2025-12-23
Blog Page 1166

Emakumeon pobretzeari aurre egiteko mobilizazioa Donostian

Emakumeonganako indarkeriaren kontrako nazioarteko egunaren bezperan LAB sindikatua Donostiako gizarte segurantzaren aurrean mobilizatu da. LABek ezinbestekotzat jotzen du emakumeon pobretzeari aurre egitea, eta gaur bezala, bihar Bilbo eta Iruñean izango da indarkeria matxista salatzen.

«Emakumeon POBRETZEARI aurre egin»
Espainiar eta Frantziar estatuek, zein Gasteiz eta Iruñeko gobernuek, herria pobretzearen aldeko hautu politikoa egin dute. Horretarako krisiaz baliatu, eta ezarritako neurri, erreforma zein murrizketa guztiak bide beretik joan dira; gehiago dutenek gehiago izan dezaten, eta gutxiago dutenek aldiz, gero eta gutxiago.

Jada ez du inork zalantzan jartzen euskal herritarron gehiengoa gero eta pobreagoa garela. Pobretze prozesu honen adierazle diren datu eta estatistikek, gehienetan, genero ezberdintasunak ezkutatzen dituzten arren, kaltetuenak emakumeak izaten ari gara.

Emakumeon parte hartzea lan merkatuan beti izan da bigarren mailakoa, aitortza baxuagoko eta lan baldintza prekarioenetako sektore eta lanpostuetara bideratu gaituzte, gure lana gizonezkoen lanaren osagarritzat jo dutelako.

Gaur egun egoera are gehiago gogortu da, behin behinekotasun tasak gero eta handiagoak direnean, emakumeon kasuan %23,8koa da, gizonezkoen %17,7aren aldean. Patronalak lanaldi partzialak gero eta gehiago zabaltzeko apustua egin du eta ezin dugu ahaztu lanaldi mota honetan dihardutenen %94,69a emakumezkoak direla. INEren azken datuen arabera, gizonezkoek baino %36,2 gutxiago kobratzen dugu. Gizon eta emakumeon soldaten arteko aldea gero eta gehiago handitzen ari da eta honek, gainera, ondorio zuzenak ditu ondoren jasotzen ditugun prestazioetan (langabezian, ezgaitasunak, erretiro pentsioak…).

Bien bitartean, erakunde ezberdinek, arazoaren muinera jo eta erabaki ausartak hartu beharrean, dagoeneko ahula eta nahikoa ez den babes sozial sistema eta prestazioak hartu dituzte jomugan. Honek kolpe bikoitza dakarkigu emakumeoi: alde batetik, emakumeok gara hein handi batean prestazio hauen jasotzaileak (datu esanguratsu bat: guraso bakarreko familien artean %88,6ak emakume bat dute buru eta, hauetatik, %40k langabezian dagoen emakume bat) eta, bestetik, sistemak bete beharko lituzkeen premiak, zaintza kasu, emakumeon bizkar uzten dituzte.

Pobrezia ere indarkeria da, emakumeak pobreziara kondenatu nahi gaituzte, menpeko izaki bihurtu. Emakumeok burujabetza ekonomikoa behar dugu gure bizi proiektuak modu aske batean garatu ahal izateko. Honetako gaur egungo lan harremanen eredua irauli behar dugu, eredu berri bat behar dugu, generoen araberako lan banaketa gaindituko duena eta emakume eta gizonen arteko berdintasuna oinarri izango duena. Lana eta aberastasuna banatzea bideratuko duen eredua, langabezia, prekarietatea eta pobrezia egoerei aurre eginez eta langileen eskubideak errespetatuz !

 

 «Emakumeon POBRETZEARI aurre egin» [PDF]

 Azaroak 25 Kartela [PDF]

Deialdiak

BIZKAIAN
– Azaroaren 25ean, 9:30etan Bizkaiko emakumeen bilkura
(Bilboko egoitzan)

– 12:00etan giza katea
Bizkaiko Diputaziotik abiatuta

NAFARROAN
Azaroaren 25ean, 9:30etan Nafarroako emakumeen bilkura
(Areto Gorrian)
12:30etan Udaletxe
plazan mobilizazioa
 

 

Osakidetzaren proposamenak ez ditu jasotzen sindikatuok markaturiko gutxienekoak

0

Mobilizazio agendaren erdian, Osakidetzak sektoreko mahai berri batera deitu gaitu. Pasaden asteotako lanuzteetan langileek adierazi dugun haserrea eta egoneza ikusirik, pentsatzen genuen gaurko bileran akordio batera hurbilduko gintuzkeen proposamena ipiniko zuela Osakidetzak mahai gainean. Bada, zoritxarrez, ez da hala izan.

