2026-07-03
Blog Page 1148

Patronala, UGT eta CCOOen neurrian egindako lan prestakuntzarako deialdiaren inguruan Nafarroako Gobernuak azaldutako argudioak arbuiatzen ditugu

Nafarroako Gobernuak lan prestakuntzaren inguruan 2 milioi euroko dirulaguntzak banatzeko deialdiak egin ditu. Lehenik eta behin, deigarria da aipatu deialdiak Barcinaren Gobernuko kide batek, Imelda Loreak hain zuzen, bideratu izana, noiz eta udako oporraldien erdian, uztailaren 29an eta abuztuaren 7an.

Bigarrenik, deialdi horiek patronala, UGT eta CCOOen neurrian egin dira, aurretik UPNren Gobernuak egiten zuen bezala.

Baina larriena, Nafarroako Gobernuak aipatutako erabakia justifikatzeko erabili dituen argudioak dira. Lehenik eta behin, formazko arrazoiak argudiatzen dira UPNren politika bera egiten jarraitzeko. Bigarrenik, ez da antzematen aipatutako politika hori aldatzeko inolako borondaterik. Gobernuak erantzun behar duen galdera honako hau da: estatu mailako funtsak kudeatuko lituzkeen lan prestakuntzako sare publikoa sustatuko al du ala aipatutako funts horiek Patronalak, UGTk eta CCOOek eskuratzen jarrai dezaten ahalbidetuko du?

Lan prestakuntzako sare publikoari bultzada ematea aurreikusten du Akordio Programatikoak; erabat bideragarria da legalki eta ez du koste ekonomikorik, estatu mailako funtsean biltzen diren langileen kotizazioen bidez finantziatuko litzatekeelako. Honela bada, Laparra Lehendakariorde Jaunari eskatzen diogu aipatutako deialdiak bertan behera utzi eta estatu mailako funtsak kudeatuko dituen lan prestakuntzarako sare publikoa martxan jar dezan.

 

 

 

Txente Askasibarren askatasunaren aldeko kontzentrazioa bihar

LABen BBVAko atal sindikalak kontzentrazioa egingo du bihar, abuztuak 26, 13:00etan, Bilboko BBVAren aurrean (Gran Vía, 12).

Txente Askasibarrek, BBVAko lankide jubilatua 18/98 sumarioan epaitu eta 8 urte eta erdiko kartzela zigorra jasan zuen bere jarduera politikoagatik. Txentek 72 urte bete ditu, eta adin honetaz Salamankako Topas kartzelan preso dago, dispertsioaren mendekua jasaten gainera.

Bere militantzia politikoagatik kartzelan zazpi urte baino gehiago eman ostean, etxetik urrun gainera, ez dute ez begirune ez errukirik bere adinaz, eta kartzelan jarraitzen du zigor osoa betetzen inolako errebisio barik. Halaber, bere emazte eta senide zein lagunak kondenatu dituzte ere dispertsio politikarekin, astero astero 800 kilometro baino gehiago egin behar baitituzte Txente ikusteko, horrek dakarren gastu ekonomiko zein arrisku fisikoaz.

Kontzentrazioan, Askasibar berehala askatzea eskatuko dute, bere atxiloketa inoiz gertatu behar ez bazen ere, are ankerragoa baita oraindik kartzelan mantentzea.
 

 

 

Carrefourrek jazarpen sindikalarekin jarraitzen du

0


Gaur Zabalburuko saltokira eraman dute protesta. Mobilizazioak egingo dira aste osoan zehar. Enpresak Bilboko Zabalburuko saltokiko LABen delegatu bat zigortu du kaleratzeko asmoarekin. Ordezkari honek 25 urte baino gehiago daramatza enpresan lanean. 

Enpresak, expediente zigortzailea irekitzerakoan ahoz jakinarazi zuen bere erantzuna gaur bertan jakinaraziko zuela. Enpresak ez du horrelakorik egin eta bere lanpostutik aparte mantentzen du langilea, LABeko delegatua pertsona eta langile moduan etsipenera eramatea helburu.

LABek berresten du Carrefourren jarrera langile-klasearen kontrako eraso zuzena dela enpresari molestatu egiten baitio langileak antolatu eta euren eskubideak aldarrikatzea, eta horregatik mantendu nahi dute delegatua lantokitik kanpo, bere lankideekin harremanik izan ez dezan.

LABek urjentziazko bilera eskatu dio Carrefourreko zuzendaritzari zuzenean adierazteko bere jarrera antisindikalarekin eta langileen aurkako jarrerarekin amai dezan, bere langile zein bezeroen aurkako jarrerarekin, Carrefourreko bezeroak ere ere herri honetako langileak baitira.

