2025-12-22
Blog Page 1154

Arkatzak zorrozteko garaia da

Garai korapilatsuak bizi ditu hezkuntzak. Korapilotsuak diogu gure herriaren asimilaziorako eta egungo jendarte kapitalista eta patriarkalaren mantenurako urrats erabakiorrak egin nahi dituztelako. Inposizioz beteriko garaia dugu eta hezkuntzan ere Euskal Herriaren eta euskal herritarron kontra oldartzen ari zaizkigu. Koadrodun koaderno amaigabeetan «ez dut berriz egingo» idazteko nahi dituzte gure arkatzak.

Frantziar Estatuan aspaldikoa da Gobernuak hartutako erabakia. Fillon legea hor dugu. Euskararen kontrako legeek itota eta inongo baliabide gabe uzten ari dira Ipar Euskal Herriko ikastolak. Onargaitza da, adibidez, Kaskarotenea ikastolaren kontra Ziburuko auzapezak hartutako neurri bidegabeak. Herritarron erantzun eta babesa, ordea, ikaragarri sendoa izan da. Diruz ez besterik, konpromiso irmoak hartu dira Ziburun ere euskalduntzeak posible izaten jarrai dezan. Denon laguntza izaten jarraitzen dute, dena den.

Espainiar Estatuan egoera ez da bestelakoa. Jakin badakigu Estatua egiturazko krisi batean sartuta dagoela. Egiturazkoa diogu ez duelako arazo ekonomiko hutsa, integrala du. Ez da ekonomiak okerrera egin eta lanpostu batzuk galdu direla, ez. Harago doan arazoa du Estatuak. Gobernuko eta oposizioko alderdi nagusiaren baitako ustelkeria, estatu buruzagitzaren familia epaitegietan, giza eskubideak urratzeagatik Europatik datozkion zigorrak, autonomien Estatua bera kolokan jartzen duten gero eta ahots gehiago, ditxosozko konstituzioaren birmoldaketa eskaerak…

Hau guztia konpontzeko nahiarekin, gainera, ustezko ongizate estatuarekin bukatzeko hautua egin eta erreforma sakonei ekin zieten aspaldi. Batetik, zerbitzu publiko gisa definitutakoen pribatizazio eta zentralizazioari ekin zioten, horra hor lan erreforma, osasungintza pribatizatzeko neurriak eta Lomce legea bera, adibidez. Azken hau, neoliberalismo basatia helburu, ikasleak nahi duten sistema horretako robot alienatu izatea du xede. Ez lirateke, beraz, erreforma estrukturalak bururaino gauzatuko, hezkuntzan ere horrelako legea onartuko ez balute. Izan ere, jakin badakite hezkuntza herri eta jendarte baten eraikuntzan zutabe nagusia dela. Horra hor urteetan eman dioten erabilera alderdikoi eta doktrinatzailea. Ez da kasualitatea. Nolako hezkuntza, halako herria. Nolako hezkuntza, halako jendartea.

Eta Hego Euskal Herrira etorrita, aitortua ez izateaz gain, zapaldua den herri batean aurkitzen ditugu inposaketa guzti horiek. Ezberdinak badirudite ere, finean, helburu berdintsuak dituzte Nafarroan zein EAEn gobernuek darabiltzaten hezkuntza politikek.

Nafarroari dagokionez, harro dabiltza Iribas eta konpainia. Urteetan zehar erregimenak izandako boterea baliatuz, ondotxo daki hori Barcinak, hezkuntza nahieran erabili dute ikasle nafar-espainolak hezteko. Orain, «Lomce a la Navarra» aplikatzeko. Botereak ematen dizkien tresna faxista guztiak baliatu eta «euskal» ororen kontrako gurutzada muturreraino eraman dute. Euskara itotze nahitik, D ereduko irakasleen kontra oldartu edota dozenaka ikasle erreprimitzen ahalegindu arte. Baina aldaketa nahia dagoela argia da. Nafarroan haize freskoa dator. Eta hori hezkuntza komunitateak egindako lan amaigabeari esker etorriko da.

