2025-12-28
Blog Page 1216

LAB: “Oso larria iruditzen zaigu EITBk programarekin aurrera jarraitzearen erabakia oraindik indarrean mantentzea”

Astelehenean ETBko sindikatu guztiok berdintasun batzordeari bilkura urgentea eskatu genion eta atzo, asteazkenean, egin genuen batzarra. Bilera honen helburua, aurreko igandean “Cuadrilla Busca Cita” emititutako programaren edukien inguruan eztabaidatzen zen.

LABetik argi azaldu genien ez gatozela bat kate publiko batean horrela eduki sexista eta eredu heteropatriarkalean sakontzen duten programaziorik emititzearekin.

LABentzat, programa honek bultzatzen dituen baloreak Emakume eta Gizonen Berdintasunerako legea bera ere urratzen du. Eta urteetan zehar emakumeonganako indarkeriari aurre egiteko egiten ari garen lana atzera bidean kokatzen du.

LABentzat jendartean errotua dagoen eredu heteropatriarkala gainditzea, bestelako baloreak sustatzea eta eskubide berdintasunean oinarritutako jendartea eraikitzea denon ardura da. Kasu honetan gainera, EITBk, kate publikoa izanik, ardura berezia izan beharko luke horretan.

Bestalde, oso larria iruditzen zaigu, besteak beste, Euskal Herriko Mugimendu Feminista, Emakunde, Ehbildu eta, garrantzitsuena deritzoguna, jendartea bera programa honen aurka eta kentzearen alde agertu eta gero, EITBk programarekin aurrera jarraitzearen erabakia oraindik indarrean mantentzea.

Halere, esan behar dugu ere, EITBk atzo mahai gainean ipinitako elementuak kontuan hartuko zituela eta erabakia berriz hausnartuko zutela aipatu zigutela, hortaz espero dugu guretzat hartu daitekeen erabaki bakarra hartzea, igande honetan eta aurrerantzean programa dagoeneko berriz ez emititzea.

Datorren larunbatean Euskal Herriko Mugimendu Feministak deituta eguerdiko 12:00etan EITBren Bilboko eraikinaren aurrean egingo den mobilizazioarekin bat egiten du LABek, eta deialdi berezia egiten diegu Euskal langileei bertan parte har dezaten, patriarkatua oinarri izango ez duen bestelako jendartea eraikitzea denon ardura delako.

Euskal Herria 2014ko ekainaren 19an
 

 

 

Grebalariak aske! plataformak Telle eta Urtziren egoera salatu zuen atzo Bilboko Plaza Eliptikoan

0


Atzo arratsaldean hainbat herritarrek ekimen deigarri bat egin zuten Bilbon Jon Telleria eta Urtzi Martinezen egoera salatzeko. Telle eta Telle epe laburrean espetxeratuak izango dira bi urte terdiz, 2012 ko M-29ko greban pintada batzuk egitearren.

 

 

LABek positiboki baloratzen du Fagor Etxetresnaken enplegua bermatzeko lortu den aurreakordioa

LABek era positiboan baloratzen du ostiralean Fagor Etxetresnak enpresaren enplegua erregulatzeko espedientearen harira enplegua bermatzeko lortu den aurreakordioa. Aurreakordio horren arabera, Fagor Etxetresnak erosiko duten erosleen enpresetan langileen birkokatzeak emateko aukera zabaltzen da..

Bestalde, ordainsariarekin enpresa utzi nahi izan dutenei, aukera hori eman zaie.

Akordio horren arabera, LABen iritziz, enpleguaren alde egin duten langile guztiek lanpostu bat lortu ahal izateko baldintza paregabeak ezartzen dira, eta hori izan da hain zuzen ere LABek negoziaketa honetan ezarritako helburua.

LABek akordio hau erdiesteko langileen borrokak izandako lana txalotu nahi du, hori gabe ezinezkoa izango baizten akordio hau lortzea.

