2025-12-25
Blog Page 1173

KUTXABANK: Amaitu gabeko borroka

0

Euskal Kutxen likidazioa. Nafarroan gertatu bezala, Euskal Kutxen likidazioa amaierara iritsi da, baita EAEn ere. Urriak 24 zituenean, kutxa hauetan Banku Fundazio bihurtzeko prozesua burutu zen. EAJ, PP eta PSE alderdiek eta CCOOk eta Pixkanakak eman botoen laguntzaz, Kutxa finantza erakunde gisa desagertzen da, lehen Vitalek eta BBK-ek egin antzera. Horrela pribatizatzearen aurkako plataformak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, erakunde publiko sortzaileei akzioen jabetza ematea eskatuz babestu duten alternatiba eztabaidatzea eragotzi zuten.

 Zer ondorio dakar Aurrezki Kutxak Banku fundazio bilakatzeak? 

  • Aurrezki Kutxek finantza erakundeak izateari uzten diote.
  • Jendarte eta gizarte kontrola desagertu da. Lehen, erakunde sortzaile publikoez, ezarleez eta esparru bakoitza ordezkatzen zuten langileez osatutako batzarra zegoen lekuan, gaur egun, patronatu bakoitzean hamabost pertsona daude (EAJ-k, PP-k eta PSE-k ezarriak). Aurrerantzean, hamabost pertsona hauek euren ordezkoak hautatuko dituzte, eta Kutxabanken akzio gordetzaileak izango dira.
  • Kapital pribatuari salduko zaizkio akzioak. Eta gauzatu, erakundeen eta euskal gizartearen kontrolik gabe gauzatuko da.

Zer ondorio dakar Kutxabanken akzioen salmentak? 

  • Kutxabanken akzioak kapital pribatuari saltzeak eragingo du akziodun pribatu horien interesak eta hauen akzioen errentagarritasunak nagusituko direla inbertsio politikak eta irabazien edo mozkinen erabilera erabakiko denean.
  • Jakin badakigu, banka handiak, inbertsio funtsek eta oro har, espekulatzaileek kapitalaren mugimendu espekulatibotik, finantza burbuiletatik, nazioartean egiten diren azpiegituretako operazio handietatik,… lortzen dituztela mozkin handienak. Hots, horrek ez du zerikusirik enpresa txiki eta ertainek finantzatzeko dituzten premiekin edota pertsonen kredituarekin.
  • Euskal ekonomian izango duen eragina suntsitzailea, latza izango da, eta kreditua, inbertsio produktibo berriak finantzatzeko tresna gisa, ia-ia ez da egongo.

Zertan datza Kutxabankek gainditu duen estres-testa?  

  • Europako Banku Zentralak eskatuta, Oliver Wyman aholkularitzak egin duen simulakro batez ari gara. Horren bidez, Europako bankak finantza krisialdi egoerari aurre egiteko izan dezakeen erreakzio gaitasuna neurtu nahi da. Erreserbak eta eskuragarri dagoen kapitalaren kalitatea neurtzen ditu balizko ordaintze konpromisoei aurre egiteko.
  • Berez, Europako banka handiak asmatu duen test batez ari gara. Honen bidez, beharrezkoa gertatuko balitz, aipatu bankuen akzioek izan dezaketen errentagarritasun- atalaseari eutsiz, diru-publikoaren ekarpena bermatu ahal izan dadin.

Zergatik lortu ditu Kutxabankek emaitza onak?  

