2025-12-26
Blog Page 1194

Ainhoa Etxaide EITBen: «Alternatiba eskaintzeko baldintzak sortuko badira mugitu beharra dago»

0

Gaur Ainhoa Etxaide, LABeko idazkari nagusia, EITBko "Egun On Euskadi" eta "ETB Hoy" albistegietan elkarrizketatua izan da egungo egoera politiko eta ekonomikoaren inguruan. Politika gaietan Eskoziako Erreferendumaz galdegin diotenean, Euskal Herriak behar eta eskatzen duen aldaketarako erabakitzeko eskubideak duen garrantzia azpimarratu du eta ekonomia gaietan murgildurik, Enplegu Legea, sindikalgintzaren papera, Negoziazio Kolektiboa eta beste sindikatuen jarrera, Kutxabank, LOMCE eta Osasungintzan ematen ari diren murrizketak, besteak beste, izan ditu hizpide.

Ainhoa Etxaide en los informativos "ETB Hoy" de EITB

Ainhoa Etxaide EITBko Egun On Euskadi saioan 

 

 

 

UITBBk Urtzi eta Telle euskal gazte eta Alfon Vallecaseko gaztearen aldeko erresoluzioa onartu du

0

UITBB Eraikuntzako nazioarteko sindikatu elkarteak bere 4. Europear herrialdeko bilkuran Urtzi eta Telle euskal gazte eta Alfon Vallecaseko gaztearen aldeko errezoluzio bat onartu du aho batez. Errezoluzioa LABek aurkeztua izan da Danimarkako Copenhage hirian Irailak 20 eta 21ean UITBB Eraikuntzako Nazioarteko sindikatu elkartearen Europako adarraren bilkuran.

Erresoluzio honetan gizarte protesta eta borroka Europa guztian zehar egun jasaten duen kriminalizazioa salatzen da. Bi eredu hauek Europan, espainiar Estatuan eta bereziki Euskal Herrian gizarte protesta eta gizarte borroka kriminalizazio saiakera bateko testuinguruan uler daitezke soilik. Elkartasuna adierazteaz gain, kriminalizazio eta zigor prozesuak jarrai ez dezaten, euskal gazteak kartzelara sar ez ditzaten eta Vallecaseko gaztearen epaiketa aurrean abosluzioa eskatzen du. Bukatzeko beste eragile sindikalei horrelako egoerak salatu eta argitaratzeko deia luzatzen du.

LAB ordezkatu dutenak Industri Federazioko kidea den Alberto Cristóbal, eta Nazioarteko Idazkaritzako Gaizka Zuriarrain izan dira.

Europar eremuko bilkura honetan Eraikuntza sektorean egun dagoen egoera, arazoak, eta etorkizunerako krisi kapitalistari aurre egiteko erronka eta estrategiak aztertu dira.
Etorkinen bizi eta lan baldintzak, eta Europa iparraldean ultraeskuindar indarrek izan duten gorakada ere tokia izan dute ausnarketetan.

Euskal Herriko ordezkaritzaz gain beste batzuen artean Chipre, Danimarka, Finlandia, Galiza, Grezia, Portugal, Bielorrusia, Erresuma Batukoak egon dira.

LABek eginiko interbentzio bukatzeko Rafa Diez, LABeko Idazkari nagusi ohiaren egoera azaldu zen.
 

 

Osakidetzak publiko egin behar du EPEko Administrari Laguntzaile kategoriaren formakuntza baloratzeko irizpide aldaketa

0

Berriz ere, Osakidetzaren EPE prozesuaren amaigabeko irregulartasunen aurrean gaude, EPE bat, bide batez esan behar da, denboran luzatzen dena 2011n egiten zuten izangaien desesperaziorako.

Administrari laguntzaile kategoriako formakuntza neurtzeko irizpideak aldatu zirela jakin genuenean, Osakidetzako Zuzendaritzari azalpenak eskatu genizkion. Jaso genuen erantzunak pilota Epaimahaiaren (PSE-ren gobernuak izendatu zuena eta ordezkari sindikalik ez daukana) teilatuan uzten du eta ez digu ezer argitzen. Presioei eta gai publiko egiteari esker, Epaimahaiak prentsan ohar bat argitaratzera behartuta ikusi du bere burua, esateko dena legearen arabera egin dela, erreklamazioen gaineko erabakiek modu logiko batean aldatu dituztela zerrendak, eta izangaien espedienteen “azterketa zehatza” egitea erabaki dutela. Zoritzarrez, diru publikoarekin ordaindutako oharrak ez dio mamiari heltzen.

