2025-12-23
Blog Page 1140

LABek bat egiten du “Oztopoen gainetik, euskaraz biziko gara” manifestazioarekin

LAB sindikatuak bihar, hilak 28, Kontseiluak deitutako “Oztopoen gainetik, euskaraz biziko gara” manifestazioarekin bat egiten du eta euskal langileei bertan parte hartzera deitzen ditu. Oztopoen gainetik, euskaraz lan eta biziko gara.

Estatu espainiar eta frantsesaren esku-hartzea areagotzen ari da euskararen normalizazioaren aldeko erabaki zein praktika gauzatzen duen ororen aurka. Estatuak euskara desagerraraztea helburu duen hizkuntza politikan sakontzen ari dira eta horretarako, eraso eta errepresioaren bidea hautatu dute.

Euskara ez dago normalizatua euskararen herrian, Euskal Herrian, eta herritar zein langileon hizkuntza eskubideak modu sistematikoan urratzen dira. Ordenamendu juridikoak ez dio euskarari inolako babesik ematen eta, gehienetan, euskararen aurkako erabakiak mozorro juridikoz aurkezten dira.

Euskal herritarrok eta Euskal Herrian gauzatuko den Hizkuntza Politika berri eta eraginkorra erabakitzeko eskubidea dugu! Euskaraz lan eta bizi nahi dugu eta gure bidean urratsak ematen jarraitzea erabaki dugu, oztopoak oztopo.

Hori dela eta, LAB sindikatuak bat egiten du otsailaren 28an, “Oztopoen gainetik, euskaraz biziko gara” lemapean egingo den manifestazioarekin eta euskal langileak bertan parte hartzera deitzen ditu.

 

 

 

Jagoba Zulueta: “Birpentsatzeko unea da: geldirik eta galderarik gabe, ez goaz inora”

0

.- Sistema horrela dela eta beste irtenbiderik ez dagoela sinestarazi digute…gauzak aldatzea ezinezkoa dela. Eta horrela, probre zena pobreago da orain, langilea langabetua eta emakumea gero eta zapalduago. Eta zer gertatu da boteretsuekin? Herriaren haserrea ere, ez da nahikoa izan boteretsuari boterea ahultzeko. ” Arrazoia izatea ez da nahikoa” dio Ipar Hegoa Fundazioko Jagoba Zuluetak lehendabiziko kolaborazio honetan. “Ona eta beharrezkoa da, arduratsua izateaz gain, zer izan nahi dugun pentsatzea. Gauza asko aldatu beharko genituzke, birpentsatzeko garaia da, geldirik eta galderarik gabe, ez goaz aurrera”.

Elkarrizketa entzun info7.com-en 
 

 

 

Condesako langileek enpleguen defentsan busti dadila eskatu diote Jaurlaritzari

0

Condesako langileak Jaurlaritzan izan dira gaur bizi duten egoerari irtenbidea bilatzeko esku hartu dezala eskatzeko. LAB eta ELA sindikatuok Eusko Jaurlaritzaren jarrera salatu dute, 2 hilabete pasa dira jadanik Industria Sailari bilera eskatu zitzaionetik eta oraindik ez du hitzordurik finkatu.

Condesako LAB eta ELAko sail sindikalak
CONDESA. KONPONBIDEA ORAIN!
CONDESAk konkurtsoa ekiditeko Bankuekin eta Arcelor Mittalekin lortutako akordioaren berri azaroaren 12an eman zigun, duela 3 hilabete eta erdi. Akordio horri esker, esan zigutenaren arabera, Bankuek finantziazioa emango zion enpresari eta Arcelor Mittalek lehengaia hornituko zion arazorik gabe.

Ordutik enpresaren aldetik ez dugu inolako erantzunik jaso. Baina zoritxarrez ez da ixilune bakarra. Duela 2 hilabete baino gehiago Eusko Jaurlaritzako Industria Sailari bilera eskatu genion, baita Nafarroako Gobernuari ere, eta zain gaude oraindik. Eusko Jaurlaritzak e-mailez erantzun zigun akordioa ez zutela ezagutzen eta CONDESAren deiaren zain zeudela informazioa jasotzeko. Dirudienez, zain jarraitzen omen dute.

Hori da prozesuaren hasieratik Eusko Jaurlaritzak hartutako jarrera: beraiekin biltzeko trabak jarri, biltzean inolako informaziorik ez eman eta irtenbidea bilatzeko paper aktibo bati muzin egin. Horixe dirudi Eusko Jaurlaritzaren rola, CONDESAko langileon arazoen aurrean, pasibotasuna.