  • Aitzinetik esan dezagun, egungo kudeatzaileek baldartasunak eginagatik, emaitza onak lortu dituela. Aipatu kudeatzaileak, besteak beste, Caja Sur erostearen arduradunak izan dira, eta horrek ekarri zuen, Kutxa haren emaitzen kontuak berrosatzeko, 3.000 milioi euro lurperatu zituztela.
  • Kudeatzaile hauek berauek CAM erosteko zorian egon ziren. Ekintza horrek behin-betikoz suntsituko lituzke antzinako euskal kutxen kaudimena (solbentzia). Beraiei dagokie ere, estatuan, espekulazio inmobiliarioaren bidez hedatu izanaren ohorea; horren ondorioz, adibidez, Kutxaren kaudimen eza etorri zaigu.
  • Baina, honez gain, aipatu testa gainditu ahal izateko, aktiboak %20an baino gehiagoan urritu behar izan ditu eta euskal enpresa esanguratsuen aktiboak saldu ditu.
  • Aurrezteko gaitasun txikiena dutenei areagotu dizkie komisioak (300 milioi euro baino gehiago). 1.000 lanpostu baino gehiago amortizatu ditu. Adibidez, haren morosidade indizeak murriztu dituzte, 60.000 bezero baino gehiagoren 340 milioi eurotako kredituak funtsa-putrei oparituz. Azken operazio horren ordainez, komisioak ordaindu ondoren, 5 bat milioi euro lortu ditu. Gainera, etxegabetze rankingean aurrena izaten dirau, eta urtez urte, murriztu ditu gizarte ekintzara bideratu baliabideak.
  • Esan ere, egun sosik gabe dauden erakundeek ere, adibidez, Caixa Galicia eta Katalunia Kaisa, gainditu dutela estres testa. Iraganean gainditu zuten ere estres testa, gaur egun dagoeneko desagertu diren edota likidazioan dauden bankuek.

Zer gertatzen da Banco de España eta EAJren artean?  

  • Itxurakerietan dabiltza. Mario Fernandezek, estres testa argitaratu eta hurrengo egunean, egin adierazpena izan zen Banco de España eta EAJaren arteko xextra piztu zuena. Aipatu adierazpenetan esan zuen, behin testa gainditzeko helburua bete dela, akzioak saltzea eta hauei ahalik eta errentagarritasun handiena ateratzeko lan egitea zegokiola.
  • Hori EAJk, PPk eta PSEk bete duten estrategiaren muina izanik, EAJk, kostu politikoa saihesteko, urratsez urrats egikaritu duen estrategiarekin eteten du hala ere.
  • Lehendakariak berak agindutakoan gezurrak eta funsgabetasuna agerian utzi dituzte, hark esan baitzuen ez ziotela akziorik salduko kapital pribatuari, kutxen izaera publikoari eta sozialari eutsiko zitzaiela eta gizarte ekintza bermatuko zela.
  • Lehendakariak bazekien zer jazo behar zuen, beraiek hitzartu eta onartu zutelako Kutxen legea. Kutxak, akzioen jabetza-portzentajeak baloratzerakoan, bakartzat hartuko zirelako; jakin bazekiten ere berme funtsa handia izango zela.
  • Hasiera-hasieratik salatu dugu hauen benetako xedea euskal aurrezpenen 40.000 milioi euro baino gehiago espekulatzaileen esku uztea zela. Gaur egungo arazoa ez datza aipatu estrategiarekin bat ez etortzean, Mario Fernandezek esplizitatu duen eran egitean baizik.
  • Oraingoan, Banco de España PPk eta EAJk zekitena esatera mugatu da, nahiz eta hura ukatzen zuten, guk egindako kritiken harira. Ekin zaion bidean, ez da atzera egiterik izango behin akzioak saldu eta gero. Oraingoan Banco de Españak gaiztoarena egiten du, eta EAJk, gezurretan, protesta egiten du, politikoki hondamenditik salbatu nahian. Dioenez, errekurritu egingo du, aski ondo dakienean itxurakeria hutsean dabilela.

Eta orain zer? 

