2025-12-31
Blog Page 1152

4.000 sinadura Urola-Kostako enpleguaren defentsan

0

TS Fundiciones enpresako langileek epaileari lanpostu eta proiektu sendo baten alde egin dezan eskatzen dituzten 4000 sinadura aurkeztu dituzte Donostiako epaitegietan. Langileek eskerrak eman dizkiete Urola-Kostako bizilagunei enpleguaren defentsan emandako babesagatik.

TS FUNDICIONESeko langileen oharra
«Urte berriarekin batera iritsi da TS Fundicionesen eta bertako langileon etorkizunari buruz zirt edo zart egiteko unea. Konkurtsoaren bigarren fasean sartuak ginen iazko Urriaren 16tik eta dagoeneko eskaintzak aurkezteko epea amaitu zen pasa den Urtarrilaren 5ean. Urte berri honi ere Epaitegi aurrean eman behar hasiera.

Aspaldi, errekurtso izaera zuen salaketa sartu genuen epailearen aurrean ez zezan bigarren fase hau lehenengoari beste aukera bat eman gabe ireki, ez baikenekien ondorenean zer gerta zitekeen, ez geneukan ezer finkorik eta intentzioek ez baitute etorkizuna bermatzen. Eta zer diren gauzak, bigarren fasearen itxiera eguna pasa ondoren jakin dugu errekurtsoari epailearen erabakia.. Ezezkoa noski.

Ez dugu bigarren fase honetan aurkeztu diren eskaintzen informazio askorik.

Badakigu 3 eskaintza egon direla eta hasiera batean berri onak direla esan behar. Lehengo fasean 2 eskaintza eta bigarren fase honetan 3 eskaintza jaso izanak gure aldarrian sendotu eta indartu egiten gaitu! Batzuek ehundik gora familia kale gorrian utzi eta basakeria hau aurrera eramateko TSren bideragarritasun eza aitzakiatzat erabiltzen zuten bitartean, langileok erakutsi dugu arrazoi genuela, bide onetik gindoazela eta jarraitzen dugula, eta egungo eraikuntza industrialean ere zer esan handia dugula.

Fase honen ondorioak jasotzeko itxaron beharra izango dugu. Pasa den astean izan zen eskaintzak ireki eta hobetzeko eguna, datozen egunotan aztertuko ditu eskaintzak Administradore Konkurtsalak eta erabaki bat hartu beharko du. Ez da justua ezagutzen ez gaituen kanpoko pertsona baten menpe gelditzea gu guztion etorkizuna, baina hala omen dio legeak.

Bere esku dago guk behin eta berriro aldarrikatu izan dugun proiektu industriala eta lanpostuen bermea jartzea diru ororen gainetik, edo gure herrian bizi dugun egungo egoera sozialari muzin egin eta gutxi batzuen aurrean ondo gelditzeko eskaintzen dirua jarriko duen lanpostu edota proiektu sendo bat zakarretara boteaz.

Argi dugu urte eta erdiko borrokak ekarri gaituela egoera honetara eta hankak lurrean ditugu. Horrenbeste denborako lanaren ondoren norbanako baten erabaki xinple baten menpe aurkitzen gara eta ez gure eskualdeak, ez bertako biztanleok eta are eta gutxiago TSko langileok, ez genuke ulertuko momentu honetan aukera onik bada, hau galaraztea.

TSko langileok ez gaude geldik, eta Abenduko azken bi asteetan sinadura bilketa kanpaina bat burutu genuen behin egoera honetara iritsita, lanpostuak eta proiektu industrial baten bidez TS-k bizirik behar zuela aldarrikatzeko, ez soilik diruz oinarritzen zen proiektu baten bidez.

Bi aste hauetan 4000 sinadura bildu ditugu! Eskerrik asko Urola-Kosta! Eskualdearen babesaz etorri gara gaur Epailearengana sinadura hauek aurkeztera eta Administradore Konkurtsalari ere helaraziko dizkiogu! TSko langileok eta Urola Kostako biztaleok hitz egin dugu, utzi diruak eta eman behar duen garrantzia lanpostu eta proiektu sendo bati!

Gureak ez du etenik eta borrokak bere fruituak dakartzala argi dugu. Datozen egunetan, jaso diren 3 eskaintzen nondik norakoak jakitean, prentsaurreko bat burutuko dugu guzti hau baloratzeko.