Amaitzeko, gogoratu nahi dugu, oraindik lana dagoela egiteko eragile guztien partetik, lanpostuen mantentzea bermatzeko, eta proiektu industrial ezberdinek aurrera egin dezaten baldintzak sortzeko.

Hortan murgiltzeko deialdia egin nahi diegu instituzio publikoei, adostutako akordioaz gain oraindik lanpostu gehiago sortzeko aukera bizirik baitago, Basaurin eta Azpeitian. Euskal Herriak ezin ditu horrelako aukerak pasatzen utzi.

Kooperatiben munduko enpresa bat eta sindikatuen arteko akordio bat erdietsi izanak oso egoera zailean, frogatzen du bi mundu horien osagarritasuna posible dela, eta akordioak lortzen direla, horretarako borondatea dagoenean. Etorkizunean, bien arteko zubiak eraikitzea ezinbestekoa izango da.
 

 

Bizkaiko Metalgintzako 2001/03ko hitzarmenak indarrean dirau

0

LAB sindikatuak hainbat komunikabidetan esandako informazio zein balorazioen aurrean Bizkaiko Metalgintzako 2001/03ko hitzarmenak indarrean dirauela eta bere lan baldintzak bizkaiko metalgintzako langilegoari aplikagarri direla adierazi nahi du.

LAB sindikatuaren oharra hainbat komunikabidetan esandako
informazio zein balorazioen aurrean

Bizkaiko Metalgintzako 2001/03ko hitzarmenak indarrean dirau eta bere lan baldintzak bizkaiko metalgintzako langilegoari aplikagarri

Lehenik eta behin argi utzi nahi dugu EAEko Auzitegi Nagusiak 2014ko ekainaren 10ean emandako epaiak, non 2008/2011ko Bizkaiko Metalgintzako Lan Hitzarmenak, eragin mugatukoa, CCOO eta UGT sindikatuek sinatutakoa, indarrean ez dagoela ebatzi duena, ez du bere baitan ekartzen ez denik Bizkaiko Metalgintzako Lan Hitzarmenik.

Esan ez dena da, 2001/2003ko Bizkaiko Metalgintzako Lan Hitzarmena, hau bai eragin orokorrekoa, hau bai gehiengo sindikalak sinatutakoa, hau bai aplikazioa orokorrekoa (ez mugatukoa), hau bai lan legediaren arabera arau izaera duena, hau bai EAEko Justizia Auzitegi Gorenak 2014ko martxoaren 14ean emandako 514/2014 zenbakidun epaian indarrean jarraitzen zuela, hau da, ultraaktibitatean dagoela ebatzi zuen, eta beraz bi aldeentzat nahitanahiez aplikagarri.

Beraz, gaur egun metalgintzako Bizkaiko hitzarmenik ez dagoela esatea, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak emandako ebazpena aintzat ez hartzea da, eta patronalak lan hitzarmen honetan jasotako lan baldintzak aintzat hartu ez eta okerragoak inposa ditzakela baieztatzea, erabateko gezurra da, legean oinarritzen ez dena, eta beraz okerreko informazioa da, nahastea sortzen duena.

Bigarrenik, sektorearentzat duinak izango diren lan baldintzak ekarriko dituen irtenbidea bi aldeen arteko negoziaketan datza lan hitzarmen berri bati begira, horretarako LAB sindikatuak bere proposamena aurkeztu zuen, eta gaur da eguna patronalak ez duela erantzun zergatik ez den posible.

Hirugarrenik, FVEMek duen jarrerarekin, 2001/2003ko lan hitzarmena indarrean dagoela aitortu barik jarraituz eta askoz okerragoak izango diren lan baldintzak inposatu nahian, argi uzten du negoziatzeko duen borondate eza, horren aurrean LABek lan zentroetan, kalean zein mahai negoziatzailean borrokan jarraituko du, mobilizatzen eta beste sindikatuei (ELA, CCOO eta UGT) elkarrekin mobilizatzera deia eginez.

