2026-05-13
Blog Page 1138

“Errepresioari ez! Konponbidea orain!” uztailaren 18an Donibane Garazin

LAB sindikatuak dei egin nahi die euskal langileei, eta herritarrei orohar, azken egunetan Ipar Euskal Herrian emandako atxiloketak salatzeko larunbatean, uztailak 18, “Errepresiorik ez, konponbidea orain” lelopean Donibane Garazin antolatutako manifestaziora joateko.

Kezkaz bizi ditugu frantziar zein espainiar Gobernuen aldetik ematen ari diren erasoak, Euskal Herrian irekia den aro berrian bake eta konponbide prozesuarentzat galga baitira. Gatazkaren konponbidearekiko engaiamendua adierazi ordez, Madrilen esanetara dihardu Parisek. Eta Espainiako gobernuak, Frantziako gobernuaren eta poliziaren kolaborazio estuarekin, Euskal Herrian irekitako aro politiko berria oztopatzen jarraitzen du. Tantaka, etengabe eragiten ari diren atxiloketa politikoen bidez, Espainiak eta Frantziak euskal jendartearen gehiengoaren aldarriari bizkar ematen jarraitzen dute, inora ez daramaten kolpe errepresibo eta sufrimendu gehigarriekin.

Joan den ekainaren 11n Parisen burutu bakearen aldeko Konferentzian tokiko eta nazioarteko eragileek Estatuen inplikazioa aldarrikatu zuten. Bake prozesuan aurrera egin ahal izateko Gobernuen esku hartzea, dispertsioaren amaiera eta biktimen aitortza jartzen ziren oinarri, baina bi estatuak behin gatazkaren konponbideari ageriko zailtasunak ari dira jartzen, armagabetze prozesuak eskatzen dituen prestasun eta bermeak ukatuz eta prozesuari bidean harriak ipiniz. Guztiz onartezinak eta deitoragarriak dira Gobernu bien jarrerak.

Oinarrizko eskubide urraketak bere horretan dirau Frantzian zein Espainian. Parisko konferentziak ezarritako oinarrietatik urrun, euskal presoen urruntze eta bakartze egoerak mantentzeko erabakiari eusten diote.

Duela egun batzuk Frantziako Moulins espetxean ematen den eskubide urraketa salatu eta politika errepresiboen amaiera eta oinarrizko giza eskubideen errespetua exijitu genuen. Orain, euskal presoek A Lamako espetxean abiatu duten borroka dugu hizpide, eta kalean beharko luketen preso gaixoen borroka ere bai, Ibon Iparragirreren egoera, eta hura espetxean mantentzeko azken erabakiaren larritasuna, kasu.

Eta jazarpena ez da hor bukatzen. Senideak bete-betean kolpatzen jarraitzen dute. Deklaratzera deituak izan dira, elkartasuna kriminalizatzeko enegarren saiakeran, senide izatea zigortu nahi dute. Erabaki judizial guztiz arbitrarioak ikusten ari gara, azkena, Auzitegi Nazionalak gerra zikinaren eta Estatu indarkeriaren biktimen errekonozimendua ukatzeak dakarren eskandalu juridiko eta politikoa.

Erabaki horietan Espainiar zein frantziar estatuen mendeku gogoa gailentzen ari da, Euskal Herriko gatazka konpontzeko bidean ekarpenak egiten dituen guztiaren kontra. Estatu espainolak Euskal Herriaren bake nahiak ito nahi ditu, gure Herriak konponbideruntz egin duen pauso oro blokeatuz eta errepresioaren bidez zapuztuz. Normalkuntza politikorako eskenatokia ekidin nahi dute Estatuek kosta ahala kosta, badakitelako Euskal Herriak bere bidea egingo duela, egoera demokratiko batean gure etorkizunaz libre erabaki badezakegu.

Eraso hauek guztiek indartu besterik ez dute egiten Euskal Herrian gure bidea egiteko dugun premia, gure etorkizuna libre eta demokratikoki erabakiz. Eta ezinbestekoa da bide horretan eragile politiko, sozial eta sindikalon konpromisoa eta inplikazioa. Bake eta normalizazio politikoko eskenatokiaren eraikuntzan aurrera egiteko dispertsioaren amaiera eta preso gaixoen egoerari berehalako irtenbidea ematea ezinbestekoa da.