Langileekiko errespetu falta izugarria da, zergen bidez ordaintzen baitiegu. Baina argi utzi digute ez daukatela inolako borondate politikorik herri honetako langileei irtenbideak eskaintzeko. Ez daukate inolako alternatibarik ezta politika industrialik ere. Eta hori, ELA eta LABen ustez benetan larria da.

ELA eta LAB ez gaude prest geldirik egoteko 800 lanpostu baino gehiago eta Euskal Herriko zenbait lantegi garrantzitsu jokoan daudenean. ELAk eta LABek instituzioei, bereziki Eusko Jaurlaritzari, mezu argia helarazi nahi diegu: ez dugu beraien ixiltasuna onartzen. Egoera honi irtenbidea bilatzeko esku hartu behar dute, langileon enplegu eta lan baldintzen defentsa posizio irmoa erakutsiz.

CONDESAko langileok mobilizatzen jarraituko dugu gure lanpostu eta eskubideen bermea lortu arte.

CONDESAko ELA eta LABen Sail sindikalak
 

 

 

Troikaren politika neoliberalak eta TTIP akordioa salatu ditu Euskal Herrian TTIPari EZ! Kanpainak Bilbon

0

Euskal Herrian TTIPari EZ! Kanpainak elkarretaratzea egin du Jyriki Katainen Troikaren kolaboratzailearen bisita salatu eta Euskal Herria politika neoliberalen areagotzea dakarren TTIParen kontra dela azaltzeko.

Euskal Herrian TTIPari EZ! kanpaina
TROIKA KANPORA! ¡NO AL TTIP! ¡NO AL PLAN JUNCKER!

TTIPak, AEB eta EB arteko itun trasatlantikoak, inongo muga zein kontrolik gabeko merkatu bakarren sorrera helburu du. Honetarako, egun EB zein estatuak neoliberalismoaren aurrekada gelditzeko dauzkaten arau apurrak deuseztuz. Honek, herritarron zein herrion eskubideen murrizketa suposatuko du, ingurugiroan, enpleguan, sektore publikoan, osasungintzan, inbertsioan edo komertzioan are eta egoera larriagoak sortuz, herritarron eskubideen ikuspegitik noski.

TTIPak eskubideen murrizketan oinarritutako politika neoliberalak areagotzea dakar, “austeritatean” ez ezik, EB eta AEBko elite ekonomiko, finantzazio eta politikoen alde egiten duten inbertsioetan oinarritutako politikak hain zuzen ere. TTIPak jasotzen dituen edukiez gain, hitzarmena adosteko erabiltzen ari diren moduak berak ere haren helburua zein den ikusarazten digute: hitzarmena enpresa-jabegoen, transnazional handien eta Troikaren ordezkarien artean ari dira eztabaidatzen. Itzal artean burutzen ari den akordioa, herritarroi bizkarra emanez eta herri-baimenik gabea. Merkatuen eskaerei erantzuteari begira bulego ilunetan sinatutako akordioen bidezko hitzarmena.

TTIPa bera politika antisozial horiek garatzeko tresna den bezalaxe, Juncker Planak, TTIParen aurrekari moduan, aipatu ditugun politika horiei bidea irekiko die. Juncker Planaren oinarri garrantzitsuena sektore pribatua izaki, bertan jasotako neurriak onartu eta aplikatzeak enpleguaren galera, haren prekarizazioa, herri-sektoreen pobretzea eta sektore publikoaren pribatizazio-prozesu handiagoak besterik ez ditu areagotuko. Ingurumenaren babesa jaitsiaraziko du baliabide naturalak inongo kontrolik gabe eta oso teknika arriskutsuekin ustiatzeko aukerari ateak parez pare irekiz. Gainera, osasun- eta elikadura-neurri asko baztertuko ditu elikagaien eta geure osasuna bera ere arriskuan jarriz. Eta zerrenda izugarri luze batekin jarraitu ahal izango genuke.

Troikak, TTIParen zein Juncker Planaren sustatzaile nagusiak, datorren ostegunean Europar Batzordeko gertuko kolaboratzailea, Jyrki Katainen Komisarioa, bidaliko du Bilbora. Katainen Enplegu, Hazkunde, Inbertsio eta Lehiakortasunaren Sustapeneko presidenteordea da, Juncker Plana eta TTIPa oso gertutik jarraitzen duen departamentukoa. Eragile politiko eta instituzioetako ordezkari askok, lehendakaria buru dutela, ongi etorria emango diote presidenteordeari eta haren planari. Gu ordea kalean izango gara, langile eta herri-sektoreek osatzen dugun gehiengoaren eskubideak defendatzen.