EAEra etorrita, Nafarroan deabrututa dagoen «euskal» hori konplexu barik erabiltzen bada ere, gauzak ez dira bestelakoak. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan ere Lomce aplikatzeko hautua egin du Cristina Uriarteren sailak. Gainera, hezkuntza komunitateak 2013ko urriaren 12an Euskal Herriak behar duen Hezkuntza Sistema Propioa aldarrikatzeko deitutako nazio manifestazioaren bezperetan, Jaurlaritzak hezkuntza plan berri bat jarri zuen mahai gainean: Heziberri 2020. Lidergoa hartu eta bertoko hezkuntzaren defentsarako bandera hartu nahi izan bazuen, bidean, uste baino arazo gehiago topatu ditu Uriartek.

Heziberri ez da Lomce ekiditeko plana. Ez da, beraz, egungo hezkuntza defendatzeko ere; izan ere, Lomce ekiditen ez badu, nekez defendatuko du egungoa. Horrela balitz ere, ez litzateke nahiko izango, inondik inora. Egungoa mantentzeak sistema kapitalista eta patriarkalari zein estatuei lotuta segitzea suposatzen baitu. Hezkuntzan aurrera urratsak egin behar ditugu, tinkoak.

Ezker abertzaletik proposamen honen hasieratik zuhur jokatu dugu. Lehenengo atala parte hartze zabalik gabe gauzatu bazen ere, «ez nahikoa» izanik ere, aukera bat eman genion. Beharrezko irakurketa kritikoa egin, eta aurrerantzean proiektuaren bigarren eta hirugarren faseetan zer nolako urratsak egingo ziren zain gelditu ginen.

Orain bigarren fasea bukatzear dago. Dekretu curricularrak onartuko ditu Hezkuntza Sailak. Orain arte mahai gaineratu dutenaren iritzia argia da: Jaurlaritzak Lomceren euskal aplikazioa egin nahi du dekretuokin. Eragile gehienek ezezkoa adierazi diete dekretu horiei. PNV bakarrik gelditu da PPrekin. Hizkuntz ereduekin akordioa lortu zuen Wert-ekin, eta orain dekretu curricularretan PP alde du. Honek asko esaten digu.

Dena den, ez da arinkeriaz aritzeko garaia. Guk Hezkuntza Sistema Propio bati ekiteko inoizko aukerarik egokienaren aurrean gaudela uste dugu. Horregatik, Heziberri bera ere bide horretan aukera gisa kokatzen dugu. Ezker abertzaletik Heziberri baldintzatu eta Hezkuntza Sistema Propio baten bidean kokatzeko ahaleginak egingo ditugu, hainbat hezkuntza eragilek adierazitakoaren bidetik. Bi aukera ditugu mahai gainean, beraz: Bat, Heziberriren kontra agertu eta berriz ere dugun ereduarekin talka etengabearekin jarraitzea; edo, bi, Heziberriri beharrezko kritika guztiak egin, gure bidean norabidetzeko bitarteko guztiak jarri, eta nahi dugun Hezkuntza Sistema Propioaren bidean lerrokatuz urrats erabakiorrak egitea. Ezker abertzaletik bigarrenaren alde egingo dugu. Eta herritar, hezkuntza eragile zein alderdiei norabide horren alde egin dezaten deia luzatu nahi diegu. Bestelako eredu baten alde egin nahi badugu, denok gara beharrezkoak. Herri gisa pentsatuz Euskal Herriarentzat eraikitako sistemaren alde, guztiekin adostasunetara heltzeko konpromisoa berretsi nahi dugu gaurkoan ere. Bururaino gauzatuz gero, gainera, Heziberrik, Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako hezkuntza lege bat ekarriko du azken faseko proiektu gisa. Bertan gure oinarriak diren Euskal Curriculuma, ikasle euskaldun eleaniztunak heziko dituen murgiltze eredua eta publikotasun eredu berri baterako urratsak bildu beharko dira. Gainera, Euskal Herri osorako hezkuntza lege propio bati heltzeko aukera irekia utzi beharko luke.