Sindikatuok markaturiko gutxieneko puntuak ez ditu jaso inondik inora: jardunaldia orain dagoen moduan utzi, balizko epe bat 2016ean, Garapen profesionala 2016tik aurrera. Hurbilketa bakarra izan da ordezkapenak 2012kora irizpideetara bueltatzea, baina horrek ez du suposatzen ordezkapen guztiak lehenengo egunetik.

Gauzak honela, ez da girorik akordio baterako eta mobilizazioekin jarraitu beharko dugu gure lan baldintzen eta osasun sistema publikoaren defentsaren alde. Hain zuzen ere, ostegun honetan Bizkaiko zentro guztietan egun osoko greba daukagu deituta eta Bizkaia enparantzatik manifestazioa abiatuko dugu 12etatik aurrera. Araban eta Gipuzkoan, bitartean, kontzentrazioak burutuko dituzte. Abenduaren 4rako 24 orduko greba orokorra iragarrita dago Osakidetza osoan. Eta gaurko bileran ikusitakoa ikusita, ez dirudi akordiorik lortuko dugunik.

PNVri denbora amaitzen ari zaio. Datozen hauteskundeetan ere salduko digute eurak direla kudeatzaile apartak? PSEkoek baino askoz hobeto eraman dutela Osakidetza? Osakidetza “buke insingnia” dela? Truko mediatikoek ez dute dagoeneko balio. Euskal jendarteak kalitatezko osasun sistema aldarrikatzen du, ez baitago pozik orain dagoenarekin. Osakidetzako langileok horretan gaude. Eta PNVa?
 

 

 

«URRUTI, beti gogoan beti bihotzean»

Datorren azaroaren 29an, zapatua, Igor Urrutikoetxea Bilbao gogoratu eta omentzeko ibilaldia antolatu dute Lezamako lagun eta ingurukoek. «URRUTI, beti gogoan beti bihotzean» 12:00etan emango zaio hasiera ibilaldiari Lezamako Oxangoiti Kultur Elkartean.

Euskal Herriko langile mugimendua mintzagai LABen 40. urteurrenean

0

Ipar Hegoa Fundazioak antolatutako «Langile mugimendua Euskal Herrian» hitzaldi zikloaren baitan, «Nuestro Mayo Rojo» liburuaren egile den Joxerra Bustillok eta LABeko idazkari nagusiak, Ainhoa Etxaidek, Euskal Herriko langile mugimenduan frankismoak izandako eragina, LAB sindikatuaren sorrera eta aurrera begirako erronkak aztertuko dituzte Iruñeako Areto Gorrian. 

Ipar Hegoaren eskutik datorren hitzaldi zikloaren bigarren zatia dugu Joxerra Bustillo eta Ainhoa Etxaidek azaroaren 26an Iruñeako Areto Gorrian burutuko dutena. Bertan, aipatu bezala, Euskal Herriko langile mugimendua izango da aztergai, kasu honetan frankismoa, LABen sorrera eta aurrera begirako erronkak. Hitzaldiari arratsaldeko 18:00etan emango zaio hasiera. Hitzaldiaren ostean, LABek 40 urte betetzen dituen honetan, sindikatuaren omenez mokau bat hartu eta topa egiteko aukera izango da. 

Azaroaren 19an «Nuestro Mayo Rojo» liburuaren egile diren Patxi Abasolo eta David Mendozak, industrializazioaren hasieratik 1936ra Euskal Herrian langile mugimenduaren ibilbidea aztertu zuten.
 