Horregatik guztiagatik, “Euskal Herrian TTIPari EZ!” kanpainan parte hartzen dugun eragile sozial, sindikal eta politikoek Katainen presidenteordearen eta hari harrera egingo dioten guztien aurrean elkarretaratzea deitu dugu. Troikaren eta haren inguruan dauden multinazionalek inposatutako politikengatik protestatzen dugu, politika horiek guztiak zentzugabeak baitira, langabezia, pobretzea eta eskubide eta askatasun sozialen zapalkuntza areagotuz. Plan horiek porlana eta adreiluaren alde egiten dute herritarron beharren alde egin beharrean, banku eta konstruktora multimilioidunen alde egiten dute pertsonak eta herriak salbatu beharrean. Plan horiek guztiek gure bizitzak deuseztatu nahi dituzte transnazionalen, politikarien eta bankarien kontu milioidunak are eta aberatsagoak bihurtzeko. Horien guztien aurrean, hemen behean sinatu dugun eragileok inposizio horiek geldiaraztearen beharra aldarrikatzen dugu, gaur zabalduko duten propaganda faltsua erabiliz, gutxi batzuen negozioa gehienon beharren kontura handitu besterik ez baitute bilatzen.

Beraz, herritarrak animatu nahi ditugu protesta honetan parte har dezaten eta martxan jarri dugun dinamikarekin bat egin dezaten. Erabakia gurea da. TTIPik gabeko Euskal Herria askea nahi dugulako. Juncker Planik ez! Troika Kanpora!

Deitzailea: Euskal Herrian TTIPari ez! Kanpaina

EQUO Euskadi, EZKER ANITZA-IU,
EZKERRA, EHBILDU, PM+J, PODEMOS AHAL DUGU, PCE-EPK, Antikapitalistak, Irabazi Bilbao, CCOO Euskadi, CGT Euskadi, CNT Euskadi, EHNE, ELA, ESK, LAB, LSB-USO, STEE-EILAS, UGT Euskadi, Cumbre Social Vasca, Federación Republicanos RPS, Gure Energia, SETEM Hego Haizea, Ekologistak Martxan, AHT Gelditu Elkarlana, Coordinadora ONGD Euskadi, Economistas sin Fronteras, REAS Euskadi, Auditoría de la Deuda Bizkaia, Desazkundea, Askapena, Komite Internazionalistak, Asamblea de Mujeres de Bizkaia, Feministalde, Economía del Bien Común (EBC Euskadi), M15M, Basherriak, Plataforma Afectados por la Hipoteca, Fracking Ez, ATTAC, EKA/OCUV, Ernai, Calcuta Ondoan.
 

 

 

Galder: “Zerbitzu publikoetan ere bertan erabakitzeko eskubidearen alde egiten du LABek”

Galder LABeko Zerbitzu Publikoetako Interbentzio arduraduna da. Azken urteotan zerbitzu publikoetako bilakaera gehien baldintzatu duen aldagaia Madriletik inposatutako neurriak izan dira, bertako arduradun politiko gehienek horiek aplikatu dituztelarik. Horren aurrean, bertan erabakitzeko estrategia eraginkorrak adostearen beharra nabarmentzen du, horretarako LAB indartzea premiazkoa delarik.
 

 

 

Deskargako obretan lanpostuen bermea eta soldatak ordaintzea izan behar da lehentasuna

0

Gaur egun eraikuntzako sektorea desregulazio eta enplegu galeran aitzindaria da. Hau dela eta, eraikuntzako edozein obra gelditu edo bukatzen denean LABen kezkatuta gaude lan munduan edukiko dituen ondorioengatik. Enpresa handietako langilak baina bereziki azpikontrata eta UTE formatuetan dauden aldi baterako langileekin kezkatuta gaude.

Eraikuntzako burbuilak estanda egin duenetik sektorea gero eta txikiagoa da eta langilea babesten duen errekonbertsio bat bideratu beharrean prekarietatea erabat hedatua dago. Prekarietate honen bidez enpresa handiek, enpresa txikiak eta langileak uztiatzen dituzte. Adibide argi bat dela AHTren obra publikoa. 

Deskargan lan zati bat egina eta ordaindua dago, eta badago indemnizazio bat. Lanpostuen bermea eta soldatak ordaintzea izan behar da iparra. Azpikontratazioa ezin da izan soldatak ez ordaintzeko aitzakia. Honen alde lan egiten dugu.

Azpikontratazioa eta hitzarmena ez betetzea da kapitalak topatu duen bidea sektorea gero eta txikiagoa egiteko. Ondorioz enpresa gero eta txikiagoak eta autonomo faltsuen hedapena. Alternatiba erregulazio, kontrola eta zigorratik pasatzen da.