Konplexu gabe esan nahi dugu, gainera, badirela askatu beharko ditugun korapiloak. Asko dira, bai, baina heldutasunez eztabaida guztiei heldu eta elkarlanean irtenbidea topatu beharko diegu. Konplexu gabe diogu ere lan asko egin dela gaur arte, eta horren arabera definitzen dugu gure hezkuntza eredua: Udalbiltzak zehaztutako «Euskal Herritarron Hezkuntza Eskubideak», Nazio Eztabaida Guneak bere garaian bultzatutako «Oinarrizko Hezkuntza Akordioa», ezker abertzaleak zehaztutako «Hezkuntza Politika Berritua»… Dena den, gure baitan guzti honen inguruko eztabaida gauzatuko dugu, aurki. Eta konplexu gabe diogu ere gure sistema propioaren ezaugarri nagusiak zeintzuk diren: euskara ardatz duen eleaniztasunean oinarritutako sistema, Euskal Curriculuma oinarri izanik curriculum propioei ateak irekiko dizkiona, inklusiboa eta aukera berdintasuna bultzatuko duena, hezkidetzak sistema osoa bustiko duena… eta publikoa, publiko herritarra, «Euskal Publikotasuna» definizioaren baitan duen ulerkerarekin.

Hezkuntza sistema propioaren alde urrats tinkoak egiteko unea da, ezker abertzalean horren alde egingo dugu, ezinbestean. Guk eraiki nahi dugun Euskal Herri berriaren historia, kultura, hizkuntza, balioak, nahiak, ilusioak eta etorkizuna idazteko nahi ditugu gure arkatzak. Bazioen ikasle mugimenduaren kanpaina batek 2005ean: arkatzak zorrozteko garaia da.
 

 

 

Langabeziaren bilakaera eta 2014ko balantzea: prekarietatetik lan pobreziara

Erregistratutako langabeziak behera egin du abenduan Hego Euskal Herrian, 2.678 pertsona gutxiago daude langabezian Enplegu Ministerioak zabaldutako datuen arabera. Honela, 213.557 langabeturekin ixten da urtea. Hala ere, urteko zenbaketa ofizialean langabeziak 5.305 pertsonetan soilik egin du behera, oso beherakada apala eta eskasa kontutan hartzen badugu krisia hasi zenetik 112.000 pertsona gehiago daudela langabeziako zerrendan.

Oraindik ausartegia litzateke esatea enpleguaren suntsiketak behea ukitu duela ; batez ere enpresa askoren inguruan baitabiltza itxiera eta kaleratze mehatxuak. Hala ere, hau bezain larria, edo larriagoa, da botere ekonomiko eta politikoek inposatutako kontsigna : « enplegua sortu kosta ala kosta ».

Bestelako estatistika iturri batzuen arabera, enplegu sorrera bat baino lanaldi partzialeko kontratuak biderkatuz pobrezia zabaltzen duen enpleguaren banaketa bat ikusten ari gara.

Abenduan sinatu ziren kontratuen %93,6a aldi baterako lan kontratuak izan ziren, eta sinatu ziren kontratu mugagabeen %41a lanaldi partzialekoak edo aldizkako lan kontratu finkoak izan ziren. Beraz, azpi-enplegu eta tenporalidadea gorantz doa eta aldi berean lehenagotik apalak diren soldatak beherantz egiten dute. Hauek dira lan merkatuaren garapenaren ezaugarriak.

Honela azaldu daiteke geroz eta gehiago izatea lana izan arren pobrezian dauden pertsonak. Baina oinarrian borrokak berdina izaten jarraitzen du kapitala eta lanaren interesen arteko konfliktoari erantzuten baitio ; hau da pribilegioak mantendu nahi dituen elite baten eta hauen erebakiak larriki kaltetzen dituen populakuntzaren gehiengoaren artean.

Gainera, lan baldintzen kaxkartze hau langabezia babes sistemaren ahultze batekin batera doa, honek gaur egun 120.000 pertsona lan gabe eta babesgabe uzten ditu.

Gaur egun, lau pertsonatik batek bakarrik kobratzen du ordaindutakoaren araberako prestazioa eta %55,5ak ez du inolako laguntzarik jasotzen langabeziagatik. Duela urte bete langabezian zegoen populakuntzaren %48,8ri eragiten zion. Bestalde, ordaindutakoaren araberako prestazioaren kuantia %3,3 jeitsi da.