Gora TSko langileria! »
 

 

 

LABek, Gasteizko Gizarte Larrialdien Udal Zerbitzuan egin diren bi kaleratze bidegabekoak salatzen ditu

Pasa den abenduaren 28an, Asociación para el Desarrollo Proyecto Intervención Social-BETA delakoak, Gasteizko Gizarte Larrialdien Udal Zerbitzuaren kudeaketa eramaten duen enpresak, zerbitzu publiko honetan luzez aritu diren bi langile kaleratu zituen. LABen iritziz bi kaleratze hauek erabat bidegabekoak dira; izan ere, ez dago inolako arrazoirik horrelako neurri bat hartzeko: alde batetik, zerbitzuan ez da eman aldaketa ekonomiko ez organizatiborik; eta bestaldetik, enpresak berak ere ez die langileei ezer leporatzen horrelako neurri gogorra eta irtenbiderik gabekoa aurrera eramatea justifikatuko lukeenik.

Langileei emandako idazkian, enpresak BETAk kudeatzen zituen bi zerbitzuak (bi langile kaleratuak lan egiten zuten Gizarte larrialdietarako zerbitzua batetik, eta Genero indarkeriaren biktimentzako berehalako harrerarako zentroa bestetik) bi konkurtso ezberdinetan ateratzeko erabakiarekin lotzen ditu enpresak bi kaleratze hauek. Baina praktikan Udalak hartutako erabaki horiek ez dute inolako eraginik Larrialdietarako zerbitzuan lan egiten zuten langileengan. Izan ere, BETAri eman diote berriz ere kontrato hori, eta gainera, orain arteko baldintza berdinetan.

Are gehiago. Bi zerbitzu horietan bi langileen ekipo berezituak lan egin izan dute, nahiz eta biak BETA enpresaren menpe egon. Beraz, kaleratutako bi langileen lanpostuak berdin jarraitzen dute: ez da murrizketarik egon (ez orduak, ez pertsonalgoa, ez dirua). Zer dela-eta enpresak bi langile hauek kaleratzea erabaki du? Gure aldetik ez dago zalantzarik: arrazoi ekonomiko hutsa izan da. BETAk ez du kontutan hartu langile hauen ibilbide profesionala, Larrialdietarako Zerbitzuan eskuratu duten esperientzia… eta “merkeen” aterako zaizkien kaleratzeak erabaki dituzte. Eta gainera, ez dute inolako sentikortasunik erakutsi bi langile hauekiko, guztiz bestelakoa izan da enpresaren jarrera, bi langileak kaleratze merke eta garantiarik gabeak onartzeko presionatu ditu, eta haien kaleratzeen kostuen ardura haiei leporatzen saiatu dira.

Baina enpresaz haratako, LABek Erakunde publikoak ere salatu nahi ditu, zerbitzu bat esku pribatuetan uzten dutenean erakusten duten pasibotasuna eta enpresetan lehenesten diren irizpide ekonomizisten aurrean. Kasu honetan BETA izan da bi langileak kaleratzeko erabakia hartu duena, baina finean Gasteizko Udalak zerbitzu horien kontura hartu dituen erabakiak izan dira BETAri hori egiteko aukera eman diotenak. Horren ostean, Udalak ez du inolako bitartekorik jartzen %100ean erakunde horren erabaki ekonomikoen menpe dauden zerbitzuetan aritzen diren langileen eskubideak bermatzeko.

Zerbitzu hauek erabat publikoak dira: arreta ematen dieten egoera larriengatik eta horietara jotzera behartuta sentitzen diren giza kolektiboen izaera sensiblearengatik. Gure iritzian zerbitzu horiek zuzenean Administrazioak kudeatu beharko lituzke, horrek bertan erabiltzen den diru publikoa eta herritarrei ematen dieten zerbitzuaren kalitatea kontrolatzeko aukera bakarra hori delako. Edozelan ere, Udalak zerbitzu horiek esku pribatuetan uztea erabakitzen badu ere, horrek ez du esan nahi bi langileen bidegabeko kaleratzeak bezalako egoera larrien aurrean Udalak eskuak garbitzea.
 