  • Operazio honen aurka ari direnen aurka (horren adibidea “euskal finantza sistemaren aldeko eta Kutxabank pribatizatzearen aurka diharduen plataforma” dugu) ezarri den informazio-blokeoa deuseztatu behar dugu.
  • Badago orain arte egindako bidearen alternatiba. Atzera egin daiteke, adibidez, fundazioen esku dauden Kutxabankeko akzioak erakunde publiko sortzaileei itzuliz, kapital pribatuari saldu behar ez izateko.
  • Kutxabank kudeatzeko eredua alda daiteke, euskal erakundeen kontrol publiko eta soziala ezarleei eta langileei itzuliz.
  • Fundazioak desegin eta/edo eralda daitezke, inoiz galdu ez duten kontrol publikoa eta soziala berreskuratzeko.
  • Legeak egin daitezke euskal finantza-sistema publikoa eraikitzeko, non honetan, Cajas- Kutxabank funtsezko alderdia izango diren.
  • Egin, egin daiteke, baina hala ere, halakorik egin nahi ez duten askoz ere gehiagok indarrak bildu dituzte operazio honetan (EAJ, PP, PSE, CCOO). Asko dute jokoan (“ate birikariak”, erakundeak alderdikeriaz erabili ahal izana,…).
  • Hitz batez, pribatizazioak baduelako alternatiba eutsiko diogu borrokari! Hori sinesten dugulako, borroka horretan nahasiko gara!

  {linkr:related;keywords:kutxabank;limit:5;title:Albiste+gehiago}

 

 

Kontzentrazioa Mediterranea de Cateringek egindako kaleratzeak salatzeko

0

Pasaden Urriaren 17an, Mediterranea de Catering enpresak lau langile kaleratu zituen. Kaleratzeen komunikazioan “Diziplinazko kaleratzea lan etekin jeitsiera dela eta” da enpresaren argudioa. Lau gutun berdin, moztu eta itsasi bat, aldatzen den bakarra bakoitzaren izena da.

Enpresa Komitea, LAB eta ELAren artean gehiengoa duelarik, enpresarekin bildu zen kaleratzeen azalpenak eskatzeko, baina enpresak, argudiorik gabe, kaleratzeen bidegabetzea onartu behar izan zuen.

Momentu berean lau diziplinazko kaleratzei azalpenak ematea oso zaila da, are gehiago langile bat bajan zegoenean eta beste bat oporretan. Gainera, langile hauek inoiz ez zuten jaso ez ohartarazpenik ezta zigorrik ere.

Kaleratzeak bereizi gabekoak izan direla argi dugu LAB eta ELA sindikatuetan. Mediterranea de Cateringek inposatu nahi dituen baldintzak onartezinak dira, eta langile hauek kontra daudela erakutsi zutenez kalean daude. Enpresa honek, aparteko ordu doan edota turno aldaketak whatsapp bitartez bezalako neurriak erabiltzen ditu, eta kaleratzeen helburua langileak beldurtzea baino besterik ez da izan.

Enpresak duen autoritario jokaera aurrean tinko jarriko gara eta atzera egitea eta kaleratuak berronartzea exijituko diogu.

Hau guztia salatzeko, datorren ostiralean, azaroak 7, goizeko 9.30etan kontzentrazioa egingo dugu Lan Departamentuan. Leku eta ordu horretan enpresa eta kaleratzeen arteko kontziliazioa izango da, eta bertan enpresaren proposamena berronartzea izatea espero dugu.
 

 

 

Aberastasuna eta boterea gutxi batzuen eskuetan biltzeko prozesua areagotu egin da

Bizi dugun egoera sozio-ekonomikoa iluna dela oso erakusten du LAB sindikatuak osatutako txosten honek. Errenten arteko ezberdintasuna larriki handitu da. Aberastasuna eta boterea gutxi batzuen eskuetan biltzeko prozesua areagotu egin da, jendartearen txirotze orokor baten kontura. Talde sozial aberats eta txiroen arteko tarteak gora egin du. Ezberdintasun horiek gehien igo diren Europar Batasuneko kidea Espainiar Estatua da.