Bien bitartean, eraso antidemokratiko hauek euskal demokrazia eraikitzeko konpromiso eta ekimen politiko gehiago ekarri behar dituzte. Konponbidearen eta bakearen garaia da, horrela eskatzen du gizartearen gehiengo zabalak. Hori da gure nahia eta gure konpromisoa.

 

 

 

LABek Metro Bilbaok garraio publikoa pribatizatzeko proiektuetara baliabide publikoak bideratzen dituela salatzen du

0

Metro Bilbaok eta ADO/Avanza taldeak Lisboarako egin berri duten akordioak baliabide publikoak eskaintzen dizkio garraio emakiden nazioarteko tarte pribatu bati. LABek Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio ez uzteko herritarrek ordaindutako giza baliabideak edo diruak horrelako proiektutara bideratzen.

Atzo, uztailak 14, jakinarazi zen Metro Bilbaoren eta ADO/Avanza enpresa taldearen arteko akordioa Lisboako metropoliko garraio-sistema, autobusak eta metroa, ustiatzeko emakida jaso eta gero.

Eneko Arruebarrenaren zuzendaritza taldeak, Eusko Jaurlaritzako Garraio Sailburuordearekin batera, ez du inolako erreparorik izan garraio pribatuen ustiapenerako nazioarteko talde garrantzitsuenetako baten arduradunekin argazkia egiteko.

LAB sindikatuak kritikatzen du lankidetza “publiko-pribatu” honekin Metro Bilbao enpresa pribatuen eskuetan jartzen ari dela EAEko erakunde eta herritarren diru publikoarekin finantzatutako kudeaketa eredua. Horrela garraioen emakida pribatuak enpresa multinazional eta filosofia neoliberalekoek hartzea sustatzen ari dira, herritarren mugikortasunaren beharretan oinarritutako kudeaketa publikoaren kaltetan. Eusko Jaurlaritzak eta Metro Bilbaok baliabide publikoak esku pribatuetan jartzen dituzte pertsona eta enpresa gutxi batzuen mozkinak jendartearen ongiaren gainetik lehenetsiz.

LABek gogoratzen du garraio sisteman liberalizazioak eta pribatizazioak eragin zuzena duela pertsonen lan baldintzetan eta zerbitzuen kalitatean. Pribatizazioak kaleratzeak, lan baldintzak okertzea, segurtasuna gutxitzea, zerbitzuak kanporatzea ekarri ohi ditu, prezioak garestitzeaz eta erabiltzaileentzako zerbitzu eskasagoaz gain.

Horregatik guztiarengatik, LABek salatzen du EAEko erakundeek, Metro Bilbao bezalako enpresa publiko baten bitartez, garraio sistema pribatuak diru publikoz finantzatzen ari direla.

LABek eskari eta dei zuzena egiten die alderdi politikoei eta, bereziki Gasteiz eta Iruñeko Gobernuei, ez dezaten zerbitzu publikoen pribatizazio eta liberalizaziorik babestu, eta egin dezaten denon interesaren alde.

LAB sindikatutik garraio sare publikoa eraikitzearen aldeko apustua egiten dugu, herri gisa eta langile gisa ditugun beharren neurrira, multinazional eta enpresa pribatuetatik aske eta herritar guztien mugikortasunaren onerako.

 

 

 

Elkartasuna ez da delitua, #herriakLibre

0

"Herriak Libre" dinamikaren baitan irailetik aurrera Espainiar Estatu inperialista epaitzeko "Herri epaiketak" egingo dira Euskal Herriko auzo, herri eta hirietan. Jasotakoarekin epai bateratu bat osatuko da eta Urriaren 12an sententziaren berri emango da mobilizazio nazional batean. Askapenak burututako lana herrien arteko elkartasunean oinarritzen da eta elkartasuna delitua ez denez, LABek dinamikaren baitan Euskal Herrian egingo diren ekimentan parte hartzeko deia luzatu nahi die Euskal Herriko langile eta herritar guztiei.