 

 

Giza eskubideen, bakearen eta konponbidearen alde mobilizazio erraldoia egin da Donostian

0

Milaka lagun elkartu gara gaur Donostian, astelehenean izandako operazio politiko-polizialari erantzunez, giza eskubideen, bakearen eta konponbidearen alde eragile sozial, politiko eta sindikalon deialdiari jarraituz.

 ARGAZKI GALERIA

Operazio sozial handi bat iragarri genuen eta horrela izan da. Antiguako tuneletik Bulebarrerainoko bidean, asteon jazotako gertakariak salatu eta euskal presoen eskubideen defentsan, elkartasuna ez dela delitu aldarrikatu eta erakutsi dugu milaka lagunek.

Bada garaia herri hau Espainiako estatuak kondenatu nahi duen zurrunbilotik ateratzeko; tunelaren iluna atzean utzi eta gatazkaren konponbidea argiztatzeko. Ez du denak balio, eta hori esatera irten gara kalera, alegia, ez gaudela prest gure etorkizuna Espainiako Gobernuko agintari arduragabeen eskuetan uzteko.

Euskal herritarrok gure bidea egin nahi dugu eta bidea egiten segiko dugu, erasoen tamainako elkartasun erakustaldiekin, presoen eskubideen defentsan eta gatazkaren konponbidean konpromiso berriak hartuz.


 Ahotsa.info

Eragile sozial, politiko eta sindikalen irakurketa asteleheneko operaziaren harira

GIZA ESKUBIDEAK, BAKEA ETA KONPONBIDEA
«Besteak beste, euskal presoen defentsa eta ordezkaritza legala egiten duten abokatuak eta beste herritar batzuk atxilotzea ekarri zuen egindako polizia operazioak denboran atzera begira jarri gintuen atzo, Euskal Herrian bizi izan ditugun azken urteak debaldekoak izango balira bezala. Atzoko sarekada soberan zegoen, atxilotutako pertsonak errez aurkitzeko modukoak direlako, operazioa agindu duen epailearen disposizioan jarri zirelako eta bere lana Audientzia Nazionalean, espetxeetan eta ezagupen publikoko bulegoetan egiten dutelako.

Elementu eta ezaugarri zehatzak erraz atzeman daitezke polizia operazio honen atzean. Izaera erabat politikoa daukan polizia operazioa da, eta sarekadaren benetako helburuak ez daukala zerikusirik Espainiako gobernuak esaten eta baieztatzen duenarekin.

Atxilotutako pertsonei eragiten dieten ondorio zuzenez gainera, era honetako ekinbideek behin eta berriro atzeratu dute herritar guztiei dagozkien oinarrizko eskubideak eta bermeak errespetatuak eta beteak izatea; egiazko demokrazia batean, eskubide eta berme horiek beste edozein interesen gainetik eta aurretik egon beharko lirateke.

Gero eta hedapen handiagoa duten eremu politikoak, juridikoak eta sozialak Espainiako Gobernuak indarrean daukan espetxe politika zalantzan jartzen duten unean iritsi dira atxiloketak. Elkartasun keinuak areagotzen doazen heinean, Estatuak kriminalizatu eta lapurtu ditu eta elkartasuna delitu bilakatu. PPren gobernuak euskal presoei ezartzen dien sakabanaketa politikaren ondorioz indarrean jartzen dituen salbuespen neurriak gero eta zilegitasun gutxiago dute gizartean.

Espetxe politikaren aurka larunbatean eginiko mobilizazio erraldoiaren ostean gauzatu dira atxiloketa hauek. Gaur bertan, Espainiako Auzitegi Gorenak Frantziako estatuko espetxetan zigorra bete duten presoen zigorra luzatzeaz erabaki behar du eta, atzo ere, ezker abertzaleko 35 kideren aurkako epaiketa zen abiatzekoa Audientzia Nazionalean, baina abokatuen atxiloketaren ostean atzeratu egin den epaiketa.

Atxiloketa hauek eraso zuzena dira bake, askatasun eta demokrazia egoera bat sortzeko egiten ari diren ahaleginei eta egoera sozial eta politiko berriari.

Egoera berri horren aurka egitearekin tematua dagoen estatua dugu aurrez aurre. Espainiako Gobernuak giza eskubideak zein eskubide zibil eta politikoak urratzen dituzten politikak garatzen ditu, gatazkari zein bere ondorioen konponbideri lagundu beharrean.

