2026-10-02
HomeLAB SindikatuaIgor UrrutikoetxeaIgor Urrutikoetxearen omenezko ekitaldiak Zornotza eta Lezaman, bere heriotzaren lehen urteurrenean

Igor Urrutikoetxearen omenezko ekitaldiak Zornotza eta Lezaman, bere heriotzaren lehen urteurrenean

Igazko azaroaren 28an hil zan Igor Urrutikoetxea Bilbao, Brasilen. Ibilbide luzea zuen Urrutik sindikatu barruan. Aholkularitza juridikoan hasi, Hego Uribe Arratiako arduradun, metalean gero, Nazioarteko idazkaria zen hil zenean. Hori sindikatu barruan, Lezama jaioterrian saltsa guztietan ibilitakoa zalako aurretik, euskalgintzan, herrikoan, presoen aldeko mugimenduan, internazionalismoan…

Zornotzako ezker abertzaleak omenaldia egin zion azaroaren 28an, herrikoan, bere senideen parte-hartzeagaz. Azken urteotan, bertan bizi zen Urruti. Txalaparta eta bibolin doinuz hasi zen ekitaldia. “Urte bete pasa da Igor, baina asko akordetan gara zugaz, ezteko erremediorik”, Eulate Zilonizaurrekoetxean berbak, azken urteak emon dauena errepasatzen, Gure Esku Dagoren giza katea, Katalunia eta Eskoziako prozesuak, errepresaliatuak, lan munduko egoera…

Bertsolarien txanda heldu zen ondoren. Dantzarien agurra senideentzako gero. Herriko Ezker Abertzalearen ordezkariaren berbak amaieran, Igorren herriarekiko grina eta konpromisoa aipatuz, beti lehenengo lerroan. Opariak Igorren senideentzako. Ekitaldi txiki, polit eta hunkigarria amaitzeko, jatekoa eta edatekoa.

Larunbatean, azaroaren 29an, oroitu zuten Urruti Lezaman, jaioterrian. Omenaldi desberdina ezberdina izan zen militante batentzat. Urrutirentzat garrantzitsuak izan ziren lekuetatik ibilbidea antolatu eben lezamarrek, hemengo eta hango lagunen partehartzeagaz. Oxangoiti herriko tabernan hasi zen ibilbidea. Proiektu horrekin erakutsitako ilusio, energía eta gogoa nabarmendu zituzten, eta bere argazki bat ipini eben bertan, Iñaki Rike herrikidearen ondoan. Handik, oinez, eskoletara.

Bertan, Askapenako lagunek bidalitako gutuna irakurri zuten. Aire internazionalistak Lezamatik mundura salto egin zuenaren (nondik zetorren inoiz ahaztu barik) omenaldian. Munduko burruken berri izan genuen, Palestina, Kurdistan…

Eliza ondoan izan zen hurrengo geldialdia. Herrikoek, borrokan eroritakoak oroitzen dituzten txokoan. COS Catalunyako sindikatuaren gutuna irakurri zuten berban. Hango prozesuaren inguruko gorabeherrak, sindikatu anaiaren eskutik.

Aretxalde, Urrutiren auzoan hurrengo geldialdia. Gaizka Zuriarrain eta Zaloa Ibeasek hartu zuten hitza, LABen izenean, Urrutiren prestakuntza eta izaera alaiak ardaztu zuen euren interbentzioa.

Azken ibilalditxoa, bere omenez landatutako arbolara, gurasoen etxera. Loreak eta koroaren kantua, “Xalbadorren heriotzean”. Iratxe Urrutikoetxea Igorren arrebak gutuna irakurri zion, bezperan GARAn argitaratutakoa, eta Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak oroigarri bat eman zien Igorren gurasoei. Ondoren, flautaren doinuek lagunduta, “Loretxoa” kantatu zuten bertaratutakoek. Amaitzeko, jana eta edana. Horixe eman zuen Igor Urrutikoetxearen heriotzaren lehen urteurrenak.

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Funts putreen esku dauden etxeak desjabetu ditzan eskatzen diogu LABetik Nafar Gobernuari

Testa funts Putrearen esku dauden etxebizitzei irtenbide iraunkorra emateko beharra azalarazi du sindikatuak, etxebizitzaren negozioari aurre egiteko egiturazko neurriekin batera. Larunbat honetan eta urriaren 17an borrokan diren maizterrekin batera mobilizatzera deitu dugu LABetik.