EUROGUNEA GELDITU EGITEN DA ETA HIRUGARREN ATZERALDI BATEN BELDURRA HAZTEN DOA.
Europar ekonomiaren diagnostikoa ezin ilunagoa da. Eurogunearen ahultasuna handitzen ari da geldiune fase kezkagarri bati bide emanez. Eta arrazoia erkidegoko hiru bazkide nagusiek jasandako narriaduran datza; alemaniar ekonomia uzkurtzen doa, frantziar Estatuak hazkunde nulua du, eta Italia berriz ere atzeraldi fasean sartu da.

Kontestu honetan ekonomiaren motentzea are eta gehiago zailtzen da Europar ekonomi oztopatuko lukeen eta denbora luze batean susperraldia eragotziko lukeen espiral deflazionista batean erortzeko arriskuaren aurrean.

BIDE BERDINETATIK JARRAITUZ GEHIENGO SOZIALARENTZAT EGOERAK OKERRERA EGINGO DU
Ez gara egoera honetatik aterako estrategia krisiaren sintomak borrokatzera bideratzen den bitartean, ezin dira sakoneko zergaitiak alde batera utzi. Hau da, sektore pribatuaren gainzorpetzea eta banka sistemaren kaudimen-gabeziaren arazoa.

Estrategia horren ondorioak latzak dira; lanpostuen suntsiketa, langabeziaren zabalpena, lan prekarietatearen gogortzea, soldaten hondoratzea, eskubideen lapurtzea, zerbitzu publikoetan murrizketak eta babes sozialerako sistemen ahultzea.

Zantzu positiborik bai? Denbora osoko lanpostu egonkorra aldi baterako lan prekarioagatik ordezkatuko da. Ustezko errekuperazio ekonomikoa hain ahula da ez duela lan garbirik ere sortzea lortu; eta aldi baterako kontratazioen hedapenak bakarrik lortu du dagoen lana jende gehiagorengana iristea.

HEGO EUSKAL HERRIAREN ARGAZKIA. Ezarritako prozeduren ondorioak:

Langabezi tasa Hego Euskal Herrian %16,1eko da. Europar Batasunekoarekin alderatzen bada (%10,2) langabezi tasa altuenetakoen artean kokatzen da, nahiz eta Espainiar Estatuari erreparatuz (%24,5) oraindik ere baxuagoa izaten jarraitzen duen.

Epealdi luzeko langabezi tasak kota berdungarrietan dago eta gora besterik ez du egiten. Egun 134.500 lanagabetu inguru (%62) urtebetetik gora lan bila dabil inongo emaitzik gabe. Eta kolektibo honen barruan, 88.000 inguru (%40,6) gutxienez bi urte daramazkite lan bila; kolektibo sozial oso ahula lan mundura sartzeko eragozpen handienei aurre egin behar diena eta gainera langabezi-saria agorturik dituena.

Datu hauek igortzen duten alarma egoerari erreparat gabe, gobernuak langabezi prestazioak jasotzeko sarrera murrizten ari da eta gainera kopuruak ere jaisten ditu. Egun, Hego Euskal Herrian, langabezian dauden erdiak baino gehiagok (%50,7) ez dute langabezian egoteagatik inolako laguntzarik jasotzen eta bizirauteko egoera gogorretara aurre egin behar dute.

Errenten transferentzia areagotu egin da soldatetik irabazi enpresarialetara. 2012An, soldaten pisua PIBaren %46,7ra jaitsi zen (2001ean, PIBaren %51,5a zen) enpresa-irabazien mesedetan.

Labur esanda, errenten arteko ezberdintasuna larriki handitu da. Aberastasuna eta boterea gutxi batzuen eskuetan biltzeko prozesua areagotu egin da, jendartearen txirotze orokor baten kontura. Talde sozial aberats eta txiroen arteko tarteak gora egin du. Espainiar Estatua ezberdintasun horiek gehien igo den Europar Batasuneko kide bezala agertzen da.
 