Bada garaia herri hau Espainiako estatuak kondenatu nahi duen zurrunbilotik ateratzeko; etorkizunari begiratzeko unea da, askatasunean, bakean eta demokrazian oinarrituko den etorkizuna eraikitzeko konpromisoak hartzekoa. Ez du denak balio. Ez gaude prest gure etorkizuna Espainiako Gobernuko agintari arduragabeen eskuetan uzteko. Euskal herritarrok bakean, demokrazian eta askatasunean bizi nahi dugula erabaki dugu. Atera gaitezen zurrunbilotik.

04/08 EPAIKETAREN KIDEOK • ABOKATUAK • AHT ELKARLANA • ALTERNATIBA • ARALAR • BILGUNE FEMINISTA • CGT-LKN EUSKAL HERRIA • CNT • EA • EGIARI ZOR • EHE • EHNE • ELA • ERAIKI ARALAR • ERNAI • ESAIT • ESK • STEILAS • ETXERAT • EZKER GOGOA • GAZTE ABERTZALEAK • GITE-IPES • GOLDATU • HIRU • IKASLE ABERTZALEAK • LAB • LOKARRI • SORTU
GIZA ESKUBIDEAK, BAKEA ETA KONPONBIDEA
»

  

#konponbidea Tweets

 

 

Euskal langileok konponbidearen alde irten gara gaur kalera

0

Asteleheneko operazio polizialaren aurrean ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS, EHNE, Hiru, CGT eta CNT sindikatuok deituta euskal langileok Euskal Herriko hiriburuetan elkarretaratzeak egin ditugu "Langilok konponbidearen alde" goiburupean.

Bilboko elkarretaratzean Ainhoa Etxaide, LABeko idazkari nagusiak konponbide eta irtenbidearen aldeko mezua luzatu eta estatuak jartzen dituen oztopei aurre egiteko bihar Donostian burutuko den manifestazioan parte hartzeko deia luzatu du.

Mobilizazioak Donostiako Alderdi Ederren, Gasteizko Virgen Blanca Plazan, Iruñeako Udal plazan eta Bilboko Udaleko atarian izan dira.

Ipar Euskal Herria
Ordu berean LABek elgarretaratzea egin du BAIONAn Herriko Etxearen aurrean.

 

 

 

Josu Uribetxebarria euskal preso politikoa hil da

LAB sindikatuak dei egiten du espainiar gobernuaren espetxe politika ankerra salatu eta euskal presoen etxeratzearen alde deitutako mobilizazioetan parte hartzera.

Josu Uribetxebarria euskal preso politikoaren heriotzaren aurrean LAB sindikatuak ezer baino lehen besarkada beroa helarazi nahi die Josuren senide eta lagunei.

Euskal presoen eskubideen defentsaren kontrako operazio politiko-poliziala salatuz hasi genuen astea, eta gaur, Uribetxebarriaren heriotzarekin, espainiar zein frantziar Gobernuen espetxe politika ankerra salatuz amaitu behar dugu, euskal presoen giza eskubideak eta bizi baldintzak zuzenki erasotzen jarraitzen baitu.

Euskal presoek pairatzen duten egoera larria are zitalagoa bihurtzen da preso gaixoen kasuan. Gaur bereziki gogoan ditugu guztiak. Dispertsioaren ondorioez gain gaixotasuna behar bezala artatzeko baldintzarik eza pairatzen dute, muturrekoa da haien egoera, eta atzera bueltarik gabeak, egoeraren ondorioak.

LABen irudiko egunotako gertakari guztien atzean arrazoi nagusi bat dago: gatazkaren konponbidea zapuzteko espainiar Gobernuaren seta. Bere zigor eta mendeku grinak ez du mugarik. Normalkuntza politikoko aukera orori atea ixteko eginahalean erabaki politikoak daude, espetxe politika kriminala mantentzearena kasu. Euskal presoak konponbide prozesuaren kontra erabili nahi dituzte. Ez dago herri normalizaturik 500 preso politiko espetxean mantentzen diren bitartean.