LABek sektorea arautzeko dago lanean. Gaur egun hitzarmen sektoriala blokeatuta dago erreformaren kontrako klausula barik, Lan Ikuskaritzak ez du kontrol lana egiten eta baldintzak ez dira betetzen zigor barik ia inon. Beraz, lan asko dugu egiteko. Gipuzkoan onartutako eraikuntzako obra publikoetarako Arau Forala norabide egokian doa zigorren bidez lan baldintzak betetzearen ardura azpikontratzen duen enpresan kokatuz. Arau Foral hau aplikatu da orain gelditutako obran.

LABek espero du obra hau ahalik eta lasterren martxan egotea berriro. Egia da obra diseinu txarra edukitzeagatik, gelditzea hobeagoa dela langileak arriskuan jartzea baino, baina egia da ere sektore honetan dagoen prekarietateagatik ondorioak langileek ordaintzen dituztela bereziki.

 

 

 

Bergarako udal hauteskundeetan LABek gehiengoa lortu du

Asteartean Bergarako Udaleko hauteskunde sindikalak egin ziren. Momentu honetan Bergaran langile gehien duen enpresa izan daitekeen honetan 184 langile daude erroldatuta, eta bozkatzeko aukera zuten. Hauetako asko behin behineko egoeran daude. LABek 69 bozka lortu zituen, 8 delegatu.

Hiru mahaietan banatuta egiten dira hauteskundeak udalean: alde batetik laboralak bi kolegioetan banatuta, espezialistak eta teknikoak eta bestalde funtzionaroien mahaia. Guztira 14 delegatu aukeratzen dira. 7 laboral espezilistetan, 2 laboral teknikoetan eta 5 funtzionarioetan.

LAB izan da hiru mahaietan hautagaitza aurkeztu duen sindikatu bakarra. Beste biek, ESK eta ELAk bi mahaietan aurkeztu dira soilik. ESK laboraletan, bai espezialista zein teknikoetan, eta ELAk funtzionario eta laboral espezialistetan.

184 langiletatik 131k eman dute bozka, beraz parte hartzea % 71,2 koa izan da.

Esan bezala, LABek lortu ditu emaitzik onenak: 69 bozka eta 8 delegatu; bigarren ESK-k 34 bozka eta 4 delegatu eta hirugarren ELAk 17 bozka eta 2 delegatu.

 

 

 

Troika kanpora!¡No al TTIP!¡No al plan Juncker!

0

Euskal Herrian TTIPari EZ! kanpainak, Jyriki Katainen Troikaren kolaboratzailearen bisitaren aurrean kontzentrazioa deitzen du. Otsailak 26, osteguna, 11.00tan Bilboko Euskalduna Jauregi aurrean.

LABek metalgintzako hitzarmenaren bidez 1.500 enplegu gehiago sortzea proposatzen du

0

LAB sindikatuak Nafarroako metaleko hitzarmenari begirako bere plataforma aurkeztu du gaur Iruñean. Soldaten berreskurapena, lan erreformaren kontrako borroka edota enpleguaren sarbidearen demokratizazioa bezalako irizpideez gain, 1.500 lanpostu sortzea proposatzen du, honako neurri hauen bidez: aparteko orduen kopurua murriztea (hauengatik enpresariei fiskalki ordainduaraziz), lanaldiaren murriztea, bokataren denboralditxoa lan ordu bezala kontuan hartzea, behin-behinekotasunari muga jartzea edota zatikako erretiroa erraztea.

LABek ez dio Nafarroako metalgintzako hitzarmenaren negoziazio berri honi ekiten, beste negoziazio bat gehiago izango balitz bezala. Izan ere, Nafarroako metaleko hitzarmena ez da beste hitzarmen bat gehiago. 30.000 langile baino gehiago daude modu zuzenean hitzarmen honen menpe. Metalgintzaren sektorea herrialde honen ekonomiaren motorra izanik, aberastasun zein enplegu iturri nagusietariko bat da. Ukaezina da duen garrantzia eta eragina maila guztietan.

Eta hau, krisi ekonomiko garaian egiten dugu, patronalak bere neurrira egindako Lan Erreforma inposatu denean. Honek, sektorean azken urteetan prekarietatea hedatu du.

LABentzat Metalgintzako Hitzarmen Probintzialaren negoziazioak sektoreko langileen interesak babestu behar ditu, bere helburutan asezina den Patronalari aurre eginez. Nafarroako Metalgintzako Hitzarmena ezin da izan Patronalaren nahiak barnebiltzen dituen akordioa, azken negoziazioan gertatu zen moduan.