 

 

«Osakidetzan lana euskaraz egiteko eskubidearen alde»

0

Gezurra dirudi osasungintzako langileok 2014. urtean oraindik aldarrikapen hauek egiten ibili behar izatea. Euskaraz lana egiteko eskubide osoa dugu legez, baino eguneroko praktikan Osakidetzak trabak besterik ez dizkigu jartzen.

Tresna, baliabide eta programa informatiko ugari oraindik erdara hutsez ditugu. Erresonatziak edota ekografiak eskatzen ditugunean erdara hutsean iristen zaizkigu eta historia klinikoa euskaraz betetzeko trabak besterik ez ditugu izaten. Guzti honek gure lan jarduna euskaraz burutzea oztopatzen du, gure egunaren zati garrantzitsua betetzen duten orduetan euskaraz ezin bizi eta lan egin izatea. Non eta duela 35 urtetik euskara ofiziala den eremuko osasungintza publikoan. Begibistakoa da egoera honen ondorioz erabiltzaileen hizkuntz eskubideak ere kaltetuak direla, osasun dokumentuak, eta zenbait kasutan arreta bera ere, erdara hutsez jasotzera behartuak bait daude erabiltzaileak.

LAB sindikatuak gai honetan euskara gutxienik gazteleraren parean kokatzea exijitzen du. Ezin dugu onartu gaztelera izatea lan-hizkuntz “arrunta” eta euskaraz lana egin ahal izateko eskaera “bereziak” egin behar izatea langileok edota erabiltzaileak.

Gogoratu behar da Osakidetzako 2. Euskara Planean datorren puntuetako batek dioena: “zerbitzu-erakundeek laguntza eskeiniko diete dokumentazioa euskaraz sortzeko prest dauden langileei”. Beste hainbat puntutan gertatzen den moduan, kasu honetan ere Euskara Planean jasotakoak ezeresean geratzen ari dela ikusten ari gara. Laguntzak, formakuntza, bitartekoak, jarraipena, arduradunen erantzunkizuna… ez ditugu inondik ikusten.

Abenduan Zumarraga Ospitalean erresonantzien unitate berria irekiko du Osakidetzak. Unitate berri horrek hasera haseratik osasun dokumentazioa elebitan eskaini beharko luke. Izan ere, langileon eta erabiltzaileon hizkuntz eskubideak urratuko dituzten unitate berriak sortzea ezin dezakegu onartu. Bestalde, egun gutxi barru emango du ezagutzera Osakidetzak Historia Klinikoa euskaraz bete ahal izatearen inguruan bere proposamena. Euskara Planeko hitz politez haratago normaltasunez euskaraz lan egin ahal izateko bideak irekitzea besterik ez dugu espero.

LAB sindikatuak deia luzatzen dio osasungintzako langilegoari euskaraz bizi eta lan egitearen aldeko bidea urratu dezagun. Egunerokoan lana euskaraz egin, horretarako dugun eskubidea errespetatu arazi eta Osakidetzari beharrezkoak diren bitartekoak jartzea eskatu diezaiogun. Proba grafikoak, erresonanziak, historia klinikoak, informatika aplikazioak, lan bitartekoak, euskaraz nahi eta behar ditugu.

Euskaraz bizi nahi dugun langile eta erabiltzaileon eskubideak errespetatzea eskatzen dugu, ez besterik.
 

 

 

CONFEBASKek ELA eta LAB legez kanporatzeko bidea ireki dezan eskatzen dio Madrilgo Gobernuari

LABek Confebasken barne dokumentu bat eskuratu du eta bertan iniziatiba berriak aipatzen dira, ELA eta LABen ilegalizazioa helburu luketenak.
Dokumentuan jasotzen dena laburtuz, badira bi sindikatu Confebaskek menderatu ezin dituenak, bidean galga egiten diotenak; dokumentuan jasotzen denez euskal enpresarientzat onena bi sindikatuok euskal eremu soziolaboraletik baztertzea litzateke, sindikatu izaera “kenduz”.

Dokumentua benetakoa bada, ELA eta LABen ilegalizazioa eskatzen ari da Confebask, sindikatu elkarte izaera kentzeak praktikan sindikatu gisa desagertzea baitakar. Sindikatuen ilegalizazioaz geroztik gaurdaino sindikatuon aurka egin den erasorik larrienaren aurrean geundeke, beraz.