Egoera honen aurrean, sindikatuaren prioritatea eraldaketa sozial justu eta ekitatibo baten alde egiteko, non gakoa burujabetza eta erabakitzeko eskubidea izango diren, indar metaketa bultzatu eta klase aliantzak berreraikitzea izango da.

{linkr:related;keywords:langabezia;limit:5;title:Albiste+gehiago}
 

 

 

Larunbatean, Bilbora

0
Ainhoa Etxaide eta Adolfo Muñoz – LABeko eta ELAko idazkari nagusiak

Datorren urtarrilaren 10ean, Sarek deituta, Bilbon izango gara. ELA eta LAB sindikatuetako arduradun gisa, geure militantziari, lan munduari, eta euskal gizarteari oro har, dei egiten diegu euskal preso politikoen dispertsioaren kontrako manifestazio horretan parte har dezaten.

Dispertsioa giza drama da, aberrazio juridikoa, eta helburu politikoa du. Horregatik, beharrezkoa iruditzen zaigu dispertsioarekin amaitzeko mobilizazioaren indarrari eustea.

GIZA DRAMA. Duela 25 urte hasita, euskal preso politikoak sistematikoki erbesteratuak izan dira, Espainiako eta Frantziako espetxeetan dispertsatuak. Gutxieneko begiramen humanitario orori eraso egiten dio dispertsioak, preso den pertsona bere ingurune fisiko, afektibo, familiar, militante… eta kulturaletik urruntzen baitu.

Giza drama hau oraindik eta bistakoagoa egiten da gaixotasun larriak edota sendaezinak dituzten presoen kasuan, zeinetan dispertsioaren moduko neurriak zigor erantsi bihurtzen diren. Hala, pertsona horiek behar dituzten mediku tratamenduak oztopatu egiten dira, eta zenbait kasutan horrek kalte nabarmenak eragiten ditu osasunean, atzera bueltarik ez duten ondorioekin.

Zigorrak ez dio preso den pertsonari bakarrik eragiten. Hurbileko guztiak ere, batez ere familia, politika horren biktima dira. Urruntasunak denbora eta baliabide ekonomiko ugari xahutzera behartzen ditu, oinarrizko eta funtsezko helburu eta behar bati erantzun ahal izateko, lagun edo senidea bisitatzea alegia. Pertsona askok, xede horrekin, astea joan, astea etorri, euren bizia arriskuan jartzen dute errepidean; egunerokoan, baita lanegunetan ere, ordu asko ematen dituzte helburu hori lortu ahal izateko. Askotan, gainera, bidaia eginda ere senidea ikusteko aukerarik izango duten ala ez erabateko ziurtasunik izan gabe.

ABERRAZIO JURIDIKOA. Legelari garrantzitsuek behin eta berriz dioten moduan, dispertsioa aberrazio juridikoa da. Europako Giza Eskubideen Auzitegiak ezarritako jurisprudentzia irmoa da zentzu horretan. Dispertsioak intimitate pertsonal nahiz familiarrerako eskubidea urratzen du. Espainiako espetxe araudian bertan ere ez du oinarririk dispertsioak. Hori horrela, onartezina da Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko Presidenteak Senatuan egin berri duen interbentzioa, egiten dutena legezkoa dela esanez eta dispertsioa presoen gizarteratzea lortzeko onuragarria dela defendatuz.

Jurisprudentzia bidegabe eta zital horren sorreraren atzean Espainiako Gobernu ezberdinek botere judizialari urteetan egindako presioa dago, baita magistratuak adskripzio politikoaren arabera izendatu izana ere. Epai horietako zenbait, urte batzuk geroago, baliogabetu egin dituzte Europako Auzitegiek. Giza eskubideei zentzuren bat aitortzen dien Estatu batek ez luke egungo espetxe politika mantentzerik. Presoei ezartzen zaien sistema bidegabea minutu bakar bat gehiago luzatzerik ez legoke.