Oso normala da behin-behineko eta behin betiko zerrenden artean aldaketak izatea, baina inongo erreklamaziorik egin ez zuten dozenaka izangaiek formakuntzako 10 puntu galtzea ez da hain arrunta. Gorako helegiteen erantzunaren zain egon gabe, Epaimahaiak berak eta Osakidetzak zehatz-mehatz zein diren aldaturiko irizpideak esatea premiazkotzat jotzen dugu.

Dena legala bada, ez du zertan arazorik izan irizpide horien berri publikoki emateko. Bestela, administrazioak ez duela garden jokatzen pentsatzen jarraitzeko arrazoi gehiago baino dizkigute emango. Zoritzarrez, adibideak ez dira falta. Osakidetzan bertan, oraindik ez dugu ahaztu 1990ko EPEko putxerazoa.

Gauzak horrela, LABek gardentasuna aldarrikatzen jarraituko du, hala nola zerbitzu publikoen eredu berria Euskal Herrian, euskalduna, eraginkorra eta pertsonen eskubideen defentsa lehenesten duena.
 

 

 

LABek auzi politikoen amaiera exijitzen du

0

Gaur 28 gazte indendentista epaitzen ari dira Espainiako Auzitegi Nazionalean lan politikoa egiteagatik. LABek lehenik eta behin elkartasuna adierazi nahi die guztiei eta Euskal Herrian, urte luzez iraun duen euskal gaztediaren kontrako jazarpen estrategia ankerra behingoz amaitu dadin eskatzen du.

Herri honetan, urte luzez, lan politikoa egiten duenari kondenak ezarri zaizkio. Gazteek herri honekiko duten konpromisoa eta militantzia bahitu nahi dute, lehen sostengaezinak ziren eta gaur are sostengaezinagoak diren argudioak eta erabakiak baliatuz. Hau da Espainiar Estatuak aro politiko berri honetan duen eskaintza: Euskal gaztedia independentista eta lan politikoa zigortzea. Mugimendu bakar bat ere ez, atzera egiteko ez bada.

Espainiar Gobernuari exijitzen diogu, euskal gaztediaren kontrako biolentzia eten, eta has dadila behingoz, garai berriek eskatzen duten moduan erantzuten. Herri honetan gatazkaren konponbide demokratikoaren aldeko aldarria gero eta ozenagoa da. Herri honek ez du onartuko bere oraina eta etorkizuna gartzelaratzerik.

Auziperatuei elkartasuna helarazteko, Euskal Herriak eskatzen duen aldaketaren bidean urratsak eman daitezen eta eskubide politiko eta sozialen alde LABek bat egiten du euskal gaztedia libre eta legala aldarrikatuz Loiolan osatu den herri harresian eta deituko diren mobilizazioaten parte hartzera.
 

 

 

Ainhoa Etxaide: ¿Qué problema tiene el PNV en hacer una ofensiva ante el Estado en clave de derecho a decidir?

0

En una entrevista concedida a la agencia Europa Press Ainhoa Etxaide analiza la situación política y económica de Euskal Herria. En lo que a política se refiere, la secretaria general de LAB, entre otros cosas, declará que en la agenda del PNV no ve que se incluya el derecho a decidir ya que “se oye hablar de autogobierno, de bilateralidad” y no de planteamientos para sumarse a la posición mayoritaria de hablar para conseguirlo. En el plano económico, Etxaide analiza el dialogo social y la decisión de LAB de no participar en ella con la actual “oferta”, las diferentes maneras de enterder la negociación colectiva de los sindicatos y el anteproyecto de Ley de Empleo Público.

 

 

 

LAB: «Eskoziako patio politikoa astindu dute independentistek, erabakitzeko eskubidea agendaren erdian kokatuz eta Europan bidea irekiz»

Garai berri bati ateak irekitzeko aukerak inoiz baino argiagoak ikusten ditu LABek; inoiz baino baldintza hobeak daude erabakitzeko eskubidearen auzia Euskal Herriak irabazteko, konpromiso politikotik eta mobilizazio sozialetik.