Confebaskek guztiz mespretxatzen ditu gutxieneko arau demokratikoak: euskal jendarteari bakoitzak nahi duen sindikatuarekin antolatzeko eskubidea kendu nahi dio mekanismo administratibo baten bidez. Alegia, tramite administratibo batekin oinarrizkoa den eskubide bat desagerrarazi nahi du eta errealitate sindikala aldatu.
Zantzu guztien arabera dokumentu ofiziala da LABen eskuratu duguna. Tramitea martxan da (errege dekretu bidez) eta CEOEk lurralde-patronalei alegazioak egiteko eskatu die (ikus Alikanteko patronalaren web-a).

Eta larriena dena: dokumentuari sinesgarritasunik handiena Confebasken jarrera eta jokamoldeak berak ematen dio. Bere izarera autoritarioa behin eta berriz salatu dugu, langileen beharren aurrean etengabeko mespretxuzko jarrera du. Eskubideak soberan ditu eta demokrazioa ez du gogoko. Eskandalu hutsa da, bereziki honako arrazoiengatik:
Confebaskek eredu frankistara itzuli nahi du, orduan bezala, sindikatuak izan ala ez izan patronalaren erabakiek finkatu dezaten eta Estatuak arautu, langileak otzanduz eta patronalari bere erabakien garapenean lagunduz. Dokumentuak ez ditu oso toki onean uzten CCOO eta UGT.

Patronalak aukera ikusten badu bere grina frankistak aldarrikapen politiko bihurtzeko, egoerak laguntzen diolako da, eta hori bereziki larria da. Patronalak ikusten du baduela eremu politiko eta instituzionalean bere eskaerak non egin.

Dokumentu honekin 1999an enpleguaren mahaitik altxatzean hasitako bidea burutzen du Confebaskek. ELA eta LAB sindikatuok enpleguaren defentsan greba deitzean altxatu zen eta adierazi zuen bere boterearen kontra egiten zuten sindikatuekin ez zuela gehiago negoziatuko. Geroztik bere jarrera muturrera eraman du, bere interesak ororen gainetik jarriz, gehiago krisi garaian, non bere benetako altxorra eskuratu duen: euskal hitzarmenak deusezteko erreforma. Bien bitartean, alditik aldira gehiago, aurre egin diogun sindikatuon kontra aritu da, esaterako, LABek soluzioak posible egiteko proposamenak egin dituen bakoitzean.

Confebaskek ez du akordioa bilatzen, ez ditu arazo ekonomiko eta laboralak konpondu nahi. Bere arazoak konpondu nahi ditu, lan eskubideak ditu arazo, eta horien defentsan elkartu eta antolatzen diren langileak.

Herri honek krisiaren aurrean irtenbidea bilatzeko duen arazorik handiena patronal hau da. Ez LAB, ez euskal sindikalgintza, Confebask da hemen benetako arazoa, eta Eusko Jaurlaritzak harekiko duen menpekotasuna.

Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu patronal hau zilegiztatu eta babesteari uzteko behingoz. Gainera, ez dugu uste euskal enpresarien gehiengoak bat egiten duenik Confebasken jarrerarekin. Aspaldi utzi zion Confebaskek enpresa txiki eta ertainaren interesak defendatzeari, enpresa handien bozgorailu izateko.

Ordua da benetako eztabaida eta negoziazio bat irekitzeko behar dugun lan harreman esparruari buruz. Euskal instituzioen ardura da askatasun sindikala, antolatzeko eta gure interesen alde borrokatzeko eskubidea ziurtatzea.
ELArekin harremanetan gaude eta beste sindikatuekin ere egongo gara. Estatuko beste sindikatuei dokumentuaren berri emango diegu erantzun partekatu bat adoste aldera.

Amaitzeko, langileok osatzen dugun euskal gehiengo sozialaren interesen alde elkarrekin borrokatzeko antolatu diren langile guztien lana azpimarratu nahi dugu. Gure aitortza osoa LABen bat egin duten langileen lanari, sindikatu honetatik patronalari aurre egiten jarraitzen dutenei, lan eskubideak eta eskubide sozialak defendatuz. Ez dugu inolako asmorik eskubide horiei muzik egiteko. Lan zentruetan antolatzen jarraitzeko deia egiten dugu, baita jendartean ere, hori da bidea. Bai, galga gara, oztopoa, patronalarentzat, eta horrela izaten jarraituko dugu, lanean, enpresetan eta jendartean orohar erresistentzia gero eta handiagoa izan dadin.
 