DISPERTSIOAK HELBURU POLITIKOA DU. Dispertsioaren praktikak —gainerako presoei ezartzen ez zaien salbuespenezko praktika gisa- bultzatu dutenek ukatzen dutena baieztatzen du: alde batetik, euskal presoen izaera politikoa, eta bestetik, dispertsioaren praktikak bere baitan dituen helburu politikoak.

Mendeku politika honen sustatzaileak normalizazio politikorako prozesu batekiko kontrapedagogia egiten ari dira. Normalizazio politiko hori burutuko bada, besteak beste, pertsona guztiak euren herrian eta euren etxeetan egoteko aukera izan behar dute.

Esandakoaz gain, dispertsioak presoa eta bere erreferentzia politikoko espazioak zigortu eta etsiaraztea du helburu, eta gure herrian agenda politiko berriek zentralitatea irabazi ahal izatea eragotzi nahi du. Hori da arrazoi nagusia, ekintza armatuaren behin betiko amaiera eman zenetik hiru urte baino gehiago pasatu direnean, Estatuak espetxe politika berraztertzeari uko egiten jarraitzeko.

Horregatik guztiagatik, ELAk eta LABek uste dugu ordua dela 2000ean PPk eta PSOEk sinatutako Paktu Antiterrorista indargabetzeko; Espainiako instituzio nagusiak diziplinatu dituen akordioa da, botereetatik —legegilea, betearazlea eta judiziala—hasi, eta komunikabide gehienetaraino, eliza katolikoaren hierarkiatik pasatuz, Estatuko bi sindikatu nagusietaraino. Ordua da Espainiako eta Frantziako gobernuek euskal preso politikoei ezartzen dieten espetxe politika aldatzeko.

Euskal Preso politikoen eskubideen defentsan mobilizazio sozial demokratikoa ezinbestekoa iruditzen zaigu. Oraindik aldarri hori bere egin ez dutenen kontzientzia politikoa irabazten joateko beste modu bat da. Eta bada elkartasunezko konpromiso bat ere, zuzenbidekoa ez den praktika krudel eta jasangaitz hau bidegabeki pairatzen duten guztiekiko.

Justiziazkoa delako, datorren urtarrilaren 10ean, Sarek deituta, Bilbon izango gara. Euskal presoak, etxera!
 

 

 

Enpresa elektrikoak eta babesten dituztenak energia eta bizitza duina lapurtzen digute

FOESSA-ak eta Iruña zein Gasteizko gobernuen ikerketek bat egiten dute: Hego Euskal Herrian etxebizitzen %5 – %7-k ezin diote aurre egin argia eta gasaren kostuari. Eta bada %15 inguruk zailtasunak dituztenak ordainketak garaiz egiteko. Aldi berean, ezagutzera eman dute Estatu espainiarrean 1,4 miloi etxebizitzetan argindarra moztu zutela inoiz 2013an.

Egun hauetan errekuperazio ekonomikoaren iragarpenaz eta kontsumismoaren apologiaz ari dira bonbardatze. Hala ere, errealitate gordina ezkutaezina da. Ezin dugu ahaztu prekarizazioaren eta pobreziaren instituzionalizazioareekin energia erabiltzeko eskubidea ukatzen ari dira lan erreformari babesa emanez, politika fiskal erregresiboak onartuz eta prestazio sozialak murriztuz. Holaxeko erabakiekin fisikoki zein sozialki indarkeria aplikatzen ari dira gure herriaren zati esanguratsu baten kontra.

Datu guzti hauekin batera, enpresa energetiko erraldoiak inoizko emaitzarik lortu dituzte 2013an: 14.600 miloi irabazi zituzten. Eta energiarik gabeko pertsonen gainetik, badira erabat salagarriak diren erabaki politikoak. PNV-ek, behin eta berriz, uko egiten dio Parlamentuan neurriak hartzeari inork ez dezan geratu argia edo gasik gabe, arrazoi ekonomikoak direla medio; baita uko egiten dio ere aurrekontuak igotzeari larrialdietarako diru-laguntzak eskubide subjetibo izan dadin, eta beraz bermatua egon dadin argia edo gasa erabili ahal izatea. Hau ere politika soziala dela erraz ahazten dute. Aitzitik. Haien interesak eta kezkak fracking edo hidrokarburoen esplotazioan eta espekulazioan daude.