Jaurlaritzak aurre-erretiro txanda murriztuta eta akordiorik gabe inposatu du aurten ere administrazioetan

LABek errelebistak finko egiteko proposamenak eramango ditu administrazioetara eta enpresa publikoetara. LABek salatzen du gutxiengoarekin adostua, murritza eta Madrilen menpekoa dela Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak onartu duen Euskadiko Administrazio Publikoko lan-kontratuko langile finkoen erretiro partzialerako Plana. Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei eskatzen diegu Euskal Herriko zerbitzu publikoen eta bere langileen baldintzak hemen negoziatzeko eta adosteko nahia benetan defendatzeko, argazki hutsak saihestuz. • Administrazio publikoetako langile guztiei zabalik zegoen akordioa urratuta gelditu da aurten ere. Jaurlaritzak murrizketa inposatu zuenetik, LABek urtero eskatu izan du planak langile funtzionarioei, estatutarioei eta behin-behinekoei ere eragitea. • Sinatuta dagoen akordio bat ez da zertan urtero berretsi. Testuak, paradoxikoki, hala jasotzen du, eta propaganda hutsaren kutsua du. • Uztaileko Mahai Orokorreko bileran, Jaurlaritzak ez zuen proposamenak eztabaidatzeko aukerarik eman. Soilik presioaren ondoren onartu zuen sindikatuen ekarpenak jasotzeko astebeteko epe bat zabaltzea. Eztabaidarik ez da izan, eta ez da LABen eskakizunik jaso. Sindikatuak medioen bidez jakin du Jaurlaritzaren erabakia. • Jaurlaritzak erabakia dagoeneko otsaileko bileran hartu zuen, eta bere plana onartu egin zuten CCOOk eta UGTk. Sindikatu bat beraren sinadurarik gabe ere har zezakeen, inposatu zezakeen, erabakia Jaurlaritzak. Badirudi leialtasunak saritu nahi izan dituela, eta jokabide sindikala baldintzatu. • Lakuako gobernuak Madrilen menpe jarraitzen du. Plana otsailean onartu zuenetik gaurdaino, Madrilekin kontu teknikoak zuzentzen baino ez da aritu. Are, bere oharraren arabera, ez du plana langile funtzionario eta behin-behineko guztiei irekitzeko eskaerarik egin. Mahai Orokorrean eta gainerako negoziazio mahaietan bere aldarrikapenak eramaten jarraituko du LABek, eta legeak eta prozedurak aztertu ondoren aukera hauek ikusten ditu: 1. Lehen aukera LABek exijitzen du Hego Euskal Herriko administrazioek legeak baimentzen dituen EPE espezifikoak egin ditzaten, horretarako dagoen birjartze tasa espezifikoa erabiliz. Horrela, errelebista langile finkoa izango litzateke. Prozesu hauek luzatu daitezkeenez, beste bi modalitate egiteko aukera dago: 2. Bigarren aukera Errelebistari ordezkapen kontratu bat egitea. Kontratu hau bukatuko da errelebo kontratua egiteko egin den EPEa bukatzen denean. Kasu honetan, LABek defendatuko du errelebistaren kontratu hori ordezkapen zerrendetatik egitea, eta zerrendarik ez balego, administrazioak lan poltsa sortzearen alde borrokatuko du. 3. Azken bidea 2024ko apirilaren 1etik aurrera egindako kontratu laboral finko batekin binkula daiteke errelebo kontratua. Gerta daiteke errelebistaren kontratu hori erretiro partziala hartuko duen langile kategoria berekoa ez izatea. LABek eskatzen die Hego Euskal Herriko administrazio guztiei aurrerapauso bat emateko eta, legeak ahalbidetzen duen bezala, langileak errelebista finko egingo dituen EPEak martxan jartzeko. Eta, bitartean, erabili ditzatela dituzten lan-poltsa eta ordezkapen zerrendak erretiro partziala lortu dezaketen langileei eskaintzeko. LABek arazoa gure administrazioetan behingoz konpontzeko borondatea eskatzen die Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei, eta aukera langile guztiei berriz zabaltzeko borrokan jarraituko du.

LABek eta ESK-k Arabako Esku-Hartze Sozialeko IV. Hitzarmena baztertu dugu eta Aldundiari ekiparazioaren bidean benetako aurrerapausoak exijitu dizkiogu

Gaur, urriaren 1ean, LAB eta ESK sindikatuok Arabako Foru Aldundiaren aurrean elkarretaratzea egin dugu, sektorearen finantzatzaile nagusia baita, esku-hartze sozialeko langileek IV. Hitzarmen Kolektiboaren sinaduraren aurrean duten jarrera argi adierazteko. Sinadura gaur goizeko 12:30ean egitekoa da, ELA, CCOO eta AISA patronalaren artean. LAB ez da negoziazio-mahaira joango eta ez du hitzarmen hau sinatuko; bi sindikatuok erabat baztertzen dugu akordioa.