eta biderkatu egiten da erretirora iristean. Gehiegi luzatuko ginateke beste latitude batzuetatik iritsitako gure bizilagunen egoera, arraza-bereizkeria pairatzen dutenak, etxebizitzaren arazoa eta beste hainbat gai gogoratzean. Ez dira politikoki zuzenak diren diskurtsoak edo errepikatzen diren zifrak. Pertsonak eta bizitzak dira. Gorputz horietan, menderatze-ardatzak biderkatu egiten dira, eta prekarietateak eta pobreziak indar handiagoz eragiten dute.

Zalantzarik gabe, gure esku dagoen guztia jaso eta lagundu beharko dugu. Zor historikoa dugu herri pobretuekin, baina baita ardura politikoa ere, diasporak eragiten dituzten egoerak aztertzera behartzen gaituena. Egoera bidegabe hau politizatu behar dugu, munduaren bi heren kondenat dituen zapalkuntza ekonomikoa iraultzeko beharrezkoak diren aldaketak bultzatzera pasatzeko. Eta zer esan etxebizitzaz, merkatu ondasun bihurtuta. Prezioak arautzeko eta jaisteko esku-hartze publikoa eta alokairu publiko eta eskuragarriaren aldeko apustu irmoa funtsezko ardatzak izan behar dira pertsona orok bizitza oso bat garatu ahal izateko etxe bat izateko eskubidea duela uste dugunontzat.

Ezkerreko mugimendu sozial, sindikal eta politikoek ezin dugu defentsiban jarraitu egoeraren zergatia azaldu nahian. Aktibatu eta erasora pasatu behar dugu arduradunak seinalatuz eta jendartea politizatu beste eredu justuago, bidezkoago eta jasangarriago baten aldeko alternatiba eraikitzaile baten inguruan. Egiak zintzotasunetik hitz egitera behartzen gaitu. Baliabideak mugatuak direnez, enpleguaren, zaintzaren eta aberastasunaren banaketa aldarrikapen bidezkoa eta beharrezkoa da. Beraz, lanaldia murriztearekin batera 1.600 euroko gutxieneko soldata exijitzea, eta bizitza duina izateko proiektuen bermeak eskaintzen dituzten zerbitzu publiko sendoen sareaz hitz egitea, zalantzarik gabe, irabazi beharreko batailak dira, neoliberalismoak indarra hartzea nahi ez badugu.

Eta etsai faltsuak identifikatuz despistatzen saiatzen diren bitartean, has gaitezen espoliazioaren benetako erantzuleak salatzen. Izen-abizenak dituzte. 300 milioi euro baino gehiagoko iruzurra egiten diote urtero Nafarroako ogasun publikoari. Pobreziak arduradun zuzenak ditu: aberatsak eta haien pribilegioen alde egiten diren politikak.

Ezkertiarrok klase borroka berreskuratu behar dugu eta benetako erreferente bihurtu langabe, langile prekarizatu, ziurgabetasunez inguratutako gazteria, pertsona migratu, zaintzaren arloko emakume* langile eta autonomo txiki.

UDALHITZeko negoziazioetan parte hartuko dugu, baina irmotasunez jokatuko dugu jarrera aldaketarik ez badago

Gaur, hilak 17, aspaldiko partez, EUDELek udal administrazioan ordezkaritza dugun sindikatu guztiak deitu gaitu, banan banan, UDALHITZeko mahaia irekitzeko asmoa ofizialki adierazteko.

LABek udal administraziorako erreferentziazko hitzarmen on bat izatea aldarrikatu du betidanik. Horregatik, positiboki baloratzen dugu EUDELen aldetik adierazi duten jarrera aldaketa eta luzatu diguten deialdiari baietz erantzun diogu. Jarrera aldaketa honetan, baloratzen dugu eragin zuzena zan duela tokian toki zein sektore publikoan egindako dinamika mobilizatzaileak.

Hauxe izan da EUDELetik egin diguten proposamena:

– UDALHITZeko testu berriaren zirriborroa helaraziko digute. Bertan, eguneraketa legalak sartuta egongo dira. Sartu omen dituzte ere hainbat udaletan onartu diren hainbat aspektu.

– Gure aldarrikapenak zeintzuk izango diren eskatu dizkigute.

– Metodologia eta kronograma bat proposatuko digute.

LABen aldetik, benetakoa eta integrala izango den negoziazioa eskatu diegu. Ez dugu nahi UDALHITZen legediarekiko eguneraketa bat soilik. UDALHITZ berria eta loteslea nahi dugu, udal administrazioko langileen lan baldintzak hobetuko dituena eta beren beharretara egokitzen dena. Zentzu horretan, EUDELen dauden alderdi guztiei eskatzen diegu jarrera irmoa izan dezatela zerbitzu publikoak eta langileen eskubideak bermatuko dituzten lan baldintzak negoziatzerako orduan.

Orain arte, EUDELen, Espainiako Estatuak erabakitzen duenarekiko menpekotasuna egon da. Espainiako Gobernuaren esku daudelako gure lan baldintzen erregulazio asko. Horregatik, gure erabakitzeko eskubidea defendatzeko kemen politikoa agertzearen beharra adierazi dugu ere, aurreko ikasturtean burututako grebetan aldarrikatu dugun moduan.

Bitartean, bilera hauek hasi baino lehen, EUDELetik hurrengo gomendioa bidali zaie Udalei: tokian tokiko negoziazio mahaiak ez irekitzea.