 

 

 


Bizkaiko Kontserberetako herrialdeko hitzarmena eraberritzeko indarra eman diote LABi sektoreko langileek

0

Bizkaian sektoreko enpresa guztietan LABek burutu duen sinadura bilketan, %50a baino gehiagok sinatzea lortu da. Hitzarmena eraberritu behar dela aldarri egiten du langileen gehiengoak. Patronalak blokeatzen du hitzarmena, baina aldi berean, ELA (gehiengoa du sektorean) eta CCOO eta UGTren aldetik ere, blokeo hori gainditzeko borroka planteamendurik ez dago.

LAB mobilizatzera deitzen ari da (lanuzteak, kontzentrazioak, sinadurak…), eta indarrak biltzera maiatzaren 20an egindako proposamenaren inguruan. Proposamen gauzagarria eta mami duina duena, beste herrialdeko hitzarmen batzuetan sinatzea lortu dena.

Patronalak mahai negoziatzailea blokeatuta daukan heinean, prest azaldu da maiatzaren 20an LABek egindako proposamena negoziatzera sindikatuon gehiengoaren oneritzia izango balu, une honetan ez duena, ELAk ez baitu berea egiten.

ELAk, une honetan gutxi gora beherako %40aren ordezkaritza duenak sektorean (azken hauteskunde sindikalen arabera), Mahai Negoziatzailean duela 7 urte zeukan ordezkaritzari eusten dio Mahaia blokeatzeko erabiliaz (Mahaia 2008an sortu zen eta une honetan mantendu egiten dira garai hartako ordezkaritzak), Hitzarmena eraberritzeko planteamendurik egin gabe. Gaur egun gehiengorik ez badauka, zergatik inposatu nahi digu bere estrategia sindikala?

Ulertezina egiten zaigun jarrera hartu du ELAk Bizkaiko Kontserba Hitzarmenean, ulertezina Bizkaian holako jarrera edukitzea eta aldi berean Araban, Ehun Merkataritzan herrialdeko hitzarmena sinatzea, LABek Kontserbetarako proposatzen duena baino mamiz askoz txarragoa. Ultraktibitate gabe sinatu du Hitzarmena, inaplikazio klasula gabe, 2013an soldata igoera gabe eta 2014rako %0,70 igoerarekin (KPIari erreferentziarik egin gabe eta erreferentzia hori desagertze bidean ipiniaz ez baita Hitzarmenean agertzen).

Horregatik diogu ez dugula ELAren jarrera ulertzen hemen, nola ez duen onartzen planteamendu integratzaile bat indarrak batu eta patronalari aurre egin ahal izateko Hitzarmen duina lortzeko bidean; eta bitartean, beste mahai sektorial betetan, askoz Hitzarmen txarrago sinatzen duen. Ez dugu ulertzen, zergatik Araban bai eta hemen ez? Zer dauka ELAk guzti honen atzean? ELAk azaldu beharko du LABek ez baitu ulertzen!

CCOOk bere garaian esan zuen ezer ez zuela planteatuko EAEko Auzitegi Nagusiak 2007–2011 Hitzarmenaren inguruko ebazpenaren aurretik. Zuen informaziorako, epaimahai horrek ebatzi du antzeko Hitzarmen baten inguruan Bizkaiko Metalean, eta ebazpena aurkakoa izan da, sindikatuok aurkeztutako helegitearen aurkakoa, eta ziurrenik Kontserbetan berdina gerta daiteke.

CCOOk eta UGTek euren planteamendu argia mobilizazioen alde egiteaz gain, beste lan gehigarri bat ere badute egiteke, hots, Kontserba Hitzarmen Estataletik laugarren disposizioa desagertzeko lana egitea, hori baita Bizkaian Hitzarmen propioa edukitzea oztopatzen gaituena.