Ez dago itxaroterik. Espainiar zein frantziar Gobernuen espetxe politika ankerraren amaiera behartzeko elkartasunetik konpromisoetara pasatu behar dugu. Lehenbailehen preso gaixoak aske eta presoak guztiak etxera bueltan behar ditugu.

LAB sindikatutik dei egiten dugu Uribetxeberria heriotzera eraman duen egoera salatu eta dispertsioarekin amaituz, euskal presoen eskubideen alde antolatuak diren mobilizazioetan parte hartzera.

Eskubide guztien jabe, euskal presoak etxean nahi ditugu eta horren alde lanean jarraituko dugu.
 

 

 

ETBn LABek Miramonen ordekaritza igo eta zentroarteko batzordean gehiengo osoa eskuratu du, lehen aldiz

0

Urtarrilaren 15ean hauteskunde sindikalak egin ziren Euskal Telebistan eta Euskadi Irratian (Radio Euskadin duela bi urte, eta Gasteiz Irratian abenduan izan ziren). Miramonen ordekaritza igo eta zentroarteko batzordean gehiengo osoa eskuratu du, lehen aldiz LABek eta Euskadi Irratian babestuta eta indartuta ateratzen da sindikatuaren proiektua eta jokabide koherentea.

Euskal Telebista

Zentroarteko langile batzordea:

Bilboko eta Miramongo batzordeetako 13 ordezkarik osatuta. Negoziazio kolektiboan eta Telebistari eragiten dioten bestelako negoziazio estrategikoak kudeatzen dituen batzordean LABek gehiengo osoa eskuratu du.

Bilbo:
LABek aurreko ordezkaritza mantentzen du (6), eta ELAk gehiengo osoa lortu du (7), portzentualki %11 eta %19a igoz.

Halere balorazio sendo bat egiteko aldagai ugari dago eta denbora beharko dugu: Ordezkaritza 17tik 13ra, ebentualitatearen jaitsiera, KLB eta CCOO aurkeztu ez izana…

Miramon:
LABek ordezkari bat irabazten du (6), eta ELAk bat jaitsi (3), portzentualki botoen %4a igoz eta %7a jaitsiz hurrenez hurren. Duela zortzi urteko zentsoarekin alderatuta, berdintsuagoa zela (156) LABek irabazten duen aldea 19 botokoa da.

LABen lau urte hauetako lana argi nabaritu da Miramonen, eta indarrak berrituz hartutako konpromisoei eutsiko dion zerrendari babes handia eman diote langileek.

Euskadi Irratian
LABek ordezkari bat gehiago lortzen du (5), eta ELAk bat jaitsi (4), portzentualki botoen %5 igoz eta %26a jaitsiz. Eusko Irratiko hauteskunde sindikaletan plantillaren erregularizazioan LABek eta ELAk egindako apustuak markatuko zituela argi genuen guztiok. Kontutan eduki beharra dago Lanpostuen Deialdi Publikoaren prozesua amaitu gabe dagoela oraindik. Argi gelditu da langileek LABen jokabide zintzo eta koherentea babesten jarraitu dutela, eta ELAren bestelako jokabidea dela zigortu dutena.

LAB beraz oso pozik dago jasotako emaitza guztiekin, eta oso indarberritua eta babestuta sentitzen duela bere burua kanpainan aurkeztutako konpromisoak betetze aldera. Horietako bat gogoratzearren, eta kontutan edukita ETBn gehiengoa dugula, langile batzordeen eta langile batzarren eta borrokak baliatzen jarraituko dugula, inori inongo karnetik eskatu gabe.

Zorionak LAB, zorionak Euskal Telebista eta Euskadi Irratiko langileok!

(*) EITB taldean hauteskunde prozesu gehiago daude:

EITB ente publikoa: LAB ez da aurkezten.
Gasteiz irratia: Abenduan izan ziren.
Radio Euskadi: Duela bi urte egin ziren.
EITBNET: Duela bi urte egin ziren.
 



Iosu: “LABek nigandik proiektu baten parte aktiboa izatea bilatzen du”

Iosu Nafarroako Gobernuko langilea da. Langile publikoen izaera pasiboa irudikatzen dutenen aurrean, zerbitzu publikoen defentsan langileek jokatu beharreko papera aldarrikatzen du. Zerbitzu publikoak guztionak diren heinean, guztion parte hartzea eskatzen dutelarik.

