2025-12-22
Blog Page 1128

Lan istripu berri bat Donostian

0

Gaur, beste istripu baten berri izan dugu. Donostiako autobusetako donostiako geltoki berrian lanean zeuden Murias enpresako bi beharginek erorketa bat izan dute enkofratuetako batek huts egin duenean.

Lehenik eta behin, elkartasuna adierazi nahi diegu senide zein lankideei eta ahalik eta ondoen osatzea desiatzen diegu
Ikerketa sakon bat exijitzen dugu eta beharrezko neurri prebentiboak ezartzea holakorik ez gertatzeko beste behin
Apirilak 28a, laneko segurtasun eta osasunaren nazioarteko eguna, iristear den honetan salatu nahi ditugu azken egunotan izan diren lan istripu guztiak. Jakin badakigu hauek ez direla zio edo zorigaiztoak sortuta, inposatzen zaigun eredu neoliberal eta ankerraren emaitza direla baizik Izan ere lehenesten bait dira muzkin eta irabazi ekonomikoak langileon osasuna eta segurtasunaren gainetik.

Horregatik guztiagatik gaur egun indarrean dagoen sistema honen aurka borrokan jarraituko dugu, aldarrikatzen eredu berri bat, zeinek jarriko duen langileon eskubide eta osasuna besrte edozein iirabazi eta interesen gainetik
 

 

 

Gobernu Kontseiluaren erabakiak agerian uzten ditu PNVren ezintasunak sektore publikoan akordioak lortzeko

Ezagutu berri dugu Gasteizko Legebiltzarrean gaur bertan bozkatzekoa zen Euskal Administrazio Publikoaren Legearen (EAPL) tramitazio parlamentarioan atzera egin duela Gobernu Kontseiluak ez-ohiko bilera bat deituz.

LAB sindikatutik, Eusko Jaurlaritzaren menpeko administrazioa arautzea helburu zuen egitasmoaren tramitazioan zehar egin bezala, edukiei dagokionez egitasmo honek dituen gabezia nabarmenak salatu ditugu. Azken hilabeteotan salatu dugun bezala, egitasmo honek kontsentsu sozial handiko printzipio orokorren atzean (parte hartzea, gardentasuna, eraginkortasuna, …) inongo neurri zehatzik ez zuen jasotzen irizpide horiek EAEko administrazioan garatzen joateko; ezta horiek inplementatzeko bitartekorik ere. Horretaz gain, administrazioaren berrantolaketa helburu lukeen tamainako gogoeta egiterako orduan, euskal administrazioan bertan premiazkoak diren bestelako aferei ez heltzea salagarria iruditu zaigu; besteak beste, administrazioaren inguruan biltzen diren bestelako erakunde publikoen arautzea edota administrazioaren euskalduntzerako neurri eraginkorrak kasu.

Ildo honetan, Eusko Jaurlaritzaren jarreraren inguruan bi ideia azpimarratu nahi ditugu. Lehenik, gaurkoan talde parlamentarioen arteko emendakinen onarpen eta ez-onarpenen inguruko ika-mikaren gainetik, prozesu honetan eragile sozialak eta sindikalak alde batera utzi zaigula. Gogoratu behar dugu, administrazio publikoan herritarren parte hartzea eta gardentasuna sustatzea helburu izango lukeen egitasmoaz ari garela, eta parte hartze eta gardentasun horren subjektu izan behar diren herritar eta eragile sozialei bizkar emanda egindako proiektua izan dela. Horrekin batera, administraziotik eskaintzen diren zerbitzu publikoen emaile nagusiak langileak gara, eta langileok eta bere ordezkariok gara administrazioak dituen gabezi eta behar dituen aldaketa nagusiak ezagutzen ditugunak, gure parte hartzerako biderik sustatu ez delarik.