LABek mobilizazio eta negoziazio bidean aurrera egingo du Hitzarmen sektoriala lortu ahal izateko oinarri gisa.

Une honetan daukagun egoera azaltzeko asanblada irekietara deituko ditu sektoreko langileak epe labur batean, eta parte hartu nahi duten sindikatu guztientzat ere irekiak izango dira. LABek ez du ezer ezkutatzeko!
 

 

 

EEEa aurkeztu dute Aiala Vidrion

0

Atzo, ekainak 17, Laudioko Aiala Vidrioko Zuzendaritza eta Enpresa Batzordearen aurkeztu berri duten espedientearen inguruko lehengo bilera eman zen. Enpresaren nahia, espedientea 2014. urteko urritik 2015. urteko martxorarte erabiltzea da, 6 hilabetez, gehienez 30 lan egunez langile bakoitzeko. LABetik ezezko borobila ematen diogu Aiala Vidrioko espediente honi eta gure eskuetan dagoen guztia emango dugu aurrera eraman ez dezaten.

Enpresaren aitzakia Vidrala taldeak duen stock tamaina da eta hori zuzentzeko Aiala Vidrioko labe bat geldiarazi nahi dute, produkzio gutxiago egiteko.Arazoa pasa den urtetik datorrela diote eta aldi berean aurten, estatuko beste lantegi batean Laudioko antzeko beste labe bat martxan jarri dute, produkzio ahalmena handituz, beraz dioten arazo hori handituz.

Gure ustez, enpresak langileei ordainarazi nahi die orain arte eraman izan duten borroka lan erreformaren kontra eta euren hitzarmenaren alde. Borroka horrekin estatuko lanerreforma geldiarazi izan dute eta zinatzeke zegoen hitzarmena sinatu baino lehen espediente hau aurkeztu dute.

Bileran garbi gertau zen enpresaren nahia; langileen langabezi prestazioa (diru publikoa) erabiltzea euren etekin ekonomikoak sendotzeko. Enpresak azken hiruhilekoetan etekin ekonomiko historikoak iragarri izan dituela aipatzekoa da.

LABetik ezezko borobila ematen diogu Aiala Vidrioko espediente honi eta gure eskuetan dagoen guztia emango dugu aurrera eraman ez dezaten.

 

 

 

Zerbitzu publikoak hobetu eta garatu
eta enplegu publikoa sortzearen beharra aldarrikatu du LABek Lakuan

0

Lakuako Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean LABeko 70 langile eta ordezkari bildu ziren atzo enplegu publikoaren defentsan. Andres Ziarreta sailburuordeari zerbitzu publikoak hobetu eta garatu
eta enplegu publikoa sortzearen beharra aldarrikatzen duen gutuna helarazi zioten.

«Kanoso» deituriko librantzen auziak badu langileen eskubideei egindako beste murrizketa batez gain enplegu publikoaren galeran eragin nabarmena, 35 orduko lan-astearen kontuak bezalatsu. Gogoratu beharra dago aurreko bi urteetan Jaurlaritzak 4.000 kontratazio gutxiago egin dituela. Espainiar estatuak agindu eta Eusko Jaurlaritzak zintzo betetako murrizketa honek ere ohiko ezaugarriak jasotzen ditu, hots, inposizioa eta negoziazio kolektiboaren eskubidearen urraketa.

Halere oraingoan erasoak LABek erantsiko ez duen aldagai berria dakar, gatazkaren indibidualizazioarena alegia. Horrela, langileon eskubideei egindako eraso honen aurrean erantzun kolektiboa lehenesten dugu, eta erreklamazio indibidualak bultzatu baino, guztionak diren eskubideak errespetatzea exijitzen dugu diskriminaziorik gabe. Bide honetan, borroka kolektiboak sustatuta, kontzentrazioa egin dugu LABeko zerbitzu publikoetako langile eta ordezkariok Lakuan, eta Andres Ziarreta sailburuordeari gutuna helarazi diogu honako aldarrikapenekin: enplegua suntsitu duten neurri guztiak atzera botatzea; euskal esparruaren defentsa egitea; negoziazio kolektiboari bide ematea;eta lan harremanak ez indibidualizatzea, langile bakar bati sententziaz aitortutako eskubideak guztiei aplikatuz.