LABen iritziz, UDALHITZeko negoziazioa 14 urtez blokeatuta egon eta gero, ez da modurik hoberena negoziazio prozesu hau hasteko. Blokeo horren eraginez, tokian tokiko negoziazioetara jo izan dugu, eta EUDELen lortu ez dena, Udal batzuetan lortu dugu ekintza sindikalari eta langileen inplikazioari esker.

LABek ez dio ekintza sindikal horri uko egingo, are gutxiago, UDALHITZeko mahaia ez dagoenean oraindik irekita, adostasunik izango dugun ikusteke dagoenean eta negoziaketa bera ez dagoenean oraindik abiatuta. Zentzu horretan, benetako jarrera negoziatzailea baldin badago, gomendio hori atzera bota beharko lukete. Horrela eskatu diegu.

Ikusiko dugu zer ematen duen mahai honek. LABek arduraz jokatuko du. Negoziazioetan parte hartuko dugu, baina irmotasuna adieraziko dugu jarrera aldaketarik ez badago.

Pintaketa faxistek gure jarrera antirrazista berretsi baino ez dute egiten

IRSE elkarteak kudeatzen duen nerabeentzako egoitza-baliabide batetik gertu kutsu faxista eta arrazista duten pintaketak agertu dira. Baliabide horren erabiltzaileen aurka “Etorkinak kanpora!” eta antzeko mezuak dituzten pintaketak egin dituzte. LAB IRSEtik gure kezka adierazi nahi dugu.

Horrelako gertaerek berretsi baino ez dute egiten LAB sindikatuak lan eta bizi baldintza duinen alde egiten duen borroka, pertsona guztiek eskubide eta aukera berdinak izan ditzaten. Horrenbestez, era guztietako gorroto-mezu eta praktiken aurrean gure erabateko gaitzespenean ere berresten gara.

Nafarroan azken hiru urteetan altueratik erorita 10 langile hil direla salatu dugu

Nafarroa Garaian marka guztiak hausten ari dira lan istripuei dagokienez. Horixe salatu dugu LAB, CGT, Steilas, ESK, EHNE eta Hiru sindikatuok gaur Iruñean eginiko elkarretaratzean. Arazoaren larria zenbaki zehatzetara eramanda, azaldu dugu Nafarroan iaz 23.000 istripu traumatiko erregistratu zirela eta dagoeneko Espainiako estatuan daturik okerrenak dituen erkidegoa dela. Horren erantzule Nafarroako enpresariak egin ditugu, eta Nafarroako Gobernuari eskatu diogu Lan Ikuskaritzako eskumenak hartzeko, enpresariei legea baliabide gehiagorekin eta efektiboki betearazteko.

Iruñeko Gazteluko plazan aldamio bat paratu dugu sindikatuetako kideok. Eta aldamiotik zintzilik, langile bat irudikatzen zuen maniki bat. Modu horretan salatu nahi izan dugu altueran gertatzen diren lan istripuen intzidentzia handia. Konparazio batera, azken hiru urteetan 10 langile hil dira Nafarroan altueratik erorita.

2022an lau langile hil ziren altueran erorita: bat Garesen (obra batean); beste bat Donamarian (toldo bat jartzen); Ablitasko langile bat Aragoin gertatutako istripu hilgarri batean; eta laugarren bat CINFAren Ollokiko lantegian altueratik erori eta bi astera. 2023an bi langile hil ziren Andosilla eta Cintruenigoko obretan altueran gertatutako lan istripuen ondorioz. Beste langile bat larri zauritu zen 14 metroko erorikoaren ondorioz. Eta 2024an, oraindik urtea bukatu gabe dagoela, lau langile hil dira altueran gertatutako lan istripu hilgarrien ondorioz Arriben (obra batean), Iruñean (FCC enpresaren hondakinak biltzeko kamioi batetik erorita), Irunberrin (obra batean) eta Olletan (28 urte besterik ez zituen astearte honetan hildako langileak, zortzi metroko altuerako telefono-zutoin batetik erorita). Gainera, bertze bi langile larri zauritu ziren Barañainen eta Zizur Nagusian izandako bi lan istriputan.

Nafarroako Gobernua eta NOPLOI Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutua bera errealitate horren jakitun dira. Bi erakundeek badakite enpresaburuek ez dituztela beharrezko prebentzio neurriak bermatzen. Beste alde batera begiratzen dute Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko legea betetzeari uko egiten dioten CENeko enpresarien betebeharrak sistematikoki ez betetzearen aurrean, legea urratzeak langileak beren lanpostuetan hiltzea dakarrela jakinda.

Hala ere, Nafarroako Gobernuak eta NOPLOIk baliabide publikoak erabiltzen dituzte kanpaina espezifikoetan eta enpresen neurriko aholkularitza juridikoan; baina istripuen eta hildakoen kopurua ikusita, erabat ez-eraginkorrak eta antzuak dira.

Nafarroan dagoen laneko ezbehar tasa handiari galga jartzeak konponbidea du: Nafarroako enpresaburuei beren betebeharrak betearaztea, langileen bizitzak garrantzia baitu. Baina ikusita Espainiako Lan Ikuskaritzak 10 ikuskatzaile baino ez dituela Nafarroan CENeko enpresaburuek legea betetzen dutela bermatzeko, eta baliabiderik eta ikusita eskumenik ez izateak Nafarroako langileen heriotzak dakartzala, eskatzen dugu Nafarroak eskumen guztiak bere gain har ditzala ahalik eta lasterren Nafarroako Lan Ikuskaritza propio bat izateko, baliabide eta eskumen nahikoak dituena Nafarroan langile gehiago hiltzea eragozteko.