Eta bigarrenik, gaurkoan Urkullu Lehendakariak zuzentzen duen Gobernu Kontseiluak, PNVren bakardade parlamentarioa agerian ez uzteko hartutako erabakia, Eusko Jaurlaritzak funtzio publikoan eta zerbitzu publikoen garapenean azken urteotan jokatutako paperaren isla baino ez dela. Josu Erkorekak zuzentzen duen Administrazio Publikoen Sailak sindikatuon inongo babesik gabe murrizketa eta neurri ezberdinak (lanaldiaren luzapena, soldata murrizteak, ordezkapenak ez betetzea, …) bata bestearen atzetik inposatzen joan da urte hauetan, komunikabideei begirako antzezpenetatik harago, langileon ordezkariokin adostasuna lortzeko inongo borondaterik gabe. Gaurkoan, PNVren Gobernuak egitasmoa atzera botatzeko eman duen urratsa, erabakiak hartzeko aldebakarreko joeraren eta kontsentsuak lortzeko ezintasunaren ondorio baino ez dira.

Bukatzeko, Erkorekak goizean egindako agerraldian EAPLren inguruko egitasmo berria aurkezteko asmoari buruz, talde parlamentarioekin ez ezik, horrelako egitasmo batean parte nagusi izan behar dugun herritar, langile publiko eta sindikatuekin adostasunak lortzeko bideak ireki ditzala eskatzen diogu. Tamainako proiektu batek, administrazioa herritar eta langileen parte hartzeari irekitzea helburu baldin badu, hauen esku hartzea tramitazioaren hasieratik behar duelako. Horrekin batera, gogora-arazi nahi dugu antzeko egoeran kokatzen dela Jaurlaritza lantzen ari den Euskal Enplegu Publikoaren Legea, zeinak orain arte sindikatuon inongo babesik aurkitu ez duen eta antzeko egoera parlamentarioan aurkitu daitekeen epe motzean.

Horregatik, langileon eta bere ordezkarion parte hartzeari ateak ireki ezean, LAB sindikatuak bere eskura dauden ekimen ezberdinak garatzen joango da izaera antisozial eta kalitate demokratiko eskaseko horrelako egitasmoak gelditzeko.

 

 

 

LABek Euskal Herriak behar eta nahi duen hezkuntza sistemaren bidean urratsak eman nahi ditu

0

Ikasturte mugitua bizitzen ari gara hezkuntzari dagokionez. Aldaketa haizeak usaindu daitezke Erriberako mahastietatik barna, Kantauri itsasoko kresaleraino. Baina, zoritxarrez, Madriletik datorren kiratsa da nagusi, LOMCEri darion kiratsa hain zuzen ere.

Horrela, Nafarroan LOMCE legea bere eduki, filosofian, ariman eta oinarrietan aplikatzen daude eta Cristina Uriartek buru duen hezkuntza sailetik gauza bera egiten dabiltza. Nahiz eta diskurtsoan LOMCEren aurka egin, Heziberriren Curriculumak erabiltzen ari dira LOMCEren lerro estrategikoak aplikatzeko; ikastetxeetan eta oro har gizarteri besterik esaten badigute ere. Izan ere, argudio lasaigarriak darabiltzate jendartearen eta bereziki hezkuntza komunitatearen desaktibazioan sakontzeko.

Alta, LABn ustez irtenbidea gure airea arnastean dago. Gure birikak bizi garen ingurura egokituak daude eta bertako airea arnastea behar dute, eta gainera aire hori geroz eta gardenago eta osasuntsuago nahi dugu izatea. Horrela, LABtik azken urteotan garatutako oinarrietan aurrera egin nahi dugu: inposizioak salatzeaz gain Euskal Herriak behar eta nahi duen hezkuntza sistemaren bidean urratsak ematea. Maiz adierazi dugun bezala desobedientzia ez delako soilik ezetza adieraztea baizik eta bide propioa jorratzea. Eta hori tokian- toki egin nahi dugu, egunerokoan, urrats praktikoen bidez.