Eskoziako erreferendumaren emaitza ezagutu berritan, LAB sindikatuak honakoa adierazi nahi du galdeketa prozesu honen gainean:

• Independentziaren aldeko eta kontrakoen arteko lehia politikoa izan da benetako garaile, bi aldeak garaile egin dituen ariketa demokratikoa izan da Eskoziako erreferendum prozesua. Ezezkoa nagusitu da, baina benetako galtzaileak proiektu politikoak herriaren gainetik inposatu behar direla pentsatzen dutenak izan dira, horiek besterik ez.

• Eskoziarrek gaur atzo baino estatus politiko hobea dute. Independentismoaren lorpena izan da. Eskoziako patio politikoa astindu dute independentistek, erabakitzeko eskubidea agendaren erdian kokatuz eta Europan bidea irekiz.

• Erabakitzeko eskubideak bere bidea hasi du Europan, Eskozian egin den prozesua mugarria izan da eta izango da Europako maparen bilakaeran. Ikusi dugu mapa ez dela mugiezina eta, are gehiago, gatazka politiko ugariren iturri dela mugitzeari beldur dioten estatuek mugiezin bihurtu nahia herriaren borondatearen gainetik. Herriari hitza ematea da gatazkak konpontzeko biderik egokiena eta demokrazia ariketa gorena. Oso kezkagarria da Europako hainbat estatuk zelako beldurrarekin begiratu dioten prozesu honi. Herriaren hitzari hainbeste beldur dionak ez ditu bere erabaki politikoak herritarrengan pentsatuz hartzen.

• Independentistak garen heinean, Eskoziari arretaz begiratu diogu, independentziaren bidea egiteko eredugarria delako bai, baina baita independentziaren inguruko eztabaida nabarmen astindu eta edukiz bete duelako. Estaturik gabeko nazioetan independentzia alternatiba erreal bat da, Eskoziako prozesuak indartu egin duen alternatiba. Eta Eskozian eman den eztabaida biziari esker, independentzia proiektu politiko eta sozial sendoa da, gaurko errealitateari buelta emateko eskaintza eta bide ezberdinak eskaintzen dituena.

• Guk ez ditugu ez Madrileko ezta Pariseko Gobernuak ikusten halako ariketa bat onartzen, ez dute zer eskaini ezetzak irabazi dezan, ez dute oinarri demokratikorik baietza onartzeko. Euskal Herriak erabaki dezan bertako eragile politiko, sozial eta sindikalek herriari hitza emateko bidea egin behar dugu. Atera dezagun ikasgai hori ere Eskoziatik, bertako Gobernuaren ekimenak eraman du Britania Handiko gobernuari galdeketa onartzera. Jaurlaritzari dei egiten diogu jokabide berdina har dezan.

• Garai berri bati ateak irekitzeko aukerak inoiz baino argiagoak dira. Inoizko baldintzarik onenak daude erabakitzeko eskubidearen auzia Euskal Herriak irabazteko. Nafarroan erregimena erortzen ari da, EAEn gehiengo zabalak babesten du eta Legebiltzarrean gehiengo instituzional argia dago. Ez dago aitzaikiarik, baldintzak mahai gainean daude eta nazioartean haizea aldeko dugu.

• Konpromiso politikoa eta mobilizazio soziala dira giltza. Hori horrela, erabakitzeko eskubidearen aldeko lanketa lantokietara eramango du LABek. Borroka hori sindikatuon eskutik indartzeko proposamenak egingo ditugu, iparrorratza argi, erabakitzeko eskubidea gatazka politikoak konpontzeko tresnarik demokratikoena eta eraginkorrena izatearekin batera, erabakitzeko eskubidean kokatzen delako aldaketa sozialak burutzeko aukera.

Euskal Herrian, 2014ko irailaren 19an
 

 

 

LABek CONFEBASKek metalgintzako langileei egiten dien txantaia salatu du

0

Gaurko mobilizazioaren bidez CONFEBASKek metalgintzako langileoi egiten digun txantaia salatu nahi izan dugu. Aste honetan bertan Araba zein Bizkaiko negoziazio mahaietan gertatutakoak, Gipuzkoan zer esanik ez, erakutsi du argi eta garbi zein den patronalaren benetako aurpegia.