2010ean elkartasun internazionalistaren aurkako sarekadaren ondoren, Espainiako fiskalak Walter Wendelin, Aritz Ganboa, Dabid Soto, Unai Vázquez eta Gabi Basañez auziperatuei 6 urteko espetxe zigorra eta Askapenaren ilegalizazio eskaera egin zuen.

Datorren urriaren 19an Audientzia Nazionalak 5 pertsona hauek eta lau elkarte -Askapena , Askapeña, Herriak Aske eta Elkar Truke- epaituko ditu. Fiskaltzak seina urteko seina urteko kartzela zigorra eskatuko du auzipetuentzat eta gainera, aipaturiko lau elkarte horien ilegalizazioa aldarrikatuko du.

LAB, auzipetuei elkartasuna eskaintzearekin batera, borroka internazionalistarekiko eta Euskal Herri internazionalista baten bidean lanean jarraitzeko bere konpromisoan berresten da.
 

 

 

Arabako Metalgintzan SEA, UGT eta CCOOen arteko aurreakordioari buruzko LABen lehenengo balorazioa

0

Ezagutu ditugun datuen arabera, UGT-k eta CCOO-k SEA patronalak negoziazio honi eskatzen zion guztia onartu dute:

1.- 4 urteko soldata izozketa eta KPI-rik gabeko soldata igoerak. Indize honi inongo aipamenik egiten ez dion lehenengo Arabako metaleko hitzarmena izango da, sektoreko beste hitzarmen kolektiboentzat aurrekari arriskutsua sortuz. Une berean, aurreko 4 urteak (2011-2015) galdutzat ematen dira, inolako soldata igoerarik gabe, ezta soldata taularen eguneratzerik ere. Beraz, sektoreko langileek beren eros-ahalmenean galera nabarmena pairatuko dute.

2.- Malgutasuna areagotzea. Arabako langileek EAE-ko metaleko lanaldia handiena izateaz gain, akordio honi esker malgutasun handiena ere jasango dute. Beraz, ez dago inongo arrazoirik neurri hau onartzeko. Are gehiago, neurri hau enpleguaren sorrera eta lan banaketaren aurkako bidean badoa. Honek pobrezia eta prekarietate gehiago baino ez du ekarriko.

3.- Lan erreforma ezartzea. Lan erreforma eragotzi edota mugatzen ez duen akordioa izango da. Izan ere, ez du bermatzen enpresetan hitzarmena derrigorrez beteko denik.

Honengatik guztiarengatik, honako ondorio hauek ateratzen ditugu:

1.- Akordio hau negoziazio kolektiboari buruz sinatu berri den Madrilgo ituna Arabako metalgintzara ekartzea besterik ez da. Aurreakordio honek lan harreman eta negoziazio kolektiborako berezko eredua gauzatzeari ateak ixten dizkio. UGT eta CCOO sindikatuek negoziazio kolektiborako eskubidea oparitu diote patronalari.

2.- Akordio honek ez die sektoreko langileek dituzten arazo edota beharrei erantzuten, sinatzaileen interesei baizik, alegia, SEA, CCOO eta UGT-renei. Akordio hau ez da sektoreko langileentzako aterpe, baizik eta SEA patronalak, CCOO eta UGT sindikatuek elkar behar duten sostengua elikatzen jarraitzeko.

3.- Akordio honek, sektoreko ordezkaritzaren %33a baino ez duten CCOO-UGT sindikatuekin gutxiengoan sinatzeko erabakiarekin batera, benetako negoziazioaren aukerari itxi dio atea, sektoreko langile guztientzat eragin orokorreko hitzarmena lortzea eragotziz. Sektoreko langileentzat iruzurra izateaz gain, langileria zatitzeko eta ahultzeko estrategia baino ez da.

Gasteizen, 2015ko uztailaren 15ean.

 

 

 

Arcelor Mittaleko langileek azpikontratazioak hil egiten duela salatu dute

Atzo, hilak 14, Arcelor Mittalek Euskal Herrian dituen lan zentroetan bi orduko lan uzteak burutu ziren Arcelor Mittaleko Sestaoko eta Zumarragako lantokietan gertatutako azken azpikontratatutako langileen bi heriotzak salatzeko.Lan zentroetako atarian elkarretaratzeak egin ziren "LAN ISTRIPUZ GEHIAGORIK EZ, AZPIKONTRATAZIOAK HILTZEN DU!" lelopean.
 

