2025-12-26
Blog Page 117

EAEko hainbat herri eta hiritako udalbatzek Haurreskolak Partzuergoko plazen eskaintza handitzeko erregistratu ditugun mozioak onartu dituzte

LABek azkeneko urteetan hainbat eragilerekin eta familiekin egindako lanaren eta aurrera eramandako greba eta mobilizazioen ostean, 0-3 urte bitarteko haurrei hezkuntza zerbitzua eskaintzen dien Haurreskolak Partzuergo Publikoan ikasturte honetan doakotasuna ezartzea lortu dugu. Neurri honek hasieratik eragin zuzena izan du familien eskaera kopuruan.

2023-2024 ikasturterako matrikulazioak izugarrizko gorakada izan zuen eta hurrengo ikasturterako ere igoera egon da, doakotasuna ezarri aurreko matrikulazioarekin alderatuta 1500 eskaera gehiago jaso direlarik apirileko matrikulazio aldian. Gainera, Haurreskolak Partzuergoan, matrikulazio epe berriak irekitzen dira hilabetero, beraz, ikasturtean zehar zentroen betetze maila igotzen doa.

Gauzak horrela, eta zerbitzuaren unibertsaltasuna helburu, jaiotzatik dugun aukera berdintasunean hezkuntza jasotzeko eskubidea berma dadin, LAB sindikatuan EAEko Haurreskolak Partzuergoko zentroen betetze mailaren jarraipen etengabea egin dugu ikasturte hasieratik. Haurreskolak Partzuergoko hainbat haurreskolatan urrirako ez zegoela plaza librerik detektatu genuen, eta ondorioz, zentro horietan ezin izan dute familia gehiagok izena eman. Beste hainbat zentrotan, ordea, matrikulazioaren bilakaera ikusita familia ugari kanpoan gelditzen joan direla detektatu dugu.

Egoera ikusirik eta hau iraultzeko asmoz, Haurreskolak Partzuergoa Eusko Jaurlaritza eta udalen artean sortutako erakundea izanik, EAEko hainbat hiri eta herritako udalbatzek eskaintza handitzeko erabakia hartu dezaten mozioak aurkeztu ditugu, Haurreskolak Partzuergoko plazen eskaintza handitzeko eskatuz. Ekimen honekin lortutako emaitzak honako hauek dira:

– Donostiako Udalak ez du mozioa onartu PSE eta EAJren kontrako bozkekin.

– Bilboko Udalak erabaki du egun dauden plazei 117 plaza berri gehitzea 2025eko ikasturtean.

– Santurtzi eta Amurrioko udalbatzek LABen mozioa oinarri hartuta aho batez plazak handitzea onartu dute.

– Zallako Udalak aztertuko du zelan handitu plazen eskaintza.

– Laudiok, Lasarte Oriak eta Irunek Haurreskolak Partzuergoak eskaintzen duen haurren plaza kopuruaren eskaintza handitzea erabaki dute.

– Bastidako Udalak, LABen mozioa oinarri hartuta, plazen eskaintza handitzea helburu izanik, haurreskola berri bat egiteko aukerak aztertzeko lan-mahai bat osatzeko konpromisoa hartu du eta Eusko Jaurlaritzari dirulaguntza eskaera egin dio Haurreskola berria martxan jarri ahal izateko.

– Getxoko udalbatzan, mozioaren kontra bozkatu zuten EAJk eta PSEk, 2025. urteko aurrekontuetan horretarako diru-saila gordeko dutela argudiatuz.

– Sondikako udalbatzak ere atzera bota zuen mozioa, EAJ-k mozioaren aurka bozkatu zuelako. Horren ondorioz, udalak momentuz ez du herriko Haurreskolak Partzuergoko plazen eskaintza handitzeko asmorik, ezta beharren inguruan azterketarik egiteko asmorik ere.

Gasteizko matrikulazioaren datuen berri izan gabe, irailerako Donostian, Eibarren, Irunen, Bilbon eta Sestaon jada itxaron zerrendak daude.