 

 

Sistema fiskal justu eta progresiboa nahi badugu PNVek egin duenaren kontra egin beharra dago

Juan Mari Aburto kontseilariak beste behin ere politika sozialak aurrera eramateko finantziazio-ereduaren inguruan eztabaida egitea planteatu du. LABek argi du, sistema fiskal justu eta progresiboa izanen badugu derrigorrezkoa da erreforma sakon bat egitea, orain arte PNV-ek egin duenaren kontrakoa.

Bai, zerbitzu sozialak eta babes sozialerako sistemari buruz hitz egiteak zergei buruz hitz egitea dakar, baina modu zabalean: zein eredu fiskal behar dugun, kontuan hartuta oraingoak mugak dituela. Derrigorrezkoa da erreforma oso sakona egitea, sistema fiskal justu eta progresiboa izanen badugu. Hain justu, orain arte PNV-ek egin duenaren kontrakoa, beti ezetz esan dienean “gehien duenak gehiago ordain dezala” bezalako proposamenei.

Aburtoren kezka sinesgarri izan dadin, PNV-ek erraza dauka. Atzera egin eta zuzendu haiek onartutako erreforma guztiak ekonomikoki hobekien daudenen, kapital errentaren eta enpresen onuren alde. Beraz, hitz eta iragarpen gutxiago, eta erabaki zehatz gehiago.

Gogoratu beharra daukagu EAEko gastu soziala Europakoa baino 5 puntu txikiagoa dela; eta presio fiskala, 7 puntu txikiagoa Europa Batasunekoa baino. Bistan da errekurtso ekonomikoak biltzeko gaitasuna eskasa dela zerbitzu publikoak eta prestazio sozialak bermatzeko Europan bezalaxe.

Deitoratzen dugu PNV-ek nola aurkeztzen duen gastu soziala, gainkarga bat bailitzan guztiontzako. Agian bere helburua da oinarrizko prestazio sozialak mugatu eta kopagoa handitu. Egia balitz eskubide sozialak (osasuna, hezkuntza, babes ekonomikoa, mendekotasuna,…) bermatzeko gogoa eta erabakitasuna dagoela, bidea argia da: erreforma fiskal sakonak Euskal Herriko lurralde guztietan.
 

 

 

CEPSA gasolindegiko kaleratuek enpleguen defentsan burutuko den mobilizazioan parte hartzeko deia egin dute

0

Zallako CEPSA gasolindegitik kaleratuak izan ziren bi langileek, Sonia eta Roberrek, prentsaurrekoa eskaini dute LABen Bilboko egoitzan. Enkarterriko enpleguaren defentsan eta beraien berronarpena eskatzeko mobilizatzeko deia luzatu die Alonsotegi, Gueñes, Gordexola, Zalla, Balmaseda, Artzentales, Sopuerta, Galdames, Karrantza eta Lanestosako auzotar guztiei.

Sonia eta Rober langileen prentsaurrekoaren edukiak
Enkarterriko auzotar guztiei

Azaroaren 7an Manifestazioa Zallan 18:30ean gasolindegian

«Zallako CEPSAko gasolindegiko Sonia eta Rober gaituzue.

Bidegabeki eta arrazoirik gabe kaleratu gintuzten. Hori dela eta mobilizatzen ari gara gure lantokia izan zenaren aurrean, protesta egiteko eta berriz har gaitzaten. Horretarako beste gasolindegietako beharginen, lagunen, auzotarren eta sindikatuen laguntza dugu.

Drama larriagotzen ari da, diru-sarrerarik ez izateaz gain, ikusten dugulako Enkarterrian langabezia handia dela eta aukera txikia dugulako lanpostu berria lortzeko.

Eskualdeko enpresa guztiak ixten ari dira; dirudienez, ez dugu ihesbiderik, eta uste dugu gu biok egiten ari garenak, indarrak, haserreak eta laguntzak batzeko balio duela.