 

 

LABek prekarietateari aurre egiteko hitzarmen duinak aldarrikatu ditu Gasteizen

0

Atzo, hilak 14, Arabako Metalgintzako Mahaia biltzen zen momentuan, LAB sindikatuak mobilizazioa burutu zuen “PREKARIETATErik EZ, CONVENIOS DIGNOS” lelopean. LABek negoziazio kolektiboaren garrantzia azpimarratu nahi izan zuen eta, hortaz, hitzarmen duinak lortzearen beharra prekarietateari aurre egiteko.

Kotxe karabanan Gasteizko kaleak zeharkatu ondoren LHK-CRLtik pasatu ginen Metalgintzako mahaiaren biltzen ari zen orduan,  gerora Eusko Jaurlaritzan bukatzeko. Mobilizazioaren bitartez, LABek negoziazio kolektiboaren garrantzia azpimarratu nahi izan du eta, hortaz, hitzarmen duinak lortzearen beharra prekarietateari aurre egiteko. Aldi berean, interpelazio zuzena egin diogu Eusko Jaurlaritzari patronalaren jarrerari aurre egiteko eta negoziazio kolektiboaren aferan parte aktiboa izan eta erabakiak har ditzan.

Zehazki, gure proposamenean aipatu bezala, hitzarmenek honako ezaugarriak eduki behar dituzte: soldata duinak, lan erreformatik blindatzeko klausulak, enpresetan aplikagarritasunaren bermeak, prekarietatea murrizteko neurriak eta gehiengoaren printzipioa errespetatzea.

Hain zuzen, Arabako kasuan, SEAk jada argi utzi du herrialdeko metalgintzako hitzarmena eragin mugatukoa izatea hobesten duela, eta horrekin batera, erreforma aplikatu nahi duela bai ala bai, malgutasuna handitu nahi duela, eta soldatak eskasak izango direla. UGT eta CCOOrekin batera Madrileko akordioa Arabara ekarri nahi dituzte, beraz, argi dago nornork aprobetxatuko duen erreforma goitik behera, nork zabaldu nahi dituen prekarietatea eta pobrezia langileon artean eta nortzuk dauden prest langileen eskubideak eta lan baldintzak okertzeko.

Horren aurrean, LABetik gure proposamena berretsi eta mobilizazioak bultzatzearen aldeko apustua egiten dugu, langileon aktibazioaren bidez hitzarmen duinak lortu eta prekarietatea murrizteari begira.

 

 

 

Justizia sozialaren alde egingo duen bestelako politika fiskal baten beharra ezinbestekoa da

LAB sindikatuak “Zerga Politika Justizia Sozialaren zerbitzura” informea aurketu du gaur Donostian. Informean egun ematen diren ezberdintasun sozialen aurrean bestelako politika fiskala egitea beharrezkoa dela argudiatzen da eta hori posible egiteko, LABek zerga-politika aldatzeko proposamena aurkezten da. Sindikatuak proposamena irailetik aurrera instituzioetara eramango duela iragarri du.

Egungo politika neoliberalek ezberdintasunak dituzte ardatz. Egungo lobby ekonomiko eta finantzieroak mantentzeko desberdintasunak areagotu behar dira eta honen mesedetan, kapitalaren mesedetan, egiten dira egun politikak.

Politika hauen norabide aldatzea ezinbestekoa da LABentzat eta horretarako ezinbesteko da borroka; soldaten igoeraren alde, zerbitzu publiko eta babes politika duinak lortzeko bidean eta zerga politika ekitatiboagoa eta justuagoa lortzeko.
 

 

 


Bilboko tranbian lanuzteak uztailaren 15etik udako ordutegia amaitu arte

0

Euskotrenen Batzorde Iraunkorrak Bilboko tranbiarako igandea ez beste gainerako asteko egun guztietarako greba deitzea erabaki du, 2015eko uztailaren 15etik udako zerbitzuaren amaiera arte, 11:55etik 14:00ak arte goizez eta 17:55etik 20:00ak arte arratsaldez. Greba hau Bilboko tranbiako egoitzako langile kaltetuen batzordeak proposatu eta berretsi du. Arrazoia: zerbitzuan eman diren inposizioak.