LABen, Haurreskola Partzuergoaren doakotasuna lortuta, unibertsaltasuna lortzea dugu helburu; beraz, Hezkuntza Saila berriari plazen eskaintzaren azterketa, haurrak onartzeko irizpideen berraztertzea eta berdintasun printzipioei eutsiz familiek behar duten hezkuntza zerbitzuaren ezaugarrien azterketa egiteko eskatzen diogu. Era berean, udalek eskumen handiagoa izan dezaten eskatzen dugu.

Bat egin dugu ‘La Suizako 6en’ aldeko elkartasun mobilizazioekin

Uztailaren 6an 12:00etan mobilizatuko gara Bilboko Arriaga Antzokiaren aurrean Xixongo (Asturies) sei sindikalistei gure elkartasun internazionalista adierazteko.

Elkarretaratze honek elkartasuna erakustea eta Espainiako Estatuko Auzitegi Gorenaren 626/2024 epaiarekiko gaitzespena adieraztea du helburu, langileen oinarrizko eskubideen aurkako eraso zuzena baita: biltzeko, adierazteko eta askatasun sindikalerako eskubidearen aurkako erasoa. Aste honetan ezagutu dugun epaiaren bidez, epaileak hiru urte eta erdiko espetxe-zigorra eta enpresaburuari 125.428 euroko kalte-ordaina emateko agindu du. LABek, hainbat borrokatan jazarpen sindikala jasan duen sindikatuak, Bizkaiko metalarenean edo Tubacexekoan, duela gutxiko adibideak jartzeagatik, gure babesa adierazi nahi diegu Asturiesko kideei, eta langileen borrokarekiko errepresioak berehala eten behar duela berresten dugu.

Kasua 2017tik dator; izan ere, urte hartan La Suiza gozotegiko langile batek CNT sindikatura jo zuen aparteko orduak eta oporrak ordaintzen ez zizkiotela salatzeko. Enpresaburuarekin negoziazio-saiakerak huts egin ondoren, salaketa-kanpaina bat hasi zen, manifestazioak egin zirelarik eta kalean informazioa banatu zutelarik. Bada, ekintza horiek kriminalizatu zituzten Xixongo Zigor Arloko Epaitegiak, Probintzia Auzitegiak eta orain Auzitegi Gorenak.

Gaur goizean hainbat eragilerekin batera egin dugun agerraldian esan bezala, berriro diogu manifestatzea eta lan-eskubideak defendatzea ez dela delitua. Horregatik, langileei dei egiten diegu larunbat honetako mobilizazioan parte hartzera.

Microliquideko Enplegu Erregulazio Espedientea erretiratzea eskatu diogu zuzendaritzari, %97ko jarraipena izan duen bigarren greba egunean

Arrasateko Microliquid enpresako langileek bigarren greba eguna izan dute gaur, enpresak mahai gainean jarritako eta langileen herenari eragiten dion Enplegu Erregulazio Espedientearen (EEE) aurrean. Grebaren jarraipena %97koa izan da. Gainera, gaur egin da kontsulta aldiaren lehen bilera.

Salatu dugu enpresaren neurri hau ez dela bere kontu ekonomikoekiko proportzionatua, 2024ko aurreikuspenak negatiboak izan arren, 2022 eta 2023 ekitaldietan irabaziak izan ditu. Gainera, 2024ko aurreikuspenetan informazio asko faltan botatzen dugu. Hurrengo bilerarako aurkeztuko digutela esan digu zuzendaritzak. Aurkeztutako dokumentazioan akats asko ikusi ditugu, eta horiek ere zuzenduko dituztela esan digute. Oraindik ez dugu EEEa aplikatzeak enpresari aurreztuko dion gastuen aurreikuspenik.

Espedientea erretiratzea eskatu diogu enpresari, eta bitartean, greban mantenduko garela jakinarazi diogu. Hurrengo bilerarako proposamen bat ekarriko digula ziurtatu digute.