Lourdes: “LAB feminismoaren aldeko lana egiten duen sindikatua da”

Lourdesek zortzi urte daramatza Osakidetzan lanean era behineko batean. Denbora honetan bertako langileek era askotako murrizketak jaso dituztela argi ikusi du; ez hori bakarrik, honek osasun zerbitzuaren eskaintzan izan duen eragina. Egoera honi buelta emateko erreferentzia nagusia LABengan aurkitu du.


Isabel: “Praktika da pertsona bezala definitzen gaituena, eta hortan LAB altxorra da”

Isabel LABeko Nafarroako Administrazioko arduraduna da. Sindikalismoaren inguruan entzun ohi diren topikoak salatu nahi ditu, LABen dihardugun delegatuon lana eta konpromisoa nabarmenduz. Horren erakusgarri nagusia LABeko kideok egunerokoan egiten dugu lana azpimarratu nahi du.

Galder: “Zerbitzu publikoetan ere bertan erabakitzeko eskubidearen alde egiten du LABek”

Galder LABeko Zerbitzu Publikoetako Interbentzio arduraduna da. Azken urteotan zerbitzu publikoetako bilakaera gehien baldintzatu duen aldagaia Madriletik inposatutako neurriak izan dira, bertako arduradun politiko gehienek horiek aplikatu dituztelarik. Horren aurrean, bertan erabakitzeko estrategia eraginkorrak adostearen beharra nabarmentzen du, horretarako LAB indartzea premiazkoa delarik.

 

 

Hepatitis C duten gaixoen itxiladiak LABen lokal sindikaletan jarraitzen du


 Ahotsa.info

UPNren nahiz oro har Erregimenaren gizatasun eta sentsibilitate sozial falta izugarria erakutsiz, Foruzaingoak Bideko Ama Ospitalean itxitako HepatitisC-dun gaixoak kaleratu egin ditu. Goizean Parlamentuan Gobernuko bozeramaile Sanchez de Muniáinek esan du Ospital batek "segurtasuna, lasaitasuna, isiltasuna eta sosegua" behar duela, arratsaldeko lehen orduan bere Gobernuak itxitakoak kaleratzeko asmoa zuela ezkutatuz.

Lehenik eta behin, deigarria da Gobernua orain Ospitaleko gaixoek behar dituzten baldintza egokiez mintzatzea, hilabetetan zehar gaixo horiei zabor-janaria eman dienean. Ospitaleko Sukaleen aferarekin, Gobernuak entzungor egin zuen gaixoen ehunka erreklamazioen aurrean; itxialdi honekin, aldiz, desalojoa agintzen du, gaixoen inongo kexuren berri eman gabe.

Bigarrenik, Gobernuak jakin beharko luke desalojo bat ez dela bateragarria "segurtasuna, lasaitasuna, isiltasuna eta sosegua" delakoekin. Kontrakoa sortzen du: segurtasun eza, urduritasuna, zarata eta desosegua. Oroitarazi behar zaie Gobernuko arduradunei Pariserako eskatzen den adierazpen askatasun bera bermatu beharra dagoela Iruñean ere.

Hirugarrenik, eta hauxe da garrantzitsuena, Gobernuak ez ditu HepatitisC-dun gaixoen aldarrikapen zilegiak aintzat hartu. Erabat lotsagarria da: Navarra Arena, Nafarroako Ubidea, Urantziako Zirkuitoa eta AHT bezalako burugabekerietan diru publikoa xahutu duen Gobernu berak ez omen du dirurik pertsonen bizitza eta segurtasuna bermatzeko. UPN behingoz Gobernutik kaleratu eta aldaketa sozial nahiz politikoari bidea irekitzea premiazkoa da.

Azkenik, zera jakinarazi nahi dugu: LABek Ospitaleko lokal sindikalak jarri ditu Hepatitis C-dun gaixoen esku utzi du protestarekin aurrera jarrai ahal izan dezaten. Horrela egitea erabaki dute eta jadanik lokal sindikaletan dira, Foruzaingoa kanpoan geratu den bitartean. Osasunbideako langileei nahiz oro har langileriari dei egiten diogu HepatitisC-dun pertsonekiko elkartasun keinuak biderkatzera.