Neguan argia eta beroaren beharra handiagoa da. Beraz, bada unea energia oinarrizko beharra eta eskubidea dela aldarrikatzeko. Derrigorrezkoa da hori bermatzea, kontuan hartuta energia ere bizitza duin baten osagaia dela. Bada garaia erabaki sendoak hartzeko. Prekarietatea eta pobrezia, eta horiek eragiten dituzten elementuak desagertarazi behar ditugu Euskal Herriko egunerokotasunetik. Ezin diegu utzi energia eta bizitza duina lapurtzen.
 

 

 


Irain, mehatxu eta erasoen aurkako mobilizazioa Metro Bilbaon

0

Metro Bibaoko langileek azkeneko egunetan bezero gutxi batzuengandik jasandako eraso, irain eta mehatxuek sortzen duten kezka adierazi zuten pasadan asteartean Basuariko geltokian egindako elkarretaratzean.

Metro Bilbao Enpresa batzordearen oharra
IRAINAK, MEHATXUAK, ERASOAK… STOP

«Metro Bibaoko langileek, enpresa-batzordearen eta prebentzio-ordezkarien bidez, gure lankideek azkeneko egunetan bezero gutxi batzuengandik jasandako eraso, irain eta mehatxuen sortzen diguten kezka adierazi nahi diogu gizarte osoari. Santurtziko asteburuko gertakariak gainezka eragin digu. 30 egun baino gutxiagoan mehatxuak, erasoak eta irainak jaso ditugu Santurtzi, Abatxolo, Larrabasterra eta Basaurin. Joan den igandean hemen Basaurin gertatutakoak berriro gainezkatu digu pazientzia. 

2006 eta 2007an gora egin zuten horrelako erasoek baina Metro Bilbaoko lantaldeak mobilizazioak eta lana eginez modu egokian bideratu zen egoera. 7 urte geroago hemen gaude beste erasoaldi baten aurrean. Gertakari puntualtzat har genezakeen arren, ez dugu oharkabean igarotzerik nahi, oso larria izan baita. 

Enpresa-batzordeak oraingo egoera salatu nahi du, eta arazo larri hau berehala konponbidean jartzea eskatzen dugu. 

Enpresaren zuzendaritzari eskatzen diogu irmoki heltzea gaiari. Arazoa egiturazkoa da, gure ustez, ez unekoa eta, ondorioz, 2007an ezarritako protokolo eta neurriak aplikatzen jarraitu behar dugu, utzikeria eta lasaikeria alboratuta. 

Langileoi, berriz, lasaitasuna eta profesionaltasuna eskatzen dizkizuegu, baita ideiak eta ekarpenak egin ditzazuen, irain, mehatxu eta erasoen gaitz hau mozteko bide eta neurririk egokienak aurkitzeko. Gizarteari, oro har, gurekin errespetuz eta elkarlanean aritzeko eskatzen diogu, Metro Bilbao erabiltzen dutenen % 99ek egiten duen bezala. 

Ezin dugu onartu gutxi batzuen jokabideek gehien-gehienen portaera txukunari itzal egiterik. Enpresa- batzordetik segituko dugu halakorik berriro gerta ez dadin lanean. 

– Batetik, orain arteko erasoak aztertzen ari gara zelan aurre egin proposatzeko: prebentzio-neurriak, baliabideak, pertsonak eta dirua, balizko irtenbideak. 

– Bestetik, halakorik gertatzen den guztietan salatu eta mobilizatzeko protokoloa martxan jarri dugu berriro. 