Bihar asteazkena, uztailaren 3, goizeko 07:00etatik 09etara enpresa aurrean mobilizatuko gara EEEarekiko desadostasuna erakusteko. Ostegunean, berriz, uztailaren 4an, manifestazio bat egingo dugu 11:00etan lan zentrotik abiatuta, Arrasateko kaleetan zehar.

Cementos Rezolako langileen aldarrikapenak ozen entzun dira Añorgan

Goizean goizetik lantokiaren aurrean kontzentratuta egon ostean, gaur enpresarekin eginiko bileraren kanpoaldean elkarretaratzea egin dutu eta eguerdian, ostera, manifestazioa. Hori guztia enpresak aldebakarrez ezarritako Enplegu Erregulazio Espedientearen aurka eta lanpostuen defentsan. Bihar, asteazkena, berriro ere kalera aterako dira langileak ordu berdinean, 13:00etan.

Duela bi aste Cementos Rezolako zuzendaritzak 56 langile kaleratzeko Enplegu Erregulazio Espediente (EEE) prozesu bat martxan jarri zuen. Bada, gaur prozesu honetako hirugarren negoziaketa bilera egin da eta ez da inolako aurrerapenik egon. Enpresak espedientea justifikatu gabe jarraitzen du, aitzakia gisa erabiliz deskarbonizazio prozesua, baina neurri hau justifikatuko duten benetako elementuak mahai gainean jarri gabe.

Langileek argi dute hau ez dela benetako deskarbonizazio prozesu bat, 56 langile kaleratzeko aitzakia bat baizik, eta greban jarraituko dute 56 langile kaleratzeko EEE hori bertan behera utzi arte.

LABetik argi esan nahi dugu une batean ere ez garela azaldu benetako deskarbonizazio prozesu bat ematearen aurka, eta trantsizio hori emateko eskua luzatu diogula enpresari, baina noski, betiere langileekin adostuta eta kaleratzerik gabeko prozesu bat den bitartean.

Iruñeko Adacen Fundazioan akordioa #LortuDugu hainbat lan-hobekuntzarekin

Adacen Fundazioa Iruñeko Azpilagañan dagoen adineko pertsonentzako eguneko zentroa da. Lan zentro txikia da, 9 profesionalek egiten dute lan bertan, kalte neurologikoak dituzten adinekoei arreta ematen.

Hilabete batzuetan lan-baldintza batzuk hobetzeko lan egin dugu, gure lanari balioa emanez eta horrelako zerbitzuek bizitza eta gizartea sostengatzeko duten garrantzia aitortuz.

Akordioan, Nafarroako KPIren besteko soldata-igoera (%2,9ko) lortu dugu 2024ko soldatetan, eta kontingentzia arruntengatiko bajen ordainketa hobetuko da. Kontingentzia horiek % 100ean osatuko dira urteko lehen 3 prozesuetan.

Gipuzkoako ingurune naturaletako salbamendu eta sorosletza zerbitzuetako lehen hitzarmen kolektiboa sinatu dugu

Bederatzi hilabetez negoziaketetan aritu ondoren sinatu da akordioa. Horrela, orain arte existitzen ez zen negoziazio-esparru bat sortzearekin batera, zeinak etorkizunean ere sektorea arautzen jarraitzea ahalbidetuko duen, Gipuzkoako hondartzetako sorosleen lan-baldintzak duinduko dira.