 

LABen bere balorazioa publiko egin nahi du Kataluniako Cominter enpresak papelera erosi izanaren inguruan

0

Gureola Hernaniko papelera historikoan ordezkaritza osoa LABek izanagatik, ez du publiko egin orain arte Gureolan egin duen lana ezta baloraziorik egin. Hala ere, azkenaldian agertutako albisteei erantzunez, bere balorazioa publiko egin nahi du Kataluniako Cominter enpresak papelera erosi izanaren inguruan.

Lehenik eta behin, krisiak gogor zigortutako Buruntzaldea eskualdean enplegua eta aberastasuna sortuko duen proiektu baten sorrera pozez ikusten dugu. Jadanik papelera martxan jartzeko lanetan ari dira, eta enpresak egiten dituen aurrikuspenen arabera, datorren urterako denera zuzeneko 50 bat lanpostu sortuko lirateke, gehi sortuko liratekeen zeharkako lanpostuak. Zentzu horretan, LABek Cominter enpresarekin adostutako akordioa bete eta lanpostuetan Gureolako langileek lehentasuna izan dezatela exijitzen dugu, bai eta lan baldintzen inguruko akordioa betetzea ere.

Hartzekodunen konkurtsoaren barruan enpresa batek interesa agertu izanak eta papelera martxan jarri izanak, LABek bere garaian egin zuen irakurketa berretsi du, hau da, papelera isteko arrazoia ez zela papeleraren ustezko lehiakortasun falta, eta itxieraren atzean zegoen arrazoi nagusia urteetan egindako kudeaketa txarra dela.

Prozesu honek nabarmen uzten du gaur egun, industria ehunaren desagerpenaren aurrean, honelako proiektuak martxan jartzeko benetako borondate eta konpromisoa agertzen duten bakarrak langileak direla. Kasu honetan, kaleratuak izanagatik, Gure-Olako langile sentitu izan diren langileak izan dira hilabete luzez euren etorkizunaren alde borroka egin dutenak, euren egoeraren erantzuleak salatuz eta hilabeteetan enpresako ondasunak babestuz, lanpostuen defentsa egin dutenak. LABek, langileen ordezkaritza izanagatik, prozesu horretan hamaika bilera eta hamaika lan egin ditu enpresarentzat irtenbide bat topatzeko. Aipatu behar dugu baita ere, LABek langile kolektibo osoaren eskubideak defendatu ditugula, eta langile guztien borroka txalotu nahi dugu: Langileengatik ez balitz, proiekturik ez litzateke egongo, eta makineria aspaldian hondatuta legoke. Langileen borrokaren ondorioz piztu da enpresak aurrera egiteko aukera.

Zentzu horretan, onartezina deritzogu Industria Sailari dagokion zeregin bat (ehun industrialaren defentsa eta enpresen bideragrritasuna bultzatzea) langileek eta LABek euren bizkar hartu ondoren, hauteskundeetako kanpainarako Jaurlaritzan agintean dagoen PNVk enpresaren irekiera erabili izana.
 

 

 

Eskubide Sozialen Kartaren aurkezpena Iruñean eta Kalejira Bilbon

Azaroaren 21ean, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren aurkezpena egin zen Nafarroan, Iruñeako Katakraken. Bilbo berriz, eskubideak bermatu asmoz politika publikoak aldatzeko kalejira burutu zen Bilbon.

Santi eta Josu gogoan

0

Azaroaren 20an, eta urtero moduan, gogora ekarri zituzten Bilbon duela 30 eta 25 urte, hurrenez-hurren, erahildako Santi Brouard y Josu Muguruza politikari abertzaleak. Militante, lagun eta familiak lore eskaintza egin zuten bai Muguruzaren eta bai Brouarden omenez jarritako bi monolitoen aurrean. LAB sindikatuko ordezkaritza bat bertan izan zen.