EUSKOTRENeko BATZORDE IRAUNKORRAREN OHARRA

«2015eko uztailaren 2an Euskotrenen Batzorde Iraunkorrak Bilboko tranbiarako igandea ez beste gainerako asteko egun guztietarako greba deitzea erabaki du, 2015eko uztailaren 15etik udako zerbitzuaren amaiera arte, 11:55etik 14:00ak arte goizez eta 17:55etik 20:00ak arte arratsaldez. Greba hau Bilboko tranbiako egoitzako langile kaltetuen batzordeak proposatu eta berretsi du.

Grebarako arrazoietako bat gidaritza lanari txartel-kontrolatzaile lana gehituko liokeen txanda duen lan-koadroaren inposaketa da (bere funtzioetako bat iruzurraren bilaketa, kontrol eta zigorra delarik). Gure aburuz, txanda hauek arrisku psikosozialak areagotzen dituzte estresaren eta jardunean zehar jasan behar izaten diren mehatxu zein egoera biolentoen ondorioz.

Honen karira, Batzorde Iraunkorrak Euskotrenen Zuzendaritzak Atxuriko tranbiako lan-egoitzarekin zuen akordioa hautsi duela salatzen du; akordio honen arabera, gidaritza-lanak zituzten txandek ez zuten iruzurraren aurkako lanik egingo.

Gainera, erreserba txandari gidaritza-jarduna ezarri zaio eta hori, Bilboko tranbiaren berezitasunak direla medio, zerbitzuaren fidagarritasunaren kalterako da.

Beraz, grebaren xedea txanda mixtoak bertan behera uztea da (gidaritza eta iruzurraren kontrako lana bateratzen dituztenak), eta baita erreserba-txandari gidaritza-jarduna kentzea ere, zerbitzuaren fidagarritasuna ziurtatze aldera. »
 

 

 

Lantegi Batuak-eko langileak kalean hitzarmen duin baten alde

Zuzendaritzak negoziazioan erakutsitako harrokeria eta arduragabekeria salatzeko Lantegi Batuak-eko langileek Bilboko kaleak hartu zituzten larunbatean. “Lantegi Batuakeko langileok borrokan. Por un convenio justo” lelopean eta Enpresa Komitearen deiari jarraituz, gaurdainoko jarrera aldatzeko eskaera egin zioten zuzendaritzari, eta erantzuk positiborik jaso ezean mobilizazio berriak iragarri zituzten.

LANTEGI BATUAK Fundazioak hitzarmeraren negoziazioan erakutsitako harrokeria eta arduragabekeria salatzeko langileek mobilizatzeko erabakia hartu dute. Enpresak soldaten izoztea eta murrizketa sozial basatiak proposatu ditu. Pasadan larunbatean, uztailaren 11, burututako manifestazioaren ostean erantzun positiborik izan ezean mobilizazio berriak iragarri dituzte. 

LANTEGI BATUAK fundazioan 2021 langile dira. Diru publikoa jasotzen duen enpresa bat da eta Aniztasun Funtzionala duten pertsonak lanerako gaitasuna eskuratzea eta lan mundu arrunterako sarbide izatea du helburu.

Hitzarmena negoziatzen hasi zirenetik enpresaren aldetik harrokeria eta arduragabekeria baino ez dute jaso langileek. Soldatak igo nahi ez eta murrizketa sozial basatiak proposatu ditu zuzendaritzak.

Horregatik mobilizazioetan hasteko erabakia hartu dute, “jakin badakigu enpresa honetan kalera ateratzeak berebiziko garrantzia duela. Garen kolektiboagatik zein enpresari berari bere lan soziala zikintzeak eragiten dionagatik” adierazi dute. Larunbatean egindako manifestazioaren ostean erantzun positiborik jaso ezean mobilizazio berriak izango direla iragarri dute Enpresa Komitetik. Enpresa Komitea ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuetako delegatuek osatzen dute.
 

{linkr:related;keywords:lantegi-batuak;limit:5;title:Albiste+gehiago}