Denbora osoan zehar ez dute negoziatzeko inongo borondaterik erakutsi. Txantai argia egiten digute. Edo lan erreforma eta eskubide galera ekarriko duen hitzarmena onartzen duzue edo bestela ez da hitzarmenik egongo. Hori onartezina da eta LAB ez dago prest horretarako. Ez diogu inolako babesik emango patronalaren jarrera harroputz horri.

Metalgintzako sektorea herri honen ekonomiaren motorra den heinean, are larriago iruditzen zaigu patronalaren arduragabekeria. Hau da daukagun benetako patronala. Ekonomia erreala defendatu beharrean, soilik elite ekonomiko txiki baten interesak defendatzen ditu. Ez dago hitzarmen bat bakarrik jokoan, aurrerantzean negoziazio kolektiborako eskubidea izango oten dugun jokoan dago.

Hitzarmenak sektorean sortzen den aberastasuna era justu baten banatzeko balio behar du, ez ordea prekarietatea eta ezberdintasun soziala handitzeko.

Baina patronalaren jarrera ulertu ahal izateko, gainerako sindikatuen jarrerari erreparatu behar diogu. Blokeo egoeraren aurrean, zer egiten ari dira ELA, CCOO eta UGT sindikatuak? Estrategia eta helburuak ezberdinak izan arren, gauza baten ados jarri dira, ez diote patronalari aurre egin nahi. Eta horrek indartzen dio patronalari.

Bestetik, Eusko Jaurlaritzak orain arte gordetako ixiltasunak, patronalari sostengua ematen dio.

Bitartean, patronalak bilatutako desarauketa enpresetan gutxinaka lortzen ari du, hain zuzen ere ahulagoak garen esparruan.

Baina LABek langile guztiontzat izango den hitzarmen baten aldeko borrokari eutsiko dio eta datozen egunotan buru belarri arituko gara horretan. Gaurko mobilizazioa horren adierazlea da.
 

 

 

LAB: «I20. Nik data gorde dut»

Dispertsioaren kontra hartutako konpromisioa berretsiz, LAB bihar Sare Ekimen Herritarrak deitutako ekimenean izango da. Ekitaldian LABen ordezkaritza zabala izanen da, besteak beste Ainhoa Etxaide LABeko Idazkari Nagusia eta Jabi Garnika, Idazkari Nagusiaren Ondokoa. Bide batez, LAB sindikatuak langile eta herritar orori bertan parte hartzeko gonbidapena luzatu nahi die.

LABen mobilizazioa Bilbon

Sakabanaketa politika salatzeko gaur LAB sindikatuak elkarretaratzea burutu du Basurtoko Ospitalean "Sakabanaketa hiltzailea. Euskal Presoak Euskal Herrira" lelopean.

I20 HITZORDUA
Bihar, Irailak 20 arratsaldeko 18:00etan BILBAO ARENAn
 

 

 

Kutxabanken pribatizatzearen aurkako plataformak Gipuzkoako Aldundiak Kutxabanki buruz egindako proposamena norabide egokian doala deritzo

Kutxabank pribatizatzearen aurkako plataformak Gipuzkoako Aldundiak Kutxabanki buruz egindako proposamena norabide egokian doala adierazi du eta atzo Batzar Nagusietan egin bezala, bere helburuak lortzearren moblizatzen eta lanean jarraituko duela iragarri du.

Kutxabank pribatizatzearen aurkako plataforma
GIPUZKOAKO ALDUNDIAK KUTXABANKI BURUZ EGINDAKO PROPOSAMENA NORABIDE EGOKIAN DOA

Euskal Kutxen likidaziorako atzerako kontaketa ez da eten. Datozen egunotan, pribatizazioaren aitzindariek Gipuzkoako Batzar Nagusietan banku-fundazioko patronoak izendatzeko egindako antzezpenaren ondoren, hilaren 25ean Administrazio Kontseiluaren txanda izango da, eta urrian, batzarrarena. Behin Kutxak likidatuz gero, bidea libre izango dute euskal aurrezkia eta Euskal Herriko milaka pertsonak urte askotan Kutxabanken esku jarritako aktiboak bankuen eta espekulatzaileen eskuetara pasa daitezen.