Oro har, LABen oso positiboki baloratzen dugu lehen hitzarmen kolektibo honek dakarrena. Era berean, pozgarria da jakitea Gipuzkoako Titularitate Publikoko Kirol Instalazioetarako Hitzarmen Kolektiboa, LABek, sektorean gehiengoa duen sindikatuak, sustatu eta sinatu duena, hitzarmen honetarako oinarri gisa baliatu dela. Ondorengo edukiak dira azpimarragarrienak:

  1. Soldatak igerilekuetako sorosleenekin parekatzea.
  1. ‘’Urtarokotasun’’ plusaren sorrera, zeinak antzinatasun plusaren desagerpena dakarren arren, soldata-taulen eguneraketan urtero %1-eko gehigarria dakarren.
  2. Igandeen aitorpena jai-egun gisa, %15 areagotuz igandero lan egindako ordu bakoitzaren ordainsaria.
  1. Hitzarmen kolektiboaren blindajea, inaplikazio-klausularen eta ultraktibitate mugagabearen bitartez.

Dena den, negoziazio prozesua are gehiago zukutu zitekeela uste dugu, Titularitate Publikoko Kirol Instalazioetarako Hitzarmenean jasotzen diren zenbait eduki lortuz; besteak beste, 35 orduko asteko lanaldia, soldataren %100 kobratzea kontingentzia kasu guztietan eta KPI-aren araberako soldata igoerak. Azken honi dagokionez, ingurune naturaletako salbamendu eta sorosletza zerbitzuetako hitzarmenak 2029.urterako aurreikusten du eros-ahalmena berreskuratzeko aukera, zeina denboran gehiegi luzatzen den. Bestalde, nahiz eta hitzarmenaren indarraldia 2024ko urtarrilaren 1etik 2028ko abenduaren 31ra bitartekoa izan, hitzarmenak berak 2029. eta 2030. urteetarako %2ko soldata-igoerak aurreikusten ditu eta horrek hurrengo negoziaketa kaltetu dezakeela ulertzen dugu.

Zentzu horretan, LABen uste dugu eragile-sozial ezberdinen arteko batasunak hitzarmen kolektibo honetako hainbat alderdi hobetu izana ekarri ahal izango lukeela; izan ere, patronalak eta gehiengoa duen sindikatuak negoziazio-mahaitik kanpo lortu dituzte akordio guztiak, LABen parte-hartzea mugatuz, nahiz eta LAB izan hitzarmen honen sustatzaile nagusia: LAB eta CCOO birritan bildu ziren patronalarekin 2023ko uztailean zehar (bileretako batean UGT ere egon zen) negoziazioaren hasiera formalizatze aldera eta sektorea arautzen hasteko helburuarekin. ELA sindikatuak, ordea, ez zuen bilera horietara joan nahi izan. Hori gutxi balitz, besteak beste Kiroldegien sektorean kritikatu zituzten hainbat eduki adostu dituzte oraingoan ELAk eta patronalak, administrazio publikoek azpikontratatutako sektoreetako lehen hitzarmen kolektiboen kasuan hitzarmenerako sarbidea modu mailakatuan gauzatzearena, kasurako, edota lanaldi partzialeko aldizkako finkoaren kontratu-modalitatea aurreikustearena.

Era berean, ez dauka zentzurik ELAk errekurrituta mantentzea Titularitate Publikoko Kirol Instalazioetarako hitzarmen kolektiboa; izan ere, inpugnazioaren eta ondorengo errekurtsoaren funts nagusia hondartzetako sorosleen kolektiboa hitzarmen horretako funtzio-esparruan txertatzea zen eta, orain ordea, kolektibo horri esparru propioa aitortu dio hitzarmen honen sinadurarekin.

Dena den, azpimarratu behar dugu garrantzitsuena dela Gipuzkoako ingurune naturaletako salbamendu eta sorosletza zerbitzuetako lehen hitzarmen kolektiboa lortu izana, eta langileak zoriontzen ditugu. LABen hasiera-hasieratik helburu hori ezarri genuen; hots, kolektibo honetako langileen lan-baldintzak duintzea, estatalizazioa ekiditearekin batera.

Igor Arroyo: “Lan harremanetarako eta babes sozialerako esparrua eraikitzea funtsezkoa da”

LAB sindikatuko koordinatzaile orokorra Euskadi Irratiko Faktoria irratsaioan elkarrizketatu dute gaur goizean. Politika alorrean, EAEko Gobernu berriarentzako eskakizunak edota Ipar Euskal Herriko bozen testuinguruan eskuin muturrari aurre egin beharraz jardun du, besteak beste.