Eta horretara dator ondoko proposamena, LABek Euskal Herri osoan lantzeko eta garatzeko izango diren bi baliabide jarri nahi ditu hezkuntza komunitatearen esku eta bereziki langileagoari dei egin nahi diogu baliabide hauek jaso, hausnartu eta tokian tokiko garapena izan dezaten. Izan ere, ondoko ekarpena Hezkuntza Propioaren bidean urrats praktikoa izan nahi du.
1.-Hezkuntza proiektuak garatzeko 7 oinarri (Euskal Curriculuma, hezkuntzaren gaineko ikuspegi askatzailea, hezkidetza, ikasle euskaldun eleanitzak, aukera berdintasuna eta aniztasunaren bermea, partaidetza oinarri eta dinamikoa).LABk dokumentu hau, hezkuntza komunitatearen parte-hartze zabalarekin, Hezkuntza Sistema Propioaren bidean kokatu nahi du.
2.-Testu liburuak zein baliabide pedagogikoak aukeratzeko irizpideak. “Testuliburuen jabe dena, heziketaren jabe da”. Honako proposamena, testuliburu eta bestelako materiala hautatzeko kontuan hartu beharreko irizpideei dagokie. Gure ustez, hautaketa burutzeko orduan Euskal Curriculumari eta hezkidetzari loturiko irizpideak lehenetsi beharko genituzke.

Ondorengo asteotan aipatu baliabideak ezagutzera emango ditugu ikastetxeetan abiatua dugun asanblada dinamikaren bidez. Baina baita ere bestelako eztabaida guneen bidez. Aipatu bi tresnak, ireki nahi dugun dinamikaren abiapuntua besterik ez dira hurrengo hilabeteetan garapen integrala izan beharko dutena
 

 

 

LABek borroka luzean dauden Laminaciones Arreguiko langileei babesa eman die

0

Gaur, hilak 22, LABeko zuzendaritzako kideak, Ainhoa Etxaide buru zutelarik, borroka luzean dauden Laminaciones Arreguiko langileei babesa ematera joan dira. Duela hiru urte, enpresako zuzendaritzak lehen erregulazio espedientea aurkeztu zuenean hain zuzen ere, ekin zioten langileek kaleratzeen kontrako borrokari. Urte gogorrak izan dira, enpresak jazarpen sindikala eta presio bidez bere helburuak lortzen saiatu da, langileak beren aldetik eskura dituzten tresna guztiak erabili dituzte kaleratzeak oztopatzeko: greba mugagabea, mobilizazio iraunkorrak…

Enpresa barruan zein kanpoan batu dituzte indarrak, hala nola, mobilizazio ugaritan beste komite, langile eta gizartearen babesa jaso dute Laminaciones Arreguiko langileek. Aldiz, herritarrron ordezkari diren horiek, Eusko Jaurlaritza alegia patronalarekin ikusi dugu argazkietan.

Laminaciones Arreguin gertatu dena eta ikusten ari garena inposatu diguten erreforma ziklo luzeak utzitako egoera baino ez da. Hain zuzen ere, erreformek bidea erraztu diete enpresei eta hauek konponketa negoziatu bati uko egiten diote pentsatuz beren erabakia inposatu dezakeela.

Kasu hau bereziki esanguratsua da bere momentuan Espainako Epaitegi Gorenak langileei arrazoia eman eta kaleratzeak nuloak deklaratzen dituen ebazpena atera baitzuen. Ebazpenaren arabera lantegian 180 langile egon behar dira. Enpresak, ebazpenari bizkar eman eta berriro ere beste espediente bat aktibatu du enpresan 80 langile izango direla inposatzeko.

Gaur egungo sistema honetan langileak babesten dituen sententziek ez dute inolako baliorik, aldiz kapitalaren interesak babesten dituztenak eskubideen gainetik inposatzen dira etxegabetzeetan ikusi izan dugun bezala. Kasu hauetan Eusko Jaurlaritzaren posizioa argia da, kapitalaren alde egiten du ebazpena bermatu dadin. Lege zein instituzioek langileak babes gabe utzi dizute, horregatik inoiz baino garrantzitsuagoa da langileek babesa jasotzea erronka hauetan bakarrik ez daudela jakin dezaten.