Geltokietako langileak metroko erabiltzaileei laguntzeko eta informazioa emateko gaude. Iraina, mehatxua eta erasoak ez dira konponbidea. Jorratu dezagun denon artean errespetu eta elkarlanaren bidea. »
  

 

 

Bizkaiako Correoseko sindikatuek kezka adierazi dute posta zerbitzuaren kudeaketaren aurrean

0

Urte osoan zehar salatu dugu Bizkaiako Correos-eko sindikatuok (CCOO, ESK, UGT, LAB, ELA, CSI-F) eguneroko banaketa egiteko izan den langile faltagatik milaka portaletan pakete eta gutun banaketan atzerapenak jasan dituztela, Eguberritako kanpañaren gestio eta planifikazioa —azken zazpi urteetako garrantzitsuena pakete baneketari eta erabiltzaile kopuruari dagokionean— onartezina izan da enpresa gestio zein zerbitzu publikoaren gestioari dagokionean.

Nahiz eta, abenduan, pakete banaketa %40 igo Zonako Zuzendaritzak ez du bete nahi izan 2013 eta 2014an egindako sekzio suntsiketak ekarritako lan postu galera. Erabaki arduragabe horren ondorioz postetxe ugari erabat saturatuta egon dira eta atzerapen handiak ekarri ditu paketeak entregatzerako orduan.
Era berean, pantila faltak ilara amaigabeak eragin ditu jendearen arreta bulegoetan.

Egoera honen aurrean Zonako Zuzendaritzak eman duen erantzuna berandu iritsi da eta ez da egokia izan: hamarnaka ebentual kontratatu dituzte egun bat edo bitarako banaketari dagokionean eta 4 orduko kontratuak egin dituzte zentru berezi eta lehiatilan. Egoerak zerbitzuren idartzea, banaketa zein jendearen arretan, eskatzen bazuen ere guzti honekin ez dute lortu egoerak eskatzen dituen lan postu guztiak betetzea.

Sindikatuak kokoteraino gadu gestio honetaz eta duten sentsibilitate sozial faltaz: onartezina da Eguberritako kanpainan, pakete eta gutun banaketa haundia den garaian eta erabiltzaileak bulegoetara jotzen dutenean plantilla enpresak berak jarri duenaren azpitik egotea. Bizkaia Correos-ek langile gehiago hartu ditzake eta hartu behar ditu Posta Operadore Publiko den heinean.

Pentsatu nahi dugu posta zerbitzuaren okertzea Zonako arduradunek gestiorako duten gaitasun ezaren ondorioa dela eta ez pribatizatzeko bidean lehen urratsa den Correos desprestigiatzeko borondatearen ondorio bat.
 

 

 

Euskal preso politikoen eskubideen alde U10ean langileok Bilbora


Euskal langileok, euskal jendarteak, huts egin ezineko hitzordua dugu urtarrilaren 10ean Bilbon. Dispertsioaren aurka, eta euskal presoen giza-eskubideen alde Sare herritar plataformak antolatu duen mobilizazioaren bat egiten du LABek.

LAB ere badoa Bilbora, euskal gatazkaren ondorio eta konponbidearen parte diren presoei ezartzen zaien dispertsioaren ondorioekin amaitu beharra dagoelako, eta premiazko aldarria delako, larria baita etxetik ehunka kilometrora espainiar zein frantziar espetxeetan sakabanaturik diren euskal presoen egoera, baita haien senide eta lagunek pairatzen dituzten ondorioak ere.

Mobilizazioa ezinbestekoa da. Dispertsioarekin amaituz Euskal Presoak Euskal Herriratzeko aldarria saretzen joateko tenorea dugu. Dispertsioaren ondorioak orohar latzak badira, are larriagoak dira preso gaixoen kasuan. Herriz herri, auzoz auzo, lantokiz lantoki, gutako bakoitza, langileok, mobilizatuz eta aktibatuz. Lantokiak saretzeko konpromisoa du LABek, eta lan horretan murgilduta hasiko dugu 2015a ere, dispertsioaren aurkako aldarria, atxikimendua eta mobilizazioa lantokietara eramanez eta lantokietatik sustatuz.

Urtarrilaren 10ean Bilbon izango gara, dispertsioaren amaierarantz egin beharreko bidean mobilizazioa dugulako bidelagun, eta mobilizazioa badelako ere Euskal Presoek bizi duten egoerari elkartasunezko konpromisoa adierazteko modurik eraginkorrena.