Gutxieneko soldataren aferaz ere galdetu diote Arroyori, eta gogorarazi du azken datuen arabera eguneratuta, sindikatuak 1.600 euroko gutxieneko ordainsaria eskatzen duela Hego Euskal Herrian, Europako Karta Sozialak gomendatutakoari jarraikiz. Bestalde, herritarren kezka iturri nagusietakoa diren zerbitzu publikoez eta, zehazki, osasungintzaz jardun du; hala, aipatu du Osakidetzan, esate baterako, adabakiak jartzeaz harago, sakoneko politikak direla aldatu beharrekoak.

Elkarrizketa honako esteka honen bidez entzun daiteke osorik: https://www.eitb.eus/eu/irratia/euskadi-irratia/programak/faktoria/osoa/9533209/igor-arroyo-jaurlaritza-berriak-onartu-beharko-du-oker-zeudela-sindikatuen-kontrako-euren-kritiketan/

Egoera zaurgarrian dauden herritarren artean igo da langabezia

135.379 pertsonak ez dute lanik Hego Euskal Herrian, aurreko urteko epealdi berean baino herritar gehiago dagoelarik langabezian. Pasa den hilabetearekin alderatuz, ordea, 735 langabetu gutxiago daude, ziurrenik turismo-kanpainaren ondorioz.

Egoera zaurgarrian dauden kolektiboetan egin du gora langabeziak pasa den urtearekin alderatuz:

  • •25 urtetik beherakoen artean, langabeziak gorakada nabarmena izan du, %7,86 igo da.
  • •Azken urtearekin alderatuz, gizon eta emakumeen* artean langabeziak gora egin arren, azken hilabetean emakumeen* artean egin du gora, bereziki 25 urtetik beherako emakumeen* artean (%2 pasata egin du gora).
  • •Langile migratuen artean ere langabeziak gora egin du azken urtean modu nabarmenean (1.720 langabetu gehiago), bereziki zerbitzuen sektorean eta aurreko enplegurik gabekoen artean.
  • •Aurreko enplegurik gabekoen artean langabeziak gora egin du azken urtean. Ekainean erregistraturiko langabeen %13,01 dira talde horretakoak.
  • Afiliazioak errekor berria du Hego Euskal Herrian (1.064.337). Zentzu honetan, afiliazioak gora egiteak lanean jende gehiago dagoela adierazten du. Biztanleria Aktiboaren Inkestako datuei erreparatuz gero, aktibo gehiago daude, hau da, lan egiteko tenorean gero eta herritar gehiago daude. Lan merkatuan aktibo dauden herritar guztiei enplegua bermatu ezin zaienean, langabeziak gora egiten du.
  • Hego Euskal Herrian, egoera zaurgarrian daudenak (emakumeak*, gazteak, migranteak…) dira lan merkatura batzen ari direnak. Hau da, inaktibo egoera batetik (etxeko lanetara emanda zeuden emakumeak*, ikasleak, ezkutuko zaintza lan merkatuan zeudenak…) aktibo egoera baterako igarobidea egiten ari dira gero eta herritar gehiago, afiliazioa handituz. Bizitzaren garestitzearen ondorioz, eta ziurrenik bizi unitatearen egoerak behartuta, lan merkatutik kanpo zeuden herritarrak ari dira igarobidea egiten. Lan merkatua, ordea, ez da gai denei enplegua bermatzeko eta horrek langabeziaren gorakada ekarri du. Era berean, lan merkaturako igarobidea egiten ari diren herritar hauek aurreko enplegurik gabekoen multzoa handitu dute, ekainean langabeen %13,01 zirelarik.
  • Pasa den hilabetean, erregimen orokorreko afiliazioaren %73,24 zerbitzuen sektorean izena emanda zegoen. Sektore guztietako afiliazioak gora egin arren, azken urtean zerbitzuak sektoreak izaniko gorakada azpimarratu beharra dago, %4,08 igo baita. Datu honek adierazten digu herritarrek zerbitzuen sektorean lan egiteko aukera handiagoak ikusten dituztela.