LABek argi du: hondamendira garamatzan erreforma ziklo honen aurrean Euskal Herriko langileok alternatiba behar dugu. Lan erreforma herri honen interesen kontra doa, herriak enplegua behar du, lan harremanak adostuak izan behar dira eta hau da LABek ozen aldarrikatzen duena. Horregatik, sindikatuak bat egiten dugu ostiralean arratsaldeko zazpietan komiteak deitu duen mobilizazioarekin.
 

 

 

Gipuzkoako Urakeko enpresa batzordeak ikerketa sakona eskatzen du Oñatin gertatutako lan istripu larriaren aurrean

0

Gipuzkoako Urak-eko langile batek lan istripu larria izan zuen atzo, hilak 21, lan batzuk burutzen ari zela. Denbora batera, bere lankideek konorterik gabe aurkitu zuten. Enpresa batzordeak ogeraren larritasunaren tamainako erantzuna emango duela adierazi du.

Gipuzkoako Urak-eko Enpresa Batzordearen oharra
Lehenik eta behin elkartasuna eta samina adierazi nahi diegu, senide, lagun eta lankide guztiei. Bestetik, ikerketa sakon bat eskatzen dugu, istripuaren arrazoiak argitu eta behar bezalako neurriak ezar daitezen halakorik gerta ez dadin beste behin ere.

Langile klasea oroar, jabetzen gara, egungo egoeran, prekarietateak eta lan erritmo azkarrak osasunaren galera eta lan istripuen oinarrian daudela. Lan istripuak eta osasun galerak ez dira zorigaiztoko edo zioak eragindakoak izaten, bizi dugun lan ereduaren emaitza lazgarrien ondorio dira.

Horregatik guztiagatik, hurrengo orduetan egoeraren larritasunaren tamainako erantzuna emango dugu.

 

 

 

LABek lan osasunaren publifikazioa sustatzen du

0


Nafarroako 20 enpresek erabaki dute jada LABek aldarrikatzen duen kontingentzien kudeaketa sistema publikoaren esku uztea. Bihar Iruñeko Udaleko langileek erabakiko dute erreferendum bidez. Apirilaren 28an, lan osasunaren nazioarteko egunean, 12:00etan mobilizatuko da LAB Gizarte Segurantzak Conde Olivetton duen egoitzaren parean, instituzio honi lan osasunaren publifikazio prozesua erraztu eta sustatu dezan eskatzeko.

Lan esplotazioaren areagotzea osasun arazo larriak eragiten ari da langileon artean. Milaka lagunek pairatzen dituzte lan erritmoen hazkundea, prekarietatea eta murrizketen ondorioak. Eta langileon osasuna babestu beharko lukeen egitura patronalaren esku dago. Mutua patronalen zuzendaritza batzordeetan enpresa eta banketxe handiak daude: Repsol, Telefónica, Nestlé, Mercadona, Corte Inglés, Renault, Ford, Mercedes, BBVA, Banco Santander… Euren helburua ez da langileen osasuna zaintzea, baizik eta gaixo dauden langileek baja har ez dezaten eta hartzekotan ahal bezain azkar lanera bueltatu daitezen lortzea. Honela, lan erreferoma eta pentsio erreforma onartu dituen Gobernu berak aldatu du legea mutuei botere handiagoa emateko. PP-k aktibo dauden langileen kontrolerako sistema bat eratu nahi du, osasun sistema publikoa eraisten duen bitartean.

Ezinezkoa da lan osasunaren hobekuntza nabarmena ematea arlo hau mutua patronalen esku dagoen bitartean. Ezinbestekoa da kontingentzia arrunt nahiz profesionalak osasun sistema publikora transferitzea. Posiblea eta erreza da: egin behar den bakarra, kontingentziak kontratatzeko orrian dagokion laukitxoan klik egitea. Hori eginez, geure lan osasunaren kudeaketa patronalaren eskuetatik berreskuratzeaz gain, osasun sistema publikoa indartuko dugu. 