Presoen afera konpontzea ezinbesteko urratsa da Euskal Herrian bake eta konponbide prozesuan aurrera egiteko. Ez dago herri bat normalizatzerik ehunka preso politiko espetxean izanik. Mobiliza gaitezen, beraz, salbuespen egoera guztiekin amaitzeko, eta euskal preso eta iheslari guztiak, eskubide guztien gabe, behingoz etxean izan daitezen.

Urtarrilaren 10ean, 17.30etan izango dugu hitzordua, La Casillatik Udaletxera, eta Udaletxetik La Casillara, milaka argi izpi batera, argi esango dugu, munduan ozen eta argi entzun gaitzaten, euskal presoen eskubideen defentsan, NOW EUSKAL HERRIRA!

 

 

Langile Batzarrak babesa eman dio Candyrekin enpresa batzordeak lortutako aurreakordioari

0

Aurreakordio horren arabera jubilatzeko adinetik gertuen dauden langileek erretirora era duinean heltzea ahalbideratu da. Gainontzeko langileei dagokienez, aldi baterako suspentsioko Enplegua Erregulatzeko Espedientea adostu da 5 hilabatetarako, hurrengo hilabeteetan berrindutrializazio prozesu bat ematea ahalbideratzeko.

Candyko enpresa batzordearen oharra
Langile Batzarrak babesa eman dio Candyrekin enpresa batzordeak lortutako aurreakordioari

Ohar honen bidez, CANDYko enpresa batzordeak ondorengoa adierazi nahi dio iritzi publikoari:

-Langile Batzarrak, gaur astelehena 29, babesa eman dio Candyko zuzendaritzarekin Candyko enpresa batzordeak lortutako aurreakordioari (122 bozka alde, 7 kontar eta 2 txuri). Aurreakordio horren arabera —aurrerago zehaztu beharko da— jubilatzeko adinetik gertuen dauden langileek erretirora era duinean heltzea ahalbideratu da. Gainontzeko langileei dagokienez, aldi baterako suspentsioko Enplegua Erregulatzeko Espedientea adostu da 5 hilabatetarako, hurrengo hilabeteetan berrindutrializazio prozesu bat ematea ahalbideratzeko.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren ekimenez abiatutako berrindustrializazio prozesu hau abiatzeko, eta hortaz, aurreakordio hau behin betiko akordio bilakatzeko, beharrezkoa da Candy eta Gipuzkoako Aldundiak lantokia eta lurzoruaren tranmisioaren inguruko akordioa erdiestea.
-Guretzat akordio hau ona da, epaiketaren bideak, ekarriko lukeenaren ziurgabetasunaz gain, epaiketaren bideak berrindustrializazioa ezinezko egingo lukeelako. Hala ere, Candyren jarreraren inguruan, orain arte esandako berretsi nahi dugu: gehiago irabazteko ekoizpena deslokalizatu nahi duen multinazional bat besterik ez da.

-Zentzu horretan, lan erreformaren ondorio tamalgarriak salatu nahi ditugu: aldebakarrez enpresak isteko aukera ematen du, inolako eskuahartze publikorik gabe. Jaurlaritzak, Candyren itxiera “onartzen ez zuela” esan ondoren, langileekiko konpromisorik ez du hartu. Zehazki Candyren kontuak auditatzeko eskaera aurkeztu genion enpresa batzordeak Candyren irabaziak azalarazteko, baina eskaeraren aurrean ez digu erantzunik eman. Hori da gurekiko izan duen konpromisoa. Espero dugu, medioetan hala irakurri dugulako berrindustrializazio prozesuari begira bestelako jarrera bat izatea.

Azkenik, langileek burututako borroka, eta Bergarako herritik eta eskualdeko gainontzeko herrietatik jasotako elkartasuna txalotu nahi ditugu. Aurreakordio hau lortu badugu, eta Bergaran lan egiteko aukera oraindik zabalik badago maila handi baten borroka horri esker izan da.

Oraindik ere lan asko dugu haseratik jarri genuen helburua lortzeko: enpleguaren defentsa.

CANDYKO LANGILEAK BERGARAN LAN! LORTUKO DUGU!