Horregatik, LABek langileen eskubideen defentsa egiteko konpromisoa hartzen du, oinarrizko 4 ardatz oinarri hartuta, bere plataforman jasoko dituenak:

1. Aberastasunaren Banaketa.
Aurreko hitzarmenaren sinadurarekin galdu genuen eros ahalmena berreskuratu behar dugu. Gainera, langileen soldata igoera KPIren araberakoa izan behar da, soldata igoera langileen eros ahalmenarekin lotzen duen neurgailua baita.

2. Lan Erreformaren kontrako borroka.
Lan Erreformak indarrean darrai Euskal Herrian. LABentzat ezinbestekoa da Lan Erreformaren eragina ezeztatzen duten klausulak jasotzea. Adostutakoa ez betetzea, hitzarmenen ultraktibitatearen galera eta enpresa eremuak aplikatzeko lehentasuna edukitzea erreforma hartan ezarritako neurriak dira, Patronalak behin eta berriz erabiltzen dituenak txantaia bidez lan baldintzak prekarizatzeko. Guk negoziazio kolektiboa akordioaren ondorio dela ulertzen dugu, ez enpresarien aldebakarreko inposaketa.

3. Enplegurako sarbidean aukera berdintasuna.
Guztiok ezagutzen dugu Nafarroan enplegu bat lortzeko indarrean dagoen diskriminazioa. Patronalak itun sozialeko parte diren sindikatuei egiten dien ordainketetako bat da hau. Bake soziala, lanpostuen truke. Oso larria da guretzat nafarren zati haundi batek enplegurako sarbidea gainontzekoekiko aukera berdintasunean izateko aukera ukatua izatea. Dela generoagatik, dela arrazoi ideologikoengatik, nafarren zati haundi batek jasaten duen egoera hau lehenbailehen aztertu eta konpondu beharreko zerbait da, eta Metalgintzako Hitzarmenak ere horretarako balio behar du. LABek kontratazio eredu demokratiko bat proposatuko du, non, lan merkatuan sartzeko sindikatu batera afiliatzea derrigorrezko izango ez den.

4. Enpleguaren alde.
46.000 pertsona baino gehiago daude langabezian, biztanleriaren %14,62a. 60.000 pobrezian, biztanleriaren ia %10a. Hauek ez dira LABek asmatutako datuak, datu ofizialak baizik. Horrexegatik, ezin dugu egun langileek pairatzen dituzten arazoei aurre egiten ez dizkien hitzarmen bat ontzat eman.

Testuinguru honetan, beraz, sindikalgintzak ezin du egoera honen aurrean ez ikusiarena egin. LABek ezin du baina, bereziki, ez du ez ikusiarena egin nahi. LABek egoera honi aurre egitea erabaki du.

LABen ustez, negoziazio kolektiboak benetako arazoei aurre egiteko balio behar du, sortzen den aberastasuna era justu baten banatzeko balio behar du, baita dagoen enplegua ere.

Hori dela eta, egun lanean diharduten langileen lan baldintzak hobetzeko neurriak jasotzen dituen proposamenarekin batera, langabezian daudenentzat ere lan merkatura sar daitezen neurriak ere aurkeztuko ditu LABek.

Bihar LABek, bere plataformarekin batera, sektorerako enplegu proposamen bat aurkeztuko du. Hau onartuz gero, sektorean 1.500 lanpostu baino gehiago sortu ahalko lirateke. Aparteko orduen kopurua murriztea, hauengatik enpresariei fiskalki ordainduaraziz, lanaldiaren murriztea, bokataren denboralditxoa lan ordu bezala kontuan hartzea, behin-behinekotasunari muga jartzea edota zatikako erretiroa errazteko neurriak dira, besteak beste, aurkeztuko ditugun neurri batzuk. Hauek gauzagarriak izateaz gain, beharrezkoak dira behingoz langabeziaren gaitzari benetan aurre egin nahi badiogu.

Ez dira soilik LAB-i bururatu zaizkion neurriak, beste hainbat kolektiboenak ere badira eta, azken batean, Nafarroako gizarte osoarenak. Sindikatuak bereak egin ditu, horregatik, LABek ez dio negoziazio honi bakarrik ekingo, napar askoren indarra eta babesa daukagu. Gure proposamenaren atzean, bestelako politikak exijitzen dituen gehiengo sozial bat badago, baita Nafarroako metaleko alorrean ere.

Azken batean, langileek behar duten Nafarroako metalgintzako hitzarmena lortzea dugu helburu. Nafarroako gehiengo sozial baten alde.