 

 

 

LAB hazten darrai, UGT eta CCOOen gainbeheraren aurrean

0

Lan Sailak azaroaren 30eko erreferentziarekin argitaratu berri dituen datuek LAB sindikatuaren suspertzea baieztatu dute: berriro ere LABek bere gailur historikoa gainditu du. 2014ko urtarriletik azarora bitartean gainontzeko sindikatuek (ELA, UGT eta CCOO) ordezkariak galdu dituzten bitartean, LABek 21 ordezkari gehiago ditu.

Aipagarria da, bereziki, UGT eta CCOOen gainbehera, hurrenez hurren 83 eta 82 ordezkari galdu baitituzte, 165 osotara. Era honetan, Patronalak era artifizialean elikatutako “gehiengo” sindikala urtzen ari da unetik unera: urtarrilaren 1etik zuten ordezkaritza sindikalaren %54,01tik %52,74ra igaro dira hamaika hilabetetan. Patronalarekin batera egin dituzten hamaika presio, esku hartze eta putxerazoak ez dira nahikoak izan LABi bidea ixteko. Zorionez, gero eta langile gehiagok argi dute klientelismo eta morroitza sindikalarekin apurtzeko garaia dela. Gero eta langile gehiago ari dira bat egiten Nafarroako lantokietan aldaketa sustatzen ari den LAB klase sindikatuarekin. 

Langileen eskubideentzat bermerik onena
Nafarroako langile mugimenduan erreferentziazko lantegia izan den Irunberriko Argalen, LABek jokoan zeuden 8 ordezkariak lortu ditu (bulegoetako 1 bakante geratu da). Duela urte bete, LABek enpresa itunaren aldeko borroka gidatu zuen, honakoak lortuz: lan erreformarekiko blindajea, kontratazio berrien lan baldintzen ekiparazioa eta 34 kontratu mugagabe. Lan baldintzen aldaketa unilateralaren aurrean borroka eredugarria egin zuen beste lantoki bat Mondelez izan zen, Bianako galletera; tailerrean LAB indar bozkatuena bilakatu da. LABen aldeko apustua egin dute masiboki beste enpresa historiko batzuk, esaterako Sarrió Papel (13tik 9) eta Lacteos de Navarra (9tik 7), biak ala biak inguruetako lan baldintza hoberenekin. 

UGT-CCOOren Putxerazoak: Melidako Avícolaren kasua
Nafarroako erdialdeko industria nagusietako batean, Melidako Avícolan, LABek hautagaitza aurkeztu zuen lehen aldiz bai tailerrean baita bulegoetan ere. “Elkarrizketa Soziala”ren holdingak putxerazoa antolatu zuen: enpresak LABeko hautagaiak presionatu eta mehatxatu zituen, UGT eta CCOO hautagai horien errenuntziak eskuratu eta Hauteskunde Mahaian aurkezten zituen bitartean. Putxerazo honek eragin kaltegarria izango du langileon baldintzetan, Enpresak UGT eta CCOOi emandako babesak trukea baitauka: aurrean paratzen dieten edozer sinatzea. Horixe bera gertatu zen Koxkan, non UGT eta CCOOek 191 kaleratuen zerrenda beltza egin eta sinatu ostean, %20ko soldata jaitsiera sinatu eta azkenik enpresa beraren itxiera sinatzen amaitu duten.

https://www.flickr.com/photos/lab-sindikatua/sets/72157649909674630/

 

 

 

 

LABek elkartasuna adierazi die Alemaniako Bremen hirian dagoen Mercedes Benz eko langileei

0

Idatzi baten bitartez LABek elkartasuna adierazi die Alemaniako Bremen hiriko Mercedes Benz eko langileei. Langile hauek 2014 urteko bukaeran 4 greba egin zituzten enpresak duen azpikontratazio eta langileen kontratazio ereduaren aurka.

Egun zuzendaritzak langile hauen aurka jazarpena egiten ari da. Itaunketa eta azterketak egiten ari dira greba bultzatu zutenak zeintzu izan ziren jasateko.

Egoera honen haurrean sindikatu desberdinek elkartasun idatziak bidali dituzte, eta bide batez enpresa zuzendaritzari langileen eskubideen aurkako jokabideari amaiera eman diezaien eta IG metall sindikatua alemaniarri langile hauen alde ere egin dezan eskatuz.