  • Sortzen ari den enpleguaren kalitatean arreta jarri beharra dago, lan baldintza prekario zein ezegonkorrak egiturazkoak baitira eta udaldian egoera honek okerrera egiten baitu.
    •Kontratu motari erreparatuz gero, behin-behinekotasuna igotzen ari da. Ekainean zehar 6.555 kontratu gutxiago sinatu ziren pasa den urteko ekainarekin alderatuta, eta sinatu direnen %78,63 behin-behinekoak izan ziren.
    •7.815 aldizkako finko gutxiago daude, pasa den hilabetean baino %18,50 gutxiago. Murriztu diren kontratuen artean, %78,43 emakumezkoei* dagokie. Pasa den urtean bezala, aldizkako kontratu finkoak udaldian eten egiten dira, modu nabarmenean sektore feminizatuetan (jantokietako hezitzaileak, ikastetxeetako garbitzaileak…).
    •Emakumeen* artean %25,7 lanaldi partzialean dago, gizonen artean %11,2 dagoen bitartean. Aldiz, jardunaldi osoarekin alderantzizko egoera gertatzen da (emakumeen* %57,7 eta gizonen %78,6).
  • Lan merkatuan prekaritatea zein ezegonkortasuna egiturazkoak dira, bereziki egoera zaurgarrienean dauden kolektiboen artean. Horregatik, LAB sindikatuak egoera hori iraul dadin lanean jarraituko du dagokion esparru guztietan: lan zentroetan, kalean zein
    instituzioetan. Horrela, egoera honen arduradun zuzen diren patronal zein instituzioak interpelatuko ditu. Ezinbestean, herritarren lan eta bizi baldintzak erdigunera ekartzeko unea da, eta horrela galdegin dio sindikatuak Eusko Jaurlaritza berriari ere aste honetan bertan. Bide horretan ezinbestekoa izanen da aberastasuna birbanatzeko soldatak duintzea eta zerbitzu publikoak indartzea.

Güeñesko Konecta BTOn elkarretaratzea egin dugu, ezarri nahi duten Enplegu Erregulazio Espedientearen aurka

Konecta BTOko langileek kezka sakona adierazi dute proposatu den EEE produktiboaren planteamenduaren aurrean, hasiera batean 585 kaleratze baitakartza. Garrantzitsua da aipatzea arrazoi nagusia jatorri ekonomikoak direla. Hala, gaur bezala, hilaren 4an eta 9an ere lanuzteak egingo dituzte telefono bidezko arreta ematen duen enpresa honetako beharginek.

Gueñesko Konecta Bto lantaldearen gehiengoak (LAB eta CCOO) argi utzi du ez daudela ados EEE hau aplikatzearekin, eta berehala erretiratzeko eskatzen du.

Hori dela eta, lanuzte partzialak deitu dituguuztailaren 2, 4 eta 9rako, lan-eskubideen aldeko protesta eta defentsa neurri gisa. Ez dugu onartuko enplegu-erregulazioko espediente hau behar bezala eztabaidatu eta zalantzan jarri gabe aplikatzea.

Gueñesko Konecta Btoko langile guztien interesak eta ongizatea zaintzeko eta inplikatu guztientzako bidezko eta errespetuzko irtenbide bat aurkitzeko borrokan jarraitzeko konpromisoa berresten dugu. Sutsuki eskatzen dugu EEE produktiboaren planteamendua bertan behera uzteko, horren eraginpean dauden langile guztien mesedetan.

DEITURIKO LANUZTE PARTZIALAK:

10:30-12:30

18:30-20:30

00:30-2:30