LABek exijitzen du Carrefourren laneko jazarpenarekin eta jarrera antisindikalarekin amai dezan eta horretarako kontzentrazioak egingo ditu aste honetan enpresaren jarrera salatzeko:

Asteartea 25, asteazkena 26 eta osteguna 27:
– 12:30etik 13:00etara Zabalburuko Carrefourren aurrean.
– 13:15etik 13:35era Atxuriko Carrefourren aurrean.

 

 

 

Bilboko Diako langileen protestak zuzendaritzaren azken inposaketaren aurrean

0

Diak Bilbon dituen saltokiak itxita egon izan dira Aste Nagusietako arratsaldeetan. Aurten, enpresaren zuzendaritzak arratsaldez lan egitera behartu nahi ditu langileak. Honen aurrean protestak egingo dituzte bihar asteartea eta etzi asteazkena. Kontzentrazioak saltoki ezberdinen aurrean izango dira, 11:30ean Zabalburun, 12:30ean Juan de Ajuriagerran eta 13:00etan Zabalbiden.

Diako Enpresa-batzordearen oharra (ELA, LAB, CCOO, UGT)

Diako Bilboko langileok kontzentrazioak egingo ditugu
gure eskubideen alde

Uztailaren 15ean zuzendaritzak jakinarazi zigun Aste Nagusiko arratsaldeetan Bilboko dendak irekiko zituela, historikoki itxita egon direnak. Honek izaera kolektibodun gure lan-baldintzen funtsezko aldaketa dakar, Langileen estatutuko 41. artikulua urratuz. Diak ez ditu kontuan hartzen gure bizitza pertsonalak eta ez du familia-kontziliazio egokirik ahalbidetzen.

Ekainaren 29an elkartu ginen enpresarekin. Aste Nagusian orduak nola zenbatuko zituen galdetu genien. Guztia, denda guztietan modu uniformean egitea bilatzen dugulako langileen arteko desberdintasunak ekiditeko. Enpresak, giza-baliabideen buruak zehazki, erantzun zigun “orain arte egiten izan den bezala” egingo zela. Gezurra, 15 egun beranduago jakinarazten digute ireki egingo dutela.

Bilboko langileok ez dugu besteek baino lan gutxiago egiten. Aste horretan egiten dena da zor zaizkigun aparteko orduak bueltatzea, urteko gehiegizko lanaldira gehitu (Dian urteko lanaldian gehiegizko orduak ditugu) eta berriak izateagatik ezer zor ez zaienak goizeko txandara aldatzen dira. Ez digute ezer oporitzen eta ez dugu gutxiago lan egiten. Orain, enpresaren erabaki honekin urtero hitzarmenak zehaztutakoak baino ordu gehiagoz egingo dugu lan.

Enpresarekin hitzarmena egin nahi izan dugu baina ez da modurik egon. Enpresa honekin ez dago balio duen negoziaziorik. Ez zaigu besterik gelditzen gure eskubideen alde kalera ateratzea baino, gaur Aste Nagusian libratzeagatik eta bihar beste zerbaitengatik.

Abuztuaren 21ean hasi genuen gure eskubideei egindako eraso larri honen aurreko borroka. Enpresa-batzordeak ez du amorerik ematen, gure eskubideen alde jarraitzen dugu borrokan. Hori dela eta, mobilizazioak egingo ditugu datozen egunotan.

Astearte eta asteazkenean, abuztuaren 25 eta 26an:

– 11:00etatik 11:30etara Zabalburu plazako saltokian (Nikolas Alcorta, 2).

– 12:00etatik 12:30etara Juan de Ajuriagerrako dendan.

– 13:00etatik 13:30etara Zabalbideko dendan.
 

Bilbon, 2015eko abuztuaren 24an
 

 

 

Ehundaka pertsona atera ziren kalera ostiralean indarkeria sexistari aurre egiteko eskatzeko

Emakumeen Mundu Martxaren deialdiari jarraituz, ehundaka izan ziren ostiralean biolentzia sexistaren kontra kalera atera zirenak. Hegoaldeko lau hiruburuetan egin ziren mobilizazioak, Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñean.

Emakumeen Mundu Martxaren irakurketaren arabera “lau dira jada Euskal Herrian indarkeria matxistak erahildako emakumeak, eta ikusi ahal izan dugun bezala, eraso sexistak eta indarkeria matxistagatik atzemandako gizonen kopurua izugarria izaten ari da uda honetan”.