Badugu zuen haserrearen berri, horregatik zuena bateratu nahi dugu ere, gure berriz hartzearen aldeko olatua hazi dadin eta TSUNAMI bihur dadin, non Enkarterrin bizi garen eta lanpostua galdu dugun guztiok, enplegu berria lor dezagun eta eskualdea bizirik iraunaraziko dituzten lan egonkorrak sor daitezen eta eskualdea bizirik iraunaraziko duten lan egonkorrak sor daitezen, borrokatuko garen. Enkarterri ez da hilko uzten ez badiegu.

Langabezia etxe guztietan ematen da. Gu biok behintzat, haren aurka borrokatuko gara. Beste hainbeste egin dezazula eskatzen dizugu. Horregatik, datorren ostiralean, azaroaren 7an, deitu dugu manfiestazioa Zallan, gure enpleguak babesteko, haien alde eginez, gure herriak babestuko ditugulako: Alonsotegi, Gueñes, Gordexola, Zalla, Balmaseda, Artzentales, Sopuerta, Galdames, Karrantza eta Lanestosa.

Ez dezatela berea egin, ez espekulatzaileek ez eta politikari tranpatiek ere!

Enkarterrin Bizi eta Lan»

 

 

 

LABek garbi adierazi nahi du Hezkuntzan LPEak deituta ere Jaurlaritza ez dela lanposturik sortzen ari

0

Hezkuntza Sailak aspaldiko partez irakasleen mahai sektoriala deitu du. Bertan ustez irakasleen lan hitzarmen berria “negoziatzen” dugu. Ustez bakarrik, mahai hori ireki zenetik ez baita ezertan aurrerapausorik eman, administrazioak mahai orokorretik datozen murrizketak bakarrik jarri ditu mahai gainean.

Horregatik antzerki hau hasi zenetik adarjotze hau salatzen gabiltza. Ze negoziazio egon daiteke mahai gainean jartzen dena orain artekoa baino eskasagoa baldin bada?

Azkeneko mahai sektoriala udaberrian izan zen, eta azken mahai horretan beste sindikatuekin batera administrazioari exijitu genion lan hitzarmena “negoziatzen” jarraitzeko ezinbestekotzat jotzen ditugun puntu batzuekiko (erretiroa, ordezkapenak, soldata,…) Hezkuntza Sailak duen jarrera idatziz argi eta garbi adierazteko. Oraindik zain gaude.

Mahai sektoriala beraz, tarteka izan dugu eta eskema berdinak errepikatu dira behin eta berriro, aurrerapausorik eman gabe, Hezkuntza Sailak ez du ezer garbirik esan eta irakasle guztiok adarjotze bat bestearen ostean jasaten ari gara, denbora galduz…

Mahai Sektorialean negoziatu eta landu beharreko gaiak Lan Hitzarmena eta langileen lan baldintzak dira. Oraingoan Planifikazio Batzordean landu beharreko gaiak (Oposaketak eta ordu sindikalak) Sektorialean planteatu ditu Eusko jaurlaritzak, hau da, ez dagokion tokian.

Gainera oposaketen afera aurreko asteetan salatu dugun bezala lotsagarria da. Planifikazio Batzordea izan genuen, bertan honi buruz galdetu eta ez zegoela ezer ziurrik esan eta bi egunetara komunikabideen bidez jakin ginen antza oposaketak egongo direla… Propaganda elektoralen izenean sindikatuak gutxietsi eta langile guztiak dantzan jarri besterik ez dute egin.

Deialdiotako zehaztapenik ez dago (ez plaza kopururik, ez datarik, ez oposizio-lehiaketa bidez izango den, …), dakigun gauza bakarra zera da: deialdiak egiteko Estatuko Aurrekontuek baimendutako erreposizio tasa erabiliko dutela, alegia, jubilatuko direnen plazen erdia LEPra atera eta lanpostuen beste erdia bete gabe utzi. Hau horrela izanik, garbi adierazi nahi dugu LPEak deituta ere Jaurlaritza ez dela lanposturik sortzen ari, aitzitik, lanpostuak suntsitzen ari da eta zerbitzu publikoak argaltzen/eraisten ari da. 