Gutxi batzuk pertsonen beharrizanekin negozioa egin dezaten zerbitzu publikoak pribatizatzen diren bezalaxe, orain Aurrezki-Kutxak ere pribatizatu nahi dituzte, izan duten kutsu publiko eta soziala bertan behera utzirik.

Kutxabanken etorkizunerako berebiziko garrantzia duten uneotan euskal jendarteari, oro har, eta gipuzkoarrari, zehatzago, galarazi egiten diote bere aurrezkiak nola inbertitu eta honen etekina nork jasoko duen aztertu, eztabaidatu eta erabakitzeko aukera.

EAJk, PPk eta PSEk eztabaida saihestu egin dute, erabakia hartuta zeukatelako. Ahal zuten guztia egin dute kutxak bankarizatu eta pribatizatzeko eta bankuei bidea leuntzeko, aktibo hauen gaineko kontrola beregana zezaten, trukean Kutxabankeko administrazio-kontseiluan postuak bermatu edota banku-fundazioak kontrolatzeko.

Eurekin izandako hainbat bileretan ez dira gauza izan argudio politiko, sozial edo ekonomiko bat bera ere emateko frogatze aldera jendartearentzat ona dela Kutxen-Kutxabanken pribatizazioa. Behin eta berriz aipatu duten arrazoi bakarra indarrean dagoen legedia bete beharra izan da.

Haatik, sarri esan izan dugu argudio hori faltsua zela, eta orain Gipuzkoako Foru Aldundiak plazaratu duen txosten batek dio Kutxen eta Banku-Fundazioen Legea aintzat hartuta ere ez dela derrigorrezkoa egiten ari direna. Alderdiok Gipuzkoako Aldundiaren proposamenari eman dioten erantzunak funtsgabeak dira, deskalifikazio hutsak (“ateraldi” eta antzeko hitzak erabili dituzte). Erantzun eskas horrek agerian uzten du txosten haren balioa, baita Aldundiaren proposamenarena ere. Proposamen honi ideia egokia deritzogu, eztabaidatu eta sakondu beharrekoa.

Plataformak aldarrikatzen du orain arte garatu den prozesuari atzera eragin behar zaiola; Kutxa ez dadila banku-fundazio bihurtu; has dadila taxuzko eztabaida publiko bat. Denbora nahikoa dago, borondate politikoa badago bederen.

Guk honakoa proposatzen dugu:

1. Euskal Aurrezki-Kutxen izaera publiko eta soziala bitarteko guztiak erabiliaz defenditzea; ez dago haiek likidatzeko eta pribatizatzeko arrazoi sozial, ekonomiko edo politikorik. Orain arte egindako pribatizazio bidean atzera egin behar da.

2. Kutxabanken jite publikoa azpimarratzea, Fundazioen esku dauden akzioak euskal erakundeei utziaz, eta kudeaketarako tresna partekatu bat sortzea, bezero nahiz langileok osatua.

3. Kutxabanken akzioak, gaurkoak zein kapitala zabaltzetik sor litezkeenak, ez daitezela Burtsara atera, eta bat ere ez diezaiotela kapital pribatuari saldu.

4. Kutxen-Kutxabanken ordezkaritza eta kudeaketa organoak aldatzea, kontrol publiko eta soziala gauza ahal dadin, gure sare produktibo eta sozialaren onerako.

5. Euskal finantza-sistema publiko bat garatzeko marko arauemaile propio bat adostea; finantza-sistema horretan leku garrantzitsua izango dute Euskal Kutxek-Kutxabankek. Geuri dagokigu erabakitzea gure aurrezkiarekin zer egin nahi dugun eta zer politika egin behar den gure bizi- eta lan-baldintzak hobetzeko.

6. Harrapaketa hau esparru politiko eta profesionaletik antolatzen ari direnek dimisioa eman dezatela, eta itzul diezaietela euskal erakundeei nahi eta behar dugun banku publikoaren eredua erabakitzeko ahalmena.