Hain zuzen ere gaur bertan Urkulluren gobernuak Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako datorren urterako aurrekontuen irizpide teknikoak zehazten ditu, eta hauen oinarria «zorra kitatzea» omen da. Honen aurrean zera gogorarazten diegu lehendakariari eta bere taldeari, bankuekin baino, euskal jendartearekin eta langileokin dutela kitatu beharreko zorra. Behingoz konpromiso bat har dezatela hemengo zerbitzu publikoen eta jendartearen defentsan, Madrilen aginduen menpe egon gabe.
 

 

 

LABek euskal errepublika eta independentziaren alde egiten du

LAB sindikatuak bihar Euskal Herrian euskal errepublikaren alde deitutako mobilizazioekin bat eginez, euskal langileak bertan parte hartzera animatzen ditu. Aldi berean, LABek etxe eta lantokietan euskal ikurrak jartzeko deia luzatu nahi du.
 

 

 

Kutxabank esku pribatuetan uzteko xantaia egin nahi digutela salatu dute LAB eta ELAk

LAB eta ELA sindikatuek prentsaurrekoa eskaini zuten atzo Bilbon Kutxabank, bankarien eta espekulatzaileen mesedetan, Espainiako banka handiaren eta espainiar nahiz EAEeko Gobernuen mesedetan pribatizatuko dela salatzeko. Honi aurre egiteko euskal herritarren mobilizazioa beharrezkotzat jotzearekin batera, datorren larunbatean, hilak 21, Bilbon Kutxabanken pribatizazioaren aurka izango den manifestazioan parte hartzeko deia luzatu zuten.

LAB eta ELAren irakurketa
Xantaia egin nahi digute Kutxabank esku pribatuetan uzteko

Diruaren boterea hasten den tokian amaitzen da demokrazia

Denok dakigu, Kutxabank, bankarien eta espekulatzaileen mesedetan, Espainiako banka handiaren eta espainiar nahiz EAEeko Gobernuen mesedetan pribatizatuko dela.

Jakinekoa eta agerikoa da irabazi asmorik gabeko finantza erakundeak diren Euskal kutxak, euskal erakundeen, ezarleen eta langileen partaidetzarekin kontrolatuak, eraldatzeko prozedura osoa, prozesuaren beraren onuradun izango direnek ezarri dutela (akiziodun pribatuak eta finantza-kapitala alegia).

Azkenean, eragozten ez badugu, Euskal Kutxen-Kutxabanken pribatizazioa, frankismoa amaitu zenetik euskal gizartearen aurka egin den lapurretarik handiena izango da. Dena guztiz planifikatu dute bankuen agindupean erakundea kudeatu dutenek eta ate birakariaren jardunaz onura atera nahi dutenek.

Bide honetan, kutxak banku baten (Kutxabank) akziodun bilakatu dira, akzioak merkatuan erosi eta saldu ahal izan daitezen eta banku-negozioa Kutxabanken esku uzteko. Erakundeen eta gizartearen ordezkaritzari bankuaren kontrola ukatu zaio; orain, Kutxak Banku-fundazio bihurtuz, haiek aukeratutako hamabost lagunek erabaki dezaten nahi dute noiz, nola eta nori saldu, oraindik orain, Euskal Kutxen esku dauden akzioak.