Horrela gauzak, mahai sektorial honetara egoera guzti hau salatzera joatea erabaki dugu, baina ez dugu parte hartuko administrazioren adar jotze honetan. Joango gara, gure jarrera eta haserrea hasieran argi eta garbi adieraziko dugu, baina ez dugu aktiboki parte hartuko bileran, informazioa jasoko dugu baina ez gara antzerki honen titere izango.
  

 

 

LABek sei neurri proposatu ditu, Elkarrizketa Sozialaren Holdingarekin amaitu eta lan harremanetarako eredu berria sortzeko

Bihar osteguna, korrika eta presaka, Elkarrizketa Sozialerako Kontseilua sortzeko UPN-PSNren proposamena eztabaidatu eta bozkatuko da Nafarroako Parlamentuan. Kontrako iritzia berrestearekin batera, LABek sei neurri proposatzen ditu autonomia sindikala bermatuko duen eredu propio, demokratiko eta publikoa sortzeko.


LABen iritziz, nafar langileriaren kontura abarestu den elite ekonomiko eta politikoari mesede egiteko baino ez du balio izan Elkarrizketa Soziala delakoak. Publikoak beharko luketen zerbitzuengatik Patronala, UGT eta CCOOek urtero 20 milioi euro eramaten dituzten bitartean, nafar langileen lan eta bizi baldintzak zeharo okertu dira 1995ean Elkarrizketa Soziala abiatu zenetik.Gaur pobreagoak gara eta patronala aberatsagoa. Garai horretan soldatapeko 165.132 lagunek ondasunaren %44,4 eskuratzen zuten bitartean, orain askoz soldatapeko gehiagok (222.743) portzentai txikiagoa jasotzen dugu (%40,7). Langabezia hazi da, kaleratzea merkeagoa da, prekarietatea eta noraeza laborala hedatu da eta patronalak gero eta harroputzago jokatzen du. Urte gehiagotan lan egin behar dugu pentsio txikiagoa jaso hala izateko. Itxaron zerrendak luzatu egin dira Osasunbidean eta Ospitalean geure senideei zabor-janaria nola ematen dieten ikustera heldu gara. Irakasle guxiago eta ikasgelako ikasle gehiago dago. Babes sozialera bideratutako ondasun portzentaietan, Nafarroa Europako azkenetakoa da: Errumania eta Baltikoko herrialdeak besterik ez daude azpitik.
 
Arrazoi honengatik, Elkarrizketa Sozialaren Holdingari amaiera eman eta sei neurri hauetan oinarritutako eredu berria martxan jartzea proposatzen du LABek:
 