Erantzunerako deia berretsi du Emakumeen Mundu Martxak. “Nazkatuta gaude, haserre eta erreta, emakumeonganako indarkeria honek etenik ez duela ikusita, eta honen aurrean behar bezalako larritasunez erantzutera deitzen ditugu, bai jendartea eta bertako eragile sozialak, baina baita arduradun politikoak ere. Horregatik guk kaleak hartzen jarraituko dugu”.
 

 

 

Jaiak, erasoak eta erantzunak

Amaia Zufia eta Kattalin Miner.- Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxa

Aurtengo uda, eta honekin batera herri eta auzoetako jaiak amaitzear direla, Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxatik hainbat irakurketa plazaratzeko beharra sumatu dugu. Hainbat dira ukitu nahi ditugun kontuak, baina lehenik eta behin guztiz kezkatuta eta haserre gaudela adierazi nahi dugu, hain zuzen, beste uda bat joan zaigulako eraso sexistaz betea. Larrituta gaude, jai eta gau testuinguruaz baliatuta, aurten berri izan dugun eraso sexista eta sexualen kopuruaz. Gaitzesteaz gain, arduradun desberdinei, behar diren neurriak hartzeko eskatzen diegu berriro ere.

Honek guztiak noski, badu bere alde gazi-gozoa, erasoei egindako erantzunena hain zuzen ere. Pozarren ikusi dugu, herri, hiri eta auzoetan mugimendu feminista zein jai eta auzo elkarteek izan duten erantzun eta deialdi gaitasuna. Honekin argi geratu da sarri, jendarteak, eragile sozial zein kasu batzuetan instituzionalek ezezko irmoa ematen dietela halako erasoei, eta honek berebiziko garrantzia duela azpimarratu nahi dugu. Besteak beste, aipatzekoa izan da, Iruñean hainbeste urtetan erasoen berri izan dugun arren, eta erantzun diegun arren, aurten ikusi dugun erantzun erraldoia.

Hau, ez dugu ahaztu behar, mugimendu feministak musu-truk, borondatez eta sarri oztopo handien gainetik egindako kontzientziazio, formakuntza eta zabaltze lan baten ondorio dela. Ez egun batetik bestera egiten den borroka. Beraz, zoriondu egin nahi ditugu bide honetan, erasoak zer diren, horiek salatzen eta inguruan hartu beharreko ardurak har daitezen herri eta auzoetatik hasita, edozein mailatan lanean diharduten guztiak.

Dena ez da garaipena, ordea, uda honetan ikusi baititugu aldarrikapen eta ahots feministak altxatzearen beste ondorio batzuk. Hain zuzen ere, burura datorkigu zaratatsuena izan den Gasteizko Blusa eta Nesken afera, non beste behin, mugimendu feministaren lana zalantzan jarria izan den. Zoritxarrez, ohituta gaude borroka feminista deslegitimatu nahi duten ahotsak entzutera. Baina argi dugu, beldurrik gabe bizitzeko hautua egin genuela aspaldi eta horretarako lanean jarraituko dugu, gurekin bidea egin nahi duten guztiekin. Eta ez, ez gaude prest erasoen aurkako protokoloak betetzen ez direla onartzeko, ez indarkeria sexista salatzeagatik irainduak eta deslegitimatuak izateko.

Gasteizko kasua ikusgarriena eta gatazkatsuena izan bada ere, jakin badakigu jaiak antolatzen diren espazioetan, oraindik bestelako egoerak izaten direla maiz, eta aurten ere hala jaso dugu, eraso sexisten inguruko zalantzan jartze bat, feminismoarekiko errezeloak, eta ezjakintasunean edo antifeminismoan oinarritutako jarrera nahikoa matxistak ere bai. Antolakundeetatik hasi (dela jai batzordea, dela konpartsa bat, dela auzo elkarte bat), jaietan izaten diren jarreretaraino. Gizonen nagusigoan, bazterketa anitzetan, oinarritutako kultur adierazpen eta fenomenoak irauli behar ditugu, hauek baitira indarkeria sexistaren erroa.

Guk argi diogu: izaera, espazio eta lanketa feministak oinarri ez dituzten jai ereduak ez dira sekula emakume, lesbiana edota transentzako askeak izango. Ez dira izan eta ez dira izango, eta puntu. Denak ez du balio, jaietan ere ez. Batzuk irainduak, erasoak, gutxietsiak edo bortxatuak izateak, beste batzuek beren boterea finkatzeko, horrela gozatzeko, ez du balio.