Aldaketa honek ez du inolako kosturik administrazioarentzat. Langileon kotizazioek ordainduko dute osasun arreta. Orain arte, mutuek erabili dituzte kotizazio horiek eta superabita izan dute, baita superabit hau era ilunean erabili ere: Mutua Universaleko 11 zuzendari auziperatu dituzte, ustez 219 milioi euro poltsikoratzeagatik. Beraz, mutuek gure kotizazioekin funtzionatzen badute, zergatik ez du funtzionatuko Osasunbideak ere? Guk ez dugu inolako zalantzarik: bideak jartzen badira, publikoan askoz hobe! 

Nafarroako Gobernuko 500 langile baino gehiagoren lan osasuna jadanik sistema publikotik kudeatzen da. Beste 20 enpresek kontingentzien kudeaketa mutuatik sistema publikora eramatea erabaki dute, LABen ekimenez. Horien artean 9 udaletxe eta mankomunitate daude, baita Milagron kokatutako Bonduelle enpresa handia. 

Bestalde, bihar osteguna erreferenduma egingo da Iruñeko Udaletxean; langileek erabakiko dute bere lan kontingentziak mutuan edo osasun sistema publikoan kudeatzea nahi duten. LABek egindako erreferendum proposamenarekin bat egin du Pertsonal Batzorde kasik osoak (CSIF, APM, UGT, ELA, SIPL, SPMP eta AFAPNA).

Apirilaren 28an, lan osasunaren nazioarteko eguna, 12:00etan mobilizatuko da LAB Gizarte Segurantzak Conde Olivetton duen egoitzaren parean, instituzio honi lan osasunaren publifikazio prozesua erraztu eta sustatu dezan eskatzeko. 

LAN OSASUNA SISTEMA PUBLIKOAK KUDEATU DEZAN ERABAKI DUTEN NAFAR ENPRESAK 

Aita Barandiaran Zahar Etxea
Arbizuko Udala
Atarrabiako Udala
Berriozarko Udala
Bonduelle
Burlatako Udala
Cooperativa Hostelera Zulueta
Elizondoko igerilekuak
Etxarriko Ikastola
Guerra Hermanos
Jardines Pamplona
Katuka Haur Eskola
LAB sindikatua
Lakuntzako Udala
Leitzaldea Gizarte Zerbitzuak
Piscinas San Juan
Piscinas Txantrea
Sakanako Mankomunitatea
Synergas
Ultzama Gizarte Zerbitzuak
 

 

 

[Bir]pentsatzen: eraldaketa sozialerako sindikalgintzaren berria

0

Martxoaren 5 eta 6an burututako lehen bi saioen ostean, datorren apirilaren 25ean euskal langileriaren beharretara egokitutako eredu sindikal berriaz eztabaidatzeko parada berri bat izango dugu Ipar Hegoa Fundazioak "[Bir]pentsatzen: eraldaketa sozialerako sindikalgintza berria" jardunaldien baitan. 

Goizeko 9:30etatik 11:30etara  «Langile subjektibitate berriak eta sindikalgintza» (4 lan saio ezberdinetan) eta «Komunikazioa, ideologia eta hegemoniaren eraikuntza» aztertuko ditugu.

12:00etatik 14:00etara «Ekintza eta eredu sindikala [bir]pentsatzen» gaia aztertzeko lau mahai inguru izango dira.

Testuinguru sozial eta ekonomikoa azken hamarkadan etengabean aldatuz joan da. Zentzu honetan, sindikatuen egiturak, funtzioak eta praktikak sortzen ari diren errealitate guzti hauei begira egokitu behar direlakoan gaude eta horretarako langileon inplikazioa ezinbestekoa da. 

Lerro hauen bidez, LABetik datorren larunbatean Donostiako Ibaetako Campusean burutu den azken saioan parte hartzeko deia luzatu nahi dizuegu.