Hau guztia, indarrean dagoen legeria haien nahieran aldatuz egin dute; legedia “espresa” eginez, figura juridiko berria sortzeko (banku-fundazioena), baldintzatu dezaketen aurrekarietatik askea; legea araudiaren arabera garatu dute, baldintzen, patronatuaren, berme funtsaren, zigor-erregimenaren, fundazioaren buru berriak beren buruak hautatzearen,… baitan; Kutxabanken esku dagoen banku-negozioaren kontrola gordetzen dute, kontseilua eta exekutiboa sortuz gutxienez bost urterako, erabateko pribatizaziorako aurreikusita dagoen denbora, hain zuzen ere.
Baina hau gutxi balitz ere, Kutxak Banku-fundazio bihurtzeari edozein arbuio mota eragozteko, Kutxetako bileretan, haiek egindako “legedia espresa” are gehiago bihurtzen dute eta Kutxen eta Banku Fundazioen legearen lehen xedapen iragankorraren bitartez zigorrak ezartzen dituzte konpromisarioak aurkako botoa eman dezaten, abstenitu daitezen edota bozkatzeko unean alde egin dezaten eragozteko. Ekainaren 30eko BBKren ohiko batzar orokorreko deialdian honakoa planteatzen da:

• Guztiz antidemokratikoa den prozedura. Botazio bakarra zehazten da kontu ezberdinak onartzeko, hala nola, banku-fundazio bihurtzea, Estatutuak, Patronatua, Gizarte Ekintzaren zuzkidura 2014rako. Hauetarako gai bakoitza bere aldetik bozkatu beharko zen. Gainera, zehazten da botazioa “izenetik deituta” izango dela, “orden alfabetikoz”, batzarreko kide bakoitzaren botazioaren zentzua jasoa izan dadin.
• Isun mehatxua botazioaren emaitza aldekoa ez bada. Botazioaren emaitza batzarrean aldekoa ez bada, zigorrak jartzearekin mehatxu egiten zaie “kontrako botoa ematen dutenei edo boto zuria ematen dutenei edo batzarrean egonda, abstenituko direnei eta baita bertan ez daudenei ere”. Zigor hauek izan ahalko dira “gehienez 500.000 euroko isuna euretako bakoitzari eta gehienez 3 urtetako kargugabetzea” eta kargugabetze eta gaitasungabetze zenbait. Xantaia nabarmena da. Soilik aldeko botoa eman ahal bada, zertarako eman botoa?

Gure baliabideen lapurretari, orain, xantaia, inposizioa eta Kutxen sistema asanblearioa aldez aurretik baliogabetzea gehitu behar diogu, noiz eta inoizko erabakirik garrantzitsuena hartu behar denean. LDIEC-n (Ley 26/1988 sobre Disciplina e Intervención de las Entidades de Crédito) jasotzen diren falta larriengatik 500.000 euro arteko gehieneko zigorra ezartzen da. Espainiako Parlamentuan honen alde bozkatu dutenak, PP eta PNV, egintza politikoaren oinarria, demokrazia alegia, ezabatzen duen jarduera politiko baten sustatzaileak dira.
Pertsona kontseilariak behartu nahi dituzte ekitaldi bakarrean (bozketa bakarra) Kutxak Banku-fundazio bihurtzeko pakete osoari botoa ematera: Kutxak Banku-fundazio bihurtzea, fundazioaren estatutuak, patronatuaren zuzkidura eta esleipena zehaztu.

Euskal Kutxen likidatu eta baliabideak bankarien eta espekulatzaileen esku uztearen aurka gaude guztiz, bai mamiari, bai formari dagokionez; erabakitze-prozesu diktatorialen aurka gaude, interes publikoaren kudeaketa demokratikoa erasotzen baitute. Honekin batera, eskatzen dugu erabaki hori hartu dutenen berehalako dimisioa, bai politikagintzaren esparruan dihardutenena, bai Kutxak-Kutxabanken esparru profesionalean ari direnena. Halaber, alderdi politikoei eskatzen diegu esan dezatela praktika mafioso honekin bat datozen ala ez.

Bilbon, 2014ko ekainaren 17an
ELA eta LAB sindikatuak