Eraso sexistarik gabeko jaietan sinisten dugu, noski, baina ahaztu gabe, mugimendu feministak urteak daramatzala honetan lanean, eta beraz, hemendik merezitako aitortza ez ezik, gai hauen inguruan duen autoritatea behingoz onartzea eskatzen dugu. Guztion ardura da honen lanketa egitea, aitzakiarik gabe eta erasotzaileekiko konplizitaterik gabe. Feminismo hitza eta ekintzak ez onartzeko dauden erresistentziak alde batera utzi, eta behingoz gaiari heltzeko ordua da. Jaien antolaketa eredua honen adierazle bihurtu beharra dugu, elkarlanaz, hitz-erdika aritu gabe eta tinkotasunez. Gainera, gai honen lanketan komunikabideen garrantzia azpimarratu nahi dugu: berriak ematerakoan, lehentasunak jartzerakoan edota informazioaren tratamenduan.

Azkenik, erradikaltasunaren gaiari eutsi nahi diogu. Dirudienez, orain mugimendu feministari tokatzen zaio erradikalitatearen zama lepoan eramatea. Dirudienez, akabatzen, bortxatzen, erasotzen ari zaizkigun honetan, buru-berokiak jarrita irtetea, erradikaltasun biolentoena da. Emakumeen Mundu Martxatik baietz diogu, erradikalak garela, feminismoa beti izan den bezala; izan ere, sustraitik eraikitako berdintasun hutsa ideia oso erradikala delakoan gaude, honek batzuek duten boterea lagatzea (edo lagaraztea) dakarrelako. Erradikala ez da guretzat mespretxua, ez dugu horrek arrazoirik kentzen digunik sentitzen, jakin baitakigu, gure aurretik borrokatu ziren feminista guztiei deitu izan dietela erradikal. Botoa eskatzen zuten horietatik hasi, eta erailketa matxistak «pasio krimenak» ez zirela oihukatu zuten horietaraino.

Dena den, guk dakigula, bizkarrean hainbeste eraildako, bortxatutako, erasotako daramatzagun artean, guk oraindik buruak estali eta beldurrez bizitzeaz nazkatuta gaudela eta erantzuteko prest gaudela besterik ez dugu oihukatu, lapurtu nahi izan dizkiguten kale eta gauetan barrena. Eta ez dugu inoren baimenik behar, legitimitate osoa dugu horretarako, gure bizitzak baitira jokoan daudenak. Beraz, kontuz biolentzia desitxuratzen duten diskurtsoekin: indarkeria matxista da hemen bortitza eta muturrekoa dena.

Beraz bai, inflexio puntua dugu Euskal Herrian udan honetan, erasoz, erantzunez, eta erantzun horiei erantzunez beterik izan baitugu. Hemendik lanean jarraitzeko deia zabaltzen dugu, besterik ez, gure esparru eta inguruetan protokolo feministak sortu eta aktibatuz, konpromisoak bilatuz, kaleak eta gauak berreskuratuz, eta feminismoa berdintasun erradikalenean oinarritzen den hori aldarrikatuz.

Euskal Herriko Mundu Martxatik emakumeon indarkeriarik gabeko bizitzaren alde martxan jarraituko dugu, gure gorputzen gaineko erabakiak hartzeko martxan… Datorren irailaren 28an martxoan Kurdistanetik abiatutako karabana helduko da Euskal Herrira. Mundu Martxaren nazioarteko IV. ekintza izango da, eta honen harira Euskal Herriko bazter guztiak aldarrikapen, ekintza, mobilizazio eta animazioz betetzeko deia zabaltzen dugu. Denak aske izan arte martxa jarraituko dugu!

Erasorik ez, erantzunik gabe! Gora borroka feminista!
 

 

 

“Gazteen lan eskubideen gida” Bakion

0

LAB eta ERNAIren arteko “ Gazteen lan eskubideen gida” eskualdez eskualde aurkezteko dinamika aurrera doa. Atzokoan Bakion izan ginen gazteek dituzten lan eskubideak ezagutu eta aldi berean borroka tresna gisa erabiliz ukatuak zaizkigun eskubideen aldeko borroka indartu eta bestelako eredu sozioekonomikoa eraikitzeko gidaren aurkezpenarekin.

Krisiaren aitzakipean aurrekaririk gabeko erasoak jasaten ari da euskal gazteria. Besteak beste lan baldintzen okertuz, ikasteko zailtasuna areagotuz edo politika sozialetan murrizketak aplikatuz langile klasearen prekarietate egoera betikotu nahi dute.

Egoera larri honen aurrean unea da dagozkigun eskubideen berri izan eta norabide berean bultzatzeko. Atzo, Bakion langile gazteen artean zabaldu genuen gida, dituzten eskubideen inguruan informatuz eta borrokara batzeko animatuz.
 