Informazio gehiago: birpentsatzen.eus

 {linkr:related;keywords:xzdc}

Etxez etxeko laguntza zerbitzuaren desegiteari STOP

Azken urte hauetan Arabako Foru Aldundia eta Gasteizko Udala Etxez Etxeko laguntzako zerbitzuaren desegitea eragiten ari den politika eramaten ari dela salatzeko elkarretaratzea egin zuten atzo LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuek Gasteizen. Sindikatuek adin nagusiko eta menpekotasuna duten pertsona asko babes gabe uzten ari direla azpimarratu zuten. Honekin batera azken 6 urteotan, izkutuan, 400 kaleratze baino gehiago eman direla salatu zuten.

Sindikatuen irakurketa


 

 

 

Obra publikoetan eraikuntzako hitzarmenaren aplikazioa exijitu dio LABek Bizkaiko Aldundiari

0

LABek elkarretaratzea burutu du gaur Bizkaiko Foru Aldundial herri lanetan bizkaiko eraikuntzako hitzarmena aplikatu beharrrean Kantabriakoa aplikatzen uzten duela salatzeko.

LABek idazki bat erregistratu du Diputazioan, Unai Rementeriari, Lehendakaritza Diputatuari, Zorrozako erresidentziako obratan gertatzen dena ezagutzera emateko, hau da, PECUSA enpresa kantabriarrak obrako langileei Cantabriako hitzarmena aplikatzen diela.

Hau gertatzen da instituzio publikoek hitzarmenaren baldintzen betetzearen zainta bere gain hartzen ez dutenean, enpresek herri lanetan zigorrik jaso gabe jokatzen jarraitzen dute.

Diputazioa egoera honen erruduna da langileei aplikatzen zaizkien lan baldintza eta soldatak kontrolazteari utzi baitio. Langile hauei Bizkaiko hitzarmena ez aplikatzeagatik hilabetero 350 euro gutxiago kobratzen dituztenaren errudun da Diputazioa. Gainera, Diputazioak bere erabakiak jaten ditu, 2013ko urriaren 29ko Gobernu Akordioak “kontratazioko Jarraibideak” onartzen ditu eta 4.3.1. puntuan dio lizitazio pleguek badutela lan kontuetan indarrean dagoen araudia betetzeko berariazko beharra.

Horrez gain, Lan Ikuskaritzan beste salaketa bat sartu dugu, Basurtoko tanatorioko obratan, azpikontrata batean, Errioxako eraikuntzako hitzarmena aplikatzen ari direlako.

Urtarrilaren amaieran, Eusko Jaurlaritzan Enplegu eta Etxebizitzako Sailburua zen Juan Maria Aburtori zuzendutako beste salaketa sartu genuen Bilbo-Mirafloresen auzoan diru publikoarekin egiten ari den herri lanean Cantabriako hitzarmena aplikatzen uzten zuelako. Oraindik ez dugu erantzunik jaso.

Hiru hilabeteetan, hiru salaketa jarri ditugu Bizkaiko Eraikuntzako hitzarmena aplikatzen ez delako. Hiru salaketa Lan ikuskaritzan eta obrak sustatzen dituzten instituzioetan ere. Hau da Bizkaiko obra pribatua zein herri lanetan bizi den egoera. Soldata murriztuak, lanaldi haundiagoak, prekarietatea eta lan istripuak. Enpresariekin ados jarrita dauden eta jendarteari eta milaka langabetuei bizkarra emanda beste aldera begira dauden politikoak daude honen atzean.

Gu gobernatzen jarraitu nahi duten politikoak dira prekarietate guneak sortzen ari direnak, diru publikoaz gizarte “dumpinga” erabiltzen duten enpresen kontura. Bizkaiko eraikuntzako hitzarmena ez aplikatzeak sortu duen egoeraren larritasuna hain haundia dan ze Lan Ikuskaritzak jokatutako papera zalantzan ipintzera behartzen gaitu.

Gertakari hauek erakusten dute herrialdeko hitzarmenen baldintzak betetzea bermatzen duten lan harreman berrien beharra, eta norabide horretan kokatzen dugu klausula sozialen aldeko LAB sindikatua erakunde publikoetan bultzatzen den kanpaina.