1. LAN HARREMANETARAKO ESPARRU PROPIOA
  • Madrilen aurrean blindatutako arautegi laboral propioa, eskubide laboralak berreskuratu eta zabaltzera bideratutakoa.
  • Nafarroako sektore publikoan negoziazio kolektiborako eskubidearen berreskurapena. Gobernuak ezingo du aplikatu inongo murrizketarik alde bakartasunez.
2. DEMOKRATIZAZIOA ETA LAN ARLOKO INSTITUZIOEN NORABIDE ALDAKETA
  • Lan Auzitegiaren eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren demokratizazioa. Biek ala biek langileria osoari ematen diote zerbitzua, bakoitzaren afiliazio sindikala gora-behera. Beraz, bere erabaki esparruetan parte hartzeko aukera eman behar zaie Nafarroan ordezkaritza duten sindikatu guztiei.
  • Lan Auzitegia, Nafarroako Enplegu Zerbitzua nahiz Lan Osasunaren Institutuaren norabide aldaketa, eskubide laboralen defentsa eta hobekuntzarako tresna eraginkorrak izan daitezen.
  • Lan harremanetarako organo publiko baten sorrera. Nafarroan ordezkaritza sindikala duten sindikatu guztiek parte hartu ahalko dute bertan, inolako baldintza ideologikorik gabe.
  • Nafarroarako Lan Ikuskaritza propio baten sorrera.
3. LAN PRESTAKUNTZARAKO SISTEMA PUBLIKOA
  • Lan prestakuntzarako sare publikoa. Nafarroako Gobernuak zehaztuko du bere eskaintza, udalen, enpresen eta sindikatu guztien parte hartzearekin.
  • Hezkuntza Saileko langileek emango dituzte ikastaro horiek, lanbide heziketako ikastetxeetan edota bestelakoetan, lanbide heziketarekin sinergiak sortuz.
  • Gaur egun CEN, UGT eta CCOOek eramaten duten diru publikoa lan prestakuntzako sare honetara bideratuko balitz, A mailako 607 irakasle kontratatu ahalko lirateke. Honek hezkuntza sistema publikoa indartu ez ezik lan prestakuntza hobetu ere egingo luke, lanbide heziketarekiko sinergiei esker.
4. SINDIKATUEN FINANTZIAZIO PUBLIKO OBJEKTIBOA
  • Sindikatuei ematen zaizkien dirulaguntza publikoak objektiboak eta sindikatu bakoitzaren ordezkaritzaren araberakoak izan behar dira. Nahierara emandako dirulaguntza oro ezabatu beharra dago. Neurri hau da sindikalismo autonomo baterako bermea.
5. ENPLEGUA ESKURATZEKO AUKERA BERDINTASUNA
  • Nafarroako lantoki askotan ematen den diskriminazio bikoitza (afiliazio sindikalaren nahiz sexuaren araberakoa) ezabatu beharra dago. KYBSEko eredua, beharrezkoak diren hobekuntzekin, Nafarroako gainontzeko lantokietara zabaltzea proposatzen dugu: enplegu poltsa osatu, parekidea (%50 gizonak, %50 emakumeak) eta zozketa bidez.
6. ASKATASUN SINDIKALEN BEHATOKIA
  • Nafarroako lantokietan askatasun sindikalak babestu eta hauteskunde sindikaletan berme demokratikoak berma daitezen, erakunde publiko baten sorrera.

 

 

 

LABek Kaskarotenea ikastolaren alde Ziburun burutuko den manifestazioan parte hartzeko deia luzatu nahi du

0



Manifestazioa: Azaroaren 8an Ziburuko Pilota Plazan 16:00etan

Ikasturte hasieratik Ziburuko ikasleek murgiltze ereduaren bidez euskalduntzeko hartuta duten hautua kolokan jarri du. Azpimarratu nahi dugu arazoa zuzenki Ziburuko herriko etxeak pausatu baldin badu ere, jatorrian, euskararekiko eta euskarazko irakaskuntzarekiko frantses gobernuak eta berriki prefetak hartu erabakiak dira erantzule eta errudun. Izan ere, duela mende bat eta erdi baino gehiago zaharra eta zaharkitua den Falloux legea estakuru.

Euskal herritar eta euskararen defendatzaile gisa eta gure haurren hezkuntzaz axolaturik murgiltze sistemak botere publiko eta administrazioaren babesa behar duela diogu beste behin ere.

Baina erasoaren tamainaz oharturik, eta ikastolak ito edo minoria baten eskola bilakatu nahi dutenen aitzinean, herritarrei dei bat zabaldu nahi die LAB Irakaskuntzak ahal duten neurrian eta gisan, babes eta elkartasun ekimenak bultzatuz, hitzetatik ekintzetara pasatzeko tenorea heldu da. Eta konkretuki larunabtean burutuko den manifan parte hartuz horretarako aukera paregabea dugu.

Haurrek, burasoek, hezkuntzaz arduratzen den ekipak, laguntzaileek eta Seaskak gure babes eta elkartasun osoa ukanen du.

{linkr:related;keywords:kaskarotenea;limit:5;title:Albiste+gehiago}