 

“Gaixo dauden presoak etxean behar ditugu”

Gaixo dauden Bizkaiko euskal presoen senide eta lagunek manifestazioa antolatu dute datorren abuztuaren 28rako Bilbon. "Gaixo dauden presoak etxean behar ditugu" lelopean osasun eskubidea urratzen duen espainiar zein frantziar estatuen espetxe politika salatuko da. LABek bat egiten du mobilizazioen ardarrikapenekin eta Euskal Herriko langilegoari dei egiten dio bertan parte hartzera.

Gaixo dauden presoen etxeratzea galdegiteko manifestazioa deitu dute abuztuaren 28an Bilbon (Uriola.eus)
 

 

 

Eraso sexistak salatzeko mobilizazioak Euskal Herrian

LAB sindikatuak Euskal Herria gertaturiko azken erailketa sexista gogor gaitzetsi nahi du. Zoritxarren eraso sexistaz beteriko uda baten aurrean aurkitu gara, non emakumeon aurkako, mehatxuak, bortxaketak, jipoiak eta erailketak izan diren protagonista ilunak. Gaur Ollarganen, Abusu sarearen eskutik antolaturiko mobilizazioan, zein bihar Emakumeon Mundu martxak deitutako elkarretaratzetan parte hartzeko deia luzatzen dizuegu.

LAB indarkeria sexista kasu hauek guztiak salatu eta honen atzean dagoen konplizitatea eta botere desorekak mahaigaineratu nahi ditu.

Egoera hauek gertatzen dira, emakumeok zapaltzen gaituen jendartean bizitzera behartuak gaudelako. Eta Zapalkuntza honek baditu arduradun zuzenak. Izan ere, zineztarazi nahi digutenaren kontra, indarkeria sexista ez da arazo indibiduala edo eta zorigaiztoko gertaera isolatua, baizik eta egungo sistema kapitalista heteropatriarkalaren egituraren sostengurako ezin besteko tresna baizik.

Egoera honen aurrean , LAB sindikatua indarkeria sexistari aurre egiteko antolatuko diren deialdi guztietan parte hartzeko deia luzatu nahi dio euskal langileriari.

Soilik guztion inplikazioaren bitartez, konplizitate jarrerekin amaituz eta egoera hauen aurka mobilizatuz, lortuko dugulako emakumeok gure bizitzako esparru guztietan pairatzen ditugun zapalkuntza eta indarkeria sexista egoerekin behingoz amaitzea.

Horregatik, bai gaur Ollarganen (19:30), Abusu sarearen eskutik antolaturiko mobilizazioan, zein bihar Bilboko Arriagan (20:00), Iruñeko Udaletxe Plazan (20:00), Donostiako Bulebarrean (19:00) eta Gasteizko Andra Mari Zurian (19:30) Emakumeon Mundu martxak deitutako elkarretaratzetan parte hartzeko deia luzatzen dizuegu.

Azkenik, gure babesa eta elkartasun osoa adierazi nahi diegu erasotuak izan diren emakume guztiei eta bereziki Leireren senide eta lagunei.

Erasorik ez, erantzunik gabe! Gora borroka feminista!


Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxa 
Nahikoa da! Beste emakume bat eraila Bilbon (2015/08/19)

Gaur jakin dugunez, Bilbon abuztuaren 8an auto batek harrapatuta hil zen emakumearen senar ohiak bere buruaz beste egin du trenak harrapatuta.

Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxatik indarkeria matxistaren beste biktima bat delakoan gaude, eta horregatik hemendik guztiz gaitzesten dugu erailketa hau.

Lau dira jada Euskal Herrian indarkeria matxistak eraildako emakumeak, eta ikusi ahal izan dugun bezala, eraso sexistak eta indarkeria matxistagatik atzemandako gizonen kopurua izugarria izaten ari da uda honetan.

Nazkatuta gaude, haserre eta erreta, emakumeonganako indarkeria honek etenik ez duela ikusita, eta honen aurrean behar bezalako larritasunez erantzutera deitzen ditugu, bai jendartea eta bertako eragile sozialak, baina baita arduradun politikoak ere.

Horregatik guk kaleak hartzen jarraituko dugu, eta dei egiten diogu jendarte guztiari, ostiralean hiriburu zein herrietan emango diren kontzentrazioetara batu eta indarkeria matxistari behin betiko ezetza ematera.

Donostian: ostirala 19:00etan Bulebarrean

Bilbo: ostirala 20:00etan Arriagan

Iruñea: ostirala 20:00etan Udaletxe plazan 

Gasteiz: ostirala 19:30ean Andra Mari Zuriaren plazan

Gora borroka feminista! Gora emakumeon bizitzak!